“Despenalizazioari esker, sexu-langileek eskubideak dituzte beren lan-eremuan”

  • Sexu-lanaren gaineko eztabaida pil-pilean dago berriro ere mugimendu feministaren barruan. Batzuek iritzi argiak dauzkate, beste batzuek ez dakite oso ondo nola kokatu. Lynzi Armstrong ikertzailea Donostian izan zen azaroan bere azken liburua aurkezten, eta haren azalpenak interesgarriak gertatuko zaizkie bati baino gehiagori: gertutik aditu eta aztertu ditu Zeelanda Berriko sexu-langileen esperientziak.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Lynzi Armstrong. Perth, Eskozia, 1984

Kriminologiako irakaslea da Wellingtoneko Viktoria unibertsitatean (Zeelanda Berria). Sexu-lanari buruzko ikerketak egiten aritu da azken hamabost urtean; besteak beste, kalean diharduten sexu-langileen bizipenak aztertu ditu. Azkenaldian, estigmaren eta sexu-lanaren arloko diskriminazioaren artean zer harreman dagoen ikertzen aritu da. Trabajo sexual con derechos: Una alternativa de despenalización (Virus, 2022) [Sexu-lana eskubideekin. Despenalizazio-alternatiba bat] liburuaren egilea da, Gillian Abel-ekin batera, eta gaian sakondu nahi duenarentzat, Mac Juno eta Molly Smith-en Puta zikinak liburua gomendatu digu (Katakrak, 2022; itzultzailea: Amaia Astobiza).

Sexu-lana ikertzen ibili zara azken hamabost urtean. Zeri erreparatzen diozu zehazki?
Legeak jendearen gainean zer-nolako eragina duen interesatzen zait bereziki. Beraz, sexu-lanari buruzko lege-ikuspegi desberdinek sexu-lanaren esperientziei nola eragiten dieten aztertzen dut.

Eskoziakoa zara, baina Zeelanda Berriko kasua aztertu zenuen zure tesian.
Bai, Zeelanda Berrira joan nintzen bizitzera 2007an, herrialde horretan sexu-lana despenalizatu zutela jakin bainuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Banekien Erresuma Batuan oso lege nahasgarriak zeudela, eta kalte handia eragiten zutela, jendea isolatuta lan egitera behartzen baitzuten. Hortaz, graduondoko ikerketari ekin nahi niola-eta, Zeelanda Berriko kasuak erakarri ninduen. Zorte handia izan nuen, ikerketarako baliabide ekonomikoak lortu nituelako. Han segitzen dut.

Esan duzun moduan, Zeelanda Berriak sexu-lana despenalizatu zuen 2003an. Nolakoa izan zen horraino iristeko prozesua?
Legearen testuingurua azaltzeko atzera jo behar dut, HIESaren epidemiara. 1980ko hamarkadan, Zeelanda Berriko sexu-langileak modu informalean elkartzen hasi ziren, legeak sortzen zizkien arazoez-eta hitz egiteko. Ordura arte, Zeelanda Berriko legeak Britainia Handikoaren antzekoak ziren, beraz, sistema arkaiko samarra zen: kriminalizazio partziala dei geniezaioke. Burdelak legez kanpokoak ziren. Hala, sexu-langileek elkarrekin lan egin nahi bazuten, atxilotuak izateko arriskua zuten, eta masaje-zentroen itxurapean ezkutatzen ziren. Egoera horretan sexu-langileek frustrazio handia sentitzen zuten: sarekadak izaten ziren etengabe masaje-zentroetan, kalean ziharduten sexu-langileak atxilo hartzen zituzten… Eta erakunde bat sortu zuten: NZPC, New Zealand Prostitutes Collective [Zeelanda Berriko Prostituten Kolektiboa].

Eta gero?
NZPCk lan handia egin zuen sexu-osasunaren arloan, are gehiago HIESaren testuinguruan, baita beren eskubideen alde ere. Despenalizazio-lege baten zirriborroa prestatzen hasi ziren, ideiak-eta bilduz. Ondoren, parlamentari bat aurkitu zuten, Tim Barnett, parlamentari laborista, lege-proiektua bultza zezan. Zeelanda Berrian horrela funtzionatzen du. Legea aldatzeko prozesua martxan jarri zen, eta esan behar da sexu-langileak oso modu aktiboan jardun zirela horretan, aliantzak sortzen, ekarpenak egiten, parlamentariei beren ikuspegia kontatzen etab.

Eta onartu zen legea.
Bai, boto bateko aldearekin. Ozta-ozta, baina onartu zen.

"Froga mordo bat daude erakusten dutenak politika abolizionistak kaltea eragiten diela sexu-langileei, ezkutuan ibili behar dutelako, atxilotuak izatearen beldurrez”

Zeelanda Berria da sexu-lana herrialde osoan despenalizatu duen lehenengo herrialdea –horren aurretik, Australiako eskualde batean, Hego Gales Berrian, despenalizatu zuten, baina ez estatu osoan–. Sexu-langileen jarduna aipatu duzu, baina zer beste faktorek eragin ahal izan dute Zeelanda Berriaren erabaki horretan?
Esango nuke uneak garrantzia handia izan zuela, HIESaren testuinguruak eta beste. Mugimendu feministari dagokionez berdin: garai hartan baziren abolizionistak, baina ez ziren asko. Legea bultzatu zen garaian, argudio nagusiak justizia eta askatasuna izan ziren, eta sexu-langileek eskubideak izan behar zituztela aitortzea.

Legea onartu eta lau urtera iritsi zinen zu Zeelanda Berrira, 2007an, doktore-tesia egitera. Zer ikertu zenuen, eta nola?
Kalean diharduten sexu-langileekin egon nintzen batez ere, despenalizazioak beren segurtasuna areagotu ote zuen jakin nahian. Beraz, kalean ziharduten 20 sexu-langile elkarrizketatu nituen, batzuk behin baino gehiagotan; horrez gainera, NZPC erakundeko berriemaile giltzarriak elkarrizketatu nituen, beste erakunde batzuetako kideak ere bai, eta poliziarekin ere egon nintzen.

Eta zer ondorio atera zenuen?
Nire ikerketaren bidez egiaztatu nuenez, despenalizazioaren ondoren testuingurua aldatu egin zen; orain, kalean diharduten sexu-langileek nahi adina denbora pasa dezakete kalean balizko bezeroekin hizketan, pertsona nolakoa den jakiteko, eta nahi beste galdera eginez autoan sartu aurretik, ez baitira atxiloketaren beldur: ez langileak ez bezeroak. Hortaz, oso positiboa izan da.

Poliziarekin dituzten harremanak ere aldatu dira pixka bat, ezta?
Bai. Ea, ez dut iradoki nahi… Polizia polizia da, baina, despenalizazioaz geroztik, laguntza-iturri posible bat izan daitezke sexu-langileentzat, adibidez bezero batek eraso egiten badie.

Kritiko agertu zara legearen alderdi batekiko, 19. atalarekiko hain zuzen. Zertan datza?
Bai, legea sortzeko prozesuan azken momentuan sartu zuten atal hori, eta NZPC antolakundea, adibidez, ez zegoen batere ados. Immigrazio ministroak bultzatu zuen, pentsatzen baitzuen —eta oker zebilen— giza trafikoaren aurkako neurri egokia izan zitekeela. Atal horrek esaten duena da aldi baterako migratzaileek ezin dutela sexu-lanean jardun legez Zeelanda Berrian; beraz, babesgabe geratzen dira. Atal horrek testuinguru global bat islatzen du, non giza trafikoaren auziari zigor-justiziaren ikuspegitik heltzen baitzaio, jendeak migratzen dituen arrazoiei eta horretarako dauden oztopoei heldu beharrean.

Atal horrek indarrean segitzen du, ezta?
Bai, zoritxarrez. Ikerketa bat egin genuen NZPCrekin lankidetzan, eta erakutsi genuen atal horrek sekulako arazoak sortzen zizkiela aldi baterako migratzaileei. Gainera, legearen atal hori gauzatu egiten da. Zeelanda Berriko Immigrazio sailak jende mordoa deportatu du. Eta oso modu arrazistan. Ez dituzte deportatzen herrialde ingeles-hiztunetako migratzaile zuriak. Atal hori legetik kentzeko ahaleginak egin ditugu, baina momentuz ez digute jaramonik egin. Etsigarria da: frogak dauzkazu, eta hala ere ez da ezer aldatzen.

Sexu-lanaren auzian bi korronte nagusi daude: zeu sexu-laneko eskubideen aldekoa zara, eta ez abolizionista. Azalduko zenuke zure ikuspegia?
Nire ikuspegiaren iparrorratza, betidanik, sexu-langileen esperientziei aditzea izan da, haiek beren laneko testuinguruari buruz azaltzen dutena entzutea. Eta neuk ezagutu ditudan sexu-langileek lan gisa hartzen dute beren jarduna, ez dute indarkeriatzat hartzen, abolizionistek bezala. Ikuspegi abolizionistaren eta neronek eskubideetan oinarritutako ikuspegitzat jotzen dudanaren artean dagoen polarizazioa dela-eta, badirudi sexu-lana lantzat hartzen baduzu eta langileek, beraz, eskubideak izan beharko lituzketela uste baduzu, horrekin batera esaten ari zarela sexu-lanean diharduten guztiek gozatu egiten dutela. Baina kontua da sexu-lana lana denez, potentzialki esplotatzailea izan daitekeela, lan oro bezala. Jende askori ez zaio gustatzen bere lana. Ez genuke sexu-lana salbuespentzat jo behar, eta abolizionistek horixe egiten dute, lana ez baizik beste gauza guztiz desberdin bat balitz bezala hartzen dute sexu-lana.

Argazkia: Dani Blanco

Zure ikerketek ere eraman zaituzte eskubideetan oinarritutako ikuspegia bultzatzera.
Bai, horixe da abolizionisten politikarekin bat ez etortzeko beste arrazoi bat. Froga mordo bat daude erakusten dutenak politika abolizionistak kaltea eragiten diela sexu-langileei, ezkutuan ibili behar dutelako, atxilotuak izatearen beldurrez. Eta egoera horretan oso erraza da sexu-langileak gaizki tratatzea, haien kontra indarkeria gauzatzea etab. Politika abolizionistak dituzten herrialdeetako ikerketek erakutsiko balute sexu-langileen bizitza hobetu egin dela halako neurrien ondorioz, ba alde egongo nintzateke, jakina, baina frogek guztiz kontrakoa diote, eta ezagutu ditudan sexu-langile gehienek adierazi didate ez dutela hori nahi.

Giza trafikoaren kontua aipatu duzu lehen, eta horretan sakondu nahi nuke. Hain justu ere ikuspegi abolizionistan maiz aipatzen da giza trafikoaren argudioa. Zer uste duzu horretaz?
Uste dut giza trafikoa oso gai interesgarria dela sexu-lanaz ari garenean, zeren, berriro ere, sexu-lana salbuespentzat jotzen da. Askotan jendeak sexu-lana eta giza trafikoa gauza bat eta bera direla uste izaten du, baina ez da gauza bera egiten beste arlo batzuekin, hala nola nekazaritzarekin edo arrantzarekin. Ez da esaten horretan dabiltzan guztiak giza trafikoaren biktima direnik. Giza trafikoaren kontra zerbait egin nahi badugu benetan, arazoaren erroei begiratu behar diegu, eta zerikusi handia dute mugekin, jendeak migratzeko dituen oztopoekin, pobreziarekin, bizi hobe bat bilatzearekin… Baina batzuek konponbide azkarrak nahi dituzte, uste dute lege bat onartuta konponduko dela kontua, baina ez, gizartearen egitura osoaz ari gara eta.

Zeelanda Berriko kasura itzuli nahi nuke amaitu aurretik. Legeak 2023ko ekainean beteko ditu hogei urte, eta balantzea egin zenezan nahi nuke. Zer ekarri du onetik?
Ba, laburbilduz, esango nuke onura nagusiak eskubide zibilen, segurtasunaren eta justiziarako sarbidearen arloei dagozkiela. Onura nagusietako bat hau da: jendeak eskubideak dituela bere laneko testuinguruan. Sexu-langile batek eskubidea du bezero bat ez hartzeko edozein unetan edozein arrazoirengatik, hori legean bilduta dago. Halaber, sexu-langileen onespena etengabeko prozesu bat da: ez da bezeroak ordaintzen duela, eta ondoren edozer gauza egin dezakeela. Bestalde, lanerako malgutasuna dute, eta hori abantaila handia da soilik legeztapena eta ez despenalizazioa ezarri duten lekuekin alderatuta.

Zergatik?
Alemanian, adibidez, legeztapena daukate, eta sexu-langileek erregistratu egin behar dute. Zeelanda Berrian sexu-langileek askoz askatasun handiagoarekin lan egin dezakete, langile independenteek bezala. Nahi izanez gero burdel batean aritu daitezke; batzuek nahiago dute, ez dutelako betekizun administratiboez arduratu nahi. Orobat lan egin dezakete modu independentean, edo taldean, apartamentu batean adibidez, edo kalean. Askatasun handia dute lanean, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela, langileek berek beren segurtasuna kudeatu dezaketelako, eta ez daudelako behartuta agian eroso sentitzen ez diren egoeretan lan egin behar izatera.

"Sexu-langileek askatasun handia dute lanean, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela, langileek berek beren segurtasuna kudeatu dezaketelako”

Justizia eta segurtasuna ere aipatu dituzu.
Bai, despenalizazioak eskaintzen duen irekitasunari eta gardentasunari esker, elkarrizketa benetan irekiak izan ditzakete bezeroekin, eskaintzen diren zerbitzuak argi eta garbi azaldu, halako kode-hizkuntza batean aritu beharrean, zeinetan askoz zailagoa baita ikustea ea bezero horrek, adibidez, mugak behartu nahi izango dituen ala ez.

Eta justiziarako sarbidea, noski. Zerbait gertatzen baldin bazaizu, edo arazoren bat baldin badaukazu lanean, hainbat instantziatara jo dezakezu.

Eta hobetu beharreko alderdiak?
Tira, lehen aipatu dugun 19. atala, dudarik gabe, sekulako arazoa da. Zeelanda Berriko sexu-langile gehienek bertako hiritartasuna dute, baina migratzaile batzuek ere egiten dute sexu-lana, eta askotan arazorik izaten ez bada ere, batzuetan gauzak gertatzen dira, eta langileek ezin dute ezer egin horren aurrean. Beraz, hori aldatu behar da, eta beste herrialde batzuek despenalizazioaren bidea hartzen badute, ez lukete atal hori errepikatu behar.

Besterik?
Estigma soziala eta diskriminazioa. Horrek asko mugitzen nau. Sexu-lana despenalizatu bada ere, sexu-langileak sexu-langile izateagatik diskriminatzea ez da legez kontrakoa. Etxebizitzaren kontua adibide ona da. Sexu-langileek gezurretan aritu behar izaten dute bizitzeko eta lan egiteko leku baten bila dabiltzanean, jendeak aurreiritziak dituelako sexu-langileen izaeraz edo lanaz. Beraz, uste dut lagungarria izango litzatekeela diskriminazioaren aurkako xedapenak ere txertatzea legean.

Ea, ondotxo dakit legean biltzeak ez duela diskriminazioa eragozten: genero-diskriminazioaren aurkako legeak baditugu, eta diskriminazio hori gertatu egiten da hala ere. Baina uste dut babes bat gehiago izango litzatekeela. Australiako Viktoria eskualdean berriki despenalizatu dute sexu-lana, hainbat urtez legeztatuta egon ostean, eta diskriminazioaren aurkako neurriak ere hartu dituzte. Ikusi beharko da ea zer neurritan den erabilgarria, baina uste dut Zeelanda Berrian badugula halakoen premia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prostituzioa
2024-10-15 | Leire Ibar
Hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak sexu-esplotaziorako gizakien salerosketa egotzita

Prostituzioan aritzera behartuta zeuden lau emakume askatu dituzte Donostian eta Gasteizen, eta giza salerosketa leporatu diete operazioan atxilotutako bi emakume eta gizon bati. Biktimen salaketari esker hasi zuen ikerketa Ertzaintzak. Atxilotuak Ertzain-etxera eraman dituzte... [+]


2024-09-24 | ARGIA
6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian, gehienak hegoamerikarrak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 5.158 emakume eta Nafarroan 817 ari dira prostituzioan, orotara 5.975, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritzak emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan, 18 urtetik gorako emakumeen  %0,56 ari da prostituzioarekin... [+]


2024-09-02 | ARGIA
Gasteizko klub bateko bi arduradun atxilotu dituzte, emakumeak esplotatzea egotzita

Ertzaintzak bi emakume atxilotu ditu Gasteizen, eta hirugarren bat ikerketapean dago, prostituzio-delituak egotzita. Haien klubean aritzen ziren emakumeek esplotazio-baldintzetan lan egiten zuten, Ertzaintzaren arabera.


Carolina Clemente, sexu langilea
“Puta estigma emakume guztiok kontrolatzeko dispositibo bat da”

Ogibidea eta izatea bereizi ezin bizi da Carolina Clemente (Bartzelona, 1985). Sexu langilea da, eta duela hiru urte Donostiara etorri zen lanera eta bizitzera: «Euskaldunok duzuen indarra gustatzen zait, antolatzeko eta protestarako. Nire estigma borrokatzeko inspirazio... [+]


Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta

Haien ia biktima guztiak egoera irregularrean dauden atzerritarrak dira, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izan direnak.


2023-09-07 | Irutxuloko Hitza
Venezuelako zazpi emakume Donostiako pisuetan prostituitzeaz akusatutako talde bat epaituko dute

Irailaren 14tik aurrera, bost gizon eta bi emakume epaituko dituzte, talde espainiar-venezuelar bateko ustezko kideak, ustez egunean 24 orduz, astean zazpi egunetan, Donostiako pisuetan “edozein motatako sexu zerbitzuak” ematera behartzen zituzten Venezuelako zazpi... [+]


Sexu langileen hitzak erdigunean

Puta zikinak liburua sexu langileen baldintza materialez, burutazioez, antolakuntzaz eta problemez mintzo da. Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakrak argitaletxeko editoreek, Iruñean aurkeztu dute liburua.


2023-03-14 | Euskal Irratiak
Sexu langileen lekukotasunak biltzen dituen liburu baten kontra oldartu da CAPP kolektibo feminista Baionan

Katakrak argitaletxearen Puta zikinak liburuaren kontra oldartu da CAPP Collectif Abolition Porno Prostitution kolektibo feminista Baionan, Elkar liburudendan. Juno Mac eta Molly Smith idatzi liburuaren azalak urratu eta "Prostituzioa: bezeroak, bortxatzaile... [+]


Prostitutak bazterkeria egoeratik ateratzeko zer egin dezakete udalek?

Prostituzioan aritzen diren emakumeen kezka, behar eta arazoen inguruko azterlana egin dute Irunen, udalak eskatuta. Dagozkien eskubideak eskuratzeko zailtasunak dituztela agerian geratu da, eta eskubiderik ezak diskriminazio ugariren biktima izatera zigortzen dituela... [+]


2022-07-11 | Ahoztar Zelaieta
Emakunderen aukera galdua

Euskadiko prostituzioari buruz Emakundek argitaratu duen azken txostenak emakumeengan jarri du arreta berriro, eta negozioa mugitzen duten enpresaburuen papera gutxietsi du. La trata de mujeres y niñas con fines de explotación sexual en Euskadi: necesidades y... [+]


Abolizioa eskatzen duten legeak

Etxeko langileak gainontzeko langileekin parekatzen dituen legea egiteko asmo dagoela txalotu zuten Madrilen, Espainiako Parlamentuan. Han zeuden langileek esan zutenez, urteetako borroka aldarrikatzeko jo zituzten txaloak. Erabakia oraingoz konpromiso bat da, lege bihurtzeko... [+]


2022-06-15 | Ander Leon
Amelia Tiganus
"Prostituzioa ez da lanbide bat, esplotazio mota bat baizik”

300 euroren truke proxeneta bati saldua izan zen Amelia Tiganus (Galati, Errumania, 1984), 18 urte zituela. Bost urtez prostituzioan aritu zen klubez klub eta Gipuzkoako putetxe bat izan zen ibilbide hartako azkena. Tolosaldean bizi da geroztik. Egun, prostituzioaren... [+]


Andrea Momoitio. Memoria historiko feminista
“Putentzat eta eroentzat ez da demokraziarik izan”

1977ko azaroaren 9an, María Isabel Velasco Gutierrezen gorpua aurkitu zuten Basauriko presondegiko ziega batean, kiskalita. 23 urte zituen. Istripua, arduragabekeria edo hilketa izan ote zen argitzeko dago oraindik. Velascoren kideek
–Bilboko Gorte kaleko... [+]


Prostituzioa abolitzeko asmoa duen legea tramitera onartuko du Espainiako Kongresuak

Proxeneta eta prostituzio kontsumitzaileei isun handiagoak jartzea du helburu legeak.


Eguneraketa berriak daude