Terra nullius-ean loraturiko literatura

  • Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan idazten dabiltzanak saretzeko eta idazteko gogoa daukan orori parada eskaintzeko sortu zuten Maiatz aldizkaria orain dela 40 urte. Ezinbesteko tresna izan da euskal literaturarentzat: 74 aleez gain, 190 bat liburu publikatu dituzte 1982tik hona. Maiatzen sortzaile izandako Luzien Etxezaharreta eta Itxaro Bordak eraman gaituzte 1980ko hamarkadako giro, xede eta erronketara; eta Amaiur Epher eta Xan Idiart idazle baxenabartar gazteen hitzak ere gehitu dizkiegu, etxe horretako gazteenen ikuspegia ezagutzeko asmoz.  

Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

A4 formatuko koaderno baten itxura, osoki zuri-beltzean: atzealdea beltzez, Maiatz eta alearen zenbakia, berriz, zuriz; eta ilustrazio bat bien artean. Horrela plazaratu zuten lehen alea 1982ko lehen hiruhilekoan, eta 40 urte pasa direla, itxura berarekin segitzen du: doi bat minimalista, sinplea, furfuriarik gabekoa. Ondokoa irakurri zitekeen 1982ko lehen hitzaurre hartan:
Aldizkari bat, gurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura.
Literatura, zertarako? Gure sendimenduak ez diten bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz. Gureak euskaraz direlakoan.
Literatura guretako. Ez gauza hil batzu, ikerketa hotzetarakoak eta errautsez bere erakustokietarakoak.
Literatura bizirako.

Abentura literario horrek honaino eramanen zituela irudikatu gabe juntatu ziren hogei bat lagun lehen alearen inguruan, Luzien Etxezaharreta eta Itxaro Bordaren gomitari erantzunik. “Nor dabil euskaraz idazten?” galdera bien artean jarri eta zerrenda osatu zuten ordura arte gehiegi elkar ezagutzen ez ziren bi idazleek. Erantzunean asmatu zutela ezin uka, Maiatz 1 horretan agertzen diren andanak eraman duelako bide literarioa 1982az geroztik: kasik aurkeztu beharrik ez diren bi horiez gain, Auxtin Zamora, Jon Cazenave, Jean-Louis Davant, Daniel Landart, Aurelia Arkoxa, Henriette Aire, Emilio Lopez Adan Beltza, Eñaut Etxamendi... baita heriotzak eramandako Manex Pagola, Mayi Pelot, Manex Erdozaintzi-Etxart eta abenduaren 9 honetan zendu eta obra literario aberats ezezagunegia uzten digun Txomin Peillen ere –bururaino eskribitzen ariturikoa: aurten agerturiko Maiatz 74-ean kausitu ditzakegu bere azkenak, Medikuntzaren hiztegi txikia eta Formica testuak–.
Maiatzek Baionako Passemillon karrikan duen egoitzan elkartu ginen Etxezaharreta eta Bordarekin, azaroko arratsalde euritsu eta hotz batez, Etxezaharretak termostatoan kafe beroa ekarri izanaz eskertuta. 40 urteetako aldizkariak gordetzen dituzten kartoiez beterik dute egoitza. Inguruan daukan aberastasunaz jabeturik, “horiek numerizatuak dituzue, ez?”, galdetu die guztia sute batek eramaten irudikatzen duen kazetari kezkatiak. Ez diote argiki erantzun –batek “ez”, besteak “zati bat, bai”–, eta arrangura hori buru gibelean lotu zaio galdera zerrendari. 

1980ko hamarkadan, bazen idazten zuen jendea Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan, baina modu isolatuan, komunikabideetan zutabeak ala artikuluak idatziz: “Azkenean anitz ginen, baina ez zen gure arteko bilgunerik”. Hutsune hori betetzeko sortu zuten Maiatz. Euskaraz idatzitako liburuak ere arras guti ziren. Etxezaharretak oroitzen du Bordaleko unibertsitatean bideraturiko Langue, littérature et civilisation basque [Euskal hizkuntza, literatura eta zibilizazioa] kurtsoan eskaitzen zituztela euskarazko liburuak: “[Pierre Narbaitzen] Kattalinen gogoetak, Xaramela, Otsobiren alegiak, Tournier-Lafitten hiztegia, kasik fitsik, praktikan ez zelako euskarazko libururik denbora horretan”. Terra nullius batetik datozela dio Bordak. Lur hori emankorra izan zitzaien: orotara 74 ale eta 190 bat liburu plazaratu dituzte lau hamarkadaz.

Argazkia: Dani Blanco

Lehen aldizkariko epilogoan irakurri zitekeen guk ez dugu euskara beste mintzaira baten ‘compost’ nahi. Lotsatiarrei eta mutur xurien minkortasunari ez dugu ezer erratekorik: geroa, eginez baizik ez dela egiten... Bidea euskaraz egin dute: “Zer da literaturarik ez duen hizkuntza bat? Horrela ezin daiteke bizi. Anitz ekartzen du literaturak”, Etxezaharretaren hitzetan. Frantsesez ere plazaratu dituzte bakar batzuk, oinarrian duten askatasun izpirituari segi, “lagunen obrak zabaltzeko libertatea harturik”.

Libertatea izan dute oinarri eta iparrorratz. Jorraturiko gaietan  sendi da: “Ez genuen Euskal Herri polit bat erakutsi nahi, folklorismorik ez genuen nahi; bere zauri eta minekin erakutsi nahi genuen Euskal Herria”, Bordaren hitzetan. Hunkituriko genero aniztasuna ere da horren isla, baita kausitu ditzakegun euskalkiak. Luzaz diru-laguntzen logikatik at aritu izana eta ikuspegi komertzial huts batean sekulan sartu ez izana horri lotuak dira: “Egitura komertzial batean gastaturiko diruak emaitza izan behar du, langileak pagatu behar ditu... beste sistema bat da, gu ez gara horretan”.

“Fantasia anitz eta funts guti”, horra nola aurkeztu zuen Maiatz Piarres Lafitte Herria astekariaren sortzaile euskaltzaleak –artetik errateko, Lafitteri egindako elkarrizketa dakar lehen zenbakiak–. Apez baten partetik izanik, lore gisa hartu zuten kritika. Baina nabardura bat egin eta Lafittek denborarekin begirada aldatu zuela ohartarazi dio Etxezaharretak Bordari: “Gure denboran bakarrik ari ginen, zuek talde bat zarete. Biba zuek”, aitortu zion noizbait Lafitte zenak.

Arrakasta handia ukan zuen aldizkariaren lehen zenbakiak: 500 ale inprimatu eta bigarren edizio bat atera behar izan zuten. “Euskaltzaleen mugimenduko emaitza zen gurea, eta ongi ikusia izan zen”. Literatura aldizkaria osatzeak inplikazio anitz galdatzen zuen, ordea: “Bospasei ginen dena egiteko; guhaurek pikatzen genuen, maketatzen, inprimategirat eramaten, metak egiten, banatzen, saltzen... Idaztetik irakurlearenganaino”.

1980ko paisaia literarioa pobrea izanik ere, giro politikoa borborka ari zen: ikastolen aldeko borrokak eramaten ziren; lehen euskal irratiak agertu ziren; laborariek ere ELB sindikatua osatzea erabaki zuten; askapen borroka bizi-bizirik zen, eta parean estatuen errepresioa ikaragarri bortitza zen, GALen hilketa eta atxiloketekin. Zer erranik ez Francoren diktaduraren biharamunetan zen Hego Euskal Herrian. “Bistan dena, borrokarako literatura ez zen aski, baina hala ere, uste dut literaturak bere lekua bazuela, eta eskerrak leku hori zuela”, Bordaren hitzetan.

Euskal Herriko hiriburu guztietan literatura aldizkariak ziren garaia zen 1980ko hamarkada: Susa Donostian, Ttu-ttua Bilbon, Korrok Iruñean eta Kandela Gasteizen... Maiatz gehitu zioten mapa literarioari.

1981ean irabazi zuen Frantziako lehendakariaren aulkia François Mitterrandek, aspaldiko partez eskuina galtzaileen aldean kokatuz: “Mitterrandekin bazen kultura mugimendu indartsu bat, gauzak aldatzen ari ziren, eta nahi dena pentsatuko da, baina liberazio bat bezala gertatu zen orduan”, oroitu du Bordak.

1984 urtetik aitzina liburuak argitaratzen hasi ziren, Bordaren Bizitza nola badoan poesia lanarekin emanez hastapena. Bi elkarrizketatuak ados dira errateko Maiatz ez balitz hor izan liburu gehienak ez zirela argitaratuko. Itzulpengintzak ere izan du bere lekua, hizkuntza eta mundu literario ezberdinen arteko zubitzat daukatelako biek. Demagun, Jacques Prevert handiaren Maitasun hau (Cet amour) euskaraturik dugu 1982ko lehen alean.

Laborategi bat, nahi duen ororentzat

“Trebatzeko espazioa zen, jendeak  testua nola hartzen zuen ikusteko aukera genuen: laborategi bat izan da Maiatz guretzat”, dio Bordak. Anitzek plaza horretan eman izan dute lehen urratsa, ondotik bertan geldituz edota beste argitaletxe zein esparru batera eginez saltoa –euskalgintza, ikerketa, kazetaritza...–. Hastapenetik izan dute emakume idazleek leku inportantea Maiatzen –1980ko hamarkadako Ipar Euskal Herri tradizionalistarentzat ez da guti–. Etsenplu gisa, nola ez aipa Mayi Pelot, euskal zientzia fikzioaren aitzindarietakoa eta Marijane Minaberri zenak.

Argazkia: Dani Blanco

Idaztea ez da prozesu erraza, lana da, denbora galdatzen duena eta ariketa horretan sare bat ukaiteak urrea balio du. Etxezaharretak hori argi du: “Ahala duenak ez badu estimua, errespetua edota konplizitatea sendi, ez du baitezpada idatziko. Zaila da idaztea, ez da berehala sortzen den gauza bat, horregatik da inguruan talde bat ukaitea biziki inportantea”. Paper hori betetzen du Maiatzek.

Jende gaztea, idazle hasi berriak ere badira “laborategi” horretan. Horien artean ditugu Amaiur Epher eta Xan Idiart baxenabartarrak. Epherrek Profeten iruzurra izeneko lehen liburua plazaratu zuen Maiatzekin 2021ean; eta Idiartek aldizkarian publikatzen ditu bere ipuinak (Elkar argitaletxearekin Teresaren mendekua lehen liburua argitaratu zuen iaz). Biek daukate ezinbestekotzat Ipar Euskal Herriko espazio literario hori: “Aniztasuna ageri da, funtzionatzeko maneran ateak irekiak dira edonorentzat eta hori eskertzekoa da”, Epherren hitzetan. Ondokoa ere gehitu du: “Badu alde anarkista bat, guhaurk egiteko izpiritu hori arras gustuko dut”. Horrek eskatzen duen inplikazioaz jakitun da: liburua aurkezteko azokaz azoka ibili beharra. Liburua esku artean batetik bestera ibili izana maitatu duen esperientzia gisa oroitzen du: “Trukaketa humano hori gustuko dut”. Idiartek ere “xantza” eta “aukera” gisa ikusten du Maiatz: “Enetzat xantza bat da zeren etengabe xerkatzen dut idazteko denbora, eta ez dut beti hartzen. Aldizkarirako Luzienen [Etxezaharreta] eskaerak balio dit ene burua lanean ezartzeko eta ariketaz gozatzeko”. Biek dute Etxezaharretak egindako ekarpen zabala azpimarratzen: “Literaturzale amorratua da, jakintza handikoa eta eskuzabala erabat”, Idiarten hitzetan.

Elkarte batek galdatzen duen engaiamendu maila kontuan harturik, 40 urtez aitzina egin izana anitz da. Nola ez, geroari begira dira Etxezaharreta eta Borda: lekukoa hartzeko eskuak behar dituzte. Izen berriak gehitzen dira aldizkariko aurkibidean, eta horrek segidaren parte bat bermatzen die. Inplikazioarena? Jasotako “babesa” nabarmentzen dute bi idazle gazteek ere, eta idazterakoan zein liburua plazaratzerakoan hori ezinbestekotzat daukatela, pentsa daiteke sarea osaturik atxikitzeko eginahala eginen dutela gaurko zein biharko idazle gazteek ere. Ageriko da. Dena dela, Maiatzek bere baitan dakarren itxaropen airearekin lotu zaizkie hamarkada berriari.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka iristear da

Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.


Eguneraketa berriak daude