Harria deitu dio Aitor Aldanondok bere ibilbideko proiektu pertsonalenari. Fiachras taldeaz geroztik ohi izan duenez, folk kutsuko hamabi abesti osatu dituzte oraingoan, estreinakoz gehienak bere uztakoak. Eraldaketa pertsonal erabatekoan dabilenaren bizipenak biltzen ditu diskoak, eta auzi horiek hartu dute elkarrizketaren zati handiena ere. Edonola, egungo musika panoramaz ere aritu gara, belaunaldi berriez, punk izaeraz, eta beste zenbait kontuz.
Brigada Criminal taldeko gitarrista izan zen lehendabizi, gero Fiachras sortu zuen Haritz Artolarekin batera, Bizardunak-en azken bi diskoetan ere taldeko kide izan zen, eta What a band-en baxulari azkenik. Pandemia garaia iritsi zen ondoren, eta asko bezala, bere buruari begira jarri zen orduan Aitor Aldanondo (Bergara, 1978). Aspalditik egitekotan eta artean egin gabe zeukanari ekiten ausartu zen: aspaldian grabatuta zeuzkan abesti zatiak elkarrekin lotzen, eta uzta propioko sorta bat osatzen. Hasieran bi proiektu egin nahi zituen: bata Maitane Azkarate bikotekidearekin, eta bestea Ekaitz Ubera adiskidearekin. Ez zen posible izan: “Maitane haurdun geratu zen, ume bat etorri da, ez geneukan ezertarako denborarik… eta azkenean esan nien bi proiektuekin ezin nuela, eta nahi bazuten biak bakarrean bilduko genituela”. Azkaratek diskoko kantu batzuetan abestu du, Uberak bi abesti egin ditu, eta gainontzekoak Aldanondok berak eginak dira, Guille Sanz bateria jotzailearekin batera prestatuak asko. Musikari ibilbidean zehar ezagututako hainbat lagunek kolaboratu dute diskoan: Iñigo Cabezafuegok, Haritz Artolak, Adolfo Alcocerrek eta Fredi Pelaezek, kasurako. Denen artean eman diote forma Harria taldearen lehendabiziko lanari. Folk kutsuko hamabi kantuz osatua da, nahiz eta kantu bakoitzak duen bere zigilu propioa –psikodelia kutsukoak batzuk, erritmo latinoetara jotzen dutenak bestetzuk, eta baita beste askotariko kapak dituztenak ere: oinarri elektronikoak, sokazko konponketak, eta beste–. Bergarako mendialdeko baserri batean elkartu gara elkarrizketarako, pandemian zehar entseatzeko apropos prestatutako areto batean, beheko suaren epelean.
Ibilbide luzea egin duzu musikan, beti gitarrista modura. Aldiz, Harria da orain arteko zure proiekturik pertsonalena. Zureak dira diskoko abestirik eta letrarik gehienak.
Bai, azkenaldi luzeko pertsonalena bai behintzat. Betidanik egin nahi izan dut disko bat nire kantuekin, nire hitzekin, eta nik abestuta. Kontua da nahiko eskasa naizela kantatzen, eta erronka handia zela. Bizitzako beste alderdi batzuekin bezala gertatzen zait: lehen furgoneta batekin aritzen nintzen lanean, garraioan; banekien utzi egin behar nuela, baina, era berean, nola utzi? Musikan ere berdin. Banekien disko hau egin behar nuela, baina nola egin? Eraldaketa bat bizi behar duzu: pixkanaka hasten zara gerturatzen, beldurrak kentzen… Hasieran ez duzu ikusten, pixkanaka irudikatzen duzu eta egiten amaitzen duzu. (Haritz) Artolarekin erraza zen abestiak egitea: oso tipo emankorra da, biharko lau kantu egin behar badira egiten ditu, eta tartean beti hit-en bat. Baina gogoa nuen sortzerakoan autonomoa izateko.
Badira urte batzuk abestiak sortzen hasi zinela…
Kabiak agian edukiko ditu zortzi urte. Introak hiru bat, Hil ala bizik ere badu denbora pixka bat. Hau dena bukatzen denean duela gutxi atera zitzaidan, kolpetik, eta gainerakoak ere berri samarrak dira. Normalean, abesti zatietarako ideiak grabatzen ditut mugikorrean, eta hasten naiz pentsatzen zein zati elkar daitezkeen. Tartean arrarokeria batzuk egitea ere gustatzen zait. Iluna eta argian, adibidez, rock ilunetik musika latinorako jauzi bat dago. Abesti horren hitzak Mikel Garatek eginak dira, baina diskoaren ideia globala biltzen dute: barne alkimia, eraldaketa…
"Nahita jarri nuen diskoaren barruan esaldi bat: ‘memento
mori’ (gogoratu hilko zarela). Beraz, disfrutatu bizitzaz"
Bizimodu honen gogortasuna aipatzen da sarri hitzetan. Baina beti sumatzen da garai hobeak iritsiko direlako esperantza ere.
Asko kosta zait hitzak egitea. Aurreko taldeetan ez dut sekula hitzik idatzi, baina oraingoan egin beharra neukan, beste inork ez baitzituen egingo. Uste dut diskoa oso positiboa dela. Askok esaten didate: “Jo, a zer letrak, zenbat heriotza…”. Nahita jarri nuen diskoaren barruan esaldi bat: memento mori (gogoratu hilko zarela). Beraz, disfrutatu bizitzaz. Mundu guztia sumatzen dut beldurtuta, lanarekin, bizitzarekin… ez dakit, baina bizitza orain gertatzen ari da. Urte batzuk daramatzat bilaketan: lana utzi nuen, langabezian egon nintzen, orain beste lan batean nabil, bihar auskalo. Horixe da alkimiaren funtsa: bizitzako heriotza sinboliko txiki horietatik nola birjaiotzen garen.
Eta zer da zuk atzean utzi duzuna?
Bizitzako aldi bat –gaztaroa, pentsatzen dut [barrez]–. Asko kostatzen da parranden espiraletik ateratzea. 25 urteko gazte bat zarenean, munduko zentzu guztia dauka parranda bat egiteak: lagunak, barreak, ligoteoa… Gertatzen da, gainera, talde batean jotzen baduzu oso zaila izaten dela musika eta alkohola disoziatzea. Hor zaudenean, buruak ez dizu ondo funtzionatzen, gauzak ahanzten hasten zara, tontokeriak egiten, aje emozionalak edukitzen dituzu… 35 urte bete eta oraindik hor bueltaka zabiltzanean, esaten duzu: “Hemendik atera beharra daukat”. Niretzat orain horrek guztiak ez dauka batere zentzurik. Nuevo Catecismo Católico-k (NCC) kantatzen zuen “no quiero cambiar” (ez dut aldatu nahi). Bada, primeran [barrez]. Ez, bizitza eraldatzen joatea da, eta aldatzen ez bazara, kontu txarra. Punkaren eta rockaren munduan badago beti lehengora jotzeko joera bat: “Ez donk amaitu” antolatu dute berriki Arrasaten, eta berriz denak 80ko hamarkadara begira. Duela lau egun arte txosnetan Sarri, sarri entzuten genuen…
Zeri egiten dio erreferentzia Harria izenak?
Ez da gauza bakar bat, eta ez du izugarrizko sakontasunik biltzen. Azaleko irudiko harri hori –Bergarako Elosumendin kokatua– niretzat oso toki sinbolikoa da, aitari hainbat agur egin nizkiolako bertan. Sonoritate aldetik ere gustatzen zitzaidan. Eta egin diezaioke keinu harri filosofikoari ere. Alkimian esaten denez, harri horrek beruna urre bilakatzeko gaitasuna luke, eta horretatik sendagai bat sortuko litzateke, zelulak birsortzeko gaitasuna lukeena. Baina harri hori barruan genuke guztiok, eta eraldaketaren bidez irits gintezke horra. Asko hitz egiten da transzenditzeaz, osotasunarekin bat egiten duzun egoera batera iristeaz. Kontzientzia maila bat da, finean. Hemen segituan beldurtzen gara kontu horiekin, erlijioak kaka asko sartu digulako. Baina alkimiak ez du zerikusirik erlijioarekin.
Aipatzen duzun bilakaera pertsonal horrek zertarako balio izan dizu zuri?
Nire aita suizidatu egin zen nik 9 urte neuzkanean. Berak 40 zituen. Horrek markatu egiten zaitu, eta heriotzarekiko harreman bat sortzen dizu. Ni beti hortik tiraka ibili naiz: hasi nintzen makrobiotikan, gero gaztaroan filosofia ikasketei ekin nien… zerbaiten bilaketan aritu naiz beti. Nire anaiak, aldiz, beste modu batera kanalizatu du guztia: askoz arrazionalagoa da, ez dizkio hainbeste buelta eman. Bakoitzak bere erara bizitzen ditu kontu hauek. Niri horrek gauza batzuk irakatsi dizkit: adibidez, uste dut orain ez diodala heriotzari beldur askorik. Eta ikusten dut jendeari asko kostatzen zaiola heriotzaz hitz egitea, naturala den hori ezkutatu nahi dela. Uste dut askoz gehiago hitz egin behar genukeela kontu horiez. Beldurtuta bizi gara.
"Gaur egun hemen egiten den punk rocka, oso ondo, baina eraldatzaile izatetik urrun dago"
Brigada Criminalen hasi zinetenok partekatzen duzue antzerako bilakaera musikan: punk rocketik folkerantz egin duzue, bai Fiachrasen, bai Bizardunaken, bai Unidad Alavesan, eta bai Harrian ere. Zer dago horren atzean?
Brigada Criminalen aspertu egin ginen punk rockarekin, eta Irlandako folka entzuten hasi ginen –The Pogues eta The Dubliners, batez ere–. Fiachras sortu genuen lehendabizi, eta gero etorri zen Bizardunak, estilo ariketa hobea nahi baduzu, biolinarekin eta flautarekin. Azkenean, gusta dakizuke bluesa, rocka, countrya, psikodelia… baina dena sartzen da folk kultura zabal horretan. Folkean dago guk entzun izan dugun guztiaren funtsa, eta tradizio aberats bat bezala ikusten dut gaur egundik. Bestetik, bagenuen klixeak hausteko borondatea ere. Aspertuta geunden MC5 eta Stoogesen kamisetak daramatzan rockerraren klixearekin. Guretzat punk-a beste zerbait zen, Eskorbutok-eta egiten zuten hori. Baina gero pijo kuadrilla bat bilakatu zen, eta gaur egun hemen egiten den punk rocka, oso ondo, baina eraldatzaile izatetik urrun dago. Halako zerbait dio Johnny Rottenek bere biografian, Sex Pistols desegin ondoren PiL sortu zuenean punkiek ez zutela ezer ulertu, han jarraitzen zutela beren larruzko txupekin eta ileak puntan jarrita. Badago punky guayaren estereotipo bat, eta ni ere egon naiz hor, baina jada ez du zentzurik. Fiachras sortu genuenean, kontu horrek guztiak sekulako nagia sortzen zigun. Garai hartan oso indartsu zebilen Donostiako Buena Vistako mugida guztia: NCC, Señor No eta horiek oso onak izan dira… baina guk hortik alde egin nahi izan dugu. Nora? Folkera, sustraietara. Egun ez dago ezer punkagorik ortu ekologiko bat jartzea baino.
Duela gutxi idatzi zenuen txio bat Chill Mafiaren abesti bati buruz: “Benetako punk-a”.
Aipatzen ari naizenarekin dauka zerikusia. Apurtu egin dute, mundu guztiari eman diote egurra, eta musika ona egiten dutela iruditzen zait, gainera. Gero, beren jarrera batzuk urrun geratzen zaizkit –drogen kontu horiek guztiak niri bost–, baina ikusten da kaleko jendea direla, ez datozela familia dirudunetatik, eta aurrera egin dutela artistak direlako, buruari buelta asko ematen dizkiotelako, eta lortu dutelako zerbait apurtzailea sortzea. Eta zer nahi duzu esatea, Twitterren nagusitzen den tonu zuzen hori hankaz gora jartzea, izar ukiezin batzuei zaplada ematea… punka espiritu hori da. Orain jada industriaren parte dira, baina, behintzat, hortik biziko dira. Hertzainakek eta Evaristok gauza bera egiten dute, baina hirurogei urte baino gehiagorekin.
Chill Mafiaz gain, beste zein talde berri entzuten duzu azkenaldian?
J Martina nahiko desberdina iruditzen zait. Edo Tatxers, rock sofistikatuagoa. Edo Flash, Oki Moki, TOC, Marmol, Ibil Bedi… Gauza interesgarri asko ari dira sortzen. Anari ere bere ildoan oso apurtzailea iruditzen zait. Bizardunetako nire lagunak rock andetarra egiten ari dira orain, flautarekin eta gitarrekin: Enemigos del Comercio. Oro har, soinu oso antzerakoa duten disko monotonoek aspertu egiten naute.
Zein asmo dituzue aurrerantzean?
Hasteko, diru pixka bat errekuperatzeko disko batzuk saltzea. Otsailean zuzeneko batzuk ematekotan gara, eta diskoa grabatu dugunoz gain, beste musikari batzuk ere batuko zaizkigu: Bizardunakeko Adolfo Alcocer gitarretan, eta Fly Shit-eko Ander Elorza baxuan. Fredi Pelaezek emanaldi gutxi batzuk gustuko ditugun tokietan: otsailaren 4an Ataunen, otsailaren 10ean Bergarako seminarioan, otsailaren 25ean Azkoitiako Matadeixen, eta martxoaren 11n Igorreko gaztetxean Unidad Alavesakoekin… Toki gehiagotatik deitzen badigute, ikusiko dugu, baina Maitanek eta biok urte eta erdiko ume bat daukagu, eta ez dugu erotzeko asmorik. Bien bitartean, ni jada hasi naiz abesti berriak pentsatzen. Disko bat egiteko prozesua luzea izaten da, eta nazkatuta amaitzen duzu. Zuzenekoetarako gogoa daukat –eta beldurra ere bai, aldi berean–. Eta gerora zer egin pentsatzen hastekoa ere bai.
Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024
------------------------------------------------
Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]
Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.
Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022
-----------------------------------------------
Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]
82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]