Applek Txinako bere lantoki erraldoian izan dituen konfinamendu eta protestak ez dira testuinguru geopolitikotik isolatutako kasuak. Eremu teknologikoan gerra hotza dator AEBen eta Txinaren artean, eta mikroprozesagailuak non diseinatu eta ekoizten diren badago aldea, Bigarren Mundu Gerran altzairuak eta aluminioak izan zuten garrantzia bera baitute orain gailu nano horiek.
Txinako Henan eskualdean bada Zhengzhou izeneko hiri bat, egun 7 milioi biztanle dituena –Euskal Herriko biztanleriaren bikoitza–. Milaka urtetako kultura duen arren, gaur egun ezagunagoa da iPhone City izenez. Apple konpainia estatubatuarrak bere mugikor arrakastatsuak muntatzen ditu handik 30 kilometrora duen fabrika erraldoian, eta horretarako 300.000 behargin aritzen dira gau eta egun lanean. Asteotan albiste izan da megafaktoria hori, COVID-19 kutsatzeak saihesteko Txinako Gobernuaren politiken kontra piztu den protesta oldea tarteko. Langileek jasaten dituzten esklabotza baldintzak agerrarazi ditu gatazkak.
Zhengzhouen ekoizten da Applen iPhone telefono mugikorren %85 inguru. Lantegia berez Foxconn izeneko Taiwango konpainiarena da eta honek hornitzen du sagartxoaren enpresa. Irailean, koronabirus kasuak ugaltzearekin, "zirkuitu itxia" ezarri zuen, hau da, langileek ezin zuten eraikinetatik atera etxera joateko. Sare sozialetan zabaldu bideoetan ikus zitekeen haien egoera kaskarra, lotarako tokirik eta elikagai nahiz botikarik gabe. Milaka lagunek fabrikatik ospa egitea erabakitzean liskar handiak sortu ziren hesiaren bestaldeko buzo zuridun poliziekin. Abenduaren 11n, 56 eguneko konfinamenduaren ondoren, bertan behera utzi zuten neurria.
"Zirkuitu itxiaren" sistema Tesla multinazionalak estreinatu zuen Txinan, baina Zhengzhouko plantako istiluengatik iritsi zaigu mendebaldarroi pantailetara. Foxconnek kutsatze kasuak eragozteko argudioarekin ezarri arren, egiaz arriskuan zegoena zen iPhone 14-a ez iristea garaiz Gabonetako kanpainarako. Zenbait analisten arabera Applek sasoi horretako diru-sarreren %40 galduko du: "Proportzio epikoak dituen gainbehera da Applentzat", azaldu dio The Guardian-eko Martin Farrer kazetariari Dan Ives datu ikerketetan adituak: "Txinako hornidura katea Eguberriak lapurtu dizkigun Grinch bat da".
Txinako Gobernuak azkenean COVID politika zertxobait malgutu du industriagune nagusietan, baina atzerriko konpainia teknologikoak herrialdetik joatea denbora kontua besterik ez dela izango dio Farrerrek. Applek berak jada erakutsi du asmoa alde egin eta India bezalako herrialdeetan ezartzeko. Aitzitik, atzean multinazionalen diru gosea besterik ez al dago? Auzia askoz potoloagoa dela iradokitzen digute AEBetako administrazioak azkenaldian harturiko hainbat erabakik.
"Urriaren 7an mundu gerra deklaratu zen. Ez da horretaz hitz egin duen albistegirik izan, nahiz eta denok jasan beharko ditugun ondorioak". Halaxe idatzi du Marco D'Eramo kazetariak New Left Review aldizkariko blogean, "Circuits of War" ("Gerra zirkuitoak") izenburua daraman artikuluan. Egun horretan Joe Bidenen gobernuak debeku zorrotza ezarri zien AEBetako enpresei zirkuitu integratuak –txip izenez ezagunak– Txinara esportatzeko. Eta ez hori bakarrik, haien diseinuak eta txipak 'integratzeko' erabiltzen diren makinak esportatzeko debekua ere ezarri zuen.
Badaki zertaz ari den kazetari italiar beteranoa "gerra" aipatzean. Il manifesto egunkari komunistaren sortzaileetakoa eta La Repubblica-ren korrespontsal izandakoa, begirada epe luzera jartzeko abilezia du D'Eramok. Bere esanetan, Washingtonen helburua da Txinaren garapen ekonomikoari balazta jartzea: "Gerra ekonomikoko ekintza da", dio.
Txinari hegoak moztu
Txinako lantegietatik ateratzen den ia edozerk dauka txip erdieroaleren bat, telefono mugikor, automobil zein mikrouhin-labe izan. Baina datu esanguratsuena da munduko txipen %70 erraldoi asiarrak kontsumitzen badu ere, soilik txipen %15 ekoizten duela, eta gainera, ekoizten dituen txip horietatik bat bera ere ez dela azken belaunaldikoa.
1960an lehen prozesagailuak egiten hasi zirenetik haien tamaina txikituz joan da esponentzialki, eta egun 3nm-ko tamaina duten txipak egiteko gai gara –birus bat baino txikiagoak, ARGIAren 2.758 zenbakian kontatu genizuen bezala–, baina horrek bere mugak eta erronkak ditu, besteak beste, azpiegitura izugarri garestiak behar direla: "Produkzioa erabat intentsiboa da kapitalari dagokionez", dio D'Eramok.
Txipen industriaren finantza kontzentrazio eta dispertsio geografikoak ekar dezake Bidenen gobernuak Txinara gailu horiek eta diseinua esportatzeko debekuak arrakasta izatea
Munduan halako txip sofistikatuak sortzen dituzten bi enpresa baino ez daude: Hego Koreako Samsung eta Taiwango TSMC. Horrez gain, Herbehereetako ASMk txip horiek "inprimitzen" dituzten makinak egiten ditu. AEBek berriz, txipak diseinatzeko monopolioa dute. Kazetariaren esanetan finantza kontzentrazio eta dispertsio geografiko horrek ekar dezake Bidenen gobernuaren debekuak arrakasta izatea. Izan ere, AEBen "basailu" diren herrialdeetan dago merkatuaren kate ia osoa: D'Eramoren arabera "sektore honetan autarkia teknologikoa ezinezkoa da".
Ondorio horiek guztiak ez ditu bere kabuz atera, baizik eta Chris Miller historia irakasle estatubatuarraren Chip War (Txipen gerra) liburutik. Bigarren Mundu Gerran altzairua edo aluminioa izan ziren moduan, eta Gerra Hotzean arma atomikoak, AEBen eta Txinaren arteko egungo lehian txipak dira gakoa, Millerren aburuz.
1990eko Golkoko Gerran jadanik ikusi zen misilak gidatzeko mikrotxipek zuten gaitasuna, eta orain, Ukrainakoan, ikusten ari gara Errusiak txip aurreratu horiek "sistemetan integratzeko duen gaitasun falta", dio historialariak Protocol.com atari digitalarekin egindako elkarrizketan. Bere esanetan arlo militarrean "integrazioa" da inporta duena, hau da, mikrotxipen artean informazioa transmititzeko ahalmena: "Eta hori soilik txip erdieroale aurreratuenek egin dezakete".
Milaka milioi euroko inbertsioa eskatzen duen teknologia militar hori garatzeko giharra –eta asmoa– Txinak soilik duela ikusita, Washingtonek hegoak moztu nahi dizkio, urriaren 7koa bezalako debekuekin. Aldi berean, mikrotxipen merkatua desglobalizatu eta ekoizpena AEBetara –Texasera kasu– eraman nahian dabil, horretarako diru publiko erreserba handiak erabiliz (280.000 milioi dolar), onartu berri duen Txipen Legearen bidez.
Millerri elkarrizketan galdetu diote AEBei eta Txinari komeni ote zaien "banaketa" teknologiko hori, gerra irekia pizteko aukera handitzen baitu –gerra horren kostu ekonomikoa txikiagoa litzatekeelako–. Tesi horrekin "eszeptikoa" dela erantzun die: "Hain justu, 2022 urteak ekarri digun irakasgaia hori da: ekonomikoki oso loturik dauden potentziak azkar deslotu daitezkeela; Errusiaren eta Europaren artean ikusi dugu modu txundigarrian". Hortaz, agian 2023ak esango digu artikulu honek daraman izenburuari "hotz" adjektiboa ere kendu beharko ote diogun.
Sare sozialetan badira zenbait pertsona eragin gaitasun handikoak. Jarraitzaile ugari dute, eta euren iritziak egiatzat hartzen dira. Askok, ordea, egia barik, interes propioa edo klase baten interesak iraunkortzea bilatzen dute. Ameriketan komentokrata deitzen zaie. Alegia,... [+]
Iragana ulertzen saiatzen eta etorkizuna bideratzen, oraina joaten zaigu zenbaiti. Nire proiektuetako bat (hasi baina landu ez dudana oraindik) dudan zuhaitz genealogikoa egitea da. Horretan lagunduko didan liburutxo bat ere erosi nuen. Baina, hain da handia lana, liburutxoa... [+]
Ortutik itzuli berritan erabaki nuen Twitterretik alde egitea, oraindik Twitter zenean. Auzolan batera joan nintzen, brokoliak eta azaloreak landatzera, eta mindfulness efektua zapuztu zidan algoritmoak, idazle feminista transgorrotatzaile baten txioak jaurtitzearekin... [+]
Ikerketa bat egin dute Alemanian, hauteskundeen atarian: kontuak sortu dituzte TikToken, X-n eta Instagramen, eta aztertu egin dute algoritmoak zer nolako edukiak erakusten dituen. Guztietan, algoritmoak eskuinera eta eskuin muturrera jotzen du gehien, TikToken nabarmen.
Euskorpora elkartearen eta Euskorpus proiektuaren abiatzeak hautsak harrotu ditu. Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko oposizio buruak Euskorpusena akatsa dela uste du, "ezjakintasuna edo estrategia klientelarra". EH Bilduk galdera sorta egin du... [+]
Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.
Euskorpora elkartearen aurkezpen ekitaldi jendetsua izan da asteazkenean Donostian, eta Euskorpus izeneko egitasmoaren berri eman dute bertan. Euskorpus euskarazko hizkuntza baliabide digitalen banku bat izango da, eta 5 milioi pasa inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak bertan.
Boterea eskuratzeko modu asko dago; denak ez dira politak. Bada boterea eta horrek berarekin dakarren erantzukizuna banatu nahi duenik, agintea bilatzen duenik. Beste batzuek errespetu lar diote eta pauso bakoitza hainbeste neurtuta ez dira gai erabakirik hartzeko. Boterea zer... [+]
Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.
Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]
Azken boladan gero eta gehiago entzuten dugu gazte askok etxebizitza erosteko ahalmenik ez dugula. Batzuetan, badirudi ez dagoela beste gairik; egia da gai serioa dela. Niri neuri ere, 31 gertu izan arren, oraindik pixka bat falta zait neurea izango den etxebizitza lortzeko... [+]
Irakasleek urtetan pilatutako jakintza kontuan hartzea, klaustroek erabakiak hartzeko autonomia bermatzea, IKTen “uneoroko erabilera” sustatzen duten planak geldiaraztea, eta ikasgeletan aldaketa metodologikoak sartu aurretik dituzten ondorioak tentuz aztertzea... [+]
Teknologien erabilera eztabaidatzen ari dira Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta horretarako hainbat aditu eta eragile ari dira batzordean beren ekarpena egiten. Ikastetxeetan mugikorra debekatzeko araudi orokorra eskatu duen Altxa Buruako arduradun taldearekin hitz... [+]
Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.
Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]
AEBetako auzi judizialen batengatik jakin denez, Metak (Facebook-eko jabeak) Libgen sareko liburutegia masiboki pirateatu du BitTorrent protokoloak erabiliz. 81.7 terabyte gutxienez lortu zituzten horrela, beren adimen artifizialeko sistemak elikatzeko. Saiakera eta zientzia... [+]