Jorge Luis Borgesek 1946 urtean Del rigor de la ciencia (Zientziaren zorroztasunaz) ipuin laburra idatzi zuen. Bertan, mapen eta lurraldeen arteko erlazioaz idatzi zuen, eta antzinako inperio batez, non mapak hain ziren zehatzak islatzen zuten herrialdearen tamaina bera zutela. Kartografoek marraztutako mapa perfektuek herriaren, probintziaren eta inperioaren beraren tamaina hartu zuten, alferrikako tresna bilakatu ziren arte. Borgesen istorio horri heldu diote Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek Donostiako San Telmo Museoan, Museo Bikoitza programaren baitan, aurkeztu duten proiektua testuinguratzeko.
Museo Bikoitza 2018. urtetik Donostiako museoan abian dagoen proiektua da. Artista bati museoko bilduman eta ondarean ikertzeko gonbidapena egiten zaio, eta haren begiradatik, bai bilduman zein museoko museografian eragingo duen esku-hartze edo proiektu artistikoa aurkezteko abagunea eskaintzen zaio. Sortzen duen horrek –pelikula, bideo, eskultura edota marrazkia–, museoaren hiru denborekin du zerikusia: iraganarekin, museoko bilduma edo ondarea duelako abiapuntu; orainarekin, egungo begiradatik museoa bera eta honen eraketa analizatu, interpretatu edo itauntzen duelako; eta etorkizunarekin, sortutako artelana museoko bildumaren parte izatera pasako delako. Horrexegatik da berezia eta garrantzizkoa programa hau: urtetik urtera artista garaikideek sortzen dituzten obrak San Telmo Museoko arte-bildumara gehitzen direlako, eta obra horiek gainera, bildumaren eta ondarearen parte diren pieza, artelan, objektu, dokumentu edo edizioei egiten dietelako erreferentzia, egungo begiradatik.
Proiektuaren sorburua Asier Mendizabal artistaren Soft Focus erakusketa izan zela esan daiteke. Ordiziarrak erakusketa museoan bertan aurkeztu zuen 2014an, eta aurkeztutako lana museoko erakusketa iraunkorrera batu zen ondoren. Mendizabalen instalazioak 80 diapositiba inguru erakusten zituen, eta soft focus deitutako iragazki hedatzaile baten bidez, diapositiba horiek Sigfrido Kochek 1976an Euskal Entziklopedia Handia-rentzat ateratako museoko piezetako batzuk erreproduzitzen zituzten. Lan horrek argazkigintzari eta etnografiari buruzko gogoeta egiten zuen, eta museoko bildumako inbentarioko irudietan oinarritzen zen. Esan daiteke operazio hura izan zela Museo Bikoitza martxan jartzeko hazia. Izan ere, San Telmo Museoa gizarte-museoa eta arte-bilduma den aldetik, artista garaikideen esku-hartzeak txertatuz arte-bilduma hori hedatzeko nahia bazegoen. Tipologia horretako museoetan beti da gai delikatua arte ederren eta etnografiaren arteko banaketa zorrotza. Programa honekin, ordea, bi kategorien arteko esperimentazio gune aitzindari bat zabaldu da, arriskuak ere badakartzana, baina praktika artistikoen bitartez museoaren bilduma etnografikoari eta erakusketako narratibei buruzko ikuspegiak zabaltzen dituena.
Bide horretatik abiatuta, Iratxe Jaio (Markina-Xemein, 1976) eta Klaas van Gorkum (Delft, Herbehereak, 1975) artistek Paperezko inperio baten atlasa izenburua eman diote Museo Bikoitza proiektuaren baitan aurkeztu duten obrari. Urtebetez museoko funtsean lan egitearen ondorioz argia ikusi duen lan itzela da. San Telmoko eliza izandakoan dago ikusgai ikus-entzunezko forma hartu duen lana, Josep Maria Sert pintorearen hamaika mihisez inguratuta; kaperan nagusitzen den argi leunak besarkatzen duen proiekzioa da. Peana baten gainean eta atril batean sostengatuta, eskuz enkoadernatutako liburu handi bat dago zabalik, eta orri zuri eta huts horietan, tipologia ezberdinetako mapak ikusiko ditugu proiektatuta, pantaila bat balitz bezala.
Proiektatzen diren mapak museoaren artxiboan gordetzen diren mapa, kartografia eta plano zaharren aukeraketa bat dira. Pinakotekako biltegian eta Iruneko Gordailun hainbat hamarkadaz biltegiratu eta artxibatu diren mapak aukeratu eta horiek fotografiatzen hasi ziren, xehetasunez, oso kalitate altuan, ondoren digitalizatu ahal izateko. Lan hori ondo egiteko, beso robotiko bat asmatu zuten eta zoom makro objektibo batekin mapak zehaztasunez fotografiatu zituzten, mapen beren kartografia bat eginez, zentimetroz-zentimetro mapa horiek islatzen zituzten lurraldeak zeharkatuz, distantziak laburtuz, hemengo eta hango mendiak, itsasoak, landa-eremuak eta hirietako kaleak beren osotasunean erregistratuz, Borgesek bere ipuinean azaldutakoaren antzerako operazio batean. Digitalizatutako milaka irudi horiek artxibatu eta algoritmo baten menpe biltegiratu zituzten, algoritmoak aukera zezan ze irudi proiektatu momentu bakoitzean. Paperezko inperio baten atlasa, beraz, museoko funtsean gordeta dauden mapen erregistro zehatza da, orri zurizko liburu batean gorpuzten den mapa bizi baten erretratua. Mapa berriak etengabe doaz proiektatzen, akaberarik ez duen bidaia batean. Gainera, mapen digitalizazioaren kalitatea hain da altua, non mapen tinta, grafia, paperaren granoa edo litografoaren hatz markak bereizi ahal diren. Proiekzioa 2023ko uztailera arte egongo da museoko kaperan ikusgai, eta ondoren museoko bildumara batuko da, bide batez, Museoko arte-bilduman artista garaikideen lanek presentzia nabarmenagoa izan dezaten.
Jaio eta van Gorkum-en esku-hartzea Museo Bikoitza programaren laugarren parada izan da. Hauen aurretik, Jose Mari Zabalak, Erlea Maneros Zabalak eta Ibon Aranberrik parte hartu dute programan. Zabalak film bat egin zuen, museoko artxibo eta dokumentuetatik abiatutako dokumentala, Magia, materia eta beharra izenburupean. Pelikula hori, egun, ikusgai dago bilduma iraunkorreko Industria, aldaketaren eragile atalean. Zabalari programan parte hartzeko gonbidapena Erlea Maneros Zabala artistaren bitartez heldu zitzaion. Maneros Zabalak Norusta izena zeraman proiektu ederra aurkeztu zuen 2020/21 paradarako. Pandemiak erabat markatu zuen denbora tarte horretan, Lekeitioko artistak bildumako litografia batean jarri zuen begirada: Lekeitioko kostaldeko Antzoritz lurmuturra irudikatzen zuen estanpa. Artista konturatu zen errealitatetik nahiko urruti geratzen zela Pedro Pérez de Castrok XIX. mendean egindako estanpa hura, eta egiaztatzeko, piragua hartu eta inguru hartara hainbat irteera egin zituen argazki kameraz. Norusta, beraz, Lekeitioko kostako argazki bildumaz eta arestian aipatutako litografiaz gain, bideo-lan bat aurkezten zuen proiektua zen. Maneros Zabalak, gainera, bere familian hainbat belaunaldiz gorde izan zen orkatz baten adarra museoari eskaini zion dohaintzan. Irudiak nola sortzen diren, eta iruditegien garrantziaz hausnartzen duen artistaren esku-hartzea oso argia eta adimentsua izan zen, besteak beste iragana, oraina eta geroa oso modu organikoan planteatzen zituelako.
Zabala Manerosen gonbitea, aldiz, Ibon Aranberriren bitartez heldu zen. Aranberri Museo Bikoitza programa inauguratzen lehen izan zen, eta bai museoko klaustroetan nola almazenetan pilatuta zeuden hilarrietan jarri zuen fokua. Estela horiek, berez modu horizontalean erabiliak izan direnak, museoan bertikalean ipintzen hasi ziren toki gutxiago okupa zezaten, baita tente aurkezten ere, eta horiek biltegiratzerako orduan erabili ohi ziren estrukturetan erreparatu zuen Aranberrik. Behaketa horretatik, tamaina handiko biltegiratze estruktura baten berrinterpretazioa egin zuen artistak, klaustroan bertan aurkeztu zuena. Bestalde, hilarrietako erliebeetan kalkoak egin zituen, harrian zizelkatutako grafiari eta sinbologiari protagonismoa emanez. Hinrich Sachs artista suitzarrak jaso du datorren urtean Museo Bikoitzan parte hartzeko gonbidapena, museoaren logiketan, ondarean eta arte-bilduman esku hartzeko proposamena.
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]