Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusi berria da Idurre Eskisabel Larrañaga (Beasain, 1970). Kazetaria, antropologoa eta EHUko irakaslea izana da. Euskaldunon Egunkariako langile zen Guardia Zibilak bidegabeki itxi zuenean. Goseak janak poesia liburua eta Trikua esnatu da saiakera idatziak ditu, bigarren hori Lorea Agirrerekin batera. Euskararen biziberritzearen aldeko mugimenduari aire berria ekarriko diolakoan gaude, borroka hau justizia sozialaren esparruan kokatu eta euskararen iraupenetik hizkuntzaren biziberritzera pasatzen laguntzeko gogoz aurkitu baitugu.
Zein aldarterekin hartu duzu ardura berria?
Urduritasuna eta bertigoa badauzkat, beti sortzen zaizkigun zalantza horietakoak gure gaitasunei buruz, baina, era berean uste dut gogoak gainditu egin duela hori. Euskararen biziberritzearen prozesua kezkaz bizi dut. Hala ere, momentu honetan jendartean eragiteko, eta ez bakarrik Euskal Herrian, iruditzen zait hizkuntz auziena oso leku interesgarria dela.
Zorion mezu mordoa jasoa zara sare sozialetan, albistearen harira. Jakin daiteke instituzioren batetik deitu zaituzten?
Bai, Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politikatik jaso dut mezua.
Nola ikusten duzu Kontseiluak 25 urteotan eginiko lana? Zer nabarmenduko zenuke?
Kontseiluaren izaera bera. Euskalgintza esaten diogun askotariko espazio honetan ikuspegi ezberdin asko biltzen dira. Beste diferentzien gainetik euskara ardatzean jarri eta elkarrekin jarduteko borondate eta egite dinamika bat egote hutsa, eta beraz, erakunde bat, garrantzitsua iruditzen zait. 25 urtek askorako ematen du, bestalde, eta Kontseiluaren ibilbidea lotzen dut euskalgintzarenarekin. Batean atzeman ditzakedan argi-ilunak euskalgintzan orokorrean suma ditzakedanak dira. Gehituko nuke azken urteetan momentu interesgarrian dagoela Kontseilua.
Euskalgintzari eskatzen zaion ziklo aldaketaren harira, euskalgintza jada aro berrian murgilduta dagoela aldarrikatu duzu Durangon eginiko kargu-hartze ekitaldi ofizialean.
Bai, asko aipatu da azken urteetan euskalgintzaren baitan aro berri baten beharra, ziklo berria, biribilgunea eternal bihurtzeraino. Gatozen ziklo politikotik gatoz, ordea, zentzu guztietan. Euskal Herrian gatazka armatuak asko markatu du guztia eta ziklo hori ETAk armak utzi eta disolbatzeko erabakiarekin aldatu zen. Horrek izan du tximeleta efektu propioa politikaren arlo guztietan, baita euskararen biziberritzearenean ere, nire ustez auzi politikoa den heinean. Mugimenduan birpentsatze handia gertatu da. Ez soilik Euskal Herrian, munduan ere sekulako aldaketak gertatzen ari baitira, eta nahiko objektiboa da esatea azken bi hamarkadetan aldaketen abiadura azeleratuta dabilela.
Munduaren beraren dinamikak ulertzeko eta geureganatzeko prozesuak askoz bizkorragoak dira eta beraz, lan konplexua bihurtu da gurea bezalako hizkuntza gutxitu baten biziraupena eta hizkuntza gutxitu batean geure burua ardazten dugunon bizitzak bizigarri egitea. Gogoeta fase horretan dago euskalgintza, diskurtsoak eta praktikak birpentsatzen, eta dagoeneko hartu ditu noranzko batzuk: adostasun soziala handitzea adibidez, euskalgintzatik kanpo bere burua kokatzen duten eragileekin, justizia eta kohesio sozialaren terminoetan planteatuz auzia. Horrez gain, Kontseiluak Batuz Aldatu dinamika abiatu du eta bi zutabe proposatu ditu bidea egiteko: euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta euskaldunon bizitzak bizigarri egiteko eremu erosoak sortzea.
Nola irakurtzen dituzu azken neurketa soziolinguistikoak, non erabilera behera doan batean eta bestean?
Galderak sortzen zaizkit gehien. Atzeragoko ziklo horretan egin zen irakurketetako bat zen ezagutza zabaldu ahala erabilera igoko zela. Ikusten ari gara ezetz. Ezagutzatik erabilerara jauzi egiteari buruz, ezinbestekoak iruditzen zaizkit euskara funtzionalitate eta balio batzuekin lotzen duten irakurketak. Ez dugu ahaztu behar gurea hizkuntza gutxitu bat dela botere sare erraldoi batean kokatuta eta berez erabilera nekez etorriko dela, hautu bat izango dela. Eta horretarako motiboak behar dira, berdin da izan funtzionalak (behar duzulako lanerako edo egunerokoari aurre egiteko) edo balio sinboliko bat (emozioetan eta izaeran eragingo dizuna). Alde horretatik, hezkuntzari lotuta, oso interesgarria iruditzen zait Iratxe Retolozak-eta egiten duten irakurketa. Ikasleek euskara jasotzeaz gain, zoru bat behar dute erabil dezaten. Zoru hori kultur eremuak emango die, erreferentzia batzuek, non zentzua hartzen duen hizkuntza hori aukeratzeak. Gabezia handia dugu euskarari egunerokoan zentzua bilatzen eta ematen. Hori ez da norbanakoen pultsioetatik etorriko, dinamika sozialak ez baitira ezerezetik sortzen; politika publikoek bultzatu eta sustatu behar dute.
Nola ikusten dituzu hizkuntza politikak herri honetan? Iparraldetik has gaitezke.
"Euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesua da"
Itxaropen bat ikusten dut, mugimendu bat eta eginbide bat sortu da instituzionalizazioa lortzen ari den momentutik. Nolabaiteko babes bat edo politika publikoen inplantazio gutxieneko bat ekarri du erakundetzeak. Baina, aldi berean, ikusten dugu hizkuntzaren ofizialtasunera pixka bat mugitzen garen aldiro segituan datorrela Frantzia hori moztera. Borroka horren adibide politena da ikasleak azterketak euskaraz egiteko eskubidea eskatzen ari direla. Ikasleak azterketak aldarrikatzen!
Nafarroakoak?
Mataza konplexua da. Zonifikazioa gaitz handia da, nafarren artean injustizia handia sortzen baitu euskararekiko irisbidean. Nafarroa estatu auzia izan da eta da, eta hizkuntzaren alorrean egin diren politika asko hortik egin dira. 40 urtez soro hori landu dute eta asko egin da atzera. Batzuetan emateraino euskararen alde planteatzen den edozein aurrerapauso txiki sekulako eskaera dela. Eta alderdiak ikusten ditut, abertzale eta euskaltzaleak barne, presio horretan korapilatuta, euskaltzaleok nahi baino dexente atzerago.
Eta EAEkoak?
Estatusaren aldetik eremu errazena da eta 40 urtez garatu dira beste eremuetan trakzio indar izan daitezkeen araudi, lege eta politikak. Baina lehen aipatu ditugun emaitzek erakusten digute ez dela nahikoa. Euskararen estatus ofizialaren ideian oinarritzen dira diskurtsoak eta politika publikoak EAEn, oker, ahaztu egiten baita hala ere hizkuntza gutxitua garela. Hori ekuazioan ez badugu aintzat hartzen, nekez egingo dugu aurrera sustapen politiketan. Horrez gain, gutxitan aipatzen da euskararen biziberritze prozesua eraldaketa sozialeko prozesua dela. Jendarteko botere harremanetan aldaketak ekarri behar dituela derrigor, eraldaketa prozesu guztietan bezala. Beti sortzen dira erresistentziak eta horien kudeaketan dago gakoa. Daukagun politika egiteko ereduan –ez gurea esklusiboki, gaitz hau ere oso zabaldua baita–, politika bera baino alderdien politikak egiten dira, oso epe laburrean pentsatuta, eta botoak galtzeko beldurrez. Euskararen biziberritzea bezalako prozesuak eskatzen duen tenplantzarik ez dago. Klima aldaketari edo energia krisiari begira ez daukagun bezala. Gai batzuk handiak eta oinarrizkoak dira, Politika letra larriz egitea eskatzen dutenak, baina, joko politikoa den bezalakoa delako, ez dago gaitasunik horretarako.
Ez dago gaitasunik edo instituzioetan jaun eta jabe direnek ez dute bultza nahi aipatzen duzun eraldaketa soziala?
Hori ere gerta liteke, baina diskurtsiboki ez da azaltzen. Gainera, nik nahiago alde horretatik inozo iruditu arren itxaropentsu izan.
Kontseiluak estrategiko jo du ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea. Nola da posible oraindik ez doakoa izatea euskara ikastea, EAEn behintzat?
Ez dagokit niri erantzutea eta aurrekora itzuliko naiz: kosta egiten zaigulako euskararen biziberritzea ardatzean jartzen duten politika sendoak martxan jartzea. Ziur aski ez daukatelako berehalako hautes-errentagarritasunik.
Esan duzu aliantzetan sakontzea izango dela zure helburua. Batetik, euskalgintzako eragileekin. Nola ikusten duzu panorama?
“Momentu honetan, dezenteko batasuna ikusten dut egoeraren diagnostikoan”
Zorionez, askotarikoa da. Gauza oso monolitiko eta homogeneoak ez zaizkit gustatzen. Aurreko ziklo politikoak, ETAren jardun armatuak, arrasto handia utzi zuen momentu hartan euskalgintzan bertan ere. Alde horretatik, esango nuke orain errazago dela elkar ulertzea. Momentu honetan, dezenteko batasuna ikusten dut egoeraren diagnostikoan eta nik planteatzen sumatzen ditudan estrategietan ere ez dut ikusten sekulako dibergentziarik. Interesgarria litzatekeena eta hainbeste ikusten ez dudana da belaunaldi berri baten etorrera –eta Gazte Euskaltzaleen Sarearen sorrera oso pozgarria da–, belaunaldiek izaten dituzten inertziak puskatzen lagunduko luke.
Aliantzetan instituzioekin sakontzeko asmoa ere aipatu izan duzu egunotan. Ez zaizu iruditzen instituzioek planteatzen duten elkarlanarekin edo “zubigintzarekin” mugimendu sozialak neutralizatzen dituztela askotan, are gehiago dirua jartzen hasten direnean? Ikusten duzu horretarako arriskurik?
Arazo hori arlo guztietan gertatzen da, sistemikoa da. Gainera, eraldaketa sozialean jarduten duten mugimenduen ezintasunetako bat da arrakala sistemak bere egiten duela segituan. Oso ongi pentsatu behar dugu eta ez daukat irtenbiderik. Kezkatzen nauen zerbait da: gizarte eragileek nola eragin dezakegu sistemak dena bere egiteko gaitasuna duen honetan? Ez dugu dena aldatu nahi ezer ez aldatzeko, ezta? Horrez gain, pentsatu behar dugu irabazten den eremu txiki bakoitza garrantzitsua dela.
Paul Bilbaok esan berri du Berrian: “Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian”.
Bai. Mami eta epe zehatzak jaso behar dira. Administrazio publikoaren legera, Kontseilutik, adibidez, proposamen zehatzekin goaz eta Hezkuntza Legearekin ere horrek izan behar du hurbilpena. Gainera, adostasunak ebaluatu egin behar dira aldiro. Horretan indar gehiago jarri behar dugu.
“Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua”, eskatu duzue Jaurlaritzaren Hezkuntza Legerako zuzenketa gisa, 200 lagunek aurkeztutako manifestuan. Ez bada zuzenketa onartzen, euskalgintzako eragileak ikusten dituzu Jaurlaritzarekin gatazkan sartzeko prest?
“Gizarte eragileek nola eragin dezakegu sistemak dena bere egiteko gaitasuna duen honetan?”
Oraindik ez dut astirik izan eragileekin pultsu hori hartzeko, ez dut erantzun zehatz bat.
“Euskaraz eroso bizitzeko espazioak sortzea” ere identifikatu du Kontseiluak lan ildo gisa. Orain arte erabiltzen zen “normalizazioa” helburu zehazgabearen formulazio berri gisa hartu behar da?
Bai. Euskaraz ardazten garenok estres linguistikoa oso presente dugu. Adibidez, azken Euskaraldi honetan batek esan dit berak belarriprest aukeratu duela estres horri ez aurre egitearren. Alegia, ariketa ongi egin, deserosotasunaren sortzaile izan eta euskara ikusarazi beharrean, erabaki du besteek egin diezaiotela berari euskaraz. Zeren deserosoa baita, gorputzetik pasatzen zaigu hizkuntza. Euskara bermatuta dagoenik ez dakidan lekuetan euskaraz hasten naizenean, izan komertzio edo lagunarte bat, inposatzaile sentimendua sortzen zait. Eta konpartitu xamarra da, euskaldun gehienoi gertatzen zaigu, “subalternoen konplexua” deituko nioke. Bizitza bizigarriagoak izango genituzke dinamika horiek ez balira sortuko. Eta gainera, gure eskubideak aurrera eramateko garaia da. Edozein hitzartze egiten dugunean, osasun sistemara goazenean, adibidez, gure ahotsa murriztuta edo hain ongi moldatzen ez garen hizkuntzan aritzera behartuta egoten gara. Erosotasuna bizigarritasunaren zentzuan planteatzen dugu.
Euskararen borroka justizia sozialaren esparruan kokatzeari garrantzia ematen diozu.
Nahiz eta masa kritiko handia dagoen hizkuntza belaunaldiz belaunaldi pasatzen, gizartea orokorrean hartuta, euskararen gauza hau gutxi batzuen kontua da zoritxarrez. Euskaltzale euskaldunen kontua. Baldin eta iraupenari ez ezik biziberritzeari ekingo badiogu, zutoinak izango badira euskararen unibertsalizazioa eta euskaraz ardazten garenon bizitzak bizigarriak izatea, erabilera eremu erosoak sortzeko ez da nahikoa euskaltzaleon inplikazioa. Beste batzuek ere etorri beharko dira eta beste horiei adierazi behar diegu hizkuntza ez dela corpusera mugatzen den zerbait, bizikidetzan, justizia sozialean eta demokrazian sakontzeaz ari garela.
Euskararen aldeko borroka edukiz betetzeko modu bat da?
“Hizkuntza gutxituko kide izateak nolabaiteko abantaila ematen digu komunitategintzan aritzeko”
Munduan gero eta deserosoago gaudenon sentsazioa oso zabala da, egun. Jendeari galdetuko bagenio munduaren martxaz, oso erantzun apokaliptikoak jasoko genituzke. Diagnostiko txar horren parte bat homogeneizazio erraldoi horretatik dator. Hor harrapatzen gaitu kapitalismoaren aldaera basati honek. Bakarrik eta arroztuta aurkitzen gara, eta jende guztia bilatzen ari da komunitatea sortzea, elkar saretzea eta abar, ez da bakarrik Euskal Herrian. Hizkuntza gutxituko kide izateak nolabaiteko abantaila ematen digu komunitategintzan aritzeko. Eta lehen aipatu ditut klima aldaketa eta kolapsoa, eta gehitu nahi nuke lurrari begira hizkuntz ekologiaren ideia garrantzitsua dela. Hizkuntzak, ezaugarri funtzionalez harago, zutoinak direlako pertsonok geure buruak eratzean, komunitateak eratzean. Gainera, argi utzi behar dugu euskararen alde egiteko eskatzean, ez dugula esan nahi egun batetik bestera euskaldundu eta zure bizitza euskaraz ardaztu behar duzunik, exijentzia ez da hori. Euskararen alde egitea da ulertzea hori guztia, ulertzea ez dela hizkuntza auzia bakarrik, justizia eta demokraziarekin zerikusia duela, proaktibitatea eskatzen duela, pazientziaz egotea bigarren leku batean. Feminismoek ere beren proiektua marrazten dutenean botereen birbanatzea planteatzen dute. Gizonezko zuri hetero hegemonikoei esaten die: “Hartu pazientzia eta egon bigarren lerroan”. Agian, euskararen alde egotea euskaldunekiko pazientzia hori asumitzea ere izan behar da.
Batuz Aldatu dinamikarekin euskalgintzatik kanpoko eragileak ere subjektu aktibo bihurtu nahi dituzue. Zein eragile batu dituzue?
Askotariko 113 eragile gaude: Athletic fundaziotik hasi, Karta Sozialetik pasa eta arrazakeriaren inguruko elkarteetara heltzeko. Zentroa eta ertzak, bietan jokatzea dagokigu. Derrigorrezkoa da ertz horietara hurbiltzea. Horrekin lotuta, Amelia Barquinek oso artikulu interesgarria argitaratu berri du, oinarrizkoa esanez: euskarak migrazioa edo euskal herritar berri horiek behar dituela, arrazializatu izatearen gainkarga dutenak, klase ikuspegitik ere azpi-azpian egotearen zama dutenak.
Azken urteak egin dituzu feminismoa eta euskaltzaletasuna elkar lotzeko lanean. Ikusten dituzu euskalgintzako eragileak feminismoan urratsak emanez beren buruak eraldatzeko prest?
Eraldaketa sozialeko prozesu guztiak bezala, astiro doa eta erresistentziak topatzen dira. Egia da, lehen aipatu dugun ziklo aldaketak behartuta, euskalgintzak bere baitako gauza asko berrikusi behar izan dituela. Niretzat, Bertsolari Txapelketa Nagusian ikusten ari garena oso interesgarria da. Alde batetik, bada multzo handi bat eraldaketaren premia ikusten duena, baina eraldaketa abiatzean erresistentziak aurkitzen ditu, askotan inkontzienteak. Uste dut estrapolagarria dela euskalgintzara orokorrean. Ez gara inor baino hobeak edo okerragoak, baina geure alde dugu geure burua birpentsatzen edo berrasmatzen ari garela, menpekotasunetik ari garelako, eta errazago sartzen direla ideia berriak.
Euskararen aldeko borroka maskulinitatetik asko eraikitzen al da?
Ez dut erantzun garbirik. Esango nuke euskararen arnasgune esaten diogun horietan, euskararen defentsa eta aktibismoa maskulinitate jakin batetik eraikitzen dela eta hori deserosoa dela hortik kanpo geratzen direnentzat. Miren Artetxek tesian aipatzen du begiak itxi eta euskalduna nola irudikatuko genukeen galdetuko baligute, ia-ia Olentzero bat datorkigula. Kar, kar. Horren ifrentzua ere badago, dena den. Euskararen aldeko aktibismoa eta erabilera feminizatuta daude. Lurralde guztietan eta adin tarte guztietan, zaharrenetan izan ezik, emakumeek gehiago erabiltzen dute euskara. Datu bat ematearren, Euskaraldian askoz emakume gehiagok hartzen du parte. Eta euskararen kultur ekitaldietara bagoaz, emakumeak askoz gehiago dira ia beti. Saretzen eta eraldaketa prozesutik tiraka ari direnak ere emakumeak dira. Gizarte eragileen artean ere, nolabait euskararena bizikidetzara eta justizia sozialera lotutako praktika gehienak feminismoan gertatzen dira. Askotariko mugimendu feminista horretan ez ote da kontzientzia gehiago landu beste esparru batzuetan baino?
Feminismoak ikusten dituzu, beraz, euskararen aldeko borroka bere egiten?
Feminismoa askotarikoa da eta denak ez datoz bat horretan, baina esango nuke baietz, eta gainera, orain dela ez askora arte euskararen biziberritzetik eta hizkuntzaren auzitik urrun xamar egon diren mugimendu feministako sektoreak ere azken urteetan jabetu dira honen dimentsio sozial eta eraldatzaileaz. Ari dira bidea egiten.
Feminismoak emakumeen ahalduntzean lan politiko potentea egiten du. Nola ikusten duzu euskalgintza esparru horretan? Egun bakarra adibide gisa hartuta, Martxoak 8 eta Abenduak 3 zuria eta beltza bezala dira.
Ukigarria da aldea momentu honetan. Euskaltzale gisa, askoz zilegitasun gutxiago ematen diegu geure buruei aldarrikapenerako, interpelatzeko, eskatzeko. Gihar faltaren ondorioa da. Aldi berean, lehenago aipatu dut Gazte Euskaltzaleen Sarea sortzea sekulako albistea izan dela, ez soilik beste belaunaldi bat engaiatu delako hizkuntzaren biziberritzearekin, baizik eta eraldaketa sozialari lotuta ikusten dutelako biziberritze prozesua. Azken urteetan, agian, hori falta izan zaio. EAEn, ofizialtasunak, gauza on guztiez gain, lasta batzuk ere ekarri baititu. Normalizazioaren ideian, adibidez, gehiegi murgildu gara edo hezkuntza sistemarekin lotu dugu belaunaldi batzuen euskalduntzea, beraien gaineko normatibizazio handiarekin, hezkuntzatik eta agindutik jasotako mandatu bat bezala.
Kontseiluko idazkari nagusi gisa lehen ekitaldi publikoan desideologizazioaren aurka egin zenuen gogor: “Askotan aipatu eta bultzatu dugun ideia da euskarak politikatik at behar duela. Nago, ideia hori itzulikatu behar dugula eta esan euskarak zerbait behar badu hori politika dela, alderdikerietatik harago, goi arnasadun politika”.
"Euskarari buruz politikoki pentsatu behar dugu, epe luzeetan"
Oso txertatuta dugun ideia da, belaunaldi askotan errepikatu zaiguna. Ulertzen dut abiaburuko zergatia, nolabait, euskaltzaleek beren buruak babesteko estrategia bat da, oso zafratuak izan garelako. “Ez gatoz inorekin borroka egitera”, esango bagenu bezala. Horrekin baina, kendu egiten diogu kontzientziarekin lotuta duen potentzialitate handia. Politika diodanean, letra larriz idatziriko Politikaz ari naiz, alderdien oilar-jokoetatik kanpo geratuko dena eta feminismoaren ideiarekin lotzen dena, erakutsi baitigu guztia dela politikoa. Hain inportantea delako pentsatu behar dugu euskarari buruz politikoki, baina epe luzeetan.
Euskaldunon aurkako oldarrak ere ez du etenik. Areagotzen ari da ala arazoaren kontzientzia da hazten ari dena?
Ez dut azterketa zehatzik. Esango nuke Espainiako Estatuan botere judizialetik datorren oldarraldia areagotu egin dela. Iñigo Urrutiak aipatzen zuen, alde batetik, estatuen betiko joera zegoela, homogeneizaziora daramana guztia. Toleratu bai, baina berdintasunik ez. Horretarako beren bermea botere judiziala da, oraintxe Espainian gauza askorekin ikusten den bezala. 'Bai baietz da' legearen inguruan sortu den guztia adibidez, matxismo instalatuaren erresistentziaren isla da, botere judizialaren bidez. Frantzian ere botere judizialetik datoz askotan erasoak, 'Molac' legea adibidez.
Naturalizatuta daukagu bigarren mailako hizkuntza hitz egiten dugula?
DNAren parte balitz bezala. Lehen esaten nizun, ni neu inposatzaile sentitzen naizela euskaraz egiten dudanean hizkuntza bermatuta ez dudan leku batean. Hor neure buruari begiratzen diot eta ikusten ditut konplexuak, ez molestatu nahia eta abar. Mendeetan barrena belaunaldiz belaunaldi etorri zaizkigu bizi izan ditugun konplexuak. Eta maila pertsonalean gertatzen zaiguna, maila kolektiboan ere gertatzen zaigu. Uste dut hor subalternitatea dela daukagun zama eta hori dela eragozten diguna ikustea geure burua besteen berdintasun mailan.
Euskara eta euskal kultura etorkizunaren ardatz! manifestuaren lehen esaldiaz galdetu nahi nizuke. “Euskara da gure herriko berezko hizkuntza”. Ez dago garbi ala?
Batzuetan ez. Gainera, askotan esentzialista izatea aurpegiratzen digute halakoak esatean. Subalternitatearen faktorea ikusten dut hau garbi utzi beharraren atzean. Zergatik egin gaitu sorionekuk hain zorioneko? Etengabe ari garelako geure buruari ere azaldu beharrean zergatik hartzen ditugun zama hauek guztiak. Errelato bat eman behar diogu geure buruari, beste kultura, talde, herrialde guztiek egiten duten moduan. Baina guk subalternitatetik egiten dugunez, seinalatuagoak gara eta berehala bihurtzen gaituzte esentzialista, geure zilborrari begira bizi garela esaten digute. Ez ote ginateke erosoago biziko gaztelera edo frantsesera joanda eta beste era batera erlazionatuta bai gure buruarekin, baita munduarekin ere? Gu geu izateari uztea esan nahi luke horrek, ordea, hiztun askoren kasuan. Eta askotan hori ez da ikusten. Horren harira, Hasier Arraizek jarri zuen txio bat gustatu zitzaidan: hemengo lur hauek osatzen dute euskararen berezko lurralde bakarra.
Azken galdera, Euskaraldia amaitu berri da. Zer iritzi duzu ekimen horri buruz?
Abiaburuan ekimen bikaina iruditu zitzaidan. Teoria feministatik ere jasotzen du, badagoelako edo egon daitekeelako interpelazio zuzena: Nik ezin dut euskaraz hitz egin, zuk ez didazulako uzten, parean zauzkadan horrek, beraz, har ezazu pazientzia eta izan belarriprest. Alde horretatik interesgarria da. Baina halako kanpainak milaka pertsonaren testuingurura eramatean, baldin eta lehen ariketa bukatu eta ondorenak ez badira egoki jorratzen, ez dira nahikoa. Falta zaigu lanketa efektibo iraunkor bat egitea. Badakit ariguneak ere badaudela erabilera erosorako espazioak sortzearekin lotuta, baina testimonialitatean geratzeko arriskua ikusten diot. Politika publikoan erabakiak behar ditugu –eragile sozialek ere egin ditzakete politika publikoak instituzioekin esku hartuta–, baldin eta efikazia bilatuko badugu Euskaraldia amaitzen den egunetik aurrera. Behar duguna da: lanketa, lanketa, lanketa eta inbertsioa, inbertsioa, inbertsioa.
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.
Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]
Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du. Hemendik aurrera Taupa, euskaltzaleen mugimendua izena hartuko du. Euskara elkarteen topagunea izatetik, Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatzea eta saretzea izango du helburu. Topaguneko kideek adierazi dutenez,... [+]
Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.
Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]
Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.
Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]
GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.
Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]
Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi du Kontseiluak. Ohartarazi du “indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean”, atzeraldia datorrela. Kontseiluak... [+]
Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.
Bilboko kaleak bete zituen mobilizaziotik urtebetera, auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dutela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Auzia gainditzeko euskararen "normalizazioa eta biziberritzea" ezinbestekoak direla... [+]