Ikusirik ia 8.000 milioi herritar garela eta New-Yorken kokaturiko Clearview AI-k 20.000 milioi argazkiz gora dituela, baliteke, irakurle, zure aurpegia ere izatea datu base horretan. Horrela atera zen eskandalua: fama handirik gabeko herritar xumeak oharturik haien bisaiak ere daudela bertan. Aurpegi ezagutzarako altxorra, polizia, mugazain, enpresa pribatu baita norbanako batzuk erabilitako datu basea da. Azken datuen arabera, 3.100 bezeroz gora ditu. Baimena eskatu gabe ari da datuak pilatzen, eta geroz eta herri gehiagotan isunak jaso arren, berdin-berdin segitzen du.
Aurpegi ezagutzaren esparrua garatuz doa, herritarrok gehiegi jakin gabe, eta seguruenik zure eta nire bisaiei esker gainera. Bai... hori ezin liteke, eta ezin daiteke gertatu, baina gertatzen ari da. New Yorkeko enpresa Clearview AI-k jasotako azken zigorrari esker eguneratu dugu errealitate horretaz genuen informazioa: 20 milioi euroko isuna jarri dio informatikari askatasunen esparrutik begiratzen dion Frantziako Cnil egitura independenteak. Hain zuzen, baimenik gabe dabil interneten kausituriko argazkiak bereganatzen, guztira 20.000 milioi aurpegiko datu-basea osatuz. Webguneetatik zein sare sozialetatik lapurtzen ditu argazkiak. Gehiengo zabalak ez daki datu-base horretan dagoela –zurea bertan dagoen jakin dezakezu, ordea, Clearview AIri eskaera bidaliz; honek erantzuteko betebeharra dauka, eta denbora hartu arren, erantzun, erantzunen dizu–.
Konpainiak irudi-baserako sarbidea merkaturatzen du, pertsonak argazki bidez aurkitzeko bidea irekiz poliziei, instituzioei zein enpresa pribatuei. Nextinpact webgunean irakurri daiteke 3.100 bezero dituela enpresak: FBI, AEBetako Barne Defentsarako Departamendua; Walmart enpresa ezin kapitalistagoa; Bank of America bankua; Macy´s zentro komertzial katea; baita beste hainbat herritako Poliziak eta mugazainek ere. Duela bi urte BuzzFeed komunikabideak bideratu ikerketaren arabera 27 herritan presente zen.
Europan dugun Datuen Babeserako Araudi Orokorreko seigarren artikuluak bermatu behar liguke herritarron baimena ala eskaera esku artean, edota norberaren eskubideak zein interesak zangopilatu gabe erabiltzen dituela datuak. Erabiltzaileak –kasu honetan Clearview AIk– interes legitimo bati tiraka erabili behar ditu, beti ere herritarron eskubide eta interesen gainetik pasa gabe, eta argi utziz helburua betetzeko ez dagoela hain intrusiboa ez den beste biderik.
Baldintza horiek ez dituelako betetzen zigortu zuten Clearview AI urrian, 2020ko maiatzaz geroztik hainbat herritarrek Cnil-rengana jorik. Enpresaz hitz egiten entzunik, kuriositatez haien identitateari buruzko daturik ba ote zuten eskatu eta beraien harridurarako, argazki bat baino gehiago jaso zituzten hainbatek. Bizitza pribatuaren errespetuaren bermeari begiratzen dion Privacy International Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere jo zuen Cnil-rengana iazko maiatzean.
Hastapen batean lapurketa horiekin bukatzeko eta argazkiak datu-basetik kentzeko eskatu zion Cnil-ek, baina Clearview AIk ez zion inolako segidarik eman. Hori horrela, isuna jarri eta abenduaren 20 arte dauka Frantziako herritar guztien datuak ezabatzeko –hori ezean, egunero 100.000 euroko zigorra gehituko dio–. Cnil-aren partetik sekulan ikusi ez den zigorrik gogorrena da Clearview AIri bideraturikoa.
Baina berdin zaio Hoan Ton-That enpresaburuari: “Interneten publiko den argazki batek ez digu erraten pertsona frantsesa den; hori horrela, ezinezkoa zaigu frantses herritarren datuak ezabatzea”. Argudio bera erabili ohi du beste salaketentzat ere. Hain zuzen, Frantzia ez delako Clearview AI zigortzen duen bakarra: Erresuma Batua –8,85 milioi euroko isuna–, Italia –20 milioi eurokoa–, Suedia –250.000 eurokoa–, Kanada, Austria, ala beste, herri anitzek arrazoi beragatik zigorturikoa da. Ilegalitate osoan dabil Clearview AI gure bizi pribatua lapurtzen, eta gehienetan isunei bizkarra erakusten die gainera.
Cnil-ren zigorraren biharamunean Le Monde-n plazaratu zuen irakurketa abokatu Alexandre Lazarèguek: “Lanjerra” ikusten dio gaur egungo koadro juridikoari, hain justu, bere horretan Europako Datuen Babeserako Araudi Orokorrak ez duelako debekatzen “profilatzea” –herritar baten jarrera aurreikusteko edo analizatzeko egin daitekeen datu pertsonalen erabilpena; adibidez, begibistakoena dugu gure kontsumoen segipena...–. Hori egin ahal izateko arrazoien artean dago “interes orokorrarena”, abokatuaren ustez “guztia sartu daitekeen nozioa”. Are gehiago, Europak datuak “informazio sinple” gisa definitzen dituela deitoratzen du; eta horrek dakarren “insegurtasun juridikoarekin” bukatu beharra ikusten du. Aterabidea baluke: datu pertsonalak “ondasun” gisa ikusia balira, zailagoa lukete baimenik gabeko erabilpena.
33 urte ditu enpresaburuak, Hoan Ton-That izenekoak. 21 urte zituela sortu zuen bere lehen konpainia, informatikaren sektorean, posta elektronikoak pirateatzeko. Ondotik espezializatu zen aurpegi ezagupenean. Eskuin muturrean kokatzen da, eta jakina da ikuspegi horren zabalpenaren alde ari dela. Donald Trumpen hautagaitzaren alde jardun zuen, eta azken horren garaipena ospatzeko festan ere egon zen.
Mike Cernovich maskulinista eta konspirazionista edota Andrew ‘Weev’ Auernheimer hacker neo-nazia ditu lagunen artean, Korii komunikabidearen Les liaisons dangereuses de Clearview avec l’extrême droite [“Clearview-ek eskuin muturrarekin dauzkan harreman arriskutsuak”] erreportajean ageri denez. Clearview AI sortzeko orduan ere alde horretakoen laguntza jaso zuen. Tartean, Tyler Bass supremazista zuria, Marko Jukic faxista ospetsua eta Charles C. Johnson eskuin muturreko aktibista. Diputatu zein prokuradore kontserbadoreak ere ondoan zituen –eta ditu, oraindik ere–. Izen guztiak atxikitzea zaila izanik, borobildu daiteke erranez Johnson horrek sorturiko WeSearchr plataforman elkartu ohi zirela guztiak –eskuin muturreko egitasmoak diruztatzeko crowdfunding gunea zen eta 2015 itxi zieten–.
Hoan Ton-That bera NRx edo Argi Ilunak izeneko mugimendu neofaxistaren zale litzateke, Korii-ren arabera. Huffington Post egunkariak azaltzen duenez, “Silicon Valleyko zirkulu libertarioetan hamarkada bat baino gehiagoan eragin duen eskuin arrazista eta misoginoaren geek multzoa da NRx. [...] Haren kideek Peter Thiel laudatzen dute, LSDa mikrodosifikatzen dute, eta ideia totalitarioak edertzen dituzte, demokrazia zapuzteko aitzakia morala ematen dien sasi-intelektual izaeraren bidez”. Erreportajea bukaturik, Clearview AIri datu eskaera eta ezabatze manua bidaltzeko tartetxoa hartzeak merezi luke...
Lehengoan mezu bat idatzi nion METAri. Di-da, pentsatu eta egin. Mark Zuckerbergek ez du lorik egin ordutik, ez baitzen edozelako mezua izan, lehor samar idatzi nion. Borde, ia. Instagrameko bideo baten bidez jakin nuen METAk bere erabiltzaileek partekatutako informazioa... [+]
Urteak dira Firefoxek eta Safarik jarraipena egiteko erabiltzen diren hirugarrenen cookieak blokeatzen dituztela. Chromek ere gauza bera egingo du 2025ean, baina publizitatearen negozioan duten nagusitasuna handitzeko aprobetxatu nahi dute, jarraipena nabigatzailean bertan... [+]
Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu du Iametzak.
Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]
Euskal Herriko eskola askotan bezala, Danimarkan ere Chromebook-ak eta Google Workspace (lehen G Suite for Education deitua) erabiltzen dira. Hala ere, datorren ikasturtetik aurrera gauzak aldatzera doazela dirudi, datuen babeserako agentzia daniarrak legez kanpokotzat jo baitu... [+]
Orain arte ezezaguna zen zelatatzeko metodo baten berri eman du AEBetako Ron Wyden senatariak: mugikorreko jakinarazpenak. AEBetako eta beste estatu batzuetako gobernuak teknika hori erabiltzen ari dira, Reuters-ek jakitera eman duenez.
Filtratu egin da eIDAS 2 araudi berriaren zirriborroa, eta jakinarazi dute nortasun digital bat sortu nahi dutela pertsona bakoitzarentzat. Modu zentralizatuan eta digitalki, biztanle bakoitzaren askotariko datu eta agiriak jasoko ditu biltegi horrek.
TikTok enpresari 345 milioi euroko isuna ezarri dio Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak, adin-txikikoen pribatutasuna behar bezala ez babesteagatik.
Datu-bilketa masiboari eta pribatutasunaren urraketei buruz hitz egitean mugikorrak, ordenagailuak, telebista eta bozgorailu adimendunak… etortzen zaizkigu burura. Inor gutxik aipatuko ditu autoak. Hala ere, gaur egun sentsore, kamera eta mikrofonoz betetako gurpildun... [+]
X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.
Europako Batzordeak martxan jarri berri du AEBetara egindako datu pertsonalen transferentzia arautzeko Trans-Atlantic Data Privacy Framework marko juridikoa. Aurrez egon diren beste biak atzera bota zituzten europar auzitegiek, ez zutelako eskaintzen herritarren datuak babesteko... [+]
Facebook, Instagram eta Whatsapp-en jabe den Meta multinazionalak Threads izeneko mikroblogintza sare sozial berria aurkeztu du. Oraingoz ez dute erabilgarri jarri Europar Batasunean, aplikazioak egiten duen datu-bilketa izugarriaren ondorioz europar pribatutasun legeekin... [+]
2023. urtea. Internet guztia GAFAM inperioaren kontrolpean dago. Guztia? Ez. Herri txiki batzuek zapalkuntzari aurre egiten diotelako. Eta herri horietako batzuk elkartzen hasi dira eta “Fedibertsoa” osatu. Twitter eta Reddit-eko gatazken ondorioz, Fedibertsoa fama... [+]
Hezkuntzan Librezale taldeko bi kide Eusko Legebiltzarrean izan dira Hezkuntza Lege berriaren proiektuari zuzenketa proposamenak aurkezten. Ideia nagusi bat azaldu dute parlamentuan: “digitalizazioari dagokionean lege proposamena ez da leiala 2022ko hezkuntza... [+]
EAEko administrazio publikoak erabiltzen dituen algoritmoen erregistro publiko bat sortzea adostu dute Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek. Akordioaren oinarrian EH Bilduko Lore Martinez Axpek aurkeztutako mozioa dago. Aurrez, apirilean, lau... [+]