“Inkisizioak salbatu zuen jende pila hemen Euskal Herrian, sorginkeria aferetan”

  • Milaka agiri arakatu ditu Paul Arzakek azken 53 urteetan. Nafarroan izan diren ehunka sorginkeria prozesuetako datuak bildu ditu 443 orrialdetako Sorginkeriarena gurean liburu mardulean eta ateratzen duen ondorio nagusia da XV-XVI. mendeetako sorginkeria akusazio masiboek gehiago zutela muntaiatik egiatik baino. Arrazoiak: interes ekonomiko, politiko eta sozial handiak eta baita partikularren arteko liskarrak ere. Deus berririk ez laino guztien azpian.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Juainas Paul Arzak. Donostia, 1950

Historian lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. 1987an Euskal Herriko Historia argitara eman zuen. Bidasoa Ikerketa Zentroko bazkidea da. Irakasle aritu da urtetan, gehienbat Bigarren Hezkuntzan, duela hamabi urte erretiroa hartu zuen arte. Artikulu eta ikerlan ugariren egilea da. Sorginkeriaren aferari dagokionez, Brujería, frontera y poder (Bilduma, 13, 1999), 1610. urtea. Nafarroako sorginkeriaren mitifikazio maltzurrari buruz (Uztaro, 43, 2002) eta El aquelarre, una invención afortunada (Gerónimo de Uztariz, 23-24, 2008) ditu lan ezagunenak.

Urte asko daramazu gaiaren inguruan ikertzen. Dokumentazio asko dago?
Nafarroan bai, zorionez. Nafarroako konkistaren denboran, eta ondoren ere, eskumenen eztabaida bat egon zen: zein botereri ote zegokion sorginkeria salaketak epaitzea. Hori dela eta, sorginkeria kasu asko hemen epaitu ziren eta prozesu zibil horiek aurki daitezke orain Nafarroako Artxibo Nagusian. Gehienetan, inkisitorialak baino interesgarriagoak dira eta, gainera, testuinguru soziala ulertzeko askoz aberatsagoak. Beste toki batzuetan, aldiz, Logroñon (Espainia) edo Simancasen (Valladolid, Espainia), adibidez, dokumentazio asko galdu zen.

Bibliografia ere ugari dugu. Azpimarratzekoa da, besteak beste, Gustav Henningsen daniarraren ikerlana. Sorginkeriaren fenomenoan munduko aditu handienetakoa da eta bere dokumentuak eta bibliografia fondoa NUPi pasa zizkion joan den urtean.

Sorginkeria tradizionala eta talde sorginkeria ez direla gauza bera diozu. Zein da desberdintasuna?
Ez daiteke esan zehazki noiz hasi zen sorgintzaren inguruko sinesmena. Horren aztarnatzat har daitezke leize zuloetan ageri diren historiaurreko irudiak, edo horrela interpretatzen dira behintzat. Bukatu, aldiz, sinesmen horiek ez dira bukatu, baina eboluzionatuz joan dira.

Sorginkeria tradizionalaren arabera, ekaitzak edo uzta txarrak sorginek eragindakoak ziren. Oso desberdina da, aldiz, XVI. eta XVII. mendeetan Europa osoan hedatu zen sorgin-jazarpen erotua. Hugh Trevor-Roper eta Gustav Henningsen ikerlariek witch-craze eta brujomanía deitu zioten honi hurrenez hurren; parekotzat jo daiteke Julio Caro Barojaren brujería colectiva, eta nik euskaraz talde-sorginkeria erabiltzea proposatzen dut.

"Sorginkerien kasuetan inkisizioa arrazionalagoa izan zen bertako epaile zibilak baino"
 

Noiz izan zen sukar horren garai gorena?
XVI.-XVII. mendeetan. XVI. mendean Europan barna hedatzen doan talde-sorginkeria hori hona iritsiko da Nafarroa Beheretik sartuta. Urtetan judutarrei, herejeei, ijitoei edo kataroei  leporatutako akusazio guztiekin eredu bat sortu zuten, gerora ustezko sorginei aplikatuko zietena. Haurrak akabatzea, lapurretak egitea, uztak hondatzea, hegaka ibiltzea... halako astakeriak leporatzen zizkieten eta horrela sortzen joan zen talde-sorginkeriaren irudia.

XV. mendean izurrite ikaragarri bat izan zen. Nafarroako populazioaren erdia hil zen, Peio Monteano historialariak frogatu zuen bezala. Honekin batera, hormate urte latz batzuk izan ziren eta jendeak jakin nahi zuen zergatik edo noren erruz gertatzen ziren gaitz horiek guztiak.

Nik hiru uholde edo bolada zehazten ditut sorginkeriaren zabalkundean, 130 urtean zehar. Lehen uholdea 1525etik 1540ra doa. 1525eko Nafarroa Garaian bi eremutan izan zen sorginen jazarpena: urtarriletik abuztura ekialdean (Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari), Errege Kontseiluko Pedro de Balantzaren ardurapean hamahiru lagun eta 25 bat soldadu ibili ziren sorginen bila. Gero, abuztutik aurrera, mendebaldera joan eta Doneztebe inguruko kontzeju batzuk arakatu zituzten. Horren atzean daude konkista gauzatu berria eta barruko gatazkak, interes politiko, sozial eta ekonomikoak, jauntxoen eta menpekoen arteko liskarrak, edo herritarren arteko haserreak. Horiek guztiek elikatzen zituzten salaketak, inguruko lurraldeetan gertatzen ari zen bezala (Jaka, Ribagorza, Tenako harana, Okzitania…)

Bigarren uholdea 1540tik 1575era arte luzatzen da eta hirugarrena 1575 eta 1620 bitartean. Azken horretan izen batzuen arteko lotura oso interesgarriak ikusten ditut nik. Agian gehiegi arriskatzen dut, baina elkartzen dut Araizko bailaran gertatutako akusazioen segida Lapurdikoarekin eta Baztan Bidasoakoarekin, hau da,  1610eko Logroñoko prozesuarekin.

Frogatzerik ez dut, baina harremanak ikusten ditut pertsonaia garrantzitsu batzuen artean: Fray León de Aranibar, esate baterako, Urdazubiko abadea, diruduna eta boteretsua zen, eta aldi berean, Gaztelaren aldeko espioiak ordaintzeko dirua eskuratzen zuen. Horrek bazuen harremana Nafarroako diruak kontrolatzen zituen Anduezarekin, Araizko alkate iraunkorrarekin, eta berdin Urtubia-Altzateko jaunarekin eta beste agintari batzuekin. Horiek ere diru asko irabazi zuten Iruñeko Zitadelaren eraikuntzarekin. Gaur egungo abiadura handiko trenaren lanekin alderatu liteke, han ere interes ekonomiko eta politiko asko zeudelako  jokoan. Gizon horiek guztiek sare handi eta eragin handikoa osatzen zuten. Pelikula bat egiteko moduko trama. Testuinguru horretan sorginkeria salaketak ugaldu egin ziren han eta hemen, kasu askotan interes horien arabera, Inkisizioak dena baretu zuen arte.

Inkisizioak baretu?
Inkisizioak salbatu zuen jende pila hemen Euskal Herrian, sorginkeria aferetan. Henningsenek aspaldidanik esaten du hori eta egia da: sorginkerien kasuetan inkisizioa arrazionalagoa izan zen bertako epaile zibilak baino. Haurren testigantzarik, adibidez, ez zuten onartzen. Logroñoko 1610eko auzi garrantzitsuan hiru inkisidore zeuden. Bik akusazioetan esaten zena sinesten zuten, baina hirugarrenak, Salazar y Fríasek, zalantzak zituen. Horri 'sorginen abokatua' deitzen zioten.

Salazar y Fríasek Iruñeko apezpikuaren sostengua izan zuen. Apezpiku hori Venegas y  Figueroa zen eta Inkisizioaren ikuspuntutik ez zen edonor: 1606an hartu zuen Iruñeko gotzain postua, 1600az geroztik Madrilen Inkisizio Gorenaren mahaiko kidea izan ondoren. Venegasek postuan zeraman urte gutxi horietan, bertakoekin harremanean sartu zen eta bertako kulturari begirunea eta laguntzeko nahia erakutsi zuen. Horrela, 1609an eta 1610ean euskarazko poesia lehiaketak antolatu zituen. Henningsenek haren biografian azpimarratzen ditu apezpiku horrek sorginkeriari buruz egin zuen ikerketa pertsonala eta, batez ere, talde-sorginkeriarekiko erakutsitako eszeptizismoa.

Argazkia: Dani Blanco
"Hasi ziren esaten deabrua ongi moldatzen dela emakumeekin eta horregatik jendea erotzeko, gaixotzeko edo hiltzeko ahalmena zutela begiradan"

Nolakoa izan zen Logroñoko auzia?
1610eko Logroñoko Fede Autoa ikaragarria izan zen. 30.000 pertsona inguru bildu ziren 10.000 bizilagun zituen hiri hartan. Fede autoaren muntaiaren helburua zen hots handiko antzezpenak egitea gaizkileen epaiketa eta zigorra publikoki erakusteko. Iruñean ere festa moduan bizitzen ziren exekuzioak. San Frantzisko plazan zegoen presondegia, gaur egun liburutegia dagoen tokian, eta handik, tronpeta hotsen artean, Takonerara eramaten zituzten sorginak jendearen aurrean erretzera.

Logroñon Zugarramurdiko 53 pertsona epaitu eta horietatik hamaika sutan hiltzera kondenatu zituzten eta horren ostean eromen kolektiboa zabaldu zen modu ikaragarrian. Harri bat altxatu eta hamalau sorgin agertzen ziren nonahi. Salazar y Fríasek dio une batean Baztan-Bidasoan bazirela 2.000 eta piko haur salatuta sorgin bezala. Zer gertatzen zen? Zugarramurdin populazioaren kasik %30 eta Donamaria kontzejuan %60 zeuden akusaziopean. Horrek esan nahi du hamar lagunetatik sei sorginak zirela? Rojas inkisidore nagusiak ezin zuen hori sinetsi.

Fede-autoaren ondorengo hilabeteetan sukar gisako bat sortu zen eskualde osoan eta hori dela eta, Inkisizioaren Kontseiluak Nafarroako mendiak bisitatzeko agindu zion Salazar y Fríasi, lehen eskuko informazioa eta testigantzak biltzeko. Agindu bat eman zion gainera: aitorpenik ez behartzeko eta zalantzan jarri ziren kasuetan mehatxurik ez egiteko. 1611ko maiatzetik aurrera ia zortzi hilabetez ibili zen inguru hartan sorginkeria-sukar betean. Milaka lekukotasun funsgabe eta kontraesankor bildu zituen, akelarreak gertatu zirenaren froga sendorik aurkitu ezinik.

Ikerketa hori eta urte batzuk lehenago Iruñean apezpiku egona zen Bernardo de Sandoval y Rojas inkisidore nagusiaren jarrera erabakigarriak izan ziren eromen kolektibo horri amaiera emateko unean.

Hori 1614ko Isiltasun ediktuarekin iritsi zen?
Inkisizioak ediktu hori argitaratu zuen sorginkeriaz hitz egitea debekatzeko. Horrela amaiera eman zitzaion prozesu eta akusazio uholde horri. Hortik aurrera injuriengatik epaitu ziren kasu batzuk, baina modu indibidualean.

Sorginen erreketari amaiera eman zitzaion Espainian 1614an. Hori egin zuen lehen herrialdeetako bat izan zen. Ondoren sorgin-ehizaren gainbehera etorri zen, goranzkoa etorri zen bezala. Ez zen bat-batekoa izan, eta ez zen toki guztietan batera gertatu. Kristauen arteko erlijio-gerra gogorren ondoren, nolabaiteko bizikidetza-garaia etorri zen: estatuak indartu ziren, eta beren arteko mugak aldatuz eta gero sendotuz joan ziren; zientziek aitzina egin zuten, eta Ilustrazioari atea zabaldu zitzaion. Oro har, Espainiako Estatuan 1614ko barealdian Eliza Katolikoak eta Inkisizioak sorginen jazarpena baretzeko ekimenetan garrantzi handia izan bazuten, Frantziako Estatuan erregeak eta gorteak izan zuten; Polonian, aldiz, sorgin-jazarpenak indartu egin ziren 1676tik 1725era eta Hungarian ikaragarria izan zen 1710 eta 1750 artean, adibidez.

Talde-sorginkeriari buruzko ideiak isurtzen eta moldatzen joan ziren gizartearen goi-mailetatik behekoetara. XV. eta XVI. mendeetan bereziki auzi eta sermoien bitartez irudikatu zena, XVII. eta XVIII. mendeetan, oro har, alderantzizkoa izan zen. Goi mailako gizartea filosofia mekanizista eta kartesiarra onartzen joan zen eta, aldi berean, gizarte mailen arteko hesiak handitu ziren. Herritar xumeak sorginkeria tradizionalen sinesmenera itzultzen hasi ziren eta sasi-jakintsuek, beren aldetik, sineskeria mespretxagarritzat hartu zuten.

Argazkia: Dani Blanco
"Akelarrea gezur hutsa da. Aker larrea erabiltzen zuten toki batzuetan mendiko magalak eta gune malkartsuetan ahuntzak besterik ibiltzen ez ziren tokiak deitzeko"

Zergatik sorginkeria ez zen hemen bezainbeste zabaldu penintsulako beste toki batzuetan?
Beste ‘etsai’ batzuk zituztelako: juduak, moriskoak... Sorginkeria Galizian, hemen eta Pirinio aldean garatu zen gehienbat.

Euskaraz mintzo ziren akusatuak babesik gabe zeuden epaiketa saioetan?
Bai, hala da. Prozesu guztiak erdaraz egiten ziren. Itzultzaileak behar zituzten Nafarroako ia toki guztietan. Galdeketak eta dokumentazioa erdaraz zeuden eta testigantzetan tarteka agertzen ziren euskarazko erantzun bakan batzuk. Gainera, kontuan hartu behar dugu tortura bitartez lortzen zituztela bilatzen zituzten erantzunak. Tortura onartuta zegoen sistema bezala. Faltzesko Jaunak, adibidez, dokumentu batean esaten du Errege Kontseiluak bidalitako Balantza funtzionario gupidagabeari bost ordu emanez gero, sorginak atera ditzakeela nonahi. Sorginkeria kasuengatik edo berdin lapurretak edo beste delituengatik akusatutako euskaldunak beti babesik gabe gelditzen ziren.

Akelarre hitzaren inguruan zer ondoriotara iritsi zara?
Akelarrea gezur hutsa da. Aker larrea erabiltzen zuten toki batzuetan mendiko magalak eta gune malkartsuetan ahuntzak besterik ibiltzen ez ziren tokiak deitzeko. Gaskonian landubouc edo Nafarroa Beherean askotan boquelane ere erabiltzen zen. Nire ustez, León de Aranibar Uzdazubiko abadea eta Araitz aldeko beste agintari batzuk hasi ziren esaten bazegoela toki bat, aker larre bat, non sorginak biltzen ziren. Izen hori zabaltzen joan zen eta Logroñoz geroztik besterik ez da gehiago agertzen. Horrela Sabath eta beste izen batzuk bazterrean gelditu ziren prozesuetan, nahiz eta jendeak halakorik ez erabili. 2000. urtearen inguruan Maite Lakar ikertzaileak Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako ahozko tradizioa aztertu zuen sakonki eta lan horrek argi erakusten du akelarre hitza ez dela inoiz oso hedatua egon jendearen artean. Talde-sorginkeria muntaia horiek eraikitzeko beste elementu bat izan zen. Mespretxu edo bazterkeria kutsua eman zioten hitz horri, gaur egun ‘zulo’ hitzarekin gertatu den bezala. Gaztelaniaz ‘agujero’ eta ‘escondrijo’ hitzak badira, baina ‘zulo’ erabiltzen dutenean ez dute gauza bera adierazten. Nire irudiz, akelarre hitzarekin gauza bera gertatu zen.

Zer beste gezur gehiago dago sorginen inguruan?
Tximiniarena, adibidez. Esaten zuten sorginak erratzaren gainean ibiltzen zirela eta tximiniatik ateratzen zirela.  Hego Euskal Herrian, ordea, etxe handiek baizik ez zuten tximinia. Bizi bordek, baserriek eta herriko etxeek ez. Horrelako kutsatzeak gertatzen dira.

Apoaren ustezko botereen ingurukoa ere muntaiaren barnean sartzen zen. Eta berdin emakumeen aurka esandakoak. Sorginkeriaren arriskua handitzeko, deabruaren boterearen gorakada sustatu zuten. Hasi ziren esaten deabrua ongi moldatzen dela emakumeekin eta horregatik jendea erotzeko, gaixotzeko edo hiltzeko ahalmena zutela begiradan. Eta esaten zuten emakumea zenbat eta zaharragoa, ordun eta makurragoa zela, hilekoa galduta, odol garbiketarik ez zutenez egiten, pozoi guztia begietan biltzen zutelako.

Histeria kolektibo hori pulpitutik pulpitura zabaltzen zen.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sorgin ehiza
Joana Jutsikoa, sorginkeriagatik erre zuten lehenengoa?

Sorgin ehizari buruzko historia ezagunenak XVI. eta XVII. mendekoak dira Euskal Herrian: Erronkarin, Zugarramurdin eta Lapurdin, inkisidore eta torturatzaileen amorrua jasan zuten herritar ugarik. Hain justu 1525ean, duela ia 500 urte Pirinioetan lehen prozesu orokorra hasi... [+]


Sorginen duintasuna aldarri

Lan kontu bat dela eta berrirakurri behar izan dut liburu zoragarri hau. Teoria, genealogia eta historia feminista batzen dituen liburu motz honek kritika ugari izango zituelakoan sarean begiratu eta, sorpresa! bakarra aurkitu dut, Irati Majuelok Berria-n idatzi zuena.
[+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
“Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe”

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -‘Nerium Oleander’-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


Euskaraz hitz egiten zuen katua

Ezkarbarte (Nafarroa), 1576. Ozkoidi eta Lizaso komisarioak Orikain auzo nagusira joan ziren ustezko sorginkeria kasu bat ikertzera. Martirikorena etxeko Mari Martin zen ustezko sorgina. Eta Juan Lizasok Juan San Martin lekukoaren testigantza jaso zuen idatzia auzi larriago bat... [+]


Durangoko herejeak
Disidentziaren mendetako aztarna

Durangaldean XV. mendean sortu zen heresiari erantzunez, Espainiako inkisizioak hango herritarrak –batez ere emakumezkoak– hamarkadatan eta mendetan jazarri zituela diote ikerketa berrienek. Kasuak agerian utzi du botere erlijioso eta politikoak disidenteen beldur... [+]


Federiciren izpirik ez ‘Akelarre’ filman

Sorgin ehiza feminizidioa izan zela azpimarratu nahi du Pablo Agueroren filmak, baina zuzendariaren begirada heteropatriarkalak asmo feminista zapuzten du. Inkisidoreak euskal Sherezade moduko batekin duen obsesio erotikoak ardazten du istorioa. Ikertzaile feministek aipatzen... [+]


2021-02-08 | Ttipi Ttapa
Helena Xurio Arburua: “Mehatxupean isildu da inkisizioak eragin zuen neurrigabeko sarraskia”

Ipuin eta kondairak bazterrean utzi eta egia ezagutzeko beharra sentituta, herriko historia aztertzen hasi zen Helena Xurio (Zugarramurdi, 1970). Asisko Urmeneta komikilariarekin batera, Euskal Herriaz haraindi, inkisizioaz idatzi dutena irakurri eta hariak lotu ondotik, emaitza... [+]


2020-11-18 | Axier Lopez
Sorgin ehiza Lapurdin eta Nafarroan
Herri oso baten aurkako erasoa

Ezin zenbatu sorginen inguruan egindako liburu, film, erakusketa, hitzaldi eta souvenirrak Euskal Herrian. Baina gehienetan ohiko galderak baino ez dira iradokitzen, ea emakume horiek zer egiten zuten, ea benetan elkartzen ote ziren akelarrean, ea zer droga hartzen zuten, ea... [+]


Nafarroan izandako sorgin ehizaren fenomenoari buruzko erakusketa bat jarri dute Nafarroako Artxiboan

Maleficium. Nafarroa eta sorgin ehiza (XIV-XVII mendeak) erakusketan, gaiari buruz Europan dagoen dokumentu multzo esanguratsuenetako bat izango da ikusgai urte amaierara arte. 


Covid-19 izurriak Txina paralizatu eta mundua lurralde ezezagunera eraman du

“Koronabirusak mundua lurralde ezezagun batera eraman du” esan zuen Munduko Osasun Erakundearen zuzendari nagusiak Covid-19ak zuzenean eragindako heriotzek 3.000ko langa gainditu zutenean. Planetako agintariak alor bat baino gehiagotan aurkitu dira bide-orri garbirik... [+]


Eguneraketa berriak daude