“Egoera oso kritikoa da Rojavako iraultzarentzat eta Kurdistango Askapen Mugimenduarentzat”

  • Azaroaren 19ko gauaz geroztik, Turkiak areagotu egin du Kurdistango herriaren aurkako erasoa, eta Rojava eta Siriako ipar-ekialdea bonbardatzeari ekin dio. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak azaroaren 13an Istanbulen jazotako eztandaren erantzule egin du Kurdistango Askapen Mugimendua, eta argudio horrekin ekin dio operazio militar berriari. KNK Kurdistango Kongresu Nazionalak salatu du "bandera faltsuko" atentatua izan zela Istanbulekoa, eta Turkiak kurduak erasotzeko baliatu duela. Istanbuleko eztandak –eta ondoren etorritakoek– 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertatutakoa dakarkiote gogora Rojavan dagoen euskal herritarrari. Berarekin mintzatu gara, Kurdistango egoeraren berri lehen eskutik ezagutzeko.

Turkiaren bonbardaketen ondorioz hildakoen lur-ematea (Argazkia: International Commune of Rojava)
Turkiaren bonbardaketen ondorioz hildakoen lur-ematea (Argazkia: International Commune of Rojava)

Labur-labur bada ere, zein da Kurdistanen bizi duzuen egoera?

Turkiako Estatua krisi politiko, sozial eta ekonomikoan guztiz murgilduta dago. Gobernatzen ari den eskuin muturreko AKP-MHP alderdiaren erregimena bere azkenengo arnasa hartzen ari da, bere existentzia gehiago zilegitu ezinik. Alderdi horrentzat eta honen lider Erdoganentzat, bizirauteko aukera bakarra Kurdistango Askapen Mugimendua suntsitzea da; horregatik, eta Turkiako hauteskundeak hurbil daudelako, apirilean Turkiako estatu faxistak gerrillaren aurka eskalada handiko operazioa hasi zuen mendietan (Claw-Lock izeneko operazioa). Gerrilla suntsitzea Kurdistaneko Askapen Mugimenduaren bihotza suntsitzea baita.

Apiriletik, beraz, mendietako gerrillek egunero NATOko bigarren armada handienaren erasoak jasan behar izan dituzte. Baina nahiz eta Turkiak baliabide tekniko eta teknologiko guztiak eduki eskura, ezin izan du gerrillaren erresistentzia apurtu. Izan ere, turkiar estatuak, espero zituen emaitzak ez lortzeaz harago, erabateko galera jasan du. Soldaduen galera hain handia izan da Turkiarentzat, haietako askoren gorpuak erre egin behar izan dituztela, herriari galeraren dimentsioa ezkutatzeko.

"Larunbatetik Turkiako estatu faxista etenik gabe Rojava eta Siriako ipar-ekialdea bonbardatzen aritu da, zibilak erailtzen, ospitaleak erasotzen, petrolio-ekoizpeneko instalazioak suntsitzen eta koalizio antiterroristaren zentroa txikitzen, besteak beste"

Bere helburuak lortu ezinik, Turkiak bide ezberdinak hartu ditu: alde batetik, azken bi hilabeteetan arma kimiko bidezko erasoak areagotu ditu mendietan; eta beste alde batetik, Rojavaren eta bertako administrazio autonomoaren aurkako erasoen eskalada handitu du. Erdoganek, inbasioarekin mehatxuka ibili ostean, uztailetik hona drone eta bonbardaketen bitartez bai zibilak zein komandanteak erail ditu, Estatu Islamikoaren (EI) aurkako gerran garrantzitsuak izan diren komandanteak tartean. Azken egunotan egon diren eraso bortitzak marko honetan ulertu behar ditugu. Larunbatetik Turkiako estatu faxista etenik gabe Rojava eta Siriako ipar-ekialdea bonbardatzen aritu da, zibilak erailtzen, ospitaleak erasotzen, petrolio-ekoizpeneko instalazioak suntsitzen eta koalizio antiterroristaren zentroa txikitzen, besteak beste. Erdoganek lurrazaleko inbasioarekin mehatxu egin du jada. Egoera oso kritikoa da Rojavako iraultzarentzat eta Kurdistango Askapen Mugimenduarentzat, horregatik da oso garrantzitsua hurrengo egunetan hemengo erresistentzia babestea eta elkartasuna adieraztea. Aukerak ere sortzen ari dira erresistentzia handitzeko eta iraultza hedatzeko. 

Azken egunotan Kurdistanen aurkako erasoaren intentsitatea areagotu du Turkiak, baina aipatu duzunez erasoak askoz aurreragotik datoz. Are, azken asteetan arma kimikoen erabilera salatzen aritu da Kurdistango Askapen Mugimendua. Ikusmena lausotzea, negarra, buruko mina, sudurreko odol jarioa, arnasteko zailtasunak, legena, eztula… erasoen ostean herritarrek izandako sintoma horien testigu izan da Morning Star hedabide britainiarreko Steve Sweeney kazetaria. Dokumentatutakoaz txostena osatu du, iradokiz arma kimikoen erabilera egiten aritu daitekeela Erdoganen gobernua, Kurdistango herriak salatu bezala. Froga horiek esku artean izanik ere NBEren edota OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundea bezalako organismoen erantzuna isiltasuna izan da, nahiz eta arma kimikoen erabilera debekatu zenez geroztik OPCWri dagokion horien erabilera egiten ez dela ziurtatzea. Zein irakurketa egiten da isiltasun horretaz?

Ikerketa ofizial bat aurrera eramateko haina ebidentzia daude. Sweeneyren txostena ez ezik, beste hainbat informe eta elkarrizketak iradokitzen dute turkiar estatua debekatuta dauden arma kimikoak erabiltzen ari dela. OPCW arma kimikoen erabilpena debekatzeko eta haien desagerpena abiarazteko sortu zen. 193 estatu-kidek, tartean Turkiak, itun bat sinatu zuten, eta konpromisoa hartu zuten arma kimikoak ez garatzeko, ez ekoizteko eta ez erabiltzeko. Baina argi dago itun hori ez dela betetzen, ez behintzat indar inperialista edo indar inperialisten aliatuei dagokienez. Beraz, laburki, zergatik OPCW ez da hasi ikertzen? Bada, Turkiako Estatua nazioarteko komunitateko kide errespetatua eta NATOko kidea delako, eta ez dagoelako inolako interesik horiek gauzatutako gerra krimenak ofizial bilakatzeko. Izan ere, arma kimikoen eta debekatutako armen erabileraren jakitun dira AEBak eta mendebaldeko indarrak. Horretaz aparte, bai Bakur-en [Iparraldeko Kurdistan, Turkiako Estatuaren mugetan] zein Bashur-en [Hegoaldeko Kurdistan, Irakeko Estatuaren mugen barruan] erasoak egiteko AEBen baimena behar dute, zerua horien kontrolpean baitago.

“Gerra krimenen aurrean, isiltasunak hil egiten du”. Ideia horretatik tiraka abiatu zenuten #YourSilenceKills kanpaina orain aste batzuk. Ahotsa ez altxatzearen erantzukizuna nazioarteko erakundeei bakarrik ez, hedabideei ere leporatu diezue.

Komunikabideen isiltasunak OPCWren isiltasunaren logika berdinari erantzuten dio. Hamarkadak dira mendebaldeko indarrek Ekialde Hurbilean gerra bortitzak abiatu zituztela, baina komunikabideetan zarata handirik ez du sortu horrek, nahiz eta herrialde asko masakratuak izan diren “demokraziaren” izenean. Badakigu komunikabide handien jabeek zer nolako interesak defendatzen dituzten; denboran larregi atzera egin beharrik barik, Ukraina eta Errusiaren arteko gerran argi ikusi da mendebaldeko komunikabide gehienen papera: NATOren politika interbentzionistak eta espantsionistak zuritu eta zilegitu. Badirudi gerra horren bidez NATOk zilegitasuna lortu duela bere politika espantsionistarekin eta genozidarekin jarraitzeko.

"Ukraina eta Errusiaren arteko gerran argi ikusi da mendebaldeko komunikabide gehienen papera: NATOren politika interbentzionistak eta espantsionistak zuritu eta zilegitu"

Jugoslaviarekin hasi zenak aurrera jarraituko du, eta komunikabideen babesarekin Europan gerra gehiago zabalduko ditu NATOk. Mendebaldeko herrialdeek Ekialde Hurbileko herrialdeetan darabiltzaten politika genozidak erakutsiko balituzte komunikabideek, Mendebaldearen irudi demokratikoa desitxuratuko litzateke, eta denak konturatuko lirateke ez dagoela giza eskubideak errespetatzen dituen estatu zibilizaturik. Beraz, hedabide gehienak maneiatzen dituzten oligopolioek Europar Batasunaren demokrazia itxura mantendu behar dute. Horretaz aparte, Kurdistaneko Askapen Mugimendua mehatxua da oligopolio eta botereentzako, benetako alternatiba demokratiko iraultzailea errepresentatzen duelako. Beraz, mugimenduaren aurkako erasoei dagokienez isiltasuna mantendu behar dute.

Isiltasun horrekin hausteko xedea du, beraz, aipatutako kanpainak?

Bide guztietatik lan egin behar dugu isiltasuna apurtzeko. Nahiz eta zaila izan gure salaketa lanarekin jarraitu behar dugu. Gure helburua isiltasuna apurtzea da. Herri ezberdinetan mobilizazioak bultzatu eta estatuei presioa egin nahi diegu, ikerketa ofizialak abiatu ditzaten.

Orain gutxi, Turkiak 17 gerrillari hil ondotik, gerrillara batutako gazte talde batek hala zioen publiko egindako oharrean: “Berriki, ikusi dugu turkiar estatu inbaditzaileak ISIS mendekatu nahi duela, berau garaitu zutenei eraso eginez; eta hori NATOren laguntzaz egiten da. Mendebaldeko potentziek ISISen aurkako koalizioa osatu bazuten ere, mertzenarioek osatutako turkiar estatua ere babesten dute. Hori sekulako hipokresia da”. Mendebaldeko isiltasuna Turkiari ematen dion babesaren adierazle bezala irakur daiteke?

Bai, guztiz. Kurdistango herriak bizi duen gatazka marko orokorrago batean ere kokatu behar dugu. Kapitalismoa krisi global batean murgilduta dago, irtenbiderik ikusi ezinik eta sistema berregituratu nahian. Indar inperialista guztiak krisi globala gainditzeko bideak bilatzen ari dira, baina beren hegemonia mantentzeko edota indartzeko interesarekin, hori bai. Horrek kontraesan handien aurrean jartzen ditu. Adibidez, Alemaniak indar hegemoniko handienetako bat izan nahi du datorren ziklo politiko berrian, baina, alde batetik, Errusiaren baliabideak behar ditu –horiek gabe Alemaniako krisia areagotu egin da–; eta bestetik, oraindik ere AEBen babesa behar du. NATOren eta Errusiaren kasuan, krisiari irtenbidea emateko ezintasunaren aurrean, biek behar zuten Ukrainako gerra. Argi dago NATOk gerrak sortu behar dituela, batasunaren kontakizun faltsua eskaintzeko eta barne kontraesanak ezkutatzeko. Orain, aitzakia du bere hedapen-proiektua justifikatzeko eta sistemaren berregituratze fase berri honetan indar hegemoniko bihurtzeko.

"AEBen, NATOren eta mendebaldeko estatuen babesik gabe Turkiak ezingo luke gauzatzen ari denaren dimentsioko gerrarik egin. Turkia “ekialdeko proiektu handia” deiturikoa zabaltzeko eta Ekialde Hurbileko baliabideak esplotatzeko giltzetako bat da mendebaldeko herrialdeentzat"

Ekialde Hurbilean hamarkadak dira gerra bortitzak abiatu zirenetik; hegemonia lortzeko Ekialde Hurbilaren kontrola ezinbestekoa da eta gerra bortitz horiek hala adierazten dute  (Kurdistan, Siria, Irak, Afganistan, Yemen, Palestina, Libano...). Noski Ekialde Hurbilaren kontrola lortzeko borroka horretan Kurdistango Askapen Mugimendua oztopo bat da, sistema dominatzaile eta zapaltzailearekiko alternatiba demokratiko bat aurkezten eta praktikan jartzen ari baita.

AEBen, NATOren eta mendebaldeko estatuen babesik gabe Turkiak ezingo luke gauzatzen ari denaren dimentsioko gerrarik egin. Turkia “ekialdeko proiektu handia” deiturikoa zabaltzeko eta Ekialde Hurbileko baliabideak esplotatzeko giltzetako bat da mendebaldeko herrialdeentzat. Baina orain arte ezin izan dute proiektua zabaldu eta Ekialde Hurbila liberalizatu mendebaldeko programa politikoa eta ekonomikoa ezarriz. Hala gertatu da beste herrialde askotan, Latinoamerikako herrialdeetan. Oso labur azalduta, uste dugu horregatik guztiagatik dagoela isilik Mendebaldea Turkiako gerra krimenen aurrean.

PKK jo-puntuan hartuta eta “helburu terroristen aurka” ari dela argudiatuz egiten dio eraso Turkiak Kurdistani. Alabaina, zer da zehazki suntsitu nahi dena?

Turkiaren helburua, PKK suntsitzea ez ezik, herri kurduaren nortasuna eta existentzia ukatzea eta Kurdistango Askapenen Mugimenduaren iraultzak eraiki duen guztia suntsitzea ere bada. Turkiako Estatua aurrean duenaren beldur da, autodefentsarako eta autodeterminaziorako eskubidea erabiltzen duen herri baten beldur; dominazioaren eta esplotazioaren aurka dagoen herriaren beldur, eta indar zapaltzaileen aurkako borrokan bere herri-egiturak eta egitura demokratikoak eratzen ari den herri baten beldur.

"Autodefentsarako eta autodeterminaziorako eskubidea erabiltzen duen herri baten beldur da Turkiako Estatua"

PKK askatasunean, maitasunean eta lankidetzan oinarritutako bizitza berri baten abangoardia eta espiritua da; patriarkatuaren, kolonialismoaren eta liberalismoaren aurkako borroka eraginkorraren irudia. Modernitate kapitalista eta egungo menderatze-sistema gainditzeak zailtasun handiak ekar ditzakeen arren, kurduen askapen mugimendua mundu osorako itxaropena da, benetako alternatiba demokratiko bat praktikan jartzen ari delako. Turkiako Estatuak eta nazioarteko indarrek beldurrik ez balute, ez lukete PKK-ko lider Abdullah Öcalan uharte-espetxean isolamendu egoerarik gogorrenean giltzapetuko. Öcalanek jasaten dituen baldintzak Turkiako Estatuak herri kurduari bere osotasunean ezarri nahi dizkion isolamendu eta suntsipen baldintzak dira.

PKK EBko talde “terroristen” zerrendan egoteak errazten dio argudio hori erabiltzea Turkiari. Oker ez banabil, zentzu horretan ere badago martxan PKK zerrenda horretatik kanporatzeko kanpaina bat. Aukerak ikusten dituzue hori lortzeko?

Ez dugu horretarako aukerarik ikusten, ez behintzat ez bada aldaketa nagusi edo garrantzitsuren bat gertatzen Mendebaldeko politikan eta egoeran. Hala ere, egin beharreko lana da, bide guztietatik borrokatu behar da. Zilegitasun kontua ere bada: terrorista gisa sailkatuta egoteak borrokari zilegitasuna kentzen dio. Baina azken finean, autodeterminaziorako eta autodefentsarako borroka zilegia da. Kurdistanen gerra dago, eta PKK-k Kurdistango herritarren eskubideak defendatzen ditu, ez da terrorista. Estatu inperialistak, herri kurduaren eskubideak ukatzen dituztenak, horiek dira terroristak.

"Istanbulen gertatutakoak 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertatutako gogorarazten du. Garai hartan Espainian bezala, hauteskundeak gertu dira Turkian, eta Istanbulgo eztanda erabiltzen ari dira propaganda egiteko eta kurduen aurkako politika genozidak zilegitzeko"

Duela egun gutxi Istanbulen gertatutako eztanda ere PKKri leporatu zion Süleyman Soylu Turkiako Barne ministroak, kurduek agindutako atentatua izan zela adieraziz publikoki. Esanguratsua da: salatzen ari zareten isiltasunaren aurrean, adierazpen horiei oihartzuna egin diete nazioarteko hedabideek. Egin nahi duzue horretaz irakurketarik?

Istanbulen gertatutakoak 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertatutako gogorarazten du. Garai hartan Espainian bezala, hauteskundeak gertu dira Turkian, eta Istanbulgo eztanda erabiltzen ari dira propaganda egiteko eta kurduen aurkako politika genozidak zilegitzeko. PKKri erasoa leporatzeko Turkiako Estatuak sortutako narratiba erabat surrealista izan da. Turkiako Estatuak atentatua erabili du bere politika koloniala, faxista eta genozida zilegitzeko. Atentaturen aitzakiapean, azken egunetan bortizki eta etenik gabe eraso dituzte Rojavako eta Siriako ipar-ekialdeko eremu liberatuak, eta orain lurrazaleko erasoarekin mehatxu egiten ari dira. Lau egun hauetan 26 hildako baino gehiago egon dira. Nortzuk dira terroristak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-11-27 | Julene Flamarique
Espetxe zigorra ezarri dio Turkiak Beritan Canözer kazetari kurdu feministari

Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Iranen heriotza-zigorra jaso duen Pakhshan Azizi feminista kurduaren espetxekideek justizia eskatu dute

2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]


2024-10-31 | Justus Johannsen
ANALISIA
Öcalan gabe ez dago konponbiderik Turkiaren eta PKKren artean

Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]


2024-10-21 | Justus Johannsen
Beste bi kazetari kurduren hilketa
Turkiaren zapatako harri koxkorra

Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]


Sebahat Tuncel
“Ohikoa bihurtu da politikari kurduak espetxeratzea”

Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]


2024-07-22 | Justus Johannsen
ANALISIA
Turkia Irakeko Kurdistan konkistatzen ari da, PKKren aurkako borrokan

Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]


2024-03-20 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
“Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du”

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-01-29 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
“Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori”

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
“Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen”

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


2023-05-22 | Aitor Aspuru Saez
“Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako”

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Bederatzi kazetari kurdu askatu dituzte, zazpi hilabete preso eduki ostean

Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.


Turkiako ezkerrak bat egin du Erdogan boteretik botatzeko

Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.


2023-03-20 | ARGIA
HerriBiltzak udaberriko festa ospatu du kurduekin batera eta iraultzaren haziak ereiteari ekin dio

Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein... [+]


Eguneraketa berriak daude