“Ahalduntzea ez dadila Euskaraldiarekin amaitu”

  • Hitzaldiak, prentsaurrekoak, elkarrizketak eta bilerak kontuan hartuta, egunean hiruzpalau hitzorduri erantzuten die egunotan Euskal Herriaren geografia luze-zabalean Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961). Umoregilearen aldartearekin, komunikatzailearen argitasunaz, soziolinguistaren zorroztasunez eta Euskaltzaleen Topagunearen arduratik mintzatu zaigu Euskaraldiari, euskarari eta euskaltzaleon erronkei buruz.

“Ahobizi izatea euskaraz jakitea baino dezente gehiago da”. / Argazkiak: Dani Blanco.

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren zurrunbiloa heldu da. Hilabete askotako prestaketa-lanak ariketa sozial horretan gauzatzeko unea. Nola bizi dituzu egun hauek?

Intentsitate eta jakinmin handiz. Iruditzen zait edizio honek pista asko emango dizkigula. Lehenengo edizioa sorpresarena izan zen: jendeak ez zekien oso ondo zer zen, baina olatu bat zetorrela ikusi zuen eta olatura igo zen. Bigarrena pandemiarena izan zen: ariguneak planteatu ziren, baina asko ezin izan ziren aurrera eraman, establezimendu asko itxita, jendea etxean edo mugatuta…

Hirugarrenean, jendeak badaki zer den Euskaraldia eta sumatu du ez dela euskararen aldeko posizionamendu bat, praktika bat eta konpromisoa eskatzen duen zerbait baizik. Aurten Korrikak eta Euskaraldiak bat egin dute urte berean, pandemia osteko urtean. Euskaraldirako Batzordeak uda ondoren aktibatu dira. Ikusi beharko da zein lekutan aktibatu diren ongi, zein lekutan garatu den egoki, zeinetan ahulago... Mapa esanguratsua izango da. Eta ikusiko dugu arigune mailan zein garapen duen eta zein oinarri uzten duen aurrera begira. Kopuru konkretuetatik haratago, irakurketa kualitatiboa gailenduko da. Masiboa izaten jarraituko du, baina ñabardurei begiratu eta ondorioak atera beharko ditugu.

Uste duzu ariguneen dinamika palanka izan daitekeela eremu sozioekonomikoan eragiteko? Entitate batzuentzat hasiera bat izan daiteke?

Arigune asko kokatzen dira lehendik zetozen euskalduntze-prozesuen barruan. Euskaraldiak horiek indartzen eta areagotzen lagunduko du. Baina beste leku askotan euskararen erabilera-dinamikak abiatu egingo ditu. Hainbat enpresatan eta kirol-taldetan, lehen aldiz planteatu da: sortu al dezakegu arigune bat? Galdera hori planteatu izana aurrerapauso handia izan da. Posible al dugu? Eta ez bazaigu posible, zein urrats eman behar ditugu hurrengo Euskaraldian baldintzak betetzeko? Abiapuntuko hausnarketa hori gabe, nekez etorriko dira urrats gehiago. Hainbat dinamika martxan jarriko dira eta ikustean posible dela gauzatzea eta eguneroko jardunarekin bateragarriak direla, atea zabaltzen zaie urrats berriei.

Euskaraldia helduleku bat da hizkuntzaren biziberritzean urratsak eman nahi dituztenentzat, euskararen alde zerbait egin nahi dutenek bere enpresa eta elkarteetan gaia planteatzeko, eta ispilu bat ere bada: non gaude, zertan ari gara, zer egin genezake?

Aukera bat da, eta aukera guztiak bezala aprobetxatu dezakezu modu desberdinetan. Iruditzen zait orain arte ez genuela horrelako tresnarik aukera hori hain masiboki planteatzeko Euskal Herriko eremu guztietan eta sektore guztietan aldi berean. Horregatik, sinesten dut Euskaraldia indar handiko eta posibilitate handiko artefaktua dela.

Argazkia: Dani Blanco.

Aurreko edizioetan belarriprest rolari eman diozue garrantzi berezia. Hori hedatzeko borondatea adierazi duzue. Zein funtzio betetzen du?

Belarriprest figurak ideia bat gizarteratzen du: euskararen aldeko jarrera praktikoak mailakatuak izan daitezke eta norberak, dagoen posizio soziolinguistikotik, bere inguruan erabilera handitu dadin aukerak zabaldu ditzake. Gainera, figura oso zabala da. Sar daitezke euskaraz oso ongi dakitenak, baina inguruko baldintzengatik edo bere egoeragatik, denok ez dugulako urratsak egiteko prestutasun bera, beti erabiltzeko zailtasuna dutenak. Eta bestalde, aukera eman die euskal mundutik urrun zeuden euskaldunei, euskara-ikasleei eta euskaraz ulertzeko gai zirenei euskal mundura hurbiltzeko.

Kontuan hartu behar dugu gero eta gehiago direla euskaraz hitz egiteko gai direnak eta ulertzeko gai direnak. Momentu honetan Euskal Herrian 30 urtez azpiko biztanleriaren zatirik handiena familia erdaldunetatik dator, ingurune erdaldunetan bizi da, erdaraz hobeto moldatzen da, gizarte-sare erdaldunetan txertatuta dago... Errealitate soziolinguistiko horri, ezagutza-profil dibertsifikatu horri, jarrera-maila dibertsifikatu eta mailakatu bat eskaintzen diogu. Esaten diegu: zauden posizioan zaudela, bizi zaren inguruan bizi zarela, aukera duzu euskararen erabilerari laguntzeko.

Gainera euskararen erabilerara hurbiltzeko modu abegikorra da eskaintzen dena. Horrez gain, lehen hitza euskaraz egiteari atea zabaltzen dio, elkarrizketa elebidunei atea zabaltzen die, ariguneei atea zabaltzen die… Potentzial handiko bidea da.

“Ahobizi izatea euskaraz jakitea baino dezente gehiago da”

Ahalduntze-eskolak sustatu dituzue zenbait eskualdetan, proba pilotu gisa, ahobiziei zuzenduta. Zertan datza ekimenak?

Ariketaren kalitatean sakondu nahi izan dugu hainbat ekimenekin, jendeak ikus dezan Euskaraldia ez dela txapa bat jartzea soilik. Ahalduntze-eskolak, bideo eta material pedagogikoak, rolak hobeto aukeratzeko infografiak, Euskadi Irratiarekin landutako Zapla podcasta… Ariketan parte hartzen dutenak ahalduntzeko baliabideak dira.

Ahalduntze eskolen kasuan, zehazki, ahobizi izatea euskaraz jakitea baino dezente gehiago dela erakutsi nahi izan da eta rol hori egoki eta eroso betetzeko baliabideak eskaini. Atzean dagoen helburua da ahalduntzea ez dadila amaitu Euskaraldiarekin. Energia horri jarraipena ematea garrantzitsua da. Euskara elkarterik ez dagoen tokietan sortu diren Euskaraldiko batzordeak iraunarazi nahi genituzke, ariguneak iraunarazi, ohiturak aldatu dituzten norbanakoen ohitura berriak finkatu… Hau ez da kanpaina bat, emaitzak eragiten dituen ariketa da.

Euskaraldia sortu zenean berrikuntzetako bat izan zen erakunde publikoek eta gizarte eragileek elkarlanean antolatzea. Urte batzuetako ibilbidearen ostean, zein balantze egin daiteke elkarlan horretaz?

Euskaraldiak gobernantza-eredu berri bat sortu du eta hori ekarpen garrantzitsua izan da, ez bakarrik euskararen alorrerako. Lortu dugu Euskal Herri osoko erakunde publikoak Euskal Herri osoko euskalgintzarekin elkarlanean aritzea. Erakundeak elkarren artean, euskalgintza elkarren artean eta erakundeak euskalgintzarekin. Hori orain dela urte batzuk pentsaezina zen; ez pentsaezina, ezinezkoa zen. Ezinbestekoa da erakundeek dagokien eginkizuna betetzea; ezinbestekoa da gizartearen parte hartzea; eta, gurea bezalako hizkuntza gutxitu baten kasuan, ezinbestekoa da indar metaketa.

Honek ate bat zabaldu du, bere gorabehera guztiekin. Ez da erraza, ezta sinplea ere, horrelako proposamena adostea eta aurrera ateratzea. Eztabaida asko daude, ikuspegi desberdinak daude, baina lortu dugu alde guztiek konpromisoa izatea eta momentu honetan badago konfiantza desadostasunak eta arazoak kudeatzeko. Horrek ez du esan nahi desadostasunak ez daudenik erakundeekin, euskalgintza barruan… Baina horiek kudeatzeko prozedurak jarri dira.

Segur aski, esperientzia bide-erakuslea da euskalgintzaren beste ekimen batzuentzat eta baita herrigintzako beste alor batzuetarako ere. Euskaraldiaren balorazioan herritarrek ere ikusi dute elkar-hartze bat eta horrek berak sortu du ilusioa.

EITB

ETBn jardun izan duzu urteetan lanean, Eusko Legebiltzarreko ponentzian proposamena ere egin zenuen. Zer aldatu beharko litzateke EITBk, bere sorreran ezarri bezala, euskararen normalizazioan ekarpen egokia egin dezan?

Programazioan urrats positibo batzuk ikusi ditugu: lehiaketak, reality batzuk… Baina funtsean eztabaida dago EITBren antolaketaren eta ereduaren inguruan. Legebiltzarreko ponentziak aurrera egin ez zuen arren, ezinbestekoa da gaur egungo eta etorkizuneko egoera soziolinguistikoari erantzungo dion EITBren birplanteamendua.

Baina badago beste lan bat. Herritarrak euskarazko ikus-entzunezko kontsumora bultzatu behar dira. Kezkatuta nago eskaintza urriarekin, baina baita dagoenaren kontsumo eskasarekin. Kanpoko enpresek eskaintzea lortzen badugu eta ikusten badute ez dela kontsumitzen, jai dugu. Hor ere badago hizkuntza-ohituren aldaketarako premia.

Horiez gain, hor ditugu youtuberrak, streamerrak… Hor ere estrategia instituzional eta sozialak martxan jarri behar genituzke, ditugun hutsuneak betetzeko. Ez da erraza asmatzea, baina ezinbestekoa zaigu eskaintza hori ere zabaltzea. Eta euskarazko hedabideen sarea indartu eta herritarrengan txertatzea, eta hori, bultzada eta adostasun soziopolitiko zabal baten bidez lor daiteke soilik.

PANTAILAK EUSKARAZ

Sinadura bilketen inguruan antolatu dira herritarrak euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia urrian arreta jarriz. Gero etorri dira lege berriak, plataformen erabakiak, keinuak… Ikusten al duzu biderik eragile handi hauetan eragin eta gutxieneko eskaintza bermatzeko?

Denok ikusten dugu ikus-entzunezkoen garrantzia funtsezkoa dela gaur egungo gizartean. Euskaldunontzat erronka zaila da, baita hizkuntza gutxituentzat, baina estatu-hizkuntza askotan ere kezka dagoela dakigu (Islandia, Suedia…). Honi erantzuteak elkarlan egituratua eskatzen du. Espainiako ikus-entzunezko legeari begira estatuko hizkuntza gutxituetako eragileak batu ginen, baina Europa mailan eragitera jauzi eman beharko dugu.

Lehenik, lege mailan eman daitezkeen aurrerabide batzuk Europako markoan jokatuko dira. Bigarrenik, enpresa eta multinazionalen mailan gurekiko interesa mugatua izango da eta zirrikituak bilatu beharko dira. Eta hirugarrena da guk sortu dezakeguna: ikus-entzunezko politika, EITBren papera eta ikus-entzunezko industriarena. Euskarazko hedabideek ere izango dute zeresana. Gaur egun oso eragin urria dute. Herritar aktiboak beharko dira hori aldatzeko ere. Ahalik eta modu koordinatuenean sakatu beharko dira tekla horiek guztiak.

Euskaltzaleen Topaguneak 25 urte bete berri ditu. Zein esango zenuke direla momentu honetan lehentasunezko erronkak Topagunearentzat eta euskara elkarteen mugimenduarentzat?

Batetik, hurrengo hamarkadarako erronkei erantzungo dien estrategia definitu behar dugu. Aurreko kongresua duela hamabi urte izan zen eta gaur garenaren oinarriak ezarri ziren Oinarriparrak eta Eraldabideak txostenetan. Orain, horiek berritzeko, pentsatu dugu eragin nahi dugun sektoreen ahotsa entzun eta barneratu behar dugula kongresu-prozesuan. Sektore horien ordezkariak prozesuan txertatuko dira, aldaketaren teoria izena duen metodologia baliatuz. Euskararen egoeran jauzi bat eman behar dela uste dugu. Sektore horiekin aztertu nahi dugu jauzia emateko gertatu behar litzatekeena. Eta, gero, hor Topaguneak zein paper jokatu behar duen.

Bigarrenik, euskara elkarteen irismena handitzea. Dinamika sozial indartsua, aktibazio soziala, ezinbestekoa da egoerak aurrera egingo badu. Herritar auto-antolatuez ari gara. Antolaketa ereduak berritzea aztergai dugu. Sarea zabaltzeari begira, iaz Topagunea Ipar Euskal Herrian hedatu, eratu eta legeztatu zen. Bizkaian gure egoera ahulago ikusten dugu eta indartzea lehentasunetan dago. Euskaltzale aktiboen sare bat Euskal Herri osoan jostea ere bada beste puntu bat.

Horrez gain, ekimen garrantzitsuak ditugu aisialdian, aniztasunaren ildoan, mintzalagunean, Euskaraldiaren eraginak luzatu eta iraunkortzeko jarduerak…

Aurten ezagutu ditugu 2021eko hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak. Euskal Herri mailan kale erabilera aurreko neurketen mailan mantentzen da; datua egonkor dago. Duela urte batzuk euskara bidegurutzean zegoela adierazi zenuen, besteak beste, zure liburuan. Hor al gaude oraindik?

1989tik hona, kaleko erabilera %10 eta %14 artean dago; pittin bat gora edo behera, baina beti tarte horretan. Datu asko daude eta esparruka argiak eta ilunak ikusten ditugu, baina orokorrean, impasse batean aurkitzen gara. Beraz, bai, bidegurutzean gaude.

Honi buelta eman nahi badiogu eta erabileran jauzi bat eman, beste dimentsio, bolumen eta dentsitate bateko ekimen kolektiboa behar da. Hizkuntza politiketan, aktibazio sozialean eta eragileen inplikazioan daukagu koska. Askotan euskara da erakunde sektorialen kontua, sail baten kontua... Jauziak esan nahi du denak beharko ditugula. Genero politikak eta klima aldaketaren aurkako politikak bezala, euskararen aldeko politikak erakunde eta sektore guztiak busti beharko ditu.

32 urtean erabilera zergatik mantendu den tarte horretan ulertu behar dugu, modu sistemikoan. Helburua sistema osoari eragitea denez, diagnosi komun batetik abiatu behar gara. Eta hortik aurrera aldaketa sistemikoa pentsatzeko unea heldu da. Hizkuntza politikaren ardura duten erakundeak, Kontseiluaren Batuz Aldatu dinamikari atxikitutako eragileak, Euskaltzaindia eta Topagunean nagusitzen ari da ikuspegi partekatuaren beharraren ideia.

Argazkia: Dani Blanco.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaraldia
2024-11-07 | Leire Ibar
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”

Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.


2024-10-25 | Leire Ibar
Euskaraldiaren edizio berria aurkeztu dute: maiatzaren 15etik 25era izango da

Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.


2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da hurrengo Euskaraldia

Antolatzaileen ustez hizkuntza ohituretan eraginkorra da Euskaraldia eta horregatik laugarren edizioa ere antolatzen ari dira. Hori bai, aurrekoak udazkenean egin dira eta hurrengoa udaberrian izango da.


2022-12-14 | Bea Salaberri
Euskalwashing

Euskaraldia bukatzear da lerro hauek idazten ditudan orduan, oraindik bukaera argazkiak eskas dira. Ez da dudarik ederrak izanen direla, besta handi batean hartutakoen antzekoak.

Bizkitartean, artoski irakurri ditut, hemen edo beste zenbait agerkaritan, ni baino adituagoak... [+]


2022-11-21 | Sustatu
Hikaldia ere martxan da Goierrin Euskaraldiarekin batera

Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]


Hasi da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa

Abenduaren 2a arte iraunen du Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak protagonista dituen ekimenak. Antolatzaileek herritarrei gomita luzatu eta abiatzea ospatu zuten ostegun gauean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.


2022-11-15 | Ahotsa.info
Errigorak txanda pasa dio Euskaraldiari kanpaina arrakastatsu berri bat amaitu ondoren

“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]


2022-11-09 | Hala Bedi
Oihane Camon (Gazte Euskaltzaleen Sarea)
“Egiturazko mugak daude, ekintzekin eraldatu behar direnak”

Ariketa kolektibo bat egingo du Gazte Euskaltzaleen sareak azaroaren 14tik 18ra, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta horretarako oztopo diren "egiturazko baldintzak" azaleratzeko.


2022-11-09 | Sustatu
Zapla!: podkast soziolinguistikoa Euskaraldiaren harira

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]


2022-11-09 | ARGIA
Euskaraldiko izen ematea “erritmo onean” doala nabarmendu dute egun gutxiren faltan

Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direla, koordinatzaileek gomendioak eman dituzte: rol bakoitzaren txapak erabili eta erronka zehatzak hartu. Kaleak berotzen hasteko ehunka ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herri osoko herrietan.


2022-10-10 | ARGIA
Hamargarren Euskararen Maratoialdia antolatu dute Lasarte-Orian, Euskaraldia berotzeko

2016an hasitako 40 egun euskaraz erronkari jarraituz, Euskaraldiarekin bat egingo du Euskara Maratoiak aurten. Bidea badakite: Sentitu, prestatu eta ekin!


Eguneraketa berriak daude