Gai arantzatsua da Poliziarena, baina baita argigarria ere, eta politika askatzailea egin asmo duen orok aztertu beharrekoa.
Lan honetan Mark Neocleous ikertzaile eta irakaslearen lana hartu dugu lagun azken urtean berriz plaza publikora salto egin duen Polizia ereduaren eztabaidaren auzian murgiltzeko. Ez gara sakonegi murgildu, baina saiatu gara eztabaidan agertu diren ikuspegi desberdinak, eztabaida kokatzeko modu desberdinak eta Poliziaren izaera ulertzeko gako batzuk ematen. Eztabaida honetan paper garrantzitsua jokatu du Ezker Abertzaleak, gaia hedabideetan zein instituzioetan mahai gaineratuz. Estatuen aurka urte luzez borroka egin duen mugimendua izaki, hainbat eremutan harridura sortu dute Ezker Abertzaleko ordezkariek Ertzaintza berreskuratzeaz eta “Polizia demokratikoaz” egindako adierazpenek. “Egokitzapen estrategikoaren” ostean, sistema politiko burgesa osatzen duten instituzioetako boterea kudeatzeko aukera eta “estatu bokazioaren” lurreratzeak posizioak argitzea eskatzen du. Erreformatu al daiteke Polizia? Eztabaidari modu sakonagoan heldu ezean Poliziak betetzen duen funtzio errepresiboa betikotzeko arriskua ez da txantxetakoa.
Zalantzan jarri ohi ez diren gainerako gauzen moduan, pentsa liteke polizia ere betidanik existitu dela. Soldatarik gabeko mundu bat irudikatzea bezain zaila da ia, poliziarik gabeko bat irudikatzea. Horrela funtzionatzen du, eta kito. Baina orain horrela funtzionatzeak ez du esan nahi beti hala izan denik, noski, ezta beti hala izango denik ere.
Hori hala izanik ere, ezkerreko mugimenduen artean Poliziarekiko ezinikusia orokorra izan da Euskal Herrian, gatazka politikoak ere, ezinbestean, elikatu du ezinikusi hori. Polizia izan baita Frantziako eta Espainiako estatuek askapen mugimenduak zapaltzeko erabilitako errepresiorako tresna.
ACAB eta haren moldaketak –1312, AZAB, eta abar–, Tout le monde detéste la Police, eta bestelako leloen erabilera orokortuak ezinikusi hori erakusten dute. Ukazio horretatik harago, baina, zein da Poliziaz egiten den irakurketa politikoa? Zeintzuk dira proposamenak?
Poliziaren “kontrol demokratikoak” Polizia bere horretan uzteko arriskua izan ez dezan, garrantzitsuagoa da, Neocleousen ustez, botere poliziala zer den argitzea
Azken urteetan behin eta berriz atera da Polizia ereduaren gaia eztabaida publikora. Ukazioarena errazkeriazko jarreratzat jo ohi da. Hau da, gaur egun ezinbestekoa litzateke indarrean dagoen Polizia eredua oinarri hartuta hori eraldatuko lukeen proposamen bat egitea, errealismo politikoaren ideiari jarraiki, nahi bada. Badu horrek ondorio nabarmen bat, pixkanaka azaleratzen joan dena, eta hori da Poliziaren normalizazioa eta dakartzan arriskuak.
Polizia erreformatu daitekeenaren ideiaren eskutik Polizia demokratikoagoaz, gertuko Poliziaz, Polizia euskaldunaz hitz egin da, besteak beste. Baina auzia ez da polizia ona edo txarra den, abstraktuan, edo Polizia hobea izan daitekeen –ziur aski, eta ikuspegi desberdinetatik behatuta, izan baitaiteke–, baizik eta zein den Poliziak betetzen duen funtzio sozialaren sorburua eta egitekoa, zergatik existitzen den Polizia gure gizartean, eta hortik abiatu eztabaida.
Gaur egun ere, gaizki definitutako “ordenarik gabeko” egoeretan esku hartzen du Poliziak, deliturik egin den edo lege bat hautsi den kontuan hartu gabe
Poliziaz huts-hutsean aritu beharrean “botere polizialaz” mintzo da Mark Neocleous A Critical Theory of Police Power liburuan. Maderos, chusma y orden social. Una teoría crítica del poder policial izenburupean argitaratu du berriki Katakrak argitaletxeak, gaztelaniara itzulita. Poliziaren inguruko eztabaidetan, Neocleousen aburuz, Poliziaren funtzioari buruzko hainbat premisa ontzat hartzen dira, hain zuzen ere, Poliziaren inguruko ideologia liberalean oinarrizkoak diren premisak. Ondorioz, abiapuntu horretatik egiten diren planteamenduak Poliziaren antolaketa egiturari, prozesuren zuzentasunari, erantzukizunari, gardentasunari, justiziari eta zuzenbide estatuaren inguruko zehaztapenetan galtzen diren “askatasun zibilen” eta poliziaren “erreformaren” inguruko eztabaida antzuetan erortzen dira. Horrela dio: “‘Funtzio poliziala’ ‘Polizia’ bera baino zabalagoa da, eta botere poliziala, lehenik eta behin eta batez ere, Estatuaren arma bat da”.
Auzia, beraz, Poliziaren nolakotasunetik harago kokatu behar da Neocleousen arabera. Poliziaren “kontrol demokratikoak” Polizia bere horretan uzteko arriskua izan ez dezan, garrantzitsuagoa da, Neocleousen ustez, botere poliziala zer den argitzea, poliziak gas negar-eragilea erabili beharko lukeen edo ez galdetzea bezalako ohiko galderak egitea baino.
ORDENAK BADITU MILAKA AURPEGI
Historikoki existitu zen jardun bati egiten dio erreferentzia Poliziaren nozio zabalak. Hain zuzen ere, duela hainbat mende, gizartearen kudeaketa orokorraz arduratzen zen Estatuaren egitekoari zeritzon Poliziaren jarduna. Azaleratzen ari ziren estatu kapitalistetan, “polizia” etiketak esparru askori eragiten zioten instituzioak biltzen zituen.
Besteak beste, arreta medikoa, ongizatea, osasun publikoa, eraikuntza eta argiteriaz arduratzen zen Polizia. Hain zuzen ere, ordena zaintzea izan da sorreratik botere polizialaren egitekoa. Botere polizialak estatuaren beraren esentzia gordetzen du Neocleousen aburuz, eta, beraz, instituzio edo organo gisa hartu beharrean jarduera edo prozesu moduan aztertzen du.
Botere polizialaren kontzeptuak, beraz, ordenaren zaintza Polizia indar profesionaletatik harago ulertzeko balio du. Hain zuzen ere, Polizia indarrez soilik mintzatzeak Estatu kapitalisten funtzionamenduan ezinbestekoa den botere horren lausotzea eta auziaren zati bati soilik erreparatzea ekarriko luke.
XIX. mendearen hasieran hasi zen Polizia “profesionalizatzen”. Prozesu luzea izan zen, baina ordenari zegozkion askotariko eginbeharrak organo bereizietan banatzen hasi ziren, eta horiek garatzen. Adibidez, Polizia medikoa zena “osasun soziala” bihurtu zen, eta gero ‘osasun zerbitzu’. Drainatze-sistemaren kudeaketa eta kaleetako argiztapena osasun eta segurtasun publikoari zegozkion auziak bihurtu ziren. Pobreziaren zaintza “ongizate” bihurtu zen lehenik, eta gero “gizarte-segurantza”, eta abar. Hor bereizi zen delinkuentziari aurrea hartzeaz eta legea betearazteaz arduratzen den Polizia gainerako funtzioetatik, eta bide horretan profesionalizatu zen.
Legea betearazteaz baino ordena fabrikatzeaz arduratzen den erakundea da Polizia Neocleousen ustez. Hori da botere polizialaren izaera bereziaren oinarria
Ustez legearen eta ordenaren zaintza bere gain hartzen dituen Polizia erakunde berri horrek funtzio zehatz eta definitu batzuk betetzen dituela pentsa dezakegu, baina, Neocleousen ustez, gaur egun ere, gaizki definitutako “ordenarik gabeko” egoeretan esku hartzen du Poliziak, deliturik egin den edo lege bat hautsi den kontuan hartu gabe.
Hain zuzen ere, ordena onaren inguruko auziez eta herritarren portaeraz arduratzen diren erakunde guztiek harreman estua dute oraindik orain Polizia indar profesionalak direnekin. Polizia erakundeek gainerako agentziekin harremana izaten jarraitzen dute, ibilgailu-lizentziez arduratzen diren erakundeetatik eskoletara eta etxebizitza-sailetatik gizarte-segurantzako agentzietara. Beraz, Neocleousek dioenez, botere polizialaren forma modernoen garapena erakunde politiko administratiboen garapenaren eta hedapenaren berdina da.
Greziaren adibidea hartzen du, besteak beste Neocleousek elkarrizketa batean: unibertsitateko campusetan Poliziaren presentzia orokortzea ez da kasualitatea. Euskal Herrian ere behin eta berriz ikusi ditugu campusetan Poliziaren esku hartzeak. Hain zuzen ere, Polizia indarren profesionalizazio mailakatuan Poliziaren agintaldia ustez murriztu arren, Poliziak ahalik eta botere zabalenak aldarrikatzen ditu oraindik.
Legea betearazteaz baino ordena fabrikatzeaz arduratzen den erakundea da Polizia Neocleousen ustez. Hori da botere polizialaren izaera bereziaren oinarria, Poliziaren lehen teorialari guztiek ulertu zutena. Horretarako ezinbestekoa da botere polizialaren teoria, eta ez Poliziaren ingurukoa bakarrik.
ORDENA GIZARTE KAPITALISTETAN
Neocleousek ekonomia politikoaren kritikaren bitartez aztertzen du botere polizialaren auzia. Karl Marxen Kapitalaren lehen liburukia hartzen du erreferentziatzat Neoclausek: Bertan Marxek ordena burgesaren “sekreturik gordeena” deitzen diona zein den azaltzen du. Hau da, kapitala existi dadin ezinbestekoa dela biztanleriaren gehiengoa soldata ez den bestelako bizibideetatik bereiztea.
Kapitalak biztanleria “librea” behar du: bere eskulana soldata baten truke saltzeko gai eta prest dagoena. Horretarako, kapitalak Marxek munduaren kolonizazio sistematikoa deitzen dionari ekiten dio. Neocleousen ustez, beraz, sekretua estatuak kapitalaren eskaerari emandako erantzunean datza: “Izan bitez langileak!”. Kapitalaren izateko ezinbesteko baldintza asetzen du hala estatuak, botere polizialaren bidez langile klasea sortuz eta erreproduzituz.
Desjabetuak haien lan indarra saltzera behartzearen bidez emandako soldata formaren orokortzea eta finkatzea eta Poliziaren boterearen garapena elkarri lotutako prozesuak izan ziren
Langileak ekoizpen baliabideetatik bereizi gabe ezin izango zatekeen kapitala existitu. Bereizketa hori gabe ez legoke metaketa kapitalistarik. Estatuak, legearen eta indarkeriaren bidez, eta bere legearen indarkeriaren bidez, soldatapeko lanaren klasea sortzen du. Jendeari lurraren kontrola bortizki kendu, haien etxeetatik bota eta eskale bihurtuz egiten du hori. Une horretan, klase nagusiak estatuari eskaleak zaintzea ahalbidetzen dioten legeak ezartzen ditu, esate baterako, eskaleak beren jaioterrira itzularazteko aukera ematen dutenak, han lanean has daitezen. Finean, desjabetuak soldatapeko langile bilakatzeko diseinatutako diziplina prozesuaren oinarrian dago botere poliziala.
POLIZIA OPERAZIORIK HANDIENA
Neocleousen aburuz, botere poliziala ulertzeko giltzarria da desjabetze, esplotazio eta metaketan oinarritutako gizarte ordenaren fabrikazioan duen zeregina ulertzea. Eskaleen aurkako legeak eta kapitalismo goiztiarreko Lanaren legeek soldatatik haragoko bizibidea nahi zutenen aurka egiten zuten.
Aldi berean, lur-jabeek eta azaleratzen ari zen klase kapitalistak lur komuna jabetza pribatu gisa erreklamatzeko legezko eskubidea eman zioten haien buruari. Horrek, era berean, gero eta gehiago zaildu zuen inork lurra landuz irautea, eta soldatapeko langile mota baten garapena indartu zuen. Neocleousen hitzetan hori izan da, historikoki, Polizia operaziorik handiena.
Zentzu horretan, ez du Poliziak legea betearazten, baizik eta legeak moldatzen dira botere polizialaren beharretara, Mozal Legearekin zein Espainiako Zigor Kodearen erreformekin ikusi den bezala
Prozesu beraren jarraipena legoke Polizia indarren muinean: kapitalismoa garatu ahala soldaten forma finkatzea ekarri duena. Prozesu horretan, bizirauteko legezko mekanismoak ziren ekintzak pixkanaka kriminalizatu zituzten. Esaterako, Erresuma Batuan eta Europan, XVII. mendetik XVIII. mendera arte, enpresaburuek itundutako ahalegina egin zuten langileek eskuratzen zuten “lanaren onuraren” aurkako zigor penal berriak ezartzeko.
Neocleousek azaltzen duenez, portuko langileek, adibidez, historikoki, itsasontziz garraiatzen ziren oinarrizko produktuak –azukrea, kafea eta ontziko sotoko beste produktu batzuk– eskuratzeko eskubidea zuten. Jantzien industriako langileek material hondakinak eskuratzen zituzten. Uzta bildu ondoren sakabanatutako aleak bildu ohi zituzten nekazaritzako langileek.
Soldataren mendekotasunetik apur bat askatzeko aukera ematen zieten langileei horrelako praktikek. Eskuratutako produktu eta artikulu horiek zuzenean erabil zitzaketen, edo beste industria batzuetan lan egiten zutenekin trukeak egin, edo dirutan saldu. Hala ere, industria-iraultzaren garaian garrantzia historiko izugarria izan zuen mugimendu batean –Poliziaren boterea garatzeko funtsezko garaia ere izan zen–, klase boteredunak gero eta gehiago argudiatu zuen mota horretako ohiturazko eskubideek soldata irabaztearen beharraren ideia eragotziko zuela.
Gainera, langileak “isuri” horiek sustatzen ari zirela sinestera iritsi ziren. Eta, hala, praktika horiek zigor penalaren mende ezarri zituzten gero eta gehiago. Hau da, ohiturazko mekanismo guztiz legezkoak zirenak legez kontrako bihurtu ziren, eta, Polizia lege berri eta intrusiboen arriskupeko. Prozesu hori, eskala handiko Polizia operazio gisa har daitekeena, funtsezkoa izan zen soldataren logika finkatzeko. Hain zuzen ere, Neocleousek azpimarratzen duenez, desjabetuak haien lan indarra saltzera behartzearen bidez emandako soldata formaren orokortzea eta finkatzea eta Poliziaren boterearen garapena elkarri lotutako prozesuak izan ziren.
Gaur egun ere jabetza pribatua zein klase jabedunaren kapital metaketa arriskuan edo zalantzan jarriko lukeen edozein espresio zigortzeko lana du Poliziak
Eskaleei buruzko legedia ere botere polizialaren zati funtsezkoa da Neocleousen arabera. Oro har modu oso zabalean definitutako jokabidea erreprimitzeko bidea ematen dute halako lege eta egiteko lausoek, garai batean eskaleak eta soldatapeko lanik egin gabe bizirauten zutenak soldatapeko lanera integratzera behartzeko; gaur egun, ordena zalantzan jartzearen susmagarritzat jotzen den edonor atxilotu eta galdekatzeko. Horrek erabateko autoritatea ematen dio Poliziaren botereari Neocleousen arabera; izan ere, susmoak eta akusazioak Polizia agenteen esku daude erabat. Halako legeen helburua ez da delituak zigortzea, desordenatutzat jotako jokabideak ezabatzea baizik. Hain zuzen ere, Neocleousek azpimarratzen duenez, legea beti dago egituratuta Poliziak ordena onaren izenean egin nahi duena egin dezan. Zentzu horretan, ez du Poliziak legea betearazten, baizik eta legeak moldatzen dira botere polizialaren beharretara, Mozal Legearekin zein Espainiako Zigor Kodearen erreformekin ikusi den bezala.
SEGURTASUNA ETA BOTEREA
Poliziaren boterearen ideiak, beraz, “segurtasunik eza ordenatzearen” ideia du oinarrian. Neocleousen aburuz, segurtasun beharrak fabrikatzen dira, segurtasun hori soilik Poliziak eman dezakeela esateko gero. Zentzu horretan, “segurtasuna” askatasunaren aurkako erasoak justifikatzeko baliatzen dela uste du Neocleousek: “Segurtasuna da orain gure obedientziaren arrazoia: lasaitu eta obeditu, segurtasuna jokoan baitago”.
Neocleousek egiten duen genealogia hori gaur eguneraino heltzen da. Gaur-gaurkoz erabat naturalizatuta dago estatu kapitalistaren botere polizialaren erakusgarri den Polizia, soldata forma bera bezala. Baina gaur egun ere jabetza pribatua zein klase jabedunaren kapital metaketa arriskuan edo zalantzan jarriko lukeen edozein espresio zigortzeko lana du Poliziak. Oraindik ere langile klasearen askatasun formalei dagokien askatasun materiala, legez, horixe baita: ekoizpen baliabideekiko askatasuna eta haien lan indarra saltzeko askatasuna. Hori baita ordena.
Irakurri erreportajearen bigarren atala: Polizia Euskal Herrian, abiapuntua eta ereduaren inguruko eztabaida
Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]
Directa hedabidearen ikerketa batek ondorioztatu du 2018. eta 2020. urteen artean murgildu zela Kataluniako Palestinaren aldeko eta ezker independentistaren mugimenduetan, "Belén Hammad" izenaren pean. Nortasun agiri faltsu batekin Kataluniako Gobernuak... [+]
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
49 urte eta gero Espainiako Poliziak Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedralean eraildako bost langileak oroitu dituzte beste behin astelehen arratsaldean. Milaka pertsona batu dira Zaramagatik abiatutako eta katedralean amaitutako manifestazioan. Manifestari guztiek ez dute... [+]
31 urteko emakume kolonbiarra osasun zentrora eraman ordez ertzain etxera eramatean agenteek "akatsa" egin zutela aitortu du Segurtasun sailburuak, baina azpimarratu du ez zuela "jipoirik" jaso.
Martxoaren 3ko Memoriala hornitzeko erabiliko dira bildutako objektuak. Ekimena ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, jardunaldiak antolatuko ditu Martxoak 3 elkarteak Gasteizko auzoetan.
Karen Daniela Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak berak eskatu du Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea.
Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.
Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten.
Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du oraingoz ez dutela neurririk hartuko kasuaren inguruan, "gauzak ondo edo gaizki egin izanaren inguruko segurtasun edo ziurtasunik" ez duten bitartean. Ertzaintzaren agenteek eraso egin zioten emakumea "indarrik... [+]
"Konfiantza eta gertutasuna" oinarri izango duen Udaltzaingo eredua nahi dute Zumaia, Getaria eta Azpeitiko udalek. Horretarako, udalerri horiek ondo ezagutuko dituzten bost udaltzain kontratatuko dituzte elkarrekin eta hautagaiei B2 euskara maila ere eskatuko diete.
Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.
Ia mende batez, Euskal Herrian ez da belaunaldirik tortura ezagutu ez duenik. 1960tik 5.379 lagun dira ofizialki, baina askoz gehiago dira, publikoki torturatu gisa agertzeak min egiten duelako oraindik ere. Eta seguruenik, oinarri-oinarrian ez delako ezer aldatu. Polizia... [+]
Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]