Biologia ikasketak egin zituen Olatz Aizpurua San Romanek (Hendaia, 1980) Nafarroako Unibertsitatean. Ia bi urte dira Aranzadi Zientzia Elkarteko Enarak proiektuaren gidaritza hartu duela, eta hegaztiek hegoak astintzen dituzten gogo eta intentsitate berarekin kontatu digu beren egitekoa. Lezon abiatu zuten egitasmoa, herri erdigunean enara azpizuriarekin sentsibilizazio kanpaina bat egiteko asmoz. Herritarrak kontzientziatzen eta gaia mahaigaineratzen hasi ziren, hegazti hauen funtzioen garrantziaz jabetzeko.
Zertan jarduten duzue Enarak proiektuan?
Aranzadi Zientzia Elkarteak 2021.urteko urtarrilean abiatu zuen egitasmoa, enaren egoera hurbiletik ikertzeko eta jendartea beren funtzioaz sentsibilizatzeko, besteak beste. Enara azpizuria, sorbeltz arrunta eta enara arrunta daude gurean, azken hori landa eremuan. Fatxadetan buztinezko habia egiten du enara azpizuriak, eta, zenbait herritan, sentsibilizazio kanpainarik egin ezean herritarrei traba besterik ez die egiten horrek.
Zergatik egiten dute traba enarek?
Azken batean, naturara joatea maite dugu, ez, ordea, natura gugana etortzea eta gure egunerokotasuna baldintzatzea. Ez dugu gure terrazan hegaztien kakarik topatu nahi, adibidez. Jendeak bota egiten ditu habiok, batetik, ekosistemari horrek egiten dion kaltea kontuan hartu gabe eta, bestetik, legez kanpokoa dela jakin gabe. Bartzelonan, esate baterako, eraberritze lan bat egin aurretik, habirik ote dagoen ala ez egiaztatu behar da. Hamabost urte daramatzate norabide horretan lan egiten, eta hemen ere urratsak ematen ari gara.
Sentsibilizatzeko usu hezkuntzara jotzen da, baina helduok ere badugu ardurarik, ala?
Dudarik gabe. Bi publikoekin egiten dugu lana guk, ezin delako karga guztia gaztetxoengan utzi. Batetik, udalek kontratatzen gaituzte herrian hitzaldi bat emateko, eta hortik guk talde bat sortzeko saiakera egiten dugu; lortu ere egin dugu zenbait herritan. Taldea sortzearen helburua da erabiltzen ditugun tresnak eskaintzea, eta enaren behaketan zein zainketan inplikatzea. www.ornitho.eus zientzia ataria erabiltzen dugu natur informazioa bildu eta zabaltzeko, baita naturalist aplikazioa ere. Eredu parte hartzailean jarduteko tresna eranginkorrak dira.
Eta haurrekin?
Haurrekin ordu bateko tailerrak egiten ditugu eta interes handia izaten dute. Hezkuntza zentroek deitzen gaituzte, edota herriko etxeek, eta adinaren arabera egokitzen dugu bai egitekoa, bai metodologia. Txikienekin hiru enara motak ezberdintzen ikasten dugu, marrazkien bidez, eta denbora ukanez gero habitxo bat ere egiten dugu denok elkarrekin. Halakoak udaberrian egitea da egokiena, hegazti migratzaileak baitira hiru hegazti horiek.
Hezkuntza ez formalean zer eskaintzen duzue?
Ahalegintzen gara zerbitzuak eskaintzen, baina ez da beti erraza izaten. Eraztunketa tailerra da hezkuntza ez formalean eskaintzen duguna. Eraztunketa bulegoa ornitologia sailean dugu. Espainia mailan, Aranzadiko eraztunketa bulegoa da beteranoena, 1949. urtean hasi baitziren. Donostian bertan, Zorroaga parkean, egiten ditugu eraztunketa tailerrak.
Zer da eraztunketa tailerra?
Sare bertikal batzuk jartzen ditugu eta hegazti ttipiak korapilatu egiten dira bertan. Tentu handiz, eraztuna jartzen diegu identifikazio-zenbaki batekin eta igorle batekin: “Aranzadi – Donostia-San Sebastian”. Eta guk ahalik eta informazio gehien sailkatzen eta gordetzen dugu hegazti bakoitzaren inguruan. Eraztunketak egoeraren argazki orokor bat egiteko balio digu, eta migrazioei buruz ere ikerketa garrantsitsuak egiten dira. Haurrei asko gustatzen zaien tailerra izaten da; ez da beti publikoarekin egiten baina batzuetan bai.
Zein da egungo egoera orokorrean? Errespetatzen al ditugu enarak?
Antolatzen ditugun tailer eta hitzaldietara etortzen den jendea jada sentsibilizatua dago. Natura eta bere zikloak errespetatzen dituen jendea da. Oso zaila egiten zaigu axolarik ez duena hurbilarazten eta, zoritxarrez, jende multzo handia da. Enarek sekulako funtzioa betetzen dute. Eurak dira eskuartean dugun intsektizida naturala, egunero 800 intsektu jaten du bakoitzak, 55 kilo intsektu urtean. Ez dugu etxean moskitorik nahi, baina enara azpizurien habirik ere ez. Gure etxea eta gure ingurua guk nahi bezala nahi ditugu, kontrolpean eta garbi. Zaila egiten zaigu partekatzea.
Baserrietan ere, ukuilu irekiak behar ditu enara arruntak, eta geroz eta ukuilu gutxiago egoteaz gain, gaur egun itxiak dira gehienak. Sorbeltz arruntak, bestalde, teilen azpian egiten du habia. Bertako zuloak erabiltzen ditu eta, egun, dena zulorik gabe dugu. Orain teila berezi batzuk daude habia egitea ahalbidetzen dutenak. Erreforma egiten badugu, adibidez, kontutan har genezake, sorbeltz arruntak habia egiteko lekurik gabe gelditzen ari dira eta.
Nola amaitzen duzue urtea?
Egindakoarekin pozik eta hedatzeko xedez. Gipuzkoan egiten dugu lan, bereziki, eta Bizkaia, Araba eta Nafarroara heldu nahiko genuke. Horrez gainera, Euskal Ornitologia Kongresua antolatu dugu azaroaren 26an eta 27an, Donostian, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti ikerketak aurkeztuko ditugu bertan. Hitzordu garrantzitsua da guretzat. www.ornitologia.eus atarian dago informazio guztia eta baita izena emateko aukera ere.
Ez dakit gau txoria ote den, baina enaren gisan hegan egiten badaki Olatzek. Batetik bestera asko bidaiatu du ttipi-ttipitatik. “23 etxe aldaketa” zenbatuak ditu jaio zenetik, eta orain, osasun izurriteak zenbait enpresatan etxetik lan egiteko aukera erregulatu duenez, Ginebran zeudela Euskal Herrira itzultzeko atea zabaldu zitzaion. Etxeko laurek etorri ahal izan zuten, gelditzeko asmoz. Sei urtez beste inorentzat lanik egin gabe egon ostean, lan merkatura itzultzeko apustua egin zuen. Berak dio “momentu egokian leku egokian” egon izanak eskaini diola Aranzadi elkarteko Enarak egitasmoaren koordinatzailea izateko aukera. Hegoak astintzen segitu du.
Gaua da. Zuhaitzetan geratzen diren hosto gutxien artetik igarotzen da ilargiaren argia. Isiltasuna da nagusi. Txoriak sasi artean daude, babestuta lo, lo-edo. Baina bat batean zerbaitek kolpatu du sasia. Txori gehienak izutu diren arren, izoztuta bezala geratu dira, isilik... [+]
Ürx’aphal bat badügü
herrian trixterik,
Nigarrez ari düzü
kaloian barnetik,
Bere lagün maitiaz
beit’izan ützirik:
Kuntsola ezazie,
ziek adixkidik.
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi... [+]
Aixeindar enpresak haizea neurtzeko 82,5 metroko dorre meteorologikoa instalatua du 2023tik Analamendin. Dorrearen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, lurrera altzairuzko hainbat kablerekin ainguratu zuen enpresak. Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu du hegaztiek... [+]
Hegazti buruhandia dugu hau, baina ez egoskorra delako, baizik eta fisikoki buru handia duelako. Horregatik da ezaguna hegazti hau, euskaraz erabiltzen diren izen askok bere begi eta buru handiari egiten diote erreferentzia: buruhandi, txorihandi, begihandi, ahohandi…... [+]
Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia... [+]
Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]
Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore beltza du, beleak bezala. Antzeko tamaina eta kolore bera dute bi hegazti horiek, horregatik da agian Sakanan... [+]
Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]
Kantuak ikasten eta soinuak imitatzen trebeak diren txoriek gaitasun kognitibo handiagoak dituztela ondorioztatu dute, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean.
Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak antolatuta, irteera berezia egingo dute Ezkeltzu ezagutzeko: hegaztiei eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak emango dituzte ibilbidean zehar eta erakusketa ikusgai egongo den ukuiluan elkarrekin hamaiketakoa eginez biribilduko dute goiza.
Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez, 1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren... [+]
Sustrai Erakuntzak Bioaniztasuna Nafarroan, galtzeko arriskuan den bizi-baliabidea txostena kaleratu du. Bertan irakur daitezke Nafarroako Gobernuak 2021eko iraila bitarte jaso dituen datuak. Sustrai Erakuntzak nabarmendu du kopuru horiek gutxienekoak direla, haize erroten... [+]