“Irulegiko eskua komunitate barnetik datorren ahots bat da”

  • Irulegiko aztarnategiko zuzendaria da 2017tik Mattin Aiestaran de la Sotilla (Tolosa, 1991). Aranzadiko kidea, iruritarra duela hamar urtez geroztik, historia ikasketak egin zituen EHUn, eta doktore tesiarekin ari da orain, Joxean Mujika irakasleak eta Jesús Sesma Nafarroako Gobernuko arkeologoak zuzenduta. Antzinaroko euskarazko inskripzioen aurkikuntzaz eta aztarnategiaren garrantziaz hitz egin digu: “Garai hartako irudi pribilegiatu bat dugu, falta genuena”.


2022ko azaroaren 14an - 12:00
Azken eguneraketa: 2022-11-16 19:19

[Elkarrizketa hau libre eta doan osorik irakurri dezakezu komunikazio proiektu hau babesten duten milaka lagunen ekarpenari esker. Zuk ere babestu nahi baduzu, egin zaitez ARGIAkoa]

Irulegiko aurkikuntza paregabea hainbat urtetako lanaren emaitza da, kontatuko diguzu ibilbide hori?

Aranzadi 2007an sartu zen aztarnategian, bertako udalak eskatuta. Arangurenen oraindik auzolana indarrean dago, eta 2006an herritarrak gailurra garbitzen hasi zirenean tamaina handiko harlandu pare bat topatu zituzten. Bazekiten han Erdi Aroko gaztelu bat zegoela eta aztarnak aurkitzean ikusi zuten profesional batzuen laguntza behar zutela. 2007an lehen mugapen bat egin zen, eta hala jakin genuen mendi magalean behera bazegoela Burdin Aroko herrixka bat. Baina Arangurengo herriaren nahia zen lehendabizi gazteluan zentratzea. Hamar urteren ondoren, fase hori amaitutzat eman eta herrixkan hasi ginen lanean.

Beheko magalean, brontzezko eskuaz gain, aztarna esanguratsuak aurkitu dituzue. Zer ondorio atera daiteke?

Gutxienez lau herrixkaren faseak topatu ditugu gainjarrita, Brontze Arotik K.a I. mendera arte.

Beraien eguneroko bizitzako elementuak azaldu dira: zeramika, jaten zituzten animalien hezurrak, erreta kontserbatu diren haziak, eraikuntza aztarnak, janaria berotzeko sutegiak...  Horiek guztiak ez dira zerbait guztiz desberdina beraien inguruko herrietatik. Ebro arroaren influentzia hor dago, Akitaniarena ere bai, eta beraz, ondorioztatu dezakeguna da nahiko antzekoak zirela gainerako herriekin alderatuta.

Baina bat-batean herrixka abandonatu zuten.

Irulegik azken irudi izoztu bat eskaintzen digu. Hori beraientzako tragedia handi bat izan zen, herrixka erdia bederen suntsitu zietelako, baina guretzako pagotxa da, gauzak bere horretan moldatu gabe topatzen ditugulako: sukaldeko gauzak sukaldean, egongelakoak egongelan, ukuilukoak ukuiluan... Dena dago azken mende horretako lehen laurdenean utzi zuten bezala. Hau oso garrantzitsua da: badaude erromatar garaiko aztarnategietan indusketa aunitz iristen direnak lehen mendeko baskoien mailara, baina irudia ez da hain garbia, gainean hiri bat dutelako. Hori da Iruñean gertatzen dena, edo Andelosen. Baina Irulegin azken maila hori da, eta badugu garai hartako irudi pribilegiatu bat, falta genuena.

"Ondorioztatu dezakeguna da nahiko antzekoak zirela gainerako herriekin alderatuta" (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Eta zer esaten digu irudi horrek? Zergatik abandonatu zuten?

Garai haietako elitea ziren, gerlariak, eta zalditeriari lotuak. Hori oso ongi dokumentaturik dagoen zerbait da inguruko herrietan, bai zeltiberiarretan, bai iberiarretan; eta Irulegin ere horren zantzuak ikusi ditugu. Ez dakigu zer gertatu zitzaien. Badakiguna da K.a 82tik 72ra iberiar penintsulan izandako erromatarren arteko gerraren pasarte bortitz bat jasan zutela, eta ez zutela neutraltasunerako aukerarik izan. Ez gara ausartzen esaten Sertoriorekin ala Pompeiorekin lerratu ote ziren.

Herrixkaren amaiera horrela izan ez balitz, euskarazko testigantza hori ez litzateke hor egongo?

Segur aski ez litzateke egongo aurkitu dugun balio handiko ezer. Ez ziren gaur egun garen bezain xahutzaileak, ez zituzten gauzak hor uzten. Hori da hain justu gure buruari egiten diogun galdera: Irulegi berezia da bertan bakarrik zeudelako pieza horiek? Edo beste herrixketan ez dira agertu ez dugulako haien irudi izozturik?

Brontzezko eskua agertu zen unearen argazkia, jadanik alde bat agerian duela, baina oraindik lurrez estalita (argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)
"Baskoiez ditugun testigantza guztiak kanpotik eginak dira, erromatar iturrietatik, eta ikuspegi inperialistarekin eta interes batekin eginak. Horregatik, horrelako piezak behar ditugu" (argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

2021eko ekainaren amaieran izan zen brontzezko eskuaren aurkikuntza, zu han zinen, hasieratik konturatu zineten berezia zela?

Bai, ikusi genuelako brontzezko xafla moduko bat ari zela ateratzen. Ertz bat ikusi genion. Sedimentua suabe-suabe kentzen goazen heinean pieza batzuk antzematen dira bereziak izan daitezkeela, oraindik lur azpian daudenean ere. Hori gertatzen zaigu brontzearekin: kolore berde argi gisakoak kontraste handia egiten du lurrarekin. Orduan, aldamenean pertsona bat jarri zen eguzkitako batekin eta kamerarekin, hori da egiten duguna ateratzen zaizkigun pieza gehienekin. Momentu hartan errezeloa sortu zigun aurkitutakoak, esaten genuen: “Hau ez dago osorik, zati bat falta du”. Ikusten zen moztuta zegoela, zulo bat zuen, baina ez genekien zehazki zertarako zen. Agian kasko baten apaingarria? Etxeko aterako zerbait? Ez genuen ulertzen. Lurrez estalita zegoen noski, guk ez baititugu inoiz piezak han bertan garbitzen, zaharberritzaileari ematen dizkiogu, laborategian garbitu ditzan askoz baldintza egokiagotan.

Protokoloa hori da?

Indusketa guztia grabatuta dago. Atera genuenean, bere azpiko lur eta guzti, poltsa hermetiko batean sartu genuen. Poltsa horiei zulotxo batzuk egiten dizkiegu, pixkanaka hezetasuna galtzen joan dadin, eta beti itzalean edukitzen dugu. Nafarroako Gobernuko zaharberritzaileak etorri zirenean, eskularruekin poltsa ireki eta erakutsi genien. Cordovillako arkeologia biltegitik 10 minutura gaudenez, horrek ahalbidetzen digu harreman hori egunero izatea, beraien feedbacka jaso eta piezak azkar entregatzeko. Hala ere, momentuan ez zigun zirrara handiegirik eragin. Zirrara gero etorri zen, handik hilabete batzuetara arkeologo teknikariak deitu zigunean.

Zer esan zizun?

Bazela zerbait idatzita pieza horretan eta ahal bezain azkarren Cordovillara joateko. Hantxe joan nintzen eta ikusi nuen Carmen Usua zaharberritzaileak eskuaren –gerora jakin dugu esku bat dela, azkazalak ikusi dizkiogunean– erdigunea garbitu zuela, hain justu idatzita dagoena. Garbiketa oso azalekoa egin zion, puntu batzuk hustu zituzten, ikusteko ea piezak gainazal guztian duen patina bera zuten, eta baietz ikusi zuenean, hor gelditu zen. Sekulako lana egin zuen, bigarren aurkikuntza berea da.

"Irulegik azken irudi izoztu bat eskaintzen digu. Hori beraientzako tragedia handi bat izan zen, baina guretzako pagotxa da, gauzak bere horretan moldatu gabe topatzen ditugulako"

Baina ez zenuten ulertzen zer jartzen zuen!

Guk ez dakigu kontu horietaz, arkeologoak gara, hurbilketa bat egin dezakegu baina ez gara horretara dedikatzen. Bada jende bat eraman duena bizitza guztia horrelako idatziak aztertzen eta jo behar genuen jende horrengana. Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak Nafarroako epigrafe guztiak aztertu ditu, eta teknikariek beregana jotzea gomendatu ziguten.

Testua zuekin batera deszifratu zuen, hitzez hitz.

Oroitzen dut goiz batez joan ginela, ni nahiko urduri nengoen, Velaza ez nuen ezagutzen, baina oso pertsona hurbila eta profesional jantzia iruditu zitzaidan. Berak zioen irakurketa garaian garrantzitsua zela begi ez entrenatu batzuek ikustea marra horiek, beraiek badutelako begirada biziatu bat hizkiak ikusteko. Eskua hartu genuenean alderantziz hasi ginen irakurtzen, eta berak hartu eta esan zuen: “Hau beste aldera da”.

Joaquin Gorrotxategirekin prozesu bera errepikatu zen, alderdi epigrafikoaz gain, linguistikoa ere landu behar zelako. “Autopsia” deitzen diote beraiek. Harritu ninduena da, baskoiera zela ziurtatzean Gorrotxategi ez zela bereziki harritu, elkarri begiratu eta esan zuten: “Baina hau bagenekien ezta?”. Bagenekien bai, baina froga falta zen.

Aranzadiren laborategi barruan izan da ARGIA Mattin Aiestaranekin. Argazkian, Euken Alonso ingeniari eta Aranzadiko topografoarekin eskuaren irudiari azken ikutuak ematen. (Argazkia: Danio Blanco / ARGIA)

Testua “baskoieraz” dago eta iberiar idazkeraren aldaera batean idatzia. Esan dezakegu duela bi mila urteko euskaldunek idatzi egiten zutela, eta gainera alfabeto propioarekin idatzi?

Javier Velazak ateratzen duen ondorioa hori da: idazkera propioa izan zutela, iberieratik zertxobait moldatuta; momentuz badakigu hizki bat behintzat moldatu zutela eta hori beraientzako aski da esateko beste sistema grafiko bat dela. Moldatu zuten iberierak ez duen soinu bat esan behar zutelako. Filologoei galdetzen genien: “Hau aitzin-euskara da? Edo zer da?”. Gorrotxategiren arabera, Akitanian topatu den Antzinateko euskarari “akitaniera” deitzen badiogu, Irulegi baskoien lurraldearen bihotzean dagoenez, “baskoiera” dei diezaiokegu.

Baina antzinako euskaraz ari gara?

Euskararen aurrekariaren dokumentu ziur zaharrenaz ari gara. Ziurra dela diot, badaudelako beste idatzi batzuk zalantzazkoak, Andelosko mosaikoaren kasuan bezala. Baina Irulegikoan ez dago zalantzarik. Gainera, testu bat da, ez da hitz solte bat, edo toponimo bat, edo pertsona baten izena, txanponetan azaltzen direnen antzekoa.

Atari batean jartzeko apaingarri edo amuleto bat litzateke. Nola dakizue hori?

"Pieza atera genuen momentuan errezeloa sortu zigun aurkitutakoak, esaten genuen: 'Hau ez dago osorik, zati bat falta du'"

Hitza ikasi behar izan dugu: apotropaikoa da. Zoriona erakartzeko eta zoritxarra uxatzeko elementu bat. Hori lehen hitzarengatik dakigu: sorioneku, horrek ematen dio interpretazioan pisu handia. Baina badaude paralelo batzuk ere, Zafarreko eskua adibidez, Yemenen. Bestalde, kontutan izanik etxearen zein tokitan agertu den, behar du izan zerbait pribatua, etxe horretako jabeena, eta beraien sinesmenez solasten diguna. Baskoiez ditugun testigantza guztiak kanpotik eginak dira, erromatar iturrietatik, eta ikuspegi inperialistarekin eta interes batekin eginak. Horregatik, horrelako piezak behar ditugu: testigantza zuzenak, komunitatearen barnetik datorren ahots bat, gauza horiez mintzatuz. Beraien sinesmenez eta beraien hizkuntzan. Sekulakoa da.

Karbono probak egin dizkiozue? Epigrafista eta filologoek ateratako ondorioak bat datoz arkeologiak erakusten digun kronologiarekin?

Kultura materialak ematen digun datazioa eta testuingurua bat datoz: K.a I. mendearen lehen laurdenean daude. Karbono 14ak ere baieztatzen du gure hipotesia. Baina hori hobeto dakigu zeramikagatik, zehaztasun handia dagoelako tipologikoki. Ez dago inolako elementurik pentsatzeko beste mota bateko intrusiorik dagoenik, edo lurrak bigarren mailako deposizio batean daudenik jatorrizko eremutik mugituta... Etxea erori egin zen eta zigilatuta gelditu da, estalita, ukitu gabe 2.100 urtez.

"Filologek elkarri begiratu eta esan zuten 'Baina hau bagenekien ezta?'. Bagenekien, bai, baina froga falta zen" (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Aurkikuntzaren emaitzak aldizkari zientifiko batean argitaratzeko asmoa duzue. Zergatik aurkeztu duzue pieza lehenago publikoki?

Cambridge Unibertsitateko Antiquity prestigiozko aldizkarian argitaratu nahi genuke. Artikulua bidali dugu eta lehen filtroa pasa du, editorearena. Ikerketa taldearen nahia zen gero egitea publiko, baina agenda politikoa ere hor dago, eta pieza honekin denbora luzez eduki dugun diskrezioa mantentzea ez da erraza. Beraz, editorearen baiezkoak ematen duen bermearekin aurkeztu dugu.

Baduzue aztarnategian horrelako material gehiago aterako den itxaropenik?

Bi etxe eta kale nagusiaren zati bat bakarrik induskatu ditugu, eta hor herrixka oso bat dago, beraz aukerak nahi adina daude lan egiteko. Momentuz, 2024ra arteko ekintza plan bat dugu adostuta, eta ziurrenik beste bat adostu beharko dugu, epe ez hain laburrera helburu batzuk finkatzeko.

Finantzaketari dagokionez, nondik jaso duzue babesa?

Gazteluaren indusketa, zaharberritzea, museo bihurtzea Arangurengo Udalak finantzatu du %100ean, berak bakarrik. Burdin Aroko herrixkan ildo beretik jarraitzen du, baina Nafarroako Gobernuak ere 2018tik laguntza batzuk eskaintzen ditu, eta horiek ere ongi etorriak dira. Hala ere, Arangurengo Udalak jarraitzen du aurrekontuaren pisuaren gehiengoa izaten.

"Bi etxe eta kale nagusiaren zati bat bakarrik induskatu ditugu, eta hor herrixka oso bat dago, beraz aukerak nahi adina daude lan egiteko" (argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Garrantzia handia ematen diozu Arangurengo Udalaren babes horri eta beraiekiko harremanari, ezta?

Bai. Guri iruditzen zaigu arkeologia ez dela zerbait akademian soilik gelditu behar dena, aferak behar duela izan demokratikoagoa, batez ere herriarekin eta herriarentzako ari garela. Agian, Aranzadi horrek desberdindu dezake beste erakundeetatik, herritik duen hurbiltasunak. Horrek ez du esan nahi zorroztasun zientifikoa mantendu behar ez denik, horretan gaude. Gure irudiz kontu honetan lehen iritzia Arangurengo bailararena da, ondare hori beraiena delako –nafar guztiena eta euskal herritar guztiena ere bai–, beraiek zaintzen dutelako, beraiek egin dutelako urteetan horren aldeko apustua.

Arkeologo labekada

"Normalean horrelako aztarnategi bat zuzentzeko behar dira 45 urtetik gora izan. Ibili, doktore tesia defenditu, doktoratu osteko bat han, bestea hemen... halako batean plazaren bat lortzen duzu unibertsitatean eta zorte anitzekin aztarnategi bat. Gure kasuan, aztarnategiak bagenituen, Aranzadik bazituen oso garrantzitsuak, sekulako aurkikuntzak eman dituztenak, baina behar zuten ikerlari jende gazte bat prest egongo zena bere bizitzako momentu horretan karrera akademikoa hortik zuzentzeko.

Eta hor suertatu gara labekada bat: Oihane Mendizabal, Zalduan, Orreaga ondoan tesia egiten ari dena; Dani Ruiz, Olaztiko Koxkobilon dagoena; Josu Narbarte, oraintxe Andosillan dagoena Goi Erdi Aroko sekulako aztarnategi bat ikertzen; baita Suberri Matelo eta Maite Errarte ere, etnografiaren alorrean lankidetzan aritutakoak... Elkar laguntza sare bat badugu eta asko eskertzen diet beraiei".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irulegiko Eskua
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Irulegiko eskua ezinen da erregistratu marka komertzial moduan

Espainiako Marken eta Patenteen Bulegoak atzera bota ditu marka edota diseinu industriala erregistratzeko hamahiru eskaerak, tartean Arantzadi Zientzia Elkartearena, argudiatuz aurkikuntzak ez duela izaera bereizgarririk eta ez dela marka moduan pertzibitua izanen.


Irulegi: eskuaz haratago, eskuari esker

Irulegi, duela 2.100 urte inguru. Burdin Aroko herrixkari eraso egin eta erre ondoren, biztanleek abandonatu egin zuten 1.100 urte inguru eta gero. Amaierako garai hartakoa da iazko kanpainan argitara eman zuten esku ezaguna, eta aztarnategiaren ikerketan eragin nabarmena izan... [+]


Irulegin tipologia berezia duen etxebizitza eta pieza arkeologiko ugari azaleratu dituzte aurtengo kanpainan

Antzinako euskarazko hitzak dituen eskua agertu zen Nafarroako indusketagunean arkeologoek lanean jarraitu dute aurten eta Burdin Aroko herrixka baten aztarna gehiago aurkitu dituzte, tartean harrizko eskailerak dituen etxebizitza, mendebaldeko Pirinioetan ez da inoiz orain arte... [+]


Irulegiko Eskua Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko prozesua hasi du Nafarroako Gobernuak

Ondare Historikoaren Zerbitzuak argudiatu du arrazoi nahiko daudela piezaren garrantzia eta berezitasuna baieztatzeko.


Burdin Aroa
Bidaia bat protohistoriako Euskal Herrian barrena

Irulegiko eskuaren aurkezpen publikoak jendartean nabarmen piztu du duela bi mila urte baino gehiagoko Euskal Herria nolakoa zen jakiteko grina. Zorionez, Burdin Aroko arkeologiak tradizio luzea du gurean, eta garai hartako zenbait aztarnategi ezagutuz iraganera bidaia txiki bat... [+]


2022-12-16 | ARGIA
“Zorioneko” da urteko hitza, Euskaltzaindiak eta UZEIk hautatuta

Urtero hautatzen dute urteko hitza bi erakundeek, eta 2022koa zorioneko izatea erabaki dute: "Irulegiko eskua dela eta, berba horrek hedabideetan eta sarean izan duen erabileran oinarrituta hautatu dugu", arrazoitu dute.


Brontzezko beste esku bat, xehe-xehe

Himyaritar Erresuma (egungo Yemen), K.o II-III. mendea. Wahab Ta'lab izeneko gizon batek brontzezko esku bat utzi zuen Zafar hiriko tenplu batean, Ta'lab jainkoari babesa eta ongizatea eskatzeko. 1983an aurkitu zuten eta British Museumeko bildumaren parte da egun... [+]


Irulegiko eskua erabiltzeko manuala

A ze astea lagunok. Frenesi hutsa. Zenbat pasio, zenbat ilusio, zenbat sukar. Egia izango da azkenean ez dakit nork esan zuen –eta mundu guztiak Lenini egozten dion– zera hura: batzuetan hamarkadak pasatzen direla ezer gertatu gabe, eta derrepente egun batzuetan... [+]


Eguneraketa berriak daude