Igoeran galduta

Argazkia: Andrea Avezzù

2022ko azaroaren 22an

Sartu eta eseri naizen arte ez naiz ohartu aktoreak jada agertokian daudela. Badmintonean ari dira argi berde baten azpian. Ikuskizunaz irakurri dudan apurrarekin susmoa daukat nahiko performance-a izango dela, eta momentuz hala dirudi. Bakarrik etorri naiz Principal Antzokira The Mountain ikustera eta gazteena naiz aretoan, dudarik gabe. Ikuskizuna hastear dela oholtzako hiru pantailetako batean iragarri dute: “Obra Errusiaren inbasioa hasi aurretik estreinatu genuen. Hala ere, bere horretan uztea erabaki dugu”. Um, ez dakit oso argi zer pentsatu.

The Mountain
Nork: Agrupación Señor Serrano
NOIZ: azaroaren 10ean
NON:  Principal Antzokia (Gasteiz)

“Zer da egia? Edo hobe esanda, zer ez da egia?”. Galdera luzatu digu kideetako batek. Orduan, bigarren susmoa ere bete da, emanaldia ingelesez izango da. Egia eta gezurra gorabehera. Badminton erraketa eskuan sinetsarazi nahi digu ezetz, bera beisbolean ari dela. Eta ez dela emakume bat, Putin baizik. Egiaren bila egindako bidaia bat dela George Malloryk 1924an Everestera egindako espedizioa.

Antzerki formakoa bainoago, zuzeneko grabaketak egiten dituen emanaldia da. Mini atrezzoak kameraz filmatzen dituzte, dron eta guzti, eta antzezleek efektu bereziak egiten dituzte kearekin edo bits-espraiarekin, koordinazio handiz, aldibereko hiru perspektibatan ikus dezagun. Gainera, beste errekurtso batzuk ere badituzte: gorpu bat elurretan, H.G. Wellsen Munduen Gerra liburuan oinarritutako irratsaioa, Nepaleko irudiak 1920ko hamarkadan, eskutitzak, Putinen burua mintzo, eta ehunka erreferentzia, absurdotzat ere jo genitzakeenak. Egindako esperimentu baten berri ere eman digute: albiste faltsuak eman zituzten haien webgunean, eta dirutza irabazi ere bai. Aipatu irratsaioarekin alderatu dute: garai batean irratia zen tontotzen gintuena, egun Internet.

Fake news-ak eta gainestimulazioa. Inperialismoa eta dena konkistatu beharra. Horiek dira nik ulertu ditudan hariak. Baina, egia esan, G. Mallory mendian gora nola, igoeran galdu naiz. Mendi bat puztu da amaieran oholtzaren erdian: Everest, egiaren irudikapen gisa. Irakurketa pare bat falta zaizkidala sentitu dut, edo helarazi nahi dutena argitzeko elementu batzuk sobran dituztela haiek. Ikusleak hala sentitzea da helburua, agian? Eta zertara datoz orduan Putin eta beste kutsu moraleko erreferentziak?

Zer moduz egon den galdetu didate lagunek gero. Ez dakit. Ahoa albo batera okertuta duen emoji hori bezala nago. Bisualki ikaragarria dela iruditu zait, ideologikoki kirrinka egin didan arren. Ez da kontra nagoela, besterik gabe, ez dut harrapatu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Interview. Urez eta hondarrez
Lurra zapaltzeko moduak

Interview. Urez eta hondarrez
Lurra zapaltzeko moduak

Interview. Urez eta hondarrez
Egileak: Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo.
Aktoreak: Telmo Irureta eta Dorleta Urretabizkaia.
Zuzendaria: Mireia Gabilondo.
Konpainia: Tentazioa.
Noiz: apirilaren 2an.
Non: Victoria Eugenia Klub Aretoan,... [+]


'Errealitatearen harribitxiak'
Arreta galdu barik

ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK
Nork: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Jare Torralba eta Amets Larralde. Mikel Martinezek zuzenduta eta Jokin Oregiren testuetatik abiatuta.
Noiz: otsailaren 21ean.
Non: Bilboko 7katu... [+]


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Eguneraketa berriak daude