Euskara, brontzean idatzia

  • Hainbat urteko ibilbidea egin du Irulegiko proiektu arkeologikoak (Aranguren, Nafarroa), Aranzadi Zientzia Elkartearen eta erakunde publikoen elkarlanari esker. Berriki aurkeztu dute aztarnategiak eman duen azken sorpresa, Nafarroako Gobernuak egindako agerraldian: esku-itxurako brontzezko xafla bat eta, bertan inskribatuta, orain arteko euskal testu zaharrena izan litekeena, K.a I. mendekoa. Baskoiek duela 2.100 urte idazten zutela frogatzen duen altxorra da, gure hizkuntzara moldatutako aldaera batean gainera.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aztarnategia Iruñetik kilometro gutxira kokatuta dago, Lakidain herritik hurbil. Hamalau hektarea inguruko hedadura hartzen du eta 2007. urteaz geroztik ari dira ikertzen. Hasiera batean, Irulegi mendiaren tontorrean kokatutako Erdi Aroko gaztelua aztertu zuten arkeologoek; baina, 2018tik aurrera, inguruko magaletan kokatutako herrixka gotortua induskatzeari ekin zioten.

Mattin Aiestaran da egun lanen zuzendaria (ikusi hemen berari egindako elkarrizketa). Hark azaldu duenez, herrixka Brontze Aroan sortu zen (K.a. XV. mendekoak dira arrastorik zaharrenak), baina Burdin Aroaren amaieran ezagutu zuen bere goren aldia, K.a. III. mendetik aurrera. Mendebaldeko Pirinio aldean ezagutzen den herri gotortu handienetakoa izan zen garai horretan, izaera ia urbano batekin. Garai berean, greziar zein erromatar autore klasikoek idatzita utzi zuten baskoiak zirela eskualde horretako biztanleak.

Irulegiko aztarnategia ia 900 metroko garaieran dago. Lehen planoan, Erdi Aroko gaztelua; atzerago, Burdin Aroko herrixka. (Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

K.a. I. mendean, aldiz, aztarnategia suntsituta gelditu zen, neurri batean behintzat, Sertorioren gerraren testuinguruan Ponpeioren armadek egindako erasoen ondorioz. Gerra hori Erromaren menpeko lurraldeetan gertatu zen gatazka zabalago baten testuinguruan ulertu behar da, hiriburuaren eta menpeko herrien arteko artikulazio politikoaren harira. Baskoiak zein alderdirekin lerratu ziren esatea ezinezkoa bada ere, argi dago gerrate horiek bete-betean eragin zutela lurraldean. Izan ere, eraso horren ondoren, Irulegiko herria guztiz abandonatuta gelditu zen, handik kilometro gutxira Iruñeko gune erromatarra (Pompelo) indartzen zen artean.

“Pieza garrantzitsua izan zitekeela ikusita, lehenik eta behin geo-erreferentziatu egin genuen; gero, kontu handiz induskatu genuen, gainazalean kalterik ez eragiteko”
(Leire Malkorra, indusketa taldeko kidea)

Zorte ona erakartzeko eskua

Azken fase horri dagokio, hain zuzen ere, orain aurkeztu duten aurkikuntza. Pieza laukizuzen itxurako eraikin baten atarian agertu da, errautsez betetako lur-geruza batean. Hortaz, herria suntsitu zen unean zutik zegoen eraikinaren baitako elementutzat jo dute ikerlariek. Maila berean agertu dira beste hainbat material ere: txanponak, zeramikak, hezurrak, eta abar. Erradiokarbono bidezko datazioek berretsi egin dute K.a. I. mendearen lehen laurdeneko kronologia hori.

Eraikin hori 2021ean induskatu zuten. Leire Malkorra izan zen brontzezko xafla sedimentu artean ikusi zuen lan-taldeko lehen kidea, eta berehala eman zion arreta. “Pieza garrantzitsua izan zitekeela ikusita, lehenik eta behin geo-erreferentziatu egin genuen; gero, kontu handiz induskatu genuen, gainazalean kalterik ez eragiteko”. Prozesu osoa argazkiz zein bideoz dokumentatu zuten. Gero, Nafarroako Gobernuko arkeologia biltegira eraman zuten, zaharberritze- eta kontserbazio-lanak egiteko.

Objektuak eskuin esku baten itxura eskematikoa du, eta azkazalen gisako markak ditu hatzen puntetan. Markak atzean eta aurrean ditu. 14,31 cm luze eta 12,79 cm zabal da, eta brontzez eginda dago osoki. Zulo txiki bat dauka eskumuturra egongo litzatekeen tokian. Ikerlariek uste dute etxeko atarian edo beste toki sinboliko batean iltzatuta edo zintzilik egonen zela, hatzak behera begira.

Lurpetik Leire Malkorrak brontzezko eskua nola atera zuen erakusten duen irudi sekuentzia. (Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Gisa horretako objektuak ez dira batere ohikoak erregistro arkeologikoan. Ebro ibarreko zenbait elementu aipatzen ahal dira, mundu iberiarrari lotuak. Hala, Huescako Alcubierre herrian bada Puy de Alcalá izeneko aztarnategia, eta bertan ere esku-itxurako xafla bat agertu zen, berunezkoa, zintzilikatzeko zulo batekin. Beste bi adibide harrizko esteletan jasotako erliebeek osatzen dituzte, Aragoiko La Vispesa (Tamarite de Litera, Huesca) eta El Palao (Alcañiz, Teruel) aztarnategietan jasoak. Elementu hauen jatorrizko aztarnategia ezagutzen den arren, objektu guztiak testuinguru arkeologikotik kanpo agertu dira, nekazal lanetan topatuak izan baitira. Irulegikoa, aldiz, bere testuinguru arkeologikoan agertu eta erregistratu da, eta hori ezinbestekoa da eskuaren balioa bere neurrian jartzeko.

Dena den, sinbolo horien esanahia ez dago guztiz argi. Aiestaranek dioenez, greziar iturri klasikoek aipatzen dute iberiarren artean ohikoa zela garaitutako etsaiei eskuak moztu eta herrietako, tenpluetako zein etxeetako atarietan zintzilik paratzea, baina horren froga arkeologikorik ez dago. Bestalde, eskuaren inguruko sinbologia oso hedatuta dago aunitz lurraldetan eta garai desberdinetan. Adierazgarria da, esate baterako, Zafar aztarnategian (Yemen) aurkitutako brontzezko beste esku  bat, K.o. II.-III. mendeetan datatua. Bertan ere inskripzio bat ageri da, hizkuntza sabaikoan idatzia, eta bertan dio jainko bati egindako eskaintza dela, zorte ona eman dezan. Hortaz, ikerlariek uste dute ezin dela baztertu Irulegiko eskuak ere antzeko amuleto-funtzioa izaterik.

Objektuak eskuin esku baten itxura eskematikoa du, eta azkazalen gisako markak ditu hatzen puntetan. Markak atzean eta aurrean ditu. 14,31 cm luze eta 12,79 cm zabal da, eta brontzez eginda dago osoki. (Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Antzinaroko euskararen lekukotza luzeena

Baina, zalantzarik gabe, eskuaren ganbilean idatzitako inskripzioa da piezaren ezaugarririk interesgarriena. Joakin Gorrotxategi eta Javier Velaza filologoek azaldu dutenez, iberiar alfabetoaren aldaera batean idatzita dago. Iberiar zeinu-sistemak silabak zein fonemak uztartzen ditu, eta K.a. V. eta I. mendeen artean hedatu zen penintsularen ipar-ekialdean, Ebro ibarrean zein Pirinioetan. Nafarroan bertan, Andelos hiri erromatarrean aurkitutako mosaikoa da sistema horietako batean idatzitako beste adibide garrantzitsu bat.

Hizkuntzari dagokionez, bi ikerlariek ez dute zalantzarik: Irulegiko inskripzioan ageri den testua baskoiera edo Antzinaroko euskara da, hots, erromanizazioaren aurretik egiten zen hizkuntza, akitaniera zaharrarekin ahaidetua eta egungo euskararen aitzindaria. Eta hori oso garrantzitsua da, hizkuntza horretako lekukotasun zuzenak arras urriak baitira. Akitanian, Nafarroan, Araban eta Sorian sakabanatuta badira inskripzioak dituzten zenbait estela; baina, gehienetan, pertsonen zein jainko-jainkosen izenak dira bertan agertzen direnak, latinezko esaldietan tartekatuta. Irulegiko inskripzioan, aldiz, lau lerrotan banatutako 40 zeinu ageri dira; hortaz, orain arteko baskoierazko edo Antzinaroko euskarazko lekukotzarik luzeena dugu.

Honakoa litzateke testuaren transkripzioa:

Esanahia oraindik argitu gabe dagoen arren, ikerlariek badituzte zenbait hipotesi. Lehen hitza da hobekien ulertzen dena: sorioneku, egungo euskararen zorioneko hitzaren baliokidetzat dute. Azaldu dutenez, bai zori eta bai on hitz zaharrak dira euskal lexikoaren baitan. Akitaniako erromatar garaiko epigrafeetako jende eta jainko-jainkosen izen batzuetan ageri diren elementuak dira, eta bien uztartzea ere euskal corpuseko testurik zaharrenek jasotzen dute, Lazarragak Araban zein Etxeparek Nafarroa Beherean. Hortaz, hitz horren esanahiaz ez dago zalantzarik eta, gainera, indartu egingo luke objektua zorte oneko amuleto gisa ulertzeko hipotesia.

Aurkikuntzak Antzinaroko euskararen edo baskoieraren lekukotasun zaharrenetakoa osatzen du, ohikoa baino testu luzeago batean. Baskoien artean idazkera uste baino hedatuago egon zela ere frogatzen du: Irulegiko biztanleek iberiar alfabetoaren aldaera bat erabiltzen zuten, baskoieraren ezaugarri linguistikoetara moldatuta

Gainerako hitzen interpretazioa zailagoa da, haatik. “Egia da ese euskarazko ez ukapenaren aitzindari izan litekeela; eta bukaerako eŕaukon horrek aditz-forma baten eitea duela; baina ikerketa gehiago behar da testuaren interpretazio oso bat eman ahal izateko”, adierazi dute ikerketaren arduradunek.

Dena den, testua ulertzeko zailtasunak ez ditu ikerlariak harritu, garai hartako baskoiera egungo euskaratik bi mila urteko bilakaerak aldentzen baitu. Latinaren eta gazteleraren arteko harremanaren parekoa, edo are urrunagokoa, litzateke baskoieraren eta egungo euskararen artekoa. Velazak eta Gorrotxategik diotenez, aurkakoa gertatzeak, hau da, testu osoa zehatz-mehatz ulertzeak, eragingo lieke harridura eta zalantza.

Burdin Aroko herrixkako etxe honen atarian agertu da brontzezko pieza. (Argazkiak: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Nolanahi ere, aurkikuntzaren garrantzia “lehen mailakoa” dela nabarmendu du Aiestaranek. Alde batetik, baskoien artean idazkera orain arte uste izan dena baino ohikoagoa izan zela erakusten du, baita erromanizazioaren aurretik ere. Izan ere, testua baskoieraz edo Antzinaroko euskaraz idatzia egoteaz gain, iberiar alfabetoa hizkuntza horren fonetikara egokituta dago, orain arte agertu diren iberierazko hiru mila idazki inguruetan azaltzen ez diren zeinuak ageri baitira. Esaterako, letra larriz agertzen den “T” zeinua, baskoien eremuko bi txanponetako idazkietan, oTikes eta uTanbaate diru-oletan, bakarrik agertzen da, baina Irulegiko eskuan ere badago.

"Aurkikuntza hau mugarri bat da gure elkartearen historian, bere garaian Ekaingo margoen aurkikuntza izan zen bezala" (Juantxo Agirre, Aranzadiko idazkari nagusia)

Beste aldetik, Burdin Aroaren amaierako baskoien munduak, Akitaniarekin ez ezik, Ebro ibarreko herri iberiarrekin harremanak izan zituela iradokitzen du, alfabeto iberiarraren erabilera zein eskuaren sinbologiaren hedapena kontutan hartzen baditugu behintzat. Hortaz, argi dago pieza honek ezinbesteko mugarria osatuko duela etorkizunean baskoieraren inguruan ikerketa berriak abiatzeko orduan.

Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean, Juantxo Agirre Mauleon idazkari nagusia ere biziki pozik agertu da egindako lanarekin. Azaldu duenez, erakunde hori argitalpen monografiko bat prestatzen ari da piezaren inguruan, eta bertan xehetasunez jasoko dituzte, inskripzioaren inguruko nondik norakoak ez ezik, aztarnategiaren testuinguru orokorra eta bertan lanean diharduen ikerketa-taldearen ibilbidea ere. “Aurkikuntza hau mugarri bat da gure elkartearen historian, bere garaian Ekaingo margoen aurkikuntza izan zen bezala; eta ziur gaude ikerketarako bide berriak irekiko dituela etorkizunean. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua da egin dugun lana jendartera zabaltzea”, azpimarratu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irulegiko Eskua
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Irulegiko eskua ezinen da erregistratu marka komertzial moduan

Espainiako Marken eta Patenteen Bulegoak atzera bota ditu marka edota diseinu industriala erregistratzeko hamahiru eskaerak, tartean Arantzadi Zientzia Elkartearena, argudiatuz aurkikuntzak ez duela izaera bereizgarririk eta ez dela marka moduan pertzibitua izanen.


Irulegi: eskuaz haratago, eskuari esker

Irulegi, duela 2.100 urte inguru. Burdin Aroko herrixkari eraso egin eta erre ondoren, biztanleek abandonatu egin zuten 1.100 urte inguru eta gero. Amaierako garai hartakoa da iazko kanpainan argitara eman zuten esku ezaguna, eta aztarnategiaren ikerketan eragin nabarmena izan... [+]


Irulegin tipologia berezia duen etxebizitza eta pieza arkeologiko ugari azaleratu dituzte aurtengo kanpainan

Antzinako euskarazko hitzak dituen eskua agertu zen Nafarroako indusketagunean arkeologoek lanean jarraitu dute aurten eta Burdin Aroko herrixka baten aztarna gehiago aurkitu dituzte, tartean harrizko eskailerak dituen etxebizitza, mendebaldeko Pirinioetan ez da inoiz orain arte... [+]


Irulegiko Eskua Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko prozesua hasi du Nafarroako Gobernuak

Ondare Historikoaren Zerbitzuak argudiatu du arrazoi nahiko daudela piezaren garrantzia eta berezitasuna baieztatzeko.


Burdin Aroa
Bidaia bat protohistoriako Euskal Herrian barrena

Irulegiko eskuaren aurkezpen publikoak jendartean nabarmen piztu du duela bi mila urte baino gehiagoko Euskal Herria nolakoa zen jakiteko grina. Zorionez, Burdin Aroko arkeologiak tradizio luzea du gurean, eta garai hartako zenbait aztarnategi ezagutuz iraganera bidaia txiki bat... [+]


2022-12-16 | ARGIA
“Zorioneko” da urteko hitza, Euskaltzaindiak eta UZEIk hautatuta

Urtero hautatzen dute urteko hitza bi erakundeek, eta 2022koa zorioneko izatea erabaki dute: "Irulegiko eskua dela eta, berba horrek hedabideetan eta sarean izan duen erabileran oinarrituta hautatu dugu", arrazoitu dute.


Brontzezko beste esku bat, xehe-xehe

Himyaritar Erresuma (egungo Yemen), K.o II-III. mendea. Wahab Ta'lab izeneko gizon batek brontzezko esku bat utzi zuen Zafar hiriko tenplu batean, Ta'lab jainkoari babesa eta ongizatea eskatzeko. 1983an aurkitu zuten eta British Museumeko bildumaren parte da egun... [+]


Irulegiko eskua erabiltzeko manuala

A ze astea lagunok. Frenesi hutsa. Zenbat pasio, zenbat ilusio, zenbat sukar. Egia izango da azkenean ez dakit nork esan zuen –eta mundu guztiak Lenini egozten dion– zera hura: batzuetan hamarkadak pasatzen direla ezer gertatu gabe, eta derrepente egun batzuetan... [+]


Eguneraketa berriak daude