Emaria itxi ez dadin, hurbiletik kudeatzearen garrantzia

  • Busturialdeko Ur Partzuergoa desegin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hartu du bere gain Busturialdeko urak kudeatzearen ardura, urte hasieran. Erabaki horrekin, ura multinazionalen esku utzi eta pribatizatzeko dagoen arriskuaz ohartarazi dute hainbat talde politikok eta eragilek. Eskualdeak historikoki izan duen defizit hidrikoa konpontzeko, tokian tokiko kudeaketa defendatu dute, itsasontziz ura inportatzen aritu beharrean, udako sikatean gertatu bezala.

Gaur egunean, eskualdeko sistema osoa kontuan hartuta, udan defizit hidrikoa dago Busturialdean (argazkia: Foku)
Gaur egunean, eskualdeko sistema osoa kontuan hartuta, udan defizit hidrikoa dago Busturialdean (argazkia: Foku)

Urak tokian tokiko kudeaketa jasangarria izan behar du, Europar Batasuneko uraren esparru-zuzentarauak eta Nazio Batuen Erakundeak adierazten dutenez. Horren arabera, harrotik ahalik eta gertuen kudeatu beharreko baliabidea da,  udal eskuduntzek kudeatu beharrekoa, alegia. Bizkaian, alta, aholkuei entzungor egin eta azken urteotan eskualdeek zituzten ur partzuergoak desegin dituzte pixkanaka. Hori horrela, egun, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lurraldeko uraren %95etik gora kudeatzen du. Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP) izan da desegiten azkena.

Jon Bernat Zubiri Bermeoko GUZAN talde munizipalistako kideak adierazi duenez, aspaldian hasi ziren eskualdeko agintari batzuk BUPen desinbertitzen: “2017. urtetik ez dira beharrezko inbertsioak egin, aurreko plangintzetan udalerri guztiek adostuak zituzten konponbideak ez dira gauzatu”, dio. Desegitearen alde agertu ziren eskualdeko udalerrietako EAJko alkateek, baliabide ekonomiko eta teknikoetan gabeziak daudela argudiatu izan dute. Eskualdea osatzen duten hamasei herrietatik bederatzik babestu zuten erabakia.

Bilbao Bizkaia Partzuergora sartzearen aurka azaldu dira EH Bilduk eskualdean dituen alkateak. Ez dute gogoko egungo eredua, eta ura eskualdean kudeatzea defendatzen dute. Desegin aurretiko legegintzaldian (2011-2015) BUPen lehendakari izandako eta egun Ea udalerriko alkate den Iratxe Arriolak jeltzaleen argudioak gaitzetsi eta nabarmendu du Busturialdean ez dagoela baliabide ekonomiko faltarik: “Milioi bat eurotik gorako soberakina egon da, aurrekontuaren laurdena baino gehiago inbertsioetara bideratzeko moduan”. Urdaibaiko urak kudeatzen zituen partzuergoa desegitearen atzean, uraren kudeaketa multinazionalen esku utzi eta “negozioa” egiteko asmoa dagoela uste du.

Ura kanpotik eramanda ere, Busturialdeak dituen gainerako defizit guztiek
hor jarraituko dute

Baliabide teknikoei dagokienean, partzuergo aldaketa gorabehera, inguruko ura kontsumitzen dute Busturialdean. Sei sistema desberdin dituzte. Gaur egunean, eskualdeko sistema osoa kontuan hartuta, udan defizit hidrikoa dagoela aitortu du Arriolak. Hain zuzen, adituen arabera ur falta egiturazko arazoa da Busturialdean eta baliabide propioekin sarritan ezin da bermatu, udako hilabeteetan nagusiki: Urdaibaiko uraren hornidurarako planak jasotzen duenez 70 eta 100 l/s arteko defizit hidrikoa dago.

Defizit horren arrazoietako bat Gernika-Lumon dagoen La Vegako laugarren putzua industria garaian kontaminatu izana da Arriolaren esanetan. Bertan erabiltzen ez diren 60 l/s-ko daude, baina egun saneamendu sarera doaz zuzenean. Industriarako, kaleak garbitzeko, lorategiak ureztatzeko erabili daiteke, baina horren ordez edateko ura erabiltzen da. Bestalde, Busturialdeko enpresa handienak, Maierrek, eskualdean erabiltzen diren ur edangarriaren 12.000 litro metro kubotik 1.000 erabiltzen ditu egunero. Horrez gain, azken bi hamarkadetan ur harguneetatik gertu landatutako eukaliptoen ondorioz ur gutxiago biltzen da. 56 hornidura gune daude eskualdean zehar, baina gainazaleko uren %20 galdutzat ematen da. Era berean, Arriolak azpimarratu du urteetan ez direla egoki mantendu eskualdeko hornidura sareak, jario handiak dituztela eta ura galdu egiten dela. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BUPeko udalerri denek 2020an aho batez onarturiko Urdaibaiko Hornikuntza LEE partaidetza prozesuko planean azaltzen da sistemek %40 galtzen dutela batez beste eta zifra altua izanik berriztatzea beharrezkoa dela. Arriolaren hitzetan, baina, ez da inbertitu nahi izan eta soluzioa kanpotik ekarri nahi izan dute.

Zadorra sistemara konektatzea

“LEE planean ageri diren neurrien artean lehena zen hoditeria horiek konpontzea”, dio Arriolak. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak aldiz bestelako konponbideak aurreikusten ditu datozen urteetan. Horietako bat Mungia eta Bermeo artean hoditeria eraikitzea litzateke, eskualdea Zadorrako ur kudeaketa sistemara lotzeko. Egun, Mungiaraino iristen dira Zadorrako urak. Eako alkateak nabarmendu duenez LEE planean zortzigarren eta azken irtenbidea da Zadorrakoa.

Halaber, Zadorra sistemak bere arazoak ditu eta tokiko baliabideak alboratu eta han zentratzeak Bizkaia osoa hornitzeko ondorioak dakartza bere esanetan. Janire Brijueska Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Lehendakaritzako eta Gerentziako Kabineteko arduradunak azaldu duenez errekurtso propioak iristen ez direnean joko dute Zadorrako hargunera, Busturialdea Bilbao Bizkaia Partzuergoko parte den heinean "beste eskualdeekin egiten duten bezala".

Zubirik dioenez, azken asteetan Gernikan Guggenheim berria eraikitzeko baldintza gisa planteatu da ura  Zadorratik ekartzea, argudiatuz ezin dela turismoaren garapen sakonagoa egin eskualdean, ez bada edateko uraren ahalmena handitzen. Hain zuzen ere, turismoa bultzatzeko 100 l/s-ko gehiago behar direla diote egungo agintariek, oposizioaren 60-70 l/s-ko defizitaren aurrean.

Bai Zubirik eta bai Arriolak argi dute halako erabakiak herritarrei begira baino turismoan oinarritutako garapen ekonomikoari erreparatuta hartu direla, baina ohartarazi dute Busturialdea ez dagoela masa turistiko handia jasotzeko prest: “Hainbat urtez abandonaturiko eskualdea izan da”. Hala, ura kanpotik ekarri arren gainerako defizit guztiek bertan jarraituko dutela uste dute.

Uraren bertoko kudeaketaren alde eta “EAJren utzikeria” salatzeko, EH Bilduk elkarretaratzera deitu zuen Bermeon iraila hasieran. (argazkia: Foku)

Itsasontzi batean

Uda honetan Bizkaia osoan bezala, Busturialdean ere ohi baino euri gutxiago egin du eta hornidura segurtatzeko hartu diren neurrietan nagusienak zeresana eman du: ura itsasontziz eraman du Bilbao Bizkaia Partzuergoak. Urriaren erdira arte, Dutch Spirit itsasontzia eskualdea ur edangarriz hornitzen aritu da: Bilbao Bizkaia Partzuergoak Santurtziko portuan dagoen ur hargune batetik hartu eta Bermeoko portuan deskargatu du ura, egunean 2.000 metro kuboko ekarpena eginez. Brijueskak zehaztu du itsasontziaren bitartez 103.470 metro kubo sartu direla sisteman, “dena edateko”.

Busturialde osoko ur kontsumoa 12.000 metro kubokoa da eguneko eta egunean 2.000 ekarrita, ez da %8ra iristen. Bermeok soilik egunean 4.000 metro kubo erabiltzen ditu. Arriolak azpimarratu du barkuak aspaldian utzi ziola funtzionatzeari eta bere ustez efektu mediatikoa lortzea izan da helburu nagusia –1,8 milioi euroko kostua izan du–. Brijueskak zehaztu du itsasontzia beharrezkoa zela, baina ez dela mekanismo propioak ezeztatzeko neurririk hartu, “osagarriak dira ura bermatu eta fluxu ekologikoak ez kaltetzeko”. Hala, azaldu duenez, beste neurri batzuk ere aztertu ziren itsasontziaren aurretik, ur gaziari gatza kentzea adibidez, baina ingurumenerako ez zela komenigarria ondorioztatu zuten. Ura kamioietan eramatea ere planteatu zuten, eta horrez gainera, gauetan uraren presioa jaistea erabaki zuten, eta ura hainbat jardueratarako erabiltzea debekatu.

Ikusteke dago etorkizunean emango diren pausuak pribatizazioaren bidean ote diren; momentuz, duela zenbait urte Madrilen aurrekari izan zen Canal Isabel II-an emandakoak jarraitu direla ohartarazi dute

Alternatibei erreparatuz, Gernika-Lumoko La Vegako putzua berrerabiltzearen aukeraz hitz egin du Arriolak. Horrez gain, defizit hidrikoa hornitzeko Oiz menditik Ajangizera doan hoditeria konpontzea ere beharrezkoa dela uste du; kondukzioa "Francoren garaikoa denez, galerak ditu –20 l/s-ko dakartza egun eta jatorrian 70 l/s-ko behar luke–. Adabakiak egin baino hoditeria guztia berritu beharko litzake bere aburuz: “Horrekin soilik konpon daiteke Busturialdeko defizit hidrikoaren arazoen %80”. Brijueskak, berriz, defendatu du hamar hilabetetan mantentze lanak egin dituztela eskualdean ura bermatzeko, hodiak konpondu, sistemara egokitu eta galerak aztertu dituztela. Hala, 78 l/s-ko berreskuratu dituztela lan horiekin.

Multinazionalen esku

Kudeaketa ereduak alderatuz, Bilbao Bizkaia Partzuergoak etorkizuneko bere helburuak lortzeko uraren inguruko hainbat multinazional esanguratsu azpikontratatu ditu, eta langileen %60 multinazional horientzako ari dira. “Nahiz eta Bilbao Bizkaiko lantaldea publikoa izan eraikuntza lanak eta kudeaketarenak enpresa handiek egiten dituzte. Ez dauka bere langilerik horretarako”, salatu du Arriolak.

Diru aldetik ere ez dago garbi kudeaketa berria hobea denik. BUPek 6-7 milioi eurotako aurrekontua zuen urtean. Bilbao Bizkaiak aldiz 200dik gorakoa lurralde osorako. Biztanle bakoitzeko kopurua kalkulatuz gero, Busturialdeak Bizkaiko batez bestekoa baino gehiago zuen lehen. Horrez gain, BUPek langile publiko egonkorrak izan ditu lantaldean, multinazionaletan azpikontratatu gabe. Halaber, hoditeria Udal Sarea SAren bidez gestionatzen du Bilbao Bizkaiak eta ekonomia eskaletan azpiegitura handiak darabiltza, azken urteotan 150 milioi euro jaso ditu horietarako.

Pribatizazioren atariko, publikoa kaskartzen dutela azpimarratu dute eredu horren kontrakoek: “Bilbao Bizkaiak modu deszentralizatuan eta arroen arabera funtzionatuko balu agian oso eraginkorra litzateke, baina egungo eredua ez da jasangarria”, dio Arriolak. Ikusteke dago etorkizunean emango diren pausuak pribatizazioaren bidean ote diren; momentuz, duela zenbait urte Madrilen aurrekari izan zen Canal Isabel II-an emandakoak jarraitu direla ohartarazi dute. Eta horren aurrean, ezinbestekotzat jo dituzte hurbileko kudeaketa eta herritarren parte hartzea, oinarrizko baliabidea dugun bertako urik gabe ez gelditzeko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Argalarioko parke eolikoaren aurka agertu da Bizkaiko Foru Aldundia, ingurumenean eragingo lituzkeen kalte “kritikoengatik”

Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren... [+]


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


Munduko batez bestekoa baino bi aldiz azkarrago berotu da Europa 2024an

Copernikusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak urte hasierako ikerketak berretsi dituzte: Europak bero errekorra hautsi du. Gutxienez 413.000 kaltetu eta 335 hildako izan ziren iaz ekaitz eta uholdeengatik, Europan. 


Gu ere lugorri

Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]


2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa

Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]


2025-04-14 | Garazi Zabaleta
Dai Konbutxa
Konbutxa eta hartzituak bizibide

2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean etxean geratzeko aukera izan nuen, eta ordu arteko guztia, nolabait, apurtu egin... [+]


Semaforoa gorri, etsaien engainagarri

Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]


2025-04-09 | Garazi Zabaleta
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera

Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Institutuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka... [+]


2025-04-09
Bikote perfektua

Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]


Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]


EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak

EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


Eguneraketa berriak daude