Hildakoak gogoratzea, horien memoria bizirik mantendu eta gurtzea, mundu osoko gizakien ohitura da. Historiaurreko trikuharrietatik gaur egungo ospakizunetara, ezaugarri kultural honek forma ugari hartu ditu munduko txoko desberdinetan. Bada gurean oraindik bizirik mantentzen den ohitura propio bat, galtze bidean den bertako errito bat, hildakoen oroimenarekin lotura duena: argizaiolak.
Lanbroa da nagusi Amezketarako bidean. Behe-lainoak bazter guztiak bete eta gure ikusmenaren sakontasuna mugatu du. Zeruan, lainoen atzean, esfera borobil bat ageri da. Distira lausoa du eta ezin daiteke zehaztu eguzkia edo ilargia den. Herrira heldu garenerako ateri egin du eta goizeko hamaikak jo behar dutenean jendea pilatzen hasi da herriko San Bartolome elizaren atarian zein barneko bankuetan. Eliza horretan, baina, banakako aulkiek beraien lekua dute erdiko habeartearen zati handi bat beteaz. Aulkien aurrean ohiz kanpoko elementu bat dago: argizaiolak. Herritar batzuk banku luzeetan kokatu badira ere, beste batzuk, guztiak emakumeak, argizaiolak piztu eta banakako aulkietan jarri dira. Orain bai, joan direnen oroimenaren sua piztu eta gero, mezari kantari ekin zaio, ez direnen ohoretan.
“Eman hildakoei betiko argia”. Hori dio Eliza kristauaren otoi zahar batek. Argia eta sua beti egon dira hildakoen kultuari lotuta, baita gurean ere, kristautasuna heldu baino lehenagotik. Sua da hildakoak eta bizidunak lotzen dituen elementua, eta argia hildakoen arimaren gorpuztea dela uste izan da Euskal Herriko txoko askotan.
Argizaiolen tradizioaren jatorria historiaren lur azpiko bideetan gordeta dago eta oso zaila da, ia ezinezkoa, gurera nondik eta nola iritsi zen jakitea. Gaur egun erabiltzen diren argizaiolen artean zaharrenak XVI. mendekoak dira, baina baliteke lehenagoko ohitura izatea. Hildakoak elizetako zoru azpian hilobiratzeko tradizioa mende batzuk lehenago, Erdi Aro berantiarrean, hasi zela mantendu du Juan Madariaga Orbea ikerlariak. Garai hartan Euskal Herriko leku askotan erabiltzen ziren argizaiolak, baina XX. mendetik aurrera euren erabilera desagertuz joan da eta gaur egun soilik Amezketako San Bartolome elizan mantentzen da.
Argizaiolak baserriaren eta hildakoaren arteko lotura dira. Argizariz inguratutako egurrezko oholtza horiek –hortik datorkio izena– erabiltzen dira etxeko sua, argia eta beroa elizaraino eraman eta hildako senideen oroimenari eusteko, igande eta ospakizun berezietako mezetan. Argia eta sua hildakoen oroitzapenarekin lotuta dauden bi elementu dira, ez soilik Euskal Herrian, baizik eta mundu osoan. Historiaurrean, etxea bizitoki eta hilobi ere bazen. Gero hilerriak agertu ziren, eta baliteke horien agerpenarekin sortu izana argizaiolen tradizioa, antzinako lotura mantentzeko eta etxe barneko sua hildakoenganaino eramateko. Hilerrietan kandelak piztearen tradizioa ere hortik sortua izan daiteke.
Amezketako baserri bakoitzak, sendi bakoitzak, eliza azpian bere hilobia zeukan Karlos III.aren 1787ko lege baten ondorioz hildakoak kanpora atera behar izan ziren arte. Guztira 160 hilobi baino gehiago daude Amezketako elizaren erdiko korridorearen bi aldeetan. Familia bakoitzak bere hilobia zuen bezala, beraien argizaiola uzteko toki propioa ere bazuten hilobi horien gainean. Argizaiolaren parean aulki bat kokatzen zen meza egin bitartean etxe bakoitzeko ordezkaria jar zedin. Jatorria, esan bezala, ez dago argi; baina arbasoen kultuarekin lotuta dagoen erritoa tradizio paganoaren eta kristauaren arteko sinkretismoaren emaitza izan daiteke.
Argizaiolen forma ez da nolanahikoa, antropomorfoa baita: hots, lau hanka eta nabarmentzen den buru batez osatuta daude. Ekialdeari begira dagoen eliza honetan dauden argizaiolen artean oso gutxik dituzte elementu kristauak apaingarri bezala. Ez gurutzerik, ez iltzerik, ez bihotz sakraturik. 1985ean Antxon Agirre Sorondok egindako ikerketan adierazten den bezala, argizaiola guztien artean soilik hamazortzik izango dute gurutze bat apaingarritzat. Gainerakoetan naturarekin lotutako elementuak agertuko dira, bereziki eguzki itxurakoak. Kontrara, aulkietan bai ageri dira gurutzeak.
Euskal Herriko hileta-tradizioan emakumeen papera oso garrantzitsua izan da beti, heriotzari lotutako erritoan protagonista nagusiak baitziren. Hala bada, argizaiolena emakumeei estuki lotutako ohitura da, etxeetako amandreak baitziren sua piztuta mantentzearen arduradunak. Etxe bateko emakume guztiak hiltzen baziren, ohitura horren testigua seme nagusiaren emazteak, hots, etxeko amandrearen errainak hartzen zuen. Inoiz ez gizon batek. Emakumeak buruko zapi batekin jantzita hurbiltzen ziren elizara; zuria jaunartzea egin gabe bazeukaten, beltza jaunartzea egin eta gero.
Argizariak hainbat bira ematen ditu oholaren inguruan. Badirudi amaigabea dela, egurraren inguruan etengabe biraka egongo dela. Baina ez da horrela. Behin argizaria erreta, argizaiolaren gerriari bilkari berria ipini beharra dago. Horretan ere emakume bat arduratzen zen orain dela gutxi arte Amezketan. Eustasia Sagastume izeneko andreak, etxebizitza eliza alboan duenak, urte luzeetan hartu zuen argizaria eskuz berotu, forma eman eta oholtzan jartzearen ardura.
Argizaiolak, objektuak eurak, herrietan ematen zen banaketa sozialaren adierazle ziren. Garai batean familia dirudunak eliza barruan aldaretik gertuen jartzen ziren, pribilegiozko lekuetan. Familia haien argizaiolek ere apaingarri landuagoak omen zituzten, familia pobreenen argizaiolak askoz lauagoak ziren bitartean. Aurretik aipatutako 1985eko ikerketak ondorioztatu bezala, apaingarriek bere goia jo zuten XVII. eta XVIII. mendeetan, Barroko garaian. Ordutik argizaiolen apaingarriak sinpleagoak eta egur merkekoak izan dira.
Amezketako bizilaguna den Agurtzane Garmendia Arteagak mantelina beltz bat eta opil bat utzi ditu hilobi baten gainean, pizturik dagoen argizaiola baten alboan. Santu Guztien Eguna da eta meza berezia ospatu berri da. Orain gertatzen ari dena simulakro bat da, interpretazio bat. Jada inork ez du opilik uzten hilobien gainean eta amandreek ez dute mantelina beltzik janzten. Galtzen ari den ohitura bat da. Amezketarra gidari dugu Santu Guztien Eguneko meza honetan eta berak azaldu dizkigu ohitura horren ezaugarri nagusiak, baita gaur egungo egoera ere: “Igandero soilik hamabi-hamahiru amandre datoz elizara argizaiolak piztu eta sua zaintzera”. Tristura puntu batekin esan du. Hala ere, aulki hutsak egon arren, argizaiola gehienak piztuta egon dira Santu Guztien Eguneko mezak iraun bitartean. “Etorri ezin direnek besteei eskatzen diete, mesedez, beraien argizaiola piztu eta itzaltzeaz arduratu daitezela”. Garai batean Euskal Herrian barrena zabalduta egon zen ohitura bizirik mantentzen den leku bakarrean ere desagertze bidean egon daiteke. “Herriko andre zaharrak izan dira ohitura hau bizirik mantentzeaz arduratu direnak”, azaldu digu Agurtzanek. “Asko jada ezin dira elizaraino etorri, beste asko hil dira eta badira jende pilaketei beldurra hartu diotenak ere”.
Bitartean, memoria eta ohitura berreskuratzen saiatzen ari dira. Momentuz, elizako zoru azpiko hilobi bakoitzean nor ehortzita egon daitekeen ikertzen aritu dira, zerrenda bat egiteko eta hilobiak sailkatzeko. “Amandreei galdezka ibili gara, banan-banan, nor esertzen zen non, zein sendikoa zuen alboan, eta abar. Horrela mapa moduko bat egiteko gai izan gara”. Hilobi horietako bat ireki digu barruan oraindik aspaldi hildakoen hezurrak mantentzen direla eta gorpuen gainean ibili garela erakusteko.
Amezketako elizako argizaiola guztiak itzali dira. Agurtzaneren azalpenak bukatu eta elizaren ateak itxi dira gure atzean. Igandean berriro su emango diote argizariari Amezketako bizilagunek, gutxi batzuek. Horrela, arbaso zaharren ohitura errepikatuz, etxeko sua beraien senideengana eramango dute, haien oroimenak bizirik dirauela eta beraien ondorengoekin duten haria eten ez dela jakin dezaten.
Heriotzaren gau amaigabea helduko denean, argiak betirako itzaliko direnean, gure gorputza lurrera itzuli, zeruko erreinuan sartu edo unibertsoaren hutsune infinituan betirako galduko denean, gure jendearen oroimenean baino ez gara bizirik mantenduko. Gu bizi bitartean, joan zirenen baina gugan daudenen oroitzapenaren sua pizturik mantentzeko ardura dugu, erretako argizaria aldatu eta eternal bihurtu, euren gogoa kiskaldu ez dadin.
Batez beste, adinez gero eta nagusiago bilakatzen gara ama eta aita, hala diote datuek. Biologiari aurre hartu diote ugalketa teknikek, baina guraso zahar ugariko gizartea izatearen inguruan gogoetatzea falta dela iritzi dionik bada.
Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo... [+]
Groenlandiar jatorriko 411 haur daude tutoretzapean Danimarkan, Gizarte Gaietako, Etxebizitzako eta Adineko Pertsonen Ministerioaren txosten baten arabera. Aitatasun eta amatasun froga psikologikoetan puntuazio baxuak lortzeko arriskua dute guraso groenlandiarrek, frogak ez... [+]
Ikasleen lan politikoa jazartzeko asmoz, Iruñeko Iturraman eta Biurdanan nahiz Bilboko Unamunon izan dira polizia-indarrak, IAk salatu duenez.
Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.
Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.
Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]
Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]
Martxoaren 2an igandea Iruinkokoak berriz ere Iruñeko karrikak hartu ditu.
Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko elikadura erronkei heltzeko asmoz Zestoako... [+]
Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.