“Ez dakit zergatik, baina hemen ez da espero atzerritarrak euskaraz egitea”

  • Hizkuntzak ikasteko aplikazioak egiten ari da Bilboko lanean, autoikaskuntza-metodoak, finean. Edukiak sortzea eta kudeatzea du lantegi. Errusiera-berezilari hasi zen, eta, orain, errusieraz gain, frantsesez eta alemanez ere sortzen ditu edukiak. Damu bat ere badu: “Ez dut euskararekin lan egiten, zoritxarrez”.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Natalia Evseeva. Mosku, 1989

Hizkuntzalaritza Teorikoa eta Aplikatua ikasketak Moskun egina, hantxe hasi zen euskaraz ikasten, Etxepare Institutuaren irakurletza baliatuz. Euskal Herrira etorri zen lehenbizi, 2011n; bizitzera, 2012. urtean, eta kasik hamarkada bat darama gure artean, ikasketak burutzen, doktore tesian eta lanean. Hiru artikulu ditu publikatuak, bata tipologiari buruzkoa, eta beste bi Europako estatu post-sobietarreko hizkuntzei buruzkoak.

Moskun jaioa, Gasteizen eta Bilbon zaitugu aspaldixko.
Moskun jaioa naiz, baina ez ofizialki, hala ere. Ama gure herritik Moskuko ospitalera joan zen nitaz erditzeko garaian. Nire agirietan ez da Moskurik agertzen, SESBen legea baitzen amaren erroldaren arabera ezartzea haurraren jaiolekua, eta, nirea, hiriburutik 200 kilometrotara dago: Tula.

Hantxe hazi nintzen eta hantxe bizi 18 urte arte. Gero bai, Moskura joan nintzen unibertsitate ikasketak egitera. Hizkuntzalaritza Teorikoa eta Aplikatua ikasi nuen; konputazionala, alegia. Baina ni oso txarra naiz konputazionalean eta, beraz, alde teorikotik jo nuen.

Hizkuntzalaritzak ekarri zintuen Euskal Herrira?
Bai. Lehen aldiz, 2011n heldu nintzen, unibertsitateen arteko hitzarmen bat tarteko. Erasmus moduko bat, nahiz eta Errusiaren kasuan ikasle-trukearen programak ez duen Erasmus izenik jasotzen. Baina azken finean gauza bera da. Hala ere, han, Erasmusen ez bezala, kanpoan egiten dituzun ikasgaiak ez dira baliokidetzen etxeko unibertsitatean. Eta, bestalde, gastu guztiak, matrikula izan ezik, nork bere gain hartu behar ditu. Nire kasuan, ordurako, urtea neraman euskara ikasten Moskuko unibertsitatean, Etxepare Institutuaren irakurletzaren barruan. Bi erakundeen arteko akordioa zen. Gaztelania ikasten dutenentzat pentsatuta zegoen, eta ni gaztelania ikaslea ere banintzenez, euskara ikastera joan ahal izan nintzen. Lau hilabete hemengo unibertsitatean ikasteko aukera ere eskaintzen zuen programak, eta etorri nintzen, eta izugarri gustatu zitzaidan Euskal Herriko jendea, bizimodua… Jendeak bere erroei eta kulturari dien atxikimendua. Natura eta klima ere bai, gustatzen zait mendian barna ibiltzea, mendiak asko maite ditut eta nire sorterria, aldiz, nahiko laua da.

Baina lau hilabeteak pasa eta gero, atzera Moskura zu.
Bai. Eta itzuli eta beste urte bat ere ikasi nuen euskara –karrerako azken urtea nuen Moskun–, delako irakurletza horren barruan beti. Leire Orduña izan nuen lehenbiziko irakaslea, eta, hurrena, berriz, Ainhoa Aierbe. Lehen urtean hiru ikasle izan ginen gure taldean. Ondokoetan, gehiago. Urteren batean hamarretik gora izatera ere heldu ginen. Bizpahiru talde izan ohi ginen, mailaren arabera banatuak. Ni, adibidez, nire azken urtean, 2011-2012an, bakarrik gelditu nintzen nire maila “altuan”. Letren fakultatean ari ginen ikasle guztiok, batzuk hizkuntzalaritza ikasle ginen, beste batzuk Espainiar edota Ingeles filologiakoak, eta baziren unibertsitatetik kanpoko ikasleak ere. Gero, unibertsitatekoak ez zirenei ateak itxi zizkieten. Urte batzuetan zenbait elkarlan egin zituzten Cervantes eta Etxepare institutuek, baina urte batzuetan; beste batzuetan, ez.

Zure hizkuntzalaritzaren barruan ikasi zenuen euskara.
Hautazko gaia zen, ez zuen curriculumean kontatzen –nire garaian, behintzat–, kreditu-sistemarik ere ez baitzegoen orduan, zenbait ikasgai jakin derrigorrez ikasi beharra besterik. Garai horretan euskara ez zen norberak hartu nahi zuen karga baizik. Kar, kar… Baina gustura ikasi nuen, batzuetan erraza zen, besteetan zaila, hizkuntza guztien kasuan bezala. Zaila dela esaten dute, eta esan dizut, batzuetan erraza da, beste batzuetan zaila. Hala ere, nire iritziak ez du askorik balio, hizkuntzalaritza ikaslea bainaiz, beste zenbait hizkuntza ere badakizkit… Nire soslaia ez da ohikoa, beraz. Adibidez, euskararen alderdi batzuk oso erregularrak dira: deklinabidea ikasi duzula esaten duzunean, benetan ikasi duzu, erregularra baino erregularragoa delako! Aldiz, errusieraren deklinabidea askoz ere zailagoa da, askoz ere denbora gehiago beharko duzu hura ikasten, salbuespenez beteta baitago, eta zein genero, zein erro mota eta beste hainbat gorabehera hartu beharko baitituzu kontuan.

"Ni ez naiz nor inor kritikatzeko, baina niri dagokidanez, bizi naizen tokiko hizkuntzan hitz egitea gustatzen zait”

Hiru urtean ikasi zenuen euskaraz?
Bai. Tira!, hiru urtean erdiko mailara iritsi nintzen, B1era gutxi gorabehera! Hurrengo 10 urteetan hobetzen aritu nintzen, eta oraindik ere badaukat zer ikasi! Euskara ikasten hasi nintzen lehenbiziko urtea egin eta gero etorri nintzen Gasteiza. Ordurako, nahiko ongi nekien gaztelaniaz. Zenbait eskola jaso nituen [EHUren Gasteizko] Letren fakultatean, gaztelaniaz denak, salbu eta atzerriko ikasleei zuzendutako euskara tartea. Talde txikia ginen, eskola trinkoa zen hura, eta euskaraz gehiago ikasteko balio izan zidan. Lau hilabeteko egonaldi horren barruan aparteko beka bat ere bazen, Etxepare Institutuak emandakoa. Huraxe izan dut bizian jaso dudan beka “normal” bakarra, dena ordaindu baitzidaten, hamabostaldi batean barnetegi batera euskara ikastera joateko. Eta hori ere egin nuen, Lazkaoko Maizpiden. Erabateko murgiltzea izan zen.

Argazkia: Zaldi Ero

Euskara ikasteko leku egokia dugu Maizpide euskaltegia.
Egonaldi hura erabakigarria izan zen. Maizpideko hamabostaldiaren ondoren, erabaki nuen Euskal Herrian denbora luzeago igaro nahi nuela, itzuli egin nahi nuela, hemen eman nahi nituela urte batzuk, baina bizitzen. Karrerako azkeneko urtean izan zen. Tartean, nire bizitzan zer egin ere pentsatzen eman nuen denbora, Moskun gelditu eta lana bilatu, edo Euskal Herrira itzuli eta hemen egin nire bidea. Baina, jakina, errusiarra naizenez ez nuen besterik gabe hona etortzerik, ikasle etortzea beste aukerarik ez nuen, eta masterra egitera etortzea erabaki nuen. Horrela bai, etorri nintekeen. Bestela, ez nukeen hona legez etortzeko modurik, hona sartzekotan familia izan behar baituzu hemen, edo lan kontratua, Errusian zauden bitartean egindakoa! Hau da, ia ezinezkoa. Beste bidea da ikasketak atzerrian egitea, eta horixe egin nuen nik, eta horixe da errusiar askoren plana.

Masterra egiten hasi zinen, hortaz.
Baina konturatu nintzen ez nuela ikasteko gogo handirik, nahiago nuela lan egin, nekatuta nengoela ikasten. Eta, bestalde, hemen ikasle bizitzeak esan nahi zuen gurasoen kontura bizi beharko nuela. Eta hori ere ez nuen nahi. Azkenean, neure bidea egin nuen, lana aurkitu bainuen. Duela hamar urteko kontuak dira. Hainbat lan txiki egin ditut harrezkero. Errusiera klase partikularrak ematen aritu nintzen bi urtez edo. Asko gozatzen dut nire ama hizkuntza irakasten, baina horretaz bizitzea oso zaila da. Hala ere, esperientzia harexek lagundu zidan oraingo lana lortzen. Bi lan handi ere izan ditut, bata Bilbon –horretan ari naiz oraindik–, Guardian bestea.

Arabako Guardian?
Bai. Urte hartan Logroñon bizi nintzen. Lantegi batentzat egin nuen lan, Errusian saldu nahi zuen bere produktua: ardo, vodka eta gainerakoen botilak ixteko erabiltzen diren kapsulak. Errusiako merkatua zabaldu nahi zuten, eta errusieraz zekien pertsona bat behar zuten harremanetarako. Nire pisukide ohiak baten bat ezagutzen zuen lantegi hartan, eta hantxe entxufatu ninduen. Kar, kar… Baina Errusiarekin harremanetan saiatu baginen ere, negozioak ez zuen uzta onik eman, kontratua bukatu zitzaidan, eta kito. Kontratu hura bukatu, eta Gasteiza itzuli nintzen, beste lan bat bilatzeko masterra bukatzen nuen bitartean. Ez zitzaidan ezer ateratzen. Gainera, ikasle paperekin ezin nuen lanaldi osoan lanik egin. Beraz, urte bat-edo errusiera klase partikularrak ematen jardun nuen eta, aldi berean, master amaierako lana idazten. Gero Bilboko lanarekin hasi nintzen, hizkuntzak ikasteko aplikazioetan lanean.

1989an Moskun jaioa, 33 urte dituzu, eta hainbat hara-hona eginak Tulatik honaino: Gasteiz, Bilbo, Guardia...
Bai, zenbait urtetan gauza asko egin ditut, edota gertatu zaizkit, oso urte bete eta trinkoak izan dira. Bestalde, COVID-19 urteak tartean direla, denbora murriztu egin dela iruditzen zait. Aurreko urteak bizi-bizi joan ziren eta, aldiz, pandemia urteak, geldo-geldo.

Eta zein puntutan zaude orain?
Mundu akademikoa hor dago beti. Hizkuntzalaritza ikasi nuenean, ikerketa neukan gogoan. Horixe zen nire asmoa. 15 urte nituenean, oso garbi nekien zer izan nahi nuen: ikerlari. Karreran hasi nintzenean, bestelako asmoak etorri zitzaizkidan: ikerketa eginkizun zaila iruditu zitzaidan, desmotibatu egin nintzen. Eta, bestalde, ikertzetik bizitzea ez da erraza, ez hemen ez Errusian. Ez nuen aurrerabiderik ikusten eta, hortaz, bide hura ixtea erabaki nuen, masterra bukatu nuen arren. Pandemiak, berriz, bizitza birpentsatzeko aukera eman dit, eta doktoregoan eman dut izena EHUren Gasteizko Letren fakultatean, eta horretan naiz denbora erdian. Urtea daramat horrela, baina ez dut askorik aurreratu: ez naiz superwoman-a, ez naiz aldi berean gauza bat baino gehiago egiteko gauza, denbora ondo kudeatzen ere ez dakit. Nahiko kaotikoa naiz horretan.

Kaotikoa, diozu, baina lanean eta doktoregoan ari! Zein duzu ikerketa-gaia?

Hizkuntzalaritzaren barruan, hizkuntzen tipologia da nire arloa, gustatzen zaidan alderdia, hizkuntza ezberdinen ezaugarriak alderatzea, berdintasun-ezberdintasunak aztertzea, denboran zehar hizkuntzaren barruko bateko eta besteko ezaugarriak nola garatzen diren analizatzea. Euskara gustatzen zait, interesatzen zait, eta euskararekin batera, hizkuntza kartvelikoak; Georgian hitz egiten direnak, alegia. Arbasoak hangoak ditut, nahiz ni errusiera elebakarra naizen. Ama-hizkuntza errusiera dut, baina beti izan dut Georgiarekin lotura, edo lotura izaten saiatu naiz. Doktoregoan ere hizkuntza kartvelikoak hartu ditut aztergai: aditz-forma jakin batzuetan erabiltzen diren kasu markak aztertzea dut helburua, ondoren euskararen kasuan, georgierarenean eta munduko zenbait hizkuntzaren kasuan ere, gauzak nola diren alderatzeko.

Zergatik lotu zintzaizkion, aukeran, euskara ikasteari?
Bestelako hizkuntza bat ikasi nahi nuelako. Tipologia gustatzen zaidala esan dizut, eta, Moskuko unibertsitatean, georgiera klaseen bila ari nintzela, errazagoa izan zen euskara ikasteko klaseak aurkitzea, georgiera ikastekoak baino. Tira!, hori egoera politikoari ere zor zitzaion, zeren 2008-09 hartan bi herrialdeen arteko harremanak ez zeuden onenean. Orain bestelakoa da egoera, eta georgiera klaseak eta georgiera irakasle partikularrak nahi beste dituzu. Garai hartan ez zen halakorik. Garai hartan, Moskuko unibertsitatean, gure fakultatean, hainbat irakurletza ziren: euskara, katalana, finlandiera…

Irakurletza haien guztien artean, zuk euskara hautatu zenuen...
Bai, aspaldi entzuna nuen hizkuntza misteriotsua zela, arraroa… estereotipo guztiak! Kar, kar… Bazen euskara irakurletza, eta nire departamentuan ere bazen euskara interesatzen zitzaion irakasle bat, Aleksandr Arkhipov. Urte batean, halako ikastaro bat ere eratu zuen, hizkuntzalarioi zuzendua, euskararen gramatikari buruz, eta orduantxe hasi zen benetan nire euskara zaletasuna. Euskal Herrira etorri baino lehen izan zen. Gero, graduko lana ere irakasle harekin egin nuen. Euskarari buruzko giroa bazegoela esan nahi dut.

Hizkuntza misteriotsua euskara, Kaukasoko hizkuntzekin harremana zuela ere esan izan da.

Bai, hori oso ideia zabaldua da Errusian. Hara joan orduko, euskalduna zarela esan eta jendeak laster ezagutuko zaitu. Esan nahi dut, ETA aipatuko dizutela lehenik, eta zuen hizkuntzak Kaukasoarekiko duen lotura, bigarren. Bi estereotipoak, alegia. ETA desagertu denez, orain hizkuntzen arteko lotura, gastronomia, paisaia eta bestelako batzuk aipatuko dizkizute. Bitartean, hango eta hemengo hizkuntzen artean loturarik dagoela ez du inork frogatu.

Arestian esan diguzu zure garaian georgiera klaseak aurkitzea baino errazago izan zitzaizula euskarazkoak aurkitzea. Egoera politikoa ei zen arrazoia. Errusiaren eta Europako gainerako estatuen arteko harremana beti izan da zaila…

Erraza, ez, behintzat.

Orain ere hortxe dugu gerra, Errusian eta Ukrainan.

Bai, baina ez dut horretaz ezer esango, zeren urtea hasiz geroztik behin eta berriz kontaktatu bainaute batzuek eta besteek horretaz hitz egiteko.

Bihur gaitezen hizkuntzara, hortaz. Zenbait ikerlan publikatuak dituzu eta, besteak beste, Moskun egindako kongresu batean euskararen hizkuntza politiken gainean jardun zenuen, Zuberoako kasua aztertuz.

Estandarretik urrunena dagoen euskalkia da zuberera, hango hiztunek ez dute lotura handirik batuarekin eta, horrekin batera, zubererari atxikimendu handia diote. Bada ikerlan bat, Hariñordokik egina, eta dio hiztunen %71k uste duela eskolan zubererari eman behar zaiola lehentasuna, eta ez batuari. Lege-babesik ez du zubererak, baina hainbat lan egiten dira zubererari eusteko. Esan dut, lehenbizi eskolatzen direnean, ikasleek zubereraz ikasten dute, ikastolan bertan, murgiltze ereduan. Bestalde, zuberera oso presente dago kulturan, maskaradetan, pastoralean, dantza-klaseetan eta kantuan. Eta, azkenik, zubereraz inprimatzen dira gauza asko, eta Xiberoko Botza ere hor da, zubereraz, baita zenbait film eta eduki digital ere. Horretaz ari naiz artikuluan, Frantziako hizkuntza politikaren eta Molac Legearen argitan.

Gure errusiarra Zuberoaz interesaturik dago...
Bai. Ibilita nago Zuberoan, asko gustatzen zait eskualde hura. Batua ikasi eta gero, beste erronka baten bila nenbilela, zuberera ikasten hasi nintzen. Barnetegian izan nintzen, duela hiru urte, eta harrezkero zenbait egonaldi egin ditut han.
Errusiarra, euskaraz ikasia. Hemen askok ez du halakorik egiten...

Hizkuntzalari frikia naizelako ikasi nuen euskara. Hemen, berriz, jendeak arrazoi praktikoengatik ikasi ohi du euskaraz. Egia esan, Errusian eta Euskal Herrian eta toki guztietan, arrazoi praktikoengatik ikasten ditu jendeak hizkuntzak. Orain ingelesez ikasi behar omen da, eta hor ari zaizkigu tar-tar-tar. Euskal Herrian, askok ez dute ikusten euskaraz ikasteko beharra, lotura emozionalik ere ez dute euskararekin… Ni ez naiz nor inor kritikatzeko, baina niri dagokidanez, bizi naizen tokiko hizkuntzan hitz egitea gustatzen zait. Hala ere, ulertzen dut bakarrik beharrezko duen hizkuntza ikasten duen jendea. “Halako egin behar dut diru gehiago irabazteko? Bada, egingo dut. Beharrik ez dudala? Ez dut egingo”. Halaxe.

Argazkia: Zaldi Ero

Eta, laster, Euskaraldia.
Eta jarriko ditugu txapak, eta hitz egingo dugu euskaraz. Tristea da, jendeak euskaraz ikasten du, baina ez du hitz egiten. Eta, hala ere, euskara Errusiako zenbait hizkuntzarekin alderatu, eta oso egoera onean dago. Errusiako hizkuntza askok euskarak bere eremuan duena baino askoz presentzia txikiagoa dute, toki guztietan ere!, izan eskolan, izan gizartean. Eta transmisioa bera ere, askoz ere eskasagoa da Errusiako hizkuntza askoren kasuan, euskararenean baino.

"Batua ikasi eta gero, beste erronka baten bila nenbilela, zuberera ikasten hasi nintzen barnetegian, eta  harrezkero zenbait egonaldi egin ditut han”

“Jarriko ditugu txapak”, esan duzu. Eta egingo dugu lehen hitza euskaraz?
Nik nekez egiten dut lehen hitza euskaraz, eremu ez euskaldunetan, bederen; alegia, hiriburuetan, edo aurrean daukadana euskalduna den, ez den, zalantza handia daukadanean. Herri euskaldun batean edo giro euskalduna dagoen tokietan, berriz, ezezagunekin ere euskaraz hasteko arazorik ez dut, eta gainera asko gustatzen zait. Bestalde, inora tramiteren bat egitera joan, nire agiriak erakutsi, eta badakit nire izena irakurri eta nik euskaraz hitz egiteak harridura sortuko duela, edo gaizki-ulertua. “Ea, hemen bada okerren bat. Zer ari da izen arraroak dituen neska hau euskaraz?”. Eta, jakina, tramite bat egiten ari zarenean, nahi duzu hura bete eta libre irten. Hargatik kostatzen zait asko lehen hitza euskaraz egitea. Ez dakit zergatik, baina hemen ez da espero atzerritarrak euskaraz egitea. Elkarrizketa egitea eskatu zenidanean ere, horixe pentsatu nuen: “Beste behin, euskaraz ikasi duen atzerritarraren papera jokatu beharko dut!”. Kar, kar…

Horixe zure rola!
Bai. Atzerritarrak euskaraz ikastea ohikoa balitz, ez ginatekeen hemen egongo! Kar, kar… Batzuetan nekagarria da!

                                                                                                   *          *          *

AUKERAN, GASTEIZ

“Txikitan hiri handian bizi nahi nuen. Ni jaio nintzen hirian, Tulan, milioi erdi biztanle-edo gara. Moskun, 20 milioi, beharbada?… Moskun bizi nahi nuen, baina han bizi eta gero, kontrakoa nahi dut. Orain Bilbon bizi naiz, eta Bilbo bera ere handia iruditzen zait. Aukeran, nahiago Gasteiz. Lotura handiagoak ditut Gasteizen, eta haraxe nahiko nuke”

EUSKAL KANTA

“Asko gustatzen zaizkit euskal kantak, hunkigarriak iruditzen zaizkit. Uste dut herri-kanta gehiago dakizkidala euskaraz, errusieraz baino, han oso galduta daude-eta. Klasiko guztiak maite ditut, Mikel Laboa-eta. Ni etorri nintzenerako hila zen Mikel Laboa, baina euskaraz ikasterakoan, haren hainbat kanta kantatzen genituen. Etorri nintzenean, berriz, modan zegoen Berri Txarrak. Zea Mays ere asko gustatzen zait. Garai batean asko entzuten nuen euskal musika. Baina aurtengo diskorik ez galdetu, ez dakit eta!”.

SOINUJOLEARENA

“Garai batean zail egiten zitzaidan euskaraz irakurtzea, baina orain ez, eta gehiago ari naiz euskaraz irakurtzen, batere sufrimendurik gabe, eta hiztegira ere behin eta berriz hitz baten esanahiaren bila jo beharrik gabe. Esate baterako, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea asko gustatu zait. Karmele Jaioren hainbat liburu ere gustura irakurri ditut”.

AZKEN HITZA

NATURAL

“Oso natural sentitzen naiz euskaraz ari naizenean, oso naiz ni neu. Oso atsegin dut euskaraz hitz egitea, euskaldunekin biltzea eta euskaraz hitz egiten dutenak ezagutzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Atzerritar euskaldunak
Yasmine Khris Maansri, itzultzailea eta kazetaria
“Euskara mitifikatu dugu, komunikatzeko balio duen hizkuntza ez balitz bezala”

Euskaraz gain, frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz, portugesez eta galegoz egiteko gai da 24 urteko marseillarra (Frantzia). Urte eta erdian ikasitako euskarari esker kazetari lanetan ari da Iruñean. Nerabea zenean ingelesa menperatzea zen bere ametsa. Orain, Aljeriatik... [+]


Marija Louvric, Kroaziatik etorria
“Hau Euskal Herria da, jendeak euskaraz hitz egiten du eta ikasi egin behar nuen”

Marija Louvric Kroazian jaio zen 1988an, Kroazia iparraldeko Osijek hirian, baina Belisce herrian hazi zen, barnealdean. 2017an iritsi zen Zestoara, euskararik eta gaztelaniarik ez zekiela. Iritsiaz bat eman zuen izena Zestoako AEK euskaltegian eta gaur egun euskara da herrian... [+]


2019-02-05 | Mikel Asurmendi
Dylan Inglis
“Euskara ikasita, atzerritar euskaldunok leku berezia daukagu euskal gizartean”

Dylan Denny-Stearn Inglis, Ingalaterrako Devon probintzian jaioa da, 1998an. Duela bi urte, Durham unibertsitatean giza zientziak ikasten ari zela, urte sabatikoa hartu zuen Euskal Herrira etorrita euskara ikasteko. Iazko abenduan EGA titulua erdietsi zuen. Bost mintzaira daki:... [+]


Kasia Mirgos, euskara ikasi duen poloniarra
“Euskara ezagutu eta ikertzeak bizitza aldatu zidan”

Kasia Mirgos poloniarrak primeran egiten du euskaraz, baina berari, horrek ez dio harridurarik eragiten. Uda Orion pasa ostean, herriarekin maiteminduta itzuli da etxera.


Eguneraketa berriak daude