“Umorearen esparruan gure espazio propioak sortzeko gai izaten ari gara, ‘establishment’ean egon beharrik gabe”

  • Duela bi urte finantza-erakunde batean lan egiten zuen jurista mileurista gisa. Gaur egun, 440 mila jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen, Spotifyko adituenen zerrendan dago Saldremos mejores podcastarekin eta Gen Playz saioko aurkezlea da, bertzeren artean, Inés Hernand (Madril, 1992) komunikatzaile eta komikoa. Agenda goraino beteta duen arren, tarte bat egin digu Madrilgo zentroan bere ibilbideaz luze eta zabal solastatzeko.

Argazkiak: David F. Sabadell.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Madrilen jaio zinen, 90eko hamarkada hasieran. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Berezia. Alaba bakarra naiz eta nahiko bakartia izan zen. 6 urte bete arte ez nintzen eskolara joan, amatxirekin pasa nuen denbora anitz, gurasoek, biek, lan egiten zutelako. Eskolaz aldatu nintzen sarri, nola ez, nik erabaki ez nituen arrazoiak tarteko. Haurtzaro arruntetan ohikoak ez diren bizipen eta erantzukizun goiztiarrak izan nituen. Horrek inteligentzia emozionala edo enpatia garatzea ahalbidetu zidan, baina, era berean, antsietate kronikoa izan dut beti. Haur bat helduen inguru batean bizitzen jartzen duzunean, egoera kudeatzeko tresnarik ere ez duenean, estutasuna eragiten diozu, halabeharrez. Era berean, pribilegiatua izan naiz, eskolara joan eta zer jan edo non lo egin izateko aukera izan dudan heinean, edonork ez du izan hori dena…

Noiz hasi zen zure sozializazio politikoa?

Institutu garaian bizi izan nuen esperientzia traumatiko baten harira piztu zitzaidan. Erabat isolatuta gelditu nintzen, DBH 1en, mundu guztiari nazka ematen niolako, mutil bati felazio bat egin ondoren. Erabat naifa zen, nire ustez: ez nuen sekula heziketa sexualik izan, gurasoek ez zidaten inoiz hortaz hitz egin, 13 urte nituen eta nire bikotekideari muxu bat eman nahi nion, erabat normala iruditu zitzaidan… Baina inguruko jendeak babestu ordez, irakasleek barne, urde zikina izatea leporatzen zidaten. Noski, eskolaz aldatzea eskatu nuen, bullying-a egiten zidatelako, baina ezinezkoa izan zen. Zorionez, DBH 2n nire lagunik hoberena ezagutu nuen, Andrea Compton, eta hortik aurrera laguntasun zoragarri bat hasi zen. Errotiko aldaketa egin nuen, estetikoa eta zentzu guztietan. Nire erantzuna iraultzailea izan zen, argi eta garbi, izan ere, hori bazen aurrean nuen gizartea, nik aldatu nahi nuen.

Zertan oinarritu zen aldaketa hura?

Anitz irakurtzen hasi nintzen. Garai hartan, gainera, Madrilgo Erkidegoan Esperanza Aguirre zegoen agintean eta gauza ikaragarriak gertatzen ziren egunero; Madrilgo Asanbleako botazioak lotsagarriak ziren, Alberto Ruiz Gallardón-en kudeaketa publikoaren ondorioz, zorrak geroz eta gehiago ziren… Dena zen doilorra. Testuinguru hartan, irakurketaren bitartez disidentea izaten hasi nintzen, edo, gutienez, dena zalantzan jartzen. Bitartean, gizartea ez zuen ezerk izutzen: nire belaunaldia lozorroan zegoen. Une garrantzitsua izan zen, nire nortasuna eraikitzen hasia nintzelako orduan.

Komunikazioan ari zara lanean gaur egun, baina Artearen Historia eta Zuzenbidea ikasi zenituen. Nolatan?

Kazetaritza ikasi nahi nuen baina notak ez zidan eman unibertsitate publikoan sartzeko, bortz hamarren faltatu zitzaizkidan… Madrilgo Complutense unibertsitatean bi urtez ikasi nuen Artearen Historia eta, gero, UNEF unibertsitatera aldatu nintzen, Londresen pobrearen Erasmusa egiteko. Gurasoek Zuzenbidea ikastea nahi zuten, eta noski, 21 urte nituela, aitak erraten bazuen nik egindako bihurrikeria guztiak –alegia, bat ere ez– barkatuko zituela eta estimuz begiratuko ninduela, komuna miazkatzeko gai nintzen. Okerrena da bi urte geroago berriro ere solastatzeari utzi zidala, eta gaur arte. Baina ikasketak bukatu nituen eta baliagarria izan zitzaidan. Gero abokatutzaren masterra egin nuen, zuzenbide publikoan espezializatu eta bulego batean sartu nintzen. Lazgarria izan zen, bertan prekarizatuta nintzen erabat, eta erakunde finantzario batean jurista mileurista gisa hasi nintzen lanean. Gero etorri ziren pandemia eta sare sozialak. Eskerrak lanak aukeratu nauen ni, bertzela…

Lan testuingurua erabat aldatu zaizu bi urtetan.

Bai, baina gauza bat argi dut. 16 urte nituenean hasi nintzen lanean. Egia da gauza anitz aldatu zaizkidala: soldata, lan baldintzak, eta ehundaka kontu gehiago hobetu zaizkit. Baina lanarekin konpromiso bera dut orain eta KFC Fried Chicken jatetxean patatak frijitzen edo komunak garbitzen nituenean.

“Nire pribilegioak erabiltzen ditut isilduta dauden gutxiengoak ikusarazteko, umoreari tartea utzita”

Gazteengana zuzentzen zara, gehienbat. Prekaritatea nagusi da han eta hemen.

Bai, eta berdin dio lanbide arteko gutieneko soldata 5, 15 edo 100 euro igotzen badute. Etxebizitza merkatua arautzen ez den arte, edo gutieneko errenta unibertsala edo osasun mentalarekin zerikusia duten bertze hainbat eskubide bermatzen ez diren bitartean, ezin da prekaritatea bukatu. Ni, zentzu horretan, pribilegiatua sentitzen naiz eta pribilegio horiek erabiltzen ditut isilduta dauden gutxiengoak ikusarazteko, beti ere, umorearentzat tartea utzita.

Agerpen mediatikoak nola eragiten dizu emozionalki?

Zorionez, heldua izanik harrapatu nau. Amets bat da, sistema prekarizatuta dagoelako erabat. Baina zuk jakin nahi duzu tenteldu naizen, ezta? Tira, ni ez naiz kaletik ikaragarri jazarrita dagoen profila, jendea orokorrean adeitsua izaten da nirekin topo egiten duenean. Eta bai, pitzatuta nago gauza txikiekin, adibidez, kapritxoekin. Orain ahuakatea jan dezaket astero, astearte batean jatetxe begano batean afaldu dezaket edo bidaia bat egin... Funtsean, eskertuta nago eta une hau besarkatzen dut ez baitakit bihar zer gertatuko den…

Zure agerpen publikoetan ahoan legarrik gabe hitz egiten duzu. Beldurtzen zaitu horrek lan eskaintzak gutitzea?

Independentea naiz, zu bezala. Autonomo gisa lan egiten dut eta hori da nire balioa. Badira hainbat espazio aintzakotzat hartzen nautenak eta bertze batzuk ez. Baina, noski, kezkatzen nau, batez ere hasieran. Adibide bat jarriko dizut: duela guti, Forbes Best Influencers 2022 gala aurkeztu nuen, eta eurak ez dira bereziki nire kausaren zaleak... Baina, nik eskertzen diet espazio hartan egoteko aukera eman zidatelako, sinbolikoki garrantzitsua baita; ez ninduten proposatu banatu zituzten sarietarako, baina, hainbat kontutatik erabat urrun bizi diren eta ikaragarri pribilegiatuak diren influencer anitzen ondoan egoteko aukera izan nuen. Eta ni bezalako neskatila batek, bere garaian zerbitzaria izan zena, etxeak garbitu edo kuleroak lisatu zituena, gala hori aurkeztea erranguratsua da.

“Egongo da gezurrezko betileak jartzea proletarioegia ez dela pentsatuko duenik, baina irudi estetikoa politika da niretzat”

Prekaritatea aipatzen duzula, elkarrizketa hau eskatu genuenean, zure estilismo eta makillaje gastuak ordaintzeko 300 euroko aurrekontua eskatu ziguten. Elkarrizketa egiteagatik nik gutiago irabazten dut; kazetaritza dagoen moduan, ez dakit norbaitek ordaindu ahal izango duen.

Ez, ez zuk, ezta Prisak ere. Baina estilismo eta makillajearena irizpide bat da, bertze edozein bezala. Horregatik, elkarrizketa egiten ari gara saio bat bukatu ondoren, makillatuta natorrela aprobetxatuz. Agerpen publiko bat egiten dudanean zaindu nahi izaten dut nire irudia, bertzerik gabe. Noski, erran beharrik ez dago 300 euro horietatik nik ez dudala ezer ikusten. Eta, bai, performance honetan egongo da gezurrezko betileak jartzea proletarioegia ez dela pentsatuko duenik, baina niretzat irudi estetikoa politika da. Eta, bide batez, horrek ere lana ematen dio talentu handiko hainbat gazteri.

Hori bai, eskertzen dizuegu estilismoa ordaindu gabe elkarrizketa egiteko aukera eman izana.

Noski, horrela egiten dugu beti. Nik ere eskertzen dizut galdera hau, argitzeko aukera ematen didazulako. Posible duguna egiten dugu, eta funtsean, hori da bizitzeko gutieneko errenta.

2021ean RTVEren Playz espazioak entretenimendu programa hoberenaren saria irabazi zuen. Zeurea ere bada saria, Gen Playz aurkezten baituzu. Nola jaso zenuen?

Hagitz harro. Bide batez, aldarrikatu nahiko nuke kazetarien lana. Sari hagitz garrantzitsua izan zen talde guztiarentzat. Gen Playzen 240 saio baino gehiago egin ditugu eta anitz lantzen ditugu etortzen diren profilak. Ezinbertzeko saioa da, eta ongi funtzionatzen ari da.

Kazetaritzaren osasunak kezkatzen zaitu?

Izugarri. Fakenews-ek eta clickbait-ek kezkatzen naute, eta gutieneko irizpidea duen edonori kezkatzen dion guztiak, noski. Baina, era berean, harrotzen nau kazetaritzaren hainbat sektorek borrokatzen duzuen guztiak, profesional independenteak izan eta kalitateari kopuruari baino garrantzia handiagoa emateko.

Plataforma digitalek kontsumo joera aldatu dute. Badago uste duenik hedabideak ordezkatzeko etorri direla. Zer deritzozu?

Inolaz ere ez. Espainian 45 milioi biztanle daude, horietatik 5 milioi 15 eta 25 urte bitartekoak dira eta kontsumo jakin bat egiten dute. 25 eta 35 urte bitartekoek bertze gauza batzuk kontsumitzen ditugu, seguruenik zerbait mistoagoa.  Eta, 65 urte baino gehiago dituztenek, zehazki biztanleriaren %20ak, prentsa idatzia eta telebista tradizionalagoa ikusten dute gehiago. Tira, ezin dut etorkizuna aurreikusi, baina, gaur egun, ezin hobeki elkarbizitzen dira.

“Emakumeoi subjektu politiko gisa akatserako tarte gutiago uzten digute”

Azkenaldian plataforma digitalen eta sare sozialen bitartez ikusgarritasuna lortu duzuen emakumeen belaunaldi berriko kide zara. Merezi dugun tokia hartzen ari gara?

Penelope Cruz aktoreak Pikara Magazineko kazetari Andrea Momoitiori erran zion bezala, ez. Inolaz ere ez. Establishmentean ez dago espazio konpartiturik. Are gehiago, saihesten ari da. Gertatzen dena da orain arte bazegoela erabat ahaztuta zegoen audientzia bolumen jakin bat eta, bat-batean, kontsumitzen hasi da. Adibide argiak dira Estirando el Chicle edo Nerearekin [Pérez de las Heras] batera aurkezten dudan Saldremos mejores. Gizarte eta politika espazioak dira eta astero entzute handiak dituzte. Interesa pizten dute.

Komedia betidanik izan da eremu matxista. Joera aldatzen ari da?

Noski, eta orain ez dago umorearen kontraeredurik. Hau da, duela hainbat urte Patricia Conde zegoenean, bere kontraeredua izan zen Eva Hache. Baina, gaur egun, ereduak erabat lausoak dira. Badago jendea minbiziaz solastatzen dena, edo jendea makillatzeko esponjak hizpide dituena, eta grazia egiten dute berdin-berdin. Hori ere gertatu da sare sozialen demokratizazioari eta gaur egungo kontsumo ereduari esker. Baina, hala ere, emakumeen partaidetza handitu beharra dago, oraindik ere.

Emakume izatea zailagoa da umorista zarenean?

Emakume izateak zailtzen du edozein gauza egiteko sarbidea, batez ere, ikuspegi intersekzionaletik egiten baduzu. Eta, emakumea izateaz gain, arrazializatua bazara eta seme-alabak badituzu, zer erranik ez! Baina, erranguratsuena da umorearen esparruan geure espazio propioak sortzeko gai izaten ari garela, establishmentean egon beharrik gabe. Garai batean jendea irrikatzen zegoen Wyoming-en alboan egoteagatik, gaur egun podcast bat egiten du eta kito.

Bukatu aurretik, nola bizi duzu Madrilgo testuinguru politikoa?

Ziurgabetasunarekin, beti bezala. Diktaduraren ondotik ez da testuinguru politiko lasairik egon Espainian. Gaur egun, Espainiako Kongresuan erdiak neokaudilloak dira eta bertze erdiak jende bitxia. Badago konpromiso politiko handia duen baten bat, politika afektutik eraikitzeko saiakeran dabilena, baina ikaragarri zaila izaten ari da gizarteari helaraztea. Eta, gainera, gazteek paso egiten dute. Ikaragarria da.

Testuingurua polarizatuta dago erabat. Feminismoa ere hala ikusten duzu?

Polarizazioak eztabaida guztiak suntsitzen ditu, eta feminismoa ez da libratzen. Eta pribilegio patriarkalak betikotzeko interesak hori bilatzen du, mundu guztiari helaraztea baietz, feminismoa polarizatuta dagoela. Baliteke hainbat kontutan kontsentsua egotea, baina, proiektatzen den irudiak egoera larritzen du eta, azkenean, emakumeon eskubideak babestu nahi dituen mugimendu sozialaren fokoa galtzen dugu.

Duela guti Estirando el Chicle saioak sortu zuen eztanda ikaragarria, polemika baten ondorioz. Gidatutako kanpaina mediatikoa izan zela uste duzu?

Zalantzarik gabe. Komunikabideak, ezagutza sakonik gabe, polemikak ugaldu eta epaitzeko arduradun nagusiak dira. Kasu horretan ez dut gehiegi sakonduko, baina, argi dut emakumeoi subjektu politiko gisa akatserako tarte gutiago uzten digutela eta foku handiagoa jartzen dutela guregan. Eta hori ikaragarria eta erabat bidegabea da, lagun anitz baztertzeko arriskua dagoelako, arrazoi sinple batengatik: hanka sartzeko beldur izatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorea
'Barraka' saioa
Apustua ETBk, baina bigarren planoan

Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.


Maria Rivero
“Umorea oso maskulinoa da oraindik, gauza asko aldatu beharra dago arlo horretan”

Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.


Umorea

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude