“Batzuetan ausardia falta zaigu euskal literaturan”

  • Goiatz Labandibarren (Oiartzun, 1985) Amez liburuko istorioek ardatz tematiko bera dute, amatasuna, baina esperientzia horren ertz ugari aurkituko ditu irakurleak aurtengo otsailean Alberdania argitaletxean publikatu den ipuin-bilduma horretan. Oiartzunen, Labandibarren jaioterrian, hitz egin dugu idazlearekin.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Atentzioa ematen du liburua irekitzen duen testuak: baratzeko lehen tomatea eta amatasuna konektatu dituzu. Nola sortu zen ipuin hori?

[Barre egin du] Egia da ez dela espero den zerbait eta horregatik da lehenbiziko narrazioa, pixka bat eskemak hausteko ere izan daiteke. Abiapuntu erreala dauka istorio horrek: duela lau bat urte baratzea egiten hasi ginen, tomateak jarri genituen eta lehenengoa sortzen ikusi nuenean kristoren emozioa sentitu nuen. Kuadrillako bati, zeina ama zen, esan nion: “Orain ulertzen dut zer sentitzen den lehen ekografia ikustean”. Berarentzat sumingarri samarra izan zen komentarioa, tomate batekin konparatu nuelako bere alaba, baina... niretzat momentu zoragarria izan zen hura, eta hortik idatzi nuen istorioa. Beste liburuetan ez dut egin izan, baina honetan erabaki kontziente bat hartu behar izan nuen idazten hasi nintzenean, banekien narrazio-sorta bat idatzi nahi nuela amen inguruan eta ipuin hau hasieratik sartu nuen.

Benetako gertakari batean oinarritutako ipuin horrez gain, gutako askok ezagutu dezakegun jende mota ere agertzen da Amez-en.

Istorio guztiek daukate abiapuntu konkretu bat eta askok abiapuntu erreal bat, nahiz eta denak fikziozkoak diren. Hori ere bilatzen nuen, demostratzea bizitza erreal honetan ez dagoela inor perfektua denik, eta horregatik inor ez dela okerragoa. Baina bai, ipuin horietan daude nire ama, nire amona, nire lagunak... pertsona errealak, nahiz eta oso makillatuta agertu eta oinarri gisa pertsona horien gertakari txiki bat hartu.

Amatasuna ipuin guztietan agertzen den arren, oso ardatz desberdinekin agertzen da artikulatuta. Kanpokoak ipuina, adibidez: bere umea hil duen ama baten istorioa da, baina arrazakeriari buruzkoa ere bai.

Esan izan dut gai unibertsalenaz hitz egiten ari naizela liburu honetan, mundu guztiak duelako ama bat, aitortua edo ez aitortua. Eta badago sineskeria bat-edo, esaten duena emakume bat ama denean ama besterik ez dela. Baina emakume horrek pertsona izaten jarraitzen du, bere zaletasunekin, bere fobiekin... bere izatearen parte izango da amatasuna, baina beste zati askok osatzen dute emakume hori. Orduan, ezinezkoa da ama bati buruz idaztea beste gauzei buruz hitz egin gabe.

Justu istorio horretan, autokritika bat ere badago gure gizarteari eta ditugun estereotipoei. Amatasunaren inguruan badaude dekalogoak zer den ona eta zer den txarra esateko, baina denaren inguruan dauzkagu horrelakoak: zer den onargarria, bertakoak ze onak garen, kanpokoak ez direla hain onak, baina batzuk hobeak direla... Eta azken finean aitzakia ona dira gizarteari begiratzeko eta hausnartzeko.

Rosa Luxemburgen bizitzako azken uneak fikzionatu dituzu Antonina ipuinean. Zer interesatu zaizu haren bizitzatik material literario gisa?

Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea [Elkar, 2016] irakurri nuenean, ikusi nuen Luxemburgek nola aldarrikatzen zuen “natalitate-greba” egitea. Horrek arreta eman zidan, ez nuen sekula entzuna, eta proiektu honekin hasita nengoen dagoeneko. Gero irakurri nituen Sophie Liebknecht-i kartzelatik idatzi zizkion gutunak eta hasi nintzen bere bizitzan sakontzen. Figura historiko bezala ezagutzen nuen, baina Rosa Luxemburgek ez balu natalitate-greba hori aldarrikatu izan, nik ez nuen istorio hori sortuko. Berak horretaz egiten zuen tesia oso interesgarria da, zergatik greba bat, zer kate moztuko litzatekeen. Ez zuen arrakasta handirik izan ezta beraien zirkulu politikoetan ere, baina pentsatzen jartzen bazara, erabat logikoa da aldarrikatzen zuena. Gainera Luxemburg ez zen inoiz ama izan, erabaki kontzientea izan zen berarentzat amatasunari uko egitea, eta hori ere amatasunari buruz hitz egiteko modu bat zen. Gaur egun gehiago hitz egiten da horretaz, baina oraindik baditu bere tabuak.

Ez da liburuan jazarpen politikoa jasan duen emakume bakarra, Desagertuak ipuina da beste adibide bat. Errepresioak amaren identitatea nola puskatzen duen kontatu nahi izan duzu; edo nola egiten dion uko emakume batek bere ama figurari militantziagatik?

Esango nuke beste zerbait dela: nola egoera horrek, jazarpen politikoak, kasu honetan emakume horri aukera ematen dion beste identitate bat sortzeko; eta aurreko bizitzatik uko egin nahi dien gauzei uko egiteko, tartean bere alaba. Bueno, bere alabari eta bere nortasun guztiari. Erabat fikziozko istorioa da, ez dago benetako historia batean oinarritua, baina interesgarria iruditzen zait damutzeko aukera hori eta uko egiteko aukera hori, ulertuko ez genukeena –eta igual istorioan ere ulertzen ez den zerbait bezala aurkezten dena–.

"Gai unibertsalenaz hitz egiten ari naiz liburu honetan, mundu
guztiak duelako ama bat, aitortua edo ez aitortua"

Perfektua ipuineko protagonistaren erabakiaz ere antzeko zerbait esan liteke: haur bat eduki ondoren, bigarren ume batez haurdun geratu eta abortatzeko asmoa dauka.

Uste dut asko hitz egiten dela ama izatearen hautuaz eta abortatzeko aukeraz, baina ematen du abortua gazteentzako zerbait dela, nahi gabe geratu bazara eta zure bizitzan oraindik ez bada momentua. Edo drama baten ondoren egiten den zerbait bezala, bortxaketa bat jasan duen norbaitek hartzen duen erabakia bakarrik balitz bezala. Eta ipuinean planteatzen da ea haur bat baduena gehiago izatera kondenatuta ote dagoen. Berak ama ona dela dio, baina ez du nahi beste umerik, eta uste dut horrelako gauzak oraindik ez direla onartzen.

Horrelako gaiez aritu arren, ironia eta umore asko dario liburuari.

Ironia oso tresna erabilgarria da gure miseriak azaleratzeko modu sotilagoan, inor hainbeste mindu gabe, bortitza izan gabe. Eta barre egiteko ere bai, zeren gero hor jende askok bere burua ikusten du islatuta. Horregatik erabiltzen dut dezente nire idatzietan. Askotan sumatu izan dut inguruan, ama izateari buruzko zerbait txarra kontatu behar denean, erruduntasun askorekin kontatzen dela, sakrilegio bat egiten ariko bazina bezala, zeren, teorian, “zure bizitzako gauzarik onena” izan beharko luke; eta hori traizio egiten ariko bazina bezala da. Eta liburua argitaratu denetik jendeak esan dit bere burua ikusi duela ipuin batzuetan. Eta onera. Egia esan, istorioen mamia orokorrean ez da bereziki dramatikoa, detaile txikiak dira, eguneroko bizitzako gauzak. Horrek ere eman dit aukera ironizatzeko.

Fikzioak askatasun handiagoa ematen du agian gai honetaz jarduteko, saiakera-liburuek baino?

Esango nuke berez baietz, nahiz eta liburuaren bukaeran aipatzen ditudan beste zenbait libururen artean badagoen bat, Contra los hijos izenekoa (Seme-alaben kontra), Lina Meruane idazle txiletarrarena: oso dibertigarria da, barre egiten duzu... eta saiakera bat da. Ez dut uste saiakerak seriotasun absolutu bat inplikatzen duenik. Igual kontua, hori baino gehiago, da orain arte ez dela gehiegi idatzi gai honetaz. Niretzat harrigarria ere bada neurri batean: ama asko agertzen dira literaturan, baina normalean ez dira protagonistak, protagonisten amak baizik, euskal literaturan behintzat. Uste dut Arantxa Urretabizkaia izan zela lehenengoa Zergatik panpox-ekin [Hordago, 1979] ama bat protagonista bihurtu zuena, eta ez da kasualitatea. Idazle guztiek interesatzen zaigun gai baten inguruan idazten dugu eta kuriosoa da orain arte asko ez erreparatu izana. Eta adibidez Katixa Agirreren Amek ez dute-n [Elkar, 2018] agertzen den ama-begirada hori, nola saiatzen den ulertzen “ama txar” bat izan daitekeena, uste dut eskertzekoa dela. Elkarrizketa batean baino gehiagotan galdetu izan didate ea gaia orain modan dagoen, eta nik esaten dut ezetz, ez dela modan dagoela, orain arte ez dela idatzi baizik. Eta orain, azken bost urteetan lauzpabost liburu argitaratu dira eta badirudi ez dakit zer pasatzen ari dela. Baina euskal literaturan badaude beste mila gai askotan errepikatzen direnak eta ez zaie moda deitzen. Eta bide batez, niri kuriosoa egiten zait euskal literaturan ze gutxi idatzi den aitei buruz, adibidez; ze gutxitan jarri duten Euskal Herriko gizonezko idazleek begirada aitatasunean.

"Kuriosoa egiten zait euskal literaturan ze gutxi idatzi den aitei buruz, adibidez; ze gutxitan jarri duten Euskal Herriko gizonezko idazleek begirada aitatasunean"

Liburuko beste ipuin deigarri bat: Munstroa. Agripinak lehen pertsonan kontatzen du istorioa, baina oso Agripina garaikidea dirudi.

Bai, gainera erreferentzia garaikideak egiten ditu, Freud eta abar. Ez dakit nola iritsi nintzen berarengana. Nik uste hasieran Ediporekin hasi nintzela, amaz maiteminduta daudenen sindrome famatuagatik, baina ez zidan funtzionatu, eta hasi nintzen aztertzen, begiratzen, eta iritsi nintzen Neron eta Agripinarengana. Oso gustura geratu nintzen istorio horren emaitzarekin, baina kuriosoa da figura historikoen artean amei eta batez ere amaordeei tokatu zaien papera ez dela oso positiboa izan orokorrean.

Hondartza garaia eta Labeak ipuinetan berriz, amek euren umeak erabiltzen dituzte ekintza arriskutsuetan, bigarren ipuinaren kasuan gerra-ekintza batean. Gaur egun horrelakoak tabu samar izango liratekeela iruditzen zait.

Labeak-en abiapuntua Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik [Elkar, 2017] liburuan hitzez hitz datorren historia bat da. Ama asko agertzen dira liburuan eta kontatzen diren historiak askotan oso inpaktanteak dira; eta konkretuki hau irakurri nuenean, eskemak hautsi zitzaizkidan: imajinatzea zazpi urteko haur bat bonba bat jartzera bidali zutela, eta gainera narrazioa egiten zela hori goraipatuz –ez baita ama kontatzen duena, beraien taldeko beste emakume bat baizik–. “Nola saiatuko naiz ekintza hori ulertzen?”, izan zen batez ere nire ariketa. Gaur egun imajinaezina dirudi, inork barkatuko ez lukeen zerbait. Egia da muturreko egoera batean zaudenean inork ez dakiela nola erreakzionatuko lukeen, baina ariketa hori izan zen, bera ulertzen saiatzea.

Hondartza garaia berriz, orain kontatuko dut, amona hil denez kontatu daitekeelako: nire amonak egiten zuen, kontrabandorako kotxean seme-alabak erabiltzen zituen. Abiapuntua oso-oso erreala izan zen kasu horretan: hemen urte batzuk atzera egitea izan zen ariketa, ikusteko beharra dagoenean ez dakigula nola erreakzionatuko dugun eta zer egiteko gai den pertsona bat.

Garapen luzeagoko ipuinen artean, badira zuzen-zuzenean mamira doazenak ere. Hortzak da horietako bat, ume batek eskolan izan duen istripuaren ondoren sortzen diren erreakzioak kontatzen dituena.

Iruditzen zait gaur egun denak bukatzen duela salaketa batean. Guk dena ondo egiten dugu eta besteak dira gaizki egiten dutenak beti. Eta ez dugu onartzen batzuetan gauzak gertatzen direla, zerbaiten ondorioz, eta ardurak ere hartu behar direla. Egia da ipuin oso motza dela. Aurreko liburuan ere [Hori zen dena, Alberdania, 2019] istorioak oso motz idatzi nituen eta honetan orokorrean luzexeago idaztera jo nuen, baina kasu batzuetan, honetan adibidez, kontatu nahi nuena hain zen gauza zehatza, ezin zela gehiago luzatu. Ez ditut deskribapen asko egiten, adibidez, normalean ez zaidalako interesatzen esplikatzea gauzak fisikoki nola diren. Istorioan garrantzirik ez badu, berdin zait, bakoitzak imajina dezala nahi duena. Batzuetan pentsatzen dut ez dagoela gauza gehiegi kontatu beharrik dena kontatzeko. Uste dut irakurlea inteligentea dela, badu gaitasuna gauzak ulertzeko nik dena esplikatu beharrik gabe.

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) zure lehen liburutik hona, zertan uste duzu aldatu dela zure idazteko modua?

Sentitzen dut orain hobeto idazten dudala, konfiantza gehiagorekin. Lehenengo liburua denerako zen lehenengoa, bere gauza on eta txarrekin, eta asko zor diot, nahiz eta orain nigandik argi-urteetara sentitzen dudan. Baina, ez dakit hau nola azaldu... esango dut ikastolan erakusten ziguten idazteko modutik gehiago zuela, “hasiera-arazoa-konponbidea” tipiko horretara gehiago jotzen nuela, eta orain geroz eta gutxiago egiten dut hori. Geroz eta gehiago pentsatzen dut: “Nola kontatu nahi dut hau?” edo “agian hau ez da kontatzeko ohiko modua, baina berdin zait”, eta probatu egiten dut. Formarekin gehiago ausartzen naiz, baina gero beti dago beste kontu bat, alegia, euskal literaturan zenbat ausartzen diren forma berriekin. Uste dut batzuetan ausardia falta zaigula euskal literaturan denoi, ez dut esaten argitaletxeen arazoa denik edo idazleena; uste dut erru gutxiena irakurleak duela, azken finean aukeratzen duelako dagoenaren artean. Asko jotzen dugu “nobela nobela da” bezalako gauzak esatera; eta niri liburu hibridoak asko interesatzen zaizkit, baina ez dut uste hemen horrelako asko egiten dugunik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Eraikitzen ari garenaren definizio bat

Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]


Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Miren Amuriza Plaza
“Kanpokoak hain argi identifikatzen eta salatzen genituen bitartean, barkaberak izan gara etxekoekin”

DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-09 | Leire Ibar
(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea izango da Baztanen

Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.


2025-01-09 | Estitxu Eizagirre
Ekimen bat gehituta, hauek dira aurtengo euskara hutsezko liburu eta diskoen bederatzi plazak

Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


Eguneraketa berriak daude