Nafarroa hegoaldetik sortu da euskararen aldeko bultzada berria

  • Euskararen Foru Legeak nafarrak diskriminatzen ditu, eta hizkuntza eskubideak esleitzen zaizkie bizi diren eremuaren arabera. Bada, duela urte batzuk ereiten hasi ziren hamaika ekimen zonifikazioari aurre egiteko, eta udazken honetan inoiz baino indartsuago hasi dira euskarari puzka. Hordago, Errigora eta Agerraldiko kideekin hitz egin dugu euskararen aldeko uzta berriaz.

Urriaren 22an Hordagok zonifikazioaren aurka antolatutako manifestazioa, Tuteran. / Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

"Botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen”. Halaxe arautzen du Nafarroako Euskararen Foru Legeko 3.1 artikuluak, baina errealitatea oso bestelakoa da. 1986an Nafarroako Parlamentuak onartu zuen “Ley del Vascuence” delako horrek berak diskriminatzen ditu nafarrak, bizi diren eremuaren arabera eskubide batzuk esleituz edo ukatuz. Nafarroa hiru eremutan zatitzen du: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna.

Zonifikazio horren ondorioz, Irurtzunen –eremu euskalduna– bizi den herritar bati eskubide batzuk aitortzen zaizkio, baina 20 minutu eskasera dagoen Iruñera –eremu mistoa– joanez gero, eskubide horiek galtzen ditu; 10 minutu gehiagora dagoen Noainera –eremu ez-euskalduna– mugitzen bada, eskubide are gutxiago ditu. Nafarroako euskaldunek eta euskaltzaleek argi dute: zonifikazioak segregazioa eragiten du eta herritarren eskubideak urratzen ditu.

Ez da auzi berria Euskararen Legeari buruzkoa. Hainbat alditan saiatu dira Nafarroako Parlamentuak legea ezabatu dezan, eta ahalegin hori lehen lerroan jarri zen batik bat Aldaketaren Gobernuarekin [2015-2019ko agintaldian]. Ez da deuseztatu, baina legeak zenbait moldaketa izan ditu; azkena 2017an, non udalerri batzuk eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasa ziren, herritarren gehiengoak hala eskatu zuelako. Egun, 64 udalerri daude eremu euskaldunean, 98 mistoan eta 110 ez-euskaldunean. Hegoaldea edo Ager zonaldea deiturikoa da diskriminatuen dagoena, eta, aldi berean, zonifikazioari aurre egiteko gehien mobilizatu dena aspaldion.

Hordago herri ekimena 2021eko azaroan aurkeztu zuten, Corteseko adierazpenarekin, eta ordutik darama justizia eske: “Imajinatzen duzu nafarron lan-eskubideak edo hezkuntza-eskubideak edo osasun-eskubideak zonaka zatituta Nafarroan? Horrelako gairen batekin zonifikazioa egitea edozein nafar progresistarentzat onartezina izango zena, euskararekin eta nafarron hizkuntza-eskubideekin egin zuten”, ohartarazten dute. Hamaika aldarrikapen eta borroka egin dituzte nafarrek azken lau hamarkadatan, Euskararen Legearen gainetik euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzeko. Bada, apurka-apurka indarrak batzen eta artikulatzen joan dira, eta Erriberan ereiten hasitako uzta zonalde guztietara barreiatzen ari dira. Udazken honetan lur lehorrak euskaraz bustitzeko ekimen ugari antolatu dituzte Ager zonaldean.

Hordago, handira

Urriaren 22an Tutera izan da euskaltzaleen elkargune, eta egun osoko egitaraua osatu dute Errigorak, Agerraldiak eta Hordagok elkarlanean. Goizean auzolanean aritu dira Ablitasen, urtero bezala, nafar ekoizleen uztarekin Errigorako saskiak osatzen; antolatzaileek azpimarratu dute “inoiz baino auzolangile gehiago” elkartu direla, eta horrekin hasiera eman diote udazkeneko kanpainari. Arratsaldean Erriberako hiriburuko kaleak hartu dituzte, Hordagok deitutako manifestazioan. Tuterako plaza berritik abiatu da bertako nahiz ingurutik joandako jendetza, Zonifikazioari hordago. ¡Viva el euskera de Cortes a Bera! lelopean. Nafar guztien hizkuntza-eskubideak aldarrikatu dituzte, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diote Euskararen Lege baztertzailea ezabatzeko. Norbanakoez gain, manifestazioa babestu dute hainbat gizarte eragilek, talde politikok eta sindikatuk.

Ablitaseko auzolanean inoiz baino jende gehiago elkartu da. / Argazkia: Errigora.

Dena dela, ezin izan dute eguna nahi bezala borobildu: Agerraldiak antolatuta zuen Deskontrolen kontzertua atzeratu behar izan dute, Tuterako Udalak ezarritako oztopoak medio. Agerraldiko antolatzaileek salatu dute udalaren trabekin ez zegoela baldintzarik “kontzertu jendetsu, alai eta partehartzailea egiteko”. “Minduta bai baina ez diogu hau penatuta”, esanez udaberrirako iragarri dute kontzertua; “euskaltzaleon ekimenez plazaratua eta euskararekiko fobiarik ez duten guztiei irekia” izango dela azpimarratu dute. Sei hilabete igaro dituzte baimenak eskuratzeko saiakerak eginez Navarra Sumako udal gobernuarekin, baina ez du fruiturik eman. Gogorarazi behar dira 2021eko azaroan Alejandro Toquero alkateak prentsan egindako adierazpen polemikoak: “Hemen inork ez du hitz egiten euskaraz; ez da sekula egin”.

Horrelako jarrerak atzean uzteko eta “komunitatea egiteko” probestu dute urriaren 22a, Iraia De la Torre Hordagoko kideak azaldu digunez. Azagrakoa da De la Torre, eta nabarmendu du ez dela ohikoa Erriberan manifestazioak egitea, eta, beraz, jendetsua eta arrakastatsua izan dela; ideologietatik harago, argitu du Hordago eskubideen alde egiten duten talde anitza dela. Inflexio puntu gisa definitu du Tuterakoa, bai ekimenaren parte direnentzat, bai gainerako herritarrentzat: lortu dute Ager zonaldean ikusaraztea euskaldunak eta euskaltzaleak presente daudela eta gero eta gehiago direla; eta orain arte euskararekiko jarrera pasiboa izan dutenei gaia gerturatu diete eta horri buruz pentsarazi, De la Torreren esanetan.

Euskararen alde, gazteleraz

Finean, zonalde diskriminatuko jendea mobilizatu nahi dute eta instituzioei presio soziala egin, euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin. Dei hori behetik gorakoa izatea nahi dute, “zonalde zailenetatik goraino”, Ibai Sueskun Errigorako kideak eta Hordagoko partaideak esan digunez: “Hemen errealitate bat dago, euskaltzaleak badaude baina euskaldunak izatea gehiago kostatzen da. Beraz, goazen arrakala horiekin apurtzera; bat egiteko unea da. Zonifikazioa apurtzeko unea da, herritarrek bat egitekoa, mapa bat egitekoa, eta indarrak batzekoa”.

Sueskunek onartu digu eurek ere broma egin zutela leloa gazteleraz delako, baina horren zergatia azaldu digu Blanca Garciak, Agerraldiko eta Hordagoko kide tuterarrak: “Autokritika egin dugu, gure mezuak gazteleraz ere jartzeari buruz. Badaude euskaltzale batzuk euskara ez dakitenak eta ekintza askotan parte hartu ahalko luketenak. Euskararen normalizazioak aurrera egiteko beharrezkoa da aldeko jarrerak bultzatzea; gaztelerak Erriberan presentzia izan behar du, bestela asko mugatuko genuke gure publikoa, eta ez genituzke helburuak lortuko”.

Blanca Garcia eta Ibai Sueskun. / Argazkia: Dani Blanco.
Herritarrak aktibatuta

Nafarroako zonalde diskriminatuan sortutako ekimenek hainbat helburu dituzte. Errigora, esaterako, 2013an sortu zuten euskarari bultzada emateko, besteren artean, eta saskiekin lortutako irabazien %25 euskalgintzari bideratzeko:  1,8 milioi euro banatu dizkiete AEKri, Sortzen Elkarteari, eta Ikastolen Elkarteari. Sueskunek zehaztu du haien lan egiteko modua: "Herritarrak batu nahi ditugu, beti oztopoen aurrean irribarrea jarrita, eta herri eraikuntza helburu dugula".

Blanca Garcia Agerraldiko kideak gogorarazi digu ikusi zutela ondo zegoela euskararen ezagutza bultzatzea, baina "pixka bat motz" geratzen zela. Horregatik sortu zuten Agerraldia, Errigoratik abiatuta, "herritarrei hitza emateko". Duela lau urte batu ziren Agerraldia ekimenean, eta ordutik zenbait jarduera antolatu dituzte: topaketak, jolastekak, euskara planak, Union Tutera kirol talde euskaltzalea, eta abar. "Gure helduak ateratzen direnean alfabetatze eremu horietatik, zein aukera dituzte euskaraz aritzeko? Ez daukate aukerarik. Agerraldia horri erantzutera dator, nola erabili euskara gehiago, nola sustatu euskara gehiago, nola berreskuratu espazio horiek... Zer saltsa eman euskarari bere bizitzaren eremu guztietan".

“Gero eta gehiago gara ulertzen dugunak euskara gure eskubidea dela, gure hizkuntza izatetik harago”

Azpimarratu dute orain "bat egiteko garaia" dela, euren leloari jarraiki, eta azken urteetako mugimendu berriak argi utzi duela euskara Nafarroan ofiziala izan dadin denok batera jorratu behar dutela lurra. Sueskunek hausnartu du askotan euskalgintza bakoitza bere bidetik doala, eta hori iraultzeko momentua dela: "Ekimenak bazeuden eta badaude, baina Errigorak edo Agerraldiak sortu izan dutena da ilusio pizte bat, esatea posible dela zerbait egitea. Eta horren haritik esaten zen: herritarrak aktibatu ditzakegu, baina era berean zergatik ez diogu beste buelta bat ematen zonifikazioaren istorioari". Horrelaxe piztu ziren ekimen hauek. Sueskunek gogorarazi du aurretik ere egin direla zonifikazioa amaitzeko saiakerak, baina "horrela serioski ez". "Herritarrak aktibatu dira, batzuk lege aldaketa batzuk egiteko instituzioen bitartez, beste batzuk herritarrak aktibatzeko zonaldean, beste batzuk elkartasun ekimenekin –Nafarroa Oinez, adibidez–. Gero Errigora, gero Agerraldia, eta hortik sortutako ekimen desberdinak".

Iraia De la Torrek ere indartsu ikusten du euskararen bultzada. "Gero eta gehiago gara ulertzen dugunak euskara gure eskubidea dela, gure hizkuntza izatetik harago. Eta ulertzen dugu defendatu behar dugula ez bakarrik gure hizkuntza, baizik eta gure eskubidea. Gainera, ez dugu ikusten aldaketarik euskararen auzian. Indarra daukagu zeozer antolatzeko".

Topaketak, hausnartzeko

Bidea hasi besterik ez dela egin diote, eta asmoa dute Ager topaketetan datozen pausoak denon artean gogoetatzeko. Azaroaren 5ean jarri dute hitzordua Azkoienen, eta gogotsu daude, espero baitute inguruko jende andana biltzea. Hausnarketarako tartea izango da, ideiak komunean jartzekoa. Garciak argitu du herritarrak direla Errigoraren eta Agerraldiaren agenda markatu behar dutenak: "Gonbidapena egiten diegu herritarrei, etortzeko esatera zeintzuk diren haien beharrak". Garcia eta Sueskunek nahi dute izatea momentu bat jendea batzeko, eta ikusteko ea nola dauden eta ea zer egin behar duten aurrerantzean: "Hori ez dugu guk erabaki behar, herriz herri erabaki behar dute, bakoitzaren beharrak ez direlako berberak".

Argazkia: Dani Blanco.

Ideiak eta kritikak jasotzeko aldartez doaz Azkoienera. Sueskunek azaldu du errealitate guztiak hartu behar direla kontuan. "Zonaldea oso-oso zabala da, Garestik Cortesera eta Zangozatik Vianara. Errealitateak oso desberdinak dira, errealitate baten baitan errealitate asko daude. Horiek guztiak batu nahi ditugu, eta ikusi zerk batzen gaituen. Euskarak batzen gaitu, bada, zer egin behar dugu ibilbide bera egiteko?". Euskara oinarri izatea nahi dute, baina transbertsalki lantzea: "Memoria historikoa, identitatea, feminismoa... eta beste balio eraldatzaile batzuk izatea ere".

Azaroaren 5ean egun osoz arituko dira euskararen bueltan. 10:10etan Agerreko euskal komunitatearen inguruko  EHUren ikerketa aurkeztuko dute, eta 10:40ean "Agerraldiaren uzta" hitzaldia izango da. Jarraian gogoeta taldeetan bilduko dira, eta 13:30ean emango diote amaiera goizeko tarteari. Elkarrekin bazkaldu ostean, aisialdirako tartea zabalduko dute, iluntzera arte: Ojos Violeta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, pilota partida, eta Tatxers, Skabidean, Odolkiak ordainetan eta Neskatasuna taldeen kontzertuak izango dira. Egun emankorra izatea espero dute antolatzaileek.

Argazkia: Dani Blanco.
Nafarroa bat egiteko, bat egin

Tuterako manifestazioan Erriberako eta Erdialdeko herritarrak izan ziren protagonista, alkateari "Toquero, entzun, Tutera euskaldun" esaldien gisakoak ohikatuz, baina Sueskunek ohartarazi du nafar ororen borroka izan behar dela zonifikazioari aurre egitearena. "Argi dago nafar guztiok mugitu behar garela, nafar guztiok eskubide berberak izatea lortu nahi badugu".

Mugimendua hasi, hasita dago, eta ez nolanahikoa. Ager topaketek aukera emango dute euskaltzaleen indarrak eta gogoa neurtzeko, eta bidea segitzeko abiapuntua izango dela aurreikusi dute. ARGIArekin hitz egin duten ekimenetako kideek argi dute euskarak hamaika alor dituela lantzeko, eta borroka ertz desberdinetatik bideratu behar dela. Sueskunen esanetan, eragile bakoitzak du bere funtzioa: "Desberdina da Hordagok egin dezakeena, desberdina da Agerraldiak edo Errigorak egin dezaketena; guztiak dira ezinbestekoak. Baina zonifikazioa amaitzeak ez du esan nahi euskara berreskuratuko dugunik". Bide luzea aurreikusten dute, alegia. "Nahiz eta ofiziala izan eremu guztian, ehundaka eta ehundaka urte ditugu atzean non euskarari kristoren mina eman zaion. Hori aldatu behar da: ohiturak, kultura, gauza asko. Administratiboki aldaketak egoten badira asko lagunduko du, baina ez du herrialdea euskalduntzea ekarriko".

"Herrialdea euskalduntzeko herritarrek kontzientzia hartu behar dugu eta instituzioek laguntza eman behar dute"

Sueskunek bi aldeen lanari ematen dio garrantzia, herritarrei eta instituzioei: "Herrialdea euskalduntzeko herritarrek kontzientzia hartu behar dugu eta instituzioek laguntza eman behar dute". Iritzi berekoa da De la Torre, uste baitu legea aldatzeak ekarriko lukeela zonalde diskriminatuko herritarrek sentitzea euskara eurena ere badela: "Legeak eragiten du sorgin-gurpila, zeren sentitzen dut euskara ez dela nirea, ezin dut euskara ikasi, beraz, ez dut hitz egiten... Euskararekiko sentimendua eta ikuspuntua aldatu behar dira, eta agintariek horretarako jarrera positiboa izan behar dute".

Sueskunek bota die hordagoa instituzioei: "Ez dugu ez gutxiago ez gehiago eskatzen, baizik eta euskarari gaztelerari ematen zaion garrantzia ematea, kendu digutena berreskuratzea".

Informazio gehiago: erreportaje honekin batera argitaratu dugu Hezkuntzan ere euskarak hamaika oztopo. Irakurri hemen Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak antolatutako Nafarroa Oinezi buruzkoak eta Larragako eskola publikoko gurasoek D eredua exijitzeari buruzkoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zonifikazioa
Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara “mespretxatzen eta gutxiesten” duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


2023-02-13 | ARGIA
Zonifikazioaren aurkako aldarria egin dute Mañerun, eremu mistora sartzeko ezetza jaso ondoren

Mañeruko herritarrek, udalbatzak babestuta eta Hordago taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute zonifikazioaren aurka. Hamar egun pasatu dira eremu mistoan sartzeko proposamenari atea itxi ziotenetik Navarra Sumak eta PSNk.


2023-02-02 | ARGIA
Mañeru eremu mistora pasatzea eragotzi dute PSN eta Navarra Sumak, eta euskarafobia leporatu diete kalean

Mañeru eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzeko eskaria egin du aho batez udalbatzak urtarrilean, eta horretarako Nafarroako Parlamentuan gehiengoaren babesa behar du. Ostegunean egin dute bozketa, eta bertan behera gelditu da udalbiltzaren nahia PSNek... [+]


Mañeruko alkatea, “oso haserre eta inpotente” eremu mistora pasatzeko eskaera ez delako aurrera aterako

Mañeruko Udalean “amorrua” da nagusi, “ez dugu ulertzen PSNren jarrera”, azaldu dio alkateak ARGIAri. PSNk aurreratu du ezetz bozkatuko diola udalerria eremu “ez euskaldunetik mistora" pasatzeari eta beraz, PSN eta Navarra Sumaren... [+]


Mañeru eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzea galarazteko asmoa dute PSNk eta Navarra Sumak

Herriko udalak berak eskatuta, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak zonifikazioaren legea eraldatzea proposatu dute Nafarroako Legebiltzarrean. María Chivite eta Javier Esparzaren alderdiek aurka bozkatuko dutela aurreratu zuten, erabakia irmoa ez den... [+]


“Badirudi ez PSNk ez Navarra Sumak ez dutela babestuko Mañeru eremu ‘ez euskaldunetik’ mistora pasatzea”

Eremu “ez euskaldunetik” mistora pasatzea eskatu du Mañeruko udalbatzak eta Nafarroako Parlamentuak eskaera onartu dezan PSN edo Navarra Sumaren aldeko botoak beharko dira –gainerako alderdiek alde bozkatuko dute–, baina horretarako borondaterik ez... [+]


2023-01-03 | ARGIA
Mañeru herriak eremu “ez euskaldunetik” mistora igarotzea eskatu du eta parlamentuak du azken hitza

Mañeruko bizilagunen nahiarekin bat egin zuen aho batez udalbatzak apirilean: eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzea. Eskaera onartu ala ez hilabete honetan bozkatuko du Nafarroako Parlamentuak, eta PSNren botoak erabakigarriak izango dira.


Zonifikazioa Nafarroan
Hezkuntzan ere euskarak hamaika oztopo

Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin hamaika ekimen antolatzen ari direla kontatu dizuegu erreportaje honetan. Bada, hezkuntzari dagokionez ere, zonifikazioari aurre egiteko zenbait modu dituzte; oztopo adina indar dute euskaltzaleek. Jarraian bi adibide: batetik,... [+]


2022-10-21 | Leire Artola Arin
Tuterako Udalaren traben gainetik, zonifikazioaren aurkako eguna egingo dute larunbatean

Urriaren 22an egun osoko egitaraua antolatu dute Errigora, Agerraldia eta Hordago herri ekimenek, euskara ardatz hartuta, baina ostegunean jakinarazi dute udalaren traben erruz ezingo dutela aurreikusitako Deskontrolen kontzertua egin. Halere, 17:30ean Tuterako kaleak hartuko... [+]


Larragako eskolan D eredua eskatu dute gurasoek, baina Nafarroako Gobernuaren erantzunik gabe jarraitzen dute uztailetik

12 familiak eskatu dute euskarazko D eredua Larragako San Miguel eskola publikoan, baina Hezkuntza Departamentuaren erantzunik ez dute jaso eta Mendigorriako eskolarekin gertatu zen moduan, errezeloa dute D ereduko eskaintza ez dela garaiz iritsiko aurrematrikulazio garairako... [+]


Eguneraketa berriak daude