Komunitatea, energia kontsumoa murrizteko akuilu

  • Kontsumismoa da gaur egungo “-ismo” garrantzitsuenetakoa. Hain errotua dugu, ezen produktu askoren kontsumo mugagabeak baliabide krisi batera zuzendu baitu gure gizartea. Era berean, ekoizpenari loturiko eredu energetikoa kinka larrian dago, energia baliabideak eskuratzeko gerrak izateraino. Gizarte gisa aurrera egiten jarraitzeko, ezinbestekoa da Iparralde Globaleko herrialdeen energia kontsumoa murriztea. Nola lor liteke hori? EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group taldeetako kideok ikerketa burutu dugu Gasteizko Errekaleor auzo askean. Jabetu gara bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa murriztu dezakeela, ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energiaren garrantzia dela-eta.

Herritarrek babestutako 'crowfunding' kanpainari esker jarri dute sistema fotovoltaikoa Errekaleorren.
Herritarrek babestutako 'crowfunding' kanpainari esker jarri dute sistema fotovoltaikoa Errekaleorren.Errekaleor Bizirik

Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) datuen arabera, 2018an munduko biztanle bakoitzak batez beste kontsumituriko energia primarioa 21,8 MWh-koa izan zen. Alabaina, Leeds-eko Unibertsitateko ikerketa baten arabera, Lur planetarengandik era jasangarrian eskura daitekeen energiaren muga ez gainditzeko, kontsumoa gutxienez erdira jaitsi beharra dago: biztanle eta urteko 10,8 MWh-ra. Zentzu horretan, energiaren erabilera murrizten ari garen egiaztatzeko adierazle egokiak behar dira. Orokorrean, herrialde baten energia kontsumoa neurtzerakoan, "energia primarioaren hornidura osoa" adierazlea erabiltzen da. IEAk eskaintzen duen datua da, herrialde baten barruan (etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan) ematen den energiaren guztizko kontsumoa kontabilizatzen duena.

Adierazle horrek, baina, ez ditu aintzat hartzen ezkutuko energia-fluxuak, alegia, beste herrialde batzuetatik inportaturiko produktu eta zerbitzuak ekoizteko erabiltzen den energia. Ondasun eta zerbitzuak, oro har, Hegoalde Globaleko herrialdeetan ekoiztu eta Ipar Globalekoetan kontsumitzen direnez, ezkutuko energia-fluxuak kontuan hartzen ez badira, ematen du herrialde batzuetako (oro har, Ipar Globaleko) energia kontsumoa berez dena baino txikiagoa dela. Eta alderantziz, Hegoalde Globaleko herrialdeek benetan baino energia gehiago kontsumitzen dutela, kontsumo horren zati handi bat, errealitatean, Iparralde Globaleko herrialdeetara bideratutako produktuak ekoizteko erabiltzen denean.

Horrela beraz, "energia aztarna" deritzon adierazleak herrialde bakoitzari esleitu behar zaion energia primario osoaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan. Ikerketan, EAEko eta Errekaleor auzo askeko aztarna energetikoa kalkulatu da, adierazle horretan eragiten duten faktoreak argitzeko asmoz.

Jatekoa ekoiztea, birziklapena, arropak eta bestelakoak konpontzea, doako dendak... aztarna energetikoa murrizten duten faktoreak dira

Gasteizko periferian dagoen auzo okupatua da Errekaleor. 100 pertsona inguru bizi dira bertan, autogestioan eta asanblearismoan oinarrituriko proiektua elikatuz. 2017an, Gasteizko Udalaren aginduz eta indar polizialek lagundurik, Iberdrola enpresak auzo osoa argindarrik gabe utzi zuen. 2018tik aurrera, ordea, auzoa elektrikoki burujabea da, auzokideek adituen laguntzaz eta herritarrek babesturiko crowdfunding kanpainari esker martxan jarritako sistema fotovoltaikoa dela medio. Ordutik, Euskal Herriko irla energetiko handienak argitzen du Errekaleor auzoa.

Auzo askeko aztarna energetikoa kalkulatzeko, etxebizitza eta autoetan ematen den energia kontsumoa (edo energia kontsumo zuzena) biltzeaz gain, 40 auzokideren 2019ko gastu ekonomikoak jaso genituen, produktu eta zerbitzuei loturiko energia kontsumoa (edo zeharkako kontsumoa) kalkulatzeko asmoz. Garai hartan 116 pertsonek hartzen zuten parte proiektuan eta hiru etxebizitza motatan zeuden banatuta: 4-10 pertsona bloke oso bat okupatzen, "komunitate" deitu ditugunak; 2-3 pertsona etxebizitza batean, "familia" (ez-nuklearra) deritzotenak; eta pertsona bakarra etxebizitza bat okupatzen, "norbanakoak".

Kontsumo zuzena, handiagoa

Emaitzak modu egokian ulertzeko, komeni da energia kontsumo zuzena –etxebizitzetan zein ibilgailu pribatuetan ematen dena– eta zeharkakoa –produktu eta zerbitzuetan txertaturikoa– bereiztea.

Izan ere, aipatzekoa da Errekaleorreko energia kontsumo zuzena EAEkoa eta Espainiako Estatukoa baino altuagoa dela. Auzoko biztanle baten aztarna energetiko osotik, ibilgailu pribatuetan baliatutako erregaiak %19 suposatzen du. Batez beste, Errekaleorreko bizilagun batek 6 MWh kontsumitzen ditu urtean autoetan, Espainiako Estatuko heritarrek baino gehiago. Era berean, harrigarria gerta daitekeen arren, Errekaleorreko etxebizitzetako energia kontsumoa Espainiako Estatukoa eta EAEkoa baino handiagoa da, %20 eta %45 gehiago hurrenez hurren. Pertsona batek 4,5 MWh kontsumitzen ditu batez beste urtean; aztarna energetiko osoaren %14 da hori. Horren arrazoiak dira etxebizitzen isolamendu eskasa eta berokuntza sistema ez efizienteak. Halaber, etxebizitzetan kontsumitzen diren energia iturriak desberdinak dira. Espainiako Estatuan eta EAEn nagusiki elektrizitatea eta gas naturala baliatzen diren bitartean, Errekaleorren egurra da gehien erabiltzen dena (kontsumoaren %82), etxebizitzak berotzeko beharrezkoa baita. Egurraren ostean butanoa dago (%13), hirugarrenik sistema fotovoltaikoak (%4), eta azkenik larrialdietarako diesel bidezko sorgailua (%1).

Errekaleorreko etxebizitzetako energia kontsumoaren %86 jatorri berriztagarrietatik dator beraz. Beren sorkuntza, gainera, deszentralizatua da, eta Espainiako Estatuko zein EAEko elektrizitate eta gas azpiegitura handiek dituzten transformazio eta garraio galerak saihesten dira horrela. Baina, berriztagarria izanagatik, EAEko biztanle guztiek Errekaleorreko auzokideek bezainbeste egur kontsumituko balute, erkidegoko basoen gaitasuna gutxienez %10ean gaindituko litzateke.

Gauzak horrela, aztarna energetiko osoaren gaineko ehunekoak aintzat hartuta –garraiobideetan %19 eta etxebizitzetan %14–, %33 ingurukoa da energiaren zuzeneko kontsumoa. Hortaz, zeharkakoa da %66 inguru; hura aintzat hartuta aztarna energetikoa txikiagoa da Errekaleorren, EAEn eta Espainiako Estatuan baino.

Autogestioa

Aztarna energetiko totalari erreparatzen badiogu, Errekaleorreko aztarna energetikoa (batez beste, biztanleko eta urteko 31,10 MWh) da hiruetan baxuena. Produktu eta zerbitzuetan txertaturik dagoen energia kontsumoari zor zaio hori. Espainiako Estatuan aztarna energetiko osoaren %81 da, EAEn %75 eta Errekaleorren %66. Horrek erakusten du pertsona bakoitzaren kontsumo materialaren atzean daudela aztarna energetikoa baldintzatzen duten faktore nagusiak. Auzo askeko biztanleek antikapitalismoa eta autogestioa aldarrikatzen dituzte, baita praktikan jarri ere: jatekoa produzitzea edo birziklatzea, arropa eta bestelako produktuak konpontzea, doako dendak erabiltzea edota bertako ekoizleei erostea bezalako ohiturek nabarmen murrizten dute aztarna energetikoa, EAE eta bereziki Espainiako Estatuak erakusten dituzten kopuruen azpitik.

Komunitatean, bakarrik baino aztarna txikiagoa

Azkenik, etxebizitza motaren arabera energia aztarna nabarmenki aldatzen dela ikusi da. Bakarrik bizi diren norbanakoek (42,79 MWh) komunitatean (28,84 MWh) edo familian (28,45 MWh) bizi diren pertsonek baino aztarna energetiko handiagoa uzten dute. Azken bi multzoetako bizilagunak dira Errekaleorreko aztarna energetikoa jaistea lortzen dutenak, bizitza komunitarioak energia kontsumo totala murriztu dezakeela erakutsiz. Are gehiago, bakarrik bizi diren norbanakoek, batez beste, EAEko biztanleek baino aztarna energetiko altuagoa dute.

Azpiko grafikoan ageri den moduan, norbanakoen aztarna energetikoa kontsumo sektore guztietan da altuagoa, garraio publikoan (“Garraio zerbitzuak” deiturikoa) izan ezik. Garraio pribatua (“Garraio pribatua” eta “Garraio ekipamenduak” sektoreak), "Zerbitzuak", "Etxebizitza" eta "Eraikuntza, mantenimendu eta konponketak" eremuetan bereziki altuagoa da.

Azken bi sektoreetako aztarnaren kasuan, bakarrik bizitzearen ondorio zuzena da, energia kopuru bera erabili behar delako etxebizitza bat konpondu edota berotzeko, bertan zenbat lagun bizi diren kontuan izan gabe. Aldiz, gainerako sektore guztietan, norbanakoen aztarna energetiko altua euren bizi estiloa barnebiltzen duten erabaki pribatuei egozten diegu (auto bat erostea eta erabiltzea, esaterako). Kasu gehienetan norbanako hauek pertsona gazteak dira, familiari loturiko zaintza lanik gabekoak eta berriki lan merkatuan sartu direnak, haien eroste ahalmena azken urteotan handitu delarik.

Kontsumoa murriztea, ezinbestekoa

Ikerketa honen zioetako bat EAEko gizartearen kontsumo maila altuaz jabetzea litzateke, bertako biztanleen batez besteko aztarna energetikoa (40,9 MWh pertsona eta urteko) munduko kontsumoaren (21,8 MWh) bikoitza baita; planeta jasangarria izateko lortu beharreko kontsumoaren (10,8 MWh) laukoitza, hain zuzen ere.

Komunitatean eta autogestioan oinarrituriko bizi estiloak Errekaleorreko biztanleen batez besteko aztarna energetikoa (31,1 MWh) murriztea ahalbidetu du. Halere, gehiago murriztu beharra legoke jasangarritasunaren mugak ez gainditzeko. Izan ere, gizartearen kultura kontsumista zein kapitalismoaren egiturazko baldintzak dira norbanakoen bizi ohituretan eragile nagusiak. Errekaleorreko biztanleek, EAEko eredu ekonomikoaren baitan bizi diren bitartean, nekez lortuko dute energiaren paradigma iraultzea. Halere, hautu indibidualek eragina izan badutela agerian utzi du ikerketa honek, bakarrik bizi diren norbanakoen aztarna energetiko altuari erreparatuta jabetuko garenez.

Bestalde, oso aipagarria da Errekaleor auzoa argindarrez hornitu eta auzo askea Euskal Herriko trantsizio energetikoaren ikur bilakatu duen instalazio fotovoltaikoak Errekaleorreko etxebizitzetako energia kontsumoaren %4 asetzen duela, biztanle bakoitzaren aztarna energetikoaren %0,6 baino ez. Horretaz jabetzeak agerian uzten du zeinen urriak diren etxebizitzetako kontsumoan eragitea helburu duten trantsizio energetikoaren aldeko politika publikoak. Halere, aipaturiko instalazioak auzokideen bizi ohituretan eragin zuzena du, etxebizitzetako argindarra bezalako oinarrizko zerbitzu bat eskaintzen baitie. Era berean, etxebizitzetako argindar eta berokuntza sistema deszentralizatuek energia enpresa handiekiko independenteago bihurtzen dute auzo askea,  eta ziurrenik prestatuago dago datorren krisiari aurre egiteko.
Errekaleor Bizirik! moduko proiektu eraldatzaileek berezko ezaugarriak dituzte, eta horrek zaildu egiten du eredua beste leku batzuetan txertatzea. Egia da aztarna energetikoan eragina duten faktore batzuk lurraldeari lotuta daudela –etxeetako berokuntza sistemak, eguzki plakak edota baratzea, esaterako–, eta proposatzen diren neurriek, oro har, horietako batzuk dituzte helburu. Baina arestian aipatu bezala, argi ikusi dugu aztarna energetikoaren zatirik handiena produktu eta zerbitzuetan txertaturiko ezkutuko energia-fluxuari dagokiola.

Kontsumo ohiturei lotuta dago hori, eta potentzialki, EAEko biztanle guztiek euren aztarna energetikoa murrizteko hor eragin beharra dago. Finean, badakigu ez dagoela egungo eredu ekonomiko eta energetikoa eraldatzeko errezeta magikorik, baina guztion artean eraiki behar dugun mundu desiragarri horretaranzko mapan, Errekaleorreko auzokideak bide posible bat marrazten ari dira. Bide luze bat, oraindik asko baitago egiteko.

--------------------------------------------------------------

Erreportaje hau EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa taldeek Sustainable Production and Consumption aldizkari zientifikoan argitaraturiko lanean oinarritua dago. Lan osoa hemen dago eskuragarri.


ASTEKARIA
2022ko urriaren 30
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errekaleor
Errekaleorren 10. urteurreneko ekintzetan jasandako polizia jazarpena salatu dute

Errekaleor Bizirik auzoaren hamargarren urteurrena ari da ospatzen. Adierazi dutenez, 24 orduan lau identifikazio eta hiru isun jasan dituzte. Isunak mozal legea aplikatuta jarri dizkiete.


Errekaleorrek 10 urte
“Gogoz eta indartsu heldu gara 10. urteurreneko ospakizunera"

2013ko irailaren 3an Gasteizko aldirietako Errekaleor auzoko 26. ataria okupatu zuten Gasteizko EHUren campuseko zenbait ikaslek. Hilabete amaieran ospatuko dute urteurren borobila, talde entzutetsuen kontzertuekin, besteak beste. Hamarkada oso baten gazi-gozoez, Urtaranen... [+]


2023-06-01 | Ilargi Manzanares
Oinharri eskolak herri mugimenduentzako formakuntza eskainiko du Errekaleorren, uztailaren 15etik 23ra

Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegia eskainiko du, Euskal Herriko herri mugimenduentzako formakuntza politikoa. Lau urte daramatzate formakuntza ematen, eta beraien metodologia Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduan (MST) oinarrituta dago, materialismo dialektikoa ardatz.


2023-02-27 | Hala Bedi
Errekaleorreko etxeak egoera onean daudela berretsi du azterketa tekniko batek

Azterlan hori egiteko, jendea bizi den blokeen egoera, ezaugarri fisikoak eta eraikuntzakoak, balizko arazoak eta bizigarritasunari dagokionez duten egoera orokorra aztertu dituzte, 2022an zehar. EAEko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren ereduari jarraituz egin dituzte blokeen... [+]


Infiltratutako poliziaren biktimei elkartasuna adierazi eta estatuaren errepresioa salatu du Errekaleor auzoak

Kataluniako mugimendu libertarioan infiltratu zen eta Gasteizko auzo okupatuan ere egon zen poliziaren kasua herri mugimenduen aurkako errepresio orokorraren baitan kokatu du Errekaleor Bizirik-ek.


2023-01-30 | ARGIA
Espainiako Poliziaren infiltratu bat Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen

Espainiako Poliziako agente batek hiru urte eman zituen Bartzelonako mugimendu sozialetan infiltratuta. Barztelonako La Cinétika zentro sozialean hasi zen 2020an, eta “harreman sexu-afektibo instrumentalak” mantendu zituen hainbat emakumerekin eta horri esker... [+]


2022-09-21 | Hala Bedi
Bederatzigarren urteurrena ospatzeko prest dago Errekaleor Auzo Askea

"9 urte bizirik, 63 urte memorian" lelopean ospatuko dute urtemuga aurten, irailaren 21etik 25era bitartean.


2022-09-15 | Hala Bedi
Bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa murriztu dezakeela ondorioztatu du Errekaleorren egindako ikerketa batek

EAEko eta Errekaleor auzo askeko energia kontsumoa kalkulatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek, aztarna energetikoan eragiten duten faktoreak ezagutzeko.


Errekaleorreko baratze komunitarioak ireki dituzte berriro ere

Gasteizko auzo okupatuko lurretan ortua egiteko lursail bat hartu dezakete herritarrek. Hainbat dozena baratze martxan dira jada, eta kopurua handitzeaz gain proiektuaren izaera komunitarioa indartu nahi dute orain.


2021-06-18 | Arabako Alea
Gasteizko Olarizuko eraikinak eraisten hasi da Udala, Errekaleor hurrengo jomuga gisa seinalatuz

Dagoeneko hasi da Olarizu hiribideko blokeen eraispena, joan den astean utzarazpena gauzatu ostean. Bertan izan da Gorka Urtaran: "Errekaleorrek Olarizuren zorte bera izango du", ohartarazi du alkateak.


2020-10-09 | Hala Bedi
Gasteizko hainbat txoko “okupatuko” ditu Errekaleorrek bere zazpigarren urteurrenean

Zazpi urte bete ditu Errekaleor Auzo Askeak eta hori ospatzeko jarduera sorta bat antolatu dute Gasteizko hainbat txokotan.


2020-09-23 | ARGIA
Gure Memoria jardunaldiak Errekaleorren, Euskal Herriaren iragan hurbileko borrokak ardatz hartuta

Ostiralean eta larunbatean egingo dira Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan. Memoria kolektiboa indartu nahi dute, orainaldiko eta etorkizuneko borrokak elikatzeko helburuarekin.


Eguneraketa berriak daude