Eskolaz kanpoko jarduerak, kohesio sozialerako aukera galdua

  • Asko hitz egiten da hezkuntzan dagoen ikasle segregazioaz, baina ikasgelatik atera eta zein doa igeriketa ikastarora, futbol taldera, dantza akademiara? Zein gelditzen da arratsaldero kalean, gaztelekuan edo etxean, baliabide ekonomiko eta logistikorik ez duelako? Nolako ondorioak ditu horrek haur eta gazteen garapenean, harremanetan, gizarte kohesioan? Ez al genuke bermatu behar aukera berdintasuna eskolaz kanpoko ekintzetan, aitortuta handia dela aisialdi antolatuak dituen balio hezitzaile eta sozialak?

Pixabay

“Heziketaren parte direlarik, eskolaz kanpoko jardueretako parte-hartzea demokratizatzea eta unibertsalizatzea da herrialde bezala dugun erronka”. Gemma Ubasart irakasle katalanak berriki esana da. Gurean ere nabaria da haur eta gazteen aisialdian dagoen arrakala. Gaztelekuan duen esperientzia kontatu digu Amaia Bergara kale hezitzaile iruindarrak: asteburuan gazte profil anitzagoak elkartzen badira ere, astegun buruzurietan burbuila bat da gaztelekua, “beste zereginik eta nora joanik ez dutelako datozen gazteak dira, baliabide urrikoak, gainerakoak eskolaz kanpoko ekintzetan edo beren familiarekin dauden bitartean. Maiz hitz egin dut beraiekin eskolaz kanpoko jarduerez, baina gehienek ez dute planteatu ere egiten, ez dute etxean halakorako aukerarik ikusten, beste unibertso bateko gauza iruditzen zaie pianora, solfeora, ingelesera, balletera... joatea. Gaztelekuan eskainitako tailer eta abarretara joaten dira, eta horietara ere oso ekonomikoak baldin badira, bestela ez”.

Garbi du Bergarak: gazte horietako ugarik gustura hartuko luke parte jardueretan, benetako aukera izango balute. Udan, esaterako, gimnasio bonua izan zuten eta gazteek aprobetxatu zutela kontatu digu, baina bonua moztu zietenean goizetik gauera gimnasiora joateari utzi zioten. Eta beste adibide bat, egoeraren tamaina hartzeko: gazte bat du gogoan, ordaindu behar ez zuen futbol taldean parte hartzen zuena, baina entrenamenduetan baino ez, asteburuetako partiduetara ez zen joaten, ez zuelako dirurik ekipamendurako ezta modurik batetik bestera desplazatzeko ere. Azken finean, zailtasun ekonomikoei batu ohi zaie hainbatek ez duela erraza astean zehar hiritik mugitzea –ez haur edo gazteak berak, ez haren familiak umea batetik bestera eramatea–.

Gainera, jarduera bakarrean ez, astean eskolaz kanpoko bizpahiru eta baita hiruzpalau ekintzetan ere ematen du izena hainbatek, horrek guztiak duen kostu ekonomikoarekin. Eta ekintza, klub, elkarte... batetik besterako aldea ere esanguratsua da maiz –ikusi beheko infograma–, batzuk subentzionatuta daude eta beste batzuk ez, ekintza batzuk oinarrizko eta beste batzuk luxuzko artikulu bailiran.

Lagunen eta ingurukoen eragina ere faktore inportantea da, jarduerak aukeratzeko garaian. Hala dio Oihane Vicentek. Euskal dantzak eta sormen dantza ematen ditu berak, azken horiek 30-35 euroan hilabeteko (ordubeteko saioa astean) eta jakin badaki ahalegin ekonomikoa eskatzen duela, hainbat familiarentzat muga izango dela seme-alabak klasetara animatzeko. Administrazioak esku hartzen duenean, bestelakoa da emaitza: “Udalak eskainita eman dudan azken dantza tailerreko izen-ematea 3 euroan izan da”, azaldu digu Vicentek.

Amaia Bergara: "Jarduera hauetatik kanpo geratzea ere bada sareak galtzea. Haurrak ez doaz bakarrik futbolera edo balletera, halako baten parte sentitzea funtsezkoa da askorentzat"

Bigarren familia
Heziketan zutabe inportantea dira eskolaz kanpoko jarduerak, hezkuntza formalaren osagarri eta aberasgarri. Hala berretsi digute erreportaje honetako solaskideek, eta ondorioz, aukera berdintasuna ez bermatzea eta jende bat sare hauetatik kanpo uztea diskriminatzailea da. Garapen pertsonalerako, autoestimurako, emozioak gestionatzeko, hezkidetzarako, harremanetarako, elkar zaintzarako, alde ludikoan sakontzeko, euskara espazio informaletan indartzeko… aukera paregabea izan daitezke. Norbere potentzialtasun, trebezia eta motibazioei bide ematen diete eskolaz kanpoko ekintzek, “eta kanpoan geratzeak esan nahi du agian zure gaitasun eta talentu bat mugatzen aritzea”, dio Vicentek. Batzuetan, arlo akademikoari lotutako jarduerak dira, eskolan ematen diren gaietan aurreratu nahian gurasoen arteko lehia eta gurpil zoro bilakatzeraino, eta bazter geratzen direnentzako ondorioa ere garbia da: are atzerago geratzen dira ibilbide akademikoan.

Kanpoan geratzea ere bada sareak galtzea, “halako taldeetan parte hartzeak lagun talde berriak eraikitzea” dakarrelako, dio  Vicentek. Eskolaz kanpoko jarduera pribatuen pisua handia da gure gizartean, asko dira burbuila horretan mugitzen direnak eta beste asko hortik at daudenak, gizarte kohesiorako aukera bikaina izan zitezkeenak gizarte hausturarako tresna bilakatuz. Kale hezitzailearen begiradak laguntzen du ulertzen jarduera hauen garrantzia: “Haurrak ez doaz bakarrik futbolean edo balletean aritzera, on asko egiten die horrelako zerbaitek, faktore ugari landu daitezke, eta halako talde baten parte sentitzea funtsezkoa da askorentzat; are gehiago, beraien bigarren familia bilakatu daiteke batzuetan, zentraltasun handia hartzen du beren bizitzetan, zer esanik ez nerabezaroan”, dio Bergarak. “Bizitza ordenatu bat eraikitzeko ere oso inportanteak dira jarduera hauek. Kale hezitzaileokin ibiltzen den gazteetako askok ez du zeregin finkorik, ohituta daude txikitatik ‘bakarrik’ egotera, eta ordena hori, egitura hori galtzen duzunean, zure burua gizarte saretik kanpo ikusten duzu, aparte; pertsona horrek zaila du bere lekua bilatzea, galduta bukatzen du sarri”.

Desoreka nola orekatu?
Hitzez ematen diegun balioa praktikara eraman nahi badugu, ez al lukete ume guztiek aukera eta eskubidea izan behar aisialdi antolatuan parte hartzeko, etxe bakoitzeko ekonomia kontuan hartuz? Ez al litzateke eskaintza publikoa handitu behar, ez al litzaizkioke eskaintza pribatuari irizpide batzuk markatu behar, inor kanpoan ez uzteko? Izan ere, ukaezina da elkarte, klub eta akademia pribatuek nagusitasun handia dutela eskaintza orokorrean, eta haur eta gazteen heziketaren parte diren heinean, pentsatzekoa da jarduera pribatua izan arren balio eta oinarri batzuen arabera aritzea eskatu beharko litzaiekeela. Baina tentuz erantzun digute solaskideek: ez da erraza eremu pribatuan egiten dena kontrolatzea, eta delikatua da horietan administrazioak eskua sartzea. Orduan, zer egin?

Elkarri lotuta dauden bi bideren alde egin dute galdekatuek: diru publikoz lagundutako jarduera gehiago antolatzea haur eta gazteentzat, eta ikastetxeetako guraso elkarteek bideratzen dituzten eskolaz kanpoko jarduerak indartzea. Administrazioak merkatutik kanpo dauden jarduerak eskaintzeak gizarteko desorekak gainditzen lagundu dezakeela dio Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko (EHIGE) koordinatzaileak: “Udal batzuek halakoak antolatzen dituzte puntualki, baina nabari dugu interes gutxi dagoela erakunde publikoen aldetik; maiz baliabideak eta ondo prestatutako profesionalak falta dira, arlo ez-formala gutxi baloratuta dagoelako maila akademikoan”. Adibide positiboa jarri digute Hezten aisialdi elkartetik, eurek dinamizatzen dituzten FamiliaOla eta Parketarrak aisialdi ekimenak (jolasak, tailerrak, txangoak…) arrakastatsuak direla eta profil anitzeko jendea erakartzen dutela baitiote. Ekimena eurek gestionatu baina udalek eskaintzen dute, eta udalek jarritako diruari esker doan hartzen dute parte haurrek.

Gako interesgarria jarri digute mahai gainean Bergarak eta Vicentek: sarean lan egitearen onurak. Adibidez, herriko udala bertako kale-hezitzaile, gizarte zerbitzu, gazteleku, aisialdi elkarte eta eskolaz kanpoko jarduerekin egon daiteke harremanetan, haur eta gazteen beharrak nola ase hobeto bideratu aldera.

Ikastetxeetako guraso elkarteek bideratzen dituzten eskolaz kanpoko jarduerak behar bezala subentzionatuz gero, eskaintza merkea egitea legoke, denei irekita

Eskolaz kanpoko jardueretarako bekak?
Diskriminazioaren aurrean, klub eta akademia pribatuetan baino errazagoa dirudi esku hartzea ikastetxean antolatzen diren eskolaz kanpoko jardueretan. Horregatik, alternatiba ona dela esan digute solaskideek: haurra ez da leku batetik bestera eraman behar eta instituzioek subentzionatuz gero, eskaintza merkea egitea legoke, denei irekita.

Gaur egun, baina, jarduera horietan ere bada segregaziorik. Aitor Idigoras bere seme-alaben ikastetxeko guraso elkartean dago eta kezka agertu digu: “Ekitate eta berdintasun printzipioa mahai gainean presente izaten dugu ekintzak antolatzerakoan, baina ez du soluzio samurrik: badakigu familia askok ez duela ekintza hauetan izena ematen, baina guretzat oso zaila da zergatia jakitea, noiz den ekonomia zailtasunengatik eta noiz beste faktoreren batengatik, eta ez dugu asmatu modu bideragarririk informazio hori eskuratzeko. Jarduerei gehienezko prezio bat, muga bat, jartzen ere saiatzen gara, baina ekintza guztiekin ez da erraza, kostu bat dutelako”.

Jarduerak merke –edo doan– eskaintzeko, administrazioaren inplikazio handiagoa eskatu dute Aitor Idigoras eta Lurdes Imazek. Azken honi galdetu diogu ba al dagoen bekarik edo dirulaguntzarik espreski eskolaz kanpoko jardueretan parte hartu ahal izateko, egoera zaurgarriagoan direnei zuzenduta, baina oro har ezetz erantzun digu. Guraso elkarteentzat bai, bada dirulaguntzarik, eta modua izan daiteke jarduerak subentzionatu eta kalitatezko eskaintza merkea bideratzeko, baina laguntza publiko hauek oso txikiak direla azpimarratu digu Imazek, “800-1.200 euro bi lerroko ikastetxe batean, Eusko Jaurlaritzatik”. Udalen artean zabalagoa da panorama: “Batzuek laguntza onak ematen dituzte, baina tramitazioa konplexua da eta laguntza hauek normalean ez dituzte kontuan hartzen behar bereziak dituzten ikasleak, zeintzuek laguntza pertsonalizatua behar duten horrelako jardueretan parte hartu ahal izateko”.

Ikastetxe batetik bestera ere, handia izan daiteke aldea, eta eskolaz kanpoko jardueren eskaintza oso urria eta pobrea da hainbatetan, gurasoek adibidez antolakuntzan inplikatzeko nahikoa denbora eta baliabide ez badute –prekarietatean diren familia asko dituzten ikastetxeetan, esaterako–. Laguntza publikoak ikastetxe horiek lehenetsi beharko lituzkeela aldarrikatu du Idigorasek: “Udalak laguntza zuzena eman beharko lieke atzean geratzen diren eskolei, begiraleak ere jarriz, edo guraso elkarteak egiten ez badu, udalak antolatu ditzala jarduerak eskola horietan, gainerako ikastetxeen pare”.

Sarean lan egitea onuragarria da. Herriko udala bertako kale-hezitzaile, gizarte zerbitzu, gazteleku, aisialdi elkarte eta eskolaz kanpoko jarduerekin egon daiteke harremanetan

Kalea eta akademia
Beste muturrerako joera ere nabari da hainbatetan: batzuetan gauza gehiegitan ematen dute izena seme-alabek, ordu asko igarotzen dituzte ekintza bideratuetan, eta azkenerako umeak estresatzen bukatu dezakegu, edo haurrek amaitu dezakete aisialdi librean zer egin ez dakitela, jolasteko eta aspertzeko gaitasunik gabe. Oreka inportantea dela azpimarratzen dute adituek, egunero denbora libre zati bat gordetzea jolasteko, egunean egindakoa barneratzeko, sormenerako, etxean elkarrekin gauzak egiteko… “Jolas libreari ere garrantzia eman behar zaio, gaur egun dena oso bideratuta daukagulako, plazek eta parkeek garai bateko garrantzia berreskuratu beharko lukete”, dio Hezten elkarteko Ainhoa Pinedok. Baina honetan ere, agerikoa da desoreka: jarduerak mugatuz aisialdia lasaiago hartzea hautatu dezakete batzuek, baina arratsaldeak kalean igarotzetik jarduera antolatuen sarean murgiltzeko bidea malkartsua da gizartean zaurgarrien direnentzat.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aisialdia
Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Jauzi.eus, Iruñerriko eskolaz kanpoko euskarazko jardueren bilatzailea

Hilaren 29tik aurrera Sortzen Guraso Elkarteak Jauzi.eus bilatzailea martxan jarriko du. Xedea da euskararen normalizazioa bultzatzeko dagoeneko eskaintzen den aisia atari digital bakarrean biltzea.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerak doan, Portugalgo gakoa desorekari aurre egiteko

6-10 urte bitarteko haurrek doan dituzte eskolaz kanpoko jarduerak Portugalen. Ekintza hauetan parte-hartze unibertsala bermatzea onuragarria izan da Portugalgo ikasleen arteko desoreka sozioekonomiko eta ondorioz akademikoei aurre egiteko eta eskola porrota txikitzeko, besteak... [+]


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna bermatzeko eskatu diote gurasoek Gasteizko Udalari

Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


2022-09-06 | Jon Torner Zabala
‘Pastorola’: Handituz doa euskarazko rol jokoen eskaintza

Rolariak elkarteko kide Pello Gutierrezek sortu du Pastorola rol joko kolaboratiboa, Zuberoako pastoralen narratiba eta egitura oinarritzat dituena. Euskaraz jokatzea helburutzat hartuta, pasa den urtean Adur rol jokoa aurkeztu zuen elkarteak. Bide horri eutsi dio... [+]


Ibilbide geologikoak (III)
Geoparkeko flysch harrigarria irakurtzen

Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.


Haurren pantaila kontsumoa udan, aintzat hartu beharrekoak

Aisialdi orduak biderkatuta, haurrak entretenitzeko telebista eta tabletera jo ohi dugu udan. Pantailak kontsumitzeko moduez, mugak jartzeko zailtasunez, baliabide gisa saihestu beharreko uneez… hainbat gogoeta jaso dituzte Criar.cat-en eta hona ekarri ditugu.


Zaldibiako plaza auzolanean eta begirada berriak txertatuz ari dira diseinatzen

Herritarrak inplikatuz eta Arkitekturako ikasleen laguntzaz, bizilagun guztiak kontuan hartuko dituen plaza ari dira diseinatzen Zaldibian. Hilero arlo bati eskaintzen diote tartea: zaintzaren arkitektura landu eta espazioa ikuspegi feministatik aztertu ostean, haur eta gazteek... [+]


Herri eta hirietako animaliak deskubritzea, KaleNaturaren aurtengo erronka

Etxe azpiko lorategian, parkean, paretetako arrakaletan, erreka ondoan… dauden txori, intsektu arrain, ugaztun eta oro har animalietan arreta jartzea eta horiek ezagutu, izendatu eta argazki bidez partekatzea jarri du helburu KaleNaturaren bigarren edizioak.


Eguneraketa berriak daude