Emakume ijitoek pairatzen duten arrazakeria edo diskriminazio espezifikoari egiten dio erreferentzia genero antitziganismo kontzeptuak. Halere, gizarteak oro har ezagutzen ez duen eta emakume ijitoak oraindik eraikitzen ari diren kontzeptua da, AMUGE eta Romi Berriak elkarteen arabera. Aurrerapausoak eman asmoz, Genero Antitziganismoari buruzko I. Nazioarteko Kongresua burutu dute urriaren 3a eta 5a bitartean Bilbon. Emakume ijitoek pairatzen duten indarkeria sistematikoa izan dute aztergai, perspektiba anitzetatik.
Aretoa entzulez eta hizlariz beteta. Emakume ijitoak nagusi, baina ijito ez garenontzako eta gizonentzako lekua ere bazegoen. Izan ere, urriaren 5a Genero Antitziganismoari buruzko I. Nazioarteko Kongresuaren hirugarren eta azken eguna zen eta, aurreko biak ez bezala, publiko osoari irekitako jardunaldia izan zen. Lehenengoan pertsona ijitoek baino ez zuten parte hartu eta bigarrenean soilik emakume ijitoek. Azken egunean, aldiz, aretotik kanpo ere izango zen nor edo nor saioari so, streaming bidez eman baitzuten ekitaldi osoa.
AMUGE Euskadiko emakume ijitoen erakundeak eta Romi Berriak berdintasunaren aldeko gazte ijitoen elkarteak antolatu zituzten jardunaldiak. Hiru egun mamitsuetan nazioarteko jende andana elkartu zuten hizlarien eta parte-hartzaileen artean: Errumaniatik, Alemaniatik, Portugaletik, Latinoamerikatik, Albaniatik, Herrialde Katalanetatik, Madrildik, Aragoitik eta Andaluziatik gerturatu ziren, besteak beste, genero antitziganismoari adar anitzetatik heltzeko. Giza eskubideen urraketak, politika publikoak, intersekzionalitatea, aniztasun funtzionala, etnosexismoa eta memoria historikoa izan ziren landutako gai batzuk, erromani ikastaro bat eta guzti.
Genero antitziganismoa emakume ijitoek pairatzen duten matxismo espezifikoa dela azaldu zuen Noemi Amaya AMUGEko kideak. “Nahita egindako baldintzapena da”, zehaztu zuten Andrea Zufiaurrek eta Alejandra Morenok. “Gizatasuna kentze horrek amorrua, ezintasuna, sufrimendua, tristura, mina eta haserre handia eragiten ditu”. Jardunaldiotan bizipen propioetatik indarkeria hori zehazten ahalegindu ziren, definizio itxirik lortu ez bazuten ere. Sandra Herediak esan bezala, milaka urtetan romafobia [antitziganismoa izendatzeko terminoa hau ere] gogorra pairatu dute eta “ezinezkoa da goiz erdian definitzea”. Eztabaida, gainera, kontzeptuan ere badago: genero antitziganismo ala antitziganismo intersekzionala deitu. Definizio horren bilaketan bi alderdi planteatu zituzten: alde batetik, emakume ijitoen artean gogoeta egiteko eta pentsamendua eraikitzeko lana eta, bestetik, lana eta elkarrizketa gainerako gizarte euskaldunarekin.
Horretarako baliatu zuten azken saioa. Aurreko bi egunetako ondorioak aurkezteko plaza izan zen, baina sormenak ere izan zuen lekua. Bi orduko saio indartsuaren ondotik etorri ziren Silvia Agüeroren Gaztelu bat bezalako ijitoa bakarrizketa eta Gure Golé emakume ijito feministen koroa. Hiru eguneko nazioarteko jardunaldi aitzindariak antolatu izanagatik ere, nekea ez zen inon ageri. Bai ordea indarra, kemena, zirrara eta, nola ez, amorrua eta aldarrikapena.
Esan bezala, jardunaldien bigarren egunean emakume ijitoek izan zuten protagonismoa. Taldeka banatu ziren indarkeria transistemikoei, enpleguari, gizarte eskubideei, hezkuntzari, osasunari eta gorroto diskurtsoei buruz gogoetatzeko. Plazaratu zituzten ondorioen artean bat nabarmentzen hastearren, “hausnartzen jarraitzeko” espazioen beharra dago. “Aspaldi genuen honen inguruan eztabaidatzeko beharra”, adierazi zuten espazio ez-mistoak aldarrikatzearekin batera. Tamara Clavería Amugeko koordinatzaileak askatasunez adierazteko eta pentsamendu propioa garatzeko konfiantzazko guneak ezinbestekoak direla aipatu zuen, eta horiek exijitzen jarraituko dutela. “Asko dugu esateko”, azpimarratu zuen María Hernándezek bere hitzartzean, eta María Filigrana Fakali elkarteko kideak gogorarazi zuen: “Ez da orain feminismoak atentzioa eman digula eta honi buruz hausnartzen hasi garela, feminismoak mendeetan zeharkatu gaitu eta beti izan gara feministak, mugimendua bera jaio aurretik ere”.
Etengabe eztabaidatzeko prestutasuna izan arren, argi azaldu zuten genero antitziganismoaren karga ez dela soilik eurena. Herri ijito osoaren babesa eta ijito ez direnek osatutako mugimendu sozialen aliantzak aldarrikatu zituzten behin baino gehiagotan. Hernándezek, esaterako, harrituta azaldu zuen kaleko merkatuen baimenen % 80 emakumeen izenean egon arren, beste sektore feminizatuek jasotzen duten haina babes ez dutela sumatzen esparru horretan lan egiten dutenek.
Pixkanaka, hitza hartu zuten emakume guztien artean, hainbat esparrutan ijito izateagatik pairatzen dituzten diskriminazioak aletu zituzten, jazarpena sistematikoa dela nabarmenduz eta antitziganismoa giza eskubideen urraketa dela gogoraraziz. Indarkeria transistemikoa dela nabarmendu zuten, eta klaseak, erlijioak, orientazio sexualak, migrazioak, lurraldetasunak, aniztasun funtzionala izateak… eragina duela diskriminazioak gurutzatzerako orduan.
Mendeetan zehar bizi izandako jazarpen kulturala ere nabarmendu zuten: hizkuntza-zapalkuntzarekin, janzkeraren bitartez edo hezkuntzaren bitartez, adibidez. Horri gehitu behar zaizkio industria kultural eta musikalaren apropiazio kulturala eta horren bitartez zabaldutako klixeak.
Infantilizazioa eta gutxiespena, ordea, edonon nabaritzen dituzte: hezkuntzan, osasun-sisteman, enplegagarritasun planetan… Azken hori Hernándezek adierazi zuen: “Enplegagarritasunaren fokua gure gainean jarri dute: lan elkarrizketa batean nola jantzi eta nola hitz egin erakusten digute, baina errealitatea bestelakoa da, enpresek ez gaituzte kontratatzen arrazistak direlako”.
Egozten zaizkien estereotipoei buruz ere aritu ziren: “Gureganako espektatiba falta, lapurtzat hartzea, gure seme-alabak zaintzen ez ditugun ideia…”. Aurreiritziek, gainera, badute genero izaera: emakumeak otzan eta engainatzailetzat hartzen dituzten bitartean, gizonak biolentotzat eta matxistatzat hartzen dituzte. Horrek guztiak, alde batetik, jaiotzatik gutxietsiak sentitzen diren neskatoen bizitza zeharo markatzen du eta, bestetik, gorroto diskurtsoei eta delituei bidea irekitzen dio.
Bizipenak izan dituzte teoria eraikitzeko oinarri. Aurkeztutako diskriminazioaren aurrean proposamen ugari eta zehatzak egin zituzten. Hezkuntzan, esaterako, profesionalen formakuntza, eskola publikoaren aldeko apustua, zor historikoaren erreparazioa eta komunitate osoaren inplikazioa aldarrikatu zituzten. Osasunean, bestalde, herri ijitoaren jakintzak eta ohiturak balioan jartzea eta aintzat hartzea eskatu zuten, formakuntza interkulturalaren bidez elkarlaguntzaren eta elkartasunaren balioak mantentzearekin batera.
Enplegu eta gizarte eskubideen arloan, sinpleki, pobreziarik gabeko bizitzarako eskubidea jarri zuten mahai gainean: lanpostuetara iristeko eta hauek mantentzeko trabak kenduz, autoenplegurako erraztasunak jarriz eta dirulaguntzen baldintzapena ezabatuz. Gorroto diskurtsoen aurrean, jendartearen eta komunikabideen erantzukizuna azpimarratzeaz gain, erasoei erantzuteko eta ez isiltzeko beharra azpimarratu zuten.
“Proiektu politikoari jarraipena eman behar diogu eta eztabaidan sakondu”, argi esan zuen Herediak. Horretarako aniztasuna eta bizipenen konplexutasuna aintzat hartu behar dela azpimarratu zuen, bai eta kide beltz eta indigenengandik asko dutela ikasteko ere. Esker hitz amaigabeen artean, batasunerako beharra azpimarratu zuten.
Claveríak eman zion saioari amaiera nazioarteko aliantza sendorako deia eginez: “Duela hiru urte Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan parte hartu genuenean nazioarteko aliantza sendo honetara batzeko deia egin genizuen. Horizontala izatea nahi dugu, baina protagonistak emakumeak gara. Dokumentu bat zabalduko dugu eta aliantza honetara atxikitzeko eskatzen dizuegu”.
Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.
Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.
Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.
Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.
Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.
Atzo eguerdian labanaz eraso zion bere amari Irunen eta Donostiako Ospitalean hil da. Erasotzailea epailearen aurrean deklaratzeko esperoan dago.
Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]
Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]
Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]
Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]
Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.
Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]
Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]
Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!
Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]