Denboraldi hasiera errusiar erara

Euskadiko Orkestra
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskadiko Orkestra.

Zuzendaria: Robert Treviño.
Bakarlaria: Alexei Volodin (pianoa).
Egitaraua: Falla eta Shostakovitxen lanak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: irailaren 23a.

Tragedia gainditzea da Euskadiko Orkestraren abonu denboraldi berri honen leloa, errusiar musikak nolabaiteko protagonismoa izango duen denboraldia, hain zuzen ere. Eta horren erakusgarri, denboraldiko lehen kontzertuak bakarlari errusiar bat eta Shostakovitxen sinfonia handienetako bat biltzen ditu, egitarau biribil batean.

Abonamenduko kontzertuen lehen saio honek Tragedia titulua zuen, nahiz eta izenak programa osatzen duen bigarren obrarekiko soilik izan zentzua. Hain zuzen ere, kontzertuari hasiera eman zion obra, Manuel de Fallaren Noches en los Jardines de España, izaera inpresionista duen obra da, Andaluziako hainbat lekuri lotutako oroimen, sentsazio eta sentimenduz betea. Tragedia sentimendutik urrun dagoen musika usaina, beraz. 1919an estreinatu zen Debussyren eta Ravelen eraginak biltzen dituen lan fin hau, eta Alexei Volodin errusiar piano-jotzaileak oso interpretazio inspiratua egin zuen Gasteizen. Agian obra hau ez zen piano-jotzaile honen ezaugarrietara hobekien egokitzen, baina Volodinek egin zuen irakurketa oso sentikorra izan zen –une batzuetan, nire ustez, sentikorregia–, teknika bikain batekin eta orkestrarekin fusio bikaina lortuz.

Beste errepertorio mota batean entzutea gustatuko litzaiguke, Rachmaninoven, adibidez, konpositore horren erreferentziazko interpretea baita. Baina Fallarekin konformatu behar izan genuen, eta Chopinen propina pare batekin, bakarlariaren soinu bikaina erakutsiz.

Tragedia, ederra eta asaldagarria, Dimitri Shostakovitxen do minorreko op. 65, 8. sinfonia intentsoarekin iritsi zen. Errusiar musikariak konposatutako gerrako sinfonietako bat da, 7. sinfoniarekin batera, non Bigarren Mundu Gerran errusiar herriak jasandako sufrimendu eta drama kontatzen duen. Obra hau 1948an estreinatu zen, berarenganako desprestigio-kanpaina baten erdian, herriarentzat obra ulertezintzat jotzen zelako, eta, beraz, herriarekin zerikusirik ez zuelako, ustez.

Zorionez, 60ko hamarkadatik aurrera, balioa eman zaio, eta gehien programatzen den Shostakovitxen sinfonia ez bada ere XX. mendeko sinfonia handienetako bat da, espresiboa eta emozioz betea. Robert Treviñok obra honen ñabardura adierazkorrak areagotu zituen eta indarrez beteriko uneak lortu zituen, bai lehen mugimenduan, bai hirugarren mugimenduaren Allegro non troppo bikainean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
OLBE
Denboraldiaren hasiera liluragarria

Operazaleok pozez itxaroten dugu OLBE-ren denboraldiaren hasiera. Eta aurten poza bikoitza izan dugu. Alde batetik, titulu eder-ederra, publikoaren kuttuna izan dugulako, eta, bestetik, interpretazio mundialak disfrutatu ditugulako. Behin baino gehiagotan entzun dugu Bilbon... [+]


Kolore eta giroak

Donostiako Musika Hamabostaldiaren azken txanpa honetan orkestra ospetsu eta sendo izango ditugu gure artean, eta, beraz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat erronka bat da talde hauen artean bere indarra erakustea. Apustu serioa egin zuen abuztuaren 24an.


Eguneraketa berriak daude