“Nafarroan bada erdaraz bizi, baina euskaraz sortzen duen jende asko”

  • “Bihotzean daramaguna gure hizkuntzaz baino ezin dugu adierazi”, dio Castillok. Poeta da, Sakanako euskara teknikaria ere bai, eta irailaren amaieratik Euskaltzain osoa. Bakardadeaz, abandonuaz, galdutako tokiez, baso nahastuez, herrigintzaz eta amodioaz hitz gutxiz eta ironia handiz hitz egiten digun idazle eta euskararen militante nekaezina da.

Argazkia: Dani Blanco
Castillo Suarez Garcia. Altsasu, 1976

Euskal Filologian lizentziaduna. 23 urterekin irabazi zuen lehen aldiz Iruñeko Udalak emandako Egile Berrientzako saria poesia modalitatean. Geroztik bederatzi olerki liburu argitaratu ditu, helduentzako bi album eta haurrentzako hamaika narrazio liburu. Lanbidez euskara teknikaria da Sakanako Mankomunitatean. Hainbat erakunde eta ekimenetan parte hartu izan du eta, gaur egun, jabetza intelektualaren kudeaketan diharduen EKKI Elkarteko lehendakaria da eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritzan dago. Kolaboratzailea da Argia-n eta Berria-n. Euskaltzain urgazlea izan da 2016tik eta irailaren 30ean Euskaltzain oso hautatu zuten.

Castillo Suarez, poeta ala idazlea?
Poeta naiz eta narratzaile kaxkarra edo narrazioetan, behintzat, ez naiz poesian bezain ondo moldatzen. Poesian nabarmentzen naiz, zerbaiten nabarmentzen banaiz.

Gazte hasi zinen, Iruñeko Udalaren egile berrien poesia lehiaketa bi urte jarraian irabaziz.
Nik uste dut Nafarroako idazleen harrobia hein handi batean lehiaketa horri esker sortu dela. Hortik etorri da idazle jende asko bai poesian, bai narrazioan ere: Anjel Erro, Joxemiel Bidador, Aingeru Epaltza, Alberto Ladrón, Gorka Urbizu, Jon Barberena, Bea Chivite, Hasier Larretxea, Juanjo Olasagarre, Nerea Balda, Saioa Alkaiza… idazle asko eta onak.

Poesia hurbila da zurea?
Bai. Nik uste dut nire nortasunarekin zerikusirik daukan estiloa dudala. Konturatzen ari naiz adinarekin gure aitaren gero eta antza handiagoa hartzen ari naizela, eta hura oso ironikoa da. Lasai baldin banago oso ironikoa naiz eta hitz gutxikoa. Ez dut nitaz idazten, baina nik idazten dut. Sintesirako joera handia daukat eta iruditzen zait hori ere nire poesian islatzen dela. Hitz ongi hautatuak eta soberako hitzik ez.

Nik beti izan dut oso presente beste batentzat idazten dudala. Ez dut niretzako idazten eta ez dut asmo terapeutikorik edo halakorik. Irakurleari balioko dion zerbait egiten saiatzen naiz.

Eta zertarako balio dezake poesiak?
Uste dut poesiak hobea egiten nauela. Azken finean gauzei erreparatu egiten diezu beste begi batzuekin begiratuta. Idazten duenak badaki bere burua defendatzen. Ongi idazteak asko laguntzen dizu bizitzan, nire ustez.
Poeta gazteek diote haien lanak ongi konektatzen duela gazteekin. Oso Instagram poesia dago modan gaur egun: ideia bat oso hitz gutxitan adierazita eta zartako moduko bat ematen dizuna.

Zure poesia ere halakoa zen hasieran. Instagram poesia egiten zenuen Instagram existitu baino lehen?
Bai hori da. Aizkorakadak banatu ditut han eta hemen. Nik uste dut lehorra, serioa eta hitz gutxikoa izatearen fama badudala. Egia da ingurukoekin distantzia eta espazioa mantentzea gustatzen zaidala. Agian zerikusirik izango du nire haurtzaroarekin. Urruneko toki batean, autobideaz beste aldean bizi ginen eta ni auzoko ume bakarra nintzen. Nire ahizparekin lau urteko aldea dut eta elkarrekin ez ginen jolasten. Beharbada horregatik naiz bakartia. Jendez inguratuta bizi naiz, baina gustura nago bakarrik ere.

Eta horren apologia egiten duzu...
Bai. Oso gaizki ikusia dago zinemara bakarrik joatea eta halako gauzak egitea, adibidez, eta ez nago ados. Gainera 30.000 kilometro baino gehiago egiten ditut urtean autoan, bakarrik, nire pentsamenduetan murgilduta. Lanarengatik eta militantziarengatik asko tokatzen zait bidaiatzea eta horregatik orain deportibo gorri bat erosi dut. Euskaltzaindian flipatzen dute.

Lan militantea non egiten duzu?
Nik uste dut euskalgintzako erakunde ia guztietan aritu naizela. Egon naiz Topagunean, Soziolinguistika Klusterrean, Euskal Idazleen Elkartean eta Berria-ko Administrazio Kontseiluan; eta orain, EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoa elkarteko lehendakaria naiz eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritzan nago. Honetaz gain, literaturak ematen dizkidan lanak egiten ditut. Epaimahai askotan egoten naiz, adibidez. Jendeak ez du nahi izaten eta nik ez dakidanez ezetz esaten, egiten dut. Orain hasi naiz ezetz esaten denborarik ez dudalako. Norbaitek egin behar du eta badakizu, gauza bat fundamentu pixka batekin eta epe barruan egiten baduzu, hurrengo urtean ere deitzen zaituzte. Euskalgintzan ausarki egiten da lan eta, hala ere, begira nola gauden.

Argazkia: Dani Blanco
"Oso Instagram poesia dago modan gaur egun: ideia bat oso hitz gutxitan eta zartako moduko bat ematen dizuna”

Zure lan poetikoa aldatu da urte hauetan? Orain doinu sakonagoa duela esan daiteke?
Baietz uste dut. Hasieran maiztasun handiarekin argitaratzen nuen eta beharbada oso gauza antzekoak plazaratzen nituen. Gero zeure buruari gehiago exijitzen diozu eta nahi duzu zerbait desberdina eta hobea egin. Euskaraz poesia liburu pila bat argitaratzen dira, baina oso poeta gutxi dago. Gauza bat da poesia liburu bat ateratzea eta beste bat poeta izatea.

Askok liburu bat plazaratzen dute, baina gero ez dute jarraitzen eta zailena idazten jarraitzea eta zerbait desberdina egitea da, hain zuzen ere. Alde horretatik, nik uste dut kritika on samarra dudala, baina saldu, aldiz, ez dut liburu askorik saltzen. Poesia ez da saltzen.

Nik poesiarekin dirua galdu egiten dut askotan. Bi apustu pertsonal handi izan ditut azken aldian eta horietan dirua jarri dut: Elurra elurraren gainean liburua eta Donostiako Victoria Eugenian irailean Poesia Orduak ekitaldian egin genuen Alaska emanaldia. Alaska liburu gisa ere aterako da heldu den urtean.

Hori ere auto-edizioan, Elurra elurraren gainean-en bezala?
Ez. Hori Elkarrek aterako du. Auto-edizioa da bizitzan behin egiteko bakarrik. Eta holako emanaldi bat ere bai. Juantxo Zeberio eta Xabi Lozanorekin egin nuen eta zoragarria izan zen, baina zaila berriz egiteko behar tekniko oso handiak dituelako. Baina ez ezinezkoa.

Zein da Alaska-ren istorioa?
Alaska hotel abandonatu bat da, ni jaio nintzen tokitik gertu dagoena. Maddi Barber zinemagilearen ideia da tokiei egiten zaien dolua. Berak buruan zituen urak estalitako herri eta bazterrak. Lan honetan hitz egiten dut galtzen duzunaz. Zurekin lotura zuten, baina dagoeneko existitzen ez diren lekuek zure baitan hartzen duten tokiez. Objektuez ere hitz egiten dut. Objektuek beste pertsona batzuekin lotzen gaituzte, eta harreman bat mozten denean gauza horiekin zer egiten dugun hartzen dut gogoan.

Elurra elurraren gainean enkarguz eginiko poemak bildu dituzu. Nolakoa da?
Oso lan berezia da, momentu berezietarako eta pertsona berezien inguruan sortutako testu bereziak biltzen dituelako. Fernando Reyk itzuli zituen horietako batzuk eta berea izan zen liburu batean biltzeko ideia. Txakur Gorriak taldekoek ilustrazio ederrak egin zituzten. Odisea izugarria izan zen, suplizio bat, abenduan papera garestien zegoenean eta garraio greba zegoenean atera nuelako. Ez dut gehiago auto-edizioa egingo, horretarako daude editoreak. Elkarrek egin du produktua, ez genuen ale gehiegi atera nahi eta, gure harridurarako, oso ongi saldu da.

Eta zure gaiak ere urte hauetan aldatu dira?
Azken aldian naturako elementu pila bat erabiltzen ari naiz poemetan. Irautera nire azken liburuan, nire jaioterriko paisaia sentimentalaz aritu nintzen eta Euskaltzaindiaren sarrera hitzaldia ere maitasunaren botanikaren inguruan egingo dudala uste dut.

Mendiz inguratutako eremu industriala da Sakana eta, Gipuzkoa, zer esanik ez. Han basoak ez dira publikoak hein handi batean eta irabazi asmoarekin kudeatzen dira. Nafarroan, aldiz, denonak dira, zorionez. Ni hor bizi naiz, muga horretan.

Haurrentzako literatura zergatik idazten duzu?
Niri gustatzen zaizkidan ipuinak egiten ditut. Idazten ditut niretzat eta, egia esan, gauza batzuk ez dira argitaratzeko modukoak. Bestalde, badirudi haur literaturan beste parametro batzuetan funtzionatzen dutela eta liburu guztiek izan behar dutela helburu bat. Erre-merre hitz egiten badut edo mehea banaiz edo amarekin bakarrik bizi banaiz... Presio moduko bat dago liburu tematikoekin, autolaguntza moduko liburuak dira eta ez da beharrezkoa. Uste dut liburu bat bihotzera iritsi behar zaizula eta liburu on horietan gai guztiez hitz egiten dela: bakardadeaz, doluaz, gabeziez… Ez dut uste ume garaian heldutan baino zoriontsuagoa garenik. Berdin sufritzen da edo gehiago. Niri ez zait interesatzen haurtzaro erabat zoriontsuaren ideia faltsu hori.

Euskara teknikaria zara lanbidez.
Euskara teknikari bokazionala naiz, baina egia da ez nauela gehiegi nekatzen eta aukera eta malgutasuna ematen didala beste gauza batzuk egiteko. Bortzirietan hasi nintzen eta han ikasi nuen dakidan gehiena. Eredugarri ziren eta dira han dauden teknikariak. Gero Sakanara etorri nintzen eta hemen eman ditut azken 20 urteak, kenduta Burlatan eginiko tartetxoa. Nik beti esaten dut oso lan aspergarria dudala kudeatzailea naizelako hein handi batean eta horri esker sortzen dudala, energiak ez didalako lantokian ihes egiten.

"Askok liburu bat plazaratzen dute, baina gero ez dute jarraitzen eta zailena idazten jarraitzea eta zerbait desberdina egitea da"

Zer gustatuko litzaizuke lortzea teknikari gisa?
Nik nahiko nuke haur eta gazteek euskarazko sormen lanak egin eta haiekin gozatzea. Sormenaren bidez jende guztiak, baina bereziki haur eta gazteek, hizkuntzarekiko atxikimendu bat lor dezaten. Baina hori oso zaila da, bai arrazoi objektiboengatik, bai bizitzan hizkuntza batera edo bestera eramaten zaituzten erabakiak gurutzatzen zaizkizulako. Nire kasuan, adibidez, gure etxean beti izan da euskararekiko eta kulturarekiko atxikimendu handia. Oinarri hori badut, baina horretaz gain, Altsasuko institutuan Arbizuko eta Etxarriko gazteekin elkartu nintzen eta beraientzat naturalena euskaraz aritzea zen; ni ere giro euskaldun horretan sartu nintzen, bestela ziur naiz erdararako joera handiagoa izango nukeela.

Oro har, sentsazioa daukat gauza askotan ez dugula aurrera egin eta jarraitzen dugula legeria eskas baten menpe. Guk, adibidez, Sakanan ez dugu lortu D eredua orokortzea eta herri batzuetan erabilerak nabarmen egin du behera, esaterako Urdiainen, besteak beste bikote mistoen jokabidearengatik, esango nuke.

Argazkia: Dani Blanco
"Diru-laguntzak banatzeaz arduratzen naiz eta, tabernako soziologia eginez, esan dezaket euskara ikasteko askoz ere  sentsibilitate handiagoa dagoela kanpotik etortzen direnen aldetik bertakoen aldetik baino"
 

Kanpotik bizitzera etorritako pertsonekin ere lan egiten duzue euskarara ekartzeko asmoz. Nola dago egoera Sakanan?
Kale neurketaren datuak aurkeztu zituzten duela gutxi. Gaztelera, euskara, frantsesa eta beste hizkuntza batzuen erabilera neurtzen da, eta emaitzetan ikusten da hiru herritan –Irurtzun, Uharten eta Lakuntzan– beste hizkuntza horien portzentajea oso handia dela.

Bestalde, argi dago maila sozialak baduela zerikusi handia. Euskara ez da pobreen hizkuntza, ikasteagatik oraindik ordaindu behar delako. Euskara ikasteko denbora eta dirua behar dira, eta gainera sentitu behar duzu zerbaitetarako balio dizula, eta ez naiz bakarrik lanaz ari. Gauza asko daude hor. Dirulaguntzak banatzeaz arduratzen naiz eta, tabernako soziologia eginez, esan dezaket askoz ere sentsibilitate handiagoa dagoela kanpotik etortzen direnen aldetik bertakoen aldetik baino. Euskara ikasteko eskaeren artean Danimarka, Uruguai, Katalunia, Brasil... hamaika tokitako herritarrak ikusten dituzu.

Aitonena da beste fenomeno aipagarri bat, hemen Sakanan oso garbi ikusten dena. Ez dut esaten aiton-amonena. Askotxo dira erretiroa hartu duten gizonak, iloba euskaldunak dituztenak, eta euskara ikastea erabaki dutenak. Beharbada emakumeek ordutegia oso betea dute, eta oso antolatua; eta gizonek, aldiz, agian denbora gehiago dute lana utzi ondoren euskara ikasteko.

Euskaltzaindiari zer ekarpen egiten ahal diozu?
Nire bizitza osoa eskaini diot euskarari, lanean, sormenean, militantzian... Izendapen hau hartzen dut aitortza baten gisara. Literatura garaikidean zerbait egiteko asmoa dagoela ulertzen dut ere bai, eta horretan uste dut egin nezakeela nire ekarpena. Izaera nazionaleko bi elkarte daude literaturaren sustapenean lanean, Euskal Idazleen Elkartea eta Galtzagorri elkartea, eta haiekin zerbait egin daitekeela uste dut.

Nola dakusazu euskal literaturaren egoera?
Gurea hizkuntza minorizatua da eta kanpoan kutsu exotikoa hartzen diote, baina literaturari dagokionez, uste dut oso gauza homologagarriak egiten direla hemen. Nik, beti ere, euskal literaturaz hitz egingo nuke. Batzuetan deitzen naute Nafarroako literaturaz hitz egiteko, baina ez zait iruditzen halakorik existitzen denik, eta erdaraz ere ez dago ezaugarri propiorik duen nafar literaturarik.

Hemen mugimendua eta sortzaile euskaldun asko badira, ez?
Nafarroan bada erdaraz bizi, baina euskaraz sortzen duen jende asko. Eta esango nuke Iruñerrian gehiago. Bada kontzientzia bat eta euskaraz dakiten sortzaileek euskaraz sortzen dute. Horrek estatus bat ematen dio hizkuntzari. Sortzaile pila bat dago eta oso onak. Gero beste kontu bat da ea publikorik dagoen emanaldi guztietarako edota hainbeste liburu irakurtzeko... baina hori gertatzen da hizkuntza minorizatu bat garelako, hein handi batean.

Zer duzu orain esku artean?
Ramon Andresen poemak itzultzen ari naiz, Alaska liburua urte berrian plazaratuko dugu eta Euskaltzaindiaren sarrera hitzaldia ari naiz prestatzen hemendik zortzi hilabetera irakurtzeko.

Beti lanean?
Beti lanean. Aurten oraindik ez dut oporrik hartu!

                                                                                          *          *          *

AZKEN HITZA

ENBAXADARIK EZ DUGUN BITARTEAN
"Elurra elurraren gainean liburuko enkarguzko poemen artean dago Martin Ugalderen omenez Urmuga ekitaldian irakurritakoa 2021eko uztailean. Amaierako bertsoak hala dio: “Egunkari batean iraun genezake enbaxadarik ez dugun bitartean”, Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileei gorazarre eginez. “Buruan zeukaten poema horrekin txartel bat egin eta ekitaldian bertan banatzea, baina norbaitek erabaki zuen olerki hori ‘politikoegia’ zela banatua izateko, eta nik esaten dut: zer dago politikoagoa egunkari nazional bat egitea baino?”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Poesia
Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Gorputz hotsak
“Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz”

Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


Rakel Pardo Perez
“Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean”

Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]


Lora dadin deika

Neguko naretasun hotz eta lur etzearen ostean etor daitekeenaren promes izaten da udaberria, eta hainbatek eta hainbatetan idatzi izan diote lora dadin deika. Promesak promes, ordea: ez da inoiz udaberri ziurrik galbidean den lurrean. Ez behintzat aldaketaz edo, zehazki,... [+]


2024-05-23 | Cira Crespo
Presbiziaren kontrako kronika

Maiatzaren 22an, Edu Zelaietak eszenaratze berezia eman dio Presbiziak lagundu omen digu (Pamiela, 2024) bere azken poema liburuaren aurkezpenari. Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan izan da, Arabako hiriburuko Poetak Maiatzan poesia-jaialdiaren baitan.


Babesten gaituen itsasoa

Oihane Jakaren poema liburua ireki eta eskaintza bi aurkituko ditugu. Aitari bata, seme-alabei bestea. Aipagarria da, topatuko ditugun poemekin lotura zuzena baitute.

Liburuaren egiturak hiru atal ditu: Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Hamaika zenbakia asko... [+]


Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


2024-03-13 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


2023-10-06 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


2023-06-12 | Jakoba Errekondo
Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]


Arnaut Oihenarten poema berriak aurkitu dituzte

Gidor Bilbao EHUko ikerlariak Grenobleko liburutegian Cobla Berriae liburuaren ale bat topatu du, eta Baionako liburutegikoak baino lau orri gehiago ditu. Bertan daude orain arte ezagutzen ez genituen ahapaldi eta poema berriak. 


2023-03-31 | Castillo Suárez
Lanartea

Ez dut gogoan nori entzun nion hilaren amaierara poesia idazten baino ezin dela iritsi, baldin eta poesia ez bada hilabete amaierara iristeko zure modua. Poesia, zorionez edo zoritxarrez, sistema literarioaren eta industria kulturalaren periferian egon da beti. Nolanahi ere,... [+]


2023-03-28 | Edu Zelaieta Anta
Egitura sendoak

Arkitektura eta poesia uztartu zituen Joan Margaritek. Zenbaitzuek bi diziplinen arteko loturaz galdetzen zioten, bi jardun horiek bateratzea ezohikoa zelakoan. Halakoetan, bi alorrek antzekotasun handiak zituztela erantzuten zuen berak; izan ere, Margariten ustez, egitura... [+]


Eguneraketa berriak daude