“Bilbon suposatutzat ematen da gaztelaniaren ezagutza”

  • Belgika, AEB, India eta Thailandian bizi izan da Ainhitze Bizkarralegorra (Bilbo, 1972), giza eskubideen inguruko nazioarteko sareetan eta Europako Batzordearentzat lan eginez. Herrialde, kultura eta testuinguru ugari ezagutu ostean, pandemia betean itzuli zen Euskal Herrira, alabarekin bertan geratzeko asmoz. Nazioarteko esperientzia horrek bertako errealitateari ikuspegi kritikoz begiratzeko aukera eman dio, are gehiago euskarazko hezkuntza sistemarena, alaba iritsi baitzen Bilbora euskara, ingelesa eta alemana jakitun, baina gaztelaniarik gabe. Horri buruz mintzatu gara berarekin.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Munduko leku ugaritan bizi izan zara. Nolatan?

Beti izan dut oin bat Euskal Herrian eta bigarren oina da toki horietan izan dudana. Nazioarteko harremanak eta kulturak ezagutzea etxean beti oso presente izan dugu. Demokrazia eta giza eskubideen inguruko interesa ere beti sustatu izan digute. Europako federazio baten parte zen gobernuz kanpoko erakunde bateko kide nintzen, eta gazte elkarteen plataforma batean ordezkaria behar zuten. Hor hasi nintzen Europa mailako lanean boluntario moduan.

Erasmusen Belgikan bizitakoa nintzen eta euskaldun gisa Belgika oso interesgarria zitzaidan: federazio batean, kultur aniztasuna, politika aniztasuna… Unibertsitatea bukatu nuenean, Europar erakundeetan lan eskaintza bat atera zuten eta hortik pasa nintzen Europako Batzordera. Orduan hasi zen Europako Batzordea deszentralizazio prozesuan eta Indian zabalduko zen ordezkaritzan postua eskaini zidaten. Indiari buruz ez nekien ezer; Ghandi soilik ezagutzen nuen. Oso pozik joan nintzen hara.

Gero berriz Bruselara itzuli nintzen; ondoren berriz ere Indiara eta geroago, Tailandiara. Duela bi urtetatik oin biak Euskal Herrian ditut eta horrela jarraitzea da asmoa oraingoz.

Zer eman dizu ibilbide horrek?

Ikusi dut kultura bezala desberdintasunak ditugula, baina komunean ditugunak ere asko direla. Osasuna, ingurugiroa, giza eskubideak… mundu osoan komunean ditugun gaiak dira. Eta bateragarriak dira horien alde lan egitea eta zure nortasun berezitua, zure marka, indartzea. Oso mundukoa eta oso bertakoa naizela ikusi dut. Euskal nortasunean berretsi nau eta indartu egin dit. Europar nortasuna ere bidean gehitu diot.

Uste dut beste herrietara lan egiteko moduen bila joan nintzela. Joan nintzen momentutik, irudikatu nuen edukiz eta jakintzaz jantziko nintzela atzerrian. Ikasiko nuela, garapen profesionala izango nuela eta, ondoren, itzuliko nintzela ezagutza horiek Euskal Herrian aplikatzera. Baina itzuli naizenean ohartu naiz agian ekarri dudan gauzarik baliotsuena esperientzia pertsonalaren mailakoa dela, jakintza maila baino gehiago. Izandako kultur arteko harremanak, esperientziak, bizimodu desberdinak probatu izana eta horrek guztiak ematen dizuna.

Munduan zehar egin duzun ibilbide horretan zehar familia osatu duzue. Familia eleaniztuna. Nola funtzionatu duzue hizkuntzei dagokienez?

Etxean hiru hizkuntza ditugu. Aitak alabarekin alemanez hitz egiten du; nik alabarekin euskaraz; eta gurasoek ingelesez egiten dugu. Funtzionamendua ez da zaila izan. Aitari proposatu nion alabari hizkuntza bakarrean egiteko eta nik ere hala egin dut beti. Alabari hitz bat falta zaionean, beste hizkuntza batean esaten digu, baina guk hizkuntza mantentzen dugu eta hitz hori gure hizkuntzan nola esaten den aipatuz erantzuten diogu. Adibidez: "Water nahi dut". Ura nahi duzula?

Kanal hori sendotu egiten da eta bakoitzarekin erabiltzeko hizkuntza finkatu. Gure otorduetan hiru hizkuntzak presente eta osagarri izaten dira mahaian.

Dani Blanco.

Ohikoa da eleaniztasun hori zuen inguruan? Nola ikusten du jendeak?

Hona itzulitakoan ohartu naiz elebakartasuna eta kultura bakartasuna zenbateraino dagoen barneratuta jendearen buruan. Aniztasun handiagoa ikusten eta entzuten bada ere, badirudi hizkuntza bat erabiltzen baduzu beste bat mespretxatzen duzula.

Portugaldar batek eta euskaldun batek Austrian sortu zituzten haurrak eskola alemanean sartu zituzten Bilbon. Ikusi dute hainbat gurasok eskola hori hautatu zutela beren seme-alabek ez zezaten euskara ikasi behar izan. Bera seme-alabekin euskaraz ari dela entzuten badute, guraso horiek gaizki begiratzen dute; baina ingelesez edo alemanez egiten badute ez dago arazorik.

Erronka handia dugu ez mugatzen hizkuntza bakarrean bizitzera eta ez frustratzen hor. Badakit gaur-gaurkoz ezinezkoa dela euskara hutsean bizitzea, baina euskaraz ere bizi nahi dut.

Belgika eta India eleanitzak dira. Belgikan lau lurralde-eremuen araberakoa da banaketa. Baina Indian egunero jendeak bi edo hiru hizkuntza erabiltzen ditu. Edozein klasetako jendeak, baita eskolatu gabeek ere. Lanean, etxean eta edonon ikasten dute. Hemen esaten da hizkuntzak ikastea zaila dela, baina edozer da zaila ez badiozu zentzua edo erabilgarritasuna ematen. Guretzat, gure etxean, erraza, erosoa, naturala eta polita izan da.

2020an bederatzi urterekin heldu zen zuen alaba Bilbora bizitzera, euskararekin, alemanarekin eta ingelesarekin.

Lehenago ere uda batzuetan egon izan ginen hemen. Orain, pandemia garaian etorri gara. Eskola publiko batean tokia eman ziguten Hezkuntza Sailetik. Eskolak eta tutoreak oso harrera ona egin ziguten, instalakuntzak eta materialak erakutsi zizkioten alabari, baina heldu ostean aste batzuez ez zen klaserik izan itxialdiagatik. Bitartean Bangkok-eko eskolan matrikulatuta mantendu genuen alaba, hiru hilabetetan zehar. Ikasturte horren amaieran hemengo ikaskideek alabari ongi etorria emateko grabatu zuten bideo bat bidali zion tutoreak. Euskarazko abesti batekin, baina ikaskideen erdiak gaztelaniaz hitz egiten zion. Gurasoei eskatu zieten mezu laburrak grabatzeko eta askok gaztelaniaz egin zuten.

Hurrengo irailean, ikasturtea hasi zenean, alaba harrituta bueltatzen zen etxera ikaskideek euskaraz egiteko zuten zailtasunagatik. Euskarazko eskola batera joan nahi zuela esaten zidan. Baina D ereduan zegoen! Beranduago jakin nuen haurrak ia bi hilabete pasa zituela oso gutxi hitz egiten. Gabonetarako gaztelaniaz komunikatzeko gai zen. Ikaskide eta irakasle batzuek batzuetan ez diote sinesten gaztelaniazko hitz bat falta zaionean. Ongi moldatzen da, baina hiztegia falta zaio, sinonimoak… Suposatutzat ematen da gaztelaniaren ezagutza.

Badaude ikaskide batzuk, bereziki euskaraz egiteko ahalegina egiten dutenak. Jatorri atzerritarreko gurasoak dituzte edo jatorritik eleanitzak diren familiak.

Dani Blanco.

Eta nola daramatza hizkuntzekin lotutako bizipen horiek alabak?

Eskolak esaten zidan alaba animatzeko euskarari eustera eta euskaraz aritzera. Baina nire alaba ez da heroi bat. Eskolan besteak bezalakoa izan nahi du eta ez dago karga hori jasateko prest. Ikusten du ingurukoek gaztelania erabiltzen dutela eta gaztelaniaz behar bezala ez moldatzeak arraro egiten duela. Duela hilabete batzuk Kantu bat gara kontzertutik atera eta segituan esan zidan “euskaraz egiteko lotsa kendu dit; baina kalean, ez eskolan”.

Lehen ikasturtea harridura horrek markatu zuen: inguruko zailtasuna eta euskarazko eskola-giroaren gabezia. Niri argi geratu zitzaidan ere euskalduna eta atzerritarra den ume baten guraso naizela.

Euskaraz alfabetatzeko errefortzua behar izan du eta ikasle heldu-berri bezala Hizkuntza Indartzeko HIPI programan egon da. Besteak beste bere ibilbidea kontatzeko, zein lurraldeetan eta nola bizi izan den kontatzeko aurkezpen bat egin zien ikaskideei. Eta sekulako ilusioz egin zuen. Besteek ere hobeto ulertzen dute bere egoera ordutik. Eta irakasleari proposatu genion ikaskide guztiek egin zezatela antzeko aurkezpen bat.

Eta eskolatik kanpoko jarduerei dagokienez, zein aukera izan duzue?

Bilboko Musika Eskolan hainbat programatan ikasten ari da. Irakasle euskaldun-berriarekin euskarazko harremanak ditu alabak eta eskolako hainbat harrituta geratu dira, ez baitzekiten irakasle hori euskaraz aritzeko gai zenik. Banakako harremana euskaraz dute eta orkestran, berriz, elebitan aritzen dira.

Katekesira joatea nahi nuen eta ikerketa txiki bat egin nuen horretarako. Bilboko elizetan tour bat egin eta gero, Gotzaindegitik bizpahiru elizatara bideratu gintuzten. Azkenean jakin dugu Bilbon parrokia bakarrean eskaintzen dela katekesia euskaraz. Eta lortu dugu nire alabak euskaraz egitea, baina informazio hori ez dago eskuragarri modu errazean.

Antzerki eta igeriketa ikastaroak ere euskaraz egin ditu. Dantza ere probatu zuen, gaztelaniaz zen, baina epe laburrean utzi zuen. Euskal pilota ere euskaraz egiten du. Azken finean gaur egun eskolaz kanpoko jarduera guztiak euskaraz ditu.

Denak izan dira harreman eta esperientzia aberasgarriak. Hala ere, ikusten da ohitura eta protokolo batzuk falta direla. Behin baino gehiagotan, ikastaro hasieran gurasoekin bilera gaztelaniaz egin eta gero galdetu dut ea ikastaroak zein hizkuntzatan izango diren eta ohartu gara haur guztiak euskaldunak direla eta ikastaroak euskara hutsean egin zitezkeela. Baina guraso batek bultzatu du hori agerraraztea; Udalak eduki behar luke protokolo bat.

Munduko hainbat eskolatan izandako esperientziak, hezkuntza-eredu desberdinak ezagutzeko aukera eman dizue. Ikasgelako dinamikari dagokionez, gurasoekiko harremanari dagokionez, nola funtzionatzen dute?  

Metodologiari dagokionez nabaritu dugu gauza ez dela aldatu tamalez: buruz ikasteko beharra, azterketa asko, lankidetzarako bultzadarik ez…

Indian alemaniar eskolan aritu zen. Hizkuntza aldetik, bi irakaslerekin funtzionatzen zuten. Batek beti ingelesez egiten zuen eta besteak beti alemanez. Eta asteko egunak banatuta zeuden: batzuetan alemana zen irakaste hizkuntza eta besteetan ingelesa. Horrek funtzionatu dezake. Kultur artekotasuna ez zuten bereziki lantzen. Baina irakasleen erdia indiarra zen eta beste erdia alemaniarra; ikasle gehienak europarrak ziren.

Thailandian australiar eskola batean egon zen. Ikasleen erdia thailandiarra zen eta beste erdia munduko beste lurraldeetakoa. Hori bai zela nazioarteko eta kultur arteko eskola! Nahiko ohikoa den Nazioarteko edo Kulturarteko astea egiten zuten. Baina, esate baterako, ingurugiroa lantzen zutenean mundu osoko arazoak lantzen zituzten, herrialde ezberdinen ikuspegitik. Klase barruko aniztasuna oso ongi baliatzen zuten: bakoitzaren jatorria, ezagutzak, kulturak… Gainera proiektuka lan egiten zuten, talde-lan asko, eztabaida eta solasaldi asko…

Dani Blanco.

Erabat harrituta dago alaba hemen, adibidez, ikasleek klase aurrean hitz egiteko duten aukera gutxiarekin. Irakurri ere beste eskoletan baino askoz gutxiago irakurtzen dute hemen. Eta hori euskarazko gaitasun egokia lantzeko ere funtsezkoa iruditzen zait. Gurasoekiko harremanari dagokionez ere, oso desberdina da. Ez dago familiak inplikatzeko kulturarik. Familiak eta eskolak elkarlanean asko egin dezakete.

Horrez gain, uniformearen kontua ere aipatu nahi nuke. Gure alabak australiar eskolan uniformea eraman behar izan arte, aitortu behar dut aurreiritzia neukala uniformearen kontuarekin. Aldiz, lau urtez uniformearekin bizi izan ondoren, aitortu behar dut uniformearen aldekoa naizela. Elementu berdintzailea izateaz gain, familiei denbora eta dirua aurrezteko laguntzen duena ere bada. Hori bai, hangoak uniforme erosoak –adinari egokitutakoak, adibidez praka-gona gonaren ordez– dira, ez Bilboko kaleetan ikusten diren asko modukoak. Alabak galdetu izan dit hemengo batzuekin nola den posible jolastea. Bai Indian, baita Australian ere, eskola publiko zein pribatuek, uniformea darabilte. Umeek ez dute denborarik debalde botatzen arropen marka aukeratzen edo arropa aldatzeko maiztasunean. Bateragarriak dira eskolan uniformea eramatea, ume bakoitzak bere nortasuna garatzearekin.

Azkenik, alabarentzat deigarria den beste zerbait: hemengo eskolan futbol porteria asko dagoela, bestelako kirola edo jolas-parke espazio gutxirekin.

"Mendebaldeak asko dauka reseteatzeko, bizimodua aldatu behar dugu"

“Pandemiaren hasierak Thailandian harrapatu ninduen eta hona etortzean, jendea maskara jarrita ikustean, Asian nengoela iruditzen zitzaidan. Pandemia aurretik Mendebaldeko Europan bizi ginen bezala bizitzea ez zen batere jasangarria. Gutxiengo bat bizi da horrela munduan. Indian bizi izan naizen urteetan, ez ditut bi egun berdinak izan. Ez dut inoiz jakin ea ura edukiko genuen, argindarra moztuko zuten edo trafikoan aldaketak izango ziren. Hemen dena programatuta eta robotizatuta zegoen. Badakit jende askorentzat oso kaltegarria izan dela, baina gizarte mailan eta norbanako mailan reseteatzeko aukera izan da. Mendebaldeak asko dauka reseteatzeko, bizimodua aldatu behar dugu”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


C2ko ikasleei eskerrak

Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]


Elebitasunaren tranpa

Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]


2025-03-04 | ARGIA
Euskaraz egiteko eskatzeagatik Tolosan EHEko kide bati eraso egin diotela salatu dute

Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.


5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek

Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


2025-02-28 | ARGIA
“Erdalduntzeko makina” salatzeko kanpaina abian jarri du Bilboko Guka mugimenduak

Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.


Famili'on egonaldi ibiltaria aurkeztu dute lehendabizikoz Baionan

Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.


Euskaraldian hitanoa lantzera deitu dute

Hamahiru ZirHika kide batu dira hitanoaren erabilera aldarrikatzeko eta antolakundearen ekintzen berri emateko. Azalpenak Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta Galtzaundiko Uxoa Elustondok egin dituzte. Horiei, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta... [+]


Lizarrako kultur teknikari izateko nahitaezkoa da euskara Administrazio Auzitegiaren arabera

Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”

Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]


“Euskarazko murgiltzea erasotzen ari dira PAI ereduaren zabalkundearekin”

Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.


Eguneraketa berriak daude