Teheranen barrena zioala atxilotu zuen Polizia Moralak, irailaren 14an, 22 urteko Mahsa Amini. Jatorriz Rojhilatekoa [Ekialdeko Kurdistan], familiarekin joana zen hirira egun batzuk pasatzera. Hijab-a egoki jantzita ez eramatea egotzirik, komisariara eraman zuten, “berreziketa” gauzatzera. Ile-xerka bat zeraman zapitik kanpora, hori gaztearen delitua. Atxiloketaren egun berean ospitaleratu zuten koma egoeran, eta irailaren 16an hil zen. Irango autoritatearen arabera, bihotzekoak jo zion; senideek, aldiz, argi dute torturen ondorioz hil dela. Iritzi bera nagusitu da jendartearen zati handi batean, eta suminak protestan altxarazi ditu hainbat herritar. “Esan dezaket Irango Errepublika Islamikoa indarrean denetik jazo diren protesta handienak direla”, adierazi digu Maryam Fathi kurduak irailaren 30ean. Ordutik protestek ez dute izan etenik, eta hedatuz joan dira bai Iranen bai Irandik kanpo. Egoerari buruz gehiago eta lehen eskutik jakiteko bildu gara Fathirekin, Bilbon bizi den Rojhilateko errefuxiatuarekin. KJAR Ekialdeko Kurdistango Emakume Askeen Elkarteko arduraduna da Europan.
Mahsa Aminik Irango Errepublika Islamikoak bereziki zigortzen dituen bi komunitateak gorpuzten zituen: emakumea eta kurdua zen. Faktore horrek badu pisua gertatu den eta gertatzen ari den guztian, ezta?
Mahsa ez da Irango Errepublika Islamikoaren lehen biktima, ezta azkena ere; protestak hasi zirenetik beste emakume asko hil dituzte. Mahsa, baina, emakumea izateaz gain komunitate kurduaren parte zen. Eta gertatzen da agintaldian daramatzan berrogei urteotan Irango Errepublika Islamikoak ez duela lortu komunitate kurduan ezarri nahi zuena guztiz ezartzea. Besteak beste, kurdua gizarte politizatua delako, emakumeen mugimendu sendoa eta antolatua duelako, islamak okupatzea lortu ez duen kultura aberatsa duelako. Horregatik, Poliziaren patruilek ezin izan dute Teheran edo Shiraz bezalako hiri handietan erabilitako indarkeria bera aplikatu Rojhilat-eko [Ekialdeko Kurdistan, Irango estatuaren mugetan] hirietan. Eta Mahsaren hilketaren berri jakin zenean, albisteak eztanda eragin zuen komunitate kurduan; haserrea, sumindura, amorrua eragin zituen.
Mahsaren familiak zerikusi handia dauka gertatzen ari den guztiarekin. Irango familia askok ez dute beren senidearen hilketa salatzen beldurragatik, batez ere seme-alaba gehiago hil ez diezazkieten. Gazte asko exekutatzen dituzte, emakume asko hiltzen dituzte, baina gertakizun horiek ez dira argitara ematen. Baina Mahsaren nebak, amak eta aitak publiko egin dute gertakaria, telebistan agertu dira, eta argi adierazi dute ez dutela onartzen estatuaren bertsioa. Gobernuak dio Mahsa bihotzekoak jota hil zela, baina medikuek ez zioten gauza bera. Nebak arreba ikusi ahal izan zuen, eta haren gorputzean ubeldurak antzeman zituen, atxilo egondako bi orduetan jasotako indarkeriak eraginak. Familiak erabaki du ez isiltzea, eta ahotsa altxatzean herriak, Iran guztiak, babestu egin ditu. Hau gakoa da istorio guzti honetan.
Aminiren hilketak altxarazi ditu herritarrak. Halere, urak gainezka egiteko falta zen tanta izan dela dio hainbatek. Aminiren heriotzagatik suminduraz harago, zer dago?
Jendea zeharo suminduta dago Mahsaren hilketagatik, baina egia da urak gainezka egiteko falta zen tanta izan dela. Nazio, etnia eta erlijio mosaikoa da Iran, baina Irango Errepublika Islamikoa herri asko –kurdua, azaria, balutxea, arabea, gilakia…– okupatzen eta kolonizatzen dituen nazio-estatua da. Hortik sortzen diren gatazkak daude alde batetik, herriek beren autonomiagatik borroka egiten dutelako. Baina horrez gain, auzi ekonomikoa ere hor dago. Irango gizartearen geroz eta zati handiagoa bizi da pobrezia-mailaren azpitik, klase desoreka ikaragarria dago, gehiengoak zailtasunak ditu duin bizitzeko, eta horrek ere sortzen ditu gatazkak. [2015eko Akordu Nuklearra hausteagatik] Mendebaldeak jarritako zigor-ekonomikoak ez dira arazo ekonomiko horien eragile bakarra, estatuaren politikek eta ustelkeriak eraginak dira baita ere. Horrez gainera, Irango Errepublika Islamikoaren agintaldiko 40 urteetan emakumeen borrokak ez du etenik izan, mentalitate eta ideologia ultra-erlijiozkoa duen estatu autoritarioa eta teokratikoa izateaz gain, erabat patriarkala baita. Irango konstituzioa irakurriz gero senti daiteke gobernatzen duten gizon-emakumeen gorrotoa, genero maskulinoa gorpuzten ez duen ororenganakoa. Gorroto horretan hezten ari dira umeak, eskoletan heziketa zeharo matxista eta sexista ari baitira ematen.
"Jendeak dio galtzekorik ez duela. Aske izanen dira edo hilen dira"
Horrekin guztiarekin esan nahi dudana da Irango Estatuak ez duela aurrerapausorik eman, ez da herrien eta herrialdeen demokratizaziorantz egindako mundu mailako aurrerakuntzekin batera joan. Are, geroz eta atzerago ari da geratzen zentzu horretan, geroz eta isolatuago. Jendeak ezin du gehiago egoera horrekin. Ez daukate deus galtzeko, horregatik atera dira kalera. Datuen arabaera, exekuzio gehien egiten dituen munduko herrialdea da Iran, baina horrela ere ez du lortu beldurraren kultura errotzea, hori baita darabilen indarkeriarekin lortu nahi duena. Jendea protestan atera da kalera, eta poliziek tirokatzen badute ere hortxe mantentzen dira, hain baitaude sumindurik. Herrialdea kartzela bilakatu da, eta jendeak dio galtzekorik ez duela. Aske izanen dira edo hilen dira. Hori da Irango azken altxamendu hauetan arnas daitekeena.
Kurdistango emakumeen “Jin, Jiyan, Azadi!” leloa nagusitu omen da protestetan. Sinbolikoki bada esanguratsua, ezta?
Gobernuak Mahsaren hilotza oharkabean lurperatzeko asmoa zeukan, goizaldean. Baina jendeak horren berri izan zuen, eta giza-ezkutua egin zuten lurperatzea gauez egitea eragozteko. Biharamunean, Mahsaren hiletan emakume kurduek beloa erantzi zuten "Jin, jiyan, azadi!" oihu artean; “emakumea, bizitza, askatasuna” esan nahi du kurdueraz, eta emakume kurduak aspalditik errepikatzen ari diren esaldia da. Aldarri hori aireratu dute Kurdistango mendietan, Rojavako iraultzan, ISISen aurkako borrokan, turkiar estatu faxistaren aurkako borrokan… lelo hori bizitzaren, militantziaren, manifestua baita beraientzat. Mahsaren hiletako une hori bideoz jaso zen, eta bideoa hedatu ahala, "Jin, jiyan, azadi!" leloa joan zen nagusitzen Teherango eta gainontzeko hiri eta herrietako protestetan.
Rojavako gertakizunak mugarria izan ziren Ekialde Ertainean. ISISen aurrean defentsa egin zuten emakume ausart horiek, konfederalismo demokratikoaren proiektuaren abanguardia izateko gai izan diren emakume horiek, lortu dute jendeak konfederalismo demokratikoa alternatiba gisa ikustea. Propaganda asko dago beren aurka, gobernuen eta zenbait alderdi nazionalisten partetik; horiek nahi dituzte nazio-estatu gehiago, ez dute batasuna nahi. Kontrara, konfederalismo demokratikoak norbanakoei, komunitateei eta herriei autodeterminazio eskubidea ematen dien hein berean, batasuna ere eskaintzen die. Hori da proposamena. Izan ere, identitate askotarikoak ditugu, bizpahiru etnia biltzen dituzten herriak eta hiriak ditugu. Errealitate horri erantzuten dion proiektuak dira beharrezkoak. Rojavan egin den prozesuak praktikara eraman du konfederalismo demokratikoaren proposamena, eta horrek eragina izan du. Irango emakumeek erreparatu diote han egin denari, eta Rojavako iraultzatik hainbat hizketaldi, bilkura eta topaketa egin dituzte. Ondorioz, Iranen ere badaude martxan konfederazio demokratikoa sortzeko proiektuak. Eta horrek zerikusia du Iran guztian “Jin, jiyan, azadi!” oihukatzearekin. Emakumeen borrokak Ekialde Ertainean lore bat erein izan balu bezala da. Mezua helarazi da, eta esperantza moduan jasoa izan da. “Jin, jiyan, azadi!” oihukatzen dutenek badakite nondik datorren.
Beraz, kurduen borroka eragina izaten ari da Kurdistandik harago?
Hiru hitz horiek magikoak dira! Kurduok emakumeen auzia zentraltzat dugu. Jendartearen esklabotza emakumeen esklabotzarekin hasi zen, hori da guk pentsatzen duguna. Hargatik, zera diogu: emakumeak aske ez diren artean, ez Kurdistan ez ezein herri ez da aske izango. Zeren emakume gisa ez banaiz aske, zer zentzu dauka esateak nire herria askea dela? Generoagatik, orientazio sexualagatik, ez banaiz eskubide osoko pertsona, ez da egonen bizitzarik. Baldintza horietan bizitzak ez baitauka zentzurik. Horregatik, feminizidio bakoitza, indarkeria matxista kasu bakoitza, emakume guztien aurkako eraso gisa ulertzen dute emakume kurduek. Eta lelo horrek hori esan nahi du. Polita da, baita ere, gizonek ere leloa oihukatzea.
"'Jin, jiyan, azadi!' leloarekin gertatzen ari denak erakusten digu pentsaera horrek Kurdistango mugak gainditu dituela. Noski, ez da ausaz gertatu. Kurdistango emakumeen mugimenduak lana egin du hala gertatu zedin"
Leloarekin gertatzen ari denak erakusten digu pentsaera horrek Kurdistango mugak gainditu dituela. Noski, ez da ausaz gertatu. Kurdistango emakumeen mugimenduak lana egin du hala gertatu zedin, batez ere 90eko hamarkadatik aurrera. Garai haietan, mugimenduak biraketa bat egin zuen: hasieran “emakume kurduen mugimendua” zena “Kurdistango emakumeen mugimendu” bilakatu zuten. Hasierakoak identitate itxiari egiten zion erreferentzia, eta identitate hori zabaldu zuten edozein emakumek ikusi ahal izateko bere burua mugimendu horren baitan, edozein izanik ere bere identitatea –nazio, erlijio eta pentsamenduari dagokionez–. Adibidez, urtebete-edo izango da Irango eta Afganistango Emakumeen Plataforma Demokratiko Transnazionala sortu zenetik. Plataformak biltzen ditu KJAR [Ekialdeko Kurdistango Emakume Askeen Elkartea], Afganistango RAWAko emakume iraultzaileak, Irango mugimendu feministako antolakunde ezberdinak… Denboran atzetik datozen bilkura eta eztabaiden emaitza izan da. Plataformarekin lortu nahi da botereagatik patriarkatuak hasitako gerrak amaitzea, patriarkatuak gure artean ezarritako mugak eraistea –emakume kurduek emakume persiarrak gorroto behar ditugunaren ustea, adibidez–. Zatiketa horiek ezereztatu nahi genituen eta horretan gabiltza. Emakume izatea izan dadila batasunerako arrazoi, eta gero gerokoak.
Emakumeak hijab-a kentzen eta erretzen erakusten dituzten irudiak egin dira biral. Horren aurrean, irakurri ditut zenbait ohartarazpen, irudion irakurketa egokia egitearen garrantziaz ohartaraziz. Jopuntuan dagoena ez dela islama, baizik eta Errepublika Islamikoak sostengatzen duen sistema ideologikoa eta politikoa. Gauza bat bestearekin nahasteak ondorioak izan ditzake, islamiarrak diren eta ez diren manifestarien arteko polarizazioa kasu. Hori bultzatu nahi da?
1979an, Irango Errepublika Islamikoa eratzearekin batera, errepublikaren lider eta fundatzaile Khomeinik zera esan zuen jendaurreko lehen agerraldian: momentu honetatik aurrera, txadorra jantzi gabe kalera ateratzen den emakumeak 74 zigorrada jasoko ditu. Parlamentua osatzearekin batera hainbat lege sortu zituzten, emakumeak kaltetzen dituztenak. Besteren artean: gizonak lau emakumerekin ezkon daitezke, eta emakumeek ezin esan dezakete ezer; bi emakumeren testigantzak gizon bakarraren testigantzaren pisu bera dauka; ez dago emakumeak indarkeria matxistatik babesten dituen legerik, eta horrek asko eta asko daramatza indarkeria pairatzera; emakume bat ezin daiteke presidentziarako hautagai aurkeztu, eta ezin daiteke epaile izan, ezta; edo hainbat ikasketetara sarbidea debekaturik daukate emakumeek. Eta jarraitu ahal nuke gisako legeak bata bestearen atzetik zerrendatzen. Eskolan ere, haurrak generoaren arabera banatzen dituzte. Gogoan dut eskolan hasi nintzenean nola hasi nintzen beloa janzten, eskolara ezin baitzara belorik gabe sartu. Sei urteko haurrez ari gara. Hori ez da hautua, ez da kultura; errepresioa da. Erlijiosismoa da, boterea edota zeinbait helburu lortzeko erlijioaren erabilera. Misoginia da, emakumeekiko gorrotoa. Horregatik beloa, Iranen, emakumeekiko eta gizartearekiko errepresioaren sinboloa da. Eta berau eranztea eta erretzea, aldarrikapena.
"Beloa erretzea ez da islamaren aurkako keinua, baizik eta errepresioaren aurkakoa"
Azken urteetan joera bat egon da Irango emakumeen artean. Asteazkenetan espazio publikoan biltzen ziren, izan etxeko teilatuan edo bailara mortu batean, eta beloa erantzita bideoa grabatzen zuten, adieraziz beloa ez zela beren hautua. Ekintza horregatik errepresioa jasan du hainbat emakumek: 74 zigorrada jaso dituzte, kartzelan sartu, bertan bortxatuak izan dira batzuk… Beraz beloa erretzea ez da islamaren aurkako keinua, baizik eta errepresioaren aurkakoa, Irango Estatuaren matxismoaren eta izaera patriarkalaren aurkakoa.
Ilea moztea izan da protestarako beste modu bat.
Ekialde Ertainean bada zerbait kulturala. ISISek yazidien eremuei eraso egin zienean, bizirautea lortu zuten hainbat emakumek beren adatsa moztu zuten, hildako senideen hilkutxan jartzeko. Amorrua eta haserrea adierazten dituen keinua da. Kermanshah hiri kurduan, Mahsaren hilketaren aurkako protestetan hil zuten emakume baten kasuan ere, haren 13 urteko alabak bere buruari moztutako ilea utzi zuen amaren hilkutxan. Min izugarria sentitzera iritsi behar da hori egiteko. Gainera, Mahsaren kasuan, ileak esangura handia du; beloa “behar bezala” jantzita ez eramatearren hil zuten, ile-xerlo bat bistan eramateagatik. Beraz protesta gisa ilea mozteak zera adierazi nahi du: “Nik ez dut nahi ile hau, ile honengatik heriotza-mehatxupean baldin banago”. Mezu erradikala igortzen zaio gobernuari: “akabo, ez gaude gehiago isiltzeko prest”. Absurdua da beloa egoki jantzita ez eramateagatik inor hiltzea, kartzelaratzea. Absurdua da ezin erabaki izatea baloa jantzita ala jantzi gabe ateratzea kalera. Emakume batek gorputzaren gainean erabakiak har ditzakeen bakarra emakumea bera da, eta mezu hori ari dira helarazten gobernuari.
Ez dirudi gobernua aldaketak egiteko prest dagoenik.
Ez dauka inolako asmorik aldaketa demokratiko bat egiteko. Ez dauka asmorik emakumeen, herrien, gizartearen eskubideak onartu eta errespetatzeko. Ez dauka asmorik herrialdeak dituen arazo sozial, politiko eta ekologikoei konponbiderik emateko.
Eta mobilizazioen bidez ikusten duzu aldaketa gauzatzeko aukerarik?
Iranen aldaketa egongo da. Herritarrek ez dute espero aldaketarik gobernuaren partetik, eta altxatu badira aldaketa beraiek egin nahi dutelako da. Horrek izan ditzake bere alde onak eta txarrak. Gerta daiteke herritarrak gai izatea gobernua indarretik kentzeko eta demokrazia erradikal bat ezartzeko, edo guztiz kontrako norabidean eman daitezke gertakariak: Irango Estatuaren errepresioak isilarazi ditzake protestak, edo protestak truke-txanpon bezala balia ditzake Iranek –erabiltzeko arma nuklearren harira Mendebaldearekin duen jokoan, edo Irak, Siria eta Libanon dituen arazoetan…–.
Nire ustez, aldaketa egon, egongo da. Pentsatzen dut Irango jendea gai dela gobernua ordezkatzeko, baina hori bai, kontuz ibili beharko dira protesten harira nazioartean sor daitezkeen interesekin. Siriaren bide bera hartzeko arriskua bailegoke. Gertatzear den guztiarekin, protestak erabiliak izateko arriskua oso probablea da. Baina aldaketa, egon, egongo da.
Onerako zein txarrerako.
Aldaketa ez da txarrerako izango. Gerta daiteke nahi dugun guztia ez lortzea? Bai. Baina uste dut txarrerako ez dela izango aldaketa. Beloa “gaizki jantzita” eramateagatik feminizidioa egiten dute… uste dut txarrera joaterik ez dagoela. Hori zen gerta zitekeen okerrena, eta gertatu da. Datorrenari norabide bat ematea gure gaitasunen araberakoa izango da. Ni atzerrian nago, haien ahotsa izan naiteke, baina ezin dezaket besterik egin. Baina garrantzitsua da Iranen dagoen jendea antolatzea, gainditu ahal izateko bai nazioarteko interesak bai gobernu misogino eta ultra-erlijiosoa.
Hori Iranen. Eta Rojhilat-en? Aldaketarako aukerarik ikusten duzu?
Iranen gertatzen den gauza oro probestuko du Kurdistanek. Rojavan egin dugun bezala, beste toki batzuetan egin den bezala. Kurdistan bada gai aldaketa bat gauzatzeko. Are, Irango herri guztien artetik, soilik Kurdistanen kasuan baieztatu dezaket aldaketarako gaitasuna daukatela, bai momentuotan behintzat. Zerbait gertatuz gero, autogobernu demokratikoa ezartzeko gai lirateke. Gainontzekoen kasuan, ezin ziurtatu dezaket ezer.
"Kurdistan bere burua antolatzeko gai den era berean, Irango herriei lagun diezaieke konfederalismo demokratikoa eratzen"
Irango Kurdistanen urteetako lana egin da maila politikoan, formakuntzan mailan. Klandestinoki, baina arian-arian egin da. Beti izan da herri bizia, badu kaleko borroken eta greben ibilbide luzea. Beldur gutxien ematen didan herria da kurdua, nahiz eta berak jasango duen errepresio gehien, nahiz eta bertan eragingo duten sarraski handiena. Baina badakit Kurdistanek herria antolatzeko gai den mugimendu politikoa duela, badakit emakumeen antolakunde autonomoak gai direla lidergotza hartu, abangoardia izan, eta aldaketa gauzatzeko. Baina gainontzekoek arduratzen naute, ez baitaukate guk daukagun zortea, falta baitzaie Kurdistanen hain indartsu dagoen ildo libertario eta ezkerrekoa. Halere, Kurdistan bere burua antolatzeko gai den era berean, Irango herriei lagun diezaieke konfederalismo demokratikoa eratzen.
Pentsatzen dut hein handi batean horrek arduratzen duelako hasi dela Irango Gobernua gerrillari kurduek Iraken dituzten baseak erasotzen. Oker ez banabil, gutxienez hamahiru pertsona hil dituzte.
Bai, hain justu horregatik ari dira bonbardatzen Kurdistango mendiak, Iran eta Iraken arteko mugakoak. Bertan daude Rojhilateko gerrillariak. Baina bonbardatu dituzten kanpamenduetan ez daude bakarrik lider politikoak, jende gehiago bizi da han, baita haurrak ere. Eskola bat ere bonbardatu dute. Hainbat pertsona zauritu eta hil dituzte honezkero, eta gehiengoa ez da peshmerga [“gudari” kurdueraz].
Iran bonbardatzen hastearekin batera, gauza bera egin du Turkiak, nahiz eta Turkiak etengabe egiten duen hori. Baina probestu du egoera, mugimenduari norabide ezberdinetatik eraso eginez gero, gaitasun gehiagorekin egiten duzulako eraso.
Bada galdetu ez dizudanik, eta adierazi nahi zenukeenik?
Inoiz baino gehiago, Irango herritarrek elkartasun behar dute. Kide feministen, anarkisten, sozialisten, ezkerreko alderdien… mundu hobe baten alde borroka egiten duen ororen elkartasuna behar dute. Bi bloke –bata inperialista eta bestea anti-inperialista– daudelako pentsamolde klasikoa ez dadila izan, mesedez, ahotsa ez altxatzeko eta babesik ez erakusteko arrazoi.
Hunkitzen nauten mezu asko ari naiz irakurtzen Twitterren. Ezagutzen nuen jende askok, kalera atera aurretik, zera zioten: itzultzen ez baziren, mesedez emateko segida borrokari [hunkituta]. Eta bada etxera itzuli ez denik. Behintzat, hilketa horiek izan dezatela emaitzaren bat. Baina horretarako elkartasuna ezinbestekoa da, gainontzean Irango herria bakarrik dagoelako. Mundua beraiei adi dagoela badakitelako jarraitzen dute, hein handi batean, protestek.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.
Tennessee (AEB), 1820. Nathan Green esklaboa jaio zen, Uncle Nearest edo Osaba Nearest ezizenez ezaguna. Ez dakigu zehazki zein egunetan jaio zen eta, oro har, hari buruzko oso datu gutxi dauzkagu 1863. urtea arte, orduan lortu baitzuen emantzipazioa. Dakiguna da 1850eko... [+]
Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.
Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.
Hizkuntza gutxituei begira Frantziaren jarrera salatzeko prentsaurreko bat egin dute Parisen hainbat diputatuk. Frantziako hizkuntza gutxituen kontrako azken erasoek protestak eragin dituzte Korsikan, Katalunian eta Martinikan. Régions et Peuples Solidaires mugimenduak... [+]
Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]