Eusko Ikaskuntzako buru izan zen, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako ordezkari, ingeniari, gerrako haurra ez izanagatik ere erbestean hazi eta bizia, Paris-Madril-Donostia bidea egina. Hizketan hasi eta Donostian lehen ikastola hura sortu zuen Migel Muñoaren biloba dela esan digu. Ehun urte egin dugu atzera, oraingo egunera heldu garen arte.
Donostiako lehen ikastolaren eragile Migel Muñoaren oinordeetakoa da. Gerrak gurasoak erbesteturik jaio zen frantziar. Donibane Lohizunen eta Parisen hazi eta bizi izan zen, eta ingeniari lanean jardun zuen erbestean, 1983an Euskal Herrira itzuli zen arte. Eusko Jaurlaritzan, Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako ordezkari izan zen hemezortzi urtez, eta Eusko Ikaskuntzako buru, berriz, hiru urte eta erdiz. Zoriontsu izan dela dio, eta halaxe dela oraindik.
[Hizketan hasi da, ni galdezka hasi baino lehen ere]
...Zorte handia dut, zorionekoa naiz. Erretiroa hartzeko garaia etorri zenean, bi gauza pentsatu nituen. Bata, jubilatzea ilunabarra zela. Eta jakina da, ilunabarra eta gero, gaua dator. Eta gaua eta gero, eguzkia ateratzen du. Eta ni nola fededuna naizen, sinesten dut niri ere gaua eta gero eguzkia etorriko zaidala. Beste gauza bat ere pentsatu nuen: damua jotzen ibili nahi izanez gero, denok ere arrazoi pilo bat dugula horretarako. Nire kasuan, gurasoek erbestera behar izan zuten gerra zibilean, zeukaten guztia galdu zuten –eta asko zeukaten–, eta, neuri dagokidanez, gauza gogorrak ikusi eta bizi izan ditut, baina, hala ere, zorionekotzat daukat neure burua.
Gerrako haurra zara zu ere?
Ez, ni 1942an jaio nintzen. Amatxo, Magdalena Ganuza, 1936ko irailean erbesteratu zen, Mola jeneralaren tropek Behobiako muga itxi aurretik; Saran babestu zen amatxo, osaba baten etxean. Aitatxo, berriz, Markos Muñoa, bere aitarekin eta osaba Migelekin bizi zen. Migel, Donostiako lehen ikastola hura egin zuena duzu. Juan Muñoak Los Angeles ikastetxea egin zuen Donostian, eta Bidanian, berriz, portzelana fabrika, bidanitarrak baitziren muñoatarrak. Gero, Puente izeneko batek, Falangeko arduradunak, bereganatu zuen hura dena. Historia luzea da… Denbora daukazu?
Galdetzea ere...
Nire birraitonak Markos Antonio Muñoa zuen izena. Bidanian bizi zen, baserri txiki batean, behar gorrian. 1820 aldera –goseak eraginda, seguruena–, Argentinara jo zuen. Han osaba bat zuen, Iraola, dirutza egindakoa. Birraitona hantxe ezkondu zen, norekin ez dakigula, alargundu egin zen gero, eta 60ren bat urte zituela, hona itzuli zen. 1860an-edo etorri zen, diru pila batekin, eta etxea erosi zuen Donostian, etxe bat osoa, San Jeronimo kalean, 20. zenbakian. Hurrena, 16 urteko neska gazte polit batekin ezkondu zen, Manuela Pagadizabalekin, Bidanian, eta erabaki zuten eliza zaharra desegitea –orain Bidaniako kanposantua dagoen tokian zegoen–, eta eliza berri handi bat egitea plazan.
Sinestun gogorrak, horratik!
Oso elizkoiak, kristauak... aita santua baino kristauagoak! Bi seme izan zituzten, gure aitona Juan, eta osaba Migel, ikastolen sortzailea. Euskaldunak ez ezik, euskararen aldeko sutsuak hala Juan nola Migel, Eusko Ikaskuntzaren fundatzaileetakoak izan ziren biak, eta, bestalde, ideologiaz kontserbadoreak izanagatik ere, aurrerazaleak. Esate baterako, kooperatiba bat sortu zuten Bidanian, baserrietako esnea batzeko eta saldu ahal izateko. Kooperatiba hori, gero, Gurelesa izan zen. Etxe bat osoa utzi zioten Gurelesari Bidanian, errenta sinboliko bat jarrita, urtean zentimo bat edo halakoren bat. Haiei zor zaie Bidanian portzelana fabrika ireki izana, bertakoei lana emateko asmotan, ez zezaten egin behar izan beraiek egin behar izan zutena: Argentinara alde egin bizimodu hobe bila.
Kontserbadoreak zirela esan duzu.
Egia esan, aitona Juan ez nuen ezagutu. Bederatzi hilabete nituela hil zen. Argazkitan beti ikusi dut lepoko gogorra jantzita, gizon zuzena zela ageri du, ez zuen eguneroko meza huts egingo, ezta brebiarioa ere. Bi anaiak ere kristau gogorrak zirela badakit, eta hango eta hemengo apaiz, elizgizon eta gotzain guztiak ezagutzen zituztela ere bai. Oso laguna zuten, berriz, oso-oso laguna ere, Mateo Mujika gotzaina, gure aitona-amonen Bidaniako jauretxean igarotzen baitzituen udako asteak. Horretan, gerra etorri zen.
1936ko Espainiako Gerra Zibila, alegia.
Altxamendua. Horixe da hitza, estatu kolpea, argi eta garbi, faxistek eta naziek sostengatua… Eta altxamendua etorri zenean, aitona-amonak Bidanian, udan, eta uste dut zer egin ez zekitela egon zirela. Batetik, Errepublika, gorriak eta hau eta hura, eta, bestetik, Kristoren gurutzada… Irailaren 13an Donostia erori eta tropak Bidaniara iritsi ziren, handik Azpeitira joateko. Badakigu ofizialak jauretxean egon zirela lotan. Gogo onez hartu ote zituzten? Ez dakit. Behartuta hartu zituzten? Baliteke. Tropak etorri, joan, eta hurrengo egunean, erreketeak azaldu ziren Bidanian, eta kartzelara sartu zituzten bi anaiak, Juan eta Migel. Akusazioa? EAJren sinpatizanteak zirela, alderdi hartako kide zirela leporatu zieten –nahiz gezurra izan–, eta, bestalde, euskal hizkuntzaren maitale zirela. Kursaalera eraman zituzten, kartzelara, isuna jarri zieten: bi anaiei oraingo eguneko 30 milioi euroren balioa, eta gure amari, berriz, bi milioi eurokoa, gutxi gorabehera. Amak, bai, EAJren karneta zeukan: Magdalena –baina Malen–, Ganuza Lardizabal zen; bere aitona, Ignazio Lardizabal Altuna, GBBko lehen presidentea izan zen.
"Hamazortzi urte egon nintzen Jaurlaritzako lanean, gustura. Beti ez nengoen ados, baina zorakeria da pentsatzea ezer egiteko erabat ados egon behar duzula"
Diru-isuna ordaindu ahal izan zuten?
Bai. Kartzelan zeudela ere, zenbait gestio egin ahal izan zituzten. Argentinan zeukaten Muñoa lehengusuetako bat hango Pereira batzuekin ezkonduta zegoen. Oso jende ezaguna eta ahaltsua zen Pereira-Muñoa familia. Herrialdeko [Argentina] agintariekin harremanetan jarri, eta Argentinak Madrilen zeukan enbaxadoreari mezua helarazi zioten, Donostian preso harrapatutako lehengusuen alde esku hartzeko esanez, argudiatuz katoliko zintzoak zirela, eta gorriek akabatuko zituztela, zeren pentsatzen zuten errepublikanoek atxilotu zituztela! Kontua da Madrileko enbaxadoreak idazkaria etorrarazi zuela Donostiara, eta ikusi zuela gure aitona Juan eta haren anaia Migel kartzelan zeuzkatela. Eta agindua betez, esku hartu zuen, eta libre atera ziren Juan eta Migel, isuna pagatuta, jakina! Gero, Madrileko enbaxadoreak mezua bidali zuen Argentinara: “Eskerrak esku hartzeko esan zeniguten, fusilatuko zituzten bestela! Eta ohar bat, bidenabar: Juan eta Migel Muñoa ez zituzten gorriek sartu kartzelara, Francoren aldekoek baizik!”. Horrek erakusten du garai hartan gauzak nola ikusten ziren kanpotik, toki askotan “zintzoa” Franco baitzen!
Eta kartzelatik irten eta zer bizimodu egin zuen familiak?
Donibane Lohizunera joan ziren zuzenean. Gure aitatxo Markos eta bere anaia, osaba Jesus, Donibanera joan ziren, eta hantxe ezagutu zuten elkar gure gurasoek. 1937ko urriaren 2an ezkondu ziren, Buglosen (Frantzia), Akize ondoko herri txikian. Monsinore [Clement] Mathieu zen Akizeko gotzain, hazpandarra, oso euskaltzalea, eta errefuxiatuak gogotik babestu zituena, Frantzia osoan ere, harremanak baitzituen herrialdeko kardinal eta gotzainekin. Gure gurasoek diru-arazorik ez zuten, Argentinan nahi beste ondasun zeukaten-eta. Hemengo aberastasunak konfiskatu zizkieten, baina, gero, berreskuratu ahal izan zuten, auzitegien bitartez. Ez garaiz, hala ere: aitona Juanek, adibidez, hil eta bi urtera berreskuratu zituen bere jabetzak.
Berreskuratu zueneko, hila zen?
Bai, bada. Juan Muñoa Pagadizabal 1943an hil zen. Haren anaia Migel, berriz, 1953an… Gure gurasoei dagokienez, ezkondu eta Donibanen jarri ziren bizitzen, eta hantxe jaio ziren nire anai-arrebak, bata 1938an eta 1939an bestea. Eta, orduan, Bigarren Mundu Gerra, eta Donibane [Lohizune] zona okupatua! Errefuxiatu euskaldunentzat hura ez zen toki segurua eta, hortaz, zona librera jo zuen gure familiak, Pauera, eta hantxe jaio nintzen ni 1942an. Bi familia ginen hala ere, bi Muñoa Ganuza, aitatxo eta osaba bi ahizparekin ezkondu baitziren. Pauen izan ginen gerra bukatu arte. Orduan, berriz ere Donibanera egin genuen. Gure etxean konbentzituta zeuden aliatuek Mundu Gerra irabazi eta gero, Francok ere laster alde egin beharko zuela, nazi eta faxistek jarri baitzuten boterean. Bitartean, gu, anai-arrebok, Donibanen ikasten hasi ginen, ustez aldi labur bateko kontua izango zela. Nik, esaterako, etxean jardun nuen ikasten, hemengo andereño batekin: Julia Esnal zuen izena. Etxe eder batean bizi ginen, ondo ginen…
Francori agintea kenduko ziotela pentsatuz joan zitzaizkion jendeari urteak bata bestearen ondotik.
1952an bertan aitak garbi ikusi zuen Franco puska baterako zegoela. Bitartean, bizi egin behar, seme-alabak ziren lehenengo gauza, gure ikasketak. Ordurako, aitatxok ideia bat izan zuen: aitonak Bidanian egin zuena –portzelana fabrika, alegia–, Hendaian egitea pentsatu zuen, fabrika bat sortzea errefuxiatuei eta Irungo jendeari lana emateko. Eta egin zuen, 1950ean: Elkar zuen izena. Fabrika handi bat, berrehun-hirurehun langilerentzat. Garai hartako-edo, Francok kendutakoa berreskuratua zuten, eta artean Argentinan hainbat lur-hektarea eta ondasun zituzten. Baina, orduan, Peron heldu zen Argentinan boterera, eta konfiskatu zizkien ondasun guztiak gure etxeko eta senideei. Horrekin bateratsu, hemen, Hendaiako fabrikak hondoa jo zuen.
Hori ere bai? Kito Argentina, kito Hendaiako fabrika…
Baliteke gure etxekoek eskarmentu handirik ez izatea industrian, eta, denak har, eskarmenturik ez Frantzian. Ezin izan zioten fabrikari eutsi: diru-iturri guztiak moztu zizkieten, diru-bermeak galdu zituzten –beren etxe eta gainerakoak–, pikutara Hendaiako fabrika, eta pikutara Argentinako ondasunak, Peronen eskuetan gelditu baitziren. Aitatxo ezer ere gabe gelditu zen. Elkar 1950ean inauguratu zen, eta 1957an jada ez zegoen fabrikarik.
Ezer gabe gelditu zineten?
Ezer ere gabe. Gurasoen kezkarik handiena beti da seme-alabak aurrera ateratzea, baina egoera hartan guretzat ez zen erraza. Hala ere, esan dudanez, gure familiak gerra aurretik apaiz eta kongregazio guztiekin harremanak izanak zituen, eta ondorioz, nire anaiak Paris ondoko jesuiten ikastetxe batean amaitu ahal izan zituen ikasketak: hango ingeniaritza eskolarik handienean sartu zen, Eskola Politeknikoan, Napoleonek sortutakoan. Nik Donibaneko Saint-Marie eta Baionako Saint-Bernard ikastetxeetan egin nituen ikasketak. Saint-Bernarden, barnetegian, baina ordaindu gabe.
"Eusko Ikaskuntzan lau urte egon behar nuen, baina hiru urte eta erdi egon nintzen: batzar nagusi bat egin zuten, eta bota egin ninduten”
Zer esan nahi duzu?
Gerra aurretik, aitona Juanek La Sallekoekin batera egin zuen Los Angeles ikastetxea Donostian, eta gure familia lasalletarrekin harremanetan jarri eta, Baionan Saint-Bernard ikastetxea zeukatenez, haraxe joan nintzen, hutsean. Gero, nik ere ingeniaritza egin nuen, baina Grenoblen, eta Parisen hasi nintzen lanean 1965ean, eta hantxe ezagutu nuen emaztea, Brigitte. 1971n ezkondu ginen, aitatxo hil zen urte berean. Aitatxo San Sebastian egunean hil zen, eta gu maiatzean ezkondu ginen. Parisen egin nuen lan, harik eta 1974an, Madrilera joan ginen arte. Ezkondu ginenetik, emazteak bazekien nortara edo hartara Euskal Herrira etorriko ginela, baina ez zegoen modurik. Ni Parisen lanean, hemen lanik aurkitzea ez zegoen erraz. Hala ere, Pariseko enpresaren filial batean inguratu nuen lana Madrilen 1974an, eta 1983an, berriz, Euskal Herrira etorri ginen. Ordurako, lau seme-alaba genituen: alaba zaharrena Parisen jaio zen; bigarrena, Aix-en-Provencen, Marseilla ondoan, fabrikak haraxe bidali baininduen urte eta erdirako, beste fabrika bat abiarazteko. Azkenean, bi mutikoak Madrilen sortu ziren.
Zer egin zuten gurasoek?
Lana bilatu. Aitatxo eta amatxo ezer ere gabe gelditu ziren, eta lan bila hasi zen aitatxo. Donostian bazen Armonifon, organo elektrikoak egiten zituen fabrika txiki bat. Jabier Mujika zen nagusi, baina aitatxoren diruarekin atera zuen aurrera fabrika, eta, estutasunean, Mujikak lagundu egin zion aitatxori: organo horiek saltzen hasi zen aitatxo Madrilen. Hara bizitzera joan ziren gure gurasoak. Hantxe bizi izan ziren, eta hantxe hil zen aitatxo, 1971n. Amatxo, gure arrebarekin gelditu zen han, 2003an Donostiara bizitzera etorri arte.
Esan duzunez, 1983an etxera itzuli zinen, ezagutzen dizugun etaparik ezagunena hasi zenuen…
Hiru aro bereizten ditut etorrera horretan. Lehenengoa, Euskal Herrira etortzea. 3 eta 11 urte arteko lau seme-alabekin etorri ginen. Uztailaren bukaeran jakin nuen honantz etorriko ginela, eta lehenengo gauza izan zen haurrak eskolatzea. Ikastolaren batean saiatu ginen, baina seme-alabek ez zekiten euskaraz eta ez genuen lortu. Lehengusuekin hitz egin, eta zenbait ikastetxe aholkatu zizkiguten. Joan ginen haietako batera, erakutsi zizkiguten instalazioak, ikasleen emaitzak, eta hau eta hura. Zoragarria. Hitz ederrak nahi beste. Horretan, galdera egin nion ikastetxeko berri ematen ari zitzaigunari: “Arazo bat dugu: gure seme-alabek ez dakite euskaraz. Ni beti batetik bestera ibili naiz lanean, emaztea frantsesa dut, Borgoinakoa...”. Eta berak: “Hori ez da arazoa, hemengo ikasleek euskara ikasten dute, baina juxtu-juxtukoa, zer edo zer jakiteko, besterik ez”.
“Juxtu-juxtukoa, zer edo zer jakiteko”? Hori esan zizun?
Bai. Eta gehiago ere esan zidan: “Ikasleek urtero gauza bera ikasten dute, lasai, euskara ez dute oztopo izango”. Nik, orduan: “Hortaz, batxilergoa bukatzean ez dira euskaraz hitz egiteko gai izango, ezta?”. “Ez, bada!”. “Ikaragarri estimatzen dizut horren argi eta garbi adieraztea, zeren gu Madriletik hona etorri gara gure seme-alabek euskaraz ondo ikas dezaten, euskaraz bizi daitezen”. Harrituta gelditu zen. Gehiago ere esan nion: “Gure seme-alabek astean lau zuluera-ordu izango balituzte, ikasketak bukatzean zulueraz hitz egiteko gai izatea exijituko nizuke. Eskerrik asko, eta agur!”. Halaxe izan zen.
Itzulerari buruz ari ginela, hiru aro bereizten dituzula esan duzu...
Lehena, esan dut, hona etortzea, seme-alabek euskaraz ikastea. Bigarrena, Eusko Jaurlaritzako lana, Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako ordezkari. Ez nekien zer egin ahalko nuen, baina banekien ahal nuen guztia egingo nuela. Gehiegi esatea da, baina nire herriaren alde zer edo zer egiten nuela sentitzen nuen. Lehena izan nintzen Europar Batasuneko erakunde batean euskaraz hitz egiten. Hamazortzi urte egon nintzen Jaurlaritzako lanean, gustura. Beti ez nengoen ados, baina zorakeria da pentsatzea ezer egiteko erabat ados egon behar duzula.
Hirugarren etapa Eusko Ikaskuntzako lehendakari izan zinen garaikoa dugu, ezta?
Bai, bada. Jubilatuta ni ordurako, bi lagun etorri zitzaizkidan, Eusko Ikaskuntzako lehendakaritza hartzeko eskatuz. “Ezin egokiagoa zara”, esan zidaten, eta nik, orduan: “Esan ezazue garbi: ez duzue beste inor, ezta? Kar, kar…”. Ilusio handiak eta desilusio handiak izan nituen Eusko Ikaskuntzan. Ilusio handia nuen, gure aitonak eta haren anaiak sortutako erakundea zelako. Lehendakaritza eskaini zidatenean, Eusko Ikaskuntza errealitate bat zen, baina baita mito bat ere! Ilusio handiz sartu nintzen Eusko Ikaskuntzan, momentu txar batean.
Zergatik zen momentu txarra?
2008a zelako, krisi ekonomikoa etorri zen garaia. Eusko Ikaskuntza ikaragarri hazi zen aurreko lau urtean. Bateko Euskomedia, besteko fundazio… 60 langile zituen eta, bestalde, dirulaguntzei esker bizi zen. Ez zen posible. Krisia etorri zen, eta zer edo zer pentsatu beharra. Jabetu nintzen herria ez zegoela interesatua. Hainbat kidek, berriz, soldatapekoek batez ere, bazuten interesa: beren soldata, besteak beste. Erakundeei dagokienez, Espainiako gobernuarena zen dirulaguntza handiena! Jaurlaritzak eta hiru diputazioek ematen zutena baino handiagoa! Gogoeta sakona bultzatu nahi izan nuen, eta neure burua laguntzailez inguratu behar nuela pentsatu nuen. Eta, nire ustez, Euskal Herrian ziren lauzpabost pertsona argitsuenez inguratu nintzen: Pako Garmendia, Juan Ramon Gebara, Josu Jon Imaz, Juanjo Alvarez eta Jose Luis de la Cuesta. Hilean behin biltzen ginen, zer egin pentsatzeko. Oso aberasgarria, ilusionagarria…
"Eusko Ikaskuntzak zituen hiru fundazioak desegingo ziratekeen, eta, bigarrenik, Eusko Ikaskuntzaren egituran 26 langile izatetik lauzpabost izatera joko genukeen"
Zein ziren gogoeta sakon horren zioak?
Donostiako egoitzan 26 langile ziren. Nik, gogoeta bideratzeko, beste pertsona bat hartu nuen, emakumezkoa, balio handikoa. Baina gerra zikina sortu zen. Ez zioten bizitzen utzi. Minbizia etorri zitzaion. Eta, gero, bota egin ninduten ni. Lau urte egon behar nuen, baina hiru urte eta erdi egon nintzen: batzar nagusi bat egin zuten, eta bota egin ninduten. Gauzak polit esan nahi direnean ez da horrela esaten, baina gordin esaten dizut zuri hemen: bota egin ninduten. Pena handiena dut ezin izan genuela gogoeta hura egin. Eta, bestalde, emakume hari gure zuzendaritza batzordean egin ziotena barkaezina da. Ez dauka izenik.
2008an sartu zinen erakundean, sartu zintuzten, esan duzunez.
Euskal Herrian zazpi unibertsitate ere bagenituen ordurako! Orduan, zer lan egin genezakeen Eusko Ikaskuntzan, unibertsitateek egiten ez zutena? Jaurlaritza ere hortxe zen, lanean. Guk zer egin behar genuen, aholkularitza eskaini besterik? Eusko Ikaskuntza estatu kontseilu bat izan zitekeen, euskal estatuaren kontseilua, jakintsuek hartu beharko zuketen parte kontseilu horretan, ez asko dakitenek, hala ere, autoritate moral eta soziala dutenek baizik, lanik ez egiteko.
Lanik ez egiteko? Zertarako, orduan?
Gehienik txosten motzak, eta sakonak, egiteko. Euskal Herriak zer bide hartu behar duen gogoetatu eta planak egin ahal izateko. Munduko lau ertzetan, Japonian, Txinan eta gainerako bazterretan, plan horiek gauzatzen nork lagundu dezakeen pentsatzeko eta estrategiak diseinatzeko… Eusko Ikaskuntzak ez zukeen aginduko herri honek zer egin behar duen, baina proposatu bai. Balizko kontseilu horretan lehendakari ohiren bat, katedradunen batzuk, EHUko errektore ohiren bat, eta beste, izango lirateke. Eusko Ikaskuntzaren egituraren barruan egingo lukete lan hori. Horretarako, lehenik, Eusko Ikaskuntzak zituen hiru fundazioak desegingo ziratekeen, eta, bigarrenik, Eusko Ikaskuntzaren egituran 26 langile izatetik lauzpabost izatera joko genukeen. Horrek zer esan nahi zuen? Denek ez zutela nire asmoa begi onez ikusi! Kar, kar… Gaurko egunean Eusko Ikaskuntza ikusi eta galdera egiten diot neure buruari: “Non da Eusko Ikaskuntza?”. Eta zuk, noiz entzun duzu azkena Eusko Ikaskuntzaren gainean hitz egiten?
* * *
EUSKO IKASKUNTZA
“Eusko Ikaskuntza Euskadiko faroa izan zen garai batean. Unibertsitaterik ez zegoen garaian –Deustukoa baizik ez–, hutsunea bete zuen. Euskal Herriko jende argi eta ikasienak Eusko Ikaskuntzara jotzen zuen bere lana osatzera. Bokazio horixe izan zuen hasieran Eusko Ikaskuntzak. 1932an ere, autonomia estatutua idatzi behar izan zenean, Eusko Ikaskuntzari eskatu zioten lan hori. Ni sartu nintzenean, bestelakoa zen egoera, bestelakoa garaia”.
AHAL DENEAN, AHAL DENA
“Ahal duzuna egiten duzu, eta egindakoa da egin nahi duzun horretara gehien gerturatzen dena. Inoiz ez duzu zeharo eta guztiz lortuko zuk nahiko zenukeen hori. Egia esateko, pozik ibili naiz, zortea izan dut bai Bruselako lanean eta bai hemengoan. Hamabost urte joan dira erretiroa hartu nuenetik, eta oraindik harremanak ditut zenbait lankiderekin”.
AZKEN HITZA
MEMORIA
“Askori esan diet beren familiaren historia idatzi behar dutela. Ez, nahitaez, ezer publikatzeko, baina familiarentzat bai, behintzat. Azkenean, batari eta besteari hainbestetan esan ondoren, neu hasi nintzen geure familiaren historia idazten. Ez dut sekreturik idatzi, ez dut lan komertzialik idatzi ere. Gure familia nondik datorren, non bizi izan den idatzi dut, argazkiak bildu ditut… Baina oraindik ez diet seme-alabei erakutsi” gaude, gure loreetan sasi / Irrintzi, oihu, ele ta ulu, marmario ta garrasi. / Haize enbata, brisa galerna…".
Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]
Artean iazko hazilean, Xilaba txapelketaren finala, Amets Arzalluz txapeldun. Hari txapela jartzen, berriz, Andoni Iturrioz, bertsozale eta laguntzaile fierra. Andoniren bidea, ordea, aitarenak markatua dator, Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Alberdania, 2011)... [+]
1936-1939ko gerra bitartean erbesteratutako nafarren errolda publiko egin du Memoriaren Nafarroako Institutuak. 1.200 pertsona baino gehiagoko zerrenda da, Josu Chueca historialariak jasotakoa. Erbestea Proiektuaren baitan, txosten bat osatu dute 1936az geroztik mugetan ezarri... [+]
Duela 80 urte Winnipeg itsasontzia Valparaison lehorreratu zen gerratik ihesi zihoazen 2.100 errefuxiaturekin. Tartean zen Agnes America Winnipeg, Barakaldo eta Abanto atzean utzi eta Andeen itzalpean beste bizitza bati ekin behar izan zion senar-emazte euskaldun baten haurtxo... [+]
Intxorta 1937 elkarteak antolatu eta Debagoienako udalen babesarekin, omenaldia egingo diete ostegun honetan Arrasateko Arizmendiarreta plazan, frankismoak jazartutako bailarako biktimei.
“Armada Gorria gatibu eta desarmatua, azken helburu militarrak lorturik, Gerra amaitu da”. Ezaguna da 1939ko apirilaren 1ean Francisco Francok zabalduriko mezua. Aitzitik, askoz ezezagunagoa zaigu gudaroste errepublikarraren galerak mugaz bestaldean ekarri zuen... [+]
Duela 80 urte, 1939ko urtarrilaren 28an, frantziar agintariek Kataluniako Pirinioetako mugak irekitzea agindu zuten eta hurrengo egunetan milaka lagun igaro ziren frankistengandik ihesi. “Erretirada” deitu izan zaio migrazio erraldoi horri. Ez zen lehen erretirada... [+]
1936ko gerratik ihesi Euskal Herria utzi behar izan zutenei galdetu diete batetik, eta gaur egun errefuxiatu direnei bestetik, erbesteratze prozesuak eragindako beldurrez, saminez, itxaropenez, emozioez... Batzuek eta besteek antzeko zauriak dituztela agerian geratu da... [+]
Eta eskuzabal hartu gintuzten hainbat lekutan, adibidez Mexikon eta Britainia Handian (britainiarren kasuan herritarrek, ez ordea gobernuak). 1936ko Gerrak milaka euskaldun behartu zituen erbestera.
Behin edo behin, mezu kriptikoa postontzian: “Emakume bat dago hemengo Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia-n, familiako historia interesgarria duena: Concepción Mañaricúa Lezamiz (Durango, 1921), gerrako exiliatua, ja nahiko zaharra”... [+]