Azken krisia. Gure garaia! lelopean iragan berri diren Euskal Herriko lehen Ekotopaketak bukatu berri direla, antolatzaileen artean egondako Alaitz Ajuriagerrarekin hitz egin du ARGIAk, besteak beste, Euskal Herriko mugimendu ekologista eraldatzaile eta eraginkor bat sortzeko erronkari hurbilagotik so egiteko. Bertakoa mundu mailan kokatuz, borroka ekologista ikuspegi dekolonialetik eramateko garrantziaz ere aritu gara.
Ekotopaketak bukatu berri, nola zarete? Pozik seguruenik, ikusirik jaso duen harrera.
Oso pozik. Genituen espektatibak gainditu ditugu. Gure behin-behineko balorazioa oso positiboa da. Kuantitatiboki (jende asko) eta kualitatiboki (jende gaztea eta emakumeak, energia eta parte-hartze handia, eztabaida biziak eta anitzak, ikuspegi eraikitzailea...) arrakastatsuak izan dira Ekotopaketak.
Hiru egun horiei begiratu eta zer azpimarratuko zenuke?
Aurreko galderari erantzundakoaz gain, giro ona, ilusioa eta aurrera egiteko jasotako indarra azpimarratuzko nituzke.
Pertsonalki, ideia edo gogoeta batek bereziki aberastu zaitu? Bazabiltza markatu zaituen hausnarketa edo irakurketa bat gogoan?
Plazera izan zen niretzat ekofeminismoaren mahai-ingurua moderatzea eta parte hartzaileek ekarri zituzten ideia eta hausnarketak entzutea. Helburua mugimendu feminista eta mugimendu ekologistaren arteko aliantzen eta erronken beharraz eztabaidatzea izan zen, eta hor nekazaritza edota baserritik ekarri zen ekarpena azpimarratuko nuke: “agro” aurrizkia txertatzearen beharra. Horrez gain, Hegoalde globaletik mahaigaineratu zen kapitalismoarentzat lurren kontrola mantentzearen garrantziaz hausnartzearena eta horrek dituen ezkutuko oinarriak –arrazistak, kolonialak, kapitalistak eta heteropatriarkalak– argitzearen beharra.
Ekologisten artean saretu izana edo behintzat, saretze bidean urrats bat eman izana ere da Ekotopaketen emaitza.
Bai, eta gainera nabarmentzekoa da gure helburuak bete direla: elkar saretzen joatea eta jende berria erakartzea. Egun mugimendu ekologistan antolatuta ez dagoen jende asko hurbildu zen –500etik 350 bat–; horrek asko poztu gaitu. Krisi ekosozialaren aurrean kezka gero eta handiagoa den seinale da.
Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herritik batu da jendea ala mapa nazionala ez da nahi bezainbeste bete?
Orokorrean, herrialde guztietatik hurbildu da jendea. Egia da Bizkaitik izan direla gehiengoak, Portugaleten izanda topaketen irisgarritasun irizpidea hartu behar dugu kontuan; baina asko izan dira Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Arabatik etorritakoak. Agian Iparraldeko kide gutxi, baina bertan antolatuago daude gai honen inguruan eta Hego Euskal Herrian saretzea da momentu honetako apustua –hori, elkarlana eta esperientziak baztertu gabe–.
Geroari begira, Euskal Herrian ere olatu ekologista bultzatzeko eta gauzatzeko helburua jarri duzue mahai gainean. Zer nolako ezaugarriak lituzke olatu horrek?
Deshazkundea bidea dela ikusten dugu askok; gakoa da nola bideratuko dugun trantsizio hori: behartuta edo planifikatuta?
Transbertsalitate kontzeptua aipatuko nuke. Izan ere, gure egunerokotasunean ekologismoak arlo guzti edo askotan bustitzen gaitu, nahiz eta kontziente ez izan. Helburu nagusia jendartera heltzea izan beharko litzateke. Ekologista konbentzituak erakartzea da errazena; baina beste gai batzuetan politizatuta eta aktibatuta dagoen jendea beharrezkoa dugu aliatu gisa; eta ortzimuga, jende ez politizatua ekologismoan aktibatzea izango da. Ez da erraza izango, goazen pausoz pauso.
Ikuspegi dekolonialak garrantzia handia du auzi horretan. Gure kontsumoaren alde kolonialista ezin daiteke uka: gure telefono zein ordenagailuetan gordetzen da Hego Hemisferioko herriak suntsitzen dituen mineral ustiaketa eta berdin, gure energia “berdea”-rentzako ditugun eoliko eta eguzki-plaketan. Zer diozue gure kontsumoari begira?
Ez dira galdera errazak erantzuten. Krisi ekosoziala bere osotasunean ulertu behar da eta baita mundu mailako geopolitika eta merkatu kapitalistaren logika ere. Kontsumoa zabala izan daiteke, baina bereziki hiru kontsumo mota nabarmenduko nituzke egun bizitzen ari garen mundu mailako gudan: energetikoa, elikadura eta elektronikoa. Hori esanez, turismo kontsumoari, ehun-gaiei edo arropa eta bestelako kontsumoei ez diet garrantzia kendu nahi, horiek ere sekulako eragina dutelako herrialde kolonizatuetan: ez soilik mineral eta lehengaien ustiaketan eta horren eraginaz ingurumenean; lurren desjabetze, eskubide sozial eta lan esplotazioan ere. Zentzu horretan gure aztarna ekologikoa eta zor kolonialaren inguruan hausnarketa sakona egin behar dugula uste dut.
Azkenean, badirudi deshazkundea dugula bidea. Nola bideratu daiteke? Hizlari batek zioen “gutxiago kontsumituz pozik edo akaso poz handiagoarekin izango garenaren ilusioa piztu behar dugu”. Nola lortu daiteke hori?
Askok ikusten dugu deshazkundea dela bidea, eta gakoa da nola murriztuko dugun gure kontsumoa eta nola bideratuko dugun trantsizio hori: behartuta edo planifikatuta. Izan ere, lehengaiak eta mineralak agortzen ari dira eta bai edo bai gutxitu beharko dugu gurea, gure bizimodua aldatuz. Baina horrek eraldaketa sakonak eskatzen ditu eta kezkatzen nauena da jendartea kontziente ote den horretaz eta prest egongo ote den horretarako, kapitalismoa eta kontsumismoa oso erakargarriak baitira. Gainera, bizitzen ari garen krisia koiunturala dela ulertarazi nahi digute gobernu ezberdinek, alta, estrukturala dela ezin da ukatu. Nire ustez, pedagogia eta sentsibilizazio lan handia dago egiteko oraindik; eta jendartea ez da tontotzat hartu behar. Egoera modu sinple eta ulergarrian azalduz gero, errazagoa izango da piztea gutxiagorekin bizitzeak poz handiagoa izango dugularen ilusioa. Eta ez hori bakarrik, deshazkunde hori planifikatzeak ere lana erraztuko luke, esate baterako, aldaketak ez direlako norbanakoetan bakarrik emango, eredu produktiboa ere moldatu beharko delako, energia iturriak ere aldatu beharko direlako...
Hori guztia bideratzeko ezinbestekoa da aberastasuna, zaintza lanak eta enplegua banatzea –ez dezagun ahaztu ikuspegi feminista txertatzea eta praktikan jartzea, finean, bizitza erdigunean jartzea–.
Ekologistak aspaldian aktibo badira ere Euskal Herriko hainbat txokotan, instituzio eta agintari politikoek ez dute kontuan hartzen horien ekarpena. Nola aldatu daiteke hori?
Mugimendu ekologista indartsu batekin eman diezaiokegu buelta horri, baita gainontzeko eragile, sindikatu eta alderdiekin elkarlanean adostasunetara helduta ere. Esango nuke, orain arte bai mugimendu ekologistak, baita instituzio eta eragile politikoek ere modu sektorialean jorratu izan dituztela arazo ekologikoak –baina, egoera bere osotasunean aztertzea ezinbestekoa da–. Adibidez, gaur egun energiaren, materialen zein lehengaien lehia batean sartuta gaude bete-betean, trantsizio energetikoaren beharra azkartu duena. Horrek epe labur eta ertainean izango du eragina hainbat esparrutan –norbanakoen kontsumoa; eredu produktiboan; lanpostuetan; ingurumenean; pobretze prozesu batean murgilduta gaude eta eragin ekonomiko eta sozial handiak ekarriko ditu–. Horregatik, eztabaida ez da soilik energia berriztagarrietan zentratutako, baizik eta, pobrezia energetikoan, lurraldearen antolamenduan, elikaduran, etxebizitza baterako sarbidean, migrazioan, zerbitzu publikoen eta prestazio sozialen murrizketan ere bai. Ez die pertsona guztiei era berean eragingo –beti bezala, emakumeak eta pertsona migratu eta arrazalizatuak izango dira ondorio guzti hauek lehenak pairatzen–. Eta ez dezagun ahaztu herri gisa ez garela burujabe hainbat erabaki hartzeko. Garrantzitsua iruditzen zait aliantzak sortzea eta elkarlanean aritzea –iritzi pertsonala da, orain arte gure artean ez ditugulako horrelako eztabaidak eman oraindik–.
Gure helburuak
bete dira:
elkar saretzen joatea eta jende berria erakartzea”
Ezin ukan garai gogorrak datozela eta pesimismoa baztertzea neke zaigu askori. Zuek ez duzue sentsazio horretan gelditzeko asmorik. Nola mantendu dezakegu itxaropena eta baikortasuna?
Badirudi mugimendu eta ikerlari ekologistak pesimistak direla, kolapsatzen ari garela diotenak umore txarrekoak direla... baina mugimendu alaia da, bizitzaren aldekoa da. Komunitateak birsortzean datza gakoa –indibidualismoa baztertzean eta gure artean elkarlaguntzean eta zaintzean–, baloreak aldatzean eta gure txikitasunetik elkarrekin garaipen txikiak lortzen joatean. Egoera ez da egun batetik bestera aldatuko, trantsizio ekosoziala prozesu luzea izango da eta denon partaidetza ezinbestekoa izango da.
Orain konkretuki, nola errotu nahiko zenukete Ekotopaketetan errandakoa?
Une honetan garrantzitsuena saretzea da, jendea mugimendu honetara batzea. Ekotopaketetan ikusi eta sentitu genuen indarra eta ilusioa bideratu beharra daukagu, eta orokorrean, gure mezua eta borrokarako grina zabaldu behar daukagu jendartera. Prozesu bat izango da eta ibilbide luzea dugu oraindik aurretik. Hasteko, parte-hartzailea izango den dinamika edo kanpaina bat abiatuko dugu, gai konkretu baten bueltan. Ikusiko dugu horrek nora garamatzan eta nola eragingo duen. Guztia dago oraindik diseinatzeko eta martxan jartzeko, baina talde jator, anitz eta ilusionatu bat prest gaude horretarako. Ez dela gutxi.
Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
"Ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko" helburuarekin antolatu dituzte. Arrasaten burutuko dira, martxoaren 28an eta 29an.
2024ko urriaren 29an epaiketa izan zuen Arabako Mendiak Aske taldeko kide batek, 2022ko otsailean jaso zuen isunaren harira. Isuna ordaintzera zigortu du epaileak Mozal Legea aplikatuta. Iturrietako mendietan oinez zihoazen, lehen mendi martxa antolatzeko prestaketa lanetan,... [+]
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]
Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.
Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]
“Uste dugu distopien eta orokorrean errealitate indibidualista eta etsituaren ofentsiba kulturalaren aurrean utopiak irudikatu behar ditugula, mentalki eta emozionalki indartsuagoak izateko”, erranez banatu berri ditu ipuin eta itzulpen lehiaketako sariak Sukar Horia... [+]
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Eragile ekologista ezagutzeko edo gai ekosozialetara hurbiltzeko interesa duen edonor gonbidatu dute aurkezpenetara. Aurkezpenak egiteaz gain, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzerturen bat ere eskainiko dute zita horietan. Albistearen amaieran egitaraua.