Sakabanaketa amaitzear, baimenen blokeoa dator

  • Euskal gatazkak azken 60 urteetan utzi duen atal mingarrienetakoa da presoena. Denbora horretan 5.000 presotik gora egon dira Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan. Gaur egun ez dira 200era iristen, eta gehienak Euskal Herriko edo gertuko espetxeetan daude. Euskal gizarteak hamaika moldez aldarrikatu du sakabanaketaren amaiera eta, sinistea kostatzen bada ere, kapitulu hori ixtear da. Eta orain zer? Ondorengo lerroetan saiatu gara azaltzen aurrera begira geratzen den panorama.

Presoen eskubideen aldeko manifestazio bat Bilbon. (Arg.: Dani Blanco)
Presoen eskubideen aldeko manifestazio bat Bilbon. (Arg.: Dani Blanco)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lekutan dira Hertzainak musika taldeak 1991n aipatzen zituen “564 ohe huts” haiek. Asko ziren, duda barik, baina preso kopuruaren gailurra askoz geroago etorri zen: 2008an 762 preso egon ziren, Etxerat eta EPPK-ko datuak aintzat hartuta, eta azken lau hamarkadetan gehienak euren etxeetatik ehunka kilometrora. ETAko presoak izan dira gehienak, edo haren jardunaren bueltan kondenatuak, baina horiez gain dozenaka izan dira Baltasar Garzón epaileak 2000. hamarraldiaren hasieran abiarazitako “dena da ETA” doktrinaren ondorioz espetxeratuak.

Gaur egun, 190en bat dira presoak, 180 Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak, sei bat Tinko errepresioaren aurkako mugimenduaren bueltan antolatuta, eta gainerakoak euren bidea EPPKtik kanpo bideratzen ari direnak. 134 Euskal Herriko espetxeetan daude, 31 Espainiako ingurukoetan eta 16 Frantzian, 14 Euskal Herrira hurbilduta, eta bi urrutian. Aipatzekoa da, gainera, Frantzian espetxetik haien etxeetara atera berri dituztela Jon Parot eta Jakes Esnal, 32 urte preso egon ondoren. Gainerakoan, kolektibotik kanpo edo barruan, saiatzen dira presoen artean harreman normala izaten, “eta gehietan lortzen dugu”, diosku Antonek, duela hilabete batzuk libre dagoen presoak. Gure lekukoaren izena ez da benetakoa eta une berezi honetan nahigo du anonimatuan jarraitu.

Sakabanaketaren hasiera
1977ko amnistiaren ondoren, Espainiako Estatuak nagusiki lau espetxetan zituen euskal presoak 1978an: Sorian, Madrilen, Herrera de la Manchan (Ciudad Real), eta Puerto de Santa Marían (Cádiz); eta 1987tik aurrera estatu osoan barreiatu zituzten. Azken urte hori hartzen da sakabanaketaren hasieratzat. Frantziako Estatuan ere uneren batean 100 bat preso izan ziren, han ere hamaika presondegitan barreiatuak.

Sakabanaketaren amaiera prozesuan, data esanguratsua da 2018. urtea, Espainiako Gobernuko lehendakari Pedro Sánchezek orduan iragarri baitzuen apurka euskal presoak hurbiltzen hasiko zirela. ETAk ere 2018ko maiatzean iragarri zuen erakundearen desegitea. 2019an izan ziren mugimendu esanguratsuak, baina ondoren pandemia etorri zen eta dena gelditu, 2020ko amaiera aldera arte. Mugimendurik nabarmenenak 2021etik aurrera gertatu ziren. Espainiako Espetxe Erakundeek ia ostiralero iragartzen zuten multzo baten Euskal Herriratzea edo hurbiltzea.

2020ko urtarrilean Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakari hautatu zuten berriz ere, Podemos eta estatuko periferiako beste hainbat alderdiren sostenguarekin, horien artean EH Bildu. Inbestidura saioan, bi botorengatik gailendu zitzaion Sánchez eskuinari, eta koalizio abertzalearen bost diputatuen abstentzioa berebizikoa izan zen PSOEko buruzagia gobernuburu hautatzeko. Abstentzio horien negoziazioan, presoen gaia bideratzeko konpromisoa giltzarri izan zen egungo egoerara hurbiltzeko.

1995ean euskal preso politikoen alde Parisera egindako martxa. (Arg.: X. Letona)
Urtebete honetan, Jaurlaritzak 457 presori eman die hirugarren gradua –horietako 25 preso politikoak–, hori delakoan gizarteratzeko sistema egokiena

Urriak 8, jaialdia Donostian
Urruntze politika ez da oraindik bukatu, baina zeruertzean ikusi egiten da, eta horren lekuko Sarek urriaren 8rako Donostiako Illunben antolatutako musika jaialdi erraldoia, Izan Bidea dinamikari amaiera emateko. Presoen eskubideen aldeko elkarteak horrela laburbiltzen du bere asmoa bere webgunean: “Urriaren 8an erronka honi amaiera eman ez ezik, urte luzeetan urruntze-politikaren amaieraren alde aritu diren herritar guztiak batu nahi ditugu, politika honen amaiera gauzatzen ari den honetan, berau egi bihurtzeko emaniko bultzada eskertu eta guztiona den lorpen hau guztiz gauza dadin aldarrikatzeko”.

Sakabanaketaren amaierak euskal gizarte osoari egingo dio mesede, baina batez ere kaltetuen diren presoei eta haien senideei. Eta nagusiki azken horiei, ahaideek milioika kilometro egin behar izan baitituzte deskribaezineko egoera larrietan; baina baita presoei ere, senideen kilometroak egin gabe ere, haien bizipen gorriak beren larruan sentitu dituztelako une oro.

Alaitz Aramendi orain Zaballan dago. Hamahiru urte egin zituen preso Frantziako espetxeetan, gero urtebete inguru Avilan, eta egun Araban dago. Jose Anjel Aramendik, aitak, orain 53 kilometro egiten ditu Orozkotik kartzelara, lehen sarri 1.000-2.000 egiten zituen alaba Parisen, Poitiersen, Lille, Rouen edo Rennesen ikusteko. “Aldaketa itzela da, ez du zerikusirik, orain beste lasaitasun bat daukagu”, diosku Jose Luisek patxadaz. “Hala ere, ez da gureekin bakarrik gertatzen. Behin Estremeran (Madril) egin nuen topo Malagako preso sozial baten aitarekin, eta hark ere haien ezintasunak kontatu zizkidan. Desberdintasuna da gu antolatuta gaudela eta ezagutzera ematen dugula. Haiek ez”. Aramenditarrek, gainera, zorte handia izan dute babes sarearekin: “90en bat pertsona ibili gara senide eta lagunen artean bisitetarako izena emanda”. Sakabanaketan berebizikoa izan da preso gehienen ingurune zabala, baina preso batzuen kasuetan ohiko bisitariak esku bateko atzamarrekin konta zitezkeen, eta hainbat presok eta senidek biziki sufritu dute gabezia hori.

Iturria: Etxerat

Baimenen blokeoa
Kartzelako ohiko bizitzan biziki garrantzitsua da presoa zein gradutan dagoen sailkatua, horren arabera izango baititu espetxe onura gehiago edo gutxiago, eta beraz, bizi baldintza gogorragoak edo lasaiagoak. Espetxea euskal gatazkaren beste borroka esparru bat gehiago izan da hamarkadatan eta horrek ez du erraztu presoen bizitza. Euskal preso ia denak urte hauek guztietan lehen graduan egon dira, sailkapen gogorrenean. Preso arriskutsuenei ezartzen zaie, eta horrek esan nahi du, besteak beste, bi patio ordu bakarrik dituztela egunean. Espetxe bateko preso gehienak, ordea, bigarren graduan daude, eta horrek jarduera askoren ateak irekitzen ditu, eta garrantzitsuena, kalera ateratzeko baimenena ere bai: egun bat, bi, hiru, lau... Espetxeko Tratamendu Batzarrak erabakitzen duena.

ETAk 2011n jarduera armatuari amaiera eman zionetik EPPK-k ere beste era batera jokatu izan du eta, oro har, egindako minaren onarpena eta bide indibiduala egitea onartu du. Hau da, bidea modu kolektibo batean erabakitzen dute, baina horren gauzatzea preso bakoitzak egin behar du. Dispertsioaren amaiera eta gradu aldaketak garai bertsuan hasi ziren, sakabanaketan asko aurreratu da, gradu aldaketan ere bai, baina ez horrek ekar ditzakeen hainbat ondoriotan. Urrats bakoitza ondo kostata egiten da. Lehen gradutik bigarrenera pasatzeko eskaera asko egon ziren 2018ra arte, baina gehienak ukatu egin ziren, presoa ez zegoela espetxeko bizitza arrunta egiteko prest argudiatuta. Prozedura halakoa izan ohi da: lehenik 100.2 artikulua aplikatu –bizi baldintzak arintzeko artikulua–, gero bigarren gradua eman, eta ondoren espetxe hurbilketa. Lehenago ere, preso ugarik egin izan dute bide hau –ezagunena Langraitz bidea da–, baina EPPK-ko lerroetatik aterata, ezker abertzale politikoaren arbuioarekin, eta hainbatetan esparru sozial horretan bazterkeria gogorrak jasanda.

Segi gazte taldekoa izateagatik zigortutako Xabier Sagardoi Barañaingo (Nafarroa) presoa hiru eguneko baimenarekin atera zen kalera 2018ko apirilean. Zera aipatu zuen Gara-ko elkarrizketa batean: “Niri gutxi geratzen zitzaidan eta bertigoa eman zidan, baina ikusten nuen oraindik asko falta zaienentzat oso garrantzitsua zela urrats hori ematea. Hiru egun bakarrik ziren, baina harresian zulo bat egitea zen”. Harrez geroztik, apurka, hainbat preso atera dira baimenekin, baina oro har, aukera hori blokeatu egin du Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegiak, eta espetxeetako tratamendu batzarrek presoei emandako 120 baimeni helegiteak jarri dizkie, horrela irteerak oztopatuta. Lehenago, lehen gradutik bigarrenera pasatzeko blokeoa eman zen, orain baimenak lortzeko eta hirugarren gradua eskuratzeko.

Bigarren graduan egonik, nagusiki lau baldintza bete behar dira baimenak eskuratzen hasteko. Parterik edo ohartarazpenik eta zigorrik ez izatea, zigorraren erdia beteta izatea, eta bizi proiektu bat aurkeztea. Funtsean, lehenengo gradutik bigarrenera pasatzeko argudioak errepikatzen ditu orain Auzitegi Nazionalak baimenak ukatzeko: presoak ez duela sentitzen benetan biktimekiko eta haren minarekiko esaten dituenak, ez duela barkamenik eskatzen edo, besteak beste, automatikoki idatzitako argudioak erabiltzen dituela, eta funtsean, ez dagoela prest erdi askatasunean bizitzeko.

Gaur egun Zaballako espetxean dago euskal presoen kopuru handiena, 50etik gora. (Arg.: Foku / Jaizki Fontaneda)

Hirugarren graduaren zailtasunak
Baimenen ostean, edozein presoren helburua hirugarren gradua da: astelehenetik ostegunera egunez kalera ateratzea –7:00etatik 23:00etara– eta ostiral, larunbata eta igandea kalean igarotzea. Hala daude une honetan 28 preso politiko. Ez da bide samurra hala ere, aurten hirugarren gradua eman zaien hamabi presori helegitea jarri baitzaie: Joseba Erostarbe, Unai Fano, Iñigo Gutierrez, Jon Crespo, Iñaki Bilbao, Gorka Martinez, Zigor Orbe, Lierni Armendariz, Aitor Herrera eta Carlos Subijanari, besteak beste, aurten eman diete hirugarren gradua, baina fiskalak helegitea jarri du eta orain Auzitegi Nazionalak zer egin erabaki behar du. Hirugarren graduan sei hilabete edo urtebete egin ondoren, ohikoena izaten da baldintzapeko askatasunean ateratzea.

Ateratzeko baimenen eta hirugarren graduaren helegite kasuetan, Auzitegi Nazionala fiskaltzaren alde egiten ari da, eta presoen kontra. Kasu horietan bakarrik jarri daiteke babes helegitea Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, eta oraingoz batzuk jarri badira ere, auzitegi horrek ez ditu tramitera hartu. Giltzarrapo horiekin ari dira egun Auzitegi Nazionalean, baina pentsatzekoa da berandu baino lehen baimenen eta hirugarren graduaren ateak irekiko direla.

Iazko irailean Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak eskuratu zituen, eta horrek on egin die euskal preso politikoei ere. Joan den astean Justizia sailak emandako datuen arabera, urtebete honetan 457 presori eman diete hirugarren gradua –horietako 25 preso politikoak–, hori delakoan gizarteratzeko sistema egokiena, Europan ere frogatzen ari diren moduan. Beatriz Artolazabal Justizia sailburua argi mintzatu zen eskumenaren urteurren ekitaldian, eta adierazi zuen Jaurlaritzak ez duela inongo bereizketarik egingo presoen artean, ez onurarako ez kalterako, eta presoekin egunero lanean ari diren espetxeetako tratamendu batzarrek erabakitakoan oinarrituko direla aurrerantzean ere. Oro har, ezker abertzalea pozik dago Eusko Jaurlaritzak eskumenak hartu zituenetik izandako jokaerarekin.

7/2003ko Legea, korapilo nagusia
ETAk Lizarra-Garaziko su-etena hautsi zuen 2000. urtean, eta gatazka gori-gori jarri zen. Ezker abertzalearen esparru sozio-politikoa “dena da ETA” doktrinarekin hasi zen kolpatzen estatua, eta kartzela mundua are gehiago estutzeko, 7/2003 Legea plazaratu zuen: gehienezko espetxe zigor urteak 30 urtetik 40era pasatu ziren, eta gainera, lege horren ondoren zigortutako presoek ez zuten espetxe onurarik izango. Edo hobeto esanda, teorian bai, baina praktikan ez. Lege horren aurretik, onurak hasten ziren kontatzen gehienezko 30 urteak aintzat hartuta, baina aurrerantzean, kontaketa ez zen hasiko 40 urteetatik, baizik eta jasotako zigor osotik. Hau da, gehienezko 40 urteko zigorrak dituzten euskal presoek askoz urte gehiagoko kondenak dituztenez, praktikan ez die ezertarako balio onurak izatea. Adibidez, 100 urteko kondena duen preso batek, 50 urte beteta behar ditu edozein baimen jasotzen hasteko.

Egiletza mediatoaren arabera, hilketa baten egiletza ez da bakarrik ekintza exekutatu zuen pertsonarena, baizik hura agindu eta kontrolatu zuten buruzagiena ere bai

Lege hori da orain euskal preso guztiak kaleratzeko dagoen korapilo nagusia, eta horregatik, presoen ingurune juridikotik eta politikotik lege hori ezabatzea eskatzen da, edo bestela berrinterpretatzea, hori ere oso ohikoa baita legeen munduan, legea errealitate berrietara egokitzea. Horrez gain, onurak aztertzen dituen epailearen esku dago urteen kontaketa 30 urteetatik edo 40etatik egitea.

Duela hamaika urte utzi zuen ETAk jarduera armatua eta 2018an desegin zen. Ezker abertzaleak iraganaren kritika zorrotza egin du, borroka armatua “ez zela inoiz gertatu behar” esatera iristeraino eta, besteak beste, presoei ez zaie ongietorri publikorik egiten. Espainiako Estatuan, alabaina, bada pentsatzen duenik euskal presoekin oraindik jarraitu daitekeela mendekua eta xantaia politikekin, eta beraz, torlojua estutzeko neurriak mahaigaineratzen.

Zubietan ari dira egiten Martutenekoa ordezkatuko duen espetxea. (Arg.: Dani Blanco)

Eta arrisku gehiago
Azken hilabeteetan ikusi den jarduera juridikoaren arabera, bada preso gehiago ekarri dezakeen beste arrisku handi bat: Dignidad y Justicia (DyJ) biktimen elkartea bideratzen ari den estrategia juridikoa, zeinaren arabera ETAko buruzagiak –goi eta erdi mailetakoak– auzipetu nahi dituen, horrela epaitu gabeko ETAren 300 bat hilketa zigortzeko. Horretarako “egiletza mediatoa”-ren kontzeptu juridikoa erabiltzen du DyJk – kale mailan “autoretza intelektuala” moduan ere ezagutzen da– , eta irakurketa horren arabera uste da hilketa baten egiletza ez dela bakarrik ekintza exekutatu zuen pertsonarena, baizik hura agindu eta kontrolatu zuten buruzagiena ere bai.

Horietako kasuetako bat da Miguel Angel Blancoren hilketa (1997). DyJren ustez, garai hartan bederatzi pertsona ziren ETAko buruzagitzan, dagoeneko jarri ditu haien aurkako kereilak, eta Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castejón instrukzio-epaileak onartu egin du. Hori dela eta, iragan uztailean deklaratzera deitu zituen Marisol Iparragirre, Mikel Albisu, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Gracia. Kereila hauen arabera, Blanco ez zuen hil bakarrik tiro egin zuenak, eta buruzagi horiek ere errudunak dira, haren jarduera guztiz kontrolatzen zutelako eta ez hiltzeko agindu zezaketenean, ez zutelako horrelakorik egin.

Fiskaltza DyJ-ren aurka
Oraingoz Blancorena da molde berri honetako lehen kasua eta Albisuk eta Iparragirrek –azkenak telematikoki– Madrilen deklaratu zuten aipatu epailearen aurrean. Arizkuren Frantzian dago preso eta ez zuten deklaratzera ekarri, eta Iñaki Gracia auzi honetatik kanpo utzi zuten, bere kasuan auzia preskribatuta dagoelako. Deklarazioan egon zen Pedro Rubira fiskalaren arabera, ordea, DyJren kereilak kasu honetan ez du bide egiterik, Graciarenaz gain, beste akusatuen kasuan ere auzi hau preskribatuta dagoelako.

Alabaina, DyJren ustez ez dago preskribatuta, oraindik ez direlako hogei urte pasatu Albisu eta Iparragirre 2004an atxilotu zituztenetik (delituek Espainian 20 urtera preskribatzen dute). Rubiraren arabera, preskripzioa hasiko litzateke kontatzen 1997tik aurrera, gertaerak izan ziren unetik bertatik. Auzitegi Nazionaleko fiskal buru Jesús Alonso eta Estatuko Fiskal Nagusia izendatu berri duten Alvaro García ere iritzi horretakoa lirateke. Baita orain arteko Auzitegi Gorena eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia ere.

Egiletza mediatoaren gaiak baditu ertz gehiago ere, Espainiako Estatuko jurisprudentziaren arabera, buruzagien eta egileen arteko lotura zehatzak frogatu behar direlako delitu bakoitzean, eta orain arte ez delako inoiz ETAko buruzagirik zigortu molde horretan. Hots, bakarrik buruzagi izateagatik ezin zaie leporatu buruzagitza garaian gertatutako delitu guztiak.
Zailtasun gehiago ere badira egiletza mediatoaren bide honetan. Berez, saio hau nazioarteko zuzenbidean oinarritzen du DyJk, hain zuzen ere, humanitatearen kontrako krimenen baitan, eta Espainiak 2004an sartu zuen bere Zigor Kodean delitu mota hau. Beraz, Espainian delitu mota hori bakarrik epaitu ahal izango litzateke data horretatik aurrera izandako gertaeretan.

Espainiako jurisprudentziaren arabera, buruzagien eta egileen arteko loturak frogatu behar dira delitu bakoitzean, eta ez da inoiz ETAko buruzagirik zigortu DyJren molde horretan

Santa Polako atentatua
Hori ez da Miguel Angel Blancoren kasua, ezta orain urrian 3an ikusi den beste bat ere. Aurten bete dira 20 urte ETAk Santa Polako (Alikante, Herrialde Katalanak) Guardia Zibilaren aurkako atentatua egin zuenetik, bi hildako eraginez, gizon bat eta neskato bat. Auzia epaitua dago eta bi pertsona kondenatuta daude horregatik, baina horren karietara, urriaren 3an sei pertsona deitu dituzte ikertu moduan: Jon Olarra, Ainhoa Mugika, Iñaki Esparza, Mikel Albisu, Marisol Iparragirre eta Ramon Sagarzazu. Eta gisa horretako beste hainbat kereila ere aurkeztu ditu jada DyJk. Amaia Izko abokatuaren esanetan, “hildakoak izan diren eta preskribitu ez duten 198 atentatu daude oraindik argitzeke, eta kereila hauek aurrera egiten badute, dozenaka pertsona joan daitezke espetxera”. Noiz eta gatazkaren ondorioz sakabanaketaren kapitulua ixten ari den, eta zailtasunak zailtasun, beste ate batzuk ere zabaltzen ari diren unean.

2013an Europako Giza Eskubideen Kontseilua Parot doktrinaz ebazten ari zela, Jorge Fernández Díaz Espainiako Barne ministroak argi esan zuen atzera botatzen bazuten, Espainiako agintariek bazutela “ingeniaritza juridikorako” tarterik. Ez litzateke Espainiak ingeniaritza juridikoa praktikatuko lukeen lehen aldia –“dena da ETA”, Iñaki de Juana eta Antton Troitiño zenaren kasuak, espetxe legedia...–, eta azaltzen ari garena ikusita, azkena ere ez. Uztailean, Blancoren kasuan fiskaltzak eta defentsak bat egin zuten auziaren balorazioan, eta hala ere, fiskaltzak aurrerantzean erakutsitako jarrerari eutsita ere, ia seguru da kasuok epaiketara iritsiko direla, DyJ akusazio partikular gisa aurkezten ari delako, eta horrekin ahozko auzira iristea posible delako, fiskaltzak kereilaren aurkako jarrera izan arren.

“Esperantzara kondenatuak"
Amaiur Iragi bilbotarrak 19 urte ditu, Gasteizen ari da ikasten eta inoiz ez du kalean ikusi Zaballan dagoen Harriet Iragi, aita. 46 urte ditu azken horrek eta 22 daramatza preso. Valdemoron urtebete, Córdoban bederatzi eta Castellónen hamaika pasatu ondoren, Araban da egun, Bilbotik 75 minutura. Eguna kartzelako ekonomatuan lanean ematen du batez ere, eta denbora librea antzerkia, zeramika eta kirolari eskaintzen die, besteak beste. “Bisita asko ditu –dio Amaiurrek–, ama eta biok goaz, familia osoa, lagunak... Bai, aitak preso jarraitzen du oraindik, baina aldaketa kristorena izan da! Azken bi urteetan bizipen eta emozio berri asko izan ditugu, eta nolabait, hasi gara tunelaren amaiera ikusten”.

"Aldaketa kristorena izan da! Azken bi urteetan bizipen eta emozio berri asko izan ditugu, eta nolabait, hasi gara tunelaren amaiera ikusten”
(Amaiur Iragi,
Harriet Iragi presoaren alaba)

Antonek ere emozioak eta sentimenduak dantzan ditu oraindik, kalera atera berriak diren preso gehienei gertatzen zaien moduan. Urte luzez espetxean egon ondoren, libre da orain eta Iruñeko Takonera parkeko aulki batean ari gara berriketan, bat sentsazio berriak askatzen eta bestea irensten.

 

Arg.: Dani Blanco

Azken hilabeteetako une asko dira gogoangarriak Antonentzat, baina horien artean indarrez gogoratzen du hirugarren gradua iragarri ziotenekoa: “Ni erdi lotsatua, zer egin jakin gabe ia, eta kideak sekulako besarkadak eta animoak ematen. Egiazki, presook etengabe egoten gara elkarri animoak ematen urrats berriak egiteko”. Eta kalean zer? “Etengabe egokitzen zoaz, baina hasieran oso bitxia da, hirugarren graduan etengabe gogorarazi behar diozu zure buruari oraindik espetxean zaudela. Espetxea izan da gure ‘konfort mundua’, han seguru sentitzen gara eta kalean zaurgarri. Baina Harreratik eta beste erakunde batzuetatik sekulako laguntza jasotzen ari gara. Eta gero dago maitasuna, sekulako maitasuna sentitzen dugu gure ingurune zabalean, eta horrek asko laguntzen du. Presoarentzat, azken finean, egon barruan edo atera berria izan, mundu afektiboa oso-oso garrantzitsua da”.

Etxera bueltan, inguruetan ibili gara eta Iruñeko espetxe zaharra egon zen belardi gainetik igaro. Jadanik ez da espetxerik han, hiriaren kanpoaldera atera zuten berria duela hamarkada bat.  Donostian ere, Martutene itxi eta Zubietako erraustegiaren ondoan eraikitzen ari dira espetxe berria. Kartzela zaharraren orubea Intsumisioaren parkea da orain Iruñean, baina ondoan da ere intsumiso haiek espetxera bidali zituen Nafarroako Lurralde Auzitegia. Edozein modutan, hiriko harresietan txango eder bat emateko pasabide ere izan liteke Hiriburu buruzagia bisitatu nahi duen edozein preso ohirentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: ‘’Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke'

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-10-29 | Leire Ibar
Baldintzapeko askatasunean aske geratu dira bi preso iruindar

Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.


Mikel Mundiñano (Sare)
“Zigorrak bateratuko dituen erreforma urrats handia da presoen egoeran”

Europar Batasunak presoen zigorren bateratzea erabaki zuen 2008an. Espainiak ez zuen agindu hori bete. Legearen erreforma etorri da, orain. 52 presori eraginen die neurriak. Sare elkarteko kide Mikel Mundiñanok xehetasunak eman dizkigu Metropoli Forala saioan.


Sareren kalkuluen arabera
52 presori eragingo lieke 7/14 Legearen erreformak, eta zazpi berehala aterako dira

Hori da ostegun honetan Sare elkarteak adierazi duena. Azken unera arte saiatu dira legearen erreforma gauza ez zedin, baina azkenean ez da berriz Espainiako Kongresuan bozkatu behar, PPk nahi zuen moduan. Hortaz, aste honetan bertan legea Espainiako Aldizkari Ofizialean... [+]


Eztizen Artola Iturrate
“Horrenbeste erromantizatu dugunez auzia, ez gara kontziente espetxeak sor ditzakeen ondorioez”

Heldu da eguna: espetxetik aterako dute Ihintzaren aita. Une horixe du irekiera Eztizen Artolaren (Bilbo, 1999) Gurpilak eleberriak (Txalaparta, 2024). Hortik egingo du atzera, aita bisitatzeko kartzelara egiten dituen joan-etorrietan haur motxiladuna hazten, egoeraz jabetzen... [+]


EBko zigorren bateratzeak 45 euskal presori eragingo die

Zalapartak zalaparta, eta Espainiako Senatua gainditu ondoren, Europako zigorrak bateratzeko lege aldaketak aurrera jarraituko du. Horrela, 2008an zigorrak bateratzeko Europak onartutako zuzentarauari Espainiak 2014an jarritako salbuespena desagertuko da, eta horrek 45 euskal... [+]


Marixol Iparragirreren kontrako epaia artxibatu du Auzitegi Nazionalak

Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hiltzearen ardura politikoa egotzi nahi zioten, baina auzia preskribatuta dagoela iritzi dute epaileek.


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


2024-09-19 | ARGIA
Euskal preso politiko bati langabezia jasotzeko eskubidea aitortu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du hirugarren graduan dagoen presoak eskubidea duela langabezia jasotzeko. LAB sindikatuak aurrekari gisa ikusi du epaia eta urrats bat dela dio "presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean".


Lokutorio greba Zaballan

Espainiako Estatuko espetxeetatik Euskal Herriratu gintuztenetik Zaballako espetxean komunikazioaren alorrean gabezia ugari topatu ditugu. Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono... [+]


Euskal preso politikoei espetxe politika arrunta aplikatzeko eskatu dio Sarek Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari

"Jarrera proaktiboagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sail berriari Sarek, abuztuaren 20an egindako prentsaurrekoan. Espetxeetako normalizazioa "oraindik urruti" dagoela salatu dute, ikusita 148 presoetatik "ehun preso baino gehiago" egon... [+]


Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatu dute hondartzetan

Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostian egin dituzte Etxeratek urtero antolatzen dituen hondartzetako mobilizazioak. Aurten Sare Herritarra batu da aldarrikapenera.


Xabier Atristain presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Hamahiru urte pasa ditu preso Atristainek, iragan abendutik hirugarren graduan zegoen eta martxoaz geroztik zigorra etxean betetzen ari zen kontrol telematikoarekin.


Jaurlaritzako Justizia sailburua: “ETAko presoek eragindako kaltea injustua zela aitortu behar dute”

ETAko presoek espetxetik ateratzen direnean, egindako mina onartzeaz gain, "eragindako kaltea injustua" izan zela aitor dezaten lan egingo du Jaurlaritzak, María Jesús San José sailburu sozialistaren arabera.


Eguneraketa berriak daude