Biziberritu proiektuak haurrek hain ohikoak ez dituzten materialekin jolastea proposatzen du: enpresetan sortzen diren hondakinak. Larraitz Esnaola Illarretak eta Alex Barandiaran Arteagak daramate aurrera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileek. 2021ean Puntu Soziala saria jaso zuen Biziberrituk, gizartean eragin positiboa duen egitasmoa izateagatik.
“Biziberritu” jarri diozue izena proiektuari, zer adierazi nahi duzue?
Larraitz Esnaola: Enpresetako soberakinei bizi berri bat eman nahi genien, horretarako gure esparrura, hezkuntza mundura ekarriz. Eskoletako hezitzaileen, profesionalen eta haurren eskuetan jarri dugu materiala: alde batetik, bizi berri bat ematen diogu bestela zaborretara doanari; eta bestetik, eskoletan dagoen materiala berritu edo orain arte erabili izan dena zalantzan jartzen dugu.
Alez Barandiaran: Ikusi dugu material hori bizirik dagoela eta aukera asko ematen dituela. Gu asko oinarritzen gara haurraren esplorazioan eta esperimentazioan, haurrak berak deskubritu dezala zein den bere errealitatea eta ingurukoarena. Gure oinarria deskubrimenduan dago, baina materiala egituratua badago, ez du deskubritzeko ematen. Egituratuta ez egotea askoz ere interesgarriagoa da guretzat: haurrek euren arteko harremanak eta ezaugarriak deskubritu ditzakete, eta irudimena lantzeko eta jolaserako erabili. Materialak bizi berezi bat izango du haur bakoitzaren eskuetan; desberdina izango da.
“Hezitzaileok espero ez genituen gauza
asko ikusi ditugu:
guk xiringari funtzio bat ematen diogu,
baina haurrek beste gauza batzuk irudikatzen dituzte”
Larraitz Esnaola
Zein soberakinekin egiten duzue lan? Nola lortzen dituzue?
L. E.: Enpresek ematen dizkigute. Badaude egituratu gabeko beste material batzuk ikastetxeetan, haurrek erabiltzeko modukoak, baina askotan ez dira hain eskuragarri egoten, industrialak direlako edo beste modu batean eginda daudelako.
A. Barandiaran: Kaxak, kortxoak, komuneko paper tutuak…
L. E.: Esperientzia pilotu bat egin genuen aurreko ikasturtean, ikusi baikenuen hainbat ikastetxetan horretan zebiltzala, baina ez guk eskaintzen ditugun materialekin. Horregatik, harrituta gelditzen dira gure proiektuko materiala lehen aldiz ikusten dutenean. Adibidez, enpresa batek xiringak eman zizkigun, eta guk lotzen ditugu likidoa sartu edo ateratzearekin, agian haizearekin ere bai... baina haurraren jolasa hortik harago doa. Prozesuan zehar, hezitzaileok espero ez genituen gauza asko ikusi ditugu: guk xiringari funtzio bat ematen diogu, baina jolasean beste gauza batzuk irudikatu dituzte. Gauza bera gertatu da bizikleten gurpilekin edo koadroekin.
Lehenik enpresekin jartzen zarete harremanetan. Eta behin materiala lortuta, zein dira hurrengo pausuak?
L. E.: Mondragon Taldeko kooperatibatik kanpoko hainbat enpresari luzatu genion deialdia, eta guztira bostek azaldu zuten interesa: Irizar, Ternua, Fagor Electrónica, Orbea eta KiroGrifols. Eskoletara ere jo genuen, eta azkenean zortzi izan dira parte hartzera animatu direnak. Enpresekin gertatu bezala, badaude interesa azaldu duten eskola gehiago, baina aktiboki parte hartzeko zailtasuna adierazi digute, eta zortzi horiekin hasi gara.
A. B.: Planteatu duguna da eskola bakoitzak materiala hartu eta horiekin proposamen bat egitea haurrei. Proposamen erakargarri bat, haien arreta deitzeko eta materialarekin esperimentatu dezaten. Beraiek gertatzen dena dokumentatzen dute, eta ondoren berriro elkartzen gara, haurrek egindako horri buruz hausnartu eta ondorioak ateratzeko.
Zein adinetako haurrekin zabiltzate? Beste adin edo eremu batzuetara zabaldu daiteke, adibidez aisialdira?
L. E.: Haur eskolatik hasi eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailara artekoek hartu dute parte. Baina pentsatu dugu aisialdi eta jubilatu taldeekin ere lan egitea, hezkuntza formala deituriko horretatik kanpo.
A. B.: Hau proiektu komunitario bat dela ikusten dugu, adar asko izan ditzakeena; artistekin ere agian egin dezakegu zerbait...
Zuek dinamikak prestatzen dituzue. Nolakoak dira?
A. B.: Espazio bat prestatzen dugu, materialak modu erakargarrian jarriz. Eta ondoren haurrei modu librean esperimentatzen uzten zaie. Hori guztia argazkiz, bideoz eta idatziz jasotzen dute ikastetxeetan eta jasotako informazioa partekatzen dute gurekin: haur batek alderdi berria azaleratu duela, besteak ez duela halakorik egin, hark hegazkina eraiki duela… Materialak modu batera daude ordenatuak eta hegazkin hori haurraren buruan dago, baina guk agian hori ez dugu ikusten.
L. E.: Helburua ez da hegazkin bat sortzea, noski, haurrak momentu horretan material horrekin barrutik ateratzen zaiona egitea baizik. Agian beste batek beste zerbait sortzen du, edo esperimentatzen aritzen da gauza hau bestearen barruan sartuz…
Liburu bat idatzi duzue: Esperimentazioan sakonduz biziberritu, Hik Hasik argitaratua.
A. B.: Pentsatu genuen ideia ona zela ikastetxeei proposamenak egitea eta islatzea zein aukera dauden material horiekin esperimentatzeko, hori baita proiektu honen ardatzetako bat. Haurrak zer deskubritu dezake honekin? Eta beste honekin?
L. E.: Ikuspegi hori lantzeko proposamenak dira, baina helburua ez da proposamen horietara iristea, esperimentatzeko garaian inspirazio bezala erabiltzea baizik. Beste proposamen batzuk egiteko aukera ere ematen dugu liburuan, eta materialen zerrenda luze bat ere badakar, norberak inguruan duen horretatik sortzeko, desberdina delako leku bakoitzean lortu daitekeena.
A. B.: Kultura hau zabaldu nahi genuen ikastetxeetan, badakigulako zaila dela. Lana eskatzen du. Lehenik materiala eskuratu, gero toki batean jarri, dokumentatu, dokumentazio hori beste irakasleekin partekatu, hortik hausnartu… Horrek denbora behar du, eta orain arteko bidea ez da hori izan. Fitxak eta fitxak eta fitxak eman izan zaizkio haurrari normalean.
“Ikusi dugu material hori bizirik dagoela.
Gu asko oinarritzen gara esperimentazioan, haurrak berak deskubritu dezala errealitatea”
Alex Barandiaran
L. E.: Guk haurrari eskaintzen dioguna ondo pentsaturik dago, zer eta nola aurkeztu erabakitzeko buelta asko ematen ditugu aurretik. Ez dugu aurkitzen dugun lehenengo materiala eskaintzen... hori ere batzuetan egin daiteke, baina interesgarriena aurre-lanketa da, eta ondoren ikustea zer gertatu den. Askotan emaitza ez delako espero duzuna: adin desberdineko taldeak egon edo ez, haur kopurua handiagoa edo txikiagoa izan, horien arabera asko aldatzen da.
Zein dira hurrengo pausoak?
A. B.: Zabaldu egin nahi dugu, bai hemen bailaran [Debagoienan], baita besteetan ere, adibidez Zumaia aldean.
L. E.: Pausoz pauso nahiko genuke zabaldu, Gipuzkoan hasi gara baina iruditzen zaigu oso proiektu interesgarria dela Euskal Herriko beste tokietan lantzeko.
Puntu Soziala saria 2021ean irabazi zuen Biziberritu proiektuak. Gizartean eragin positiboa duten egitasmoak indartzeko asmoz sortu zuen TaPuntu kooperatibak eta bi urtean behin antolatzen du. PuntuEUS fundazioa, ARGIA eta Ido
Photography kooperatiba laguntzaile dira, zabaltze lanetan. Goiko argazkiak, adibidez, Zumaiako Zumaiena ikastetxean atera zituzten, eta artikulu hau ere interkooperazio horren emaitza da.
Biziberrituk hainbat arlotan jaso du laguntza: “Proiektuarekin hasi berriak ginen eta behar batzuk geneuzkan; pentsatu genuen Puntu Sozialak bultzada bat eman ziezagukeela eta horregatik animatu ginen aurkeztera. Saria lortzea oso lagungarria izan da: irudia, logoa, marka eta tipografiak, sare sozialetako erabilera, webgunea… egin ditugu beraiekin”, azaldu du Larraitz Esnaolak. Bideo bat egiteko asmoa ere badute, materialak enpresetatik ateratzean eskoletara iristen deneraino egiten duen ibilbidea erakusteko: “Azken batean, sariak proiektuari bizia eman diola esan dezakegu”.
Bidean asko ikasi dutela dio Alex Barandiaranek: “Arlo horiek ez dira gure fuertea. Gure lana gehiago da ideia buruan edukitzea, eta beste zatia beraiek egin dute. Elkarlan bat izan da”.
Iruñeko haur eskoletako zuzendariek, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta PSNren arteko akordioa kritikatu dute. “Murgiltze ereduaren alde egin dugu beti, baina inoiz ez da gure iritzia kontutan hartzen” salatu du Euskalerria Irratian, Garikoitz Torregrosa... [+]
Zinez txalogarria, eskolako irakasle talde jakin baten borondatez, eta zenbait gurasoren inplikazioz, A ereduko ikastetxe estigmatizatu bat D ereduko eskola bilakatzeko abian jarri duten prozesua Gasteizko Judimendi auzoan. Honela, posible egiten ari dira Araba, Bizkaia eta... [+]
2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina hasi baino bi aste lehenago, Hezkuntza Saileko arduradunengana jo genuen, itunpeko eskoletako gelen ituntze maila ez delako egokitzen demografiaren jaitsierara eta indarrean dagoen lege esparrura.
Hiri gehienetan arazo orokorra... [+]
Eskolako zenbait gurasok euskalduntzeko egindako ahalegina ikusarazi, eta hezkuntza komunitatean euskararen aldeko jarrerak piztu. Helburu horiekin bultzatu du Autobiografia Linguistikoak ekimena Ramon Bajo ikastetxeko Basartea gurasoen elkarteak, Gasteizko Alde Zaharrean. Pozik... [+]
Martxoaren lehenengo lanegunarekin batera, komunikabideetan azalduko ez diren aldaketak etorri dira EHUn. Azken Lan Publikoko Eskaintzaren ondorioz, ehunka langile –arlo tekniko eta administrazio zerbitzutakoak– orain arte okupatzen zuten lanpostutik atera eta beste... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]
“Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.
Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]
Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]
Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen.
Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.
Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo... [+]
Ikasleen lan politikoa jazartzeko asmoz, Iruñeko Iturraman eta Biurdanan nahiz Bilboko Unamunon izan dira polizia-indarrak, IAk salatu duenez.