Klima aldaketaren eta baliabide materialen urritzearen ondorioak nahaspilatzen zaizkigu –aurten azeleratze batekin– horiei loturiko gerra, erbesteratuen harrera, mantsotze ekonomiko eta eskuin muturraren igoerarekin, bertzeak bertze. Nahaspilatzea gehiketa baino okerragoa delarik, egoera hori krisi anizkoitza –polycrisis– izendatzen du Adam Tooze ikerlariak. Panorama honetan kolapsoaren gaia bueltan dator, eta seriotan hartzen dute ere aberatsenek. Aldiz, ematen dioten erantzuna krisi anizkoitzaren adierazlea da.
Gero eta gehiago eraikitzen ari dira, toki urrun eta diskretuetan: Zeelanda berria, Alaska, Ipar Amerikako Mendi Harritsuak, Tasmania... Aberatsenen artean moda berri bat zabaldu da: kolapso globalari aurre egiteko asmoz, luxuzko etxebizitza ultra-babestuak, “bunkerizatuak”, bertan mundutik hesituak bizirauteko. Irailean argitaratu berri den Survival of the Richest: Escape Fantasies of the Tech Billionaires ("Aberatsenen biziraupena: teknologiaren milioi askokoen ihes ametsak") liburuan Douglas Rushkoffek azaltzen du Ameriketako Estatu Batuetako aberatsenen obsesio berria: The event edo Gertaera. Horrela izendatzen dute haien ustez gertatuko den kolapso globala, hau da, ekonomikoa, soziala, klimatikoa, eta –horien ondorioz– demografikoa. Haien dirutza inbertitzen ari dira “gertaera” horretatik beraien burua babesteko.
Gugandik hurbilago eta neurri xumeagoan –ez baitira Tasmaniara erbesteratzen– baina asmo beretik abiatuak, komunitate hesituak (gated communities) ere zabaltzen dira. Bertan ere aberatsak ingurukoengandik aparte bizi dira, ez bakarrik sozialki eta geografikoki, baizik eta fisikoki hesituz ere, haien seguritatea bermatzeko kamarak ezarriz eta guardia pribatuak kontratatuz. “Gertaeraz” amesgaitzik ote duten ez dakigu, baina prekaritateak bultzaturiko txiroen ahalezko joerak nahi dituzte saihestu.
Horietarik gehienak jabetza pribatuak izanik, zaila da jakitea zenbat diren eta non. Zeelanda Berrian, 2016ko lehen hamar hilabeteetan, atzerritarrek (gehienbat AEBetakoak eta Australiakoak) 360 000 hektarea lur baino gehiago erosi zuten, aurreko urtean baino lau bider gehiago. Ordutik aurrera joerak gora egiten jarraitu du. Jabe ezagunetan aipatu daitezke Peter Thiel, PayPal-en sortzailea, James Cameron zinemagilea edo Julian Robertson hedge-fund edo estaldura-funts inbestitzailea.
Modeloek errealitatearen irudi itxuragabetu bat eman dezakete, haien parametro garrantzitsu bat edo gehiagoren aldakortasuna ez bada ondo kontuan hartzen
Fenomenoak negozio berri bat piztu du AEBetan, adibidez, 2020ko zenbakiei segi, Texasen egoitza duen Rising S Co. enpresak hamar bunker pribatu instalatu ditu Zeelanda Berrian. Oinarrizko aterpean 22 pertsona bizi daitezke eta horren prezioa 3 milioi dolarrekoa da, baina 8 milioiraino igo daiteke luxuzko bainugelak, joko-gelak, kirol gelak, antzerkiak edo ohe kirurgikoak gehitu nahi izanez gero. AEBetan ere, Survival Condo (Kansas) edota Vivos (Hego Dakota) enpresek, misil-biltegi ohiak berrantolatu dituzte, lurpean hamalau solairuko bizitegiak antolatuz, seguritatezko eta luxuzko elementuak elkartuz. Etxebizitzez gain, baratze akuaponikoak, janari denda bat, igerilekua, antzerkia, liburutegia edota kirol gela ere aurkitu daitezke bertan, hiru urterako janari biltegiez gain.
Kolapso arriskua gehienetan lotzen zaie baliabideen urritzeari eta klima aldaketaren uzkailtze-mugak (tipping points) gainditzeari. Baina horien oinarrian ohikoa da gainpopulazioa izatea erru nagusitzat. Egia da XIX. mendearen hasieratik munduko giza populazioak izan duen gorakadak ez duela parerik giza historia osoan, ez bere tamainan ezta bere abiaduran ere. Ezin da baztertu gorakada honek eta harekin bat datozen urbanizazioak eta industrializazioak aztarna sakona uzten dutela biosferan. Baina errua populazioak ote du?
1970eko hamarkadan Erromako Klubak bultzaturiko Limits to Growth ("Hazkundearen mugak") txosten famatua argitaratu zen, ordutik aurrera desazkundearen aldeko talde askok erreferentziatzat hartua. Haien modelizazioak aurreikusten zuen ere baliabide ustiapen eta populazio gorakada joerak aldatuko ez balira, XXI. mendean industria ekoizpenak eta populazioak beherakada gogor eta kontrolagaitza pairatuko zutela.
Baina modeloek errealitatearen irudi itxuragabetu bat eman dezakete, haien parametro garrantzitsu bat edo gehiagoren aldakortasuna ez bada ondo kontuan hartzen. Horietarik bat aurkitu dezakegu modelo horietan: pertsona bakoitzeko kontsumo maila. Zehatzago, modelizazio haietan agertzen diren pertsonakako zerbitzuak, pertsonakako ekoizpen industriala edota pertsonakako janaria, batezbertzeko balio gisan erabiltzen dira. Batezbertzekoak esangura du distribuzio normal batean (estatistikan "gaussiana" deitzen dena), adibidez erdian maila ertaineko aberastasuna lukeen gehiengo batekin eta ertzetan simetrikoki milioidun guti batzuk eta txiro guti batzuk lituzkeena. Aldiz kontsumo mailaren distribuzioa oso asimetrikoa da: Stephen Pacala Princeton unibertsitateko ingurune erakundearen zuzendariaren arabera, 2015ean munduko 500 milioi pertsona aberatsenek BEGen isurketen erdiaren ardura zuten (Naomi Klein, Everything can change "Dena aldatu daiteke" 2015). Bere aurtengo txostenean, World Inequality Labek erakutsi du Frantziako Estatuko BEG Berotegi Efektuko Gas isurketen murriztapen xedea 2030ean lortzeko, %10 aberatsenek beraien isurketak %61 jaitsi beharko lituzketela, aldiz %50 pobreenek soilik %3. Zenbaki horien bidez zalu ikusten da "pertsonakako zerbitzuak" hitzaren atzean errealitate oso asimetrikoak daudela. Berdin ekoizpen industriala gozatzeari edo kutsadura pairatzeari dagokionez.
“Gertaera” bezalako kontzeptu batek azaltzen du kolapsoaren iruditegi berezi bat: bat-bateko fenomeno bat, mundua inoiz baino sakonago eraldatuko lukeena, oso denbora laburrean milaka milioi lagun hilik utziz (gosez, gatazkaz edo eritasunez), eta bizirik iraunen luketenen esku legokeela zibilizazio berri baten hastea. Renaud Duterme geografoak iruditegi hori analizatzen du De quoi l’effondrement est-il le nom? (“Kolapsoa zeren izena ote da?”) 2016an argitaratu duen liburuan. Argi banatzen ditu alde batetik erlijioan edo mito zaharretan erroak dituzten fikziozko kolapsoen iruditeriak, Mendebalde globaleko klase ertainaren kezka konkretuen itxuraren atzean; bertzaldetik zabaltzen ari diren arrakala sozial eta espazialak, arrakala horien galtzaileentzat txirotze larriko dinamikak bultzatuz, bertako bizi baldintzak jadanik “kolapsatuak” izanik, toki bakoitzean krisi anizkoitzeko osagaien proportzio ezberdinen ondorioz.
Kolapsoen iruditeriak erlijioan edo mito zaharretan erroak ditu, Mendebalde globaleko klase ertainaren kezka konkretuen itxuraren atzean dagoena
Aurreko garaietan ez bezala, gaurko munduko aberatsenek ez dute gainontzekoen “jaun eta jabe” izan nahi, ez dute ere luzaroko inperiorik eraiki nahi –izan inperio politikoa, industriala edo bertze motako eragina duena–; Rushkoffek dioenez, haien helburua gainontzekoengandik ihes egitea da. Kolapsoaz duten iruditegian gizateria bera arrisku bat gehiago da, eta teknika berrienei esker jende xeheengandik lotura guziak moztu nahi dituzte.
Inpresio ilun bat uzten du, dagoeneko aurrerapen teknikoengandik espero dena denentzako oparotasuna ez balitz bezala –joan den mendean espero zena–, baina bai guti batzuen salbatzea, gainontzekoen patua paira ez dezaten eta gainontzekoen haserrea sufritu ez dezaten.
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenean "trantsizio justua" aipatzen da klima hondamendia saihesteko bide ezinbertzeko gisa. Hots, gizateriaren oinarri materialaren aldaketa justua izan behar dela, aldaketaren ahalegina ez bazaie txiroenei bakarrik inposatu nahi. Hori ez bakarrik injustiziari nahiago behar zaiolako justizia soziala, baizik eta trantsizioaren eraginkortasuna bera baldintzatzen duelako justizia sozialaren mailak.
Argiki, aberatsenek kontrako norabidea hartu dute, interdependentzia ikusi edo ulertu nahi ezean, eta “gertaerari” bizirauteko dagiten inbertsioek negozio bat gehiago elikatzen dute –luxuzko bunkerretan espezializaturiko enpresak–, arazoa gehiago sakonduz. Slavoj Žižek filosofoaren esaldi famatuak zioen errazago irudikatzen dugula munduaren amaiera kapitalismoaren amaiera baino.
Halere, ultra-aberats horiei nahitaezkoa izanen zaie interdependentzia onartzea, Rushkoffen arabera jadanik zalantzak baitituzte haien guardia pribatuen leialtasunari buruz. Pierre-Emmanuel Barré umoristak bere estilo garratzean erran bezala: "Etorkizunean ez bada lur gainean afrikarrik geratuko, nork garbituko ditu gure bunker postapokaliptikoak?"
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi... [+]
Pertsona batzuek kapitalismoa "besarkatzen" dute, konturatu gabe arazoa sistema berean dagoela; planeta mugatu batean hazkundea etengabe bilatzean. Energia intentsiboak ekoizteko modu guztiak mundua irensten ari dira.
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean,... [+]
Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.
Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]
Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko... [+]