Ingalaterrako Felixstoweko portuko zamaketarien grebak hankaz gora jarri du azken hamarkadetan nagusitu den kontainer bidezko merkataritza eredua. Erresuma Batuan XX. mendean 80.000 ziren portuetan zamaketan aritzen ziren langileak, egun ez dira 10.000ra iristen, baina itsas garraioa kolapsatzeko gaitasuna dute, erakutsiz sistemak bere burua zepoan harrapatu duela gero eta handiago izan nahiagatik. Langileen arteko elkartasuna barreiatu ahala, Asia Ekialdetik Europara datozen milioika tona produktu Gabonetara garaiz iritsi ezinik geratu daitezke.
Ez duzu zertan gelditu, alde egin dezakezu”, ihardetsi zion Clemence Cheng Felixstoweko portuko zuzendari exekutiboak langileetako bati, honek laneko baldintzekin ez zegoela gustura esan zionean. Cheng portuan zeuden grebalarien piketera jaitsi zen bulegotik, lehen egunetik protesta utz zezatela konbentzitzera, baina bere jarrerak are gehiago sumindu zituen langileak. Abuztuaren 20a zen eta zortzi egunez luzatu zen Ingalaterrako portu nagusiko zamaketarien lanuztea, azkenaldian izandako merkataritza kolapso handienetako baten arriskuan utziz herrialdea.
Langile jaka gorridunen eta Cheng exekutibo gorbatadunaren arteko pasartea Isabel Ringrose kazetariari irakurri diogu Socialist Worker astekarian. Ringrosek Felixstoweko grebari buruzko jarraipena egin du ezkerreko hedabide horretan –Margaret Thatcher hil zenean hilobiaren argazki gainean Rejoice edo “poztu zaitez” hitza azalera eramateko erreparorik izan ez zuena– eta hango zamaketariek munduko merkataritza zergatik baldintzatu dezaketen azaldu du, besteak beste, aurtengo Eguberritako kanpainako eta are eguneroko produktuak europar kontsumitzaileen etxeetara iristea baldintzatzeraino.
“Felixstoweko portuko grebek erakusten dute, industria modernizatzeko saiakeren ondorioz portuko langileen kopurua asko gutxitu arren, oraindik boterea dutela. Ugazabak grebek sortutako etenaldiak gutxiesten ari dira, esanez ez dutela ‘inpaktu luzerik’ izango”, dio Ringrosek Why dockers still hold the power to sink production (“Zergatik zamaketariek oraindik boterea duten produkzioa hondoratzeko”) analisian. Azaldu duenez, Felixstowera doazen zamaontziak handiegiak dira beste portu batzuetan deskargatu ahal izateko, eta Suezeko Kanalean duela urtebete gurutzatuta geratu zen Ever Given ontziarekin gertatu bezala, honek erakusten du munduko hornidura katea zein ahula den: “Edozein oztopok, langileen ekintzak barne, esan nahi du sekulako irabaziak galtzen direla”, ohartarazi digu kazetariak.
Suezeko Kanalean duela urtebete gurutzatuta geratu zen 'Ever Given' ontziarekin gertatu bezala, Felixstoweko grebak erakusten du munduko hornidura katea zein ahula den
Elizabeth II.a erreginaren heriotzak Erresuma Batua hunkitu du hamar egunez, eta egunkariak arrosez tindatu ditu ingelesek ongi egiten dakiten moduan; baina hori ez da arrazoi nahikoa izan Felixstoweko portuan zamaketariek euren borroka uzteko. Portuko kudeaketa daraman enpresaren agintaritzak soldaten %7ko igoera proposatu die –Gasteizko Mercedes-Benzen eta antzeko lantegietan nahiko luketen zifra bat–. Baina inflazioa %10etik gora dagoela ikusita, ez daude prest pobretze gehiago onartzeko, eta 1.900 langileri pasatako inkestan –zeinean %78ak hartu duen parte– %82k eman du proposamenaren kontrako botoa; badakite badutela gaitasuna hori baino askoz gehiago exijitzeko.
Irakurleari Net Hurbil hau heltzen zaionerako seguruenik hasia izango dute zortzi eguneko beste greba bat Unite sindikatu boteretsuak deiturik, gutxienez urriaren 5a arte iraungo duena: “Benetako soldata justu bat ordaindu beharrean, benetako soldata murrizketa bat inposatzen saiatu dira”, argudiatu du Sharon Graham sindikatuko idazkari nagusiak Twiterren, berriz ere grebara jotzeko. Orain, erabaki horren ondorio kalkulaezinei aurre hartu nahian dabiltza Erresuma Batuko eta beste herrialde askotako merkataritza-logistika arduradunak.
Datu batek balio lezake Felixstoweren estrategikotasuna ulertzeko: Europako portu handienen Top 10ean ez dagoen arren –Herbeheretako Rotterdamgo portu erraldoia eta beste batzuk oso aurretik ditu mugitutako tona kopuruan–, Erresuma Batura iristen diren kontainerren %48 jasotzen du. Horregatik, “zamaketaririk gabe prozesua goitik behera eroriko litzateke guztiz”, dio Ringrosek bere analisian.
Londresetik gertuen dagoen portu industrialak Erresuma Batura iristen diren kontainerren %48 jasotzen ditu
Kazetariaren arabera, Asia hego ekialdetik Britainiar Uharteetaraino bidaia egiteko itsasontziek 40 egun inguru behar izaten dituzte, eta horrek esan nahi du grebak Eguberri hauetarako hornidurei eragin diezaiekeela: “Amazon, General Mills, Diageo, Kellogg, Mars Foods eta antzeko markek nozituko dute mina, euren produktuak edukiontzietan bilduta geratuko direlako”.
Portuetako agintaritzak eta merkataritza konpainiak saiatu dira garraioa beste portuetara bideratzen, baina ez dute erraza, bateko HGV edo ibilgailu pisutsuen eskasia, besteko Brexit-a... horrek guztiak ere eragina dauka katean. Eta bada beste faktore azpimarragarri bat: Felixstowera iristen diren itsasontziak handiegiak direla edozein moilatan sartzeko.
Kontainer bakoitzak TEU (Twenty-foot Equivalent Unit) bat neurtzen du (6,1 metroko luzera) eta itsasontzi bakarrean halako milaka kabitzen dira. Azken mende erdian hazkundea esponentziala izan da: 1950ean gehienez ere 800 TEU garraiatzen zituzten zamaontziek, baina 1968tik hona %1.200 handitu da gaitasuna, 25.000 TEU izateraino, eta granelean eramaten diren petrolioa, ikatza, burdina eta halako gaiak kenduta, egun munduko itsas-kargaren %90 kontainerretan doa ozeanotan barrena –kontatu genuen beste Net Hurbil batean zamaontzi erraldoi horien kasua–.
Atsekabearen udatik, atsekabe globalaren negura
Containerization, edo kontainer estandarren bidezko merkantzien garraioa, itsas konpainiek azken 70 urtetan kostuak gutxitu eta irabaziak handitzeko emandako prozesua izan da, baina baita zama-langileek ugazabei ekartzen zizkieten buruhausteak paretik kentzeko modua ere.
“Moilak borroka gune izan dira Kapitalismoaren hasieratik Erresuma Batuan –dio Ringrosek–. 1889an portuko langileak matxinatu egin ziren ordu gutxi batzuetako noizbehinkako lana soilik bermatzen zien sistemaren aurka. Euren greba gakoa izan zen masa-mugimendu sindikalaren jaiotzan”. Hala, XX. mendean lorpen handiak izan zituzten; adibidez, Portuko Langileen Junta Nazionala sortu zen kontratazioak sindikatu eta ugazaben artean egiteko. Baina 1970eko hamarkadatik aurrera, sindikatuen kontrako legeekin, batasuna hautsi eta etsipena nagusitu zen langileen artean. “Geroztik [zamaketariak] greben katebegi ahulena bezala ikusi izan dira. Baina orain Felixstowe erresistentziaren abangoardian dago”.
Kontainerren sistema zabaldu ahala portuko langileak gutxitu diren arren, jarraitzen dute garrantzia handia izaten: 1950eko hamarkadan 80.000 zamaketari zeuden herrialdean, 1973an 43.000 eta 2016an 10.000 besterik ez; baina lehen milaka lagunen artean kargatu eta deskargatzen zena, orain gutxi batzuek egiten dute garabi handien eta programa informatikoen bidez. Paretik kendu nahi zituzten horien esku dago, beraz, katea etetea edo jarraitzea.
Lehen milaka langileren artean kargatu eta deskargatzen zena, orain gutxi batzuek egiten dute garabi handien bidez. Paretik kendu nahi zituzten horien esku dago, beraz, katea eten edo jarraitzea
Gainera, Felixstowekoa gutxi ez eta, Ingalaterrako bigarren portu handiena den Liverpooleko langileak ere greban dira pasa den irailaren 19az geroztik. Reuters albiste agentziak zabaldutakoaren arabera 560 langiletik gora dira, eta portuko agintaritzak gaueko txandak moldatu ditu grebak eragin gutxiago izan dezan.
Baina itsas merkataritzako sektoreak jadanik saihestezina ikusten du portuen kongestioa: “Panikoa espero dugu oporraldiko bidalketekin” adierazi dio merkatari batek Container xChangeri. Logistika plataforma honek 1.500 konpainiarentzat egiten du lan 65 herrialdetan kontainerrak alokatuz, eta Felixstowe eta Liverpooleko grebak hornidura-katearentzat “kolpe bikoitza” izango direla iragarri du. Zamaontziak Hanburgo, Rotterdam, Le Havre, Bremerhaven eta antzeko europar portuetara desbideratuko dira, baina haien okupazioa oso handia da, Container xChangek egindako analisiaren arabera kontainer huts ugari pilatzen ari delako. Gainera, Txinan urriaren hasieran ospatuko duten Urrezko Asteak –lantegi ugari itxita egongo dira–, Muifa tifoiak, edo Europan lehorteek ibai nabigagarrietan ekarritako oztopoek, ekaitz perfektua sortu dute udazken honetarako.
Udazkena langileek berotuko dute ordea, prezioen gorakadak eta pobretzeak akuilatuta. Ingalaterran, Eskozian eta Galesen, zamaketariez gain, trenbideetako langileek, posta zerbitzuetakoek, zabor biltzaileek... greba zikloa hasi dute –askori 1979ko Atsekabearen Uda gogorarazten diona, Margaret Thatcher gobernuan jarri zuen protestaldia–, Liz Truss toryak Boris Johnsonek utzitako agintea hartu aitzin. “Krisi humanitario” hitza ere erabiltzen hasi dira osasun etxe batzuk, Axier Lopez kazetariak astekari honetan azaldu zuen bezala (2.791 zk.). Eta jakina da britainiar uharteetan gertatzen denak kontinente zaharrean eragina duela. Ez alferrik esan du NBEko idazkari nagusi Antonio Gutierresek “atsekabe globalaren negua” datorrela.
Isabel Ringrosek nahiago du “elkartasunaren globalizazioaz” hitz egin Socialist Worker-eko bere analisian. Azaldu duenez, Unite sindikatuak beste herrialdeetako langileen babes mezu ugari jaso ditu, tartean Herbehereetatik eta AEBetatik. Garraioko Langileen Europar Federazioak (ETF) eta Nazioarteko Federazioak (ITF) –azkeneko honek 19 milioi garraiolari biltzen ditu– komunikatu bateratua atera dute zamaketarien alde, eta abisua jaurti dute: “Erabateko babesa eta mobilizazioa bermatuko dira grebak arrakasta izan dezan”. Olentzerori gutuna lehenbailehen bidali, irakurle.
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.
Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku... [+]
Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]
Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]
2023ko urtarriletik indarrean da oinarrizko elikagaiei –duela hiru hilabetetik, oliba olioa talde horretan dago– BEZik ez aplikatzeko neurria.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.
Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.
Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]
Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko ditu ostegun honetan, bi urtetako etengabeko gorakadaren ondoren. Diruaren garestitze edo merkatzeak zuzeneko eragina du Euriborrean eta herritarrek ordaindu behar duten hipoteketan. Baina nola nabarituko da aldaketa hori?
Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]
Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".
Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]
Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]