Iragan asteburuan, irailaren 9tik 11ra, Euskal Herriko I. Jatunaldi Lodiak ospatu dira Gernikako Astra Gaztetxean, Ezin Kabitu kolektiboak antolatuta. 150 pertsona batu dira lodifobiak zeharkatutako gorputzen politikak aztertzeko. Kolektiboak euren web-orrian azaldu bezala, Euskal Herri patriarkal eta lodifoboaren baitan hiru eguneko irla sortu nahi izan dute elkarrekin egoteko, pentsatzeko, jolasteko, tripak eta izterrak elkarri igurzteko, lardaskan aritzeko, jateko eta konspiratzeko.
Euskal Herriko txoko desberdinetako lodiek sortu dute Ezin Kabitu kolektiboa, eta urtebete daramate biltzen, elkar ezagutzen, ekintzak proposatzen, hausnartzen, jolasten… Taldeak salatzen du jendartean ez dagoela euren gorputzentzako lekurik: ez direla kabitzen osasun sistema nagusien “osasuntsu” egoteko irizpideetan, jai alternatiboen amaieran ematen diren ligoteoetan, heteroarauan, ingurukoek dituzten espektatibetan, treneko eserlekuetan, gimnasioaren kultura nartzisistan, zilegizko politikariaren kategorian, familia eredu idealetan, lanpostuen baldintza kapitalistetan edota ikusgarritasun publikoarekin zerikusia duten rol edo zereginetan. “Bizi guztia arnasteko lekurik uzten ez diguten arauei lotuta eta kabitu ezinik”.
Baina maitasunez eta harrotasunez ezin kabituta ere badaude, hunkituta eta motibazioz gainezka, Euskal Herriko lodien arteko aliantzak egosten. Ezin kabitu daude eta argi dute kabitu ezin duten sistema horretan ez dutela kabitu nahi.
Egitarau zabala prestatu zuten, hiru egunetan zehar hainbat gairen inguruan aritzeko, barrez lehertzeko, norbere gorputzean barrena bidaiatzeko, elkar ukitzeko, hunkitzeko, kolorez betetzeko. Elkarren begiraden konplizitateaz, hitzez, isiltasunez, oihuez eta besarkadez sarea josteko.
Ostiralean ongietorriaren eta afariaren ondoren Euskal Herriko I. Bertso saio lodia ospatu zen Onintza Enbeita, Uxue Alkorta eta Haizea Arana bertsolariekin eta Lierni Altuna gai-jartzaile lanetan ari zela. Saioan zehar hainbat pertsonaia lodiren ahotik abestu zuten bertsolariek: lehen lodia zen lagun argala eta lehen argala zen lagun lodia, ligeek beren artekoa ezkutuan mantentzeko eskatzen dioten pertsona, medikuarengana ezko-tapoiak dituelako joan eta medikuak argaltzeko esan diona, guztien harridurarako herriko mendi martxan parte hartzen duen lagun parea, hondartzan eguzkia hartzen egonda ere tolesdurak zuri dituen hirukotea, sare sozialetako edertasun ereduez barre egiten duten lagunak, “zeure burua maitatu” behin eta berriz entzuten duen emakumea, ingurukoak “lodi” deitzen dituen umea... Enbeitak bertso saioan zein Berria egunkarian azaldu zuen lehen aldia izan zela bere bertsoengatik bakarrik epaitua sentitu zena, bere gorputzak zerikusirik izan barik.
Jardunaldietan aliatu ez-lodiak egon arren, soilik pertsona lodiek parte hartu zezaketen tailerretan, lodientzako espazio seguruak izan zitezen
Jardunaldietan aliatu ez-lodiak egon arren, soilik pertsona lodiek parte hartu zezaketen tailerretan, lodientzako espazio seguruak izan zitezen; hausnartzeko, gorputza erdigunean jartzeko eta jolasteko irlak. Mugimendu askearen teknikaren bidez norberaren gorputza esploratzeko eta besteekin harremantzeko; arte martzialen bidez amorrua izerdituz eta norberaren gorputzaren indarra onartuz, disfrutatzeko, barre egiteko eta horretaz baliatzeko; norberaren esperientziak partekatzeko eta antzerkiaren bidez horiek islatzeaz gozatzeko; Body Paint teknikaren bidez norberaren gorputza samurtasunetik onartzeko; gorputza sokekin lotzearen bidez sentsazioak eta emozioak komunikatzean eta partekatzean datzan Shibari delako arte japoniarra ezagutzeko eta frogatzeko; norberak amarekin izan duen harremanaz hausnartzeko eta ingurukoek norberarengan dituzten espektatibez hitz egiteko; zineman lodiak islatzeko moduei erreparatzeko; loditasunaren eta gaixo egotearen arteko balizko loturak eta sortutako normalizazio argalak dituen arriskuak detektatzeko, eta horri aurre egiteko tresnak identifikatzeko.
Tailerrez gain, ekintza mixtoak ere egon ziren. Larunbatean, bazkalostean, Nerea Arriola “Arrol” antzezleak Hain guapa zaude ez dirudizula zu monologoa aurkeztu zuen, lodiek egunerokoan pairatzen dituzten biolentziak umorearen eta ironiaren bidez kontatuz; ikusleak barrez leherrarazi zituen. Horrez gain, musika entzuteko eta gerribueltak astintzeko aukera ere egon zen: larunbatean Soy un poco pringada eta Virrutas DJekin, eta igandean Marta & Herbas rap-kantarien emanaldiarekin eta DJ Warrasen doinuekin. Gernikan zehar poteoa ere egin zuten, eta igandean Zea Mayseko Aiora Renteriak kontzertu akustikoa eskaini zuen.
Larunbat arratsaldean mahai-inguruan parte hartu zuten Stop Gordofobia web-orriaren sortzaile Magda Piñeirok, Bartzelonako Komando Gordix kolektiboko Violen Mar.Otok eta Ezin Kabituko Mijo Lizarzaburuk eta Nahia Ruizek. Piñeiro uruguaitarra da, baina Tenerifen (Kanariak) bizi da aspalditik eta aktibismo lodian erreferente nagusietako bat da Espainiako Estatuan. 2016an Stop Gordofobia y las panzas subversas (Stop lodifobia eta sabel handi subertsiboak) liburua argitaratu zuen, gorputz idealetan oinarritutako estetika salatzeko kanpaina batetik abiatutakoa, eta 2019an kaleratu zuen bigarren lana, 10 gritos contra la gordofobia (10 oihu lodifobiaren aurka), lodiek jendartean espazio guztietan eta uneoro pairatzen duten diskriminazioa eta zapalkuntza salatzen dituena. Mar.Oto galiziar aktorea eta poeta da, eta hamarkada bat darama lodifobiaren aurkako militantzia jardunean, Beth Dittoren eta Riotsen indarrak bultzatuta. Entzute handia izan zuen Bartzelonako Kabaret lodian parte hartu zuen Piñeirorekin batera, eta gaur egun oholtza gaineko lanak eta gazteekin ematen dituen tailerrak tartekatzen ditu. Ezin Kabituko Lizarzaburu filosofía ikaslea da EHUn eta Magda Piñeiro, Lucrecia Masson eta beste ekintzaile lodiak ezagutu ondoren konturatu zen horrelako zerbait behar zela Euskal Herrian; duela urtebete kolektiboa sortu, eta biltzen eta ekimenak antolatzen hasi ziren. Ruiz ere unibertsitateko ikaslea da, eta emakume lodiak artean ikertzen ari da.
Mijo Lizarzaburu: “Lodifobia aitzakia da, helburua jendarte osoa kontrolatzea da”
XXI. mendeko jendartean dauden erronkez hizketan hasi zuten mahai-ingurua. Lizarzabururen hitzetan, erronka handia dira neoliberalismoa eta digitalizazioa; izan ere, pisuaren, janarien eta gorputzen etengabeko neurketa, smartphone-en bidez eguneko pausuen kontaketa, taupaden erregistroa… kontrol mekanismo bezala, oso teknika beldurgarriak dira subjektu otzanak sortzeko. Jendartea lodi izatearen beldur da, kontrola galtzearen beldur, eta digitalizazioak irudiaren masifikazioa dakarrela azpimarratu zuen. Lizarzabururen arabera, “lodifobia aitzakia da, helburua jendarte osoa kontrolatzea da”. Ruizek gehitu zuen gorputz batzuk idealizatuta daudela, eta ideal horiei jarraitzeko eta norbere gorputza aldatzeko presioa dugula, behartuta ez gaudela pentsatzen dugun arren. Era berean, gure hitzen eta gorputzen arteko disoziazioa aipatu zuen, geure gorputza onartzen dugula esaten baitugu askotan, baina gero praktikan ez baita hori gertatzen.
Be positive mezuek eta “zaindu zaitez” edo antzeko esaldiek sortzen duten kalteaz ere aritu ziren. Beren arabera, halakoek sinestarazten digute gure erabakiek baldintzatzen dutela gure gorputza, inguruak eta politikek duten eragina estaliz. “Ospitaleetan, adibidez, oheak diseinatu dira gorputz maskulino argalentzat. ‘Be positive’ esaten digute, baina osasungintza gero eta arrotzagoa da, pribatizatuagoa, prekarioagoa….”, argitu zuen Lizarzaburuk. “Oso garrantzitsua da mediku lodifobo baten kontsultatik atera eta gero kexa jartzea erregistratuta geratu dadin, bestela baitirudi ez dela ezer gertatzen”, Piñeirok. Azken honek zera gehitu zuen: jendartea oinarri lodifobikoen gainean eraikia dagoenez, estatuek politika lodifobikoak sortu eta normalizatzen dituztela. Esandakoa azaltzeko adibidea jarri zuen: obesitatea prebenitzeko legeek pertsona lodietan jartzen dute fokua eta ez jendartean, eta era berean, hainbat espazio ukatzen dizkiete gorputz lodiei, beren baldintzetan eragina izanik; adibidez, enpleguetarako mugak jarriz eta, beraz, euren baldintza sozioekonomikoetan eraginez. “Nia-ren auto-kreazioaren mitoarekin apurtu behar dugu, guk ez dugu geure burua sortzen eta ez dugu guztia aukeratzen, askotan ezin dugu gorputza moldatu; mingarria da pentsatzea lodifobiatik atera gaitezkeela bakoitza norbere kabuz”.
Kolektiboan lodifobia problematizatzen eta hausnartzen hastearen onurez ere mintzatu ziren. “Niri taldeek jaten erakutsi didate berriro, eta tresnak eman dizkidate gorrotoari aurre egiteko eta maitatzen ikasteko”, adierazi zuen Mar.Otok. Piñeirok eta Ruizek kontatu zuten beren gorputzean bizi izan dutela gertatzen denari izena jartzeak ematen duen babesa eta atsedena, eta horretan taldeak izandako garrantzia aitortu zuten. Taldearen bidez, besteak beste, existitzeko eskubidea dutela gogorarazi dute, jendaurrean hitz egiten ausartu dira, norbere buruaz barre egiten ikasi dute… Eta taldearen bidez, baita ere, lortu dute izerdia errekonozitzea, beren erritmoa onartzea eta kirola gozamenagatik egitea, argaltzeko helbururik barik.
Mar.Otok hezkuntzaren garrantzia ere azpimarratu zuen, testuliburuetan agertzen diren pertsonak beti argalak izateak sortzen dituen zapalkuntzez, heziketa fisikoko neurtzeko parametroek eta bestelako ereduek dituzten arriskuez. Irakasleak lodifobiaren aurka heztea beharrezkoa dela azaldu zuen, besteak beste jantokian lodiak errudun sentiarazi ez ditzaten, edota gorputz normatiboez harago doazen kirolak proposatu ditzaten. Piñeiro argaltzeko sistema berriez (ez jateko ahoa ixten duten hortzetako imanak, botaka edo kaka egiteko pilulak, organo funtzionalak suntsitzen dituzten ebakuntzak…) eta horien atzean dagoen lodifobiaz ere aritu zen.
Magda Piñeiro: “Existitzeko baimena eskatzeari utzi behar diogu eta lodi izateaz harro gaudela esan”
Borroka lodi aktibistaren puntu estrategikoez hitz egiteko tartea ere hartu zuten. Piñeirok mahai gainean jarri zuen sare sozialetan egiten den aktibismoa, eta aitortu zuen lodiek elkar aurkitzeko leku bezala sareak duen potentziala. Halere, adierazi zuen sentitzen duela badela unea hortik ateratzekoa, eta sareaz harago babesteko eta elkar sostengatzeko sareak sortzekoa –medikuarengana bakarrik ez joateko, esate baterako–. Beste beharrizan bat ere aipatu zuen: betetzen ditugun espazioetan (espazio feministetan, okupatutako espazioetan, ikasle mugimenduan…) lodifobiaz hitz egiten hastekoa, informazioa zabaldu dadin. “Existitzeko baimena eskatzeari utzi behar diogu eta lodi izateaz harro gaudela esan”.
Lizarzaburu instituzioekin lan egiteko zailtasunez aritu zen, baita horiek geureago egitearen garrantziaz ere: “Esaterako, gaixorik bagaude eta Osakidetzara joan behar badugu, garrantzitsua da gorputz guztien tamainako gurpildun aulkiak egotea. Hori bermatzeko ere egin behar dugu lan, instituzioak erabili behar ditugu”. Lodifobia kartzela gisa irudikatu zuen, zeinaren baitan bizi garen guztiok, eta gorputz lodien aurka erabiltzen den biolentziak gorputz guztiak kontrolatzeko xedea duela adierazi zuen: “Inplikatu beharra dago biolentzia hori ez erreproduzitzeko, eta feminismoarekin, transfeminismoarekin, aliatu beharra ere bai. Ulertu behar dugu ez dela kasualitatea jendeak argal egon nahi izatea, aktibismo lodiak balio du desirak eraldatzeko eta desiratzeko esan ez digutena desiratzeko”.
Entzuleek ere hainbat kezka eta zalantza adierazi zituzten. Aipatu zuten elkarrekin hitz egitearen eta minak konpartitzearen beharra, baina hurrengorako pausuak zeintzuk diren arakatu behar dela. Bat egin zuen Lizarzaburuk, adieraziz borrokarako gakoa den unean gaudela, plazeretik militatzea berebizikoa dela, baina ez direla ahaztu behar egunero pairatzen ditugun politikak eraldatzeko estrategien beharra, ezta inguruak gugan duen eragina ere. Zentzu horretan, Piñeirok jarrera lodifoboak –norbanakoenak zein egiturazkoak– salatzeko beharrean jarri zuen arreta (langile lodiak ez kontratatzea, guraso lodiak euren haurrak zainduko ez dituztela pentsatzea…), pixkanaka praktika horiek desnormalizatzen joateko. Haren arabera, sindikatuek ere salatu behar lituzkete jarrera lodifoboak. Euskal Herriko mapa lodifoboa eta “lodilaguna” egin zitekeela ere aipatu zuen parte-hartzaileetako batek, Pariseko adibide bati jarraituz; hau da, norberak mediku eta instituzioekin izandako esperientziak idazteko espazioa sortu, leku batera heltzean jakin ahal izateko zein lekutan izango diren pertsona lodiak ondo tratatuak eta zeintzutan ez.
Euskal Herriko mapa lodifoboa eta “lodilaguna” egin zitekeela ere aipatu zuen parte-hartzaileetako batek, Pariseko adibide bati jarraituz
Igande bazkalostean parte-hartzaileetako batzuk etxera itzultzeko motxilak prestatzen ari ziren, beste batzuk goiko pisuan lurrean botatako koltxoietan atseden hartzen, elkarri kontaktuak eskatzen, mahaiak batzen. Oraindik agurtu ere egin gabe, berriz elkar ikusteko zeukaten gogoaz mintzo ziren asko, antolakuntzaren partetik sentitu zuten zaintzaz eta babesaz ziharduten beste batzuk, janari beganoa dastatzean sentitutako plazeraz mintzo zenik ere bazen. Giro horretan murgilduta zeudela, bat-batean gitarraren lehen kordek eta Aiora Renteriaren ahots lagunak azken aldiz denak elkartzeko deia egin zien. Euskal Herrian ohikoa ez den beroa egiten zuen, bertan elkartutako gorputz lodiak errealitate lodifobo eta patriarkal hotza erretzen ari ziren seinale. Izerditan blai egon arren, elkarrengandik gertu eseri ziren, elkarrekin hunkitzeko eta txalotzeko, okupatzen zuten espazioaz arduratu gabe okelak dantzan jartzeko, elkarri agur esan eta etxerako bidea hartu aurretik elkarren begiradetan hurrengo topaketan ernalduko zen hazia ikusteko.
Etxera emozioz eta harrotasunez ezin kabiturik itzuli ziren bai antolatzaileak bai parte hartu zutenak, lurrean idatzirik geldituko diren pausuak eman dituztela jakinda, negar malko bakoitzak lurra ernalduko duela jakinda, pixkanaka geure gorputzak estutzen dituzten ertzak gorputz lodien beroaz borobiltzen ari direla jakinda.
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.
Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]
Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.
Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
91 urte zituela, urriaren 27an hil da Heletan jaio eta Baionan bizi zen militante feminista, abertzalea eta ekologista. Ehorzketa urriaren 30ean izango da Heletako elizan.
Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua... [+]
Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.