Bi albiste, aurkako zentzura doazenak, zientifikoen ikerketa eta abisuak energia fosilen industriako eragileen belarrietara iristen ez balira bezala. Bueltarik gabeko aldaketan sarturik ditugu klima orekaturik mantentzen diguten bost osagai eta horrek aldaketa drastikoak dakarzki, egonkortzeko etorriko direnak gainera. Nahaspila eztitzeko bide bakarra dugu beroketa efektua dakarten isurketen murrizketa. Baina ez: munduan 425 azpiegitura alimale daude, petrolioa, gasa eta ikatza ustiatzeko, horietarik %40 eraikitze lanetan, eta 646.000 milioi tona CO2 isuriko lituzkete –Parisko Akordioak finkaturiko 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko beharko genituzken 31.000 milioi tonak baino anitzez gehiago–.
Energia fosilen industria iruzur egiten dabil, finantza eragile andanarekin batera, zientziak diona ukatuz. Karbono neutralitatera daraman trantsizio energetikoa ikatza, gasa eta petrolioaren garapenarekin bateragarria dela diote; alta, argi da estrakzio proiektu berri oro gelditu eta horietatik ateratzeko bide bat planifikatu beharko genukeela". Reclaim Finance Gobernuz Kanpoko Erakundeko zuzendari Lucie Pinsonen hitzak dira. Energy Policy aldizkariak plazaraturiko 'Carbon Bombs', Mapping key fossil fuel projects ('Karbono bonbak', fosil erregai proiektuen mapa) txostena esku artean egindako adierazpena da. Martxan diren edo eraikitzen dabiltzan petrolio, ikatz eta gas erauzketa megaproiektuen –1.000 milioi tona CO2 baino gehiagoko azpiegiturak– mapa osatu dute eta kezkagarria da emaitza: 425 "karbono bonba" daude munduan zehar eta 646.000 milioi tona CO2 isuriko lituzkete guztien artean. Katastrofe bat, dakigunean Parisko Akordioak finkaturiko 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko, gehienik 31.000 milioi tonakoa beharko luketela izan isurketek.
Bakar batzuengatik mundu guztia pikutara doala erakusten digu mapa horrek: azpiegituren hiru laurdenak hamar herritan dira –Txina, Errusia, Ameriketako Estatu Batuak, Iran, Saudi Arabia, Australia, India, Qatar, Kanada eta Irak–.
Azpiegitura horien ixtea ezinbestekoa dugu, eta eraikitzen dabiltzanen obrak gelditzea da bai ala bai lortu beharrekoa: 425 horietatik %40 ez dira oraindik martxan. Inbertsio horien gelditzeko gomendioa luzatu zuen Nazioarteko Energia Agentziak iaz, beti ere, 2015eko Parisko akordioei segi, beroketa 1,5 gradutara mugatzeko asmoz: petrolio eta gas erreserben %60 eta ikatzaren %90 lur pean utzi beharko lirateke. Horrela, 2050 bitartean, gas eta petrolio ekoizpena urtero %3 gutxituko litzateke eta ikatzarena %7. Baina ez, berdez pintatu eta norabide berean segitzen dabiltza agintari eta energiaren industriako multinazionalak, ekoizpena %2 emendatuz urtero. Horren froga, TotalEnergies enpresa frantsesak Qatarren abian duen North Field gas estrakzio proiektua edo orain arteko bonbarik handiena den AEBetako Permien Delaware petrolio eta gas ustiaketa.
Alta, Science aldizkariak iraila hastapen honetan plazaratu Exceeding 1.5°C global warming could trigger multiple climate tipping points ("Berotze globala 1,5 °C-z gora izateak klimaren inflexio-puntu ugari eragin ditzake") ikerketak alarma gorria piztu digu, beste behin ere: atzerabueltarik gabeko hamasei inflexio-puntuetatik bost gertatzen ari dira. 200 ikerketa zientifiko hartu eta hortik ateratako abisua da azken hori.
Azpiegitura erraldoi horien hiru laurdenak hamar herritan dira
–Txina, Errusia, AEB, Iran, Saudi Arabia, Australia, India, Qatar,
Kanada eta Irak–
Larritasuna ilustratzeko irudi argigarria erabili ohi dute zientzialariek: "Lotan dagoen erraldoiaren esnatzea". Daukagun klima daukagula, planetan bizia eta bioaniztasuna mantentzeko orekan gaude, klima erregulazioa bermatzen duten hainbat osagaiei esker. Baina, kontua da tenperatura hein batera igoz gero, elementu horien egoera alda daitekeela, ingurunean eta kliman nahasmendu bortitzak eraginez, eta gaurkoaz ezberdin den egoera egonkor berri bat bideratuz.
Esnatu dira beraz erraldoi batzuk eta ezingo ditugu berriz lokarrarazi. Zehazkiago, permafrosteko izotz iraunkorren bat-bateko urtzea, Groenlandiako eta Antartikaren mendebaldeko glaziarren urtzea, tropikoetako koral uharrien desagertzea eta ipar Atlantikoko itsas zirkulazioaren korronte garrantzitsu baten kolapsoa ditu Science aldizkariko ikerketak zerrendatzen.
Uste baino goizago datoz klima aldaketaren efektuak. Hain zuzen, Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) iaz egindako seigarren ebaluazio txostenak ohartarazten zigun bi graduko berotzearekin arrisku "altua" dagoela inflexio-puntuak aktibatzeko, eta 2,5 gradukoarekin "oso altua". Baina, Estokolmeko Unibertsitateko irakasleek gidatutako ikerketak jakinarazi digu litekeena dela inflexio-puntu batzuk lehenago aktibatzea, hots, industria aurreko tenperatura bi gradu berotzera iritsiko ez balitz ere. Gaur egun, 1,1-1,2 gradu berotu da, zientzialariek egindako neurketen arabera eta bueltarik gabeko aldaketak ditugu jadanik parean.
Goazen ikustera fenomeno bakoitzaren atzealdean zer den gordetzen. Hasteko, permafrost deitzen zaio bi urte baino gehiago izozturik egon den lurzoruari –gehienak Artikoan kausitzen ditugu–. Urteetan izoztuta egon dena berotzen ari da, eta, beraz, desizozten. Kontua da karbono dioxodoa eta metanoa pilaturik direla lurzoru horretan eta urtuz gero sekulako ondorioak izanen lituzkeela kliman: datu zehatza ezin jakina bada ere, adituek diote atmosferan dagoen karbono kantitatearen bikoitza badela permafrostaren barnean gorderik.
Groenlandiako eta Antartikaren mendebaldeko glaziarren urtzea ere bueltarik gabeko norantzan kokatzen dute. Horren ondorioetariko bat da itsasoaren heinaren igotzea: gaur egungo kutsadura heina kontuan harturik, gutienez 27 zentimetroz igoko da 2100 urtea bitartean –"hori apalenean. Modu errealista batean erran dezakegu datu hori bikoiztu baino gehiago egingo dela", Groenlandian geologo dabilen Jason Boxen arabera–. Okerrenean, hau da, 2012ko udan gertatu urtzeen heina errepikatzen balitz urtero, 78 zentimetroz igoko litzateke itsasoa. Eta hori Antartikoaren urtzea kontuan hartu gabe.
Fenomenoa 1990eko hamarkadaz geroztik sentitzen da, eta azken hamarkadan 3.500.000 milioi tona dira urtu. Baina, azeleratuz eta larrituz doa bilakaera. Aurtengo uda bezalakoek ondorio latzak dituzte: orain arteko urtzeen herena bi udaz gertaturikoa da –2012 eta 2019 urteetan–. Orain arte, Antartikoak beroari hobeki erresistitzen baldin bazion, badirudi gogorki joa dela azken urteetan. Izotz antartikoaren urtzearekin itsaso ilun batek ordezkatzen du bankisaren zuria, bero gehiago xurgatuz eta hortik tenperaturak oraindik gehiago emendatuz.
Groenlandiako eta Antartikaren mendebaldeko glazierren urtzea bueltarik gabeko norantzan kokatu dute ikerketaren oinarrian dauden adituek
Labradorgo korrontearen kolapsoa da bueltarik gabeko beste aldaketa. Ozeano Artikotik dator eta hegoruntz doa, Labradorgo, Ternuako eta Eskozia Berriko kostaldeak zeharkatuz, eta planetako uren tenperaturan efektu jarraitu bat ondorioztatuz. Korronte guztien gisara eragin handia du klimaren gainean, eta inflexio-puntu batek beste batean eragiten duenez, Gulf Stream korrontean ere aldaketak ondorioztatuko ditu, horren ibilbidea aldatuz eta aldaketa klimatikoak ondorioztatuz –besteak beste, Europa mendebaldean eta AEBetako ekialdean hozte orokortu bat, horrek gure jendartean eta bioaniztasunean dakarzkien ondorio guztiekin–. Tropikoetako koral uharrien desagertzea da bosgarren inflexio-puntua: koralek kolorea galtzen dute itsasoaren tenperatura igo egiten delako. Hala gertatzen zaie berotzearen eraginez zooxanthellae izeneko itsas belarra kanporatzen dutenean. Itsas belar txiki horiek oxigenoa eta, bide batez, kolorea ematen diete koralei. Horiek gabe, ahuldurik biziraun dezake koralak, baina gehienetan hil egiten da. Itsaspeko biziarentzat ezinbestekoa dira –ozeanoen %0,2 bakarrik estali arren, bertako bioaniztasunaren %30 bermatzen dute–; eta kosta eta ozeanoaren artean kokaturik, uraren mugimenduan eragina dute, kostaren higadura eztituz eta bestelako fenomeno meteorogikoen ondorioak ere ahulduz.
Azken azterketen arabera, erraldoi baten esnatzeak beste erraldoi batzuk ere esnatu ditzake, domino-efektu bat sortuz. Planeta berotzen den gradu hamarren bakoitzak atzera bueltarik gabeko beste puntu bat pitzarazteko arriskua dakar. Txostenean irakurri daiteke inflexio-puntu gehiago egon daitezkeela gainditzeko zorian: Amazoniaren degradazioa, ekialdeko Antartikako glaziarren azpiko arroen kolapsoa edo Hego Amerikako mendiko glaziarren desagertzea.
Baina badirudi horrek ez diela zalantza edota erruduntasun sentipen mikorik sortzen 425 "karbono bonben" bultzatzaileei. Ezin sinetsia. Shell, Gazprom, ExxonMobil, BP, PetroChina, Petrobras, ConocoPhillips eta Chevron izenez ezagunak ditugun erregaien industriako multinazionalek 100 milioi dolar dituzte egunero inbertitzen eta horrela segitu nahi dute 2030 arte, Futura-sciences-ek plazaraturiko Les scientifiques s´inquiètent de ces 425 bombes à carbone ("425 karbono bonbez kezkaturik daude zientifikoak") irakurri dezakegunari segi. Sinetsgaitza, zinez.
Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.
Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]
Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.
Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]
Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.