“Lehen aldia da herri bat eta erakunde politiko-armatu bat gatazka batetik berek bakarrik irten direna”

  • Uztailak azken egunak dituela bildu gara zinemagilearekin Getari Enea zinema ireki berrian, Getarian. Goxo hartu gaitu bertako arduradun Christelle Vessot-ek. Biharamunean, L’hypothèse démocratique: Une histoire Basque (Hipotesi demokratikoa: Euskal historia bat) filmaren emanaldi berezi bat egingo dute, eta lanaren xehetasunetan sakontzeko baliatu dugu aukera: euskal gatazka politiko-armatuaren eta haren eraldaketaren historia kontatzen du dokumentalak, lekukotzen bidez.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Apirilean estreinatu zen L’hypothese democratique: Une histoire Basque filma, eta aretoetan jarraitzen du oraindik. Ez da lorpen makala.
Lehenik Euskal Herrian atera zen, apirilaren 13an, Frantziako estreinaldia baino astebete lehenago. Niretzat oso-oso garrantzitsua zen lehenik zuen lurraldean erakustea.

Testuinguru orokorrari erreparatuta, zinemak oso une berezia bizi du Frantzian. Pandemiaren ostean, jendea ez da aretoetara itzuli, eta momentu biziki gogorra da zinema independentearentzat. Bestalde, bi urteko itxialdiaren ostean film pila bat atera dira, eta halako inbutu-efektu bat gertatu da: astean 25 filmetik gora irteten dira, eta askoz gutxiago irauten dute aretoetan. Testuinguru horretan atera zen filma, eta hamalaugarren edo hamabosgarren astean oraindik aretoetan ikusi ahal izatea eta hartaz hitz egitea zorte handia da.

Zerorrek filmaren saio askotan parte hartu duzu.
Bai, nik asko lagundu dut filma, uste dut halako dokumentalek eskatu egiten dutela. Zinemek ere badute horren beharra, zinemagileok bertan egon behar dugu. Bihar iluntzeko saioa 44. mintzaldia izango da; iruditzen zait aski bide luzea egin dudala filmaren harrerari buruz hitz egin ahal izateko.

Eta nolakoa izan da harrera? Espero zenuen modukoa?
Hasteko, jende asko etorri da. Eta oso harrigarria izan da. Nik uste nuen, Euskal Herriko harrerari dagokionez, historia honek eragiten dion jendea etorriko zela batez ere: militanteak eta horien inguruko zirkulu zabalagoko pertsonak esan dezagun. Baina hortik harago joan da, askoz harago. Eta uste dut horrek zerikusia duela kontu zehatz batekin: gatazkari buruzko kontakizunaren eta iturrien gabezia, eta herritarrek gatazkari buruzko kontakizun osoago bat izateko beharra.

Bestalde, desadostasuna edo iritzi-aniztasun handiagoa izango zela espero nuen, eta eztabaidak izan dira, bai, baina desadostasunik ez. Ezezagutza handia aurkitu dut, eta uste dut horixe dela zer pentsatua eman beharko ligukeen gauzetako bat.

Izan ere, ezezagutza hori ez duzu soilik aurkitu gatazkatik "kanpo" egon direnen artean, ezpada barrutik bizi izan dutenen artean ere bai.
Hala da, bai. Frantzian nabarmenagoa izan da, jakina, baina zirkulu militanteetan ere bai ikusi dut. Honen harira pasadizo bat kontatu nahi nuke, Bordeleko saio batean gertatu zen. Emakume gazte euskaldun batek hartu zuen hitza, esan zuen militanteen familia bateko alaba zela, eta lehen aldia zela bere historia azaltzen ziotena, bere herriaren historia azaltzen ziotena, bere historiaz berriro jabetzeko aukera zeukana. Niretzat horrek laburbiltzen du filmaren harrera. Eta arrazoirik behar baldin bazen filma egiteko, arrazoi mordo bat zegoen, baina horra bat. Zuen historia kolektiboaren puska bat faltan izan duzue.

Nolatan sortu zen film honen ideia?
Galdera ona da hori, eta ez da erantzuten erraza. Hainbat arrazoi nahasten dira eta protohistoria 1970eko hamarkadan hasten da, baina esan dezagun aspalditik izan dudala harremana lurralde honekin eta bertako jendearekin, eta gatazkak eta horien konponbidea ere betidanik interesatu izan zaizkidala. Dena den, filma egiteko funtsezko arrazoia beste bat izan da: zer-nolako ikusezintasuna eta estigmatizazioa egon den gatazka honen eta horren eraldaketaren inguruan.

Argazkia: Dani Blanco
"Harrerak zerikusia du kontu zehatz batekin: gatazkari buruzko kontakizunaren eta iturrien gabezia, eta herritarrek gatazkari buruzko kontakizun osoago bat izateko beharra”

Urratsez urrats joango gara. 2011. urtea mugarri bat izan zen zuretzat.
2011ko urriaren 20an, borroka armatuaren amaiera iragarri zenean, eta bide orri bat zegoenean Espainiako eta Frantziako estatuekin batera egin beharreko urratsekin, eta bi estatu horiek ez zirenean azaldu… niretzat hori oso deigarria izan zen jada. Baina horren ostean ezarritako dinamika alde bakarrekoa, euskal gizarteak eta ETA antolakunde politiko-armatuak egindako keinua alegia, bakarra da historian. Lehen aldia da herri bat, erakunde politiko-armatu bat, gatazka batetik bera bakarrik ateratzen dena. Pentsatzekoa litzateke egunkari guztietako azaletan agertuko zela biharamunean, baina ez zen hala izan. Are gehiago, estatuek entzungor egin zioten keinuari, eta nire iritziz horrek ondo erakusten du zer puntutaraino eraiki nahi izan duten barne-kolonia bat zuen lurraldean. Erregimen frankistaz ari naiz. Zer-nolako premia izan duten barne-etsai bat eraikitzeko trantsizio demokratikoa delakoaz geroztik.

Hain zuzen ere, 2016an hasitako armagabetze-dinamika ere mugarri bat izan zen zuretzat.
Bai, 2016ko abenduan Euskal Herrian nintzen. Euskal gizarte zibileko hiru pertsona atxilotu zituzten Luhuson, zer-eta armak entregatzen saiatzeagatik, nor-eta beren engaiamenduagatik –indarkeriarik gabeko engaiamendua– ezagunak diren hiru pertsona . Eta hara non, gau hartan bertan, Bruno Le Roux-ek, Frantziako barne-ministroa garaian, adierazpen labur-labur batzuk egin zituen, zinez lotsagarriak, eta esan zuen Espainiako zerbitzu antiterroristarekin elkarlanean kolpe gogorra eman ziotela ETAri, zuzendaritzako hiru kide atxilotuz. Ondotxo zekien hiru pertsona horiek nor ziren, eta ez zirela erakunde armatu bateko kideak. Ikusi beharko da ea Pariseko 16. epaiketa-gelak nola azalduko dien herritar frantsesei ekintza terroristatzat hartu duela armak neutralizatzeko eta baliogabetzeko ekintza bat.

Auzia ardatz hartuz, La paix maintenant, une exigeance populaire (Orain bakea, herriaren eskaera) film laburra kaleratu zenuen 2017an bertan [ARGIAren webgunean ikusgai dago].
Lau egunen buruan atxilotuak askatu zituztenean –niretzat, lau egun horiek terrorismoa dira–, haiekin bildu nintzen, defentsarekin lagundu niezaiekeelakoan, magistratu ezkertiar ugari ezagutzen dut eta. Jakinarazi zidaten armagabetzearen dinamika horrekin bururaino jarraitzera deliberatuta zeudela, eta nik esan nien agian beraientzat oso argi zegoela beren ekintzaren esanahia eta erakundeak desarmatzeko zuen borondatea, baina lurraldetik kanpo ez zegoela hain argi. Eta Madrileko eta Pariseko komunikazioak bake-artisauen kontakizuna desitxuratu zutela, herritarrei ez iristeko. Ondorioz, proposatu nien kanpo-komunikazioa beste modu batean lantzea, eta, nahiz une hartan guztiz bestelako proiektu batekin hasteko asmoa izan, lanari ekin nion. Hala sortu zen 23 minutuko film laburra, trilogia baten lehen pieza. Oso azkar egin genuen, internet bidez zabaltzeko.

Arrakasta izan zuen, ezta?
Bai, asko zabaldu zen, eta dirua bildu genuen atxilotuen defentsarako. Ondoren luzera ertaineko film bat egin genuen, nazioarteko telebistetan zabaltzeko, Pays Basque et Liberté: Un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta Askatasuna: Bide luzea bakerantz) izenekoa. Gatazkaren historiari eta horren eraldaketari buruzko sarrera bat zen, eta batez ere alde bakarrekoa esaten zaion azken fase horretan parte hartutako eragile internazionalen ikuspegiak biltzen ziren. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan halako ikuspegi ekumeniko eta nazioarteko bat ematea –zuen historiari eta eraldaketari zilegitasuna ematen diola iruditzen zait– eta ideia hori nazioartean hedatzea.

Argazkia: Dani Blanco
"Dokumentala baliagarria izan da gauza bat helarazteko, niretzat oso garrantzitsua zena: nola, 70eko hamarkadan, euskal biztanleriari oso modu positiboan eragin zion askapen-borrokak"
 

Film laburra, telebistarako film ertaina eta dokumentala bera elkarrizketetan oinarritzen dira batik bat. Zein izan ziren elkarrizketatuak hautatzeko irizpideak?
Irizpidea aski sinplea zen: gatazkan edozein posiziotan egon direla ere –eragileak, biktimak, negoziatzaileak, aholkulariak, nazioarteko begiraleak–, gatazkaren eraldaketan parte hartu izana. Horixe zen nire muga. Eta horregatik ez dut lanik egin barne-ministerio espainiarrarekin ez frantsesarekin, ez baitute parte hartu eraldaketa horretan. Bueno, parte hartu dute, baina eraldaketari kontra egiteko, eta horregatik ez dut haien pentsamenduaren lekukotzarik grabatu. Bestalde, haien ikuspuntua egunero jasotzen dugu komunikabideetan.

Material piloa bildu zenuen.
Bai, 70 lagunetik gora elkarrizketatu nituen, denera 315 ordu dauzkat. Izugarri piloa.

Bi orduko dokumental batean ez da dena sartzen. Zer egin nahi zenuke soberan geratutako materialarekin?
Material horrekin beste hamaika film egin litezke, baina ez dagokit niri, eta nitaz nekatuko zinatekete gainera. Uste dut, hasteko, herritarrei itzuli behar zaiela material hori, beren historia, eta horretarako plataforma digital bat sortu nahi dugu material hori guztia bertan egon dadin, ikertzaileen, ikasleen eta herritarren eskura. Izan ere, materiala falta da. Sorbonako unibertsitatean [Paris] saio bat egin genuen, eta argi geratu zen ikasleek eta ikertzaileek ez dutela artxiborik eskura, zeren, Frantziako Estatuan, lege antiterroristaren pean geratzen diren materialak konfiskatuta egoten dira 75 urtez. Elkarrizketen osotasuna eskura edukitzea oso aberasgarria izango litzateke.

Webgune horren egitasmoa martxan da?
Finantzaketa bila gabiltza berriro ere, finantzaketa publikoa zein pribatua, eta espero dut oso epe motzean proiektua mamitu ahal izatea.

Filma, oraingoz, Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan zabaldu da, eta nazioarteko beste leku batzuetan erakutsi duzue emanaldi berezietan (Grezian, adibidez). Espainiako Estatuko aretoetara zabaltzeko asmorik baduzu?
Asko gustatuko litzaidake filma aretoetan zabaltzea, Katalunian adibidez. Baina uste dut interesgarria izango litzatekeela orobat Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan ere, eta asko gustatuko litzaidake filma estreinatu ahal izatea. Momentuz, ez dakigu. Badakit eztabaida biziak piztuko liratekeela eta ziur aski ez ditugula bihar bertan proiekzioak egin ahal izango Madrilen. Baina saiatzen ari gara. Eta hori nabarmendu nahi nuke elkarrizketa honetan: banatzaile independenteen bila gabiltza, nahikoa sendoak direnak dokumental hau biztanleria espainiarrei helarazteko. Dokumental hau ez da historia handi bat, baina ekarpen historiografiko bat egiten dio gatazka honen une honetako eta etorkizuneko historiografiari. Uste dut garaia dela besteen kontakizunak ezagutzeko. Gaur egun Espainiako komunitateek oso ondo ezagutzen dute Espainiako estatu sakonaren kontakizuna; bada, helduak baldin badira, garaia dute gatazkako eragileen, biktimen eta negoziatzaileen kontakizuna ere ezagutzeko.

Elkarrizketez gainera, artxiboko irudiak era baliatu dituzu dokumentalean, besteak beste, manifestazioetako eta hitzaldi politikoetako irudiak eta herritarren adierazpenak.
Dokumentalak egitearen plazeretako bat artxiboetan murgiltzea da, iragana berriro biziberritzeko aukera ematen baitu. Biziberritzen dituzu pentsamoldeak, izakiak, emozioak, hildakoak. Niretzat poz handia izan da artxiboa erabiltzea, eta, bestalde, baliagarria izan da gauza bat helarazteko, niretzat oso garrantzitsua zena: nola, 70eko hamarkadan, euskal biztanleriari oso modu positiboan eragin zion askapen-borrokak, eta nola borroka horrek gizartearen babes handia zuen. Agian euskal herritarrentzat argi samar dago, baina ez hainbeste espainiarrentzat edo frantsesentzat, eta oso-oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan hori gogora ekartzea.  

Artxiboko irudien artean, niri, Burgoseko prozesuari buruzko eztabaida-saio bat egin zait bereziki deigarria. Frantziako telebistako saio bat da, eta besteak beste Gisèle Halimi abokatua agertzen da.
Bai, eta horrek, hasteko, erakusten digu telebistako eztabaiden kalitatea izugarria zela garai hartan, intelektual kritikoen ugaritasunari dagokionez. Gisèle Halimi duela gutxi hil da, baina horren aurretik, noiz ikusi genuen azkenengo aldiz telebistan hizketan? Zigarroa ezpainetan eta serio pentsatzen? Azken urteotan ez dugu halakorik ikusten, telebistan ez dago halako kalitateko debaterik, eta horrek zer pentsatua eman behar digu gure espazio demokratikoei buruz. Gaur egun zer funtzio betetzen dute telebistako eztabaidek, ez baldin bada neoliberalismoa sendotzea?

Halaber, garaiko telebista-saio irekiago horietan beste kontu bat ikusten dugu: sasoi hartan ez zintuzteten terroristatzat hartzen; aldiz, zuei buruz edo gatazkako eragileez ari zirenean, erresistenteak zinetela esaten zuten. Eta niretzat oso garrantzitsua zen hitz hori nabarmentzea.

Argazkia: Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Eguneraketa berriak daude