Festa amaiera bikaina

Musika Hamabostaldia

Mundu honetan gauza guztiak bezala, amaitu da Donostiako Musika Hamabostaldia. Normaltasunera itzultzeak markatutako edizioa izan da, eta horrek ikusleen gogo berezia eta giroan sumatzen zen nolabaiteko poza ekarri ditu.

Musika ez da diziplina tekniko hutsa, musika kutsu emozionalez inguratuta dago. Agertokian gertatzen dena ez da partitura baten interpretazio soil batera mugatzen. Denak du eragina kontzertu baten kalitatean: instrumentisten trebetasunak, haien mood-ak interpretatzeko orduan, baita, jakina, interpreteek inguruan sumatzen duten giroak ere. Aipatzen nuen poz eta gogo horrek eragin nabarmena izan du jaialdiaren 83. edizio honetan izandako saio bikainetan.

Aurten eskainitako azken bi kontzertuak merezitako amaiera izan ziren. Europako orkestrarik onenetako bat, 2018tik zuzendari titularra den Semyon Bychkov errusiarrak zuzendua. Bi saioetan oso argi geratu zen Txekiar Orkestra Filarmonikoa talde aparta dela, eta Bychkovek ederki ezagutzen duela, interpretatu zen errepertorioa ezagutu eta menperatzen duen bezala.

Gustav Mahlerren 7. sinfonia, Gaueko kanta izenekoa, ziur aski bere sinfonien artean gutxien ezagutzen dena da. Obra handia da, bost mugimendu ditu eta orkestra izugarria behar du. Konpositore bohemiarraren obrarik ezagunena ez izan arren, publikoaren gozamenerako izan zen, bere barietateagatik, bere tinbrika aberatsagatik eta Bychkovek hasieratik amaierara eramaten jakin zuen argitasun eta dotoreziagatik. Ehundura ezberdinak zuzen azpimarratu ziren eta edertasun handiko uneak izan ziren, nokturno biak kasu –2. eta 4. mugimenduak–.

Bigarren kontzertua txekiar festa izan zen. Txekiar musikagileen obrak interpretatu ziren eta ahots bakarlarietako batzuk Txekiatik zetozen. Saioa Antonin Dvoràken Inauterien Obertura op. 92 obraren distirarekin hasi zen, kementsu eta koloretsu. Jarraian jo zuten obra, Bohuslav Martinuren Piano eta Orkestrarako Kontzertua H292 lana ere indartsua eta erritmikoa da, eta pianista bakarlarientzat erabat deabrutua, baina Labèque ahizpen eskuetan munduko gauzarik naturalena irudi lezakeena. Bi pianista hauek, bi pianoren errepertorioan munduko onenetakoak seguruenik, sekulako teknika eta gustu musikal bikaina dituzte, baita fraseatzeko fintasuna eta interpretatzeko dotorezia ere, entzule guztiak liluratzen dituena. Bikain, benetan.

Amaitzeko, Leos Janácek-en Meza Glagolitikoa, XX. mendeko obra handienetako bat, saio interesgarri baterako postre perfektua izan zen. Lau abeslari bakarlariek interpretazio egokiak egin zituzten eta Donostiako Orfeoiak une ederrak izan zituen Agnus Dei pasartean.

Musika Hamabostaldia: Txekiar Orkestra Filarmonikoa.

Zuzendaria: Semyon Bychkov. Bakarlariak: Katia eta Marielle Labèque (pianistak), Evelina Dobraceva (sopranoa), Lucie Hilscherová (mezzoa), Ales Briscein (tenorea), Jan Martinik (baxua), Daniela Valtová Kosinová (organoa). Egitaraua: Mahler, Dvorák, Martinu eta Janácek-en lanak. Lekua: Kursaal Auditorioa (Donostia). Datak: abuztuaren 26a eta 27a.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Musika Hamabostaldia
Musika Hamabostaldia: gogoeta batzuk

Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]


Adore kontrolatua

Donostiako Musika Hamabostaldia
Euskadiko Orkestra: Zuzendaria: J. Rohrer.
Donostiako Orfeoia: Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: C. Reiss, V. Karkacheva, M. Schmitt, H. Müller-Brachmann.
Egitaraua: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean, op. 123.[+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Desberdina eta berezia

Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.


Aita Santuaren biolinista eta bere estela

Orkestra handien eta obra handien kontzertuen ondoren, ezin diegu arreta jarri gabe utzi musika-patxada handiagoko, sosegu handiagoko baina edertasun berdineko proposamenei.


Iraultzaren eta maitasunaren artean

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta... [+]


Inaugurazio erromantiko-berantiarra

Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.


Eguneraketa berriak daude