Dolutik sortutako bidaia tantrikoa

  • Hilabete gutxiko tartean hil zitzaien ama Irati Gorostidiri (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echavarriri (Iruñea, 1988), biak 1978an Lizason egonkortutako Arco Iris komunitate tantrikotik igarotakoak. Lehendik ere esperientzia hari buruzko interesa bazuten, dolu prozesuan azkartu egin zen guztia. Bilaketa hari emandako forma jasotzen du San Simon 62 filmak, aurtengo Iruñeko Punto de Vista jaialdian estreinatu denak: bi alaba beren amekin elkarrizketan, eta tartean espiritualitatea, komunitate bizitza, noraez existentziala, generoa, sexualitatea edota askatasunaren bilaketa, 80ko hamarkada hasierako Nafarroan.

Gurasoak handik igarotakoak izanik, umetatik zuten ezaguna Arco Iris komunitatea Irati Gorostidik eta Mirari Echavarrik, baina orain gutxi hasi ziren hura zinez zer izan zen deskubritzen. Bateratsu, gainera. Aitak hango argazki liburu bat eman zion Gorostidiri, eta unean bertan kolpatu zuten. Segituan bidali zizkion Echavarriri. Hark ere bilaketari ekin zion orduan, eta argitalpen sorta bat aurkitu zuen gurasoenean. Komunitatean bertan sortutako aldizkariak ziren, bertako argazkiak eta ikastaroen promozio orriak biltzen zituztenak –horiek baitzituzten diru-iturri nagusi–. Gero, bien amak hilabete gutxiko tartean hil zirenean, jakin-mina areagotu zitzaien: “Amak zeu jaiotzean zeukan adinera gerturatzen zarenean gertatzen da zerbait: oso konektatuta sentitzen zara berarekin, eta elkarrizketa batzuk hasten zaizkizu”, dio Gorostidik. Dolu prozesuan, amari buruzko guztia jakiteko egarri betean, bat egin zuten biek, eta hortik sortu dute San Simón 62 filma, aurtengo Iruñeko Punto de Vista jaialdian estreinatu dutena −Arco Iris egonkortu zen komentuaren helbideari egiten dio keinu izenak−.

Filma egin ondotik ere kosta egiten zaie Arco Iris zer izan zen azaltzea. Erreparo modukoa ere sentitzen dutela dio Gorostidik, beren filmaz gain komunitate hari buruzko deus gutxi baitago sarean: “Ematen du hura zer izan zen definitzeko ardura dugula. Filma egin ondoren bizpahiru pertsonak idatzi didate, esanez beren gurasoak handik pasatakoak direla, eta hura zer izan zen oso ondo ez dakitenez, ea azaltzerik badudan. Eta oso zaila da, noski. Gure ikerketako iturriak zuzenak izan dira: hango argitalpenak, parte hartzaileen testigantzak… Irudikatu dezaket, baina sentitzen dut oraindik ez dudala ondo ulertzen hura zer izan zen”. 70eko hamarkada amaieran sortu ondoren, zenbait urtez Lizason (Nafarroa) bizi izan ziren, Kataluniara joan aurretik –Arenys de Muntera eta Alcoverrera–. “Hasiera batean komunitate tantriko bezala definitzen zuten, baina laster barneratu zituzten beste joera batzuk ere. Oshoren inguruko komunitateen oso antzeko estetika eta ikonografia zeukan. Berezitasuna da 1978an Nafarroan horrelako zerbait irudikatzea”, dio Gorostirik. Tantra oso garrantzitsua izanagatik, bestelako eraginak ere izan zituzten. “Hasieran askapen sexualaren auzia funtsezkoa zen. Lider espiritualaren gertuko jendeaz gain, baziren han bizi zirenak, eta ikastaroetara soilik joaten zirenak ere. Hainbeste jende erakarri zuten ikastaroek, komunitatea asko hazi baitzen, eta Katalunian bi egoitza berri ireki zituzten laster”.

Zuzendariek hautu erradikal bat egin dute filmean: ez dute Emilio Fiel “Miyo” lider espirituala aipatu ere egiten. Garbi zeukaten hasieratik ez zutela lider baten inguruan eraikitako talde baten kontakizuna egin nahi, baina zalantza egin zuten gutxienez elkarrizketatu behar ote zuten ala ez. Gorostidik azaltzen du muntaian zehar erabaki zutela ezetz: “Atzera eragiten zigun, eta hori adierazgarria da. Arco Irisi buruz jaso dugun guztian hain zen bera protagonista… Kontua ez da halako guru baten inguruan gertatzen denak axola ez digunik –genero ikuspegitik, esaterako, oso interesgarria izan daiteke–, baizik eta beste kontakizun batzuei egin nahi izan diegula tokia”. Kontakizun horiek beren interes propioetatik gertu daudenak direla zehazten du Echavarrik: “Gure amen arrastoari segika gerturatu ginen Arco Irisera, eta, beraz, hor jada ikusten da zein izan daitezkeen mugitzen gaituzten gaiak: amatasuna, sexualitatea, erditzea, umeen zaintza, gizonen eta emakumeen arteko harremanak… bat-batean ohartu ginen hari horiek guztiek harremana zeukatela”. Are, ohartu ziren auzi batzuk bereziki bilakatzen direla arazotsu, teorian askatasunaren bila dabilen komunitate batek erreproduzitzen baditu: “Guztia hankaz gora jartzen saiatu ziren, oso modu xaloan, funtsezko alderdi asko kontuan hartu gabe”, azaltzen du Gorostidik. “Berrogei urte igaro ditugu frankismoan, katolizismoan heziak izan gara, eta orain, goizetik gauera, hori guztia gainditzeko gai gara. Eta gainera zer, eta atzerriko joera batek –hinduismotik datorren tantrak– konponduko dizkigu gure arazo espiritual eta sexual izugarri errotuak… niri oso gogorra iruditzen zait”. Echavarriri antzera iruditzen zaio: “Espiritualitate ez-material horrek auzi oso materialekin egiten zuen talka, espiritualitate maskulino pribilegiatu bat zelako”. Tantra gorabehera, emakumeak haurdun geratzen ziren, eta taldetik bakartzen zituzten orduan. Talka horixe da Gorostidiri esperientzia hartatik gehien interesatzen zaiona: “Oso arazotsua da sexu askapenaz hitz egitea genero ikuspegia kontuan izan gabe. Egundik, gauza batzuk nola egin zituzten ikustean, zalantza asko pizten dira”.

Idealizaziorik ez, epai errazik ez

Kritikak gorabehera, filmak esperientzia hari balioa eman nahi diola aipatzen dute zuzendariek. “Askotan konturatzen naiz oso erraza dela jarrera epaile batetik begiratzea hari, sekta bat balitz bezala. Aldi berean, erraza da zinismoan erortzea ere. Horiek saihesten ahalegindu gara”, azaltzen du Gorostidik. “Baita erromantizismoa ere”, gehitzen du Echavarrik: “Hura bizi izan zuten zenbaitek idealizazio moduko batetik gogoratzen dute. Baina gero, pertsona horiek beraiek oso esperientzia gogorrak oroitzen dituzte. Pentsa zein konplexua den”.  

Esperientzia hartara modu orekatuan gerturatzeko bide bila zebiltzala, beraien burua filmean sartzea erabaki zuten. Erreportaje ortodoxoaren logikatik ihes egiteko modu bat izan zen, nolabait. “Grabatzen ari zarenarekiko sekulako distantzia hartu dezakezu, ahots askotarikoen bidez gertatu zena berreraikitzen saiatuz. Gure apustua justu kontrakoa izan da: hautatu ditugun ahotsak oso partzialak dira, lotura zuzena izan dugu pertsona horiekin, gu ere tartean gaude, eta ikuspegi intimo batetatik kontatzen dugu esperientzia honetatik zer interesatzen zaigun”, dio Gorostidik. Ez zeukaten oso pentsatuta hautu hori; amen doluak filmean zer toki izango zuen ebazterakoan  erabaki zuten biak agertzea.

Beste erabaki formal garrantzitsu bat ere hartu zuten: ez pilarik ez bateriarik ez duen 16 milimetroko Bolex kamera batekin grabatu zuten guztia, beren buruari prozesua konplikatu asmoz. Gehienez minutu erdiko planoak graba zitzaketen, gero moztu egiten zelako. Kontziente dira 16 milimetroko kamerak dispositibo edertzaile izan daitezkeela, baina bestelako zentzua aurkitzen diote beraiek, teknologiak ezartzen dizkien baldintzetara egokitzea interesatzen baitzaie. Gorostidiren arabera, kamera mota horiek azaleko ikuspegi batetik erabiltzeak ez du zentzu handirik: “Badira planoak edertzeko modu errazagoak. Kamera mota hauekin lan egitea oso nekeza eta garestia da. Eta izugarri baldintzatzen du soinuaren lanketa ere. Hain da kamera zaratatsua, une oro entzuten baita”. Errodajean zehar konturatu ziren ezingo zutela soinua irudiarekin sinkronizatu, kameraren ezaugarri bereziengatik. Filmaren azken bertsioa erabat baldintzatu die horrek.

Kamera berezi horrekin lan egiteak egiten ari zirenarekiko distantzia hartzeko balio izan dio Echavarriri: “Teknologia digitala oso barneratuta dugu egunerokotasunean. Aldiz, halako teknologia zailago batek beste ikuspuntu bat hartzen laguntzen dizu, zer esanik ez gurea bezalako gai intimoa eta emozionalki pisutsua bada. Eszenaratzeak askoz gehiago pentsatu behar dira”. Gorostidik bat egiten du: “Grabatzen duzunaren eta ez duzunaren artean muga oso handia sortzen da. Digitalarekin sortzen da fantasia bat –ez dena egia–: ematen du grabatzerakoan ez duzula zertan erabaki handirik hartu,  badaezpada dena grabatu dezakezulako. Analogikoarekin, aldiz, kontu asko errodajean bertan erabaki behar dituzu”.

Jarraitzeko aukera zabalik

Umetako lagunak dira Gorostidi eta Echavarri, baina urte luzetan elkarren berri izan gabe egon ondotik, Bilboko Arte Ederretako klasean egin zuten topo. Klaseko lan asko lankidetzan eginagatik, hau dute elkarrekin zuzendutako lehen filma. Gorostidik aurkeztu zuen proiektua Punto de Vista jaialdiko X Films lehiaketara, eta gerora sartu zen Echavarri prozesuan: “Ni sartu nintzenerako gauza asko definituta zeuden, baina errodajean asko inprobisatu dugu. Niretzat berria izan da horrela lan egitea, erabakiak unean bertan hartuz. Norbaiten atea jo, eta ea zer gertatzen zen. Prozesuan konfiantza izaten irakatsi dit”.

Filma ikusi duten askok aipatu diete gehiagoren gosez geratu direla. Oraingoz asmo zehatzik ez daukaten arren, badute proiektuarekin nolabait jarraitzeko gogoa. “Ideia pila bat genuen, baina ez zigun gehiagorako denborarik eman”. Edonola, Gorostidik behintzat, Arco Iris komunitateari buruzko kontuekin jarraitzeko asmoa du. Anekumen izeneko fikziozko film luze bat idazten ari da, bertako esperientzietan girotua: “Lehendabizi otu zitzaidan gai honi fikziotik heltzea, baina hainbesterako ematen du… Orain bukatu berri dudan laburra film luze horren lehen zati modukoa da. Filmeko protagonistek ibilbide jakin bat egiten dute: langile mugimendutik datoz, han ernatzen zaizkie kezka iraultzaile horiek guztiak, eta sartzen dira Arco Irisen. Jende askoren ibilbidea izan zen hura, bai Mirariren gurasoena, bai nireena. Trantsizioan dezepzio batek harrapatzen ditu, eta baita hutsune izugarri batek ere. Krisi existentzial moduko batean sartzen dira, ezeri zentzurik ez diote aurkitzen, eta halako tokietan bilatzen saiatzen dira. Hori dut idazten ari naizen proiektuko gaia”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dokumentalak
Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


Kronika
“Bidasoan barrena, beti dira bide berak”

Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren proiekzioa

Non: Martuteneko espetxean, Donostian

Noiz: Abenduaren 22an, ostirala, 16:00etan

Sarean ikusgai: Primeran plataforman

------------------------------------------------

Gabonak dira. Ostiral bazkalostea. Martuteneko... [+]


2024-01-12 | Euskal Irratiak
Italia eta Afrika ardatz Miarritzeko FIPADOC festibalaren seigarren edizioan

FIPADOC Nazioarteko dokumental jaialdia berriz heldu da Miarritzera. Urtarrilaren 19tik 27ra ospatuko dute, eta seigarren edizio honetan «Italia eta Afrika» izanen dira protagonistak.


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


2022-11-11 | Leire Artola Arin
Olga Rodríguez, Ekialde Ertainean aditua
“Matxismoa Egiptoko estatuaren muina da, eta armadak beti aplikatu du”

Egiptoko matxinadetan emakumeei egin zizkieten sexu erasoak ditu abiapuntu As I Want (Neuk nahi bezala) 2021eko dokumentalak. Samaher Alqadi zuzendariak lehen pertsonatik eta gordin erakusten ditu 2011 eta 2013 artean bizitakoak, besteak beste, Kairon piztu ziren emakumeen... [+]


Marek Kozakiewicz, zine zuzendaria
“LGTB mugimendua dagoen etsairik handiena balitz bezala ulertzen dute poloniar politikek”

Apirilaren hasieran estreinatu zen Marek Kozakiewicz zinemagilearen Silent Love filma Suitzako Visions Du Réel jaialdian. Urte luzez filmaturiko dokumentalak islatzen du gizarte homofobo batek ezkutatzera behartzen duen maitasuna, alde batetik; bestetik, familia eredu ez... [+]


Sorzabalen kasutik abiatuta, tortura ardatz duen ‘Bi Arnas’ dokumentala ostegunean Iruñean

Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremana da Bi Arnas dokumentalaren kontakizunaren ardatza. Iruñean proiektatuko dute ekainaren 2an. 19:00etan hasiko da, Golem zinemetan eta hori izango da Nafarroako aurkezpen saioa. Maiatzaren 22an estreinatu... [+]


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2022-01-18 | Leire Artola Arin
Crowdfundinga abiatu dute Iratxe Sorzabalen kasuari buruzko ‘Bi arnas’ dokumentala egiteko

Lana finantzatzeko diru bilketa abiatu dute; ahalik eta gehien zabaldu nahi dute ikus-entzunezkoa, protagonistak sufritutakoa ezagutarazteko eta torturak salatzeko. Bi arnas kontatzen dira, torturaren eraginez itxi gabe dauden bi zauri: Sorzabalena eta haren ama Maria Nieves... [+]


2021-12-15 | Ahotsa.info
“Non dago Mikel?” filmak AtlantiDoc Saria irabazi du Uruguaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren jaialdian

Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? filmak Urugaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren festibalaren sari nagusia irabazi du, AtlantiDoc Saria hain zuzen ere, dokumentu-film luzerik onenarentzat.


2021-10-25 | ARGIA
Astelehenean estreinatuko da Arantza Santestebanen ‘918 gau’ DOC Lisboa nazioarteko dokumental jaialdian

Batasunako arduradunen aurkako Segurako sarekadan atxilotu zuen Poliziak Santesteban, 2007an, eta 918 egun eman zituen preso. Espetxearen eguneroko bizitza islatu nahi du Santestebanek bere lanean.


2021-04-30 | Ixone Arana
Turismoaren erroak azalarazi nahi ditu “Peregrino Modernoen oporrak” dokumentalak

Mundu mailako turismoaren gaia jorratzen du Peregrino Modernoen oporrak dokumentalak. Turismoaren inguruan entzuten diren fenomeno arruntenak alde batera utzi eta gaia modu sakonagoan landu nahi izan du Aimar Uribesalgo egileak. Maiatzaren 12an Oñatiko gaztetxean egingo... [+]


Eguneraketa berriak daude