Ura burtsan sarturik, bakar batzuek aberastasun iturri dauzkate besteontzat nekezia diren idorte garaiak

  • Uda honetan azkar sentitzen gabiltza ate-joka ditugula klima larrialdia eta bere baitan dauzkan idorteak. Inoiz baino gorriagoak ditugu gure bazter berdeak eta sufritzen dabiltza landare zein kabalak –eta horien ondoan diren laborariak–. Eskasiari aurre egiteko, uraren finantziazioa daukate soluziotzat hainbatek, diotenez erabilpen neurtua eta zentzuduna behartuko duelako. Uste baino garatuagoa da logika hori eta 1970eko hamarkadaz geroztik emandako aldaketei begira jarri gara. Tartean, 2020ko abenduaren 7an ura Wall Streeten sartu izanari.

Iazko apirilean ondokoa zioen Nicolas Mesly agroekonomialariak, Le Devoir egunkari quebectarrean: “Ikusteke dago zein heinetaraino eraginen duten finantza arloko eragileek –eta beraz, espekulazioak– [uraren prezioan]. Ezezagun handia dugu hori eta urte bat ala bi itxoin beharko dugu erantzuna argitzeko”. Urte bat lehenago, 2020ko abenduaren 7an, ura Chicagoko eta Nasdaq izeneko burtsetan sartu zuten eta ia bi urte pasa direla, erantzuna badugu: espekulatzeko ondasun oparoa bihurtu da ura. Ondoko bilakaera dugu horren erakusle: 2020an 496 dolar balio zuen akre-oinak –1,2 milioi litrok–, 2021ean 728 dolar eta aurtengo udan 1.144 dolar. Hori horrela, “urre beltzaren” –petrolioa– gainbehera hortxetan dugula, badirudi “urre urdina” ari zaiola lekua hartzen.

Honek esplikazioa dauka: “Zeozer burtsara sartuz gero, berezko balioak ez du gehiago esanahirik, bere balio monetarioak du inporta, hots, zenbat etekin ondorioztatu dezakeen”. Uda honetan gogorki sentitu izan dugun idorteak azaltzen du prezioen igoera, hain zuzen, zeozer bakana bihurtuz gero bere balioa emendatzen delako merkatuan.

Ondokoa dio Claude Vaillancourt ekonomialariak L’eau, ressource vitale ou gain de capital? (“Ura, ezinbesteko baliabide ala kapitala metatzeko bide?”) artikuluan: “Ura eskastuz doalako daukate interesa espekulatzaileek. Arraro kontsideratu dezakegu hori, berez planetak ur kantitate bera duelako beti, baina kutsadurak, berotze klimatikoak eta emendatuz doan eskaerak dakarte gutxitzea. Hori batez ere idortea pairatzen duen eta Ipar Ameriketako labore hornitzaile nagusia den Kalifornian”. Gehitu horri munduko biztanleriaren bilakaera: 2050. urtean 10 bilioi izanen gara eta NBEren arabera, hemendik hiru urtera bi herenek dute "estres hidraulikoa" pairatuko (eskaera ur erreserbak baino handiagoa izatea). Aitzin-gustu bat ukan dugu uda honetan, ur eskasiak dakarrena irudikatzeko aukera jasoz...

2020an 496 dolar balio zuen akre-oinak
–1,2 milioi litro urek–, 2021ean 728 dolar eta aurtengo udan
1.144 dolar

Uraren gaineko indizean oinarrituriko futures contract edo gerorako hitzarmenak sartu zituzten, beraz, Wall Streeten. 2020an ginen, Kalifornian idorte eta sute ikaragarriak jasan zituzten urtean, eta bertako 1,7 milioi hektarea oihan eraman zituen suak. Nozio  finantzario hori ahal bezain sinpleki esplikatzeko... indize honek ez dio uraren prezioari begiratzen, baizik eta prezioak ukan dezakeen bilakaeraren gainean dabiltza espekulatzen. Hots, hitzarmenak salerosten dituztenek ez dute ordainez uraren banaketa fisikoa lortuko, prezioen bilakaera –emendioak edo beherapenak– pariatzen dabiltza, horri esker dirua irabazteko asmoz. Espekulazioan gaude bete-betean: urik ez dute nahi, sosa dute desio, eta berdin zaie beraien jarduerek beste milioika herritarrei egarria eragin behar badiete. Ofizialki eta oinarrian, uraren prezioa finkatzeko bideak dira hitzarmenak –eta beraz nekazari, udal zein enpresentzat segurtasuna bermatzeko–, aurretik finkaturiko prezioan ez dutelako eragiten ahal gerora etorriko diren gertaera aurreikusi gabeek.

Baina espekulatzea helburutzat daukaten inbestitzaileen ukaldiek prezioen bilakaera jasanezina eragin dezakete: “Ez gara ausartuko imajinatzen zer eragingo lukeen izu-mugimendu edo burtsa-euforia batek ura bezalako bizi-baliabide batean; haren prezioak ustekabean erreakziona lezake, hil edo biziko ondasuna dela kontuan hartu gabe, eta izan ditzakeen ondorioei arretarik bideratu gabe", irakur dezakegu Antoine Costaren H20 fait son entrée en bourse (H2O burtsan daukagu") artikuluan. Merkatu errealean baino dirutza askoz gehiago trukatzen da burtsan, merkatu errealeko errealitatea "lanbro espekulatzaileak" estaltzeraino –Nicolas Bouleau-k Le mensonge de la finance ("Finantzaren gezurra") liburuan plazaraturiko nozioa dugu hau– eta bideraturiko prezioak errealitateari egokiturikoak ez izateraino.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan, konbentzitzeko lan ideologiko handia eginik, lortu zuten 1992an NBEk ura “ondasun ekonomiko” izendatzea

Ura burtsatik ateratzeko asmoz, Futur of Watter Act testua proposatu zuen aurtengo martxoan Elizabeth Warren senatariak AEBetako Senatuan. Dioenez, uraren gainean espekulatzeak ekarriko luke Kaliforniako etxalde txikien desagerpena, eta hori bakar batzuen mesedetan –tendentzia jadanik horrelakoa dute estatu horretan: 2017-2018 urteetan mila etxalde dira desagertu–.

Pribatizazioa, duela 30 urte hasitako prozesu kaltegarria

Uraren finantziazioarekin giza eskubideak zalantzan jarriak dira, tartean, Nazio Batuen Erakundeak 2010eko uztailaren 28an aitorturikoa: ur edangarria eta eskuragarria guztiontzat. Hamar urte berantago, ura burtsara sartu berritan, kezkati agertu da NBEn uraren eskubidearen arduradun Pedro Arrojo-Agudo: "Berez, ura guztiona da eta ondasun publikoa da. Lotura estua du bizitza guztiekin eta bizirauteko bitarteko guztiekin; osasun publikorako funtsezko elementua da. (...) Oso kezkatuta nago orain ura tratatzen delako urrea, petrolioa eta beste lehengai batzuk bezala, Wall Streeteko merkatuan negoziatuz".

Baina "eskubide eskuragarri" izandakoa "merkantzia" daukate bakar –baina boteretsu– batzuek: "Ez da ura bizia delako, ez duela preziorik. Uraren gaineko iraultza finantzarioaren aroan sartuak gara", dio Willen Buiter Citigroup-en egondako ekonomilariak; "urak, zerutik erortzen denez kitorik egon beharko lukeela diotenei erantzuten diet diamanteak ere zerutik erortzen diren arren, ez direla kitorik", dio berriz Deane Dray RBC Capital Markets-eko zuzendariak. Adierazpen horiek Main basse sur l´eau dokumental mamitsuan entzungai ditugu.

“Ura zerutik erortzen denez kitorik egon beharko lukeela diotenei erantzuten diet diamanteak ere zerutik erortzen
diren arren,
ez direla kitorik”
Deane Dray

2020an ura burtsara sartu izana aurrekari esanguratsua izan arren, uraren gaineko espekulazioa ez da gauza berria. Erresuma Batuak eta Australiako kasuak aipatzen dira dokumentalean. 1989ko azaroaren 28an pribatizatu zuen ura Margaret Tatcher lehen ministro ohiak, ura jasotzeko bermea iraganeko kontu bihurtuz.

Australian, kuota sistema planteatu zuten 1980ko hamarkadan, bakoitzari –udalei, baserriei eta industriako eragileei– ur-eskubideak banatuz, beharren arabera, baita erreserben eta aurreikuspen meteologikoen arabera ere. Watter Act erabakiarekin, ur-eskubideak salerosteko merkatua abiatu zuten 2007an, espekulaziorako atea irekiz. Merkatu horretan handiek bakarrik biziraun dezakete. Eguraldia alde baldin badute –ulertu euriteak baldin badira– biziraun dezakete laborariek, baina azken urteetako idorteen testuinguruan, ezin dezakete espekulatzaileek finkaturiko prezio altuei eutsi. Finantza mundukoak aberasten dabiltzan bitartean, Australiako, Kaliforniako eta Erresuma-Batuko etxaldeak desagertuz doaz, belaunaldiz belaunaldi pasatako lan tresna saltzera behartuz ehunka laborari.

Txileko errealitatea ez du jorratzen dokumentalak, baina han ere pribatizatua dute ura, Augusto Pinocheten diktaduraz geroztik, eta hor ere nabarmen gelditzen ari da txiroenentzat ez dela eskuragarri eta aberatsak aberasteko ondasun dutela ura –jarduera estraktibistak eta monokultura industrialek dute ur gehiena jasotzen, 350.000 txiletar ur eskasian direlarik, Greenpeacen arabera–.

1970eko hamarkadan jada zebiltzan batzuk uraren merkantilizazioa amesten, baina biztanleria eta mentalitateak ez zirenez prest, igurikatu behar izan zutela azaltzen dute dokumentalean. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan konbentzitzeko "lan ideologiko" handia egin zuten, eta lortu zuten 1992ko NBEren ura eta ingurumenari buruzko nazioarteko konferentzian ura "ondasun ekonomiko" izendatzen. 2000. urtean kokatzen du uraren finantziazioaren hastapena Riccardo Petrella ekonomialari eta ur eskubidearen defendatzaile ezagunak –berak idatzitakoa da 1997ko Uraren Manifestua–: Water Fund urean berezituriko lehen inbertsio-funtsaren sortze urtea, uraren sektoreko enpresetan kapitala inbertitzeko bidea ireki zuena. Geroztik biderkatu egin dira, eta gaur egun uraren banaketa eta garbitzearen zati nagusi bat enpresa pribatuen esku da herri anitzetan.

Uraren finantziazioa garatuz doa, errepikatuz doazen idorte garaien gisara eta ez da kasualitatea. Uraren kudeaketa merkatuaren esku uztean daukate soluzioa. Soluzio arriskutsua: lehorteari so egin eta aberasteko aukera ikusten dutelako burtsako errabiatuek.


ASTEKARIA
2022ko irailaren 04a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024ko otsailaren 8an esnatu ginenean dinosauroa besarkatzen ari zinen

Pertsona batzuek kapitalismoa "besarkatzen" dute, konturatu gabe arazoa sistema berean dagoela; planeta mugatu batean hazkundea etengabe bilatzean. Energia intentsiboak ekoizteko modu guztiak mundua irensten ari dira.


2024-10-09 | Nicolas Goñi
Klima aldaketaren areagotzeak ezbaian jartzen du arrisku guztiak aseguratzeko aukera

Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean,... [+]


Dela klima aldaketa, dela Ukrainako gerra, arrakalatu egin da Artikoko bake neurtua

Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]


Klima larrialdia areagotzera datoz “inoiz baino altuagoak” diren metano isurketak

Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko... [+]


2024-09-03 | ARGIA
Hego Euskal Herrian 66 pertsona hil dira beroagatik abuztuan

Espainiako Estatuan 1.386 pertsona hil dira gehiegizko beroagatik abuztuan –iazko abuztuan baino %3 gehiago–, Osasun Ministerioaren Carlos III. Institutuak emandako datuen arabera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 44 lagun hil dira, eta Nafarroan 22.


2024-08-28 | Nicolas Goñi
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio

Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko modukoak. Hala eta guztiz ere, bertan laborantza badago,... [+]


Itsasoaren igoerari aurre egiteko urgentziazko deia estatu aberatsenei, Pazifikotik

Itsasoaren heina 9,4 zentimetroz igo da azken 30 urteetan, baina guneka anitzez handiagoa da igoera –besteak beste, Pazifikoko eremu batzuetan 15 eta 30 zentimetro artekoa da–. Beroketa efektuko gasen isurketak ttipitzeko eta klima larrialdiari aurre egiten... [+]


Beroak adinekoen heriotza hirukoiztuko du Europan 2100. urterako

Hori da ikerketa berri batek ondorioztatu duena, baldin eta betetzen badira gaur egun berotzearen handitzeari buruz dauden aurreikuspenak. Eta NBEren arabera, mende amaierarako tenperaturak 3 graduko igoera izango du XX. mende hasierarekin konparatuta.


Beroaren ondorioz 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz Europan

Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europako bigarren beroena, ISGlobalek egindako azterlanaren arabera. Europa hegoaldeko estatuak dira heriotza-tasa handienak dituztenak. Parisko Akordioan zehaztutako helburuak ez dira betetzen ari.


Eguneraketa berriak daude