Txikira jokatzeko ordua

  • Zer inpaktu du kirolak ingurumenean? Jasangarria al da? Galderak harritu egingo du zenbait jende, itxuraz gauza gutxik egin dezaketelako kirolak baino kalte txikiagoa. Dena den, giza jarduera orok bezala, are gehiago masa fenomenoa bihurtua den heinean, eragina du medioan. Ez dago hori saihesterik. Inpaktua ebaluatu eta ahal bezain txikiena izateko neurriak har daitezke, ordea.

    Jasangarritasunaz hitz egitean, azaleratzen dira gure kontraesanak, praktikatzea edo kontsumitzea gustuko dugun jardueraren eta planetari komeni zaionaren artean. Kirolak, edozein manifestazio kulturalek bezala, balio baitu giza espeziearen eskaera artifizialak asetzeko. Guk zer behar dugun, horren arabera eboluzionatuko du batera edo bestera. Norentzat eraikitzen dira instalazioak, antolatzen dira Joko Olinpikoak edo Munduko Futbol Txapelketa? Galderak zuzenean interpelatzen gaitu.

    Jarraitzen badugu baliabideak ustiatzen gaur egungo erritmoan, hondamendi klimatikora goaz ezinbestean, ohartarazi du NBEko Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC). Ez da aktore nagusia, baina kirolak ere badu erantzukizunik. Energia gehiegi xahutzen duten estadio zaharkituak, elur artifiziala baliatzera beharturik dauden eski estazioak, golf eta futbol zelai berde-berdeak nahikoa euri egiten ez duen lekuetan, milioika ikusleren etengabeko joan-etorriak, zaborra, kutsadura akustikoa... Kirolaren sektorea kontziente da berari ere badagokiola aztarna ekologikoa leuntzea.

    Mundu zabaleko hainbat esperientzia jaso ostean, Euskal Herrira begira jarri gara erreportajean. Zegama-Aizkorri mendi maratoiko ingurumen arduradun Ramon Malkorrak gaur arte emandako urratsez eta aurrera begirakoez hitz egin digu. Kurkudi eta Antondegi mendietako proiektuek sortutako ezinegona ere jaso dugu. Kiroldegi handi bat eraiki nahi dute Leioan, eta olatu artifizialeko surf parkea Donostian.

Joko Olinpikoen, futbol txapelketa handien eta oro har kirol ekitaldi gehienen kezka-iturri nagusietakoa ikusleen desplazamenduak dira. Karbono emisioak gutxitzeko zaleen joan-etorriak murriztu behar direla agerikoa da, adituen hitzetan. / Pexels. Pixabay
Joko Olinpikoen, futbol txapelketa handien eta oro har kirol ekitaldi gehienen kezka-iturri nagusietakoa ikusleen desplazamenduak dira. Karbono emisioak gutxitzeko zaleen joan-etorriak murriztu behar direla agerikoa da, adituen hitzetan. / Pexels. Pixabay
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Garatu nahi duenak ezinbestean behar du hazi. Eliteko kirolak ere bere egin du mandatu hori. Geroz eta ekitaldi gehiago burutu, ahal bezain urrutien eta zenbat eta instalazio ederragoetan, are hobeto. Ez dirudi, baina, eredu horri luzaroan eusterik izango duenik, ikuskizuna finantzatzen dutenak tematurik dauden arren. Etorkizun hurbilaz hitz egitean, kirol ekitaldien antolaketara bideratzen den dirutza publikoaz gain, berotegi efektua eragiten duten gas emisioak behar dira aipatu, baita natura guneen suntsiketa eta industrializazioa ere, edo hiriaren bestelakotze basatia, fenomeno beraren aurpegi diferenteak guztiak, jendearen kontzientziak astintzen dituztenak gero eta gehiago. Funtsean, kapitalismoak kirolean ere eragiten baitu, eta horrek bihurtzen du krisi klimatikoaren eta baliabideen ustiaketa sistematikoaren konplize, Víctor Gonzalez Clota historialari eta kazetari kataluniarrak dioen moduan (Creixer, un perill per l’esport que necessitem. Fosbury).

“Festaren kapitalismoa” terminoa erabiltzen du AEBetako kirolari eta ikerlari Jules Boykoffek, Joko Olinpikoak deskribatzeko. Haren hitzetan, Jokoek ez dute beti izan gaur egun beste oihartzun edo eraginik; telebista etxe guztietara sartzearekin eta Gerra Hotzaren testuinguruan hartu zuten bihurgunea: “Supremazia globalarentzako prokuraziozko gudu zelai bihurtu zen kirola”, dio. Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (NOB) presidente Juan Antonio Samaranchek, ikuspegi kapitalista bereari txertatuz, gaur egun ezagutzen dugun eredu edo dimentsioranzko bidea abiarazi zuen 1984ko Los Angeleseko Jokoetan. Orduan hasi ziren enpresa pribatuak hitzordua diruztatzen, instituzio publikoek sekulako inbertsioak egiten zituzten bitartean. Festak ezinbestekoa baitu estatua, nahiz eta kontu publikoen zuloa handitu besterik ez duen egiten sarri.

Nature aldizkariak txosten mamitsua plazaratu zuen 2021eko apirilean, azken hiru hamarkadetan antolatutako Joko Olinpikoen inpaktuaz. Ebaluazioa egiteko, "Joko Olinpiko jasangarriak" kontzeptuaren definizioa zehaztu zuten: aztarna ekologiko mugatua utzi behar dute, justizia soziala bultzatu eta eraginkortasun ekonomikoa erakutsi. Ikerlariek ondorioztatu dutenez, kontrakoa pentsa zitekeen arren, 1992az geroztik Jokoen jasangarritasuna murriztuz joan da, bai dimentsio ekonomikoari, bai ekologikoari baita sozialari dagokionez ere. Hiru faktorek eragin dute bereziki beheranzko joera hori: udako zein neguko Jokoek tamaina geroz eta handiagoa izatea eta, hortaz, energia eta baliabide gehiago kontsumitzea; epe ertainera begira azpiegituren bideragarritasun ekonomikoa oso baxua izatea, erakusten duten bezala abandonatuak dauden estadio eta pista olinpikoek; eta herritarrengan duten inpaktu sozial latza, gentrifikazio prozesuen eta masifikazio turistikoaren ondorioz.

Hasiera batean bost hiri ziren 2024ko Jokoak jasotzeko hautagaiak, baina Budapest eta Hamburgok alde batera egin zuten herritarren protestek behartuta, eta Erromak ere bide beretik jo zuen Virginia Raggi alkateak uko egin ziolako “hormigoiaren Jokoak” babesteari.

Hori horrela, ikerlarien hitzetan ezinbestekoa da epe motzera begira Jokoen antolaketan hainbat neurri hartzea: tamaina txikitzea –diru sarrerak murriztuko liratekeen arren–, Jokoak hartuko dituzten hiriak errepikatzen joatea jada eraikita dauden instalazioak aprobetxatzeko, eta jasangarritasunaren inguruko konpromiso zorrotz eta ez-negoziagarriak betetzea.

Golfa, norentzako?

2000. urtean Sydney-en egindako Jokoen atarian, Samaranchek bandera “berdea” haizatu zuen harro-harro, kirol erakunde handienak aurrerantzean jasangarritasuna ipar-orratz izango zuela aldarrikatuz. Errealitateak, baina, bestelakoa erakutsi du urteotan. Edizio hartan bertan, antolatzaileek onartu zutenez, ozono geruza kaltetzen duten produktu kimiko mordoa baliatu zuten hozte-sistemetan. Lau urte geroago, Atenasen, xahututako energiaren %1 baino gutxiago izan zen berriztagarria, eta hainbat hezegune suntsitu ziren arraun-probak egin ahal izateko. 2012an, Londresen, atletek paparrera eramandako domina distiratsuak Bingham Canyon meatze-enpresak fabrikatu zituen, AEB eta Mongoliako erreka eta ur putzuak kutsatu izanaz akusatua.

2016an, Rio de Janeiron, Marapendiko natura erreserbaren alboan eraikitako golf zelaiak polemika handia eta protestak eragin zituen, ingurumena zartatu zuten beste hainbat proiekturekin batera. Orduko hartan, Marcello Mello biologoak, hainbat herritar, surflari eta ekologista biltzen zuen Golfe para quem? (Golfa norentzako?) mugimenduaren fundatzaileetako batek, deitoratu egin zuen alkateak lurra enpresa eraikitzaileei “entregatu” izana. Golf zelaiak 22,5 milioi dolarreko aurrekontua zuen, baina erakunde publikoek ez zuten zentimorik jarri. Trukean, konpainia pribatuek luxuzko apartamentuak eraiki zituzten bertan, haien igerileku, aparkaleku eta terraza erraldoiekin. Ingurumenari egindako kalteaz gain, gizarte desoreka handiko hirian aberatsentzako azpiegiturak eraikitzea gogor kritikatua izan zen.

Golfa norentzako?. 2016ko Joko Olinpikoen aitzakian golf zelaia eraiki zuten Rio de Janeiron. Golfe para quem? kolektiboak salatu zuen elite baten mesedetan ari zirela agintariak. / HeungSoon. Pixabay

Hurrengo edizioan, Tokion, harmailetako eserlekuak egiteko Indonesiako baso tropikal bateko ehunka arbola moztu ziren, zer eta ostean pandemia dela-eta harmailetan publikorik ez esertzeko. Eta 2024an Parisen egitekoak diren Olinpiar Jokoei begira jada, Aubervilliers udalerriko baratze kolektiboan erresistentzia-ekintzak ari dira burutzen herritarrak. 1935 urteaz geroztik landutako lurrak hormigoitu eta 2024an egingo diren Jokoetarako igerileku bihurtzea eragozteko, horiek okupatu edo makinak blokatu dituzte JAD Jardins à défendre (Defendatu beharreko baratzeak) mugimenduko kideek. “Leku hau magikoa da, geroz eta urbanizatuagoa den gune baten erdian dagoen bitxiontzia”, diote ekintzaileek. “Agintarien logikari segi, zer geldituko zaigu hemendik hamar, hogei urtera? Gune berdeen beharra dugu, batez ere Paris batean”. Behin betikoa ez bada ere, garaipena erdietsi zuten iragan otsailean, epaileek ebatzi baitute proiektuak ez duela PLU hirigintza plana errespetatzen. Lau hilabete ditu Plaine Commune elkargoak hura moldatzeko, eta oso litekeena da aurreikusita zeuden instalazioetako batzuk bederen azkenean ez eraikitzea.

JADek bezala, Saccage 2024 kolektiboak hainbat protesta burutu du Frantziako hiriburuan. “Jokoak aitzakia dira, erreminta bat, auzo popularretan mutazioak egiteko, bazter utzita haien historia, eraketa eta idiosinkrasia”, salatu dute, eta ohartarazi instalazio olinpikoak eraiki nahi dituzten Aubervillierseko eremuan metro karratuaren prezioak izugarri egin duela gora. Nabarmentzekoa da hasiera batean bost hiri zirela 2024ko Jokoak jasotzeko hautagaiak, baina Budapest eta Hamburgok alde batera egin zutela herritarren protestek behartuta, eta Erromak ere bide beretik jo zuela Virginia Raggi alkateak uko egin ziolako “hormigoiaren Jokoak” babesteari.

“Fantasia perbertsoa”

Kirolaren eta klima aldaketaren arteko loturaz mintzatzean, bi ekitaldi handiren eragina aipatzen da batez ere: Joko Olinpikoak eta Munduko Futbol Txapelketa. Jokoen kasuan 3,4 milioi tona CO2 isuri daitezke atmosferara, eta FIFAren txapelketa gorenak irauten duen bitartean 2,75 tona, Cardiffeko Unibertsitateak (Gales) emandako datuen arabera. Konparazio gisa, 500.000 autok urtean isurtzen dute 2,3 bat milioi tona CO2, 2021eko Tokioko Joko Olinpikoetan aireratutakoa bezainbeste. Sarri presaka eraikitzen diren estadioek uzten duten arrastoaz gain, aintzat hartu behar dira, besteak beste, atleta, ikusle eta abarren desplazamenduak; hondakin pilaketa; eta energia, elikagai eta ur kontsumoa.

Erregai fosilen –petrolioa, ikatza eta gas naturala– hain menpeko den ekonomia batean, Joko Olinpikoak aurkeztu nahi izatea neutraltasun klimatikoaren adibide gisa –antolatzaileek hainbatetan haizatu duten moduan–, “fantasia perbertsoa” da, eta eredu ekologikoki predatzailea betikotzen duen greenwashing praktikaren erakusgarri, Marc Cerdà i Domenech itsas zientzietan doktoreak, Anna Pérez Catalá politika klimatikoetan adituak eta Olga Margalef geologoak diotenez (Poden ser sostenibles uns Jocs Olímpics d’Hivern al Pirineu?, El Critic-en webgunean).

Alpeetan, Neguko Joko Olinpikoak hartu dituzten hirien artean, berotegi efektuko gasen emisioak murriztuta ere mende erdirako soilik Albertville –itsaso-mailatik 2.100 metrora– izango litzateke Jokoak jasotzeko kokagune “fidagarria”, Waterlooko Unibertsitateak egindako ikerketaren arabera. / Iturria: The Guardian

Txinak, 2022ko Neguko Joko Olinpikoen antolatzaileak, iragarri zuen “karbonoan neutroak” izango zirela, alegia, kirol-ekitaldiari lotutako CO2 emisioak murriztu eta konpentsatuko zituztela. Energia berriztagarriak erabiliko zituzten, ikusle kopurua mugatu edota milaka arbola landatu, 1,1 tona CO2 sortzeko helburuarekin. Nahikoa al da, ordea? Aipatu hiru adituen hitzetan, ez, batetik, azpiegiturak eraikitzeak eragindako eta hegazkinez burututako joan-etorrien emisio guztiak ez direlako kontuan hartzen; eta bestetik, arbolak landatzeak ez duelako epe luzera karbonoaren metatzea bermatzen, erre egin daitezkeelako, edo moztuak izan.

Hiri batetik bestera, Joko Olinpiko batetik bestera, fenomeno berdinak errepikatzen dira: natura guneen suntsiketa, hiriaren bestelakotze basatia eta nola ez, sekulako dirutza publikoa bideratzea hauen antolaketara. Izan arrazoi batengatik ala besteagatik, 2024rako hautagaiak ziren hiri batzuek egin bezala, aurtengo Neguko Olinpiar Jokoen kasuan ere alde batera geratzea erabaki zuten Saint-Moritz, Munich, Stockholm, Krakovia, Lviv eta Oslok. Kontuan hartzeko moduko tendentzia da: baliteke, krisi klimatikoa edo sozio-ekonomikoa dela eta, hiriek Olinpiar Jokoetarik urrun egon nahi izatea geroz eta sarriago.

%100 elur artifiziala

Berotze globala dela, edo prezipitazio gutxiago egitea, kirol batzuek aldaketa handiak jasango dituzte urte gutxiren buruan, ez badira desagertuko, gerta daitekeen bezala neguko zenbait modalitaterekin, adituek ohartarazi dutenez. Datuak horren erakusgarri. Current Issues in Tourism Journal-ek plazaratutako txostenaren arabera, gas emisioek gaur egungo erritmoan jarraitzen badute, Neguko Joko Olinpikoak jaso dituzten 21 hirietatik, 2080rako bakarrak eskainiko du berme nahikoa, Sapporok (Japonia). Aldiz, emisioak murriztuz gero Parisko Akordioak zehaztu bezala, bederatzi hiri izango lirateke “fidagarriak”.

1980az geroztik baliatu da elur artifiziala Neguko Joko Olinpikoetan, baina 2022an aurrenekoz, eski pista guztiak egin dituzte hamaika kanoiek ponpatu duten hauts zuriarekin. Izan, Txinako zonalderik lehorrenetakoan baitaude Yanqing eta Zhangjiakou mendikateak. Ez du elur askorik egiten, ez behintzat eskian aritzeko adina, baina Txinaren hautagaitza hobetsi zuen, edo hobetsi behar izan zuen, COI Nazioarteko Olinpiar Batzordeak, besteak beste proiektuak “ingurumen estandar guztiak” errespetatzen zituelako.

NORK ORDAINTZEN DU KIROL IKUSKIZUNA?
2018ko azaroaren 22an, dozena bat ekintzaile Credit Suisse bankuak Lausanan duen bulegoetako batera sartu ziren, Roger Federer tenislariarekin sinatutako babesletza-akordioa salatzeko, entitate suitzarrak erregai fosiletan inbertitzen duela-eta. 2021ean Erresuma Batuan plazaratutako Sweat not oil (Izerdia, ez petrolioa) ikerketa-lanaren arabera, mundu osoan 260 bat babesletza akordio daude krisi klimatikoa bultzatzen duten enpresen eta atleta, klub edo kirol erakundeen artean. New Weather institutuak eta Rapid Transition Alliance erakundeak egindako ikerlanak aipatzen ditu hamahiru kirol modalitate (futbola, saskibaloia, ziklismoa eta atletismoa tartean) eta dozenaka konpainia, batez ere auto fabrikatzaileak, airelineak eta petrolio/gasaren sektoreko multinazionalak (Toyota, Emirates airlines, Gazprom, Total eta Ineos, esaterako). / SwissInfo

Jokoak hasi baino lehen, antolatzaileek adierazi zuten 186.000 metro kubo ur beharko zirela eski pistak egiteko. Aldiz, hainbat adituk –Carmen de Jong Estrasburgoko Unibertsitateko Hidrologia irakasleak tartean– ohartarazi zuten litro kopurua bost bider handiagoa ere izan zitekeela, aipatu mendietan Alpeetan baino bi edo hiru bider ur gehiago behar delako, baldintza klimatikoak direla-eta. Halaber, elur artifiziala fabrikatzeko ur hori guztia kilometro ugarira dauden ur-biltegietatik eraman behar da. Hiriburua, non baliabide hidrikoak txikiagoak diren Txinako beste zonalde batzuetan baino, hegoaldetik ponpatzen den uraren menpekoa da geroz eta gehiago.

Aipatu bi mendikateak Songshan natura-erreserban daude. Hidrologoak azaldu duenez, Joko Olinpikoen aitzakian 1.100 hektarea deuseztatu dira (eremu osoaren %25 inguru), eski pistak, errepideak, heliportuak edota aparkalekuak egiteko. Halaber, bertan bizi ziren zientoka laborari eta haien familiak etxe-orratz handietara lekualdatu zituzten.

Eski estazio bat bideragarria izateko, 100 egunez 30 zentimetro elur izan behar du gutxienez. Ez da harritzekoa, hortaz, gehienek elur artifizialaren aldeko apustua egitea. Txinako paraje idorretako mendikateetan soilik ez, Alpeetako edota Pirinioetako tontor eta eski estazioetan ere elur gero eta gutxiago botako du urteen joan-etorrian, eta gehienak bideraezinak izango direla dio hainbat ikerketak, baita elur artifiziala baliatuta ere, zeina sortzera bideratzen den eski estazioek kontsumitutako energiaren erdia baino gehiago.

Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren (OPCC) arabera, elur artifizialik gabe mendilerroko estazioen %63k itxi egin beharko luke hemendik urte batzuetara, eta hura baliatuta ere, hirutik baten patua desagertzea da, hegoaldera eman edo garaiera baxuenean dauden horiena bereziki. Espainiako Estatuan, sei eski estazio handienen (Pirinioetako bosten eta Sierra Nevadakoaren) pisten %52 elur artifiziala sortzeko kanoiekin hornituak daude, Ballena Blanca elkarteak plazaratutako txostenean jasoa dagoenez.

Noren izenean?

Kritikoek diote naturak eskaintzen ez duena artifizialki sortzea ez dela aterabidea, ur eta energia ugari xahutzen delako. Ezinbestekoa da, ordea, negozioa bizirik mantendu eta eskiatzaileek euren zaletasunari eusteko.


Kanoikadak. Eski estazioek kontsumitutako energiaren parte geroz eta handiagoa bideratzen da elur artifiziala sortzera. / Hans. Pixabay

Benetako elurrak bezala, artifizialak ere funtsezkoa du ura. Batez beste, eski pista bateko hektarea bat 30 zentimetro elur artifizialez estaltzeko milioi bat litro ur behar da, Technoalpin fabrikatzailearen kalkuluei men egiten badiegu. Sektoreko ordezkarien hitzetan, elurra desegitean lurpean eraikitako ur-andeletan gorde daiteke, ostean berriro erabiltzeko; gainerakoan, dena den, ur hori lurrak xurgatuko du eta erreketara itzuliko da, beraz ez du inpaktu handirik izango. Aldiz, Suitzako Elur eta Elur-jausien Ikerketarako Institutuaren arabera, kanoietako ura presio handiz barreiatzen denez, kontsumitutakoaren %20 eta %40 artean galdu egiten da, lurruntze edo sublimazioagatik.

Horrez gain, kontuan hartu behar da ura kanoietaraino eramateko hodiak jarri behar direla lurrean, eta indusketa lanek higadurak sortu eta uraren bideari eta bailaretako iturri hidrikoei eragiten dietela, Neuchâtel-eko Unibertsitateko klimatologo Martine Rebetez-ek azaldu duenez. Halaber, tenperaturak altuak direnean, elurra urtu ez dadin gehigarri kimikoak baliatzen dira, zeintzuk kaltegarriak diren flora eta faunarentzat.

Rosa María Fraguell geografoa irakaslea da Gironako Unibertsitatean. Harentzat, elurra artifizialki sortzea “konponbide faltsua” da, ingurumenarentzat eragin “perbertsoa” duena. “Zuhurrena litzateke ausardiaz jokatu eta funtzionatzen ez duena ixtea”, dio, zerrendatzen dituen bitartean erakunde publikoek erreskatatu dituzten instalazioak –eski alpinoko hamar estazioetatik zazpi Generalitatearen esku daude–, bideragarrik ez direla demostratzeko. Horietako batzuk birmoldatu egin beharko liratekeela uste du, turismoa dibertsifikatu eta mendi-estazio bihurtuta adibidez, zenbait instalazio jada egiten ari diren bezala.

Pirinioak, Bartzelonaren jolas-parke

Honezkero jabetuko zineten kontsultatu ditugun iturri asko kataluniarrak direla. Izan ere, azkenaldian gaiaz luze eztabaidatu dute han, 2030eko Neguko Joko Olinpikoak jasotzeko Aragoirekin aurkeztutako hautagaitza bateratuaren harira. Proiektuak porrot egin du, kirol diziplina bakoitza zein kokagunetan egin beharko litzatekeen eragindako ika-miken eta batez ere bi gobernuen arteko harreman politiko gaiztoen ondorioz. Kataluniako Generalitateak adierazi du hautagaitza propioa aurkeztuko duela hil honetan ez bada hurrengoan, baina Espainiako Olinpiar Batzordea 2034ra begira dago jada, ea ordurako alde guztiak ados jartzen diren “interes kolektiboaren izenean”, erakundeko presidente Alejandro Blancok desio duenez. Hautagaitzak ez baitu hondoa jo hura hauspotu duten politikari eta enpresariek ikusi dutelako ezin zaiola etekinik atera, are gutxiago elur faltak edota Pirinioetan eraiki beharreko instalazioen ingurumen-inpaktuak kikildu egin dituelako. Lotura handiagoa du pastelaren banaketarekin, zatirik handiena nork irentsiko.

Apirilaren erdialdean, artean hautagaitza bateratuaren aferak zein norabide hartuko zuen oso argi ez zegoenean, Stop Jocs Olimpics plataformako kide Pau Lozanorekin elkarrizketa egin zuen ARGIAko kolaboratzaile Lukas Barandiaranek. “Pirinioek etorkizun hobea merezi dute Bartzelonaren jolas-parkea izatea baino”, zioen goiburuko esaldiak. Lozano kexu zen, mendikateko herriek beharrezkoa dutelako hainbat inbertsio egitea, azpiegiturak hobetu, errepide eta trenbide sare duina eratu, etxebizitzaren arazoa konpondu, eskolak eta osasun-zentroak eraiki edota abeltzaintza berpizteko. Alegia, bertan bizi eta lan egiteko aukera bermatzeko. Aldiz, promotoreak Jokoak ari omen dira baliatzen “xantaia” bezala, egingo balira Pirinioek haien beharrak aseko lituzketela-eta, aditzera emanez bestelakoan diru-mugimendu handirik ez dela sumatuko parajeotan.

Stop Jocs Olimpics plataformak salatu du Pirinioak bihurtu nahi dituztela Bartzelonaren jolas-parke. 2030eko Neguko Joko Olinpikoen hautagaitzak porrot egin du, baina agintariak ez daude etsitzeko. / Elnacional.cat

Turismoak gainerako sektoreak jan dituela dio Lozanok: “Urtarokako fluxuekin udan eta neguan hau bete egiten da, baina ondoren hustu ere bai. Pirinioetan, bigarren etxebizitzak dira erdia baino gehiago”, kexu da. Eskaintza urte guztira zabaldu beharko litzatekeela uste du, eta eredu jasangarriago baten alde egin, bertako enpresak erdigunean jarrita.

“Beharrezkoa al da eskiatzea?”

Elur faltaz galdetuta, “zientziarekiko eta ebidentziarekiko gutxieste edo axolagabetasun puntua” dagoela erantzun digu. Stop JJOO plataformak Kataluniako Parlamentuan izandako bilera batean entzundakoa du gogoan: “Junts per Catalunyako kide batek esan zuen elurra amaituko bada, itzelezko agurra eman beharko geniokeela, berandu baino lehen. Termino ekonomikoetan ulertzen dute afera. Zerbaitek irabaziak emango dituela aurreikusten badute, haien ustez merezi du egitea”. Elurra ardatz duen negozio eredua 2040rako agortuko bada, beste bide batzuk lantzen hasteko tenorea heldu dela dio Lozanok, “progresiboki eta transbertsalki”, erabakiak hartu beharrean soilik inbertsioen ikuspegitik.

Araceli Segarra mendizale eta eskiatzaile katalanak urteak daramatza klima aldaketaren eraginaz ohartarazten. Fosbury aldizkariaren 39. zenbakian gaiari buruz galdetu diote, baita Stop JJOO plataformari babesa emateko arrazoiez ere. “Gaur gaurkoz Pirinioak ez dira leku egokia Neguko Joko Olinpikoak egiteko. Eskiatzeko badago nahikoa elur, baina ez Joko duin batzuk bermatzeko adina, eta beharrezkoa da hura artifizialki sortzea. Niretzat, jarduera ludiko bati buruz hitz egiten badugu, planteamendua absurdoa da. Ez badago elurrik, beharrezkoa al da eskiatzea?”. Bere nahia asetzeko gizakiak elurra fabrikatzea “naturaren kontrakoa da hein batean”, Segarraren hitzetan. “Mundua amaituko da eskiatzeari uzten badiogu? Ez litzateke komenigarriagoa jarduerak birpentsatzea?”.

“Gaur gaurkoz Pirinioak ez dira leku egokia Neguko Joko Olinpikoak egiteko. Eskiatzeko badago nahikoa elur, baina ez Joko duin batzuk bermatzeko adina. Mundua amaituko da eskiatzeari uzten badiogu?”. Araceli Segarra, mendizale eta eskiatzailea.

Mendizalea kritiko agertu da eraiki beharko liratekeen azpiegiturak direla-eta. Ikusleentzako harmailak ditu hizpide, baita zonaldeak ez dauzkan beste baliabide batzuk ere, jauzietarako arrapalak kasu. “Gurean ez dago jauzi-tradiziorik, ezta elur nahikorik ere. Cortina d’Ampezzoko tranpolinak abandonaturik daude, eta hemen baino elur gehiago daukate. Ingurumena kutsatu eta paisaia zikintzen duen alferrikako gastua da”. Fondoko eskiaz ere mintzo da: “Arauek diote ezin dela lehiaketarik egin 1.800 metrotik gora, eta hemen ezin da deus bermatu kota horretatik behera”.

“Eskaladarekin ere gauza bera gertatzen da”, Segarraren iritziz. “Alpeetako pareta batzuk ezin dira igo jada, eskalada-bideen hasiera puntura iristea ahalbidetzen duten glaziarrak desagertu egin direlako, edo irmotasuna galdu dutelako. Leku batzuetan izotza desagertzeak eragin du harri koskorrak erortzea, eta bideak arriskutsu bihurtu dira”.

Glaziarrak zartatzen

Uztailaren 2an hamaika mendizale hil ziren Dolomitetan, Marmolada glaziarraren zati bat apurtu eta jausitako elur, izotz eta harri piloak harrapatuta. Klima aldaketaz bolo-bolo hitz egiten hasi ginen hedabideak, zientzialariek emandako datuak ardatz. Aste hartan, 3.300 metrotik goragoko mendietan ere tenperatura 10 gradutik gorakoa izan zen tarteka. CNR ikerketa zerbitzuak azaldu zuen ziurrenik muturreko beroagatik izotz kopuru handia urtu eta ur hori pilatuko zela glaziarraren oinetan, bloketzarra apurtuz.

Marmolada, Dolomitetako glaziarrik handiena izanik ere, 25-30 urtean desagertu litekeela uste du CNR erakundeak, baita arinago ere tenperaturek gorantz egiten jarraitzen badute. Alpeetan, Seracco Whymper, Gran Croux eta bereziki Mont Blanc mendiko Planpincieux glaziarren egoeraz ere ohartarazi dute adituek.

Euskal Herrian ez daukagu glaziarrik –Gaintzakoa salbu–, ezta eski estazio handirik ere, eta bote-prontoan ez zaigu burura etorriko ingurumena zartatzen duen kirol ekitaldi edo instalaziorik, baina, gure txikian, badaukagu zeresanik.


MENDI LASTERKETAK

INPAKTUA ARE GEHIAGO MURRIZTEKO LANEAN


Gipuzkoako Mendizale Federazioak, Mendi lasterketei buruzko ingurumen txostena plazaratu zuen 2016an. Orotara 56 lasterketa egin ziren Gipuzkoan, eta haietako bost in situ aztertu zituzten, ikusteko ea babestutako eremuetatik igarotzen ziren, eta neurtzeko jaso gabe geratzen zen zabor kopurua, lurraren higadura, seinalizazio moduak eta kutsadura akustikoa. Oro har emaitzak onak ziren, nahiz eta txostenak aipatzen zuen bazegoela zer hobetua seinalizazioan –plastiko gehitxo erabiltzen zen–, hondakin bilketan –anoa postuetan bereziki– edota lurraren higadurari dagokionez –karrera batzuetan bide berriak ireki ziren–. Txostenak aipatzen zuen 10.000 korrikalarik hartu zutela parte Gipuzkoan egindako lasterketetan, zeintzuen artean badiren lau oinarri bereziki sendoa dutenak: Zumaia Flysch Trail, Talaia Bidea, Ehunmilak-G2H-MariMurumendi hirukoa eta Zegama-Aizkorri.

Hain justu, Zegama-Aizkorri mendi maratoiko Ingurumen arduradun Ramon Malkorrarekin solastu gara, milaka ikusle biltzen duen probaren inpaktuaz hitz egiteko. 2002an egin zen lasterketaren aurreneko edizioa, eta lehen urte horietan lurrean geratzen zen zabor kopuruak bultzatu zituen antolatzaileak Ingurumen taldea osatzera. “Kleenex ugari topatzen genuen, fruta eta pipa azalak... Bai, horiek organikoak dira, baina garai batekoa ez zen normala. Mendira goazenean deus ere ez dugu utzi behar han, ezta platano azal bat ere”. Urteekin, anoa postuetan zabor ontziak jarri dituzte –horiek baliatzen ez dituzten atletak kanporatuak izan daitezke–, ikusleak kontzientziatzeko kanpainak egin, lasterketa hasi aurretik eta ostean ibilbide osoa errepasatu, plastiko gutxiago erabiltzen saiatu –banderatxo berrerabilgarriak edo olana mikroperforatuko publizitate-euskarriak baliatuta– eta abar. “Aurten, bildu den jendetzarekin, beldur ginen inpaktua nahi baino handiagoa izango ote zen, baina ez da hainbesterako izan”, esan digu Malkorrak. Zorionez ez du euririk egin, eta lurrazalak ez du sobera sufritu. “Ingurumen taldea osatzen dugun 20 boluntarioek gure lana amaituta, bazirudien han ez zela lasterketarik egin. Kontrara, ingurua garbiago utzi genuen aurretik zegoena baino, bezperan plastikoak eta kartutxoak jasotzen aritu ginelako”.

Ramon Malkorra Zegama-Aizkorri mendi maratoiko ingurumen arduraduna. Hogei bat laguneko boluntario-taldea aritzen da parajeak ahalik eta garbien uzteko lanean. / Toño Miranda

Zerbait nabarmentzekotan, ibilbide inguruan aurkitutako kleenex kopurua aipa genezake. “Jendeak ohitu behar du egin beharrak egin ostean papera poltsatxo batean gorde eta etxera bueltatzera”, dio Malkorrak, eta gaineratu du ibilbideko zonaldearen arabera, bertan pilatzen den jendeak desberdin jokatzen duela. “Aratz inguruan, Aizkorrin, Urbian, Andraitzen... hor apenas aurkitu dugu ezer. Jende mendizaleagoa biltzen da Sancti Espiritun baino, eta nabari da”. Ia bertaraino autoan hurbildu daitekeelako-edo, beste gisa bateko ikusleek betetzen dituzte San Adriango aterpe zaharraren inguruko maldak. “Dena den, orokorrean, geroz eta kontzienteago gara. Jende ugarik darama motxilan zabor poltsa eskegita...”

Plastikoa murrizteko konpromisoari heldu diote, halaber, Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketen antolatzaileek, Ekoehunmilak egitasmoari lotuta. Edalontzirik ez da egon anoa guneetan –korrikalari bakoitzak berea eraman du–, 1,5 litroko ur botilen ordez bost litroko bidoiak jarri dituzte, eta jatekoak ontzi biodegradagarri eta berrerabilgarrietan banatu dituzte. Bestalde, korrikalari bakoitzari poltsa bana eman diote, hondakinak jaso eta hurrengo anoa gunean bota zitzan. Horiez gain, dei egin dute autobus zerbitzu berezia erabiltzeko, autoen joan-etorria murriztea helburu.

Autobusez edo trenez

Zegama-Aizkorri antolatzen duen Amezti mendi taldea ere kezkatzen du mugikortasunaren gaiak. Kontziente dira auto pribatuen erabilera murriztu beharra dagoela, eta horretan dabiltza, garraio publikoaren aldeko urratsak ematen. Aurrera begira hainbat ekimen daukate buruan: autobus zerbitzua zabaltzea, autoan doazenek kanon bat ordaintzea eta diru hori baliatzea ingurumen proiektuetarako, jendeak autoa partekatzea, edota Renfek duela hainbat urte itxitako Zegamako tren geltokia zabaltzea mendizaleak hortik igo daitezen Otzaurtera.

Jendetza biltzen da Zegama-Aizkorriko ibilbideko zati batzuetan, Sancti Spiritun adibidez. Ingurumenean izan dezakeen inpaktua, ordea, puntuala dela esan digu Malkorrak, azkar xamar itzultzen delako guztia lehengora. / Toño Miranda

Inpaktu akustikoaz galdetuta, bestalde, Malkorrak azaldu digu megafoniak soilik jartzen dituztela herri-gunean. “Jendeak buila egiten du, eta bakarren batzuek eramaten dituzte bozina modukoak-eta; zerbait puntuala da ordea. Animaliak beldurtu egiten dira, baina denbora gutxiren buruan dena lehengora bueltatzen da”. Fauna aipatuta, esan digu urte sasoi horretan –maiatzaren amaiera aldera– hegaztiak ez direla habiak egiten ari, eta zentzu horretan lasterketak ez duela eraginik. Florak ere ez du sobera sufritzen, bideak jada trinkoturik daudelako. “Higadura handiena Urbian gertatuko da agian, jende asko igotzen delako belarditik, baina astebeteren bueltan leheneratzen da, ganaduaren jarduna medio”, dio Zegama-Aizkorriko Ingurumen arduradunak. Gainerakoan, lehendik zeuden bideetatik igarotzen dira korrikalariak, eta hein batean haietako batzuk berreskuratzeko balio izan du probak, ikazkinek baliatzen zituzten xendrak kasu. Tontorretik gertu dagoen harkaitz-gune batean, bestalde, metalezko pasabidea jarri dute lur-jausi batek bidea kaltetu zuelako, baina Malkorrak dio litekeena dela lasterketaren ondorio ez izatea, bestela ere eroriko zela, duela bi urte naturaren eraginez jausi zen lur zatia bezala, zeinak ibilbidearen parte bat bota zuen. Eremua egonkortu bitartean, beste bide bat zabaldu dute antolatzaileek.

Elkarrizketaren hondarrean Marmoladan gertatutako elur-jausiaz aritu gara. Kontatu digunez, Alpeetan ez ezik Pirinioetan ere nabari da 30-40 urtean elurrak nabarmen egin duela atzerantz, Anetoko glaziarra eta Tena bailarako elurtegiak lekuko. “Pena ematen du, guk eragin dugu neurri batean”.

Aizkorriko tontorretik Euskal Herriko bi mendi apalagotara egingo dugu bidea orain, Kurkudi eta Antondegira, natur guneotan eraiki nahi dituzten kirol-instalazioen harira.

 

KIROLDEGIA KURKUDIN

MINI-EFEKTU ASKOREN MAKRO-EFEKTUA

 

Leioan, Kurkudi mendian, moja domingotarren komentu zaharra dagoen eremuan, kirol-gune handi bat eraiki nahi dute. 12.000 metro karratu hartuko lituzkeen instalazioaz mintzo zen El Correo egunkaria pasa den ekainaren 25ean, promotoreak aurkeztutako lehenbiziko zirriborroaren gaineko artikuluan. 2019ko urriaren 31n, Leioako Udalak –EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin– erabaki zuen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) moldaketa puntual bat egitea, zeinak eragin zuen lursail hark zeukan babesa –ezin zitekeen urbanizatu– galtzea. Herritar multzo bat erabakiaren kontra agertu zen, eta SOS Kurkudi plataforma osatu zuten, proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztearekin bat. Kolektiboak salatu duenez “mega-gimnasio pribatuak Dominicas-Atucha SL-Metropolitan hirukoari baino ez lioke mesede egingo”, eta ondorio kaltegarriak izango lituzke paisaian, ingurugiroan eta trafikoan.

Proiektuaren gaineko kezka publikoki agertu du, halaber, Juan Ignacio Pérez Iglesias biologo eta EHUko Fisiologiako katedradunak. 2022ko maiatzean bi artikulu mamitsu plazaratu zituen blogean (Kurkudi como paradigma I eta II). Zenbait pasarte euskaratu dugu.

Kurkudi paradigma bezala I

“Moja domingotarrek 2017an udalari eskatu zioten hego-hegaletik jaisten den lursailaren kalifikazioa aldatzeko, promotore batek kirol-ekipamendu handi bat eraiki ahal izan zezan. Eremua babes bereziko lurzoru urbanizaezin gisa kalifikatuta zegoen, “paisaiaren edo ingurumenaren aldetik duen garrantziagatik eta interesagatik”. Nire ustez, izaera hori dela eta, interes publikoko arrazoi oso pisutsuak eman beharko lirateke kalifikazioa aldatzea onartu eta hiri-lurzoru bihurtzeko. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak berak jasotzen duenez, aipatu lurzoru-kategoriaren helburu nagusia da espazioak babestea eraikinen narriadura eta inbasioaren aurrean, haien jatorrizko egoerari eutsiz.

Ongi ulertu badut, udalak azaldu du leku horretan jada badagoenez eraikin bat, eta, beraz, oso antropizatuta dagoen zonaldea denez gero, birkalifikazioak ez duela ingurumenean kalterik eragingo. Jakina abandonatutako erakin bat dagoela bertan, baina baimendu den birkalifikazioak askoz ere zabalagoa den eremuari eragiten dio, zeina, gogora dezagun, babes bereziko lurzoru urbanizaezin gisa aitortua den, duela 20 urtetik. Galdetu beharko litzateke, ea zergatik esleitu zitzaion orduan izaera hori. Bide batez, bere ingurumen kalitate eta balioa etengabe handitu dira igaro diren bi hamarkadetan, hain zuzen ere, gizakien esku-hartzeetatik salbu mantendu delako.

Kurkudi mendiaren ikuspegia. Atzealdean ageri da moja domingotarren komentua, kiroldegia eraiki nahi duten eremuan. / SOS Kurkudi

Batzuek diote huskeria dela, hain eragin urria duen zerbaitengatik ez dagoela zertan eragotzi kirol-ekipamenduen eskaintza handitzea. Ez da txikikeria, ordea. Ingurumen-erasoa dakar berarekin, azken hamarkadetan landa- eta basa-eremuak etengabe galdu dituen ingurunean. Paisaiaren gainean ez ezik, biodibertsitatean ere eragin kaltegarria izango du. Txikia dela esan dezake inork. Litekeena da; edonola ere, etengabe egiten diren milaka ingurumen eraso txikietan bat gehiago izango da.

Benetan larria dena zera da, normaltzat hartzea kirol-ekipamendu handi bat instalatzea norberaren autoan besterik sar ezin daitekeen eremu batean. Inguruko trafikoa handitu egingo da, eta, ondorioz, erregai fosil gehiago kontsumituko da, eta kutsadura atmosferiko (berotegi-efektuko gasak) eta akustiko gehiago sortu. Zerikusia du, jakina, sustatzaileek buruan duten erabiltzaileen profil sozioekonomikoarekin.

Txikikeria irudi dezake. Izan ere, zenbatekoa izan daiteke gimnasiora joan-etorria egingo luketen ehunka autok isuritako CO2 kopurua? Leioako bizilagunok gure autoak erabiliz gastatzen dugunarekin alderatuz gero, mini-efektua izango luke. Baina, horrelako mini-efektu askok makro-efektua sortzen dute”.

Kurkudi paradigma bezala II

“Alkateari igorritako mezua.

Ez duzu kalifikazio aldaketa justifikatzen duen argudio ekologikorik ematen. Iradokitzen duzunez, duela 20 urte, agian, gehiegizko ingurumen-ardurarekin jardun zuten. Nire ustez, lurzoru batek babes berezia duenean, babes hori kentzeko birkalifikatu egin nahi bada, agintariek azaldu behar dute zein ondasun babestuko den, zeinagatik beste ondasun bat sakrifikatuko baita. Edo, bestela, babesak zentzurik ez duela justifikatzen duten ingurumen-txostenak aurkeztu behar dira.

“Benetan larria dena zera da, normaltzat hartzea kirol-ekipamendu handi bat instalatzea norberaren autoan besterik sar ezin daitekeen eremu batean. Zerikusia du, jakina, sustatzaileek buruan duten erabiltzaileen profil sozioekonomikoarekin”. Juan Ignacio Pérez Iglesias, biologoa.

Jarduera ekonomikoak ekarriko lituzkeen irabaziez (...) Klasiko bat da. Ingurumen auziak albo batera utzi nahi direnean, sortuko diren lanpostuak aipatzen dira. Bide batez, sor litezkeen 100 lanpostu horiek berdin-berdin sortuko lirateke gimnasioa beste leku batean eraikiko balitz ere. Kurkudik ez du, berez, lanpostu gehiago ekartzen.

Egunean 7.000 auto igarotzeaz –bizilagunek nabarmendu duten bezala– diozu ez liratekeela hainbeste izango. Ados, zuk badiozu, horrela izango da. Baina milaka izango dira, hori ziur. Milaka ibilgailu erregai fosilak gastatzen, milaka ibilgailu atmosferara berotegi efektuko gasak isurtzen. La Vanguardiak maiatzaren 12an publikatu duenez, Espainiako Estatuan jada xahutu ditugu batez-beste planeta bere populazioarentzat urtebetean sortzeko gai den baliabide naturalak. Ez diot datuari erabateko sinesgarritasuna ematen, baina zerbaiten adierazgarri da. Zuretzat, balizko 100 lanpostuek justifikatzen dute.

Udalak azpimarratu du enpresa pribatu baten proiektua izanik, ez dela bera izan gimnasioa egiteko lekua aukeratu duena, baizik eta eskaera hori egin diotela. Noski ezetz, baina udalari dagokio proiektua bideratzea, birkalifikazio eskaera onartu edo ukatuta”.


SURF PARKEA ANTONDEGIN

ITSASOTIK LAU KILOMETRORA


2015ean aurkeztu zuen Kelly Slater surflari ezagunak gizakiak sortutako lehen olatua. Ordutik, surf parke artifizialak eraikitzen hasi dira –ez polemikarik gabe– batean eta bestean, eta gurean ere izan dira eta badira gisa horretako proiektuak aurreikusita. 2020ko abenduan, jakin genuen Donibane Lohizuneko egitasmoa geldirik zegoela. Surf parkea eraikiko zuen Wavergarden enpresak, zeinak egoitza nagusia Aizarnazabalen duen, adierazi zuen Boardriders konpainiak –proiektuaren sustatzaileak– “beste lehentasun batzuk” zituela, Mediabask hedabideak jaso zuenez. Hiriko auzapez Jean-Fraçois Irigoyenek “zailtasunak” zeudela onartzen zuen bitartean, askorentzat agerian geratu zen olatu artifizialen aurka mobilizatu ziren surflari eta elkarteek egindako presioaren ondorio zela. Izan ere, egitasmoaren kontrako 69.000 sinadura bildu ziren, eta aurrera eginez gero mobilizazioak antolatuko zituztela iragarri zuen Rame Pour Ta Planète mugimenduak.

Handik hilabete gutxira, Donostian surf parkea egin nahi dutela iragarri zuen Eneko Goiaren udal gobernuak. Kokapena: Martutene langile auzoko Antondegi mendian, itsasotik lau kilometro eskasera, hirian urbanizatu gabe geratzen den leku gutxietako batean. Donibane Lohizunekoaren harira, hainbat surflarik adierazi zuen beren izenean ez zutela naturaren aurkako horrelako instalaziorik onartuko. Termino bertsuetan mintzatu da nazioartean 50.000 bazkide dituen SurfRider’s fundazioa Donostiakoaz. Fake Wave edo Olatu Faltsua deitzen dien azpiegituren aurka agertu da, surfari egiten dioten balizko ekarpena baino askoz ere handiagoa delako ingurumenean eragiten duten kaltea.

Surflariak Donostiako Zurriola hondartzan, itsasotik lau kilometrora eraiki nahi duten surf parkearen aurka Antondegi Berdea - Olatuak Itsasoan plataformak deitutako ekintza batean, 2021eko uztailean. / Ekologistak Martxan

“Ingurumenarentzat kaltegarria dela? Kaltegarriagoa litzateke bertan 3.000 etxebizitza egitea”, egin zion arrapostu Donostiako alkateorde Nekane Arzallusek (EAJ), 2021eko urtarrilaren 18an EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziek egindako galderari. “Surfaren aktibitatea bera hobetzen lagunduko du”, zioen Arzallusek: “Surflariek bertan entrenatu ahal izango dute eta ziur gaude horri esker gazte ugari hasiko dela kirol honetan”. Helburutzat turismoa erakartzea duela aurpegiratu diotenean, ezetz erantzun du, donostiarrei zuzendutako proposamena dela batik bat, aintzat hartuta surfaren bueltan lan egiten duten enpresa ugari dagoela hiriburuan.

Turismoari bultzada eta lanpostu berriak

Proiektuaren aurkako argudio nagusiek ingurumena izan dute oinarrian orain arte. Antondegi Berdea ekimena osatzen duten dozena erdi ornitologia elkarte eta talde ekologistek salatu dute surf parkeak desagertze arriskuan dauden hegazti ugariren habitata hondatuko lukeela. Antondegi mendian 117 hegazti espezie daudela gogoratu dute, eta horietako 29 Eusko Jaurlaritzaren Mehatxatutako Espezieen Katalogoan daudela. Gaineratu dute, olatu naturalak dituen hirian energia eta ur xahuketa eragingo lukeela, baita egoera onean dagoen landa-eremua eraldatzea edota hurbileko elikagaiak ekoiztera bideratutako nekazaritza-lurrak suntsitzea ere. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu dute besteak beste mendia artifizializatu nahi dutela, larrialdi klimatikoa aldarrikatua duen hirian. Halaber, 25 bat zientzialarik, gehienak biologoak, proiektuaren aurkako idatzia plazaratu dute, biodibertsitateari eragingo liokeen kalteagatik.

Donostian bezala Sabadellen (Herrialde Katalanak), Plataforma en Defensa del Ripoll kolektiboa sortu berri du hainbat herritarrek, bertan eraiki nahi duten Sabadell Surfcity parkearen kontra. “Ezin diogu eskatu jendeari larrialdi klimatikoaren testuinguruan ura aurreztu edo energia gutxiago kontsumitzeko eta, aldi berean, esatea une egokia dela Ripolleko ibai-arroan makropiszina bat egiteko”, salatu dute. PSC buru duen udal gobernuak, aldiz, proiektu “erabat jasangarria” dela dio, urak zirkuitu itxian zirkulatuko duelako, eta eguzki plakak eta “energia berdea” baliatuko direlako. Horrelakoetan ohikoa denez, hiriaren proiekzioa, turismoari bultzada eta lanpostu berrien sorrera aipatu ditu udalak, aldeko argudio bezala.

Kirolak klima aldaketan eragin dezakeen bezala, klima aldaketak kirol modalitate batzuengan eragin dezakeela ikusi dugu erreportaje honetan. Hamaika dira bi norabidetan doazen adibideak, eta kirolaren sektorea geroz eta kontzienteago da planeta mehatxatzen duten faktoreak, baliabide naturalen gehiegizko ustiapena eta berotegi efektua areagotzen duten gas emisioak tartean, fronte guztietan borrokatu behar direla. Erronkari gogoz heldu dio hainbatek, baina apustuak orokorra behar du izan. Kirol erakundeek, klubek, babesleek, zaleek, gobernuek... ezinbestean jo beharko dute hordagoa txikira, hazkundeak hurbil baitu muga. Horrek, agian, eskatuko du kirol jarduerarekin lotutako ohiturak aldatzea. Prest ote gaude?

ALDAKETA GAINEAN DUGU JADA

2019an Japonia astindu zuen tifoi batek errugbi partidak bertan behera uztea eragin zuen, 2020ko suteek behartu zuten Australiako Irekia tenis txapelketa geratzea, Tokioko Joko Olinpikoetan atleta batzuek txapelketa utzi zuten sufritutako bero kolpeengatik, aurtengo neguan Qatar-en jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako estadioak 20-24 gradutara mantentzeko airea garbitu eta hoztuko duen teknologia baliatuko dute, itsasoak urtean bizpahiru metro jaten dizkio Eskoziako Montrose golf zelaiari, adituek diote 2050erako Ingalaterrako futbol ligako lau estadiotatik batek uholdeak sufrituko dituela urtero. Klima aldaketak ekar dezakeenaren lagin bat besterik ez da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2024-11-13 | Julene Flamarique
Absolbitu dituzte Espainiako futbol selekzioaren zaleak jazartzea leporatu zieten Indar Gorriko kideak

2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]


2024-11-11 | Sustatu
StravaLeaks: bizkarzainak buruzagien geokokapena partekatzen

Le Monde egunkaria ikerketa erreportaia argitaratzen hasi da StravaLeaks izenarekin. Zera da koxka: zenbait agintarik erabiltzen dituzten segurtasun agenteek, bizkartzainek alegia, Strava ari dira erabiltzen, eta horrekin bere ibilien bide geokokatuak ari dira... [+]


2024-11-11 | Sustatu
Strava: beste eskandalutxo bat, ibileren salerosketa

Joan den astean aipatu genuen StravaLeaks eskandalua, batzuek aplikazio horren "segurtasun zulotzat" aurkeztu arren ez zela hori: erabilera okerra da. Zure korrikaldi eta ibilerak pribatuak izan behar badira, ez partekatu Stravan edo ez erabili Strava, Instagramen... [+]


2024-11-11 | Jon Torner Zabala
Frantzia-Israel: 4.000 poliziaren presentzia eta Palestinako bandera debekatua

Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]


25-35 urte arteko gizon kirolari iaioak, larrialdietan bukatzen duten Behobia-Donostiako lasterkarien gehiengoa

Larrialdietan bukatu ohi duena ez da 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta ez dagoelako; alderantziz, kirola egitera ohituta dauden 25-35 urteko gizonak dira gehiengoa, marka egin nahian topera joateagatik. Hala ziurtatu digu Donostiako ospitaleko mediku batek... [+]


2024-10-28 | Jon Torner Zabala
Amaia Zabarte, Realaren partida baten atarian Ertzaintzak zauritutako zalea
“Badirudi bideoko irudiak moztu eta difuminatzen ari direla, haiek kontatzen ari direnarekin bat egin dezan”

Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]


2024-10-24 | Jon Torner Zabala
Jokin Aperribay, Realeko presidentea: “Maccabi gerrarekin lotzea bidegabea litzateke”

Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]


2024-10-22 | Jon Torner Zabala
106 futbolarik FIFAri eskatu diote Aramco enpresarekin duen akordioa hausteko

Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.


2024-10-21 | Jon Torner Zabala
Movistar-ek eta Ligak zentsuratu egin dute San Mamesen Zabaleta eta Tembari egindako omenaldia

1980an Everesteko gailurrean ikurrina paratu zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia eskaini diote larunbatean San Mamesen, Athletic-en partida hasi aurretik. Mendizaleak txalo artean hartu dituzte zaleek, une ederra izan da, baina Movistar telebista kateak eta Futbol... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Ehunka txirrindulari mobilizatu dira harrobiko kirolarien lasterketak “normaltasunez” antolatzea eskatzeko

Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


Eguneraketa berriak daude