“Eszenatokian tanga jantzita ematen dudan mezua, kongresu batean ematen dena bezain garrantzitsua izan daiteke”

  • Azken urteetan drag arteak ikusgarritasuna eta indarra lortu ditu Iruñerrian. Bertako hainbat trabesti aske izateko aldarria zabaltzen ari dira ozenki eta horietako bat Albina Stardust gaztea da.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

2022ko uztailaren 21ean
Eneko Garcia Jaurena. Burlata, 1997

Albina Stardust izenez ezaguna den drag artista eta aktibista trabestia da. Itzulpengintza ikasketak egin zituen EHUn eta gaur egun lanbidez irakaslea da. ETBko Biba zuek! eta Piztu Telebista saioetako kolaboratzailea da. San Fermin jaietako Entzierroa saioan lehen aldiz kaleko erreportari gisa aritu da. Drag tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizun ugari eskaintzen ditu Euskal Herriko beste drag batzuekin elkarlanean eta Mírame, Begira nazazu eta Tuli Tuli kantuen egilea da, azken hau, Yogurinha Borova eta Kepa Yecorarekin batera.

Nola hasi zinen trabestitzen?
Nik beti esaten dut trabesti jaio nintzela. Txiki txikitatik ahizparen bufanda bat gona gisa eta amaren takoiak janzten nituen eta familia osoaren aurrean Lady Marmalade-ren ikuskizuna egiten nuen. Sartzen nintzen sofaren atzealdean eta amak play-ri ematen zionean ateratzen nintzen, koreografia osoa egiteko. Gero, nerabezaroan, normatiboa, heteroa eta maskulinoa agertzen nintzen jendearen aurrean, baina etxean jarraitzen nuen dantza eta halako gauzak egiten. Unibertsitate garaian, 18 urterekin, Gasteizera joan nintzen Itzulpengintza ikastera. Toki berria, jende berria, dena berria zen eta orduan pentsatu nuen hori zela nire aukera. Erosi nuen makillajea eta probatzen hasi nintzen.

2018an Iruñean LGTBI festa bat egin zuten Zentralen. Yogurina Borova, Donatella Maní, Sussie Pussie eta Iruñeko beste trabesti batzuk ere parte hartzekoak ziren eta Donatellak animatu ninduen ni ere joatera. Ordura arte bakarrik etxean egiten nuena, besteen aurrean erakutsi nuen lehen aldiz eta horrela sortu zen Albina Stardust. Yogurinak berehala esan zidan kontua egiteko Instagramen, hau dena mugitzea oso beharrezkoa zelako, eta are gehiago euskaraz. Zoragarria izan zen eta orain arte gelditu gabe nabil.

Zure lanbide ere bihurtu da?
Lanbidez irakaslea naiz, baina berehala hasi nintzen emakumeen ezkondu aurreko agur bestetan ikuskizunak egiten, hemen Iruñean Sussi eta Donatellarekin eta Gasteizen animatzaile batekin. Musika, jolasen bat... Badakizu, ongi pasa eta denak erotu, hori da helburua. Hor asko ikasi nuen eta nire drag-arekin dirua irabazten hasi nintzen, eta gauza jakina da artea beste modu batez ikusten duzula dirua irabazten duzunean. Horrekin eta beste ikuskizun batekin jarraitu genuen COVIDa iritsi arte. Orduan hasi nintzen telebistan eta irratietan elkarrizketak egiten Biba zuek! saiora iritsi arte. Joan den urteko martxoan gonbidatu gisa hartu nuen parte eta gerora deitu ninduten kolaboratzaile izateko. Irailean hasi eta ikasturte osoa han aritu naiz.

Udan ere hainbat lan egin dut telebistan, esate baterako sanferminetako entzierroen ondoren elkarrizketak eta erreportajeak egiten nituen Iruñeko kaleetan. Oso pozik nago. Gainera nire bikotea, Divina Comedia, drag-a da ere eta elkarrekin askotan egiten dugu lan. Zoragarria da!.

Hainbat ikuskizun egiten dugu. Uztaila hasieran, adibidez, Burlatako Udalak Luma Travesti Fest handia antolatu zuen, zoragarria; hitzaldiak emateko ere deitzen gaituzte, horietako asko institutu eta eskoletan. Herrietan ere lan asko egiten dugu. Herrietan txinparta pixka bat, luma atera eta jendearen jarrera askatzeko behar handia dago. Horretarako egiten ditugu moda desfileak, lehiaketa antzekoak... nahi dugu gure ikuskizunetan jendeak drag-a esperimentatzea eta askatzea.

Landa eremuan harrotasuna lantzea oso garrantzitsua da. Aurten, ekaina hasieran, Tafallan egin dugu topaketa handi bat, Laiak Erdialdeko LGTBIQ+ kolektiboak antolatuta eta izugarria izan da. Ikusgarritasuna eta erreferenteak behar-beharrezkoak dira herrietan.

Inauterietan, ezkondu aurreko agur-saioetan…ohikoa da jendea emakume deigarriz janztea. Ihes balbula moduko bat da?
Jakina! Eta hori da lortu nahi duguna. Jendea askatzera etor dadila. Drag-a gauza berriak probatzeko eta askatasuna bizitzeko bide bat da. Jendeak drag-a probatzen duenean bere burua hobeki ezagutzen du eta ikusten du zer duen gustuko eta zer ez. Bultzatu nahi dugun hausnarketa hau da: emanaldi horretan zergatik sentitu naiz hain ongi jendearekin dantzan eta nire bizitza normalean ez naiz ausartzen horrela jokatzera? Hori niri ere gertatzen zitzaidan. Eneko nintzenean lotsatia nintzen, ez nuen hitz egiten... eta Albina bezala, aldiz, mundu guztiarekin hitz egiten dut oso gustura. Zergatik takoi batzuekin joaten naizenean halakoa naiz eta takoirik gabe ez? Horrela hasi zen nire hausnarketa prozesua eta gaur Eneko eta Albina ez dira bi pertsona, pertsona bera baizik, baina irudi desberdinekin. Drag-ak ikaragarri lagundu zidan nire burua ezagutzen.

Albina ez da pertsonaia bat, zeren horrela definituta ematen du zerbaitez mozorrotzen naizela, eta ez da horrela. Ni Albina gisa askatzen naiz. Gustatzen zait ile horia eta ipurdia agerian eramatea, eta horretarako erabiltzen dut drag-a. Askatzeko modu bat da eta ez ezer ezkutatzeko itxurakeria.

"'Drag'-a tresna politikoa da. Genero bitasuna gainditzeko modu bat eta norbera den modukoa agertzeko aldarria"

Askatzea lortzen duzu eta inguruko begirada guztiak ere bai…
Bai, jakina. Eta horretaz baliatu behar dugu. Lady Gagaren teknika oso eraginkorra da, nire ustez: lookazo bat eramaten du mundu guztiaren arreta bereganatzeko eta hori lortu duenean, mezu indartsu bat bidaltzen du.

Argi izan behar dugu mezuak bidali daitezkeela modu askotara, eta ez soilik hitzaldi serioetan. Alaitasun pixka bat behar dugu. Nire ustez, nik eszenatoki batean tanga jantzita ematen dudan mezua, kongresu batean ematen dena bezain garrantzitsua izan daiteke. Azkenean, ematen du seriotasunak garrantzia ematen diela mezuei eta ez da horrela.

Argazkia: Dani Blanco

Zer mezu bidali nahi duzu zuk?
Asko. Drag-a tresna politikoa da. Genero bitasuna gainditzeko modu bat eta norbera den modukoa agertzeko aldarria. Adibidez, kalean nagoenean askotan haur txikiek, eta ez horren txikiek, galdetzen didate ea mutila naizen. Eta hori da aukera ezin hobea zerbait erakusteko. Nik esaten diet ez naizela mutila, ezta neska ere, eta badaudela beste aukera asko. Hori da zabaldu nahi dudan mezua, baina beti modu onez eta ongi pasatuz. Guretzat kalera ateratzea ekintza politikoa da. Jendeak galderak egitea eta hausnarketak eginaraztea lortu nahi dugu. Aske izatea ez da beti erraza, noski, baina ausartu behar da.

Zuk autoestimu maila ona duzu...
Bai eta ez. Nik ere baditut nire gauzak eta segurtasun gabeziak. Seguru sentitzen ez naizenean saiatzen naiz seguru banengo bezala agertzen. Paper bat egiten dut segurtasun hori sinetsi arte.

LGTBI pertsonak bi nerabezaro bizi dituztela diote askotan. Hala da?
Askotan gertatzen da hori eta nik hala bizi izan dut. Neskak eta mutilak hasten direnean ligatzen eta musukatzen, LGTBIok guztiz baztertuak gelditzen gara. Ezin dugu publikoki esan sentitzen duguna eta ezkutuan ere zaila da harremanak egitea. Orain aplikazioak daude, baina hala ere zaila da. Ni ez nintzen festara ateratzen, adibidez; zertarako? Tokiz kanpo sentitzen nintzen. Gero, askatzen garenean, gure benetako nerabezaroa hasten da, nerabezaroa baita gure nortasuna garatzen dugun garaia eta ezkutuan bizi izan garenok beranduago hasten gara gure identitatea garatzen.

"Ni Madrilen okerrago sentitu naiz Iruñean baino. Agian izan daiteke niretzat Iruñea etxea dela eta babes hori sentitzen dudalako, baina esperientzia okerragoak izan ditut hiri handietan"

Inguruko sostengurik izan duzu?
Nik bai. Zoragarria izan da. Nire ama da nire jarraitzaile handiena. Ikusten nau telebistan, ikuskizun guztietara etortzen da... eta nire lagunak berdin.

Nire lagunak ez dira institutuan ezagutu nituenak, seguru haiek ere jende oso jatorra direla, baina nik bilatu nituen nire interes berdinak dituzten pertsonak, eta horretan sare sozialak oso lagungarriak izan zaizkit. Orain Iruñean ditudan lagun gehienak Twitterren ezagutu ditut. Espazio seguruak bilatu eta lortu behar ditugu. “Ausartu eta aurrera” esatea erraza da, baina gero agian gerta daiteke zure gurasoek etxetik botatzea, jipoitua izatea edo zure betiko lagunek alde batera uztea. Ez da erraza. Horregatik guk, trabestiok, hemen Iruñean beti saiatzen gara espazio seguruak bilatzen. Harrotu gunean, adibidez, makilatzen gara elkarrekin edo kafe bat hartzera goaz edo festa batera. Harrotasun eguna, esate baterako, trabestien fashion week-a bihurtu da Iruñean. Denak elkarrekin joaten gara, apain eta zoragarri.

Azken finean komunitate bat sortu nahi dugu eta elkarri lagundu espazio seguruak eratuz. Batzuetan jendeak hiriz edo herriz aldatu behar du, gehienbat herrietatik hirietara, askatasun bila.

Argazkia: Dani Blanco

Euskal Herriko hiriak, hala ere, ez dira handiak…
Bai, baina ez dakit zer esan. Ni Madrilen okerrago sentitu naiz Iruñean baino. Izan daiteke niretzat Iruñea etxea delako eta babes hori sentitzen dudalako, baina esperientzia okerragoak izan ditut hiri handietan, denetariko jende asko dagoelako.

Haurrek marikoi irain gisa erabiltzen dutenean, zer sentitzen duzu?
Ikuspuntu baikorra daukat, agian ez da guztiz errealista, baina baikorra bai. Nik baditut ikasleak Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan LGBTI bandera duen eskumuturrekoa eramaten dutenak. Irainak beti egon dira eta espero dezagun egunen batean desagertzea, baina nik aurrerapausoetan zentratu nahi dut eta ikusten dut gazteak oso prestatuta datozela, ez denak, baina asko bai. Nire iritzi pertsonala da euskara dagoen lekuetan errespetu hori nabarmenagoa dela, euskaldunok, komunitate txiki bezala, ulertzen dugulako zer den zapalkuntza edota baztertua sentitzea. Eta hezkuntza alorrean egiten den lana ere oso eraginkorra da. Nafarroan, adibidez, Skolae programarekin lan bikaina egiten ari dira. Hori landu behar da, baina ez haurrekin soilik. Gurasoengana iristea oso garrantzitsua da. Gizartean eta etxean mezu berdinak jaso behar dituzte haurrek, bestela nahasmenduak sortzen dira. Nik esaten badiet mutilek gona eraman dezaketela, baina gero etxean esaten badiete ezetz, gurasoei egingo diete kasu eta ez niri.

Batzuek beldurra diote haurrekin halako gaiei buruz hitz egiteari. Muxu batengatik zure seme-alaba ez da bihurtuko maritxu edo bollera, lasai. Guk milaka musu hetero ikusi ditugu eta hemen gaude. Benetako aurrerapausoak emango ditugu orokorrean onartzen denean errealitate hori hor dagoela, eta horretaz hitz egitea ez dela genero ideologia edota doktrinatze saiakera.

"Esaten dute iritzi guztiak onartu behar direla, baina zure “iritzia” nire kontra badoa ez da iritzi bat, bazterkeria baizik"

Trans eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legea onartu dute berriki. Zer balorazio egiten duzu?
 Oso garrantzitsua da legeetan aurrera egitea bortizkeria gehiena erakundeetatik jasotzen dugulako. Galdetegiak betetzerakoan, agiriak egiterakoan… zailtasun askorekin egiten dugu topo.

Bestalde, ikaragarria da zenbat eztabaida egiten diren, eztabaidagarriak ez diren gauzen inguruan. Baina nola eztabaidatu behar dugu errealitate baten inguruan? Nork esan dizu iritzi bat eduki dezakezula pertsona baten identitatearen inguruan? Esaten dute iritzi guztiak onartu behar direla, baina zure “iritzia” nire kontra badoa ez da iritzi bat, bazterkeria baizik. Zuk ezin duzu esan zure ustez emakume trans-ak gizonak direla, adibidez. Emakume trans-ak emakume dira eta kito. Niri horrek amorrua ematen dit.

Aurreiritziak alde batera utzi eta goazen besteen identitateez normaltasunez hitz egitera. Ulertzen dut hau prozesu bat dela eta informazioa zabaldu behar dela, baina gaur egun gauza batzuk entzuten jarraitu behar izatea gogorra da.

Argazkia: Dani Blanco

Erasoa edo jazarria sentitzen zara?
Ni kaletik lasai noa, baina batzuetan hetero kuadrilla batzuengandik hurbil pasatzean ui! Kontuz ibiltzen naiz. Bestalde, marikoi eta halako irainak entzuten ditut egunero eta ohituta nago.

Hala ere, indartsu agertzen zara beti.
Gure ikuskizunetan gure indarra eta alde positiboak erakutsi nahi ditugu. LGTBI istorio gogor eta triste asko ikusten dira nonahi, tamalez, eta hori erakutsi beharreko errealitate bat da, baina ez bakarra. Horrekin batera erakutsi behar da LGTBI pertsona asko pozik bizi garela. Oso garrantzitsua da gazteei erreferentzia positiboak helaraztea. Ni, adibidez, txikitan oso kezkatua nengoen pentsatuz nola bizi behar nuen homosexuala izanda, seme-alabarik gabe, bizimodu normalik gabe… niretzat zen kondena moduko bat, hori delako erakusten digutena.

Munduko toki askotan jarraitzen du izaten kondena oso latza. Hemen ere heteronormatiboa ez dena, azpimundu batekin lotzen jarraitzen dugu?
Bai. Beti lotu izan da transexualitatea prostituzioarekin, eta drag-a ere gauarekin eta drogen munduarekin lotu izan da, baina ez da horrela. Nire leloa da: Drag is everywehere, drag-a edonon dago.

Egunez eta gauez agertu behar dugu, euskaraz eta gaztelaniaz, etxean eta kalean. Istorio politak ere behar ditugu.
Ez gara mundu idiliko batean bizi eta ezin diogu inori esan horrela biziko denik. Ez dugu sufrimendu guztiak ekiditeko gaitasunik, ezta beharrik ere.

Garrantzitsuena da pertsona guztiei ziurtatzea sostengu bat izango dutela egin behar duten prozesua ahalik eta modu hoberenean egiteko.

 

Of the record

Tuli Tuli

"Tuli-tuli esaten zioten ligatzeari LGTBI kolektiboan, 80. hamarkadako Iruñean. Orain kontzeptu hori berreskuratu dute Yogurinha Borovak eta Albina Stardustek, Kepa Yecoraren letrekin egin duten kanta eta bideoklip berrian. Ahalduntzeko aldarri dibertigarri bezain indartsua: “Zatoz gurekin batera. Ez galdu zure aukera Izan Marika Bollera. Goazen ahalduntzera. Begira aurrera. Zabal begiak. Eman pausoa. Zu Ez zara bakarra. Taberna batean gaude laino artean. Begirada itzuli. Egizu Tuli egin Tuli Tuli”.

Argazkia: Dani Blanco

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Hamza Abuhamdia (palestinar ekintzaile 'queer'-a)
“Gorputza da botere kolonialak okupaturiko lehen territorioa”

Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


2024-07-02 | ARGIA
Lesbianismoaz eta ultraeskuinaz mintzo den ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du Zinegoakeko sari nagusia

Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.


Queertopiak: babeslekuak, inguruan eragiteko moduak

'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]


Gorputz hotsak
“Herrietan lumek lekua daukate, edo behintzat, nire gorputzak kabitzea lortu du”

Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]


Alemaniako futbolari gay-ak zergatik ez dira azkenean ausartu armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


Transen eskubideen aldeko elkarretaratzea eginen dute Baionan, 800 eragileren deiarekin bat eginik

Maiatzaren 5ean mobilizatzeko deia luzatu dute 800 eragilek Politis komunikabidean plazaraturiko iritzi artikulu baten bitartez. Tartean daude besteak beste, Annie Ernaux idazlea, Hiesaren aurka dabilen Act Up elkartea, Planning Familial talde feminista ezaguna,... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
“LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran”

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


Eguneraketa berriak daude