“LGTB mugimendua dagoen etsairik handiena balitz bezala ulertzen dute poloniar politikek”

  • Apirilaren hasieran estreinatu zen Marek Kozakiewicz zinemagilearen Silent Love filma Suitzako Visions Du Réel jaialdian. Urte luzez filmaturiko dokumentalak islatzen du gizarte homofobo batek ezkutatzera behartzen duen maitasuna, alde batetik; bestetik, familia eredu ez hegemoniko horren intimitatea eta konplizitatea. Zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan dugu, filmak iradokitzen dituen harietan sakontzeko.

Lehenengo eta behin, zure filma deskribatzea nahi genuke. Hasieran badirudi doluaren inguruko filma dela, norbait galtzearen ingurukoa. Gero, ordea, beste gai batzuk gailentzen dira. Azalduko diguzu hori?

Hori zen hasieran nuen helburua. Hasieratik pentsatu dut filma dolu prozesuak abiarazi behar zuela, heriotza jorratu nahi nuen. Ondoren, horren garapena erakustea zen helburua, biziaren inguruan mintzatzea, eta familia baten eraikuntza islatzea. Beraz,  protagonisten amaren heriotzarekin hasi nuen kontakizuna, eta ondoren, familia berri horren jaiotzarekin jarraitu: heriotzatik bizitzara joan nahi nuen. Esaldi bakarrean kontatu beharko banu, familia ez-konbentzionala eraikitzearen inguruko filma dela esango nuke, herri txiki eta kontserbadore batean kokaturik.

Zein harreman zenuen filmatzen dituzun pertsonekin? Filmatu aurretik ezagutzen zenituen, lagunak zineten?

Gure amak elkarren lagunak ziren. Gure ama ondoko herri batekoa da, eta Milos eta Agaren ama ezagutzen zuen. Euren amari minbizia diagnostikatu ziotenean, gure ama gehiago gerturatu zitzaien laguntzeko asmoz. Garai hartan nik ere osasun arazo batzuk izan nituen, eta gurasoekin ohi baino denbora gehiago eman nuen. Nolabait, bi familiak elkarrengana hurbildu ziren. Beren amaren gaixotasuna filmatzen hastear nengoen, bera prest baitzegoen kamera aurrean azaldu eta prozesua erakusteko. Heriotza, ordea, espero baino lehenago etorri zen. Hileta ostean hasi nintzen filmatzen, Aga eta Milos anai-arreben etxean.

Garai hartan, aitzitik, ez zenekien Aga lesbiana zela, ezta bikotea zuenik ere.

Ez. Une horretan pentsatu nuen: “Ados, Milosen inguruko filma egingo dut”. Ama galdu zuenean familiak zuen lehen aukeretako bat Milos Varsoviara eramatea zen, han zeukaten anaia baten etxera. Beraz, filma aldaketa horren ingurukoa izan zitekeela otu zitzaidan: inoiz herritik atera ez, eta ama galdutakoan hiri handi batera mugitzera behartuta dagoen mutiko batena. Gauzak oso bestela gertatu ziren, ordea. Psikologoek gomendatu zuten Milos herrian bertan gera zedin, inguruari oso lotua baitzegoen. Eta, beraz, Aga arrebak Alemania utzi eta Poloniara mugitzea erabaki zuen, atzerrian zeukan bizimodua utzi eta anaia gaztea zaintzea. Horrek behartu zuen Milosen legezko tutoretza lortzeko prozesu batean sartzera, hiru epaiketa pasa behar izan zituen. Bestalde, neska-lagunarekiko harremanean ere eragin zuen horrek, Maijak ere Poloniara etortzea erabaki baitzuen, herrira bueltan.

Noiz jakin zenuen Maija eta Aga bikote zirela? Eta horrek nola eragin zuen filmaren garapenean?

Ni izan nintzen haien harremana aitortu zioten lehen pertsona, eta hamar urte zeramatzaten elkarrekin. Ez nekien ezer, baina Agak pentsatu zuen banekiela. Esan zidan: "Marek, zerbait esan behar dizut. Badakit segur aski ohartu zarela, baina Maijarekin harreman sentimental bat daukat". Ni zur eta lur gelditu nintzen, ez nuen batere espero, baina ez nuen mindu nahi, eta horrela esan nion: "Bai, Aga, noski ohartu naizela, eta oso pozik nago zuengatik". Beranduago esan nion kontatu zidanean ez nuela batere susmorik, baina deseroso sentitu ez zedin gezurra esan niola; denok egin genuen barre gerora.

"Familia
ez-konbentzionala eraikitzeari buruzko filma da ‘Silent Love’"

Oso momentu berezia izan zen hura, konfiantza handia jarri baitzuen nigan. Ziur aski, errazagoa zen ezezagun bati kontatzea, lagun edo senitarteko bati baino. Nirekin eremu ziurra sentitu zuen, eta konfiantza izan zuen hori kontatzeko. Pentsatzen dut era batean haien prozesuaren parte izan nintzela, bi izateko prozesuaren parte, beldurrak gainditzearen eta harrotasunez horren inguruan hitz egitearen parte. Oso zaila behar du horrelako komunitate itxi eta kontserbadore batean bizitzeak, zeinean gizarteak eta poloniar politikek LGTB mugimendua dagoen etsairik handiena gisa ulertzen duten. Badira kolektibo horren kontrako legeak, eta kontrakotasuna antzeman daiteke telebista publikoan, espazio publikoetan eta elizan ere. Beraz, adore handia eskatzen du horren inguruan hitz egiteak, batez ere zu ere pentsamolde horrekin hazi baldin bazara herri txiki batean, eta ez bazara hiri handi bateko aktibista bat. Oso indartsuak izan ziren guzti horri aurre egiteko.

Haiek, ordea, ez ziren oraindik armairutik atera beste inoren aurrean, herriaren aurrean. Momentu batean ohartu zinen hori izango zela filma gidatuko zuen haria, eta haiek pixkanaka onartu zuten nazioarteko film batean aterako zirela armairutik. Nolakoa izan zen prozesu hori?

Elkarrekin harreman sentimentala zutela jakin nuenean pentsatu nuen ez zela posible horri buruz filma egitea. Ezkutuan zeramaten harremana, beraz ezinezkoa zen filmatzea, ez zuen zentzurik. Ez zuten horren inguruan hitz egin nahi, beraz ez zegoen modurik film hori egiteko. Halere, denbora asko igarotzen ari nintzen Aga eta Milosekin, haien biziaren parte nintzen, eta Aga askotan egoten zen Maijarekin bideo-deietan. Noizean behin hitz egin nuen harekin, eta deiren bat ere filmatu nuen. Orduan, Agari proposatu nion Maijari bisita egin behar geniokeela Alemanian, eta hala egin genuen. Elkarrekin joan ginen autoan, oso urduri nengoen, beldur nintzen proiektuaren parte izan nahi ez zuela esango ote zidan. Baina aurkakoa gertatu zen. Ohartu nintzen bera proiektutik baztertua sentitzen ari zela, eta hara joan ginenean eta bera ere filmatzen hasi nintzenean pozik hartu zuela, familiako kide bihurtzen ari zela sentitu baitzuen, eta hori oso garrantzitsua zen berarentzat. Bere gogobetetzea ikusi nuenean hasi nintzen pentsatzen, agian, bazegoela harreman hura film batean kontatzeko potentzialtasuna.

Denbora asko behar izan genuen. Hasieran, zuzenki galdetu izan banie euren harremanari buruzko filma egin ote nezakeen, ezetz esango zidaketen. Baina prozesua luzea izan zen, denbora asko pasa nuen euren inguruan, kamerarekin, eta era batean ados zeuden horrekin. Urteak pasa ahala, hainbat armairutik ateratze egin zituzten, filmatzen nituen bitartean. Orain oso pozik eta harro daude, urduri egon badira ere. Jakin-mina dute ikuslegoaren erreakzioa zein den jakiteko. Haiei erakutsi nienean beldur nintzen ez ote zitzaien gustatuko, edo gauza bat edo beste kentzea eskatuko ote zidaten.

Beraz, azkenik, onartu zuten filmak euren harremana erakustea.

Bai. Eta uste dute samurtasuna erakusten duela, fina dela. Benetan gustatu zaie filmaren bidez eginiko hurbilpena. Pozik daude sentimendu ederrak ageri direlako, eta giro ona duelako, ez delako drama hutsa. Oso lasaigarria da filma norabide berean ulertu izana; batzuetan protagonistek buruan dutena eta zinegileak egiten duena aurkako bidean joan daitezkeelako. Zortea izan dugu zentzu horretan.

'Silent Love' filmaren afixa.

Filmaren lengoaia da lorpen handienetako bat. Sotiltasunez mintzo da, eta badira isiltasun asko ere, esanahi desberdinak dituztenak. Zein izan da lengoaia hori eraikitzeko bidea? Eta nolakoa da "isileko maitasun" hori kontatzeko aukeratutako isileko lengoaia, filmaren izenburuak iradokitzen duenez?

Filma eraikia dago protagonistek eta nik dugun harremanaren gainean. Uste dut hori dela gauzarik garrantzitsuena. Denbora luzez egon nintzen haiekin bizitzen, eta familiako kide bilakatu nintzen. Bakarra nintzen errodatzeko orduan, neu arduratzen nintzen bai irudiaz bai soinuaz. Nire presentzia ohiko bihurtu zitzaien. Kamera bizkar gainean hartzen nuenean ni han ez banengo bezala egingo zutela adostu genuen, eta oso onak izan dira horretan. Baina dena zegoen eraikia elkarrekiko sentitzen genuen konfiantzaren baitan. Noski, izan genituen hainbat arazo, batez ere harremana ezkutatzen ari zirelako. Asko hitz egiten genuen horren inguruan, mahai gainean zegoen, baina sarri berriz etortzen zen... beldurra hor zegoen. Prozesu luzea izan zen. Zintzoki, uste dut filmak eragin positiboa izan duela zentzu horretan, ahalduntzen lagundu dituela, eta harrotasunez bizitzen. Prozesu ederra izan da, harrigarria guztiz.

Zalantza etiko asko izango zenuen, ezta? Nola egin film interesgarri bat eta, era berean, haien prozesua errespetatzen duen film bat.

Bai, noski. Prozesuaren erdian haiek filmaketa amaitu nahi izan zuten une askotan. Hizketaldi asko behar izan genituen aurrera egiteko. Hitz eman nien inoiz ez genuela erabiliko deserosotasuna eragin ziezaiekeen eszenarik, edo agertzea nahi ez zutenik. Noski, nik ez nuen egin nahi minduko zituen ezer, baina intentzio ona izateak bakarrik ez du balio, kaltea nahi gabe ere egin dezakezu-eta. Eta era berean, ezin gara ziur egon filmak zein eragin izango duen haien bizitzan. Benetan uste dut eragina izan duela modu batean. Esaterako, haien familiek Instagramen "gogoko dut" jartzen diote filmaren ekoizleek igotako informazioari, eta komentarioak idazten dituzte. Eta lehen ez zen horrela. Beldur handia zuten ea nola erreakzionatuko zuen familiak guzti honen aurrean, eta badirudi oso modu onean egin duela; horrek, gainera, haiekiko harremana sakontzeko bidea irekitzen die. Beste galdera bat da herriko jendeak nola hartuko duen filma, lehenago edo beranduago ikusiko baitute. Halere, baliteke giroa argitzen laguntzea, denek dutelako dagoeneko harremanaren berri, baina inork ez duelako ezer esaten.

"Ez ditut filmak ulertzen momentu jakin bateko gertakari gisa: niretzako unibertsalak dira, denbora ez da horren garrantzitsua"

Zaintza etiko horren baitan hartu genuen erabaki garrantzitsuena izan zen filma kaleratzeko Milosek 18 urte bete arte itxoitea. Ziur egon nahi genuen filmak ez zuela eragingo prozesu judizialean, eta sistema politikoak ez zuela gure aurka erabiliko. Berehala adostu genuen hori, nahiz eta jakin horrek zain egotera behartuko gintuela. Baina, berez, ez zitzaidan gehiegi inporta. Ez zait gustatzen filmak ulertzea momentu jakin bateko gertakari gisa; niretzako, unibertsalak dira, eta denbora ez da horren garrantzitsua. Filma harreman baten ingurukoa da, sentimenduen ingurukoa, eta horiek iragangaitzak dira, denborarik gabekoak. Gehiago ere itxoin nezake. Hiru urtez filmatu nuen, eta urtebeteko muntaketa lana egin genuen.

Nolakoa izan zen muntaketa lana? Ziur aski material asko zegoen, gehiegi.

Bai, eta horretaz gain, gehienetan ez zen ezer gertatzen. Haien egunerokoa filmatzen nuen. Filmatzen ari nintzen bitartean banekien eszena horietan, lehen begiratuan, ez zela gauza handirik gertatzen. Baina gerturatu ahala, gauza asko gertatzen ari ziren eta tentsio handia zegoen. Nire buruari galdetzen nion ez ote zen izango aspergarria. Pazientzia handiz filmatu nuen, oso begirada behatzailez, han egonez, zain. Haien atzetik mugitzen nintzen. Eta saiatzen nintzen ezer ez galtzen. Muntaketa lana oso zaila izan zen, urtebete inguru eman genuen, eta Anna Garncarvzykek lan benetan ona egin zuen.

Zein finantzazio izan zenuen filma aurrera atera ahal izateko? Zein harreman zegoen poloniar estatuarekin zentzu horretan, LGTB mugimenduarekiko dituzten politikak kontuan izanik?

Hasieran bakarrik hasi nintzen, nik neuk finantzatuta. Filmatzen hasi nintzen material nahikoa izan arte, teaser bat editatzeko adina. Gero Agnieszka Skalskaren Koi Studio ezagutu nuen, edo berak aurkitu ninduen ni, eta elkarrekin jarraitu genuen lanean. Doc Poland bezalako hainbat programatara aurkeztu genuen proiektua, eta Alemaniako koprodukzioa lortu genuen. Poloniar telebista nazionalak debekatua du LGTB kolektiboarekin lotutako filmei dirua ematea, beraz, bide hori ezin genuen jorratu. Ez genekien Poloniako Film Institutu Nazionalak dirurik emango zigun edo ez, eta diru kopuru txikia eskatu genion. Ondo atera zitzaigun. Skalska produktoreak lan benetan ona egin zuen.

Filma Polonian erakusteko asmoa duzue?

Estreinaldi nazionala Varsovian egingo da Millenium Docs Against Gravity jaialdiaren baitan. Hori izango da, beraz, lehen proiekzioa Polonian. Gero zinemetan emango dute hiri nagusienetan, eta ostean, pentsatzen dut sareko plataformaren batean amaituko dugula. Uste dut prest gaudela jendeak filma ikus dezan eta horren inguruan hitz egin dezan.

Marek Kozakiewicz (Polonia, 1986)

Zinema zuzendaria eta argazki zuzendaria da; bideoklip eta multimedia artista. Łódźeko Zinema Eskola Nazionalean (PWSFTviT) graduatu zen Zinema Fakultatean. Łódźeko Unibertsitatean Film Ikasketak ere egin zituen.

Bere lehen metraje luzeko dokumentala, Silent Love, Visions Du Réel eta Hotdocs 2022 festibaletako programa ofizialean aukeratua izan da. Proiektuak DOC LAB POLAND saria jaso zuen eta Accelerator Saria 2019 DOK Leipzig film azokan.

Egun, zuzendari eta argazki zuzendari gisa Poloniako gazte ez-binarioei buruzko film berria lantzen ari da, Netflix Originals-ek ekoiztua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


Eguneraketa berriak daude