“Testuinguru politiko jakin batean torturatu ninduten, albo-kaltea izan zen nirea”

  • Hamaikatan ikusi ditugu berak mugimendu feministaren barruan egindako marrazki, kartel eta logoak. Inoiz, bere eskuz idatzitako mezuak hormaren batean irakurri ere bai. Berak eginak zirela jakin ez guk, ordea, izenik ez baitzuten ageri. Jakin ez guk Amaia Andrieu Sanzek bere baitan daramala tortura, horrek ere ez baitu sinadurarik ageri.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zenbait hari-mutur biltzen saiatu naiz elkarrizketarako, bizpalau ditut hasikizun: tortura, EHU, Arabako Batzar Nagusiak... Zure hasierakorik ez dakit.
Bilbon jaio nintzen, Indautxun. Etxean gerrari buruz hitz egiteko beldurra zegoen. Guraso biak gerra galdu zutenen haurrak izan ziren. Bi familietan ezagutu zuten erbestea. Aitaren bi arrebak Holandan izan zituzten. Ama, berriz, hamabi urte zituela, Frantziako Sault de Vaucluse (Ventoux, Proventza) herrian amamarekin. Handik, Kataluniako Roda de Ter herrira jo zuten, errefuxiatu, pentsatuz aitaita ere hantxe zela, frontean. Gerra eta gero, Bilbora itzuli ziren denak.

Gerra galdu zutenen seme-alabak zuen aita-amak.
Oso Francoren kontrakoak biak, baina are gehiago amaren aldeko familiakoak, bai ama eta bai amama errepublikako emakumeen erakundeko kideak baitziren. Intsigniak ere bazituzten, baina Roda de Terren lurperatu behar izan zituzten, errepresioaren beldurretan. Natividad Perez Benguria nuen amama, emakume gogorra. Niri dagokidanez, Burgosko epaiketaren garaiaz gogoratzen naiz. Amaren nebak epaiketako grabazio famatua ekarri zuen, non aditzen baitira Mario Onandia Gora Euskadi Askatuta! oihuka eta epaituak Eusko gudariak kantatzen eta iskanbila guztia. Logelara sartu ziren grabazioa entzutera. Guk ez genekien zer ari ziren, han misterioren bat bazela besterik. Ama negarrez atera zen logelatik…

Etxe barruko giroa, batetik, kalekoa bestetik...
Bilboko errepresioa gogoratzen dut. Umeak ginen, eta Areatzatik barrena gindoazen aitaren autoan, eta, orduantxe, Poliziaren karga: “Makurtu, makurtu!”, esan zigun aitak. Eta Polizia, eta karga!… Beste behin, berdin, eskolara bidean ni, Bilboko ingeniaritza parean, Poliziaren karga! Orduko hartan, ordea, tartean harrapatu ninduen! Zer zen hura! Edo ikurriña debekatuta zegoen garaian, aitaren lagun bati isuna jarri ziotela hura eramateagatik-edo…

1975ean hil zen Franco. 19 urte zuk.
Errekaldeberriko institutuan egin nuen UBI, eta horrek erabat markatu ninduen. Aita delineatzaile genuen ―delineatzaile zen eta harrobietarako makineria egiten zuen; enpresa txiki baten jabe zen―, aberaskumea ni, eta Errekaldeberri, berriz, langile-auzoa, gabezia handikoa: zenbait kale asfaltatu gabe, semafororik ez, estolderia desastre hutsa… Institutuan, gazte-taldea osatu genuen: haurrentzako aisialdi-begirale lana egiten hasi nintzen, adibidez, Artazuko parrokian eta auzoko bizimoduan eta borroketan sartu nintzen.

Argazkia: Zaldi Ero
"Tortura dela eta, niri izugarri lagundu dit aipatu mahai-inguru horietan parte hartzeak, kolektibo baten parte sentitzeak”

Zein ziren auzoaren borrokak, garai hartan?
Liburu bat bada garai hartakoa, El libro negro de Rekaldeberri (Errekaldeberriko liburu beltza). Auzoaren azterketa urbanistikoa egin zuen bertako auzo-elkarteak, eta hantxe ibili ginen gazteok semaforoak eta estoldak kontatzen, non kokatuta zeuden zehazten, kamioiak nondik igarotzen ziren seinalatzen… Langile-auzoa zen Errekaldeberri eta langileek zuzendu zuten lan hura, baina egia da langileen artean ere bazirela batzuk besteak baino ilustratuagoak, formazio politikoa zeukatenak, garaiko alderdi eta sindikatuetan ari zirenak. Gazteok, berriz, haien klase-ikuspuntuko azterketari batu gintzaizkion. Hortxe hasi zen nire formazio politikoa.

Ezkutukoa beharko zuen izan…
Erabat klandestinoa. “Eskola sozialak” esaten zen, Elizak utzitako lokaletan egiten ziren saioak. Auzoan bi abade ziren, “abade gorriak”, apaiz konprometituak, Rapel eta Txema ―auskalo zein zituzten deiturak―, herri mugimenduari guztiz lotuta bizi ziren. Gero apaizgoari utzi zioten, jakina. Eskola sozial haietan Iñaki O’Shea izan nuen lehen politika irakaslea. Berak azaldu zizkigun Iraultza sobietarraren historia, marxismoaren gakoak… 18-19 urte genituen. Hurrena, Errekaldeberriko emakume gazteen taldea sortu genuen. Autokontzientzia taldea zen. Bortxaketa bat-edo izan zen Errekaldeberriko jaietan, eta antolatzen hasi ginen: feminismoari buruzko testuak irakurri, eztabaidatu, eta gure ondorioak marrazten hasi ginen, ez alferrik nintzen ordurako Arte Ederretako ikaslea.

Zer esan nahi du zuen irakurketen ondorioak marrazten hasi zinetela?
Bada, gure mezuak publizitate-hesietan itsasten genituela. Testua erabaki, marrazkia ere pentsatu, hartu eskailera, hartu kola, eta publizitatearen gainean geure mezua ezartzen genuen. Panfletoak ere nahi beste egiten genituen. Agitprop, alegia: agitazioa eta propaganda. Auzoko emakumeen kontzientzia pizteko jarduerak. Ordurako, Errekaldeberriko emakumeen batzorde bat lanean ari zen, haurtzaindegia eskatzen, modulu psiko-soziala lortzeko borrokan, familia-plangintzarako zentroa aldarrikatzen ―lortu ere egin zuten― , eta, laster, 1977an bi taldeok batu ginen.

Halako batean, atxilotu egin zintuztela dakit, torturatu egin zintuztela...
1981ean izan zen hori. Arte Ederrak amaitu eta Gasteizko Irakasle Eskolan lanean ari nintzela. Harremanak nituen ETAko Juan Antonio Madariaga Erezumarekin, Madril komandokoa. Harrapatu zuten, eta sarekada itzela egin zuten. 1981eko urrian izan zen. Otsailean, Joxe Arregi hil zuten, torturatuta, Madrilen. Hura otsailean hil, ni urrian atxilotu. Eta torturatu. Beste asko baino gutxiago torturatu ninduten, garai hartan zenbat eta nola torturatzen zuten kontuan hartuz gero, behintzat. Fakultateko bulegora etorri zitzaidan polizia sekretua. Inork ez zuen jakin. Ikasleentzako testuak idazten ari nintzela, hartu eta eraman ninduten. Lehenengo, Gasteizko polizia etxean eduki ninduten. Gero, Madrileko DGSra (Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusia, Eguzki Atean).

"Uste dut diferente torturatzen dela pertsona bakoitza. Tortura oso espezifikoa da. Pertsona suntsitzea da torturaren helburua eta, horretarako, tortura-metodoak egokitu egin behar izaten dituzt"

Hantxe hila zuten Joxe Arregi hilabete batzuk lehenago.
Ni ere atxilotu eta torturatu egin ninduten. Gasteizen, kirofanoarena egin zidaten, sabelean jotzen ninduten… abdominalak zeharo minberatuta gelditu zitzaizkidan. Hurrena, kolpeka eraso zidaten, ostikoka… Halako batean, iletik tinkatu ninduten, ile-mataza kendu zidaten, soilunea utzi zidaten… Epailearen aurrera eraman nindutenean, itxura penagarria nuen. Esan nion epaileari, baina ezer ez. Forentseak artatu ninduen, baina artatu ez beste guztiak egin zizkidan: haren mespretxua jaso nuen. Buruaren bi aldeak oso handituta neuzkan, alde bietan batera jotzen ninduten. Bi hilabete ere behar izan nituen neure onera etortzeko. Ordurako, kartzelan nengoen. Lotara nahi, eta min buruaren alde batean. Beste aldera jiratu, eta berdin. Ohetik jaikitzen ere lagundu behar izaten zidaten.

Kartzelara sartu zintuzten, beraz.
Yeseriasera, Madrilgo emakume kartzelara. Ez nuen inor ezagutzen. Hainbat atxilotuk furgoian ezagutu genuen elkar, kantari hasi ginen, kartzelara ginderamatzatela.

Furgoian kantari?
Bai, hunkituta geunden! Torturak-eta amaituta, gainerakoa ja berdin zitzaigun. Ez nintzen torturatu bakarra, jakina. Badakit Jimena Alonso ere torturatu zutela, Madrilgo feminista, eta beste zenbait emakume.

Zer diozu generoaz? Diferente torturatzen da emakumea?
Uste dut diferente torturatzen dela pertsona bakoitza. Tortura oso espezifikoa da. Pertsona suntsitzea da torturaren helburua eta, horretarako, tortura-metodoak egokitu egin behar izaten dituzte. Gizonezkoei barrabiletan elektrodoak aplikatzen badizkiete –horixe egin baitzioten Madari-ri "[J.A. Madariaga], adibidez– , niri mehatxuka ere eraso zidaten, tortura psikologikoa eragin, “zure ahizparen etxera joango gara eta ikusiko duzu, halako eta halako egingo diogu!”. Ahizpa gaztea Madrilen bizi zitzaidan garai hartan! Kirofanoarena egin bitartean, sabelean kolpeka ari zitzaizkidala, berriz, “Ez duzu haurrik izango!” hots egiten zuten. Holaxe. Baina zortea izan nuen, ez ninduten biluztu, ez ninduten bortxatu... badakigu-eta hori ere egin izan dutela.

Zer deritzezu torturaren inguruan egiten diren galderei, ahazten den, ez den ahazten, barkatzen den, biktimei, torturatzaileei…?
Ez dakit, bada, zer esan... baina ahaztu, tortura inoiz ez da ahazten. Hainbat gertakizun politikok markatu dute nire bizitza, eta tortura eta kartzela izan dira haietako batzuk. Nik neuretzat gorde dut tortura, nahiz eta familiaren edo lagunen testuinguruan eta bai epailearen aurrean haietaz mintzatu naizen. Behin, unibertsitatean, torturari buruz gazteek antolatutako mahai-inguru batean parte hartu nuen, baina besterik ez. Harrezkero, 2016an, EHU eta Kriminologiaren Euskal Institutuan burutzen ari ziren torturari buruzko ikerketan nire kasuaren berri ematera animatu ninduten. 2018an, Egiari Zor fundazioak emakumeaz eta torturaz antolatutako mahai-inguru batean hartu nuen parte Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, eta 2020an, berriz, Foro Sozialaren batean, Gasteizen, Europa jauregian. Berri samarra naiz horretaz hitz egiten…

Torturaren ondorioak baitezpadakoak dira, behin eta berriz eta askotan ikusi dugunez.
Hor gelditzen zaizu hori ere. Ondorio fisikorik utzi didan ez dakit… beharbada bai, bost disko dituk kaltetuak, bost hernia, eta baliteke egin zizkidaten tortura haiekin erlazionatuta egotea. Ez dakit. Baina gauza bat badakit, torturaren ondorioez ari garela: gelditzen da beldurra, berriro gerta dakizukeela pentsatzen duzu, Poliziak esango ote duen: “Hor dabil hori oraindik, gerra ematen! Berriz harrapatuko dugu!”. Baina beldur horri aurre egiten ikasi behar duzu, bestela akabo! Eta niri izugarri lagundu dit aipatu mahai-inguru horietan parte hartzeak, kolektibo baten parte sentitzeak. Orain lasaiago nago, baina uste dut hori hortxe dela beti, zelatatua zaren kezka. Torturatzaileei buruz, berriz, ez dut ezer pentsatzen. Nire buruan ez da barkamena sartzen, moralaren arlotik aldendu nahi dut gaia. Badakit testuinguru politiko jakin batean torturatu nindutela, tokatu zitzaidala; albo-kaltea izan zen nirea.

Urtebete egin zenuen Yeseriasen, emakumeen kartzelan.
Bai, ia urtebete. Denbora gutxi baina oso intentsoa. Emakume ederrak ezagutu nituen. Eta asko ikasi nuen haiekin eta haiengandik. 1982ko irailean irten nintzen, baldintzapean, garai hartako 500.000 pezetako fidantzaren truke eta fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatuta. Irten nintzenean kartzelan bigarren gose greban ginen, borrokan, kanpoko borroka politikoarekin bat eginez. Kartzelatik irten eta hauteskunde kanpainan zeuden hemen, eta Yeseriasetik etorri eta hurrengo egunean mitina Errekaldeberrin: Santi Brouard, Izaskun Larreategi… Kartzelan, agiria prestatu genuen eta niri hura irakurtzea egokitu zitzaidan. Ai ama! Kideak kartzelan, eta ni han nengoela ohartu nintzenean, ahal izan nuen bezala esan nuen esan behar nuena, eta gero negarrez lehertu nintzen. Desastrea! Oso ahul nengoen, kartzelatik irten berria, orduantxe purea jaten hasia-edo. Oso nekez errekuperatu nintzen.

Argazkia: Zaldi Ero
"Interesgarriena da feminismoaren praktika politikoa, txikitik egiten dena, herri eta auzo bakoitzetik ehuntzen, antolatzen dena. Hortik elikatu ziren 2018 eta 2019ko greba feministak"

Feminismotik ari zinetela borrokan esan diguzu. Horretan ari zara Errekaldeberriko garaiaz geroztik.
Mugimendu feministan sartuta, bai. Arte Ederretako ikaslea nintzela arteari buruzko oinarrizko testu marxista batzuk hasi ginen irakurtzen (Hadjinikolaou, Arvatov, Carpani...). Ikaskide talde bateko lagunok argi ikusi genuen ez genuela artista izan nahi. Gure trebetasunak herri mugimenduen zerbitzura jartzeko hautua egin genuen. Eta mugimendu feministan propaganda egin behar genuenez, diseinu grafikoan saiatu nintzen beste kide batzuekin elkarlanean. Egon naizen erakunde feministetan propaganda edo komunikazio lantaldea antolatu dugu. Kartelak egiten genituen, pegata-k, txapak, kamisetetarako irudiak, panfletoak, aldizkariak, agenda feministak... Esaterako, Aizan!-en agenda ARGIAren egoitzan maketatzen uzten ziguten! Bada liburu bat, hiru liburu, Euskal Herriko kartelak, eta hantxe ageri dira guk egindako lanetako batzuk, anonimoak. Baita Gure genealogia feministak liburuan ere. Aizan!-en logoa, Egizanena, Bilgune Feministarena… guk egindakoak dira.

Zer aldatu da mugimenduaren baitan?
Dena eta ezer ez. Patriarkatuaren inguruko produkzio teorikoa asko hazi da. Oso interesgarri dago panorama. Ikasten jarraitzen dut. Halere, interesgarriagoa da feminismoaren praktika politikoa, txikitik egiten dena, herri eta auzo bakoitzetik ehuntzen, antolatzen dena. Hortik elikatu ziren 2018 eta 2019ko greba feministak. Antolakuntzarik gabeko teoriak ez du ezertarako balio. Praktikaren gaineko epistemologia egiten dugula esan zigun Angela Davisek gurekin egon zenean 2016an. Eta horrekin gelditzen naiz.

Zein mugarri dira zuk ezagutu duzun mugimenduaren barruan?
Mugarriak izan dira Euskal Herriko jardunaldi feminista guztiak, 1977an hasi eta bosgarrenak burutu genituen 2019an. Doktorego tesi baterako materiala dago hor. Horiez gain, gertaera batzuk aipatzearren, abortatzeko eskubidearen aldeko borroka, zapalkuntza hirukoitzaren planteamenduaren sorrera... Noski! Kar, kar... Feminismo instituzionalaren hasiera, hetero-arautik kanpoko sexu-genero identitate berrien aldeko borroka... Hortxe ari gara gu, beti borrokan, batzuk mugimendu feminista autonomoan, eta beste batzuk alderdi politikoren edo sindikaturen baten barruan. Eta, benetan, mugimendu feminista autonomoa funtsezkoa da emakumeen askapenerako borrokan bidea markatzeko. Baina, gaur egun, inoiz baino baldintza objektibo gehiago dago elkarlanean aritzeko erakunde mistoetan militatzen duten ezkerreko emakume feministekin. Konplizitate horiek ezinbestekoak dira euskal estatu sozialista eta feminista lortu nahi dugunontzat.

1970 inguruan, Errekaldeberriko jaietan izandako sexu-eraso batek mugiarazi zintuzten. Oraingo egunean ere, horretan gara, sexu-erasoak dira beti.
Horrek ez dauka etenik. Edo sistema osoa iraultzen dugu, edo ez dago modurik.

                                                                                             *         *          *

Euskara feminismoan
“Unibertsitatean lanean ari nintzela ikasi nuen euskaraz. Lau hilabetez liberatu ninduten eta Kortezubin izan nintzen AEKren barnetegian. Santi Brouard hil zuten urtean izan zen. Gero, Lesakara joan nintzen neure kabuz udako barnetegira. Ordu arte, gaztelaniaz egin nuen dena: Errekaldeberriko lanak, feminismoa… Orduko feminismoan testu guztiak gaztelaniaz egosten genituen. Aizan! eta Egizanen garaietan apustu sendoa egin genuen euskararen alde. Orain, Bilgune Feministan, testu guztiak euskaraz egiten dira, eta gero itzuli. Irauli egin da egoera”.


Euskara Batzar nagusietan
“Nik euskaraz aurkeztu ditut ekimenak ―oso gutxi―, eta euskaraz egiten dut haien defentsa. Gure taldean [EH Bildu], euskaraz egiten dugu lan gehiena eta zerbait ere gaztelaniaz, tartean badaudelako behar besteko euskara-maila oraindik ez duten kideak. Itzultzaileak gaztelaniara itzultzen ditu gure mozioak eta talde guztiei helarazten zaizkie. Batzarkide batzuek euskaraz egiten dugu, beste batzuek gaztelaniaz. Baina instituzioen hizkuntza nagusia gaztelania da”.

AZKEN HITZA

Demokrazia

“Hau ez da demokrazia, ez behintzat nik ulertzen dudana. Monarkia parlamentario baten menpean bizi gara Euskal Herriko hegoaldean!,   ez ahaztu hori! Demokrazia, zer demokrazia? Demokrazia bahitua!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Sorginen duintasuna aldarri

Lan kontu bat dela eta berrirakurri behar izan dut liburu zoragarri hau. Teoria, genealogia eta historia feminista batzen dituen liburu motz honek kritika ugari izango zituelakoan sarean begiratu eta, sorpresa! bakarra aurkitu dut, Irati Majuelok Berria-n idatzi zuena.
[+]


Milaka lagunek salatu dituzte Sanferminen lehen egunean izandako eraso matxistak

Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du uztailaren 7an, bezperan izandako lau eraso salatzeko. Berriozarren eta Tuteran bi gizon atxilotu dituzte sexu abusuengatik.


Gorputz hotsak
“Erotikan ere, ez dugu lortzen produkziotik ateratzea”

Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]


2024-07-03 | Erria
Heteroarauaz beste egiten, elkarrekin

Lau hamarkada luzeko ibilbidea du Euskal Herrian bolleren borrokak; garaiko lesbiana feministen oinordekoak dira. Desira eta identitate sexual hutsa baino askoz gehiago da bollerismoa: sistema zisheteropatriarkal eta koloniala borrokatzeko estrategia politikoa, gorputzetik eta... [+]


Zuriketa arrosa, indarkeria medikoa eta psikiatrikoa eta Palestinako genozidioa salatu ditu LGTBIAQ+ mugimenduak

Kaleak bete dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Salatu dute erakundeek aurpegia garbitzen dutela keinu sinbolikoekin. 


Ipar Euskal Herriko lehen Emakumeen Etxea zabalduko dute Urruñan

Ipar Euskal Herriko lehen Emakumeen Etxeak ateak zabalduko ditu ondoko hilabeteetan Urruñan. Ostegunean, ekainaren 27an, ukan dute sorrera finkatzeko biltzar nagusia eta horren berri eman digu Véronique de la Devèze militante feministak.


Miren Gaztañaga
“Ez da erraza zineman eta antzerkian gauzak beste modu batean egitea. Baina saiatu gaitezke”

Askotariko lanak egin ditu Miren Gaztañagak antzerkian, zineman zein telebistan, baita dantza edo musikari lotutako proiektuetan ere. Txani Rodriguezen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberrian oinarritutako pelikularen errodajea amaitu... [+]


Maider Arregi
“Parafernalia eta politika ere bai, baina guk bertsotan egiten dugu”

Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean:Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]


Gorputz hotsak
“Baimenik eskatu gabe interbentzio kirurgiko ugari egin zizkidaten”

Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta... [+]


2024-06-19 | June Fernández
Irantzu Varela, komunikatzaile feminista
“Erreparazio zein mendeku ariketa bat da nire eleberria”

Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren... [+]


Historiari eta esklerosi anizkoitzari buruzko irakaspenak

Mallorca, 1968. Joana Maria Escartin historialaria jaio zen. 1989an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten eta joan den maiatzaren 30ean hil zen jaioterrian, 56 urte zituela, hain zuzen, esklerosi anizkoitzaren nazioarteko egunean.

Ikasketak UIBn (Universitat de les Illes... [+]


Ekofeminismoaz, motozerra eskutan

Duela hilabete inguru, unibertsitateko kide gizonezko baten liburu aurkezpenean ginela, egoera bitxi samarra gertatu zitzaigun. Ekologiari buruzko liburua zen eta erreferentzien artean hainbat pentsalari ekofeminista zeuden. Egileak, baina, inongo momentuan ez zuen aipatu... [+]


Abortua homizidio bilakatu nahi duen lege proiektuaren aurka kalera atera dira Brasilen

Ehunka emakume irten dira manifestatzera ostegunean, Brasilgo Sao Paulo eta Rio de Janeiroko kaleetara. Partidu Liberalak legea proposatu du, abortua 22. astetik aurrera homizidio arrunta bezala epaitua izateko. Lege horren arabera bortxatua izan den emakume batek, denbora epe... [+]


Askatasunerako dantzalekua

Zaintzan oinarrituriko gau aisialdi “askeagoa” eta “seguruagoa” sortzeko asmoz sortu da Harrika kolektiboa. Bi urte daramatzate Gasteizen tekno besta kuir eta feministak egiten. Uztailaren 26tik 28ra Harrikada Festibala izanen da Izarran (Araba).


Eguneraketa berriak daude