Etxe bat egitea, alokatzea edo erostea ez da maiz egiten dugun zerbait, baina bai bizitzan egiten dugun inbertsiorik handiena, normalean. Hori ez da aldatu aspalditik, bai ordea etxegintza ulertzeko modua. Guk zaindu beharreko etxeen partez, gu zaintzen gaituzten etxebizitza osasungarri eta jasangarriak altxatu behar ditugu. Passivhaus, energia kontsumo ia zerodun etxeak... kontzeptu berriak dira gutako gehienontzat, eta Koldo Monreal enpresari ekintzaileak pasioz aldarrikatzen dituenak.
Askotan hitz egiten duzu balioez. Nola uztartzen dituzu horiek etxegintzarekin?
Bizitzan badira moldeatzen zaituzten irakaspenak eta gertaerak. Gaztetatik dantzaria izan naiz, hamaika urtez Iruñeko gaitariekin aritu nintzen lanean, Iruñeko inauterien berreskurapena sustatu nuen… eta giro horretan ikasi nuen gauza guztiak beti gertatzen direla arrazoi sozial eta politikoengatik. Inguruan izan nituen pertsonei esker eskuzabal izaten ere ikasi nuen. Gaztetxo nintzela, Lanbide Heziketatako ikasketak egitera bideratu ninduten. Hala ere, hura bukatutakoan UBI egitera sartu nintzen karrera bat egiteko asmoz. Han filosofia, artea edo historia ezinbestekoak direla deskubritu nuen, eta Soziologia eta Zientzia Politikoak ikasteari ekin nion, baina ordurako lanean ari nintzenez, ikasketak ezin izan nituen amaitu.
Kultura eta artetik beti hurbil sentitu naiz eta horregatik kultura ekoiztetxe bat abiarazi nuen. Artelanek sortarazten dizkizuten sentipen horiek nire lanera eramaten saiatu izan naiz beti, baita eraikuntzaren alorrera ere. Ezagupen horiek guztiak eta jendartearekiko dudan interesa nire lanarekin uztartzen saiatzen naiz beti. Bizitokia oso garrantzitsua da eta jendeari pixka bat zoriontsuago izaten lagundu nahi diogu.
Nola iritsi zinen eraikuntzaren alorrera?
Komertzial gisa hasi nintzen. Gero, 2008ko krisialdi latza hasi zenean, Frantziako enpresa batek eskaintza egin zidan haiekin lan egiteko, baina nik nahiago izan nuen haien materialen inportatzaile bihurtu. Teilak eta teilatuetako materialak hasi nintzen ekartzen. Nire telefono mugikorrarekin, emaztearen autoarekin eta seme txikiaren logela bulego bihurtuta hasi nintzen. Krisialdi gogorrenean izugarri handitu zen enpresa. Berehala lau langile izatera pasa ginen eta gaur egun hamabost gara. Honekin batera, Hobeki ingeniaritza taldea sortu genuen, gure atal teknikoa, orain enpresa independente bezala funtzionatzen duena.
Eta kontsumo gutxiko eraikuntzaren alorrera nola iritsi zinen?
2013an familiarentzat etxea egitea erabaki genuen. Han ikusi nuen zenbat gauza txar dagoen eraikuntzaren munduan. Txarretik askoz gehiago dago onetik baino. Engainatu ninduten eta gure aurrezki guztiak galdu genituen Basaburuan egin nahi genuen etxean. Eraikitzaileari esker, gaur egun Lekunberrin dugun orubea lortu genuen. Ordurako bi umeren guraso ginen jada eta gure ametsetako etxea egin nahi genuen, jende gehienak bezalaxe: etxe bat jasangarria, efizientea, arduratsua naturarekin... Arkitekto ezagun bat kontratatu genuen, baina berehala ikusi genuen 30 urte zeramala lanean batere birziklatu gabe.
Etxea ia amaituta zegoelarik, ez geunden oso pozik eta lagun batek passivhaus estandarreko etxe bat egiteko gomendioa eman zigun. Hitzaldi batera eraman ninduen eta han, halako etxe batean bizi zen pertsona batek bere sentsazioak deskribatu zituen, nik orain ditudan berberak. Han erabaki nuen beste etxe bat nahi nuela. Etxe berri bat nahi nuen eta egiten ari ginena zaharra zen, ordea. Bota genuen egiten ari ginena eta hutsetik berriz hasi. Horrela altxatu genuen Plazaola Etxea, penintsula osoan Passivhaus Institutuaren energia kontsumo ia zerodun ziurtagiria lortu zuen lehen etxea, eta han bizi gara 2014az geroztik.
"Hasi gara hurrengo urratsa ematen: zero positiboan gaude. Hau da, behar dutena baino energia gehiago sortzen duten etxeak ari gara egiten”
Nolakoa da halako etxe bat?
Etxea gure bigarren azala da. Izugarri eragiten digu gure osasunean eta ongizatean. Nik argi nuen patologiarik gabeko etxe bat nahi nuela.
Hau lortzeko etengabe airea garbitzen dugu fluxu bikoitzeko sistema baten bidez, tenperatura egonkor mantentzen duena. Horrekin batera, CO2-aren, hezetasunaren eta hozberoaren neurketak egiten dira aldioro airearen kalitatea ziurtatzeko. Hori gauean nabaritzen da, bereziki. Ate eta leihoak ixten baditugu CO2 maila igotzen da eta oxigenoarena gutxitu, ondorioz, burmuinak eta gorputzak, oro har, atseden gutxiago hartzen dute.
Prestazio handiko etxe batean hori ez da gertatzen, eta gainera ez dago usainik, hezetasunik, hautsik edo intsekturik. Aire garbia dago beti eta tenperatura berean. Isiltasuna ere erabatekoa da. Arazo handienetako bat etxe batean izaten da guk geuk sorrarazten dugun hezetasuna nola atera. Normalean leihoa zabalduz egiten dugu, baina etxe hauetan aireztatzeko sistema da hori egiten duena. Leihoak badituzu, beste funtzio asko ere badituztelako, baina etxea haizeberritzeko ez dira beharrezkoak.
Ohituta gaude etxerako lan egitera, baina etxe berri hauek, aldiz, zu zaintzen zaituzte. Horretan datza diferentzia. Teknologiak gauzaz bete dizkigu etxeak eta oraindik ez dugu ulertu ez dela efizienteagoa eguzki plaka piloa duen etxea, adibidez, baizik eta energia gutxien behar duena. Horretarako ongi egina egon behar da, jakina. Eta ez da horretan amaitzen. Orain, dagoeneko, hasi gara hurrengo urratsa ematen: zero positiboan gaude. Hau da, behar dutena baino energia gehiago sortzen duten etxeak ari gara egiten.
Zertan datza Passivhaus zigilua?
Ni ez naiz zigilu pribatuen laguna, uste dudalako ziurtagiri eta bermeen sistemak publikoa izan beharko lukeela, baina existitzen bada, kudeaketa publikoa ez delako iristen izango da.
Passivhaus Institutua fisikari talde batek sortu zuen. Duela 25 urteko Alemaniaren egoera energetikoak bultzatuta eta energia kontsumoarengatik kezkatuta, hasi ziren pentsatzen nola lortu eraikinen energia kontsumoa murriztea eta bost puntutako betebeharreko oinarri bat zehaztu zuten: isolamendua erabatekoa, hermetikotasuna (gure enpresan egiten duguna), zubi termikoen deuseztapena (balkoiak hotza pasatzen badu, zuk hotza pasatzen duzu), airearen fluxu etengabea aire garbia izateko eta leiho egokien instalazioa. Nik, hala ere, beste bat gehiago aldarrikatzen dut: eguzkiaren kontrola. Eguzkiaren argia behar dugu, baina tenperatura kontrolatu beharra dugu, are eta gehiago orain klima aldaketak dakarkigun berotze globalarekin.
Hori da, funtsean, etxe bat egiteko aintzat hartu behar duguna. Eta berdin dio zer zigilu jartzen diogun. Hori da sinesten dudana eta nire lan taldeari kutsatu diodana: zerbait ongi egiten badakizu, zergatik ez duzu beti hala egin behar?
Eraikuntza zer puntutaraino ari da aldatzen gurean?
Oso mantso. Europatik urrun gaude oraindik. Parisko eta Municheko azoketara joaten gara aspalditik eta Munichekoa, bereziki, izugarria da. Hamabost urteko edo gehiagoko aldea dauka Espainiako egoerarekiko.
Eraikuntzan asko aurreratu da eta gu ez gara ohartu ere egin. Jarraitzen dugu etxeak egiten duela 30 urte bezala. Gainera estatu honetan pikarokeria da nagusi. Lan lasterrak baina eskasak, kasu askotan. Ulertezina da nola funtziona dezakeen horrela BPGaren %7 edo %8 mugitzen duen alor batek. Familia batek bere habia egin nahi duenean, saihestu ezineko pirataz inguraturik ikusten du bere burua.
Europan produktu edo praktika berri bat ateratzen bada, denek probatu nahi dute hobekuntza bat izan daitekeelakoan. Hemen ez. Kontsumo ia zerodun kontzeptuaz hitz egiten da, baina kalifikatzeko modua ez da berdina Europa osoan. Horren ondorioz, kontsumo gutxiko ziurtagiria duen eraikin batek ez ditu ezaugarri berdinak toki guztietan.
Adibide argigarri bat: orain arte –orain dugun energia krisialdi latza hasi aurretik–, BEZa barne, 298 euro gastatzen nuen urtean etxea berotzeko, hozteko eta ur beroa izateko, baina estatuan ziurtagiri bera ematen diote urtean 3.000 euro gastatzen ari den beste bati.
Etxebizitza da gure bizitzako gasturik handiena, horregatik arau zorrotzagoak jarri beharko lirateke, babesik gabe gaudelako. Nik nire hondar aletxoa jarri nahi dut jendarte hau alda dadin, baita funtzionatzeko moduan ere.
Zeintzuk dira zure erronkak etorkizunari begira?
Ingeniaritza enpresa bat sortu genuen bezala, eraldaketa soziala eta kulturala lagunduko duen fundazio bati bidea emango diogu orain. Enpresa honetan kooperatiba batean bezala funtzionatzen dugu praktikan, baina gure lan esparrua eta gure alde soziala ere zabaldu nahi ditugu, eta formula hori egokiago izango da guretzat.
Formakuntza saioak egiten ditugu maiz, adibidez. Teknologia honetan sakontzen hasi ginenean ikusi genuen Espainian ez zegoela material egoki nahikorik prestazio handiko etxeak eraikitzeko eta zegoena, oso prezio altuan saltzen zuten. Horretaz gain, langileentzako formakuntza behar handia zegoela bistakoa zen. Hainbat enpresarekin elkarlanean hasi ginen eta, berehala, Nafarroa passivhouse tekniketan jende formatu gehien zeukan eskualdea izatera pasa zen.
Bestalde, fundazio izan nahi dugu jendartea eraldatzeko ahalegina egin nahi dugulako. Hori da gure helburua eta, gainera, Europatik eskatzen zaiguna. Eraldaketa soziala abiarazteko masa kritikoaren %30 behar da gutxienez, eta horregatik jendeari informazioa eman nahi diogu. Asmo horrekin azoka garrantzitsuak hasi gara antolatzen eta helburu sozialak eta kulturalak dituzten hainbat elkarterekin ari gara elkarlanean, desgaitasunak dituzten pertsonen Baztango Xauli elkartearekin, edota Lekunberriko Erraldoiekin, adibidez. Berriki disko bat enkargatu diogu bertako musikari bati, gure enpresako ekintzetan erabiltzeko, eta kaleratzear dugu liburu bat etxea egin, erosi edo alokatu nahi duten pertsonei laguntzeko.
Kontsumo txikia eta eko-eraikuntza bateragarriak dira?
Hasteko kontzeptuak definitu behar dira, gaur egun nahas-mahas handia dagoelako. Eko eta bio etiketak errazegi jartzen dira. Ekologikoa ez da soilik eguzki plakak jartzea edo energia gutxi kontsumitzea. Lehengai bat jasangarria eta ekologikoa izan daiteke, baina 0KMkoa ez bada, gaizki goaz. Edo ekologikoa izan daiteke, baina energia asko kontsumitzen badu, gaizki ere bai.
Horrek kontraesana piztu zidan. Ni materialen inportatzailea naiz, baina 0KMren erabat aldekoa. Hori dela eta beste bide bat hasi naiz urratzen eta orain buru belarri ari naiz lanean Europako enpresa batzuek Nafarroan lantegiak zabal ditzaten, haien produktuak hemen ekoiztu ahal izateko. Hori epe luzerako lana da, eta horretarako ezinbestekoa da beste eragile batzuen eta gobernuen laguntza.
"Etxea gure bigarren azala da. Izugarri eragiten digu gure osasunean eta ongizatean. Nik argi nuen patologiarik gabeko etxe bat nahi nuela”
Eta Nafarroan ongi ari da jokatzen gobernua?
Hemen interesa dago eta konpromiso politikoa ere bai. Gobernu aldaketa izan zen 2015ean eta erabaki sendoa hartu zuten orduan bide horretatik joateko. Aurrerapauso batzuk eman dira eta beste batzuk bidean datoz. Estatuko lehen industrializazio zentro teknikoa Iruñean eraikiko da laster, adibidez. Nafarroako Gobernua modu transbertsalean ari da lanean horretan, departamentu guztietatik eta ñabardura politikorik gabe, eta hori oso garrantzitsua da jarraipena ziurtatzeko.
Beste lorpen bat izan da Edifica, estatu mailako azoka, Iruñera ekarri dugula. Lehen edizioa Iruñeko Baluarten egin zen eta bigarrena Ziudadelan, toki ireki eta irisgarri batean eta gainera kostu txikienarekin, etxegintza halakoa izan behar duela sinesten dugulako.
Etxebizitzen birgaitzea ere oso ongi egiten ari da Nafarroan, Nasuvinsaren bidez. Txantrea auzoan, esate baterako, 70eko hamarkadako etxe multzoan birgaitze globala egin da, eta gainera bero zentral kolektiboa abian jarriko dute, biomasa bidez funtzionatuko duena eta 4.500 familiei berokuntza-sistema eta ur beroa emanen diena datorren urtetik aurrera. Halako proiektuak oso garrantzitsuak dira.
Passivhaus-ek egin zuen sukalde errezeta erraza efizientea izateko, baina gainera ekologikoa eta jasangarria izaten saiatu behar dugu. Nafarroan zortea dugu erkidego txikia delako eta, aldi berean, ekonomikoki nahiko sendoa. Oso administrazio irisgarria dugu. Kontseilariak, presidentea edo udalak irisgarriak dira eta hori Madrilen adibidez, askoz zailagoa litzateke. Horrek guztiak azkar eboluzionatzeko aukera ematen dizu eta aukera ez dugu galdu behar.
Erakunde ekologistatik kezkatuta ikusten dute Barakaldo eta Erandio arteko zubia eraikitzeko itsasadarraren hondoko 87.000 metro kubiko; dragatzearen iragarpena. Diru publikoaren xahutzea, arduragabekeria eta agintarien planifikazio falta salatu ditu, baita obrak... [+]
EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]
Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]
"Lafarge eta bere konplizeak [hormigoiaren sektorea] haien baitarik ez dira geldituko, geldituko dira horretara behartuz gero", zioen Lurraren Altxamenduak sareak iazko abenduan egindako ekintza azaltzeko orduan. Mundu mailako lehen hormigoi eta zementu ekoizlea da... [+]
Kantabrian, obra publikoen kontratazioetako ustezko ustelkeria sarean nahasita egoteagatik atxilotu zuten API Movilidad enpresako Jose Luis Blanco, beste hainbat pertsonarekin batera. Enpresa horri, besteak beste, errepideak mantentzeko kontratua esleitu dio Gipuzkoako... [+]
Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]
Espainiako Estatuko Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak egindako txostenean, enpresa eraikitzaile nagusiek iruzur egindako obren adibide ugari azaltzen da, tartean dira Euskal Herrian azken urteetan administrazio publikoek esleitutako azpiegitura esanguratsu batzuk.
Acciona, Dragados, FCC, Ferrovial, OHL eta Sacyr zigortu ditu Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, 25 urtetan zehar milaka lizitazio publiko eraldatzeagatik obra zibiletako eraikin eta azpiegituretara bideratuak.
62 urte zituen hildako langileak. Aldamioan lanean ari zela makina astuna erori zitzaion gainera. Gertakariaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute asteazken arratsaldean Barakaldon, prekarietatea eta lan baldintza txarrak salatzeko.
Olarizu auzoko lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute urtarrilaren 13an ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Prebentzio neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diete enpresei eta administrazio publikoari.
Asteazkenean argitaratu dituzte EAEko ogasunek zordun handien izenak jasotzen dituzten zerrendak. 242 izen ageri dira horietan, 850 milioi euroko zorra pilatuz. Nafarroako ogasunak asteartean argitaratu zuen zerrenda. Lurralde guztietako zerrendetan, higizezinen eta eraikuntza... [+]
AHTaren zati batean, adibidez, langileak “egunean hamaika orduz” jarduten dira, sindikatuaren arabera. Horrez gain, “azpikontratazioaren bidezko amarruak” ere salatu dituzte.
Abiadura Handiko Trena “estrategikoa” dela berretsi du Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak. Gobernuko bazkide den PSE-EEko lehendakari Idoia Mendiak ere ekonomia suspertzeko garrantzitsu ikusi du, “baina” garai hauetan dirua “gaizki... [+]
Balzola eraikuntza etxeak 179 langile ditu eta hiru hilabeteko soldatarik jaso gabe jarraitzen dute. Bizkaiko eraikuntza publikoarekin oso lotua egon da sorreratik: berak egin ditu, besteak beste, Guggenheim, Paraninfo UPV, Metro Bilbao, AHTko zenbait zati eta Iberdrola Dorreko... [+]
Eraiki Prest azpikontratak langile portugaldarra Alemaniara eraman zuen 2018ko irailean, Enova enpresarentzat lan batzuk egiteko, eta teilatu batetik erori zen. ELAren esanetan segurtasun-neurrietan eta kontratazioetan irregulartasun larriak atzeman dituzte.