Euskarazko liburuek zein leku dute nazioarteko sisteman?

  • Liburu (ia) guztiek daramate, kontraportadan eta barneko orrietan, ISBN zenbakia. Zer da baina? Zertarako balio du? ISBN zenbakiaren historia, haren balioa eta funtzionamendua eta egun euskarazko liburuek sistema horren barruan duten lekua aztertzen ditu erreportaje honek.

Argazkia: Mauricio Sepulveda

2022ko uztailaren 06an

Liburuak ekoitzi eta banatzerako orduan ezinbesteko tresna bilakatu du da ISBNa. Ingelesezko siglak dira: International Standard Book Number. Liburuentzako zenbaki internazional estandarra da, eta (ia) edozein liburu hartuz gero kredituen orrialdean topatuko duzu, Lege Gordailuaren zenbakiarekin batera. Duen garrantzia gorabehera, ordea, gutxik izango du haren berri, zein funtzio betetzen dituen eta, ikusiko dugun bezala, zer gertatzen den euskarazko liburuekin.

ISBNak liburu baten edizio zehatz bat identifikatzen du, eta hari buruzko datuak biltzen ditu. Horrela, inbentarioak, eskaerak eta liburuei lotutako datuen kudeaketa izugarri sinplifikatzen du.

1965an, W.H. Smith Erresuma Batuko liburu-saltzaile handienak bi urteren buruan informatizatutako biltegi batera leku aldatzeko asmoa iragarri zuen. Horretarako, baina, enpresaren eskuetatik pasatzen ziren liburu guztientzako zenbakitze sistema estandar bat behar zuen. Ingalaterrako Editoreen Elkarteko banaketa eta metodoen komitearit eta Erresuma Batuko liburu-merkatuari ere baliagarria izango zitzaion tresna hori sortzeko lanean hasi ziren aholkulari batzuk, eta 1966an Standard Book Numbering (SBN) liburuentzako zenbakitzen estandarraren sistema osatu zuten. Hurrengo urtean hasi ziren erabiltzen.

Nazioarteko estandarizazioa

1966ko azaroan Berlinen egin zen liburuaren merkatuaren ikerketari eta liburuaren sektorearen arrazionalizazioari eskainitako hirugarren konferentzian ere heldu zioten gaiari, eta liburuen identifikaziorako zenbaki-sistema internazional bat ezartzeko beharrari eta egingarritasuna jarri zuten mahai-gainean. Esan bezala, ordurako Erresuma Batuko hainbat editore liburuen eskaerak eta inbentarioak kudeatzeko informatika nola erabili aztertzen ari ziren. Horretarako, baina, ezinbestekoa zen argitaratutako artikulu bakoitzak identifikazio-zenbaki bana edukitzea eta identifikatze sistema hori ahal bezain orokortua izatea.

Horretan paper garrantzitsua bete zuen ISO gobernuz kanpoko erakundeak. 1947an sortua, Nazioarteko estandarizazioak garatzeaz arduratzen da; Genevan (Suitza) dago kokatuta. Hain zuzen ere, eremu tekniko eta ez tekniko guztietako estandarrak ezartzeaz arduratzen da, ingeniaritza elektrikoari eta elektronikoari dagozkionak kenduta –Nazioarteko Batzorde Elektroteknikoari dagozkio horiek–. Hain zuzen ere, neurketa unitateei, alfabeto eta transliterazioei, atal, material, gainazal, prozesu, tresna, probatzeko metodo eta makinentzako zehaztapenei; eta zehaztapen horiek emateko moduak ere estandarizatzen ditu erakundeak. Nazioarteko estandarizazioaren helburu eta ondorioetako bat da nazioarteko merkataritza errazten duela, herrialde, enpresa eta erosleen arteko irizpide bateratuak emanez. Estandarizazio hori burura eramateko komite teknikoak ezartzen ditu ISOk, eta 46. komite teknikoak, Informazioa eta Dokumentazioa delakoak, 1966an lantalde bat osatu zuen, Erresuma Batuan garatutako SBN sistema maila internazionalean nola erabili aztertzeko.

1968an bilera bat egin zuten Danimarka, Frantzia, Alemania, Irlanda, Herbehereak, Norvegia, Erresuma Batua eta AEBetako ordezkariekin eta UNESCOko behatzaile batekin. Beste herrialde batzuek idatzizko ekarpenak egin zituzten. ISOko kide ziren herrialde guztiei eman zitzaien bileraren ondorioen berri, eta beste bilera batzuk egin zituzten Berlinen eta Stockholmen 1969an. Prozesu horren ostean onartu zuten ISBN sistema, 1970ean, ISO 2108 estandarra bilakatuz.

Hainbat aldaketa izan ditu ISBNak hamarkada hauetan zehar. Nagusiena, audio-liburuak eta liburu elektronikoak agertzearekin batera horiek ere estandarraren barruan hartzea, liburu fisikoez gain liburu-gisakoak ere ISBN zenbakiz hornitzeko aukera emanez. 2007an, bestalde, 10 zenbakikoa izatetik 13 zenbakikoa izatera igaro zen, eremu batzuetako zenbakiak amaitzen ari baitziren. Aldaketa horrek liburuen identifikazio sistema barra-kodeen European Article Number –EAN, Artikulu Europarren Zenbakia, gerora GS1 bilakatu dena– estandarrarekin bateratzeko aukera eman zuen.

Hondar aleak hondartzan

ISBNak, beraz, liburu zehatz bati buruzko informazioa kodifikatzen du, modu unibokoan, gero informazio hori modu errazean kudeatu ahal izateko. Demagun Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua eskuratu nahi dugula. Baina zein bertsio nahi dugu? Izan ere, izenburu berarekin hainbat hizkuntzatan argitaratu da liburu hori, eta argitaletxe batek ere edizio bat baino gehiago argitaratu ditu. 978-8475682181 zenbakia Erein argitaletxeak 1988an plazaratu zuen 402 orrialdeko edizioari dagokio (ISBN-10etik ISBN-13ra konbertsioa eginda), eta ez beste ezeini. Liburu beraren 2000. urteko edizio zuzendu eta eguneratuari, aldiz, 978-84-7568-824-4 zenbakia dagokio. Ez dira edizio berriak eta berrinpresioak nahasi behar. Hain zuzen ere, edizio berriek aldaketa nabarmenak izan behar dituzte edizio berri deitu ahal izateko.

Zergatik du garrantzia ia –edo erabat– oharkabean igarotzen den zifra-kate horrek? Esan bezala, ohar bibliografiko deskribatzaile luzeak kudeatu beharra aurrezten du, lana, denbora eta akatsak –eta, beraz, soldatak– aurreztuz. Era berean, merkatuan erabiltzen diren katalogoak eta datu-base bibliografikoak modu automatikoan osatzeko eta eguneratzeko baliagarria da, eta baita datu-base horietan informazioa modu azkar eta errazean aurkitzekoa ere. Horregatik guztiagatik, gaur egun, liburuen eskaerak eta banaketak ISBNari esker kudeatzen dira. Asko dira ekoizpen katean ISBNean oinarritzen diren prozesuak, eta dendetako liburuen kudeaketa sistema elektronikoarentzat ere elementu ezinbestekoa da. Hainbat aukera ematen ditu: liburu baten edizioen arteko salmentak konpara daitezke, edo argitaletxe baten liburuen artekoak, eta abar.

Zer esan nahi du zenbaki bakoitzak?

Bost zati ditu ISBN zenbaki batek. Lehen hiru zifrek aurrizkia osatzen dute, barra-kodeen sistemari dagozkio. 978 edo 979 izan daiteke, horiek baitira Bookland delakoari dagozkionak,barra-kodeen sisteman preseski liburuentzako sortutako “herrialdea”.

Hurrengo zifrak taldeari dagozkio. Zifra batetik bostera arteko luzera izan dezake zenbakiak. 84, esaterako, Espainiari dagokio, 2, aldiz, Frantsesari. Estatuak, herrialdeak edo eremu linguistikoak identifikatzen ditu taldearen zenbakiak. Taldeen zenbakiak ISBNaren Agentzia Internazionalak banatzen ditu.

Editorearen identifikazio zenbakia dator ondoren. Talde baten barruko argitaletxe bat edo marka editorial bat identifikatzen du. Luzera aldakorra du, zazpi zifra artekoa. Haren luzera editoreak argitaratzeko asmoa duen titulu kantitatearen araberakoa da. Gero eta zenbaki gehiago argitaratzeko asmoa eduki orduan eta identifikazio zenbaki laburragoa izango du argitaletxeak. Argitaletxe bakoitzak ISBN zenbakiaz kokatuta dagoen estatuan, herrialdean edo eremu linguistikoan arduratzen den instituzioari eskatu behar dio identifikazio zenbakia.

Azken-aurreko zifrek argitalpena identifikatzen dute, eta editoreak argitaratu asmo duen liburu kopuruaren araberako luzera du. Azkenik, zenbakia identifikatzeko kontrolerako zifra dago, aurreko zifra guztiak kontuan hartuz algoritmo baten bidez kalkulatzen dena.

ISBN zenbaki bat eskatzerako, beraz, editoreak dagokion agentziara jo behar du, eta zenbaki bakoitzari dagokion fitxa bete behar du. Fitxa horretan jasotzen dira liburuari buruzko informazioa ematen duten metadatuak. Hauek dira: ISBN zenbakia bera, produktuaren formatua, seriea (baldin badauka), izenburua, egilea, edizio kopurua, testuaren hizkuntza, marka editoriala, editorea, herrialdea eta data, besteak beste.

Euskal ISBN zenbakia?

Esan bezala, ISBN zenbakiez arduratzen den erakunde nagusi bat dago, baina sistemako talde bakoitzak zenbakiak jaulkitzen eta talde horretako argitalpenen inguruko informazioa kudeatzen duen erakunde bat du. Hiru talde mota daude, beraz, estatuei dagozkienak, herrialdeei dagozkienak eta hizkuntzei dagozkienak. Editore bakoitzak ezin du edozein taldetako zenbakia eskatu. Dagokion estatuko, herrialdeko edo hizkuntzako liburuen zenbakiak kudeatzen dituenarengana jo behar du.

Izan ere, ez dago hizkuntza bakoitzeko talde bat, ezta herrialde bakoitzeko talde bat ere. Euskarazko liburuek, beraz, argitaletxea kokatuta dagoen lurraldearen araberako zenbakia daramate, eta dagozkien organoek kudeatzen dituzte haien inguruko datuak. Euskarazko liburuen gehiengoa Espainiako Estatuan argitaratzen denez, horien gehiengoak 84 zenbakia darama, Espainiari dagokiona. Iparraldean argitaratzen direnek, aldiz, 2 zenbakia daramate, frantsesaren hizkuntz eremuari dagokiona. Hain zuzen ere, Belgikan, Kanadan eta Suitzan frantsesez argitaratzen diren liburuek ere 2 zenbakia daramate. Frantsesaz gain beste bi dira hizkuntza eremuak, ingelesa –1 edo 0 zenbakiz identifikatua– eta alemana.

Euskarazko liburuen kasuan, ez dirudi epe laburrean ISBN talde propiorik izango dutenik, ez baitago gaiaren inguruko interes handirik. Duela hilabete batzuk Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari eman beharreko eskumenen artean aipatzen ziren ISBNa eta ISSNa kudeatzeko eskuduntza. Azken berrien arabera, ordea, ISSN zenbakia kudeatzeko eskumena baizik ez du jaso Jaurlaritzak. Horren ostean arrazoi ekonomikoa ere egon liteke, ISBN zenbaki bakoitza erosi egin behar baita, eta urtero argitaratzen den liburu-kopurua ez da hutsala. Hala eta guztiz ere, dirudienez, eskumena eskuz aldatuta ere ez litzateke ISBN talde berri bat sortuko, baizik eta Espainiako zenbakia jaulkitzeko eskumena lortuko luke Jaurlaritzak.

Nolabait, .eus domeinuarekin pareka daiteke ISBNaren kontua, Gorka Arrese editore aburuz. Aspalditik duen ametsa da euskarazko liburuek ISBN zenbaki propioa izan dezatela. Dioenez, zenbaki horiek berehalako identifikazioa ematen dute, Interneteko domeinu ak ematen duen bezala. Arazoa da inor gutxik duela zenbaki horien eta duten garrantziaren berri. Egoitza Londresen duen ISBNaren agentzia Internazionalera jo beharko litzateke zuzenean, baina diplomazia kontuak ere sartuko lirateke zuzenean.

Esan bezala, zenbaki horien atzean datu andana dago, datu-baseak, eta baita datu horiek kudeatzeko instituzioak. Euskarazko liburu guztien argitalpenak bateratuko lituzkeen datu-base bat balego arras erraztuko litzateke haien inguruko datuak biltzea eta aztertzea, egun Espainiako Liburutegi Nazionalarenak eta Frantziakoarenak aztertzen ibili behar baita.

Are, Espainiako Estatuko ISBN zenbaki bat eskatzerakoan hizkuntzaren eremua nahi gabe hutsik utziz gero automatikoki gaztelaniazko liburutzat hartzen du sistemak, eta ez litzateke lehen aldia izango euskarazko liburuak gaztelaniazkoak direla agertuko balitz datu-baseetan. ISBNaren datuekin, gainera, askotariko datu-baseak osatzen dira, automatikoki. Liburutegi eta liburu-saltzaileei dagozkienak eta bestelako artxibatze eta indexatzea egiten dutenak ere, eta horietan ere askotan galtzen dira euskarazko liburuak, batez ere haien gaztelaniazko ediziorik existitzen bada.

Idazleen, editoreen, liburuzainen, saltzaileen eta irakurleen egunerokoan berebiziko garrantzia dute zenbakiok, eta ez da hutsala haien banaketa. Egunen batean euskarazko liburuek nazioarteko sistema horretan eremu propioa edukiko badute horretarako pausoak ematen hasi beharko da.

ISSN

ISBN zenbakia liburuentzat bada, ISSN zenbakia aldizkarientzat eta argitalpen seriatuentzat da. International Standard Serial Number delakoa eramaten dute aldizkariek. 1971n onartu zen nazioarteko estandarra. Zortzi zenbaki ditu. Eusko Jaurlaritzak berriki eskuratu du ISSN zenbakiak jaulkitzeko eskumena.


LEGEA
ISBN eta ISSN zenbakiak ez dira nahitaezkoak, nahiz eta hainbat lurraldetan praktikan nahitaezkoa den, argitaratutako liburu eta aldizkariak liburu-dendetara banatu nahi izatekotan, bederen. Aipagarria da ISBN zenbakia ez zaiela salgaiak diren liburuei jartzen soilik, doan banatzen direnei ere jarri ohi zaie.
Lege Gordailuko zenbakia, aldiz, nahitaezkoa da argitalpen orotan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburugintza
Ekoedizioa: Nola murriztu liburuak sortzen duen kutsadura

Duela urtebete sortu dute Ekoedizioaren Institutua Katalunian, paperezko argitalpenek ingurumenean eragiten dituzten ondorioak gutxitzeko asmoarekin. Ekoedizioak bete beharko lituzkeen hamabi irizpide zehaztu ditu institutuak, eta liburua ekoeditatua dela ziurtatzen duen zigilua... [+]


Iruñeko Katakrakek 10 urte
Jan, edan, irakurri... mundua aldatu

Datorren abenduaren 31n hamar urte beteko dira Iruñeko Katakrakek ateak ireki zituenetik: ostatua, liburutegia eta ikuskizunetarako areto nagusia biltzen zituen espazio berriak. 2016an laugarren hankak mahaia osatu zuen: argitaletxea. Iruñerrian bakarra da... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


2021-11-07 | Bea Salaberri
Liburuaren depresioa

Larrazkenean hitzorduak ez dira falta euskal kultur arloari buruz gogoetatzeko eta neurri handi batean literaturari buruzko jardunaldiak. Ziburuko eta Sarako azokak iragan ondoan eta sartzearekin batera gomitak zabaldu dira besteak beste Euskal Kultur Erakundeak bultzatu... [+]


Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Gure ttipia handia dela baieztatzeko formula egokia

Baltsan elkarte ziburutarrak eta ARGIAk elkarlanean antolatu dugun Euskal Liburu eta Disko Azokaren bigarren edizioa ederki iragan da ekainaren 12an Ziburun. Irakurleak, idazleak zein argitaletxetako kideak gustura egon dira bertan eta antolatzaileek balorapen “biziki... [+]


2021-04-28 | Aritz Galarraga
Jorge Herralde
“Antzinako totem bat naiz”

1969 urrun hartan abiarazi zuen Jorge Herraldek Anagrama, instituzio bat gaztelaniazko argitaletxeen artean. 2017an erretiroa hartuta, eta 85 urte beteta, gertutik jarraitzen du oraindik editorialaren egunerokoa, bere Bartzelonako etxean aitortu digun gisara.


2021-01-26 | Peru Iparragirre
2019ko argitalpenei buruzko txostena
Zenbat balio du euskarazko liburugintzak?

Esaten da euskal kulturgintza txikia dela. Txikia, ikuspegi ekonomikotik. Gutxitan plazaratzen dira, ordea, zenbakiak. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak urteroko Euskarazko argitalpenei buruzko txostena argitaratu du, 2019ko datuekin. Euskarazko... [+]


2020-07-17 | Mikel Eizagirre
“Hitzarmen iraunkorrak” eskatu dizkie liburuaren sektoreak instituzioei

“Estutasun larrian” aurkitzen direnez, liburugintzari garrantzia ematea eta “liburuaren kate osora” helduko diren neurriak hartzea eskatu dute Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak, Editargik eta Galtzagorrik.


2019-09-11 | Castillo Suárez
Pribilegioez

Clara Peya piano-jotzaileari Kataluniako Kultura Sari Nazionala eman diote berriki. Oroigarria besoetan, pribilegiatua izan dela esan du, eta eskerrak eman dizkio bere amari, piano bat izan duelako etxean, orduak eta orduak eman dituelako entseatzen, ez zuelako inor zaindu behar... [+]


Mikel Soto. Irakurle kabroi (ohi) bat
“Esango nuke baxu gaudela, zentzu guztietan”

Hamarkada pasaren ostean jarduna utziko zuela jakin, eta hauxe esan omen zion Boliviako editore kide Jose Antonio Quirogak Mikel Sotori: “Ufa, kaltea eginda dago jada. Ez dira existitzen jesuita ohiak, ez troskista ohiak, ez editore ohiak. Hemendik aurrera liburu-dendetara... [+]


2018-10-18 | Hiruka .eus
Nazariori eta Zuloa liburu-dendari omenaldia egingo die Getxoko Komiki Azokak

Nazario komikigilea eta margolaria omenduko du binetaren munduaren urteroko jaialdiak. Horrez gainera, Gasteizko Zuloa liburu-dendari ere gorazarre egingo diote, haren ibilbideagatik eta komikiaren mundua zabaltzeko egindako lanagatik. Getxoko Komiki Azoka urriaren 19tik 21era... [+]


2018-07-14
Katixa Dolhare-Zaldunbide
Liburutegiak jomugan


Liburutegiak jomugan

Egin dezagun amets. Behin bazen irakurle herri bat. Horretan, bakoitza joan zitekeen etxetik hurbil zegoen leku batetara, (...) leku bero bat non norberak bere burua eta besteena deskubritu zezakeen, non ikasi, irudikatu, trukatu, bidaiatu zezakeen. (...) Herri hori, gurea da,... [+]


Elkar fundazioa
Euskal kulturaren erraldoia Espainiako Estatuko liburu-banatzaile handienetakoa ere bada

Aldaketa handiak egin ditu Elkar taldeak azken urteetan eta horien ondorioz, besteak beste, Espainiako Estatuko liburu banatzaile handienetako bat bihurtu da. Ekainean prentsari azaldu dizkiote enpresa-konglomeratuaren azkenaldiko apustu estrategiko batzuk, euskal kulturan leku... [+]


Eguneraketa berriak daude