Jaietan erabiltzen den Erasotzaileak kanpora! lema nahikoa al da erasoaren egilea norbere kolektiboko kidea edota laguna denean? Emagin Elkarteak protokolo propio bat proposatu du talde barneko eraso matxistak kudeatzeko, eraldaketa eta minaren erreparazioa ardatz dituena. Erasoei aurre egiteaz gain, erasoei aurre hartzeko balio du protokolo hori osatzeak. Bide horretan, gida bat kaleratu du Emaginek eta baliabideak eman kolektibo bakoitzak bere protokoloa ontzeko; kide guztien inplikazioa ezinbestekotzat dute, eta gizonen zein emakumeen erantzukizuna gakotzat.
Oso barneratuta dago indarkeria matxistarik ez dela onartzen inongo jaietan, eta feministen lanari esker erasoei aurre egiteko protokoloak martxan daude festa gehienetan. Gertutik ezagutu dute protokolo horien funtzionamendua Idoia Arraiza Zabalegik eta Idoia Trenor Zulaikak, Euskal Herriko Bilgune Feministan militatutakoak baitira. “Zenbat aldiz jarri dugu Erasotzailea kanpora! pankartetan. Baina erasoa elkarte barruan denean, gure betiko kidea edo gure laguna denean, ez da hain erraza hori egitea. Horregatik bilatu genituen beste modu edo filosofiak, eta esperientzien bidez ontzen joan gara justizia berrosatzailearen printzipioa oinarritzat duen protokoloa”, azaldu digute. Alegia, maiatzeko Larruneko protagonisten bide beretik, eredu ez punitibistan eta eraldatzailean sinesten dute, elkarrizketarako tartea irekita; betiere, zilegi iruditzen zaie eraso baten aurrean ematen den erantzun oro, “baina beste gauza bat da elkarte gisa egin beharreko prozesua”.
Arraiza Emagin Elkarteko kidea da eta Trenor Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, eta ordu mordoa eman dute hausnartzen Emaginek kaleratu berri duen Elkarte eta kolektiboetan eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gidaren gainean. Argi dute gida hori proposamen bat besterik ez dela, tresna bat, eta asko dagoela egiteko: “Zaila da, pertsonen bizitzekin eta emozioekin ari garelako; baina bidea egiten ari gara, hori da inportanteena”. Arraizak positiboki baloratu du kolektiboek gero eta interes gehiago izatea indarkeria matxistaren auzian, eta elkarte oro animatu du Emaginen gida erabiltzera, prebentzio gisa. “Askok laguntza eskatzen digute jada erasoren bat egon denean, beharra dagoenean, baina garrantzitsua da aurretik lanketa egitea”.
Trenorrek oroitarazten duenez, matxismoa egon, beti dago, arrazismoa eta patriarkatuaren baitako beste zapalkuntzak dauden bezalaxe. “Nahiz eta konbentzituta egon zure elkartean horrelakorik ez dela gertatuko, ez da errealitatea. Prest egon behar zara gertatu daitezkeelako eta gertatzen direlako”. Jarraibide batzuk taldean adostuta edukitzea nahiz terminologia landuta izatea garrantzitsua dela dio: “Sute bat dagoenean denek dute pauta batzuk jarraitu beharra. Eraso matxisten kasuan ere behar dira”. Eta jarraibide horiek adostea denen erantzukizuna izatea “gakoa” dela nabarmendu dute, bi arrazoi direla medio. Batetik, erasoen kudeaketaren karga soilik feministen gain ez uzteko eta, bestetik, protokolo horiek errealagoak eta egingarriagoak izateko, gizonek zein emakumeek ontzat emandakoak eta, hortaz, denek errespetatu beharrekoak. Halaber, protokoloa kolektiboko partaide guztiek onartzen dutenean, jada bi helburu nagusi betetzea posible izango dela diote: emakumeek babes handiagoa sentituko dute eta gizonak “tentu handiagoarekin” ibiltzera bultzatuko ditu.
Idoia Arraiza: “Euskal Herrian izan dugun kultura militante eta emozionalagatik, berde gaude barne gatazken kudeaketan”
Gidak baliabide praktikoak eskaintzen ditu protokoloa era parte hartzailean egiteko, kolektibo bakotzari egokituta; tresna horiexek erabili ditu, besteak beste, Bertsozale Elkarteak, Emaginen aholkularitzapean. Trenorrek eskertu du protokoloa osatzeak talde barruan eragin duen eztabaida eta gogoeta, eta indarkeria matxistari buruz partaide guztiek lanketa egiteko izan duten aukera. Halere, onartzen du “oso zaila” dela teoria praktikara pasatzean agertzen diren kontraesanak kudeatzea, eta kanpo ahokularitza beharrezko laguntzatzat dauka. Arraizak ere beldur hori du, ea taldeak ez ote dauden prest barne gatazkak euren kabuz kudeatzeko: “Ikusita Euskal Herrian zer kultura emozionaletik eta militantetik gatozen, oso arrazionala eta gogorra izan dena, uste dugu oraindik oso berde gaudela, nahiz eta aurrerapausoak eman diren”. Aipatu du kolektiboek gehiago inbertitu beharko luketeela kanpo aholkularitza kontratatzen.
Ezer baino lehen, Emaginen gidak gogorarazten du formazioa ezinbestekoa dela: lanketa feminista, maskulinitateari buruzko tailerrak... Kontzientzia eta sentsibilizazio feminista izatea da lehen pausua, eta horren gainean erabakiko da eraso matxista zer den eta nola jokatu kasu bakoitzean. Hasteko, erasoak identifikatuko dira talde lanean: “Post-it-ak banatuko dizkiegu parte hartzaileei eta kide bakoitzak eraso ezberdinak idatziko ditu (erasoak, diskriminazio egoerak, gutxiespenak, eta abar)”, dio gida praktikoak. Gero, post-it horiek izozmendi baten marrazkian itsatsiko dira, erasoen intentsitatearen arabera: larritasun handienekoetatik (goian) txikienekoetara (behean). Hiru, lau edo bost multzotan sailkatuko dira, eta ondoren erabakiko da multzo bakoitzari zein neurri eta prozedura esleitu, larritasunaren arabera.
Ariketa horretan gerta liteke gizonen batek ez onartzea erasoa denik beste norbaitek proposatutako kasua? Bada, Arraizek eta Trenorrek argitu dutenez, kontrakoa gertatzen da maiz: “Askotan gizonak izaten dira erradikalenak, edo zigor gehien eskatzen dutenak”. Ez da kasualitatea jarrera hori; Arraizen esanetan, “gizonek oso modu agerikoan eta publikoki adierazteko beharra dute feministak direla”. Trenorrek ere uste du gizonen beharra dela erasoa egin duenarengandik bereiztea, eta “oso kontra” daudela esatea. “Nahiz eta lagunak izan, bizi osoan batera egon, agian portaera matxisten konplize izan... ez dute harekin identifikatzerik nahi, eta batzuetan era inkontzientean hartzen dute jarrera hori”.
Emaginen aurreko gidetan ez bezala, oraingoan erasotzailea eta erasotua edo biktima hitzak erabili ordez erasoa egin duena eta erasoa jasan duena terminoak aukeratu dituzte. Besteak beste, etiketen zaman ez erortzeko. “Erasotzaile izateak identitate bat ematen dizu, eta badirudi hori zarela 24 orduz, jaio zinenetik hiltzen zaren arte. Ez dugu hori defendatzen. Eraso bat egin duzu, baina ez du esan nahi beti egin behar duzunik; eraldaketarako gaitasuna handiagoa da”. Trenorrek biktima etiketari dagokiona azaldu du: “Batzuetan eraso bat jasan duten emakumeak oso ahaldunduta daude eta ez die aparteko ondoriorik eragiten, batik bat larritasun baxueneko erasoez ari bagara. Baina biktima etiketa jartzen badiegu pisua jartzen dugu haien gainean”.
Idoia Trenor: “Nahiz eta konbentzituta egon zure elkartean ez dela eraso matxistarik gertatuko, ez da errealitatea”
Beste ñabardura bat gehitu dute: gizonek errazago onartzen dute eraso bat egin dutela, erasotzaileak direla baino. Halere, Trenorrek ikusten du gizonei kosta egiten zaiela onartzea egin duten mina. Izan ere, “gutxieneko kontzientzia feminista” dutenek beren burua erasoen egile gisa ikusten dutenean “erresistentzia pila bat” pizten zaizkie. “Zeren zeure buruarekin ariketa egin behar baituzu, onartzeko min bat eragin duzula”. Orain arte ikusi dutenez, hori da zailena: onartzea. Kasuren batean gertatu zaie gizonak onartzen duela emakumea erasotua sentitu izana, ez, ordea, “erasorik” egin izana. Eraso hitza da, beraz, erresistentzia sortzen duena. Bien esanetan, agian eraginkorragoa izan liteke intentsitate baxuagoko erasoetan terminologia ezberdina erabiltzea, esaterako, jarrera matxista. “Seguruenik errazago onartuko lukete egindakoa”.
Lehengo bidetik, biek ikusi izan dute gizonen “jarrera oldarkorra” erasoa egin duten beste gizonen aurrean. “Benetako boikotak ere ikusi ditugu, bereziki gizonen partetik, eta horrek ez du laguntzen helburua betetzen”. Hau da, heriotza sozialak edo bazterketak prozesu eraldatzailea zapuztuko du; aurreikusten da justizia berrosatzailearen bidez erasoa egin duena kolektibora itzultzea (noizbait joan bada), prozesu bat egin ostean eta okerrak zuzendutakoan, “birgizarteratze feminista” bat egiteko. Baina, erasoaren egilea diskriminatuz gero, ezingo du prozesurik egin, ez hark ezta kolektiboak berak ere. “Nahi duguna da kolektibo osoak lanketa bat egitea eta gizonek ere pentsatzea ea orain arte nola lagundu duen eraso hori gertatzeko: nola izan diren konplize, zer landu behar duen norberak...”. Aitortu dute min asko azaleratzen direla, eta batzuetan beste gizonak konturatzen direla eurek noizbait eraso matxistaren bat egin dutela, eta erabakitzen dute arazoa lantzen hastea, tailerren bidez edota terapiaren bidez, esaterako: “Batzuetan eskertu egiten dute, aukera gisa hartu, nahiz eta mingarria izan”. Prozesu horrek taldeko gizon guztiak interpelatzen ditu, eta denek inplikatu behar dute benetan funtziona dezan.
1 / Aldez aurretik: prebentzioa, protokoloaren sozializazioaren beharra
2 / Protokoloaren aktibazioa:
· Erasoaren inguruan iritsi zaigun informazioa aztertu
· Erasoaren nolakotasuna definitzeko bi irizpide nagusi: erasoen sailkapena eta testuinguruari lotutako faktoreak
· Erasoa jasan duenarengana gerturatzea
· Erasoa egin duenarekin hitz egin
3 / Kudeaketaren urratsak eta neurriak: erasotua izan denarekin, erasoa egin duenarekin hitzarmena adostu eta komunitatearekin landu.
4 / Jarraipena alde guztiekin
5 / Itxiera eta ebaluazioa
Eta norbaitek uste badu erasoa egin duena benetan kolektibotik bota behar dela eta jardueretatik baztertu? “Ideia horrek mahai gainean jarraitzen du”, baieztatu dute. Hau da, kasuan kasu erabakiko da pertsona hori kolektiboan jarraitzeko prest dagoen edo ez. Kasu ugaritan puntu honek gatazkak sortzen dituela esan digute: eman dezagun prozesua egin duela eta taldera itzultzeko prest dagoela, baina taldekideren batek ez duela onartzen harekin espazioa konpartitzea. “Oso ohikoa da hori, horregatik da hain inportantea kasuak kudeatuko dituen lan talde txiki bat egotea, eta haiek erabakitzen dutenaren arabera pausoak ematea”.
Izan ere, gida honek aukera ematen du lan talde bat eratzeko, zeina arduratuko den eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean prozesua abiatzeaz, jarraipena egiteaz eta itxiera bat emateaz hiru aldeekin: erasoa egin duena, erasoa jasan duena eta komunitatea. Beraz, ika-mika lan talde horren partaideekin egon ohi da, jende askok ez dituelako ulertzen “ordu luzez landu eta eztabaidatu ostean” talde horrek erabakitakoak. Komunitatearekin talka handiak sortzen dira, eta harreman pertsonal asko “pikutara” joan daitezke. Trenorrek azpimarratu du ezinbestekoa dela talde horrek “sinesgarritasuna eta zilegitasuna” izatea; estrategikoki hautatutako pertsonak izango dira.
“Paperean oso erraza da dena, baina errealitatean askoz zailagoa da. Oso zaila da kasu batean denak pozik geratzea egindakoarekin”. Trenorrek dio “ezinezkoa” dela, eta energia asko xurgatzen duela lan taldean egoteak: “Toki batetik edo bestetik iritsiko zaizu zerbait, eta hori sostengatzea eta pertsonalki ez hartzea oso zaila da. Horregatik inportantea da taldeetan egotea, oso nekagarria delako”. Besteak beste, gertatu izan zaie prozesu bat bertan behera utzi behar izatea, eskatutakoa errespetatu ez duelako erasoa egin duenak. “Feminista bezala horrelakoetan sentsazioa da gaizki egiten ari zarela”.
Idoia Arraiza: “Zertarako balio dizu gertatukoa jakiteak? Zer da, morboa? Zure segurtasuna zalantzan jartzen du?”
Protokoloaren hasieratik argi geratzen da lehentasuna duela erasoa jasan duenaren babesak eta erreparazioak. Beraz, lan-taldeak hartzen du ardura haren beharrak entzun eta erantzuteko. Adibidez, berari galdetuko zaio ea nahi duen komunitateak informazio hori izatea ala ez, eta zein neurri hartzea nahi duen. “Baina ez du esan nahi bere behar edo eskaera guztiak beteko dituzunik. Bide bat egin behar duzu, eta askotan hor minak eta amorruak daude. Zuri mina egin dizunari mina eman nahi diozu”, ulertzen du Trenorrek. Horregatik, aitortzen du askotan zaila dela justizia feministan mantentzea. Alegia, tripek esaten dietenetik harago joan behar du taldeak, eta paperean jarritakoa betetzen saiatu. Protokoloa eratzerakoan denen artean erabakitako neurri zehatzak aplikatuko zaizkio erasoa egin duenari, nahiz eta momentu askotan neurri zorrotzagoak (edo arinagoak) hartzeko gogoa izan, bai erasoa jasan duenak bai komunitateak.
Horren adibide da zurrumurruak zabaltzearena. Erasoa jasan duenaren nahietatik abiatuta, lan taldeak erabakiko du zer komeni den kontatzea eta zer ez. Eta komunitateak ardura hartu behar du informaziorik ez zabaltzeko, nahiz eta alboko lagunarekin elkartrukatzeko nahia izan. “Zurrumurruak kaltea besterik ez dio eragiten komunitateari; moztu errotik”, irmo Trenorrek. Erasoaren berri ez ematearen aldekoak dira biak, betiere bermatuta egonez gero denon segurtasuna eta lasaitasuna. Arraizek galdetzen du zertarako nahi den jakin gertatutakoa: “Zertarako balio dizu horrek? Zer da, morboa? Zure segurtasuna zalantza jartzen dizu?”. Prozesua behar bezala egiteko, informazio horren kudeaketa soilik lan taldearen esku egon behar dela iritzi dute.
Prozesu honetan guztian gizon feministen “behar izugarria” dagoela ohartarazi dute. Alegia, kontzientzia hartu duten gizonek beste gizon batzuekin lanketa egiteko beharra dagoela. “Emakumeek hartu dugu kontzientzia eta gero eta ahalduntze handiagoa dugu. Orain gizonen txanda da, kontzientzia hartu behar dute, euren gizontasunari buruz hausnartu, eta lanketa feminista egin”. Gainera, erasoak kudeatzeaz arduratzen diren lan taldeetan gizon inplikatuak egotearen beharra azpimarratu dute, zeren “zilegitasun handiagoa” baitute gizonek gizonei helarazitako mezuek. Baina prest ote daude Euskal Herriko elkarteetako gizonak pauso hori emateko? Eta emakumeak? Emaginek proposatutako gidak, behintzat, eztabaidarako eta hausnarketarako tartea irekitzen du.
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]
Igande eguerdian atxilotu dute 35 urteko gizona Trintxerpen (Gipuzkoa), arma zuri batekin delitu-saiakera egitea leporatuta. Erasotzaileak labana batekin eraso egin dio bikotekideari, eskuetan zauri larriak ditu emakumeak eta Donostiako Ospitalean artatu dute.
Aste batzuk daramatzagu hedabide eta sare sozial guztietan Iñigo Errejoni indarkeria matxista batzuengatik egindako akusazioei buruzko iritziak entzuten. Horrekin batera, eztabaida asko sortzen ari dira: nola salatu behar dugun emakumeok, nolakoak izan behar duten gure... [+]
Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]
Indarkeria matxistagatik Iñigo Errejónen aurkako salaketa dela-eta, badirudi batzuk konturatu direla ezkerreko alderdi, sindikatu eta erakundeetan ere emakumeok ez gaudela gizon kideengatik biolentzia jasotzetik aske. Argi geratu da, gainera, halako egoeratan... [+]
Bilboko Udalak eta zenbait hedabidek neska batek gaugiroan bizitako bortxaketaren berri eman zuten, biktimaren baimenik gabe eta modu sentsazionalistan. Emakumeak sare sozialetan bilatu zituen bestelako aliantzak, berbiktimizazioari aurre egiteko. Bere testigantza harilkatu dugu... [+]
Leku izen bakarra aski da, azken denbora hauetan gertatu den emakumeen aurkako biolentzia kasurik larriena aipatzen hasteko: Probentzako herri horretan, senar batek emaztea kimikoki menderatu eta beste gizon batzuen –ehun bat omen dira– sexu-meneko utzi du hamar... [+]
Taldeak berak adierazi du Instagram bidezko ohar batean astelehenean izan dutela Ivan Carmonaren aurkako akusazioaren berri. Neska gazte bat taberna batean ukitzeagatik da salaketa, eta taldeak “sexu-eraso arintzat” jo du.
Arabako Lautadako Kuadrillak jarri du martxan emakumeen "ahalduntze pertsonala eta kolektiboa" bultzatzeko programa. Ekainetik Irailera bitartean izango dute laguntza jasotzeko aukera bertan.
Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]
“Kezkagarria” den egoera baten aurrean erantzuna “urgenztziakoa” dela dio Itaiak Bilbon egindako prentsaurrekoan. Eskuineko sektoreek matxismoa “neurri baztertzaileak” galdegiteko baliatzea salatu eta gizartean “kontzientziazioa... [+]
Nafarroako Foruzaingoak Bigarren Hezkuntzako irakasle baten inguruko ikerketa abiatu du. Institutuko komunetan eta hainbat dendatako aldageletan emakumeak ezkutuan grabatzea leporatu diote auzipetuari.
Nafarroako Iparraldeko herri batean jazo zen dena, biktima erasotzailearekin eta emaztearekin bizi zela. Neskak 17 urte zituenean bortxatu zuen lehen aldiz akusatuak, eta urtebetez luzatu ziren sexu erasoak. Biktimak 23 urterekin salatu du dena.
Hainbat emakume-langile esplotatu eta horiei sexualki eraso egin dieten jabeen taberna pinturaz margotu zuten ezezagunek domeka gauean Getxoko Areeta auzoan. Pinturaz gainera, aldarri bat ere margotu zuten ondoko horman: "Erasoen aurrean klase batasuna".