Euskal literatur sistemako zenbait eragile feminista –editoreak, idazleak, irakasleak, irakurleak, kultur-kritikariak, eta abar– bi urtez aritu dira elkarrizketan, eta prozesuak eraman ditu Literaturzale Feministen Topaketak deitzera. Sareinak taldea arduratu da horien antolaketaz, eta Gasteizko Emakumeen Etxean egingo dira uztailaren 1ean eta 2an. Topaketei buruz gehiago jakin asmoz, Amaia Alvarez Uria Sareinakeko kidearekin hitz egin dugu.
“Euskal literaturan ikuspegi feministatik aurrerapausoak egon dira azken urteetan, bistakoa da hori. Baditugu idazle handi batzuk, badugu kontutan hartzeko presentzia feminista editorialetan, baditugu irakurle talde feministak herrialde guztietan”. Oinarri horri balioa eman nahi izan dio Amaia Alvarez Uriak, oraindik egiteko asko dagoela iritzi arren. Duela hamabost urtetik euskal literaturaren sarea teoria feministaren jostorratzaz josten diharduen Sareinak taldeko kide da Alvarez, eta aipatutako aurrerapausoak kontutan harturik, badirudi zuzen eman dituztela puntadak. “Gure sarea, gure literatura zulatuta nabaritzen dugu eta, gehienetan, emakumeen izenak, liburuak eta lanak amiltzen dira zulo horietatik”, zioten 2007an, sortzearekin batera. Gaur-gaurkoz jostorratzek behar-beharrezko izaten jarraitzen badute ere, bistakoa da aurrerapena, eta Literaturzale Feministen Topaketak dira bilakaera positibo horren adierazle esanguratsuetako bat.
Sareinak ari da uztailaren 1ean eta 2an Gasteizko Emakumeen Etxean gauzatuko diren topaketak antolatzen. Ohartzeke, orain hamabost urte abiatutako ibilbideak eraman ditu horretara, Alvarezek azaldu duenez. Emakumeek euskal literaturan egindako lana “ikusgarri egin, baloratu, zabaldu eta partekatzeko” eta periferikoak ziren zenbait gai literaturaren bidez erdigunera eramateko xedez, urtean behin hitzaldi edo mahai-ingururen bat antolatzen hasi ziren Euskal Herriko txoko ezberdinetan, bizpahiru idazle batuz bakoitzean. Formatu hori omenaldiekin tartekatzen hasi ziren 2017an, Marijane Minaberri hiltzean haren omenez zerbait egitea lehenetsi baitzuten; Alduden egin zioten oroimen ekitaldia, jaioterri zuen Bankatik gertu, Adur euskara taldearekin elkarlanean. 2019an, Mayi Peloten heriotza tarteko, berriz errepikatu zuten omenaldi formatua, Baionako Zizpa gaztetxean zendu berria omenduz. 2020an mahai-inguruen formatura itzultzekoak ziren, argitaletxe eta liburu-denda feministak Iruñeko Katakraken biltzeko asmotan baitzebiltzan, baina pandemiak zapuztu zituen haien asmoak. Alabaina, testuinguru horretan sortu zen Literaturzale Feministen Topaketetan gorpuztuko zen hazia. “Ez genuen egin mahai-ingurua, baina euskal literaturaren sisteman eragile feminista berriak zeuden, eta bazegoen horiek saretu, elkartu eta partekatzeko beharra. Hala sortu ziren online topaketa batzuk”. Topaketa horiek bi urtez luzatu diren elkarrizketei eman zieten bide, eta hortik jaio zen topaketa presentzialak egiteko gogoa, azaleratu baitzen “euskal literaturako feministak elkartzeko eta hitz egiteko beharra”. Editore, idazle, irakasle, irakurle, kultur-kritikari… urte parea iraun duen prozesu horretan euskal literatur sistemaren eragile feminista ugarik parte hartu du.
Euskal literaturaren sisteman eragile feminista berriak saretu, elkartu eta partekatzeko beharra zegoen, eta hala sortu ziren online topaketa batzuk pandemia testuinguruan. Topaketa horiek bi urtez luzatu diren elkarrizketei eman zieten bide, eta hortik jaio zen topaketa presentzialak egiteko gogoa.
Topaketen bi egunak berdintsu egituratu dituzte: goizak mahai-inguruei eskainiko zaizkie, eta arratsaldeak lantegiei, kaferako eta bazkaritarako atsedenaldiak tarteko. Topaketei irekiera emango diete sarrera ekitaldiak eta Sareinaken sortzaileetakoa den Iratxe Retolaza literatur-kritikari eta irakaslearen sarrera-hitzaldiak. Ostean, kaferako tartea eta gero, argitaletxe eta liburu-dendak bilduko dituen mahai-inguruak hartuko du tokia, eta mahai bueltan eseriko dira Susako Leire Lopez Ziluaga, Katakrakeko Nerea Fillat eta Consonniko Maria Mur. Mahai-inguru horrek, Sareinakeko kide Gema Lasartek Hala Bediri adierazi bezala, azken urteetan euskal literaturan jazo den fenomeno bat bistaratzen du: emakume editoreen presentzia areagotu izana. “Argitaletxeetan emakume editorerik ez dugu izan oraintsu arte. Eta non erabakitzen da zer publikatuko den, zer izango den edo ez den izango literatura unibertsala, zer den literatura ona eta txarra? Hori gizonezkoek erabakitzen dute ia beti”. Bazkalosteko lantegiek emango diete lehen eguneko egitarauari jarraipena, eta parte hartzaileek aukeratu egin beharko dute aldi berean egingo diren hiruen artean: Kritika (Andrea Vides eta Gema Lasarteren eskutik), Irakaskuntza (Katixa Dolhare-Zaldunbidek eta Amaia Alvarez Uriak gidatua) eta Hedabideak (Oihana Arana eta Leire Vargasekin).
Bigarren eguna genealogien mahai-inguruarekin hasiko da. Karmele Jaio, Laura Mintegi eta Itziar Ugarte jarriko dituzte elkarrekin solasean, belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatu asmoz. Ondoren, irakurle talde feministen mahai-inguruaren txanda izango da, eta Ainhoa Aldazabal, Iratxe Retolaza eta Ines Castiella arituko dira hizlari gisa. Lehen eguneko mahai-inguruak bezala, honek ere bistaratzen du euskal literaturan azken urteetan jazotako beste fenomeno esanguratsu bat, Lasarteren arabera: irakurle talde feministen indartzea. Bazkaltzeko tartearen ostean Ilustraziotik eta Antzerkitik lantegiak egingo dira (Maite Caballero eta Paula Estevezen eskutik lehena, eta Amancay Gaztañagaren eskutik bigarrena), jendea literaturari beste toki batetik begira jartzeko xedez. Eta eguna eta topaketak ixteko, omenaldia egingo diete Itxaro Bordari, Mariasun Landari eta Arantxa Urretabizkaiari. “Haiek abiatu zuten euskal literaturan emakume idazleen presentzia. Gehiago ere badaude –Laura Mintegi, Aurelia Arkotxa, Nerea Azurmendi, Amaia Lasa…–, baina guk gaur egun oraindik indartsu idazten ari diren hiru horiek hautatu ditugu”, azaldu du Lasartek.
Topaketen helburu oinarrizkoena da bultzatzea euskal literaturaren bueltan orbitatzen dabiltzan feministak bildu eta ezagutu daitezen, behin hori lortuta harago doazen helburuak planteatzeko. Hala nola, euskal literaturaren diagnosia egitea, eta “diagnosi horretatik abiatuz zirrimarratzen hastea etorkizunera begirako helburuak, estrategia, bide-orria”. Horiek lirateke topaketen helburu nagusiak, Alvarezen hitzetan. “Ikusi beharko da zein erronka ditugun, zer lortu nahi dugun, zein norabidetan nahi dugun arraun egin”. Baikor agertu da, topaketetan parte hartuko dutenen rol askotarikoak kontutan hartuta –editore, irakurle, idazle…– diagnosi aberatsa egin daitekeela iritzirik; aniztasun horrek ahalbidetzen baitu eremu ezberdinetatik behatzea iraganari, orainari eta etorkizunari, euskal literaturaren perspektiba poliedrikoa lortuz.
Euskal literaturaren diagnosia egitea, eta “diagnosi horretatik abiatuz zirrimarratzen hastea etorkizunera begirako helburuak, estrategia, bide-orria”. Horiek lirateke topaketen helburu nagusiak, Alvarezen hitzetan.
Topaketak erabakigarri izango dira, beraz, euskal literaturaren norabide feminista marratzeko. Ikusi beharko da zein bide hartzea erabakiko den, baina bere aldetik, hartuko lituzkeen zenbait bide elkarbanatu ditu Alvarezek. Batetik, “betikoak” bezala izendatu dituenei egin die erreferentzia: “Ikusgarritasuna, balorazioa, aurreiritziak eta usteak salatzea, feministen artean saretzea, elkarlaguntza sustatzea…”. Baina horiez gain, aipatu du sakontasun gehiagorekin azaldu duen besterik ere: literaturaren zentzu kolektiboari balioa eman eta sustatzea. “Literaturan asko hitz egiten da bakardadeaz. Esaten da bakardadean egiten duela lan idazleak, baita editoreak ere, eta bakarrik irakurtzen duela irakurleak. Ez zaio taldeari erreferentziarik egiten. Baina idazlea ez dago bakarrik, beti ditu irakurleak, edo sorkuntza prozesuan blokaturik dagoenean hitz egiteko pertsonaren bat, eta inguruan ikusten duenetik eta ikasitakotik edaten du bere lanak. Eta irakurleekin berdin; liburua bakardadean irakurri arren, gero komentatu egiten du irakurle taldean, edo lagun artean, edo familian, edo bikotearekin, edo amorantearekin… Beraz, ikuspegi feminista batetik, talde lan hori aldarrikatzea izan daiteke hartu dezakegun bide bat”. Alvarezen begietara, liburu baten irakurketaren alderik politena irakurle gisa bizi duzun esperientzia da, eta hori aberasteko modua da esperientzia partekatzea. Zentzu horretan, Euskal Herri mailako dimentsioa duen esperientzien partekatzea izango denez gero, Literaturzale Feministen Topaketek badute aberasgarri izateko potentziala.
Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.