Baserriko lurrak iraultzeko eskuak falta dira

  • Begi-bistakoa da Euskal Herriko baserri tradizionalen eredua jada agortu dela, eta gero eta gehiago mugatzen ari dela folklorearen iruditerira. Azken bi hamarkadetan baserrien %70 galdu dela kalkulatzen da, eta baserritarrek zein adituek ohartarazi digute belaunaldien arteko errelebo falta arazo handia dela. Berehala konpondu beharreko auzia, berandu baino lehen. Errelebo horretan ez dute laguntzen instituzioetatik bultzatzen diren politika agroindustrialek, ezta jendartean dagoen prestigio faltak ere. Baina badaude lurra lantzeko tresna berriak, fruituak ematen ari direnak: Trebatu proiektua, lehen sektorea suspertzeko tokian tokiko elikadura estrategiak, baserritarren sareak… Elkarrizketatuek gogorarazi digute gaiarekiko ezjakintasuna dagoela, baina herritar ororen arazoa dela, eta, beraz, guztiok parte hartu behar dugula horretan: “Nolako elikadura, halako nekazaritza”.

Aurélie Sausset Trebaturen bidez ari da jateko landare aromatikoen proiektua entseatzen. / Argazkiak: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ohikoa da baserri abandonatuak nonahi topatzea, edota nekazaritza eta abeltzaintzatik urrundu diren baserriak ezagutzea. Hain ohikoa ez dena da baserritarrak euren lurrak lantzen ikustea, zer esanik ez 40 urtetik beherakoak, emakumeak eta baserritar estereotipotik aldenduta daudenak badira. Halere, egon badaude, baserrian bizi direnez gain, baserritik bizi direnak ere bai. Baina ez dira nahikoak gizarte osoaren beharrei eusteko, are gutxiago elikadura burujabetza lortzeko.

Datuek erakusten dute azken hamarkadetako joera negatiboa. Ipar Euskal Herrian azken 30 urteetan hiru etxaldetik batek ez du segidarik izan, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak zehazten duenez. Bidean geratu dira 2.500 etxalde, eta, egun, 4.500 etxalde besterik ez dago Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi osoan. Hego Euskal Herriko 2020ko Nekazaritza Zentsuak ere beheranzko joera berretsi du. INEk Espainiako Estatuan kalkulatu du nekazaritza-ustiategiak 2009an baino %7,6 gutxiago direla, baina, aldi berean, ustiategi bakoitzaren azalera %7,4 handitu dela. Joera hori errepikatzen da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan: ustiategi gutxiago baina gero eta handiagoak. Eredu industriala nagusitzen ari den seinale. Eustaten 2020ko Nekazaritza Zentsuaren arabera, EAEn 12.919 nekazaritza-ustiategi zeuden 2020an, 2009an baino % 21,8 gutxiago. Aldiz, Landutako Nekazaritzako Azalera %38,4 hazi da EAEn, eta Nafarroan, %13,3.

Abeltzaintzan ere eredu industriala nagusitu da: espezie guztien ustiategien kopuruak behera egin du, ahuntz-aziendarenak izan ezik. Jaitsierarik handienak hegaztienak (-%67,1) eta txerrienak (-%65,3) izan dira. Aldiz, ustiategi bakoitzeko abelburu-kopuruak gora egin du, ardien kasuan izan ezik. Oso esanguratsua da 2009tik 2020ra bitartean txerri-aziendaren ustiategiko abelburuen kopurua %437,3 hazi dela eta hegaztiena %186,2. Eta noren esku daude ustiategiak? Ipar Euskal Herrian baserrien herena 50 urtetik gorako pertsonen ardurapean dago. Hego Euskal Herrian ere batez besteko adina altua da. EAEn 57 urte ingurukoa da, eta ustiatzaileen hiru laurdenak gizonezkoak dira.

NPB eta iraultza agroindustriala

Ez dira kasualitatea aipatutako datuak, baizik eta azken urteetan eman diren hainbat faktoreren ondorio. Adibidez, aurrez aipatutako eredu agroindustriala, besteren artean Europako Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) hauspotu duena. NPB 1979an abiatu zuten lehen sektorea babesteko, baina 90eko hamarralditik hona izandako erreformak kritikatuak izan dira, batik bat etxalde txikien desagerpena eragin duelako haien dirulaguntza banaketa desorekatuak. Izan ere, NPBk hektareen eta abelburuen araberako dirulaguntzak ematen ditu, gehien duenari gehien emanda, eta horrek lurren eta abereen metaketa sustatu eta ekoizpen agroindustrialei mesede egiten die. Esan gabe doa ekoizpen jasangarrienak tamaina txikian egiten direnak direla. Etxaldeko Emakumeak elkarteak NPBren “inkoherentziak” argi utzi ditu: “Ezin da aldi berean ekoizpen eredu agroindustriala sustatu eta klima aldaketaren kontrako politika garatu”. Elkarteko baserritarren esanetan, hektareen araberako banaketa “erabateko kontraesanean” dago NPBren helburu teorikoekin; izatez, xedetzat ditu belaunaldien erreleboa, landa inguruko biziberritzea, inklusio soziala, eta bioaniztasunean oinarritutako ingurumenaren babesa, besteak beste.

Europako dirulaguntzek eredu jasangarriak zigortzen dituzte

Horrez gain, Etxaldeko Emakumeek diote NPBk are gehiago maskulinizatzen duela lehen sektorea, eta emakumeak bazterrean utzi. Nekazaritzako laguntzen genero arrakala adierazgarria da: NPBren hartzaileen %31 besterik ez dira emakumeak, eta, gainera, proportzioan gizonezkoek baino dirulaguntza eskasagoak jasotzen dituzte, zeren emakume titularrek ustiategi txiki edo ertainak izan ohi dituzte, eta eredu iraunkorragoak.

Erreleboa eten duten faktoreak

Iritzi berekoa da Mirene Begiristain agroekologian aditua: NPBk nekazaritza eredu jasangarriak zigortzen ditu, eta emakumeen lana ez du balioan jartzen. Lehen sektorea “despatriarkalizatzeko” lan handia egiteke dagoela azpimarratu du, hala nola landa eremuko zaintzak demokratizatzen, lurren titulartasuna berdintzen eta ekoizpen lanen banaketa orekatua egiten. Begiristain EHUko ekonomiako irakasle eta ikerlaria da, eta urteak daramatza lehen sektorearen gainbehera gertutik ikertzen, besteak beste. Biolurreko eta EHKolektiboko kidea da, eta nekazal mugimenduko eragileekin egindako lanaren ondorioz ondo identifikatuta ditu errelebo faltaren zergatiak. Hiru oztopo nagusi bereizten ditu: lurra eskuratzeko zailtasuna, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta baserritarrekiko errekonozimendu falta.

Bizimodu duintzat dugu baserriko bizitza? Lan lotua eta gogorra dela esateaz gain, zer ezagutzen du edozein herritarrek nekazaritza eta abeltzaintza lanaz?

Lehen sektorean hasi nahi duten pertsonek zailtasun handiak dituzte nekazaritzarako lur egokiak topatzeko. Begiristainen esanetan, lurraren artifizializazioa eman da azken urteetan, lur falta dago, eta lurraren kontzentrazioa lehenesten da, NPBren politiken bidetik. Horri lotuta dago proiektuen bideragarritasun ekonomikoa: lurra alokatuz gero, ordainketa ez da bideragarria. Hau da, lurraren jabetza ez bada oinordekotzan jasoa, nekazarien errentarekin “oso zaila eta konplexua” da alokairuan mantentzea. Begiristainek ikertutakoaren arabera, nekazarien batez besteko errenta ez da heltzen karta sozialak jasotzen duen 1.080 euroko gutxienekora “kasu gehienetan”. Hortaz, zailtasunak dituzte lehen sektoreak eskatzen dituen inbertsioak egiteko.

Ahurtiko Lurzaindiaren lurretan du proiektua Saussetek. / Argazkiak: Dani Blanco

Bi oztopo horiei hirugarrena gehitu behar zaie: jendartean ez du behar bezalako aitortzarik baserritarren lanak. Bizimodu duintzat dugu baserriko bizitza? Lan lotua eta gogorra dela esateaz gain, zer ezagutzen du edozein herritarrek nekazaritza eta abeltzaintza lanaz? Nork nahi du bere alaba edo semea baserritarra izatea? Begiristainek dio baserritik bizitzeak ez duela bat egiten gaur egungo bizimodu hegemonikoarekin, zeren bizitza arrakastatsua lotzen baita oporrekin, norbanakoaren lorpenekin, eta abar. Beraz, jendartean ez dago errekonozituta baserriaren baitan bizitza garatzeko aukera. “Beste erritmo bat duen bizimodua da, irregularra, baina beste aukera batzuk eskaintzen ditu: zuk hartzen dituzu erabakiak eta erritmoak markatu, beste lan batzuetan ez duzun autonomia duzu...”, deskribatu du Begiristainek. Halaber, gogorarazi du baserritik bizitzeko eredu berriak agertzen ari direla, eta egungo bizimodura egokitzen ari direla; teknikak hobetu dira, ekoizpenaren gaineko jakintza handiagoa da, eraginkorragoa, norbere denbora librea edukitzeko aukerak daude, ordezkapen zerbitzuak daude oporrak hartzeko... Eta baserriko familia eredu zurrunetik at, lurrak kolektiboki lantzeko proiektuak ere gero eta ohikoagoak dira.

Baserritar berriak akats zaharrak errepikatzea saihesten ari dira, eta sektorea moldatzen, baldintza hobeak izateko. Bide horretatik, Begiristainek ezinbestekotzat jo du euskarri sozialak garatzea eta artikulatzea. Alegia, administrazio publikoen dirulaguntzez harago, baserritarrak euren artean antolatuta egotea. “Laguntza sozial handiagoak falta direnez, oso inportantea da gure artean zaintzea eta laguntzea, eta baserritarren arteko kolektibo baten parte izateak babes hori ematen dizu”.

Zurkaitzen babesean Trebatu

Ipar Euskal Herrian aspaldidanik hasi ziren saretzen landa eremuko pertsonak eta eragileak, eta emaitza Hego Euskal Herrian baino hobea izan da. Horren adierazle da Trebatu proiektua, Frantziako Estatuko RENETA proiektua erreferentziatzat hartuta abiatu zutena 2016an, eta ordutik laborari gazteek ofizioa ikasteko eta probatzeko aukera dute Trebaturen bidez, elkarrekin lanean dauden hamar eragile eta erakunde publikoren babespean. Trebatun horixe egiten dute, trebatu; trebetasunak ikasi, trebantzia edo konfiantza hartu, eta, esperientzia horren arabera, etxaldean instalatu nahi duten edo ez erabaki. Kattalin Sainte Marie proiektuko kudeatzailea da, eta laborari berriei bidean lagutzen die. Daniel Barberarena, berriz, laboraria eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) ordezkaria da Trebatun. Biek kontatu dizkigute proiektuaren onurak, Trebatuko Aurélie Sausset parte hartzailearen Ahurtiko (Lapurdi) lur landatu berrietan.

Kattalin Sainte Marie eta Daniel Barberarena dira Trebatuko bi ordezkari. / Argazkiak: Dani Blanco.

Trebatuko sarea soka desberdinez lotuta dago, guztiak elkarren osagarri, eta bertan ordezkatuta daude laborantza arloko elkarteak, sindikatuak, formakuntza profesionalerako taldeak, tokian tokiko erakunde publikoak eta kontsumitzaileei lotutako ekonomia sozial eraldatzailearen ordezkariak, besteak beste. Sainte Mariek eta Barberarenak diote denak naturalki elkartu zirela proiektuan, elkarren beharra baitzuten bi hutsune nagusiri erantzuteko: batetik, errelebo falta eta etxaldeen segida eza, eta, bestetik, laborantza mundutik kanpotik zetozen gazte berriek etxaldeetan instalatzeko zituzten gabeziak. Konturatu ziren landa eremuan bizi ez ziren gazte gero eta gehiagok hasi nahi zuela nekazaritzan, baina zailtasun asko topatzen zituztela. “Murru baten kontra jo izan dute instalatutakoan, eta horrek motibatu gintuen proiektua martxan jartzera”, zehaztu du Barberarenak. Mirene Begiristainek aipatzen dituen hutsune berberak ikusten zituzten: lur falta, diru gehiagoren beharra zerotik hasten direlako inbertitzen, ezagutza tekniko handiagoaren beharra, eta sare baten falta, batik bat.

Trebatun aterabidea aurkitu dute. Trebagune finkoetan (denbora baten ostean ikasleak aldatu egiten dira) eta trebagune bakarretan (denbora baten ostean ikasleek lur horietan instalatzeko aukera dute) egiten dute lan: “Trebagunearen ideia da norbaiti parada ematea bere proiektua entseatzeko zinez egiazko baldintzetan, egiazko etxalde batean, eta legezko kontrol baten baitan”, laburbildu du Sainte Mariek. Lau funtzio betetzen ditu Trebatuk. Lehena, mintegi funtzioa, trebagune fisikoei dagokiena. Bigarrena, laguntza eta segipen funtzioa, non laborari gazteak beste laborari “zurkaitz” bat izango duen euskarri eta erreferente gisa, eta inguruko herritarrez osatutako sustengu sare bat egiten lagunduko dioten. Hirugarrena, inkubagailu funtzioa, arlo juridikoa eta fiskala eramango diona, alegia, trebatzen ari den bitartean ahalbidetuko diona Trebaturen izenean legez jardutea eta maileguak jasotzea, hasieratik norbere enpresa abiatu beharrean. Eta laugarrena, koordinazio funtzioa, Kattalin Sainte Marieren ardurapean dagoena; hala nola administrazio lanak eta kanpo zein barne komunikazioa bideratzen ditu, eta laborariekin harremanetan dago uneoro.

“Ondo hasteko tresna guztiak dituzte”, dio Sainte Mariek. “Gure helburua da hastapenetik gazteen prekaritatea saihestea”, gehitu du Barberarenak. 2016tik hamabost lagun pasa dira trebagunetik: lau trebatzen ari dira, batek atzera egin du, eta beste hamarrak instalatu dira edo bidean daude. Biek azpimarratu dute “biziki inportantea” dela Trebatuk eskaintzen duen atzera egiteko aukera, “hori baita atzera egiteko mementoa”, alegia, oraindik instalatu gabe eta leporaino zorpetuta egon aurretik. Ez dute hutsegite gisa ikusten, eta garrantzitsua deritzote norberari ofizioa hautatzeko aukera eskaintzea; Trebatu baserritar ofizioa eta bizimodua probatzeko aukera ezinhobea da, “egiazkoa” delako.

Landare aromatikoak bizibide

Aurélie Sausset baionarrak Trebatun parte hartzeko baldintzak betetzen zituen: gutxieneko formakuntza du laborantzan, gutxieneko diru iturri baten bermea du inbertsioak egiteko, baina ez zuen ez lurrik ez laborari sarerik. Beraz, Lurzaindiaren esku dauden Ahurtiko lurretan ari da bere proiektua entseatzen: landare aromatiko freskoak ekoizten ditu, jateko direnak. Duela urtebete hasi zen proiektuan burua sartzen, eta ia bi hilabete darama eskuak ere bertan sartuta. Burua beteta duela aitortu du, baina Trebaturen eta Lurzaindiaren babesik gabe gainezka izango lukeela dio. Haien laguntzak lasaitasuna eman dio Sausseti, eta horrek “lanean kontzentratzeko” abagunea utzi dio, eskuak lurrean zikintzekoa. Gainera, lantzen ari den lurrak badu beste berezitasun bat: alboan bizi da lehen lur horiek lantzen zituen baserritarra, jada erretiratua, eta haren laguntza asko eskertzen duela dio. Saussetek bertan trebatzen jarraituko du, eta baratze-baratze proiektua garatzen joango da. “Momentuko eskaeraren arabera ekoizpena moldatzen joan nahiko nuke”, aurreikusi du.

Argazkiak: Dani Blanco.
Elikadura estrategiak dira gakoa

Aurélie Saussetek dio eskaeran erreparatuko duela ekoizpena erabakitzeko. Beraz, hori da agintzen duena, herritarren eskaria? Ala nekazarien eskaintzak baldintzatzen du jaten duguna? Mirene Begiristainen esanetan, ez batak, ez besteak; “kapitalismo berde digitalaren mende” eskatzen eta eskaintzen dugu uzta eta elikagaia. Alegia, merkatuak erabakitzen du zer jaten eta zer lantzen dugun, eta hori natura sistemak suntsitzean oinarritzen da, hainbat ikerlariren teoriek diotenez. Izozmendi bat irudikatzea bezalakoa da: ikusten dena da supermerkatuetara banatzen dena, kapitalismoari mesede egiten diona, eta ur azpian daude ekoizpena eta kontsumoa; ur sakonenetan itota, aldiz, natura eta ingurumena.

Bada, Begiristainek dio lehen sektorea biziberritzeko gakoetako bat dela izozmendi hori apurtzea. Haren arabera, ekoizpenaren (baserritarrak) eta kontsumoaren (herritarrak) artean aliantzak sortu behar dira, eta haien arabera aldatu behar da gainerakoa; banaketa edo merkaturatzea “traktore” gisa irudikatzen du, hots, instrumentala den zerbait. Hiru salmenta bide azaldu ditu: zuzenekoa, herritarren eta ekoizleen arteko harremana eskatzen duena; kontsumo taldeak, Euskal Herriko hainbat herritan eratzen ari direnak; eta denda txikiak nahiz kontsumo kooperatibak. Oso argi du hori dela hartu beharreko bidea, baina horretarako politika publikoen laguntza beharrezkoa dela.

Lehen sektorea biziberritzeko tokian tokiko elikadura estrategiak garatu behar dira

Tokian tokiko elikadura estrategiak garatzeko eskatzen die erakundeei. “Guk esaten dugu: ekoizpen duina, kontsumo herrikoia”. Bide hori irekitzen hasi dira zenbait udalerri, eta administrazio publikotik tokiko elikagaiak erosten dira, ikastetxeetarako, zaharren egoitzetarako, zein ekitaldi publikoetarako otorduak prestatzeko. Modu horretan, bermatzen dute elikagai osasuntsuak izango direla gutxienez diru publikoarekin erositakoak. Ez hori bakarrik, Begiristainek eredu berriak ere azaleratzen ditu, esaterako, udalerriko lurrak lantzeko lanpostu publikoak eskaintzea. Izan ere, baserrien gainbeherak geldiezina dirudi, baina batik bat egungo bizimoduak horretara bultzatu duelako, ezinbestean. Erroetara joatea eskatzen du lehen sektorearen auziak, eta erronka berriak planteatzea. Laborantzan dabiltzanek badakite nondik abiatu: “Nolako elikadura, halako nekazaritza”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-11-08 | Euskal Irratiak
Iñaki Berhokoirigoin
“Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle”

Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]


Karine Jacquemart (Lurramako aurtengo gomita berezia)
“Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen”

Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]


2024-10-25 | Filipe Lascaray
Jaunttoak, lurra eta herritarrak

Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik.  Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat... [+]


2024-10-09 | Onintza Enbeita
Xabier Arriaga, 'Txiplas'. Baserritarra
“Gipuzkoako ENBA-k eta EHNE-k nekazaritza eredu bera defendatzeak asko esaten du”

Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.


2024-10-07 | Garazi Zabaleta
Sareko
Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea

EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko... [+]


Marieneko lurren aldeko hiru atxilotuak aske utzi dituzte, baina otsailean epaituko dituzte

 Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko Etxearen babesarekin, Bouygues enpresak duen etxebizitza eraikuntza... [+]


2024-10-02 | ARGIA
Bi lagun atxilotu dituzte Itsasun eta Uztaritzen, Marieniako lurren aldeko protesten harira

Filipe Laskarai eta Benjamin Charron atxilotu dituzte jendarmeek asteazken goizean, apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta. Marieniako lurrekin ez espekulatzea eskatu zuten laborari eta ekintzaileek ekintza hartan.


2024-09-23 | ARGIA
‘Sareko’ bilatzailea martxan, EAEko produktu ekologikoak non eskuratu jakiteko

Ekolurrak irailaren 23a, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna, aprobetxatu du tresna berria aurkezteko. Elikagai ekologikoak kontsumitzeko erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei, Sareko bilatzailearekin: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizle ekologikoen 269... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren kurkubitatik plastikora

Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen.


2024-09-19 | Nicolas Goñi
Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du, ezusteko moduan

Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean azken urteotan maila handiko fenomeno batek eragin garrantzitsua izan du osasun publikoan, eta basa animalien osasunaren garrantzia oroitarazten du. Argitaratu berri den ikerketa baten arabera, gertaera hori eta sortu dituen ondorioak... [+]


2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


2024-09-06 | ARGIA
Nafarroako IX. Azoka Ekologikoa egingo da Noainen irailaren 13tik 15era

Hitzordua Noaingo Zentzumenen Parkean izango da. Herritarrak eta ekoizleak elikagai ekologikoen inguruan biltzeko Nafarroako topagune handiena da azoka. Bederatzigarren edizioa da aurtengoa eta laugarren urtez jarraian Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da.


2024-08-28 | Nicolas Goñi
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio

Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko modukoak. Hala eta guztiz ere, bertan laborantza badago,... [+]


Europan gero eta eskuinago, trantsizio ekologikoan gero eta atzerago

Ez da ezusteko handirik izan Europako hauteskundeetan, eskuin muturrak gora egin duen bitartean, berdeek orain arteko emaitzarik txarrenetakoak izan dituzte. Zentzu horretan, geroz eta gehiago nabarituko dugu trantsizio ekosozialari lotutako erabakietan ebidentzia zientifikoek... [+]


Eguneraketa berriak daude