Gure zinemaren historia osatu digu Josu Martinez (Bilbo, 1986) EHUko irakasle eta zinemagileak Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza (UEU, 2022) liburuan. Gure zinemaren historia petralaren historia ederra argi idazten asmatu du 1956an egindako euskarazko lehen filmaren hariari segika eta tiraka.
Zure liburuaren titulua ez dator alferretan: Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza. Horra hizkuntza auzi gure zinemaren historiaren erdian...
Hasteko, esan behar da liburu honetan euskaldunok zinemarekin izan ditugun harremanak kontatzen ditudala. Hitzezko eta irudizko harremanak. Ez dut filmen historia bat egin, kultura zinematografikoaren historia baizik. Besteak beste, zinemaren inguruan eraiki diren diskurtsoak bildu ditut, euskaldunek zinemari egindako harrera, ikuslearen erreakzioa… “Auzia”, esan duzu, eta nik uste munduko herri askok ez bezala, euskaldunak ezin dituela filmak gure hizkuntzan ikusi, edo egunkariak irakurri, adibidez. Eta arrazoi nagusia da ehun eta hamar urte igaro zirela zinema sortu zenetik gure zinemagileak filmak euskaraz egiten hasi ziren arte.
Zuk diozunez, 2005 arte ez zen euskalduna zinema egiten hasi, baina aurretik ere baziren filmak.
Baina 2005 urtera arteko zinema nahi eta ezina izan zen, zinemaren aitzinean begiak ixtea. Zinemarekin harremanik ez izatea ez ote zen hobe izango ere esan zuten batzuek. Beste batzuek, berriz, “zinema” hitzaren ordez beste izenen bat asmatu behar ote genuen. Edo [Piarres] Lartzabalek esan zuen moduan, euskaldunok teatroa egitera kondenatuta ote geunden, zinema egitera ordez. Hainbat kontu erabili zituzten euskaldun haiek, baina ez zuten zinema euskaraz egin. 2005ean beste aro bat hasi zen gure zinemaren historian, Aupa Etxebeste! egiteaz batera.
Nolakoa izan da gure zinemaren historia?
Petrala, kar, kar... Koldo Izagirrek bere liburuaren izena eman zionez [Gure zinemaren historia petrala, Susa, 1996]. Gure zinemak garapena izan duela esango nuke eta, oro har, tren asko galdu direla. Esango nuke Euskal Herriaren historia bera dela gure zinemarena, edo harekin batera paralelo egin duela bidea. Gure zinemaren historiak gure herriaren historia ulertzeko balio digu. Iragan mendeko 30eko hamarkadan, adibidez, ikusten da zinema egiten ahal zela, baina oso gauza minoritarioa zela, abertzaleen artean ere euskaldunak gutxi zirela, elizaren pisua ikaragarri handia, XX. mendearen erdialdera egiten ahal ziren gauzak Ipar Euskal Herrian beste inon ez zirela egiten ahal… Ipar Euskal Herrian beste inon ez zirela egiten ahal esan dut, eta horrek balio du ohartzeko euskal kulturaren elementu modernoak Ipar Euskal Herritik heldu direla: zineman, lehen filma; telebistan, lehen saioa; eta gainera, lehen liburua, lehen kantari modernoa, lehen rock taldea… Nahiz eta gero hori dena Hegoaldean popularizatu zen.
"Euskal Herriaren historia bera da gure zinemarena"
2012an Gure Sor Lekua filmaren kopia aurkitu zenuen Parisen, Andre Madreren arrastoari segika, eta gure zinemaren hastapenez ere idatzi zenuen tesia. Hantxe da oraingo liburu honen hazia?
Baliteke. Andre Madre hazpandarraren lan hura aurkitu nuenean, esploratzaile sentitu nintzen. Baziren hainbat liburu euskal zinemaz ari zirenak, edo cine vasco-aren inguruan, zeren lan denak gaztelaniaz idatziak baitziren, eta akatsez beteak ziren. Ni, aldiz, inork aipatzen ez zituen gauzak aurkitzen ari nintzen etengabe: aipamenak, lekukoak eta filmak. Eta ni ez naiz Sherlock Holmes, eta ez dut aparteko usaimenik ere, baina bilaketa egitekotan, euskal prentsara jo behar nuela iruditu zitzaidan, eta filma Iparraldekoa bada, Iparraldeko euskal prentsan begiratu behar nuela. Xabier Letek kantatzen zuen hura, ezta? “Periodikuak letuz ilustratzen gera”, horixe da, periodikuak letuz egina dago liburu hau, iturrietara joz.
Baina egunkarietako iturriek bestelako iturri batzuetara eraman zintuzten. Ikusleetara, adibidez.
Neure buruari egindako galderetako bat izan zen: “Nork ikusi ahal izan zuen filma?”. Erantzuna, berriz: “Jende mordo batek. Manex Pagolak, Xarritonek...” Eta ikusle horien bidez, beste hainbat hari atera zitzaizkidan, eta euskal zinemaren historia artean idatzi gabe zegoela ohartu nintzen, eta halaxe hasi nintzen orduan, eta oraingo lan honetan, berriz, jarraitu egin dut. Liburu honek, ezezaguna den historia ekarri nahiko luke azalera, liburu honetan kontatzen direnak oso ezezagunak dira, eta horixe du funtzioa, haiek azalaraztea.
Gure zinemari buruzko lanik bada, zure hau baino lehenago?
Cine vasco-ri buruzko historiak eginak dira, modu inklusiboan, nahi baduzu, non atal bat, edo azpiatala izaten zen beti euskaraz egindako zinemari buruzkoa. Zeren euskarazko filmak beti izan dira apalagoak, diru gutxiagorekin eginak. Liburu honek, hortaz, kameraren objektibo aldaketa dakar. Objektiboaren arabera, gauzak era batera edo bestera ikusten dira, eta objektibo aldaketa horri esker ageri dira liburuan hainbat gauza orain arte aipatzen ez zirenak.
Euskarazko zinema, batetik, euskal zinema edota cine vasco-a, berriz, bestetik...
Iragan mendeko 70eko hamarkadan denek esaten zuten euskaraz egin behar zirela filmak. 80ko hamarkadan, filmak euskaraz egitea posible izan zenean, Antton Ezeizak beste inork ez zuen zinema euskaraz egin. Jaurlaritza filmak laguntzen hasi zen lehen garai hartan ere, euskal gobernuak ez zuen euskaraz egiterik eskatzen, kopia bikoiztua entregatzea besterik. Gutxi ziren euskaldunak zinema lanean, edo inor ez; eta, hortaz, ezin euskarazko zinemarik egin.
Kopia bikoiztua entregatu, eta kito, euskararekikoak eginak…
Antton Ezeizak esaten zuen hizkuntzaren auzi hori gaztelaniaz hitz egiten dugunean sortzen dela, eta ados nago. “Euskal zinema”-z aritzea absurdoa da. “Euskal zinema alemanez egina da”, beste absurdo bat. Izenak berak esaten du, “euskal zinema”, euskaraz egina. Gaztelaniaz ari garenean, “cine vasco” esan eta denetarik sartzen ahal da hor, hiritartasunari buruz ere ari baikara. Besteren batek bestelako iritzia badu, aurrera. Ez dut eztabaidarik nahi. Baten batek uste badu gaztelaniaz eginagatik ere bere zinema euskal zinema dela, hor konpon. Norberak nahi duena pentsatu dezala. Baina gauzak asko aldatu dira.
Zer esan nahi duzu?
Etortzen zaizula noizbait eskoziar bat, eta zergatik ez dakidala, film bat egiten duela, euskaraz: Pikadero. Eta etortzen dela argentinar bat, eta egiten duela filma euskaraz: Akelarre. Eta Eugene Greenek, Parisen bizi den amerikarrak, bi film dituela euskaraz eginak, eta bidean duela hirugarrena. Nik horiek hurbilago sentitzen ditut Bilbon jaioagatik ere Madrilen edo Parisen filmak hango diruarekin, hango aktoreekin egiten dituen zuzendaria baino. Nahiz film bikaina egin, gustatuko zaidana, gainera, baina horrek ez du hizkuntzaren auzia ukatzen. Hala ere, uste dut pasioa kendu behar zaiola auzi horri.
Gure zinemaren historia berandu ari garela idazten esana duzu orain baino lehen.
Gure Sor Lekua bilatzen bi urte geroago hasi izan banintz, ez genukeen film hori izango. Izan ere, bizirik aurkitu nuen Xarriton, bizirik Manex Pagola, eta bizirik, Parisen, Andre Madre egilearen alarguna. Handik bi urtera hilak ziren hirurak. Zenbait arrazoi medio, filma galdua genukeen betiko, eta uste dut bidean horrelako gauza asko galdu dugula. Errekuperatu ahal izan ditugun aipu batzuk jaso ditut liburuan, baina ez filmak. Ikerlerroak zabalik daude, eta aurkitu beharreko lanak ere hor, zain.
Esate baterako?
"Antton Ezeizak esaten zuen hizkuntzaren auzia gaztelaniaz hitz egiten dugunean sortzen dela"
Esate baterako, Bizibidea lantzen, 1974an Joxemari Iriondok narratutako filma, Luis Iriondoren enkarguz egina. Liburuan esaten dudanez, filma euskaraz egin zen, eta gero ingelesera eta gaztelaniara bikoiztu. Euskadiko Filmotekara jo eta ezustea! Gordetzen dituzten kopiak ingelesezkoa eta gaztelaniazkoa dira, euskarazkoa desagertua da! Are gehiago, filmotekan ez zekiten film horren jatorrizkoa euskarazkoa zela. Zoaz orain Laboral Kutxara 1974an egin zen dokumental baten arrastoa ateratzera! Luis Iriondoren artxiboetan, beharbada? Batek daki.
Zenbat gauza galdu dira bidean?
Ez dago jakiterik. Luzearrek [Ander Arzelus, Donostia, 1898 - Baiona, 1949] aipatu zuen garai hartan bazela film batzuk egiteko asmoa; 30eko hamarkadan, alegia. Ez dakit ezer berreskuratuko dugun. Gure Sor Lekua-ren kopia soinuduna agertuko den ere ez dakit. Nire ustez, ez da agertuko. Gauza asko galdu da bidean. Ez dugu biblioteka nazionalik izan… Non da gure historia? Ahozko lekukotzetan, kartoi-kutxetan, ganbaretan, halako euskaltzainaren etxe desordenatuan… Lan hori ez da egina, eta horrelaxe galtzen ditugu gauzak. Batzuetan pentsatzen dut Aranzadikoen modura ari garela, haiek gorpuzkiak desobiratzen, eta gu kultur hilobiak azalera ekartzen, han eta hemen hedatu eta barreiatuak dauden kultur zuloak, alegia.
Oso ukitu pertsonala du liburuak, ez da ohiko ikerketa hotz eta “objektiboa”, hori zernahi dela ere.
Liburuan esaten ditudanak ez dira nire iritzi pertsonala besterik. Kasurik gehienetan, behintzat. Lehenengo pertsonan hitz egiten dut, nire ikuspegia eskaintzen dut, ez diot inori ezer inposatu nahi ez katedra ezarri nahi. Liburua ikerlana da, baina are gehiago du saiakeratik, ez da gauza objektibo bat, eta ez du izan nahi. Halaxe ezarri digute: “Objektiboki, euskal zinema da…”. Eta nik diot: “Ados, zuk horixe diozu, baina nik besterik pentsatzen dut”. Nik ez diot inori ezer esan behar, nik gauza nola ikusten dudan baizik. Nork bere iritzia du, eta izan behar du, eta nork berea defenditu, argudiatu. Nik hainbat datu eman ditut liburuan, eta neure interpretazioak egin ditut. Baliteke besteren batek bestelakoak egitea. Eta halaxe beharko luke, gainera.
Gure zinemaren historiaz ari zara Irudiz eta euskaraz-en, zeu zinemagile ere bazarela. Erraz bateratu dituzu bi alderdiak?
Hein batean. Esate baterako, horregatixe ez dut 2005az geroko aldia aztertu liburu honetan. Gainera, beste lan baterako gaia litzateke hori, zeren 2005az gero, 1896tik 2005era bitartean baino film gehiago egin baitira. Horixe izan dut garai hori epilogorako uzteko arrazoia. Baina bigarren arrazoia ere bada, eta horixe da, hain zuzen, epaile eta partaide naizela. Egin nezakeen 2005etik honako historia, baina bazitekeen neure burua aipatu gabe ere hainbat jende nirekin haserretzea, kar, kar, eta etsai bat, edo bi, izatea ongi da, baina ez hainbat etsai eta denak aldi berean… Aldi berri horretaz ez aritzeko beste arrazoi bat ere bada, alegia, garai hori ez dela bukatu. Mugimenduan dagoen irudi bat izoztea litzateke hori. Horixe diot hitzaurrean: “Non jarri muga?” Oscar bat lortuko bagenu, Oscarra lortu arteko garaia mugatzeko aukera genuke, baina gisako mugarririk ezean, ez dakit, bada.
Zinemagile zaitugu…
Nire ustez, bai, kar, kar…
Gure zinemagintzaren historiari buruzko liburua badugu, historia horri buruzko filma egingai da, haatik.
Txantxetan esan ohi dut liburuaren hitzaurreaz egin lezaketela filma, Katixa Agirreren testu hori oinarri hartuta, alegia. Kar, kar… Uste dut hainbat historia dela liburu honetan, hainbat film egin litezkeela, euskal telebistak ere egin lezakeela telesailik gure zinemaren historiako filmak abiapuntu harturik, baina ez naiz ari inori amua botatzen. Uste dut euskal zinemari buruzkoa bezala, beste hainbat kultur adierazpideren inguruan ere egin lezakeela sail bat euskal telebistak. Norbaitek bere inspirazioari lagundu nahiko balio eta liburu honetako materialak baliatu, eskubideak salduko nizkioke, merke! Kar, kar…
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]